Adierazi nai nuke...  (1952) 
Eusebio Muguerza "Mendaro Txirristaka"
Doñua: Ikusi nuanian nik zure sudurra ...


«Adierazi nai nuke...»


1/
Adierazi nai nuke
nere bertsuetan,
Gipuzkua'n da Naparrua'ko
erri batzuetan:
milla bederatzireun
berrogei ta amabi-
garren urtean Donostia'ra
jendea ugari.

   Sí ... sí ...
   lanian ikasi ...
   naparra ona baña giputxak
   errex irabazi.

2/
Aizkol-jokua zezen
plaza ederrian
zala Abendu-illaren zazpi
garren egunian. (1)
Zezen-festa danian
bezela jendea,
sarrera garisti izan arren
plaza ongi betea.

(1) Luxia ta Gartziarena'ren aizkal-apustua,
Donostian, 1952.XII.Tan. Luxiak irabazi zuan.

3/
Trabeslarieri uju
egiten galazi,
egun irurogeiri Luxiak
baietz irabazi.
Orain bi urte juan arren
buruari azka,
naparrak poltsan ekarri. zuten
dirua gaiñazka.

4/
Zezenak ainbat indar,
gizonak larriak,
ziran giputza eta naparra
bi aizkolariak.
Agertu ziranian
plazaren erdira,
ogei bat milla, txalua joka,
zituzten begira.

5/
Zortziña ebakitzeko
zituzten paguak,
naparrak ekarri zituanak
gogorxiaguak.
Erakusle gabe nai
zala fantasia,
baiña giputxa zan ofiziua
ondo ikasia.

6/
Altzairu onak zuten
aizkora berriyak,
zorrotzak egiñak Errezil'go
errementariyak.
Alperrik dira ibilli
Luxiari zirika,
Sansonek ainbat indarra du ta
lasaia birika.

7/
Erakusle Agiñeta,
lanteriya Eibarren,
naparra errex menderatu du,
ona izan arren.
Orain bi urte bezela
alperrikan saia,
mutill bikaiña izanagatik
Leitza'ko artzaia.

8/
Xaxaka izan arren
inguruan milla,
da batere arrokeriyarikan
ez duan mutilla.
Benetan saiatu zan,
ez izan dudarik,
da merezi ez duana iñoren
begiratu txarrik.

Bertso-papera, «Imp. Macazaga. - Renteria»;
Antonio Arrillaga jauna zana, Elgoibar.