Alderdi Komunistaren Manifestua/Hitzaurrea 1888ko argitalpen ingelesari
←Hitzaurrea 1883ko argitalpen alemaniarrari | Alderdi Komunistaren Manifestua Hitzaurrea 1888ko argitalpen ingelesari |
Hitzaurrea 1890eko argitalpen alemaniarrari→ |
Hitzaurrea 1888ko argitalpen ingelesari
Manifestua Komunisten Ligaren programa bezala argitaratu zen, langileen elkarte bat zena, haseran esklusiboki alemaniarra eta gero nazioartekoa, kontinente europarrean 1848aren aurretik zeuden baldintza politikoak zirela eta klandestinitatean jardutera beharturik zegoena. Ligaren Kongresu batean, Londresen 1847ko azaroan ospatua, Marxi eta Engelsi alderdiaren programa detailatu bat prestatzeko eskatu zitzaien argitarapenerako, aldi berean teorikoa eta praktikoa izan behar zuena. 1848an, eskuizkribua, alemanieraz, amaitua izan zen, eta Frantziako otsailaren 24ko iraultza baino aste batzuk lehenago argitaratzaileari bidalia izan zen, Londresera. Itzulpen frantsesa Parisen 1848ko ekaineko intsurrekzioa baino pixka bat lehenago agertu zen. 1850ean, George Julian Harneyk editatutako Red Republican aldizkarian, lehenengo argitalpen ingelesa argitaratu zen Londresen, Miss Helen Macfarlaneen lumaren eskutik. Manifestua danieraz eta polonieraz ere inprimatua izan da. Parisko 1848ko intsurrekzioaren porrotak -proletalgoaren eta burgesiaren arteko lehen bataila handiak-bigarren lekura eraman zituen, aldi baterako, langile europearren aspirazio sozial eta politikoak. Ordutik, nagusigoarengatiko borroka, Otsaileko Iraultzaren aurretik gertatzen zen bezala, klase agintariaren sektore ezberdinen artean bakarrik eman da; langile klaseak bere aktibitaterako eszenatoki politiko baten aldeko borrokara eta klase ertain erradikalen hegorik muturrekoena izatera mugatu izan behar zuen. Langile mugimendu independiente oro errukirik gabe pertsegitua izan zen bizitza zantzuak agertzen zituen une oro. Honela, polizia prusiarrak Komunisten Ligaren Komite Zentrala lokalizatu zuen, Kolonian aurkitzen zena. Komiteko kideak atxilotuak izan ziren, eta hemezortzi hilabeteko gartzelaratzearen ostean epaituak izan ziren 1852ko urrian. "Koloniako komunisten Prozesu" entzutetsu hau urriaren 4tik azaroaren 12rarte luzatu zen; salatuetako zazpi hiru eta sei bitarteko gartzela zigorretara kondenatuak izan ziren gotorleku batean. Sententzia argitara eman eta berehala Liga desegin zuten prozesuan aske geratu ziren kideek. Manifestuari dagokionean ahanzturan eroriko zela ematen zuen. Langile klase europarrak berriro ere klase agintarien aurka ekiteko nahikoa indar errekuperatu zituenean, Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zen. Baina elkarte honek, Europako eta Ameriketako proletalgo militante osoa bere barnean biltzeko helburuz sortu zenak, ezin izan zituen berehala aldarrikatu Manifestuan azaltzen diren printzipioak. Internazionalaren programak trade unions ingelesek, Frantzian, Belgikan, Italian eta Espainian Produhonen 7 jarraitzaileek, eta Alemanian lasallearrek onartzeko bezain zabala izan behar zuen. Marxek, programa hau alderdi guztiak asebetetzeko moduan idatzi zuenean, langile klasearen garapen intelektualean konfidantza osoa zuen, zeina ezinbestez eratorriko zen ekintza bateratuen eta eztabaidaren bidetik. Kapitalaren aurkako borrokaren gertakariek eta gorabeherek, porrotek garaipenek baino gehiago, langileei euren panazea gustokoenak aski ez zirela erakusten zieten eta bidea prestatzen zuten langile klasearen emantzipaziorako egiazko baldintzen ulermen hobe bat izateko. Eta Marxek arrazoi zuen. 1874ko langileak, Internazionalaren disoluzioaren garaikoak, ez ziren, ezta gutxiagorik ere, 1864ko berberak, Internazionala fundatua izan zen garaikoak. Proudhonismoa Frantzian eta lassalleanismoa Alemanian hilzorian zeuden, eta trade unions ingeles kontserbadoreak ere, gehienak Internazionalarekiko lotura oro Internazionala bera desagertu baino lehen apurtu zituztenak, pixkanaka-pixkanaka euren Kongresuaren presidenteak kongresuaren izenean honako hau esan behar zuenaren momentura hurbiltzen ari ziren, iaz Swansean: "Sozialismo kontinentalak jada ez gaitu beldurtzen". Hain zuzen ere, Manifestuaren printzipioak modu zabalean hedatu dira herrialde guztietako langileen artean. Honela bada, Manifestua berriro ere lehen planoan ipini zen. Testu alemaniarra, 1850etik, hainbat aldiz berrargitaratu zen Suitzan, Ingalaterran eta Iparramerikan. 1872an New Yorken ingelesera itzulia izan zen eta Woodhull and Claflin's Weekly aldizkarian argitaratua. Bertsio ingeles hau frantsesera itzulia izan zen eta New Yorkeko Le Socialiste n agertu zen. Ordutik, itzulpen ingeles pare bat edo gehiago, akats gehiagorekin edo gutxiagorekin, agertu ziren Iparramerikan eta hauetako bat Ingalaterran berrargitaratua izan zen. Lehenengo itzulpen errusiarra, Bakuninek egina, Herzengo Kólokolen inprentan aargitaratu zen Ginebran, 1863 aldera; bigarrenak, Vera Zasúlich heroikoak eginak, 1882an ikusi zuen argia Ginebran. Danierazko edizio berri bat Socialdemokratisk Bibliotheken argitaratu zen, Kopenhagen 1885ean; urte berean Parisen frantsesezko itzulpen berri bat agertu zen Le Socialisten. Azken honetatik Madrilen, 1886an, bertsio espainiar bat prestatu eta argitaratu zen. Hau alemaniarrerazko berrargitalpenak ahaztu gabe, gutxienez hamabi izan direnak. Armenierazko itzulpen batek, duela hilabete batzuk Konstantinoplan argitaratua izan behar zuenak, ez du argirik ikusi, ulertu dudanagatik, argitaratzaileak Marxen izenean zihoan liburu bat ateratzeko beldurra baitzuen eta itzultzaileak ez baitzuen Manifestua berak eginiko obra bat bailitzan argitaratu nahi. Beste hizkuntzetan eginiko geroagoko itzulpenen berri badut, baina ez ditut ikusi. Eta honela, Manifestuaren historiak langile klasearen mugimendu modernoaren historia islatzen du modu esanguratsu batean; ezbairik gabe, egun, literatura sozialistako obrarik difundituena da, internazionalena, milioika langilek onartutako plataforma amankomuna, Siberiatik hasita Kaliforniararte. Halaber, idatzi genuenean ezin izan genion Manifestu Sozialista deitu. 1847an sozialista, alde batetik, sistema utopikoen aldeko guztiei deitzen zitzaien: owenistei Ingalaterran eta fourieristei Frantzian, jada sekta soil izatera murrizturik zeudenak eta pixkanakako desagerpen prozesuan sarturik zeudenak; eta bestetik, enplastu ezberdinekin gaitz sozialak kapitala eta irabazia kaltetu gabe ezereztuko zituztela esaten zuten petrikilo sozial mota guztiei. Bi kasuetan, langile mugimendutik at aurkitzen zen jendea eta babesa batez ere klase "ikasietan" bilatzen zutena. Bestalde, iraultza politiko sinpleen askieztasunaz konbentzitzera iritsi eta gizarte osoaren oinarrizko eraldaketa baten beharra aldarrikatzen zuten langile klasearen zatiari garai hartan komunista deitzen zitzaion.Hastapeneko komunismo trakets bat zen, erabat instintiboa; halaber, garrantzitsuenaz ohartzeko gai izan zen eta nahikoa indar erakutsi zuen langile klasean komunismo utopikoa sortzeko, Cabetena Frantzian eta Weitlingena Alemanian. Honela, sozialismoa, 1847an, klase burgesaren mugimendu bat zen, eta komunismoa langile klasearena. Sozialismoa, kontinentean behintzat, gauza "errespetagarria" zen; komunismoa, guztiz kontrakoa. Eta guk haseratik "langile klasearen emantzipazioa langile klasearen beraren lana" izango denaren printzipioa defendatzen genuenez, ez zegoen zalantzarik bi izendapenen artean zein aukeratu behar genuen erabakitzeko. Are gehiago, gerora ez zaigu sekula izen hari uko egiterik bururatu.
Manifestua gure obra amankomuna bada ere, beharturik ikusten nahiz oinarrizko tesia, beraren nukleoa, Marxi dagokiola esatera. Tesi honek zera baieztatzen du, garai historiko bakoitzean, ekoizpen ekonomikoaren eta trukearen modu nagusiak eta hontatik eratortzen den antolaketa sozialak nahitaez beraien gainean jasotzen den eta honek bakarrik azaltzen duen garaiko historia politiko eta intelektualaren oinarria osatzen dutela, eta beraz (gizarte gentilizio primitiboaren desegitearen ostean, euren lurraren jabego komunalarekin) gizateriaren historia osoa klaseen arteko borrokaren historia bat izan dela, esplotatzaileen eta esplotatuen arteko borroka batena, klase agintariena eta klase zapalduena; klase borroka horien historia iraultzen zerrenda bat dela, eta egun iritsi den garapen mailagatik klase esplotatua eta zapaldua -proletalgoa- ezin dela klase esplotatzaile eta agintariaren uztarritik askatu -burgesiarenetik- aldi berean eta betirako gizarte osoa esplotazio, zapalkuntza, klase zatiketa eta klase borroka orotik askatu gabe.
Ideia honetara, nire ustez Historiarako Darwinen teoria Biologiarako izan dena izatera deiturik dagoen honetara, 1845an baino lehen biok pixkanaka-pixkanaka jada hurbiltzen hasita geunden.
Nik norabide horretan independienteki noraino egin nuen aurrera hobeto ikus daiteke nire Ingalaterrako langile klasearen egoera liburuan. Baina Bruselasen berriro ere Marxekin elkartu nintzenean, 1845eko udaberrian, berak jada tesi hau eraturik zuen eta hemen azaltzen ditudan bezain termino argietan azaldu zidan. 1872ko argitalpen alemaniarrari eginiko hitzaurrearen ondorengo hitz hauek zitatzen ditut, biok batera idatzitakoa:
"Nahiz eta azken hogeita bost urteotan baldintzak asko aldatu diren, Manifestu honetan azaldutako printzipio orokorrak gaur egun, oro har, osoki zuzenak dira. Puntu batzuk berriz ukituak izan beharko lukete. Manifestuak berak azaltzen du, printzipio hauen aplikazio praktikoa existitzen diren zirkunstantzia historikoen baitan egongo dela beti eta toki guztietan, eta beraz, ez dela garrantzia berezirik ematen II. kapitulu bukaeran zenbatutako neurri iraultzaileei. Pasarte hau gaur egun modu ezberdin batean idatzia izan beharko luke aspektu bat baina gehiagotan. Kontuan harturik azken hogeita bost urteetan industria handiak izan duen garapena, eta honekin batera, langile klasearen partiduarena; Otsaileko iraultzaren esperientzia kontuan harturik lehenik, eta gero, gradu handiago batean oraindik, Parisko Komunarena , lehen aldiz langileria, bi hilabetez, botere politikora altxatuz, programa hau zaharkitu egin da puntu batzuetan. Komunak erakutsi du, batez ere, “langile klasea ezin daitekeela mugatu besterik gabe Estatuaren makina dagoen bezala hartzera eta bere helburu propioak lortzeko honetaz baliatzera” (ikus Gerra zibila Frantzian, Langileen Erakunde Internazionaleko Kontseilu Orokorraren Manifestua, K. Marx eta F. Engels, Idazlan hautatuak bi liburukietan, t. I, 504. orr., Progreso Ed. Mosku, non ideia hau zabalago agertzen den). Gainera, nabarmena den bezala, literatura sozialistaren kritika momentu hauetarako osatu gabea da, 1847rarte bakarrik iristen baita; eta aldi berean, komunistek oposizioko partidu ezberdinen aurrean dituzten jarrerak (IV. kapitulua) trazu orokorrean oraindik zehatzak badira ere, zaharkituak geratu dira bere xehetasunetan, egoera politikoa erabat aldatu delako, eta garapen historikoak han zenbatzen ziren alderdi gehienak lurretik ezabatu dituelako. Hala eta guztiz ere, Manifestua, jada aldatzeko eskubiderik ez daukagun dokumentu historiko bat da."
Honako itzulpen hau Mr. Samuel Moore-i dagokio, Marxen Kapitalaren zati handienaren itzultzaileari. Biok batera errepasatu dugu itzulpena eta ohar batzuk gehitu dizkiot aipamen historikoak azaltzeko.
Friedrich Engels
Londres, 1888ko urtarrilaren 30ean.