Alderdi Komunistaren Manifestua/Hitzaurrea 1892ko argitalpen poloniarrari
←Hitzaurrea 1890eko argitalpen alemaniarrari | Alderdi Komunistaren Manifestua Hitzaurrea 1892ko argitalpen poloniarrari |
Hitzaurrea 1893ko argitalpen italiarrari: Irakurle italiarrei→ |
Hitzaurrea 1892ko argitalpen poloniarrari
Manifestu Komunistaren edizio poloniar berri bat beharrezkoa izateak, hausnarketa ezberdinetara gonbidatzen du.
Lehenbizi, azken aldietan zehar, Manifestua, modu batean, Europako industria handiaren garapenaren indize bat izatera pasa dela azpimarratzea komeni da. Herrialde batean industria handia garatzen den heinean, herrialde honetako langileen artean beraien egoera ulertzeko nahia hazten ikusten da, langile klasearena bere baitan, jabeen klaseari dagokionean; beraien artean mugimendu sozialista garatzen ikusten da eta Manifestuaren aleen eskaria hazten. Horrela bada, hizkuntza batean zabaldutako ale hauen zenbatekoak ez du langile mugimenduaren egoera, zehaztasun nahikoz, determinatzea ahalbidetzen bakarrik, baita herrialde bakoitzean industria handiak duen garapen maila ere.
Horregatik Manifestuaren edizio poloniar berriak Poloniako industria handiaren garapen erabakigarria adierazten du. Ez dago dudarik horrelako garapena benetan azken ediziotik pasa diren hamar urteetan eman dela. Polonia Errusiarra, Kongresukoa, Inperio Errusiarreko lurralde industrial handi bat izatera pasa da. Industria handi errusiarra sakabanaturik dagoen bitartean –zati bat Finlandiako golkoaren kostan aurkitzen da, beste bat erdialdeko probintzietan (Mosku eta Vladimir), bestea Itsaso Beltzeko eta Azoveko Itsasoko litoraletan, etab.-, industria poloniarra erlatiboki eremu txiki batean kontzentraturik dago eta horrelako kontzentrazio baten abantaila eta desabantaila guztiez gozatzen du. Abantailak fabrikatzaile errusiarrek onartzen dituzte, Poloniaren aurkako arantzelak aldarrikatzean, poloniar guztiak errusifikatzeko desira itsua duten arren. Desabantailak – fabrikatzaile poloniarrentzat eta gobernu errusiarrarentzat- langile poloniarren artea ideia sozialisten zabaltze azkarrean eta Manifestuaren eskari progresiboan oinarritzen dira.
Baina industria poloniarraren garapen azkarrak, industria errusiarrarena gaindituz, aldi berean herri poloniarraren energia agortezinaren eta bere etorkizuneko jaiotza nazionalaren froga berri bat adierazten du. Polonia independente eta indartsu baten birsortzea ez da poloniarrei bakarrik interesatzen zaien auzia, beste guztioi ere interesatzen zaigu. Nazio europarren kolaborazio onestu bat, hauetako bakoitza bere etxearen erabateko jabea denean bakarrik izango da posible. 1848ko iraultzak, azkenean eta gerora proletarioen bandera azpian borrokatzen zutenak burgesiari babak eltzetik ateratzera baino gehiagora eraman ez bazituen ere, bere testamentu-betearazleen aldetik –Luis Bonaparte eta Bismarck- Italiaren, Alemaniaren eta Hungariaren independentzia burutu ditu. Baina aldiz Polonia, 1792an iraultzarengatik beste hiru herrialde horiek batera baina gehiago egin zuena, 1863an bere zorira bertan behera utzia izan zen, hamar aldiz handiagoak ziren errusiar indarren bultzadaren aurrean amore ematen ari zenean. Noblezia poloniarra ez zen gai izan bere independentzia babesteko ezta birkonkistatzeko ere; gaur egun, burgesiari, Poloniaren independentzia gutxienean, bost axola zaio. Baina hala ere, nazio europarren kolaborazio harmoniko baterako, independentzia hau behar bat da. Eta langileria poloniar gaztearengandik bakarrik izango da konkistatua. Bere eskuetan, bere etorkizuna ziur dago, Europako beste langile guztientzat Poloniaren independentzia langile poloniarrentzat bezain beharrezkoa baita.