1841eko abuztuaren 16ko Foruak Eraldatzeko Legea

1841EKO ABUZTUAREN 16KO FORUAK ERALDATZEKO LEGEA, ZEINAREN BIDEZ NAFARROAKO FORUEN ERALDAKETA ONARTZEN BAITA

Isabel II. Andrea, Jainkoaren eta Espainiako Konstituzioaren Graziaz, Espainietako Erreginak eta bere Erreginaren izenean Baldomero Espartero Jauna, Victoria y de Morellako Dukea, Erreinuko Erregenteak; hau ikus eta uler dezaten guztiok, jakin ezazue: ezen Gorteek dekretatu eta Guk sendetsi dugula hurrengo hau:

1. Artikulua Aginte militar soila Nafarroan, Monarkiaren gainerako probintzietan bezala, Gobernuak izendatutako Agintari gorenaren eskuetan egongo da eta gainerako probintzietako Komandante nagusien eskurantza berberak edukirik, ezin hartuko dituelarik Erregeorde titulua ez eta haiek erabilitako eskurantzak ere.

2. Art Justiziaren Administrazioak Nafarroan bere legeria bereziaren arabera segituko du, gaur eguneko era berean, arik eta Erreinuko probintzia guztien lege gabetzaile desberdinak aintzakotzat harturik, Monarkian eraendu beharreko arautegi orokorrak osatu arte.

3. Art Alderdi organikoan eta prozedurazkoan Nazioko gainerako auzitegietarako ezarritakoa edo ezartzen denarekin adostasun osoan egongo da, aurrerantzean Gobernuari egoki lekizkiokeen aldaketei atxikiz. Baina Entzutegiak, beti ere, probintziako hiriburuan iraungo du.

4. Art Justizia Auzitegi Gorenak Nafarroako auzitegietan eta berauetan garbitzen diren arazoetan, Erreinuko gainerakoetan erabiltzen dituen eskurantza eta eskumen berberak izango ditu, indarrean dauden edo aurrerantzean ezartzen diren legeen arabera.

5. Art Udalak, hautatu eta antolatuko dira, indarrean dauden edo aurrerantzean Nazio osorako ezartzen diren arau orokorrei jarraikiz.

6. Art Udalen eskurantzak, fondoen barne ekonomia-administrazioari eta herrien eskubide eta jabetzei dagozkienak, probintziako Diputazioaren menpekotasunean erabiliko dira, horren legeria bereziaren arabera.

7. Art. Bestelako eskurantza guztietan Udalak lege orokorrari atxikirik egongo dira.

8. Art Bost merinaldeek izendatuko dituzten zazpi lagunek osatutako probintziako Diputazio bat egongo da, hau da, populazio txikieneko hiruetariko bakoitzeko bana eta bina handiena duten Iruñea eta Lizarrakoek, honetan dagokion aldaketa egin daitekeelarik baldin eta probintziako partidu judizialak aldatuko balira.

9. Art Diputazioko Batzarkideen hautaketa arau orokorrek egiaztatuko dute, indarrean dauden edo gainerako probintzietarako ezartzen diren legeen arabera, inolako ordainketa eta soldatarik gabe beren karguetan iharduteagatik.

10. Art Probintziako Diputazioak, Propio, errenta, auzo, efektu, ariel eta herrien eta probintziaren salgaien administrazioari dagokionean, Nafarroako Kontseiluak eta Erreinuko Diputazioak erabiltzen zituzten ahalmen berberak izango ditu, eta gainera, berauekin bateragarriak izanik ere Monarkiaren bestelako probintziako Diputazioek dauzkaten edo edukiko lituzketenak.

11. Art Nafarroako probintziako Diputazioa Gobernuak izendatutako Agintari politiko gorenak presidituko du.

12. Art Lehendakariordetza Batzarkide dekanoari dagokio.

13. Art Nafarroan Gobernuak izendatutako Agintari politiko gorena egongo da, gainerako probintzietako Buruzagi politikoen eskurantza berberak edukirik, aurreko artikuluetan adierazitako aldaketak salborik eta inongo aginte militarrik eduki gabe.

14. Art Andia, Urbasa, Bardeak eta bestelako amankomunetako mendi eta larreak baliarazi eta gozatzerakoan ez da inolako berrikuntzarik egingo, Nafarroako legeetan eta herrien abantailetan erabakitakoaren arabera.

15. Art Espainiar guztien betebeharra legeak deitzen dituenean armak eskuetan Aberria defenditzea izanik, Nafarroa, Erreinuko probintziak oro bezala, beharturik dago Armadarako kinta edota ohizko edo aparteko soldadutza deialdietarako, dagokion gizon kopurua aurkeztera, zerbitzu hori betetzeko bideak Diputazioaren nahierara geratzen delarik.

16. Art Aduanek Pirineotako mugan iraungo dute, Monarkiaren gainerako aduanetan diharduten arantzel orokorrei lotuz, honako baldintza hauen pean:

  1. Probintziako Diputazioaren esku edota holakorik ezean aduanetako produktuena, bere zorraren korrituen ordainketarako behar den zenbatekoa kontribuzio zuzenetik bereiztea eta bere taulen gainean kontsignaturik zituzten gainerako aten tzioak eta urteko huneko hainbat aipatu zorraren kapital amortizaziorako, zenbateko hori aipatu taulek 1829tik 1833ra, biak barne, bitarteko urte amankomunean sartu zutena izango delarik.
  2. Aduanak, Baskongadetako probintzietako kostalde eta mugetara lekualdatzeari buruz ebazten denaren kalterik gabe, Donostia eta Pasaiako portuek gaiturik jarraituko dute, gaur egun behin-behineko dauden bezala, produktu nazionalen esportaziorako eta atzerrikoen inportaziorako, indarrean dirauten arantzelei atxikiz.
  3. Kontraerregistroak mugatik lauzpabost legoatara kokatu behar direla, barne merkataritza erabat libre utziz, haiek igaro ondoren beste inon inolako gida edo erregistrorik egin beharrik gabe, hau Aduanetako sistema orokorrarekin bat etorriz gero.

17. Art Tabako salmenta Nafarroan Gobernuaren eskutik administratuko da, Erreinuko gainerako probintzietan bezala, haren Diputazioari ordainduz, edota holakorik ezean honek kontribuzio zuzenetik atxikiz, kargaturik dagoen urteko 87.537 errealeko zenbatekoa, dagokion norakoa emateko.

18. Art Nafarroan, aduanak bere mugetara lekualdatu ondoren, gatzak izan duen askatasun-sistema eutsiezina delarik, aipatu probintzian gai horretako estanko bat ezarriko da Gobernuaren eskutik, zeinak Nafarroako gatzagak bere gain hartuko baititu, gaur egun haien jabetza duten eta tratuan arituko den jabe partikularrei dagokien indemnizazioa aldez aurretik ordainduz.

19. Art Herri bakoitzaren kontsumoen arauketa aurrez delarik, Hazienda publikoak Udalei urtero beharko luketen gatza banatuko die kostu eta kosta prezioan, zeina Korporazio haiek Gobernuak erabakitzen duen epe eta eran ordainduko baitute.

20. Art Kontsumitzaileek goian adierazitako gatza baino gehiago beharko balute, haiei erosoago gertatzearren, herrietan bertan ezarriko diren toldoetatik jasoko dute estanko-prezioan.

21. Art Gatza atzerrira esportatzeari buruz, legezko trafiko honetarako gainerako probintziek duten ahalmen berbera izango du Nafarroak, ezarritako arauei atxikiz.

22. Art Orain arte bezala iraungo du Nafarroaren jabegoa den paper zigilatua erabiltzeko salbuespenak.

23. Art Bolbora eta sufre estankoak ezarririk dagoen era berean iraungo du Nafarroan.

24. Art Probintziako errentak eta ateetako eskubideak ez dira Nafarroara hedatuko arantzel berriak planteatzeko kasua iritsi eta horietan atzerriko gaien gaineko kontsumo eskubidea aduanetan kobratzea ezartzen ez den bitartean.

25. Art Nafarroak, lehen adierazitako zergez gain, kontribuzio zuzen bakar batez, urtero 1.800.000 errealeko kopurua ordainduko du. Bere probintziako Diputazioari aipatutako 1.800.000 errealetatik 300.000 abonatuko zaizkio bere kargura geratzen diren bilketa eta porroteko gastuengatik.

26. Art Kulto eta kleroaren zuzkidura Lege orokorrari eta hura betearazteko Gobernuak ematen dituen aginduei egokituko zaie.

Beraz, edozein mota eta duintasuneko Auzitegi, Justizia, Buruzagi, Gobernadore eta gainerako Agintari guztiei, zibil nahiz militar eta elizakoei Lege hau bere alderdi guztietan gorde eta gorde arazi, bete eta bete arazi dezaten agintzen diegu.

Ulertutzat edukiko duzue horrela bete dadin eta imprimatu, argitaratu eta zirkulazioan jar dadin xedatuko duzue

Victoriako Dukeak, Erreinuko Erregenteak.

Madrid, 1841eko Abuztuaren 16an. A. Facundo Infante Jnak.