Atea ixteko saiakera  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Atea ixteko saiakera

Espainiako presidenteak (PSOEko idazkari orokorra ere badenak) atzerri ministroa bidali du Bruselara euskara Europa osoan ofiziala izan dadila eskatzera. Espainiako kongresuan euskaraz hitz egitea ere posible egin du, sinbolikoa izan daitekeen baina politikoki esangura handia duen zerbait gertaraziz: estatu espainiarra plurinazionala da, ez nazio bakarra. Espainiako konstituzioak erregioak eta nazionalitateak (zein da nazionalitate eta nazio terminoen arteko diferentzia zientzia politikoaren arabera?) bereizten ditu. Zeintzuk dira batekoak eta bestekoak? Horrelaxe erantzun dakieke espainiar estatuaren izaera plurinazionala ukatzen duten espainolei: beren hizkuntzan ari direnean esaten dutena ulertzeko pinganillo bat jarri behar duzuen horiei.

Bitartean, Euskadiko alderdi sozialistak euskarazko gutxieneko mailarik ematen ez duten hizkuntza ereduak bermatu nahi ditu euskara berezko hizkuntza den lurraldean. Gaur PSEk eta bere inguruko komunikabide taldeek darabilten diskurtsoa gertuago dago VOXetik (ikus Balearretako hezkuntza legearen karira VOXek esandakoak) PSCren katalanarekiko posiziotik baino. Hau paradoxa!

Eta EAJk momentu honetantxe PSEk jarri duen marra gorri hain paradoxiko honi men egin dio neurri batean. Izan ere, emendakinaren idazketa zehatzera sartu gabe, bistakoa da eztabaidaren markoa ezartzen utzi diola. Zein marko? Hizkuntza ereduak bai/ez. Eta eztabaida horrek ez dauka inolako zentzurik egungo hezkuntza sisteman bizi dugun egoera soziolinguistikoaren gutxieneko ezagutzarik duen edozeinentzat; eta eztabaida horrek albo batean beharko luke Hezkuntza Akordioko derrigorrezko eskolaldiaren irteeran, bi hizkuntza ofizialen kasurako, B2 profila helburutzat jarri ondoren. Zein tristea!

EAJ eta PSE, PSE eta EAJ, kontraesanean ari dira, espektakulu penagarri samarra emanez. Oso argi gelditu da, beste behin ere, aliantza hori zeinen den ezgauza herri honek dituen erronkei erantzun argiak emateko. Eta argi ikusi da, baita ere, aliantza horren oinarriak zeinen diren ustelak: Eneko Anduezak ez du enpatxurik izan (gobernuko bazkide minoritarioa izanda) hezkuntza sailburua desautorizatzeko, esanaz Jokin Bildarratzek eman duen esplikazioa ez dela zuzena (azken hau gobernuko bazkide maioritarioko kide izanik). Ez da espero lehendakariak bere sailburua babestu eta PSEri kargu hartzerik, azken aldian harri azpietan ere topatzen dituen bere kontrako konspiratzaileekin kezkatuago ageri da. Hau panorama! Bada, uste dut, hau dela 2023. urte honetaraino iritsi den hizkuntza politikaren inguruko lehen pultsu politiko serioa: zer da lehenetsi behar dena, gaztelaniaz ikasteko eskubidea? Nahiz horrek euskarazko gutxieneko mailarik ez eman? Ala gaztelania zein euskara ikasteko eskubidea eta, ondorioz, horrek eskatzen duen irizpide pedagogikoen araberako hizkuntzen tratamendua? Hori da, oinarrian, jokoan dagoen pultsu politikoa, eta zalantza dut neurria hartzen ari ote gatzaizkion.

Orain artekoa betikotu nahi dute batzuek, euskarak espazio berriak irabaz ez ditzan. Hizkuntza politika berria nahi dugu besteok, orain artekoak balio ez duela agerikoa baita eta euskarak espazio berriak irabaz ditzan nahi baitugu. Eta tartean dago EAJ, zer egin ez dakiela, bere botere posizioa mantentzeko kalkuluek zamatuta. Nola ulertu bestela, testuinguru honetan PSEri bidea ez moztu izana?

Datozen asteetan ebatziko da auzia, atea irekiko den ala ez. Atea irekiko balitz, ez legoke ezer bermatuta. Atea zeharkatu beharko da ondoren, eta bestaldean aurkitzen den bidea egin, urratsez urrats. Atea itxita nahi dute batzuek. Izango al da atea irekitzeko indarrik?