Biblia
1 Timoteori
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

TIMOTEORI LEHEN GUTUNA

Agurra


1. atala aldatu

1 Nik, Paulok, Jainko gure Salbatzailearen eta gure itxaropen den Jesu Kristoren aginduz beronen apostolu naizen honek, 2 zuri idazten dizut, Timoteo, sinesmenean neure egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Jaunak eman biezazkizute grazia, errukia eta bakea.

Sasi-irakaspenen kontrako oharpena

3 Mazedonia aldera joan nintzenean, Efeson gelditzeko eskatu nizun; jarraitu, otoi, bertan, eta zentzatu doktrina arrotzak irakasten ari direnak; 4 esaiezu ipuin eta amaigabeko jatorri-zerrendetan arretarik ez jartzeko; izan ere, honelakoak egokiagoak dira eztabaidak sortzeko, sinesmenez onartzen den Jainkoaren salbamen-asmoan hezitzeko baino. 5 Zuk egin beharreko oharpenaren helburua hauxe da: bihotz garbitik, kontzientzia onetik eta itxurakeriarik gabeko sinesmenetik datorren maitasuna indartzea. 6 Batzuek bide horretatik okertu eta alferrikako berritsukerietara jo dute, 7 lege-maisu izan nahian, esaten eta aho betean irakasten dutena ulertzen ez badute ere.

Legea zertarako

8 Badakigu legea, berorren helburuari dagokionez erabiliz gero, ona dena; 9 kontuan hartu behar da legea ez dela ezarri zintzoentzat, beste hauentzat baizik: gaizto, errebelde, erlijiogabe eta bekatarientzat, sakrilego eta profanatzaileentzat, aitamen hiltzaile eta giza hiltzaileentzat, 10 lizun eta homosexualentzat, esklabo-salerosle, gezurti eta zinausleentzat, eta irakaspen osasungarriaren kontra jartzen den edonorentzat; 11 irakaspen hori, Jainko zoriontsuak nire gain utzi duen berrion aintzatsuak ematen duena da.

Jainko errukitsuarekiko esker ona

12 Eskerrak ematen dizkiot Kristo Jesus gure Jaunari, nire gain bere apostolu-zerbitzua uzteko fidagarri aurkitu nauelako eta zerbitzu hori betetzeko indarrak eman dizkidalako, 13 niri, beraren kontra biraolari, pertsegitzaile eta laidotzaile izan nintzen honi; izan ere, nitaz errukitu egin zen Jainkoa, neure sinesgabean ez bainekien zer egiten ari nintzen. 14 Horrela, gainezka isuri zidan gure Jaunak bere onginahia, Kristo Jesusekin bat eginik ditugun sinesmena eta maitasuna emanez. 15 Sinesgarria eta guztiok onartzekoa da doktrina hau: Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri zela mundura. Eta inor ez ni baino bekatariagorik; 16 baina horrexegatik, hain zuzen, errukitu zitzaidan Jainkoa, Jesu Kristok bere pazientzia aurrenik niregan erakuts zezan eta betiko bizia izateko harengan sinetsiko zutenentzat eredu izan nendin. 17 Gizaldien Erregeari, beraz, Jainko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, ohore eta aintza menderen mendetan. Amen.

Timoteoren eginkizuna

18 Timoteo, ene seme, argibide hauek uzten dizkizut, elkarteko profetek zutaz esan zutena gogoratuz. Hartan oinarriturik, hartzazu parte borroka eder honetan, 19 sinesmenari eta kontzientzia garbiari eutsiz; hau bazterrera uzteagatik, sinesmenean ere huts egin du zenbaitek, 20 hala nola Himeneok eta Alexandrok. Hauek Satanasen esku utzi ditut, biraorik ez egiten ikas dezaten.

Gizaki guztien aldeko otoitza


2. atala aldatu

1 Ezer baino lehen, gizaki guztien alde eskari, otoitz, erregu eta esker-emateak egiteko eskatzen dizut; 2 bai eta erregeen eta agintea duten guztien alde ere, bizitza bare eta baketsuan bizi gaitezen, jainkozaletasunez eta gizabidez. 3 Eder eta atsegin zaio hau Jainko gure Salbatzaileari, 4 honek gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen nahi baitu. 5 Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus, 6 bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena. Bere garaian egindako testigantza dugu hau. 7 Honetarako egin nau ni Jainkoak oihulari eta apostolu --egia diot, ez diot gezurrik--, eta jentilen maisu, berauei sinesmena eta egia irakasteko.

Gizon-emakumeen jarrera kultuan

8 Beraz, gizonezkoek toki guztietan otoitz egin dezaten nahi dut, zerurantz esku garbiak jasoz, haserrerik eta eztabaidarik gabe. 9 Emakumeei dagokienez, dabiltzala egoki jantzita, lotsaz eta eratsu atondurik; ez daitezela apain orrazkera nabarmenez, urrez, harribitxiz edota soineko aberatsez, 10 egite onez baizik, jainkozale diren emakumeei dagokienez. 11 Emakumeak isilik eta menpekotasun osoz entzun behar du irakaspena. 12 Ez dut ontzat ematen emakumeak jendaurrean irakastea, ez eta gizasemeari agintzea ere: egon bedi isilik. 13 Zeren Jainkoak Adam egin baitzuen lehenengo, eta gero Eva. 14 Eta liluratua ez zen Adam izan; emakumea izan zen liluratua eta Jainkoaren agindua hautsi zuena. 15 Baina bere amatasunaren bidez salbatuko da, sinesmenean, maitasunean eta santutasunean eratsu irauten badu.

Elkarte-arduradunak


3. atala aldatu

1 Egia da elkarte-zuzendari izan nahi duenak eginkizun ona nahi duela. 2 Baina zuzendariak akasgabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua, neurritsu, zentzudun, gizabidetsu, ostatu-emaile, irakasteko trebe; 3 ez ardozale, ez eta sesiozale ere, bihozbera baizik, baketsu eta ez diruzale. 4 Bere etxea ongi gobernatzen eta seme-alabak menpekotasunean eta errespetuan hezitzen jakin behar du; 5 izan ere, nola izango du Jainkoaren elkartearen ardurarik bere etxea gobernatzen ez dakienak? 6 Ez bedi kristauberri izan, harropuztu eta deabrua bezala gaitzetsia izan ez dadin. 7 Kristau ez direnen artean ere izen ona izan behar du, desohorean eta deabruaren sareetan eror ez dadin.

Diakonoak

8 Diakonoak ere agurgarri eta hitzeko gizon izan daitezela, ez ardozale, ez eta irabazi zikinei emanak ere; 9 gorde bezate kontzientzia garbiz Jainkoak agertu eta guk sinetsiriko egia. 10 Lehenik, izan bitez aztertuak eta, gero, akasgabe badira, bete bezate diakonotza-zerbitzua. 11 Emakumeek ere agurgarri izan behar dute eta ez maiseatzaile; neurritsu eta gauza guztietan fidagarri. 12 Diakonoak izan bitez behin bakarrik ezkonduak, beren seme-alabak eta etxea ongi gobernatzen dakitenak; 13 zeren zerbitzu hau ongi betetzen dutenek ohorezko maila berenganatzen baitute, eta Kristo Jesusengan dugun sinesmenak segurtasunez betetzen ditu.

Gure erlijioaren misterioa

14-15 Zu ikustera laster joango naizela espero dut; hala ere, badaiteke luzatzea eta horregatik idazten dizut, jakin dezazun nola jokatu Jainkoaren etxean, egiaren zutoin eta oinarri den Jainko biziaren elizan. 16 Ezbairik gabe, handia da gure erlijioaren misterioa:

Kristo, gizaki bezala agertua, Espirituak zintzotzat aitortua, aingeruek ikusia, herriei hots egina, munduan sinetsia, Jainkoak aintzan hartua.

Sinesmena ukatuko dutenak


4. atala aldatu

1 Espirituak argi eta garbi dio azken garai hauetan batzuek sinesmena ukatu eginen dutela, espiritu liluratzaileei eta deabruen irakaspenei jarraituz; 2 horiek, beren barrua gogorturik duten maisu gezurti itxurazaleez baliatzen dira: 3 hauek ezkontzea debekatzen dute eta zenbait janari ezin dela jan irakasten, nahiz eta janariok egia ezagutu duten sinestedunek, eskerrak emanez jateko Jainkoak sortuak izan. 4 Zeren Jainkoak sortutako guztia ona baita eta, eskerrak emanez hartuz gero, ez da ezer baztertzekorik, 5 Jainkoaren hitzak eta gure otoitzak sakratu bihurtzen baitu.

Jesu Kristoren zerbitzari zintzo

6 Senideei hau irakakatsiz, Kristo Jesusen zerbitzari on izango zara, sinesmenaren hitzez eta jarraitu duzun irakaspen ederraz hazia zarela erakutsiz. 7 Bazter itzazu fedearen kontrako ipuin zentzugabeak, eta saia zaitez jainkozaletasunean. 8 Gorputz-ariketek ezer gutxirako balio dute; jainkozaletasunak, berriz, guztirako balio du, oraingo eta geroko biziaren agintzaria baitu berekin. 9 Hau sinesgarria eta erabat onartzekoa da. 10 Horregatik saiatzen gara lanean eta borrokan, gizon-emakume guztien eta batik bat sinestedunen Salbatzailea den Jainko biziarengan itxaropen dugulako. 11 Aholkatu eta irakatsi gauza hauek. 12 Ez zaitzala inork gutxiets gaztea zarelako; izan zaitez, ordea, sinestedunentzat eredu hitzetan, jokaeran, maitasunean, sinesmenean eta biziera garbian. 13 Ni joan bitartean, ardura zaitez Liburu Santuak irakurtzeaz, irakasteaz eta adore emateaz. 14 Ez izan zabar zeure dohainari dagokionez: Jainkoak eman zizun, elkarteko profetek hala adierazirik, arduradunek eskuak ezarri zizkizutenean. 15 Arduratu gauza hauetaz etsi gabe, guztiek zure aurrerapena argi ikus dezaten. 16 Egin kontu zeure buruari eta irakasten duzunari; eutsi tinko, hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko baitituzu.

Elkartekideekin nola jokatu


5. atala aldatu

1 Ez egin gogor zaharrei; eman adore aitari bezala. Mutilei, berriz, anaiei bezala. 2 Emakume zaharrei, amari bezala. Eta neskatxei, arrebei bezala, garbitasun osoz.

Alarguntsak

3 Har itzazu errespetuz eta zaindu norengana jorik ez duten alarguntsak. 4 Baina alarguntsak semeak nahiz bilobak baditu, hauek ikasi behar dute lehenik beren etxekoenganako eginbeharrak betetzen eta gurasoei zor dietena itzultzen, hori baitu atsegin Jainkoak. 5 Alargun gelditu eta benetan bakarrik dagoenak Jainkoarengan jarria du itxaropena, eta etengabe ari zaio eskean, gau eta egun otoitzean. 6 Aitzitik, atseginetara emanik dagoena, bizi delarik ere, hilda dago. 7 Aholkatu behin eta berriz gauza hauek, akasgabeak izan daitezen. 8 Beretarrez eta etxekoez bereziki arduratzen ez den norbait baldin badago, honek bere sinesmenari uko egin dio eta sinesgabea baino okerragoa da. 9 Nornahik, alarguntsen sailean sartzeko, hirurogei urtez gorakoa izan behar du, behin bakarrik ezkondua, 10 bere egintza onez ezaguna: seme-alabak hezitzea dela, edo ostatu ematea, fededunak apaltasunez zerbitzatzea edo nahigabetuei laguntzea edota era guztietako egintza onak burutzea dela. 11 Ez onartu, ordea, alarguntsen sailean alarguntsa gazteagoak; zeren, haragizko grinak eraginda, Kristorengandik aldendu eta berriro ezkondu nahi izaten baitute. 12 Horrela, errudun bihurtzen dira, lehenengo beren konpromezua hausteagatik. 13 Gainera, alferkerian ohitzen dira eta hor ibiltzen dira etxez etxe; eta, alfer ez ezik, berritsu ere bihurtzen dira, non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen direlarik. 14 Horregatik, nahiago dut alarguntsa gazteak ezkontzea, seme-alabak sortu eta etxeaz arduratzea, etsaiari inolako hizpiderik eman ez diezaioten. 15 Zeren dagoeneko okertu baita horietako zenbait, Satanasi jarraituz. 16 Emakume sinestedun batek, berekin alarguntsarik baldin badu, zain dezala berak, eta ez diezaiola zama hori eliz elkarteari ezar, honek norengana jorik ez duten alarguntsei laguntzeko modua izan dezan.

Eliz elkarteko zaharrak

17 Elkartea ongi zuzentzen duten arduradunek estimu bikoitza merezi dute, prediku- eta irakaste-lanetan ari direnek batik bat. 18 Liburu Santuak hau baitio: Ez diozu muturrekorik ipiniko gari-jotzen ari den idiari, eta: <<Langileari bere soldata zor zaio>>. 19 Ez onartu arduradun baten aurkako salaketarik, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz ez bada. 20 Zentza itzazu guztien aurrean beren betebeharretan huts egiten dutenak, gainerakoek ere eskarmentua har dezaten. 21 Arren eskatzen dizut Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen aurrean, gorde ditzazula gauza hauek guztiak aurreiritzirik gabe, alderdikeriaz ezer ere ez egiteko. 22 Ez ezarri eskuak inori arinegi, besteen bekatuen partaide egin ez zaitezen; gorde garbi zeure burua. 23 Ez dezazula ura hutsik edan, ardo pittin batekin nahasturik baizik, zeure urdailarengatik eta sarritan dituzun ondoezengatik. 24 Zenbaiten hutsegiteak auzitara baino lehen nabariak izaten dira; beste batzuenak, ordea, ondoren bakarrik azaltzen dira. 25 Gauza bera gertatzen da egintza onekin ere: batzuk nabariak dira, baina hala ez direnak ere ezin izango dira luzaroan ezkutuan gelditu.

Esklaboak eta nagusiak


6. atala aldatu

1 Esklabotzaren uztarpean dauden guztiek har ditzatela beren nagusiak ohoragarritzat, Jainkoaren izenaz eta gure irakaspenaz inork gaizki hitz egin ez dezan. 2 Nagusi sinestedunak dituztenek ez ditzatela gutxiets, fedean senide dituztela eta; aitzitik, hobeki zerbitza ditzatela, zerbitzu hori hartzen dutenak ere sinestedunak eta Jainkoak maitatuak baitira.

Sasi-irakasleak

Hau da irakatsi eta aholkatu behar duzuna. 3 Besterik irakasten duena, eta Jesu Kristo gure Jaunaren hitz osasungarrira eta jainkozaletasunaren araberako irakaspenetara egokitzen ez dena, 4 harrokeriak itsututako ezjakina da, eztabaida eta hitz-liskarretarako joera gaixoa duena. Hortik sortzen dira bekaizkeriak, auziak, irainak, susmo txarrak, 5 etengabeko sesioak; horietan aritzen direnak burua galdutako jendea da, egiaren axolarik gabea; horiek erlijioa irabazpide bihurtzen dute.

Benetako aberastasuna

6 Bai, irabazi handia du erlijioak, baina bakoitza duenarekin konformatuz gero; 7 ez dugu ezer ekarri mundu honetara eta ezin izango dugu ezer atera ere. 8 Beraz, zer jan eta zer jantzi edukiz gero, aski dugu. 9 Aberats izan nahi dutenak tentaldiaren sarean erortzen dira, eta gizakia hondatzen eta galtzen duten grina zoro eta kaltegarri askotan. 10 Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko bereganatu du zenbaitek.

Sinesmenaren aldeko borroka jatorra

11 Zuk, ordea, Jainkoaren gizon horrek, ihes egizu hauetatik guztietatik, eta saia zaitez justizian, jainkozaletasunean, sinesmenean, maitasunean, eramanpenean eta otzantasunean. 12 Ekin sinesmenaren borroka jatorrari eta eskuratu betiko bizia, hartarako deitu baitzaitu Jainkoak, eta fede-aitormen bikaina egin baituzu, testigu askoren aurrean. 13 Gauza guztiak biziarazten dituen Jainkoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren aitzinean aitormen bikaina egin zuen Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut: 14 bete agindua akatsik gabe eta esankizunik sortu gabe, Jesu Kristo gure Jauna agertuko den arte, 15 bere garaian agerraraziko baitu Jainkoak.

Berau da nagusi bakar eta zoriontsua, erregeen Erregea eta jaunen Jauna; 16 bera bakarrik da hilezkorra, eta iritsezineko argitan bizi da: ez du inoiz gizakik ikusi, eta ezin du ikusi ere. Berari aintza eta agintea betiko. Amen.

Aberatsei aholkuak

17 Aholkatu mundu honetako aberatsei, ez daitezela harroputz izan eta ez dezatela beren itxaropidea aberastasun galkorretan ipin, gauza guztiak geure gozamenerako oparo ematen dizkigun Jainko biziarengan baizik. 18 Egin dezatela ongia; izan daitezela egintza onetan aberats, eskuzabal jokatuz eta ondasunak besteen zerbitzura jarriz; 19 horrela, altxor baliotsua pilatuko dute etorkizunerako eta egiazko bizia eskuratuko.

Azken agurra

20 Ene Timoteo, zaindu Jainkoak zure esku utzi duen fede-gordailua. Utzi alde batera fedearen kontrako berriketa hutsalak eta sasizientziaren argudioak, 21 sasizientziaren zenbait jarraitzaile aldendu egin baita fede-bidetik. Jainkoaren grazia zuekin. \z