Alderdi Komunistaren Manifestua/III. Literatura sozialista eta komunista


III
Literatura sozialista eta komunista

1. SOZIALISMO ERREAKZIONARIOA aldatu

a) Sozialismo feudala aldatu

Euren posizio historikoagatik, aristokrazia frantziarra eta ingelesa gizarte moderno burgesaren aurkako libeloak idaztera deiturik zeuden. 1830eko uztaileko iraultza frantziarrean eta erreforma parlamentarioaren aldeko mugimendu ingelesean, berriro ere etorri-berri gorrotatuaren kolpeen aurrean erori ziren. Handik aurrera ezin zitekeen ezta borroka politiko serio bati buruz ere hitz egin. Ez zitzaien borroka literarioa baino geratzen. Baina

literatur eremuan ere, Errestaurazio garaiko fraseologia zaharra aplika ezina izatera iritsi zen. Begikotasuna sortzeko, beharrezkoa zen aristokraziak bere interesak kontutan hartzen ez zituenaren itxura egitea eta burgesiaren aurka egiten zuen salaketa akta langile klase zapalduaren interesen alde soilik formulatzen zuela erakustea. Era honetara, bere nagusi berriaren aurka kantu satirikoak konposatzeko eta belarrira profezia makurrak xuxurlatzeko gozamena izan zuen.

Honela jaio zen sozialismo feudala, jeremiaden eta paskinen nahasketa, iraganeko oihartzunen eta etorkizunari buruzko mehatxuen nahastura. Noizbait bere kritika mikatz, garratz eta burutsuak burgesia bihotzean zauritu bazuen ere, historia modernoa ulertzeko zuten erabateko gaitasun ezak kritika hauek erridikuluaz estaltzen amaitu zuen.

Bandera gisa, jaun hauek proletarioaren eskale zakua altxatzen zuten, herria erakartzeko helburuarekin. Baina herria hurbiltzen zen aldiro, jaun hauen ipurmasailak armarri feudal zaharraz apainduta zeudela konturatzen ziren eta barre algara handi eta lotsagabeekin sakabanatzen ziren. Legitimista frantziarren eta “Ingalaterra Gaztearen”45 zati batek munduari ikuskizun komiko hau eskeini diote.

Feudalismoaren gerlariek beraien esplotazio modua burgesiarenaren desberdina dela baieztatzen dutenean, gauza bat ahazten dute, beraiek baldintza eta zirkunstantzia erabat desberdinetan eta egun zaharkituak direnetan esplotatzen zutela. Beraien agintepean proletalgo modernorik ez zela esaten dutenean, ahaztu egiten dute burgesia modernoa hain zuzen ere euren erregimen sozialaren beharrezko enbrioi bat dela.

Bestalde, euren kritikaren izaera erreakzionarioa hain gutxi mozorrotzen dute, ezen burgesiaren aurka aurkezten duten salaketa nagusia zera dela, burgesiaren erregimenarenpean gizarte ordena zaharra puskatan apurtuko duen klase bat sortu izana. Burgesiari leporatzen diotena ez da batez ere proletalgo bat orokorrean sortuarazi izana, proletalgo iraultzaile bat sortuarazi izana baizik.

Horregatik, praktika politikoan, langile klasearen aurkako errepresio neurri guztietan hartzen dute parte.

Eta eguneroko bizitzan, fraseologia puztu bat erabiltzen badute ere, urrezko fruituak biltzeko eta ohorea, maitasuna eta fidelitatea artileagatik, azukre-erremolatxagatik eta pattarragatik ordezkatzeko bikain konpontzen dira.

Apaiz eta jaun feudala beti eskutik joan diren modu berean, sozialismo klerikala ere sozialismo feudalaren eskutik doa.

Aszetismo kristaua berniz sozialista batekin estaltzea bezain erraza. Kristautasuna ere ez al zen ba jabetza pribatuaren, ezkonkidetzaren eta Estatuaren aurka altxatu? Honen lekuan ez al zituen ordea karitatea eta pobrezia, zelibatoa eta haragiaren mortifikazioa, bizitza monastikoa eta eliza predikatu? Sozialismo kristaua ez da apezteriak aristokraziaren etsipena bedeinkatzeko erabiltzen duen ur bedeinkatua besterik.

b) Sozialismo burges txikia aldatu

Aristokrazia feudala ez da burgesiak eraitsitako klase bakarra, eta ezta bere existentzia baldintzak geroz eta okerragora eta desagertzera jotzen duten klase bakarra ere gizarte burges modernoan. Erdi Aroko hirietako biztanleak eta nekazari txikien estamentua izan ziren burgesia modernoaren aintzindariak. Gutxiago garatutako industria eta merkataritza dituzten herrialdeetan, klase honek goraldian den burgesiaren alboan jarraitzen du begetatzen.

Zibilizazio modernoa garatu den herrialdeetan burges txikien klase berri bat sortu da –eta, gizarte burgesaren osagarri bezala, sortze prozesuan jarraitzen du etenik gabe- proletalgoaren eta burgesiaren artean. Baina klase hau osatzen duten gizabanakoak etengabe proletalgoaren lerroetara amildurik ikusten dira konpetentzia dela eta, eta industria handiaren garapenarekin, gizarte modernoko frakzio independiente bat bezala desagertuko diren unea hurbiltzen ikusten dute, merkataritzan, manufakturan eta nekazaritzan kapatazek eta enplegatuek ordezkatuak izateko.

Frantzia bezalako herrialdeetan, nekazariek biztanlegoaren erdia baino dexente gehiago osatzen dutenean, naturala zen burgesiaren aurkako proletalgoaren kausa defendatzen zuten idazleek burges txikiaren eta nekazari txikiaren irizpideak erabiltzea eta langileen kausa burgesia txikiaren ikuspegitik defendatzea. Honela eratu zen sozialismo burges txikia. Sismondi da literatura honen adierazle handiena, ez soilik Frantzian, baita Ingalaterran ere.

Sozialismo honek ernetasun handiarekin analizatu zituen ekoizpen erlazio modernoen kontraesan bereiztezinak. Ekonomisten apologia hipokritak biluztu zituen. Makineriaren eta lan banaketaren ondorio suntsigarriak, kapitalen eta lur jabegoen kontzentrazioa, gainprodukzioa, krisiak, burges txikien eta nekazarien ezinbesteko hondamendia, proletalgoaren miseria, ekoizpeneko anarkia, aberastasunen banaketaren eskandaluzko desberdintasun, nazioen arteko gerra industrial suntsitzailea, ohitura zaharren, familia erlazio zaharren, nazionalitate zaharren disoluzioa, modu ukaezin batean frogatu zituen.

Hala ere, sozialismo honen eduki positiboa honetan datza, bai ekoizpen eta truke baliabide zaharrak berrezartzeko, eta hauekin batera jabego erlazio zaharrak eta gizarte zahar guztia ezartzeko nahiean, bai ekoizpen eta truke baliabide modernoak jabego erlazio zaharren markoan enkajatzea nahi izatean, apurtuak izan ziren erlazioetan, nahitaez baliabide modernoek apurtu zituztenak. Kasu batean eta bestean, sozialismo hau aldi berean erreakzionarioa eta utopikoa da.

Manufakturarentzat gremio sistema; nekazaritzarentzat erregimen patriarkala; hona hemen hauen azken hitza.

Ondoren jasandako garapenean tendentzia hau ixilaldi koldar batean erori da.

c) Sozialismo alemaniarra edo “egiazko” sozialismoa aldatu

Frantziako literatura sozialista eta komunista, burgesia agintariaren uztarripean jaio zena aginte honen aurkako borrokaren adierazpen literario gisa, Alemanian burgesiak absolutismo feudalaren aurkako bere borrokari ekin berri zion unean sartu zen. Saloi alemaniarretako filosofo, erdifilosofo eta burutsuek irrikaz beterik egin zuten jauzi literatura honen gainera; baina literatura frantziarra Alemaniara inportatzearekin Frantziako baldintza sozialak ordea ez zirela inportatu ahaztu zitzaien. Baldintza alemaniarretan, literatura frantziarrak berehalako esangura praktikoa galdu zuen eta izaera literario soila hartu zuen. Giza esentziaren errealizazioari buruzko alferrikako espekulazio baten antza izan behar zuen batez ere. Era honetara, XVIII. mendeko filosofo alemaniarrentzat lehenengo iraultza frantsesaren aldarrikapenak ez ziren orokorrean "arrazoi praktikoaren" aldarrikapenak baino, eta Frantziako burgesia iraultzailearen borondatearen adierazpenek, filosofo alemaniar hauen arabera, ez zituzten borondate puruaren, borondateak izan behar duen bezelakoaren, egiazko giza borondatearen legeak baino adierazten. Literato alemaniarren lan osoa ideia frantses berriak euren kontzientzia filosofiko zaharrarekin adostasunean ipintzera murriztu zen esklusiboki, edota zehatzago esanda, ideia frantsesak euren iritzi filosofikoetatik abiatuta asimilatzera.

Eta asimilatu zituzten orokorrean atzerriko hizkuntza bat asimilatzen den moduan: itzulpenaren bidez.

Gauza jakina da fraideek santu katolikoen bizitzen deskribapen absurduak gainjarri zituztela paganismo zaharraren obra klasikoen eskuizkribuen gainean. Literato alemaniarrek kontrako aldera jokatu zuten literatura profano frantsesarekiko. Beraien absurdu filosofikoak original frantziarrenpean ipini zituzten. Adibidez: diruaren funtzioaren kritika frantsesarenpean, "giza esentziaren enajenazioa" idazten zuten; Estatu burgesaren kritika frantziarrarenpean "abstraktu unibertsalaren boterearen ezabapena" zioten, eta honela era etengabean.

Kritika frantsesean egin zuten fraseologia filosofikoaren tartekatze honi "ekintzaren filosofia", "egiazko sozialismoa", "sozialismoaren zientzia alemaniarra", "sozialismoaren fundamentazio filosofikoa",etab. deitu zioten.

Modu honetan literatura sozialista-komunista frantsesa erabat zikiratua izan zen. Eta alemaniarren eskuetan klaseen arteko borrokaren espresio izateari utzi zionez, alemaniarrek "hertsitasun frantziarraren" oso gainetik zeudela, eta egiazko beharren lekuan, egiaren beharra defendatu zutela pentsatu zuten, proletalgoaren interesak beharrean, giza esentziaren interesak, gizakiarenak orokorrean defendatu zituztela, inongo klaseren edota errealitateren kide ez den gizakiarena, zeina fantasia filosofikoaren zeru lanbrotsuan baino ez den bizi. Sozialismo alemaniar hau, bere eskola ariketa traketsak hain serioski hartzen zituena eta burrunba kalakariekin bere ideiak lau haizetara zabaltzen zituena, pixkanaka-pixkanaka bere inozentzia sasijakintsua galduz joan zen.

Burgesia alemaniarraren borrokak, eta batez ere burgesia prusiarrarenak, feudalen eta monarkia absolutuaren aurka, hitz batean, mugimendu liberalak, izaera serioago bat hartzen zuen.

Gisa honetan, "egiazko sozialismoari" mugimendu politiko honi errebindikazio sozialistak kontrajartzeko aukera hain gutiziatua eskaini zitzaion, liberalismoaren, Estatu ordezkagarriaren, lehia burgesaren, prentsa askatasun burgesaren, eskubide burgesaren, askatasun eta berdintasun burgesaren aurka anatema tradizionalak suntsitzeko aukera, eta masa herrikoiei irabazteko ezer ez zutela predikatzeko aukera, mugimendu burges honekin egia esateko dena galduko zutela esanez. Sozialismo alemaniarrak, zeina frantsesaren gatzik gabeko oihartzun huts bat zen, kritika frantsesak gizarte burges modernoa aurresuposatzen zuela ahaztu zuen, bere bizi baldintza materialekin eta eraketa politiko egokiekin, hau da, Alemanian oraindik konkistatzekotan zeuden aurrebaldintzekin hain zuzen ere.

Alemaniako gobernu absolutuentzat, bere elizgizon, kontseilari, landako zaldun eta burokrata segizioarekin, sozialismo hau burgesiaren aurkako txorimalo egoki bat bilakatu zen, burgesia modu mehatxagarrian altxatzen ari baizen.

Hau, gobernu hauek langile alemaniarren altxamenduei erantzuteko erabiltzen zituzten latigokaden eta tiro garratzen konplemetu gozagarri bilakatu zen.

"Egiazko" sozialismoa era honetara gobernuek burgesia alemaniarraren aurka erabilitako arma bilakatu bazen, honetaz gain, modu zuzen batean, interes erreakzionario bat adierazten zuen, burges txiki alemaniarraren interesa. Burgesia txikiak, XVI. mendeak oinordetzan utziak eta ordutik forma anitzetan etengabe birjaioak, Alemanian egun ezarritako ordenaren egiazko oinarri soziala osatzen du.

Berau mantentzea Alemanian ezarritako ordena kontserbatzea da. Burgesiaren gailentasun industrialak eta politikoak heriotz ziur batekin mehatxatzen du: batetik, kapital kontzentrazioengatik, eta bestetik, proletalgo iraultzaile baten garapenagatik. "Egiazko" sozialismoak tiro bakar batekin bi txori hil zitzakeela iruditu zitzaion burgesia txikiari. Eta hau epidemia bat bailitzan zabaldu zen. Espekulazioaren armiarma sarearekin ehunduta, lore erretorikoez brodaturik eta ihintz sentimental batez bainaturik, sozialista alemaniarrek euren hiruzpalau "betiereko egia" gordin estaltzeko erabilitako erropaje fantastiko honek ez zuen merkantzia honen eskaria igoarazi baino egin halako publikoaren aurrean. Bere aldetik, sozialismo alemaniarrak burgesia txiki honen ordezkari arranditsua izatera deiturik zegoela ulertu zuen geroz eta hobekiago.

Nazio alemaniarra nazio eredua zela eta mesokrata alemaniarra gizaki eredua zela aldarrikatu zuen. Gizaki eredu honen desohore guztiei zentzu ezkutu bat eman zien, zentzu gorenago eta sozialista bat, errealitatearen aurkakoa. Kontsekuentea izan zen amaieraraino, komunismoaren tendentzia "suntsitzaile ankerraren" aurka modu irekian agertuz eta klase borroka ororen gainetiko bere jasokunde inpartziala aldarrikatuz. Salbuespen oso arraroak izan ezik, Alemanian zirkulatzen duten sozialistak deituriko obra guztiak literatura higuingarri eta sumingarri honi dagozkie.

2. SOZIALISMO KONTSERBADOREA EDO BURGESA aldatu

Burgesiaren zati batek gaitz sozialekin amaitu nahi du gizarte burgesa kontsolidatzeko helburuarekin.

Kategoria honetan aurkitzen dira ekonomistak, filantropoak, humanitarioak, langile klasearen zoria hobetu nahi dutenak, ongintza elkarteen antolatzaileak, animalien babesleak, neurritasun elkarteen fundatzaileak, mota guztietako etxe-erreformatzaileak. Eta sozialismo burges hau sistema osoak osatzeraino iritsi da.

Aipa dezagun adibide bezala Proudhonen Miseriaren Filosofia.

Sozialista burgesek gizartearen bizi baldintzak betierekotu nahi dituzte halabeharrez beragandik sortzen diren borrokarik eta arriskurik gabe. Egungo gizartea nahi dute berau iraultzen eta deskonposatzen duten elementurik gabe. Proletalgorik gabeko burgesia nahi dute. Burgesiak, naturala den bezala, bere agintepean dagoen mundua mundurik hoberena bezala errepresentatzen du. Sozialismo burgesak errepresentazio kontsolagarri honetatik sistema gutxi-asko osatu bat egiten du. Proletalgoa bere sistema praktikan jartzera eta Jerusalem berrira sartzera gonbidatzen duenean, ez du, funtsean, egungo gizartean jarraitzera baino bultzatzen, baina gizarteagatik eratu den kontzeptzio gorrotagarritik desjabetuz.

Beste sozialismo mota bat, hain sistematikoa ez dena baina bai praktikoagoa, langileak mugimendu iraultzaile orotik bereizten saiatzen da, beraien onurarako izango dena ez dela aldaketa politiko bat edo bestea izango esanez, baizik eta bizi baldintza materialen, erlazio ekonomikoen, eraldaketa bat baizik. Baina sozialismo honek, bizi baldintza materialen eraldaketa gisa ez du, inola ere, ekoizpen burgesaren erlazioen abolizioa ulertzen -zeina lortzea ez baita posible bide iraultzaileetatik baino-, ekoizpen burgesaren erlazioen oinarrien gainean eginiko erreforma administratibo batzuk soilik, eta beraz, kapitalaren eta soldatapeko lanaren arteko erlazioei ez die eragiten, kasurik onenean, burgesiari bere aginteak ekartzen dizkion gastuak murrizten soilik lagunduko dio eta bere Estatuaren administrazioa sinplifikatzen.

Sozialismo burgesak ez du bere espresio egokia lortzen figura erretoriko sinple bat bilakatzen denean baino.

Truke askea, langile klasearen mesedetan! Muga-sari babesleak, langile klasearen mesedetan! Presondegi zelularrak, langile klasearen mesedetan! Hona hemen sozialismo burgesaren azken hitza, bakarra, modu serioan esan duen bakarra.

Sozialismo burgesa baieztapen honetan laburtzen da zehazki: burgesak burgesak dira langile klasearen mesedetan.

3. SOZIALISMO ETA KOMUNISMO KRITIKO-UTOPIKOAK aldatu

Hemen ez gara ari iraultza moderno handi guztietan proletalgoaren errebindikazioak formulatu dituen literaturari buruz (Babeufen idatziak, etab.). Proletalgoak bere klaseko interesak gailentzeko egin dituen lehen saiakera zuzenek, gizarte feudalaren suntsiketaren garaian eginak, eferbeszentzia orokorreko uneetan, nahitaez porrot egin zuten, bai proletalgoaren beraren garapen ahulagatik, bai bere emantzipaziorako baldintza materialen ausentziagatik ere, garai burgesaren ondorio gisa soilik sortzen diren baldintzen ausentziagatik alegia. Proletalgoaren lehen mugimendu hauen bidelagun den literatura iraultzailea, derrigorrez, bere edukiagatik, erreakzionarioa da. Aszetismo orokor bat eta igualitarismo zarpail bat goraipatzen ditu.

Propioki sistema sozialistak eta komunistak deiturikoek, Saint-Simonen, Fourierren, Owenen eta abarren sistemek, proletalgoaren eta burgesiaren arteko borrokaren haserako hastapen uneetan egiten dute euren agerpena, lehenago deskribatutako garaialdian (ikus "Burgesak eta proletarioak").

Sistema hauen sortzaileak, gainera, klaseen arteko antagonismoaz konturatzen dira, eta era berean baita gizarte agintariko elementu suntsitzaileen ekintzaz ere. Baina ez dute ekimen historikorik nabaritzen proletalgoaren aldetik, inongo berezko mugimendu politikorik. Klase antagonismoaren garapena industriaren garapenaren parean doanez, proletalgoaren emantzipaziorako baldintza materialik ere ezin dute aurkitu, eta zientzia sozial baten bila abiatzen dira, baldintza hoiek sortzea ahalbidetuko duten lege sozial batzuen bila.

Ekintza sozialaren lekuan euren berezko buruargitasunaren ekintza jarri behar dute; emantzipaziorako baldintza historikoen lekuan, baldintza fantastikoak; proletalgoaren klaseko antolaketa gradualaren lekuan, beraiek asmatutako gizarte antolaketa bat. Munduaren etorkizuneko historia propagandara eta euren plan sozialen ejekuzio praktikora mugatzen da beraientzat.

Beraien planak taxutzean, gainera, ororen aurretik langile klasearen interesak defendatzeko kontzientzia dute, gehien sofritzen duen klasea delako. Proletalgoa beraientzat ez da existitzen gehien pairatzen duen klase gisa baino.

Baina klase borrokaren hastapeneko formak, hala nola beraien posizio sozialak, klase antagonismo ororen oso gainetik daudela kontsideratzera eramaten dituzte. Gizarteko kide guztien bizi baldintzak hobetu nahi dituzte, baita pribilejiatuenak direnenak ere. Horregatik ez dute gizarte osoari deitu besterik egiten, bereizketarik egin gabe, eta klase agintariarengana ere lehentasunez zuzentzen dira. Zeren eta nahikoa da euren sistema ulertzea, gizarte posible guztietan hobereneko plan posible guztietan hoberena dela onartzeko.

Honengatik, ekintza politiko oro, eta bereziki, ekintza iraultzaile oro gaitzesten dute: beraien helburuak bide baketsuen bidez lortzea proposatzen dute, ebanjelio sozial berrirako bidea ereduaren indarrarekin irekitzen saiatuz, experimentu txikien bitartez, zeintzuek noski porrot egiten duten beti.

Etorkizuneko gizartearen deskribapen fantastiko hauek, proletalgoak, oraindik oso gutxi garaturik egonik, bere egoera ere modu fantastiko batean kontsideratzen duen garai batean eginak, langileen lehenengo aspirazioetatik datoz, gizartearen erabateko eraldaketaren susmo sakon batez beterik aurkitzen baitira.

Baina obra sozialista eta komunista hauek elementu kritikoak ere gordetzen dituzte. Egungo gizartearen oinarri guztiak erasotzen dituzte. Eta modu honetan balio handiko materialak eman dituzte langileak hezitzeko. Etorkizuneko gizarteari buruzko tesi positiboek, esaterako hiriaren eta landaren arteko kontrastearen ezabapenak, familiaren abolizioak, irabazi pribatuak eta soldatapeko lanak, harmonia sozialak eta Estatua ekoizpenaren administratzaile soil bilakatzeko eraldaketak; tesi hauek guztiek ez dute klaseen arteko antagonismoaren ezereztea besterik adierazten, soilik perfilatzen hasten ari den antagonismoa berau eta sistema hauen asmatzaileek lehenengo forma bereiztezinak eta nahaspilatsuak bakarrik ezagutzen dituztenak. Honela, tesi hauek ez dute zentzu utopiko soil bat besterik.

Sozialismo eta komunismo kritiko -utopikoen garrantzia garapen historikoaren kontrako norantzan doa. Klase borroka intentsifikatuz eta forma definituagoak hartuz doan heinean, bere gainetik jartzeko irrika fantastikoak, egiten zaion oposizio fantastiko horrek, balio praktiko guztia galtzen du, justifikazio teoriko guztia. Hona hemen zergatik aspektu askotan sistema hauen sortzaileak iraultzaileak baziren ere, beraien diszipuluek sorturiko sektak beti erreakzionarioak diren, beraien maisuen kontzeptzio zaharrei eusten baitie proletalgoaren ondorengo garapen historikoa eman baldin bada ere. Klase borroka trakestea eta antagonismoak kontziliatzea bilatzen dute, eta horretan kontsekuenteak dira. Beraien utopia sozialen experimentazioarekin amesten jarraitzen dute; falansterio isolatuak ezartzean, euren herrialdeetan home-coloniesak sortzean edota Ikaria txiki bat fundatzean, Jerusalen berriaren miniaturazko edizioa. Eta aireko gaztelu hauen guztien eraiketarako burgesen bihotz eta poltsikoen filantropiari dei egitera beharturik ikusten dira. Pixkanaka-pixkanaka gorago deskribaturiko sozialista erreakzionarioen eta kontserbadoreen kategoriara erortzen ari dira eta hauengandik pedantekeria sistematikoago batengatik eta beraien zientzia sozialaren mirarizko eraginkortasunean duten fede superstizioso eta fanatikoagatik bereizten dira.

Horregatik daude langile klasearen mugimendu politiko ororen sumintzearen aurka, hauetan ez baitute ebanjelio berri batekiko fede itsuaren faltaren emaitza besterik ikusten. Owenistek, Ingalaterran, kartisten aurka erreakzionatzen dute, eta fourieristek, Frantzian, erreformisten aurka.