Zenbat lur behar ditu gizon batek?

Zenbat lur behat ditu gizon batek?

Egilea: Lev Tolstoi
Itzultzailea: Mikel Vilches

Oharrak: Euskal itzulpena ingelesezko How Much Land Does a Man Need? itzulpenetik moldatua da.


I. kapitulua aldatu

Emakume heldu bat ahizpa gazteari bisita egitera etorri zen landara. Emakume hura hirian bizi zen, merkatari batekin ezkondua; gaztea, berriz, mujik (nekazari) baten emaztea zen. Tea hartzen ari zirelarik, berriketan hasi eta zaharra hiriko abantailei buruz mintzatzen hasi zen: zeinen eroso bizi ziren han, zeinen ongi janzten ziren, seme-alabak zer jantzi dotoreak janzten zituzten, nolako gutiziak jan eta edaten zituzten, eta nola joaten zen antzerkira, paseatzera eta beste entretenimenduetara.

Ahizpa gaztea gaitzitu zen eta merkatariaren bizimodua gutxietsi zuen eta nekazariarenaren alde jarri.

"Ez nuke neure bizitza zuenarekin aldatuko," esan zuen. "Baliteke gure bizimodua gogorra izatea, baina estutasunik gabe bizi gara. Estilo hobea izango duzue, baina nahiz eta behar baino gehiago irabazi, baliteke daukazuen guztia galtzea. Badakizu atsotitzak zer dioen, "Aise irabazi, aise galdu". Sarri gertatzen da egun batean aberatsa den jendeak biharamunean ogiaren eskean ibiltzea. Gure bizimodua seguruagoa da. Nekazari baten bizitza oparoa izaten ez den arren, luzea da. Ez gara sekulan aberats bilakatuko, baina beti izanen dugu jateko aski."

"Aski? Txerriekin eta txekorrekin partekatzeko, alajaina! Zuk zer dakizu dotoreziaz? Zure gizona gogotik saiatu arren, orain bizi zareten bezala hilko zarete, simaur pila baten gainean, eta berdin zure haurrak."

"Eta zer?" ihardetsi zion gazteak. "Gure lana gogorra eta zakarra da, noski. Baina, beste alde batetik, segurua da; eta ez dugu inoren aurrean makurtu behar. Hirietan, ordea, tentazioak inguratuta bizi zarete; dena ongi doa gaur, baina bihar Deabruak zure senarra tenta dezake kartekin, ardoarekin eta emakumeekin, eta denak galbidean eroriko dira. Ez al dira horrelakoak maiz gertatzen?"

Pahom, etxeko nagusia, labearen gainean zegoen etzanda eta emakumeen eztabaida entzuten zuen."Guztiz egia da" pentsatu zuen. "Ama Lurra lantzen txikitatik lanean izan arren, nekazariok ez daukagu denborarik txorakeriarik buruan sartzen uzteko. Gure arazoa da lur nahikorik ez dugula. Lur asko edukiz gero, ez nintzateke Deabruaren beldur ere!".

Emakumeek tea bukatu, jantziei buruz hitz egin, ontziak garbitu eta lo egiteko etzan ziren.

Baina Deabrua labearen atzean eserita zegoen, eta esandako guztia aditu zuen. Gustura zegoen emazteak senarra harrokeriara bultzatu izanaz, lur asko edukita Deabruaren beldur ere ez litzatekeela esanez.

"Ederki," pentsatu zuen Deabruak. "Lehia eginen dugu. Lur aski emanen dizut, eta horren bitartez nire mendean geratuko zara."

II. kapitulua aldatu

Herritik hurbil andre bat bizi zen, 120 desiatinako lursaila zuen lurjabe txikia. Beti bizi izan zen harreman onetan nekazariekin, gudari izandako bat kudeatzaile gisa hartu zuen artean, jendeari isunak jartzen hasi zena. Pahom kontuz ibili arren, bere zaldi batek andrearen oloa jaten zuen behin eta berriz, behia bere lorategira sartzen, txekorrak soroetan barneratu - eta askotan isuna ordaindu behar zuen haiengatik.

Pahomek ordaindu egiten zuen, baina gaitziturik, eta ondoren etxera umore txarrez joan eta familiarekin zakarra izaten zen. Uda osoan zehar Pahomek arazoak izan zituen kudeatzailearekin eta poztu egin zen negua heldu eta azienda ukuilura sartu zuenean. Larrean bazka egin ezin izatea gogo txarrez hartzen bazuen ere, asaldurarik ez zioten eragiten.

Neguan andreak bere lurra saldu behar zuelako berria zabaldu zen, eta kale nagusiko ostalaria berarekin tratuan zebilela. Nekazariak biziki kezkatu ziren horren berri izan zutenean.

"Ederki", pentsatu zuten, "ostalariak lurra eskuratzen badu, andrearen kudeatzaileak baino isun gehiago jarriko dizkigu. Lur hori hil ala bizikoa zaigu."

Herriaren izenean nekazariak andrearekin hitz egitera joan ziren eta lurra ostalariari ez saltzeko eskatu zioten, eta lurraren trukean prezio handiagoa eskaini zioten. Andrea ados agertu zen. Horrela, lur guztia denen artean erosten saiatu ziren, denentzat izan zedin. Bi aldiz bildu ziren horri buruz hitz egiteko, baina ez ziren ados jartzen; Deabruak haserrea sorrarazi zuen beraien artean eta ezin izan zuten bat egin. Beraz, lurra banaka erostea erabaki zuten, bakoitzak bere baliabideen arabera eta andreak baietz esan zuen, besteari esan zion bezalaxe.

Orduan, auzoko batek 50 akre erosi behar zituela entzun zuen Pahome eta andreak zera onartu ziola; erdia eskudirutan eta beste erdia urtebetearen buruan ordaintzea. Pahom bekaiztu egin zen.

"Hara" pentsatu zuen, "lurra saltzen ari da eta ni ezer gabe geratuko naiz." Eta emaztearekin hitz egin zuen.

"Besteak erosten ari dira," esan zion, "eta hogei bat akre erosi beharko genituzke. Bizimodua zailtzen ari da, kudeatzaileak isunekin zanpatzen baikaitu."

Batera pentsatzen jarri ziren nola moldatuko ziren erosketa burutzeko. Ehun errublo zeuzkaten prest. Moxala eta erlauntzen erdiak saldu zituzten; seme bat morroi gisa lanean jarri zuten, eta haren soldatak aurrez esaktu; gainerakoa koinatu batek eman zien maileguan eta horrela diruaren erdia bildu zuten.

Ondoren, Pahomek berrogei akreko etxalde bat hautatu zuen, basoa ere bazuena eta andrearengana joan zen tratua egitera. Ados jarri ziren eta elkarri eskua eman zioten, eta aurrez seinalea ordaindu zion. Hirira joan eta eskriturak sinatu zituzten, erdia unean ordainduz eta gainerakoa bi urteren buruan.

Orduan Pahom bere lurraren jabe bilakatu zen. Maileguan haziak hartu zituen eta erosi zuen lurrean erein zituen. Uzta ona izan zuen, eta urtebete baten buruan andrearekiko eta koinatuarekiko zorrak kitatu zituen. Lurjabea zen orain, bere lurra goldatzen eta ereiten zuen, belar ondua egiten bere lurrean, bere zuhaitzak mozten eta bere larretan azienda elikatzen. Soroak goldatzera eta hazten ari zen garia eta belarra ikustera ateratzen zenean, bihotza pozez atera beharrean zegoen. Han hazten ziren belarrak eta zabaltzen ziren loreak inon ez bezalakoak iruditzen zitzaizkion. Lehen, handik igarotzen zenean, beste edozein tokitakoak bezalakoak azaltzen zitzaizkion, baina orain guztiz desberdina zen.

III. kapitulua aldatu