Amets bat dut  (1963) 
Martin Luther King
Iturria: King, M. L. (1977): Discursos, Leongo Unibertsitatea, León, 43-51.

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 100-101.

Pozik nago gaur zuekin batera, hemen, gure nazioaren historian gertatu den eta historiara pasatuko den askatasunaren aldeko manifestazio handienean.

Orain dela ehun urte, Emantzipazioaren Aldarrikapena sinatu zuen amerikar handi batek; gaur haren itzalean babesten gara. Injustizia kiskalgarriaren garretan erre ziren milioika esklabo beltzentzat, itxaropenaren argia piztea izan zen dekretu garrantzitsu hura. Gau luzea amaitzeko goizeko argi gozagarria heltzen den bezala heldu zitzaien izpi hura gatibualdiko iluntasuna urratzeko.

Baina ehun urte geroago ere beltza ez dago libre; ehun urte geroago, segregazioaren bilurrez lotuta dago beltza, diskriminazioaren kateek lotzen dute; ehun urte geroago, pobreziaz betetako irla bakarti batean bizi da, oparotasun materialez beteriko itsaso zabalaren erdian; ehun urte geroago, oraindik ere, amerikar gizarteko bazterretan makaltzen da beltza eta erbesteraturik bizi da bere herrian.

Beraz, egoera lotsagarri baten berri ematera etorri gara hona. Nolabait, txeke bat dirutzera etorri gara gure nazioko hiriburura. Gure errepublikaren arkitektoek Konstituzioko eta Independentziaren Aldarrikapeneko hitz ederrak idatzi zituztenean, amerikar guztien herentzia izango zen pagakizun-agiri bat sinatu zuten. Agiri horretan agintzen zen gizaki guztiek, beltz nahiz zuri izan, bermatuta izango zituztela kendu ezin diren bizitzeko eskubidea, askatasuna eta zoriontasunaren bila aritzea.

Garbi dago Amerikak ez duela bete agindutakoa koloreko herritarrekin, ez diela ordaindu. Betebehar sakratu hori gauzatu beharrean, kobratzeko aukera gutxiko txeke bat eman dio Amerikak herri beltzari; «funts faltagatik» itzuli duten txekea. Ez dugu sinetsi nahi nazio honen aukeren kutxetan ez dagoela funts nahikorik. Eta, beraz, txeke hura dirutzera etorri gara, geuk eskatu ondoren, askatasunaren aberastasuna eta justiziaren segurtasuna emango digun txekea.

[...]

Adiskideok, gaur diotsuet, gaurko eta biharko zailtasunak eta frustrazioak gorabehera, oraindik amets bat dudala. Amerikar ametsean sakon errotutako ametsa da. Egunen batean, nazio hau altxatu eta bere kredoaren benetako zentzuaren arabera biziko dela amesten dut: «gizon guztiak berdin sortu zirela baiesten dugu ziurtasun osoz». Amesten dut, egunen batean, Georgiako muino gorrixketan, esklabo zaharren seme-alabak eta esklabo trafikatzaileenak elkarrekin eseri ahal izango batean, Mississippiko estatua bera ere, injustiziaren bero-sapak itotako estatua izanik ere, askatasunaren eta justiziaren oasi bihurtuko dela. Amesten dut, egunen batean, nire lau seme-alabak biziko direla nazio batean non ez dituzten epaituko azalaren koloreagatik, haien nortasunagatik baizik.

Amets bat dut, gaur!

Amesten dut, egunen batean, han Alabaman —arrazista suminduak dauden hartan, gobernariaren ezpainetatik eragozteko eta deuseztatzeko hitzak sortzen diren hartan—, egunen batean, hantxe bertan, Alabaman, mutiko eta neskato beltzek eskua eman ahal izango dietela mutiko eta neskato zuriei, neba-arreba gisa.

Amets bat dut, gaur!

Gaur amesten dut, egunen batean, «bailara guztiak goratuko direla, muino eta mendi guztiak berdindu egingo direla. Lautu egingo dira toki aldapatsuak eta zuzendu bide bihurriak; eta, orduan, Jainkoaren aintza azalduko da eta gizateria guztia lekuko izango da».

Martin Luther King

Washington, 1963ko abuztuaren 28a


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.