Arpuxa kalian  (1922) 
Toribio Alzaga
Arpuxa kalian


Toribio Alzaga’k
sortutako
Bakarrizketa

1922



Arpauso kalia du bere izena Tolosa’ko kale batek, bañan errian Arpuxa deitzen diote, ta ortik bakarrizketa onen izena


Egintaria

Xanti Xudur-motz. Berrogei bat urteko gizasemea, zudur-luzea bera ta Tolosar amorratua.
Langille jantzia


(Ezkuta-zapia igotzeakoan Tolosa’ko kale edo zugazti bat ikusiko da. Bereala agertzen da Xanti xudur-motx oso aserre, marmarizoka)

Xanti: Gezurra dirudi, Tolosa eder, berdin gabe onetan inpernubak egon biar dubela; ta ortxen dago, Arpuxa kalian, tellatutik lenbiziko bizitzan; ¡nere etxian!

Nere etxian, bai. Inpernuko Patxik sortu lezazkiken zitalkeri zorrotzenak nere emaztiak sortu dizkit. Inpernu berbera etxian jarri ez dit ba!

¡Nork esan biar zidan nere Mai Batixta’k orrela biurtu biar zubela! Ezkongaitan ori zan neskatxa atsegiñarekin. Nerekin ezkontzeko aurrian baba zeriyola, nik esaten nizkan txorakeriyak entzuten egon zan.

Edozein esaera utzen gatik esango zidan: - ¡Jas! Au Xanti xelebria, ¡Jos! Onek asmatuko ditubenak ¡Jus! Zuk esateko ez da asko

Eta ¡jas! ta ¡jos! ta ¡jus! lerdia zeriyola egoten zan begiratu txorrotxak neri botiaz, par-irri xamurrak neri egiñaz, eta gorputz guziya jira-biratuaz, nere esaera motzak kilimakatzen balute bezela.

¡Ura emakumia, ura; ta ayek egunak ayek! Erdi-puerdi xamar juaten banitzaion berriz, orrek egiten zituben algarak. Nere balantxak, estroposo ta zilipurdiyak alako grazi bat egiten ziyoten.

Izan ere, etzegon orduban orrentzat bere Xanti xudurmotx besterik.

Nere txurrutak buruba txoratzen ziyoten

¡Ezkondu bagiñan ezkondu giñan!

Biyaramonetik, guziya goikuaz bera jiratu zan.

Lengo begiratu txorrotz, maitekorren ordez, kopeta illun asarria; par-irri xamurren tokiyan esaera miñak; eta nere txurrutak etzioten batere grazirik egiten. Etziran bada len baño batere motelaguak.

¡Emakumiak orrelako aldaketa egitia! ¡Eta ori nere andriak bakarrik! Beste, bere kideko tolosar emakumiak ez dute batere aldaketarik egin:

Oliyo laurdeneko Brijida, Xantus Xolumux'eneko Xaturniña, Xalda-garbi'eneko Kaxiana, Albañulodieneko Pillipa…

¡A! Azkeneko onek, bai, aldaketa txiki bat egin du. Kokotz azpiyan len etzuben bixar xorta ikusgarri bat azaltzen du orain.

Bañan, zein baño zein maitekorrago, laztanago, atsegiñago. Izan ere, gazte ta zar; Tolosan bezin emakume alai ta maitagarririk ez da iñon ezagutzen. Nere emaztia ez bestiak, e?

Nere andriak etzuben tolosarra izan biar, Kintanapallakua izan biar zuben.

Alaba berriz bera bezela jarri du. Ama baño re abozabal eta lotsagabiagoa da. Lenguan neri egin zizkidan lotsagabekeriyak… Esan niyon:

- Nere aitari orrelakorik esaten ausartu baziña, lau erdi egingo zinduen

Erantzun etziran bada nere aitak nere antsa izango zubela. Orrek kixkaltzen jarri ninduen eta esan niyon:

- ¿Nere aita? Zure aita ez bezelakua zan nere aita… zer uste dezu zuk,… nere aita…

Ala, ama alaben artian inpernu gorriya jarri didate ortxen, Arpuxa kalian, tellatutik lenbiziko bizitzan Oso ernegaturik jartzen naiz, eta eriyotz izugarriyan nere buruba botatzen det… dala Bertonea, dala Bustamantenea eta an pixka bat lasaitzen naiz.

Baña, an, ere sortzen didate beste ixkanbil berriya. Guztiyak nere zudurretik teink egin biar. Ez dakit nik, induljentziyak irabazten dirala edo zer uste duten. Pillipe txurrut'ek batibat teinkada batzubek ematen dizkit… lenguan kana t'erdi luzatu zirala uste nuben.

Eta gero xudur-motx deitzen didate. Jakin naiko nuke, orrelako teinkadak emanta, nork irukiko luken zudurra onenbestian.

Bañan, nola nai dala ere Tolosa'ko kontu asten gera ta etxeko naigabe guziyak aztutzen zaizkit.

Izan ere, emengo edertasunak, emengo alaitasunak…¡A! San Juanetan ere emengo festatxuak.

Goizetik zer poztasun neurrigabia. Ez dirudi besterik guztiyai loteriya erori zaigula

Gero prozesiyua; San Anton bere txintxarriyarekin txilin-txilin juaz. Eta mutil-gaztiak eskopetak onela artu ta kale kantoi batera ta San Juan ikustian ¡raa! Beriala beste kantoira ta San Juan azaltzian ¡raa!

Gero, emengo ta ango adixkidiak azaltzen dira; ta ¡Kaxo Tripaki! ¡Eup Prakax! Ta batekin baxo erdiya, bestiarekin osua, alkarrekin bazkaldu, arratzaldian ibili batera ta bastera jo ta tira, ta arratzian, zumardi txikira.

¡Zumardi txikiya! ¿Non ikusten da ango alaitasun eta neurri gabeko poztasuna? San juan gabian Tolosa'n diran gizon eta emakume guztiyak ara jotzen dute. Nere atxua ez bestiak, e?

Ta musika dala, tanboliña dala, gazte ta zar guztiyak ler egin arte dantzan ¡Aufa! ¡Urtian bein San Juan! Zumardi txikiya San Juan gabian ikusi ez dubenak ez daki alaitasuna zer dan.

Jaungoikuak galdetuko balida neri, zeruba nolakua egin liteken; esango niyoke: - Jauna, betor Tolosa'ra, ikusi beza zumardi txikiya San Juan gau batian, eta badaki zer egin.

¿Eta orrelako zeru ederra dagon erri batian, inpernurik izan al liteke?

Izan liteke bai, ta ortxen dago, Arpuxa kalian, tellatutik lenbiziko bizitzan. Nere etxian

Juan dan urtian, zumardi txikiko jai zoragarri ura bukatu zanian nere burubari egiten niyon: - ¿Eta nik, orain, zeru eder ontatik aterata inpernura juan biar al det? Ez nitxiak ni etxera. Ta itzuli atera nitzan. Baña San Franzisko'ra iya iritxi nitzanian Duxol’ekin arkitu nitzan, eta kopet iluna jarririk oju egin zidan: - ¡Arpuxa kalera!

Buruba makur makur egin eta etxe aldera artu biar izan nuben

Bidian Pillipe txurrut'ekin arkitu nitxan¡A zer teinkada eman ziyon nere zudurrari! ¡Uste nuben oso osorik atera zirala!

Pillipe txurrut nere emaztiaren senar-gaya izanduba da, ta esan niyon: -Ire gatik natxiok ni inpernuban sartuba. Ire gatik, bai, mutur beltz, praka jariyo.¿Zergatik ez itzan nere andriarekin ezkondu? ¡Ez dek ori lagunari egiteko aziyua! ¡Lagun txar bat aiz i!

Ta etxera juan nintzan

Bañan alperrik da. Arpuxa kalian izango da nai dan inpernuba; baña, Santa Mariyako eliza zutik dagon bitartian, Portaleko iturriyak ura ematen duben bitartian, Zumardi berdin gabiak ostroz apaintzen diran bitartian, eta tolosar bat bakarrek irauten duben bitartian, Tolosa'ko erriya zeru zoragarri bat izango da; poza ta alaitasuna alde guzietan izango dira, ta oitu bezela, San Juan'ak etortzian ibiliko gera…

(Abestuaz eta dantzatuaz)

Igarondotik
Igarondora

(Ezkuta-zapia jeisten da)

AMAYA