1
Dama gazte bat ezagutzen det
diruriyena izarra,
eguzkiyari kopetetikan
saltatutako txingarra;
biyotz nerian ala piztu du
amoriyozko su-garra,
nola mendiyan piztu lezaken
tximistak arbol igarra.
2
Beti goguan zauzkatan dama
izarra diruriyena,
eguzkiyaren biarrik gabe
argi egiten dezuna;
berdin gabeko amoriyua
senti-arazten nazuna,
aditzera eziñ eman liteke
dizutan maitetasuna.
3
Nere begiyak beren aurrian
ikusten ez bazaituzte,
gixaraxuak eta biyotza
egoten dira txit triste;
xinista zazu mundu guztiyan
ez dala iñor ni beste,
zu maitatzeko kapaz danikan
merezi dezun ainbeste.
4
Gau eder alai aietako bat
gertatutzen dan orduban,
izarrak dizdiz egiten dute
zeruko urdiñ puruban;
diferentzirik batere gabe,
zuk nere pensamentuban
dizdiz alaxen egiten dezu
nola izarrak zeruban.
5
Ia gozua izango al dan,
enamoraturik dana,
ama on batek aur maitiari
ematen diyon laztana?
Alare bada beste gauza bat
askoz gozuago dana:
zureganako amoriyua
nere biyotzak daukana.
6
Nork irukiko zaitu nik beziñ
ixtimaziyo aundiyan,
animatikan maite bazaitut
erotutzeko zoriyan?
Amoriyozko naitasunakiñ
gorderik erdi-erdiyan,
biyotz nerian ala zaukazkit
nola niniya begiyan.
7
Bost urte diran ez dakit baño
beñepeiñ badirare lau,
faltatu gabe nere oroitzan
zaudela egun eta gau;
zu itxumenez maitatutzeko
zerubak siñalatu nau,
alik lenena premiya zazu
egiyazko naitasun au.