Biblia
1 Erregeak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 David zahartua zegoen, urtetan aurreratua. Estalkiak botatzen zizkioten arren, ezin zen berotu. 2 Zerbitzariek esan zioten: «Neska gazte birjina bat bilatu behar genizuke, errege jauna; zure zerbitzura egongo litzateke, zu zaintzeko. Eta zurekin oheratuz, berotuko zintuzke».

3 Beraz, Israel lurralde osoan neska gazte polit baten bila ibili ondoren, Abixag aurkitu zuten, Xunemekoa, eta bera eraman zioten erregeari. 4 Oso polita zen neska; berak zaintzen eta zerbitzatzen zuen erregea. Hala ere, erregeak ez zuen sexu-harremanik izan berarekin.

Adoniasek errege izan nahi

5 Bitartean, Daviden eta Hagit-en seme Adonias harrotzen hasi zen, errege izanen zela pentsatuz. Gudu-gurdiak, zaldiak eta aurretik joango zitzaizkion berrogeita hamar gizon eskuratu zituen. 6 Aitak ez zion sekula haserrerik egin, ez eta galdetu ere zergatik jokatzen zuen horrela. Bestalde, Adonias oso liraina zen; Absalomen ondoren jaioa Davidi. 7 Harremanetan zebilen Tzeruiaren seme Joabekin eta Abiatar apaizarekin; bere alde zituen hauek. 8 Baina Tzadok apaiza, Joiadaren seme Benaias, Natan profeta, Ximei, Rei eta Daviden gudaririk ausartenak ez ziren Adoniasen aldeko.

9 Behinola, ardi, idi eta zekor gizenduak hil zituen Adoniasek opari bezala Zohelet haitzaren ondoan, Rogel iturriaren inguruetan, eta erregearen seme ziren bere anaia guztiak eta erregearen zerbitzari ziren Judako gizon guztiak gonbidatu zituen. 10 Natan profeta, Benaias, Daviden gudari adoretsuak eta bere anaia Salomon, ordea, ez zituen gonbidatu.

Natan eta Betsabe Salomonen alde

11 Orduan, esan zion Natanek Betsaberi, Salomonen amari:

--Ez al duzu aditu, Hagit-en seme Adoniasek bere burua errege izendatu duela, David gure jaunak deus ere jakin gabe? 12 Hara, aholku bat emango dizut zeure bizia eta zeure seme Salomonena salba ditzazun. 13 Zoaz David erregeagana eta esaiozu hau: «Ez al zenidan, ene errege jaun horrek, zin egin nire seme Salomon izango zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian? Hortaz, zergatik izendatu du Adoniasek bere burua errege?» 14 Eta zu erregearekin mintzatzen ari izango zaren bitartean, sartuko naiz ni zure ondoren eta zure esanak baietsiko ditut.

15 Horrela, bada, sartu zen Betsabe erregearen gelara. Erregea oso zahartua zegoen; Abixag xunemdarrak zerbitzatzen zuen. 16 Betsabe ahozpeztu egin zen erregearen aurrean. Honek esan zion:

--Zer duzu?

17 Betsabek erantzun:

--Jaunarengatik, zeure Jainkoarengatik, zin egin zenidan, ene jaun horrek, nire seme Salomon izanen zela zure hurrengo erregea eta bera jarriko zela zure errege-aulkian. 18 Baina, hona, Adoniasek errege izendatu du bere burua, zuk deus ere jakin gabe. 19 Idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du, eta zure seme guztiak, Abiatar apaiza eta Joab gudalburua gonbidatu ditu; baina zure zerbitzari Salomon ez du gonbidatu. 20 Zeuri begira dituzu israeldar guztien begiak, zure ondoren errege-aulkian nor jarriko den zuk esateko zain. 21 Bestela, ene errege jauna, zu hiltzean, neure seme Salomon eta biok hil egin nahi izango gaituzte.

22 Betsabe erregearekin mintzatzen ari zelarik, heldu zen Natan profeta 23 eta jakinarazi zioten erregeari Natan profeta etorri zela. Erregearen aitzinera sartu eta ahozpeztu egin zen. 24 Natanek esan zuen:

--Ene errege jauna, zuk izendatu al duzu Adonias zure ondorengo errege izan eta zure errege-aulkian eser dadin? 25 Izan ere, idi, zekor gizendu eta ardi ugari hil du gaur, eta zure seme guztiak, gudalburuak eta Abiatar apaiza gonbidatu ditu. Han ari dira denak berarekin jan-edanean eta oihuka: «Gora Adonias erregea!» 26 Baina ni ez naute gonbidatu, ez eta Tzadok apaiza, ez Joiadaren seme Benaias, ez zure zerbitzari Salomon ere.

27 Egiaz zuk agindurik egin al dute hori? Guri, zeure zerbitzarioi, ez diguzu esan nor izanen den zure hurrengo erregea.

Davidek Salomon izendatu bere ondorengo errege

28 Erregeak, orduan, agindu zuen:

--Dei egin Betsaberi!

Betsabe sartu eta zutik gelditu zen erregearen aurrean. 29 Orduan, erregeak honela egin zuen zin:

--Ala Jauna, atsekabe orotatik atera nauena! 30 Zin egin nizun, bai, Jaunarengatik, Israelen Jainkoarengatik, zure seme Salomon izanen zela nire ondorengo erregea eta bera jarriko zela nire errege-aulkian. Hara, gaur beteko dut zin hura!

31 Betsabek, erregearen aitzinean lurreraino ahozpezturik, esan zuen:

--Gora beti David erregea, ene jauna!

32 Davidek, orduan:

--Dei egin Tzadok apaizari, Natan profetari eta Joaiadaren seme Benaiasi.

Hauek sartu zirenean, 33 erregeak esan zien:

--Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk. 34 Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!» 35 Igo gero beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.

36 Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:

--Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak! 37 Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!

Salomon Israelgo errege gantzutua


38 Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten. 39 Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!» 40 Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dardar egin zuen haien oihuengatik.

Salomonek bizia barkatu Adoniasi

41 Bazkaria bukatzen ari ziren, Adoniasek eta beronen bazkaldar guztiek zarata-hots hura aditu zutenean. Joabek, adar-hotsa entzutean, esan zuen:

--Zer dela-eta halako iskanbila hiritarren artean?

42 Hizketan ari zen, Abiatar apaizaren seme Jonatan heldu zenean. Adoniasek esan zion:

--Sar zaitez. Zu bai ausarta! Berri onak al dakarzkiguzu?

43 Jonatanek erantzun zion Adoniasi:

--Ez, bada. David gure errege jaunak Salomon egin du errege. 44 Tzadok apaiza, Natan profeta, Joiadaren seme Benaias, keretarrak eta peletarrak bidali ditu Salomonekin, eta hauek erregearen mando gainean ezarri dute Salomon. 45 Tzadok apaizak eta Natan profetak errege gantzutu dute Gihonen. Eta handik bozkarioz beterik igo dira. Hiritarren artean iskanbila handia dago. Hori da entzun duzuen zarata. 46 Gainera, Salomon errege-aulkian jarri da. 47 Erregearen zerbitzariak David gure errege jauna zoriontzera joan dira eta honela esan diote: «Egin dezala Jainkoak Salomon zu baino ospetsuago, eta haren erregetza zurea baino handiago!» Erregea bera makurtu egin da ohe gainean, 48 eta esan du: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, nire aulkian nire ondorengoetariko bat jartzea eta nik ikustea eman didalako!»

49 Adoniasen gonbidatu guztiak, izuturik, jaiki eta nor bere aldetik joan ziren. 50 Adoniasek, Salomonen beldurrez, joan eta etxolako aldareak ertzetan zituen adarrei heldu zien. 51 Orduan, esan zioten Salomoni:

--Salomon erregearen beldur da Adonias eta aldareko adarrei atxikia dago. Honela dio: «Zin egin diezadala Salomonek ez nauela ezpataz hilko».

52 Salomonek, orduan:

--Jator jokatzen badu, ez zaio ile bat ere eroriko lurrera; baina nolabaiteko gaiztakeriarik aurkitzen badiogu, heriotza izango du.

53 Orduan, Salomonek Adonias aldaretik jaitsarazteko agindu zien batzuei. Adonias etorri eta ahozpeztu egin zen Salomon erregearen aitzinean. Salomonek esan zion:

--Zoaz zeure etxera!

Daviden azken borondatea

2. atala

aldatu

1 Azken egunak hurbiltzen ari zitzaizkiolarik, agindu hauek eman zizkion Davidek bere seme Salomoni: 2 «Banoa ni denak joan diren bidetik. Izan zaitez adoretsu, izan gizon. 3 Bete Jaunaren, zeure Jainkoaren nahia, haren bidean ibiliz. Gorde Moisesen arauetan idatziak dauden lege, agindu, erabaki eta burubideak. Horrela, ongi izango zara zeure egintza eta ibilbide guztietan, 4 eta Jaunak beteko dizu niri eman didan hitza: <Zure semeok zintzo jokatzen badute, bihotz osoz eta gogo guztiz nire aurrean leial ibiltzen badira, beti izanen da zureetariko norbait Israelgo errege-aulkian>

5 «Bestalde, badakizu zer egin zidan Tzeruiaren seme Joabek: Israelgo bi gudalbururi, Ner-en seme Abnerri eta Jeter-en seme Amasari, egin ziena. Hil egin zituen, guduan isuritako odola bakealdian mendekatuz; horrela, odolez zikindu zituen nire jantziak. Hilketa horien errudun da. 6 Joka ezazu, beraz, argi eta ez utzi berari zaharturik eta bakean hiltzen. 7 Galaadeko Bartzilairen semeak, aldiz, har itzazu ongi eta jar daitezela zure mahaian, ni ere ongi hartu baininduten haiek, zure anaia Absalomengandik ihesi nenbilen garai hartan. 8 Hor duzu Gera-ren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindarra; izugarrizko madarikazioak bota zizkidan Mahanaimera nindoalarik. Alabaina, bera ere etorri zitzaidan gero bila Jordanera, eta nik Jaunarengatik zin egin nion ez nuela ezpataz hilko. 9 Orain, ordea, zuk ez utzi bera zigortu gabe; argia zara eta badakizu zer egin behar diozun: hil ezazu indarrez bere zahartzaroan».

David hil

10 Hil zen David eta Daviden Hirian hilobiratu zuten. 11 Berrogei urtez izan zen David Israelgo errege: zazpi urtez Hebronen eta beste hogeita hamahiru urtez Jerusalemen. 12 Ondoren, Salomon jarri zen bere aita Daviden errege-aulkian eta sendotu egin zuen haren erregetza.

Salomonek Adonias hilarazi

13 Behinola, Salomonen ama Betsaberengana etorri zen Adonias, Hagiten semea. Betsabek galdetu zion:

--Bake asmotan al zatoz?

Adoniasek erantzun:

--Bai, bake asmotan.

14 Eta gero esan zion:

--Gauza bat esan nahi nizuke.

Eta Betsabek:

--Esan.

15 Adoniasek, orduan:

--Badakizu neurea nuela erregetza, eta Israel osoak begiz jo ninduela, errege izan nendin. Alabaina, erregetza niri kendu eta nire anaiari eman diote, harentzat baitzuen Jaunak erabakia. 16 Mesede bat eskatu nahi dizut, ez ukatu.

Betsabek, orduan:

--Esazu.

17 Adoniasek:

--Esaiozu, arren, Salomon erregeari eman diezadala emaztetzat Abixag xunemdarra. Zuri ez dizu ukatuko.

18 Betsabek erantzun zion:

--Ederki. Hitz egingo diot, bada, erregeari zure alde.

19 Horrela, beraz, joan zen Betsabe Salomon erregeagana Adoniasen alde mintzatzeko. Erregea jaiki egin zen amaren bila irteteko, eta makurtu beraren aurrean. Gero, bere errege-aulkian jarri eta beste aulki bat ezarrarazi zuen amarentzat, eta semearen eskuinaldean eseri zen ama. 20 Orduan, esan zion amak:

--Mesede txiki bat eskatu behar dizut. Ez ahal didazu ukatuko!

Erregeak erantzun:

--Eska ezazu, ama; ez dizut ukatuko.

21 Eta Betsabek:

--Emaiozu zeure anaia Adoniasi emaztetzat Abixag xunemdarra. 22 Salomon erregeak erantzun zion bere amari:

--Zergatik eskatzen didazu Abixag xunemdarra Adoniasentzat? Nire anaia zaharragoa dela-eta, Abiatar apaiza eta Tzeruiaren seme Joab bere alde dituela-eta, horrentzat erregetza eskatzea besterik ez zaizu falta.

23 Orduan, Salomon erregeak zin hau egin zuen Jaunarengatik: «Zigor nazala gogor Jaunak, baldin eta Adoniasek esan duen hori bere biziaz ordaintzen ez badu! 24 Ala Jauna, gure aita Daviden errege-aulkian ezarri eta sendotu nauena eta, hitz eman bezala, errege-etxea eman didana! Gaur bertan hilko da Adonias».

25 Orduan, Salomon erregeak Joiadaren seme Benaias bidali, eta honek Adonias hil egin zuen.

Salomonek Abiatar Jerusalemdik bota

26 Abiatar apaizari esan zion erregeak: «Alde hemendik Anatotera, zeure lurretara. Heriotza merezi duzu zuk ere, baina ez zaitut hilko, gure aita Daviden aurrean Jainko Jaunaren kutxa eraman izan duzulako, eta berak jasan zituen nekeak zuk ere jasan izan dituzulako».

27 Beraz, kendu egin zion Salomonek Abiatarri Jaunaren apaiz izatea; honela bete zen Jaunak Xilon Eliren ondorengoen kontra esaniko hitza.

Salomonek Joab hilarazi


28 Joab ere, Absalomen aldeko ez izan arren, Adoniasen alde jarria zen; horregatik, albiste haien berri izan zuenean, ihesi joan zen eta, Jaunaren oihal-etxolara sarturik, aldare-ertzetako adarrei heldu zien. 29 Jakinarazi zioten Salomoni Jaunaren oihal-etxolan babestua zela Joab eta aldarearen ondoan zegoela. Orduan, Joiadaren seme Benaias bidali zuen Salomonek, hura hil zezan. 30 Benaiasek, Jaunaren oihal-etxolara sartu eta esan zion Joabi:

--Hortik ateratzeko agintzen dizu erregeak.

Joabek, ordea:

--Ez! Hementxe hil behar dut!

Benaiasek erregeari jakinarazi zion Joaben erantzuna. 31 Erregeak, orduan:

--Egiozu esan duena; hil ezazu eta ehortzi. Horrela kenduko duzu niregandik eta nire senitartetik Joabek egin zituen hilketen errua. 32 Bota biezaio berari Jaunak hilketa horien errua, bera baino hobeak ziren bi gizon jator eta zuzen hil baitzituen ezpataz, David gure aitak jakin gabe: Ner-en seme Abner, Israelgo gudarosteen buruzagia, eta Jeter-en seme Amasa, Judakoaren buruzagia. 33 Eror bekie Joabi eta beronen ondorengoei hilketa haien errua betierean. Davidek, beronen ondorengotzak, senitarteak eta errege-aulkiak, aldiz, izan bezate beti Jaunarengandiko bakea!

34 Joan zen, beraz, Joiadaren seme Benaias eta hil egin zuen Joab. Gero, bere etxe ondoan ehortzi zuten, basamortuan. 35 Ondoren, erregeak Joiadaren seme Benaias egin zuen gudarostearen buruzagi Joaben ordez, eta Tzadok apaiza ezarri zuen Abiatarren tokian.

Salomonek Ximei hilarazi


36 Gero, Salomonek Ximeiri dei egin eta esan zion:

--Egin zeuretzat etxe bat Jerusalemen eta bizi bertan, inora atera gabe. 37 Noizbait irten eta Zedron erreka igarotzen baduzu, egon ziur hilko zarela. Eta zeu izanen zara errudun.

38 Ximeik erantzun zion erregeari:

--Ongi da; errege jaunak esan bezala egingo dut.

Luzaro bizi izan zen Ximei Jerusalemen. 39 Behin batez, ordea, hiru urteren buruan, Ximeiren bi morroik ihes egin eta Gateko errege Akixengana, Maakaren semearengana, jo zuten. Morroiak Gaten zirela salatu ziotenean, 40 Ximei, astoa txalmatu eta Gatera joan zen Akixengana, bere morroien bila. Gaten morroiak hartu eta itzuli egin zen. 41 Ximeik Jerusalemdik Gatera joan-etorria egin zuela jakinarazi ziotenean, Salomonek 42 dei egin eta esan zion:

--Ez al nizun Jaunarengatik zin eginarazi eta ez al nizun zorrotz esan norabait ateratzen bazinen, ziur hilko zinela? Ongi zela erantzun zenidan, bazenekiela. 43 Zergatik ez dituzu, bada, bete Jaunaren aurrean eginiko zina eta nik emaniko agindua?

44 Eta esan zion, gainera:

--Ongi aski dakizu nolako kaltea egin zenion gure aita Davidi. Bota diezazula Jaunak gainera zeure gaiztakeria. 45 Salomon erregea, aldiz, bedeinka beza Jaunak eta sendotu Daviden errege-aulkian betiko. 46 Erregearen aginduz, Joiadaren seme Benaiasek hil egin zuen Ximei. Horrela, sendotu egin zen erregetza Salomonen eskuetan.

SALOMONEN ERREGEALDIA


Salomon, faraoiaren alaba batekin ezkondu

3. atala

aldatu

1 Egiptoko errege faraoiaren senitarteko egin zen Salomon, haren alaba emaztetzat hartuz. Daviden Hirira eraman zuen, harik eta bere jauregia, Jaunaren etxea eta Jerusalem inguruko harresiak eraiki arte.

2 Herriak muinoetan eskaini ohi zituen opariak, artean ez baitzuten Jaunari eginiko tenplurik. 3 Maite zuen Salomonek Jauna eta betetzen zituen bere aita Daviden arauak; alabaina, berak ere muinoetan eskaini ohi zituen opariak eta erretzen intsentsua.

Salomonek Jainkoari jakinduria eskatu

4 Behinola, Gabaonera joan zen erregea opariak eskaintzera, huraxe baitzen kultu-lekurik nagusiena. Mila erre-opari eskaini zituen Salomonek aldare gainean. 5 Gau hartan Jauna agertu zitzaion ametsetan Gabaonen, eta esan zion:

--Eskatu nahi duzuna, eta emanen dizut.

6 Salomonek erantzun zion:

--Onginahi handia izan zenuen zeure zerbitzari David gure aitarentzat, berak zure aurrean leial, zuzen eta bihotz zintzoz jokatu zuelako. Eta onginahi hori gorde egin diozu, gaur haren aulkian jarria dagoen seme hau berari emanez. 7 Ene Jainko Jauna, gure aita Daviden ordez ni, zeure zerbitzari hau, egin nauzu errege. Ni, berriz, mutil gaztea nauzu eta gobernatzen ikasi gabea. 8 Zehazki zenbatuezin ahalako herri ugaria hautatu zenuen, eta neu egin nauzu herri horren buru. 9 Emadazu adimen argia zure herria gobernatzeko, eta ona eta txarra bereizteko. Bestela, nola izan zure herri handi hau gobernatzeko gauza?

10 Atsegin izan zuen Jaunak Salomonen eskari hau. 11 Orduan, Jainkoak esan zion Salomoni:

--Halako eskaria egin didazulako eta zeuretzat urte asko, aberastasuna edota zeure etsaien heriotza eskatu ordez, zuzen gobernatzeko adimena eskatu didazulako, 12 emango dizut eskatu duzuna. Begira, zure aurretik inork izan ez dituen eta zure ondoren ere inork izango ez dituen bezainbateko jakinduria eta adimena damazkizut. 13 Gainera, eskatu ez duzuna ere emango dizut: aberastasuna eta ospea, zure egunetan inongo erregek izango ez duen neurrian. 14 Zuen aita David ibili zen bezala zu ere nire bideetan zintzo eta nire arau eta aginduak betez ibiltzen bazara, bizitza luzea emanen dizut.

15 Esnatzean, Salomon ohartu zen Jauna ametsetan agertu zitzaiola. Jerusalemera itzuli eta Jaunaren itun-kutxaren aurrera sarturik, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituen. Gero, otordua egin zuen bere zerbitzari guztiekin.

Salomon epaile zuhurra

16 Aldi hartan, bi emagaldu etorri ziren erregearen aurrera. 17 Hau zioen haietarik batek:

--Otoi, ene jauna! Hara, emakume hau eta biok etxe berean bizi gara, eta hau etxean zela haurra izan nuen nik. 18 Ni haurraz erdi eta handik hiru egunera, emakume honek ere haurra izan zuen. Biok batera geunden; ez zen beste inor gurekin etxean, gu biok izan ezik. 19 Gau batez hil egin zen emakume honen semea, berak ohean azpian hartu zuelako. 20 Gauerdian jaiki eta, ni lo nengoen bitartean, nire ondotik nire haurra hartu eta bere ondoan etzan zuen; bere seme hila, berriz, nire ondoan ezarri. 21 Goizean, nire semeari bularra emateko jaiki nintzenean, hila zegoen. Eguna argitzean, ordea, begiratu nion ongi eta ikusi nuen ez zela nik izandako semea.

22 Beste emakumeak, aldiz, hau zioen:

--Ez! Nire semea dun bizi dena, eta hirea hildakoa!

Besteak, berriz:

--Ez! Hildakoa dun hirea; bizi dena nirea.

Horrela ari ziren ezbaian, erregearen aurrean.

23 Orduan, erregeak esan zuen:

--Beraz, batak dio berea duela bizi dena eta bestearena hildakoa; besteak, berriz, alderantziz.

24 Eta hau agindu zuen erregeak:

--Ekardazue ezpata!

Ekarri zioten ezpata erregeari eta 25 erabaki hau eman zuen: --Erdibi ezazue bizirik den haurra, eta emaiezue erdibana.

26 Orduan, haur biziaren amari hunkitu zitzaion barrua bere semearengatik eta esan zion erregeari:

--Otoi, ene jauna! Emaiozu horri haur bizia; baina ez hil inola ere.

27 Orduan, erregeak esan zuen:

--Ez hil haurra. Emaiozue lehenengoari; horixe da haurraren ama.

28 Israel osoak jakin zuen erregearen erabakiaren berri, eta ordudanik begirune handia izan zioten, zuzen epai zezan Jainkoak nolako jakinduria eman zion ikusirik.

Salomonen funtzionarioak

4. atala

aldatu

1 Salomon Israel osoko errege zen. 2 Honako hauek ziren haren funtzionarioak: apaiz nagusi: Azarias, Tzadoken semea; 3 idazkari: Elihoref eta Ahias, Xixaren semeak; agirizain: Josafat, Ahiluden semea; 4 gudalburu: Benaias, Joiadaren semea; apaiz: Tzadok eta Abiatar; 5 eskualdeburuen arduradun: Azarias, Natanen semea; erregearen aholkulari: Zabud apaiza, Natanen semea; 6 jauregizain: Ahixar; lanera behartuen arduradun: Adoniram, Abdaren semea.

7 Salomonek hamabi eskualdeburu zituen Israel osoan. Bakoitzak urtean hilabete batez hornitu behar zituen erregea eta beronen etxekoak.

8 Hona hemen haien izenak: Hurren semea, Efraimgo mendebaldean; 9 Dekerren semea, Makatzen, Xaalbimen, Bet-Xemexen, Elonen eta Bet-Hananen; 10 Heseden semea, Aruboten; bere ardurapean zituen honek Soko eta Hefer lurralde osoa ere; 11 Abinadaben semea, Salomonen alaba Tafat-ekin ezkondua, Dor mendialde osoan; 12 Baana, Ahiluden semea, Taanak-en, Megidon eta Tzartan ondoan dagoen Bet-Xeanen, Izreel baino beherago, Bet-Xeandik Abel-Meholaraino, Jokmoam baino harantzago; 13 Geberren semea, Galaadeko Ramot hirian; bere ardurapekoak zituen honek Manasesen seme Jair-en hirixkak, hots, Galaaden zeudenak; bere ardurapekoa zuen Baxan lautadan dagoen Argob eskualdea ere: harresiak eta brontzezko morroiloak zituzten hirurogei hiri handi; 14 Ahinadab, Idoren semea, Mahanaimen; 15 Ahimaatz, Neftalin; hau ere Salomonen alaba batekin ezkondua zegoen: Bosmat-ekin; 16 Baana, Huxairen semea, Axerren eta Alot-en; 17 Josafat, Paruahen semea, Isakarren; 18 Ximi, Elaren semea, Benjaminen; 19 Geber, Uriren semea, Galaad lurraldean, amortarren errege Sihon-en eta Baxango errege Og-en lurralde izanikoan. Judan ere eskualdeburu bat zegoen.

Salomonen erreinuan ongizatea

20 Juda eta Israelgo jendea itsasertzeko hondarra bezain ugaria zen. Bazuten jan-edaririk aski eta pozik bizi ziren.

5. atala

aldatu

1 Salomonen agintea Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino hedatzen zen. Zergak ordaintzen zizkioten denek eta bere bizitza osoan menpean izan zituen.

2 Hona zenbat elikagai behar zuen Salomonek egunero: ia zazpi tonelada ogi-irin garbi eta hamalau tonelada ogi-irin arrunt; 3 hamar idi gizen eta hogei idi larreko; ehun ardi eta, gainera, hainbat orein, basahuntz, orkatz eta hegazti gizen.

4 Eufrates ibaiaz mendebaldera, Tifsahetik Gazaraino, Salomonek agintzen zuen; ibaiaz mendebaldeko errege guztiak haren menpeko ziren, eta bakean bizi zen inguruetako lurralde guztietakoekin. 5 Salomonen bizitza osoan lasai bizi izan ziren Juda eta Israelgo guztiak, nor bere mahatsondo edota pikuondoaren itzalean.

6 Salomonek lau mila zalditegi zituen bere gudu-gurdietarako zaldientzat eta hamabi mila zaldizko. 7 Aipaturiko eskualdeburu haiek, nork berari zegokion hilabetean, Salomon erregea eta honen mahai kideak hornitzen zituzten, ezeren faltarik izan ez zezaten. 8 Zamari eta zaldientzat behar zen garagarra eta lastoa ere eraman ohi zuten, behar zen tokira.

Salomonen jakinduria

9 Jainkoak jakinduria eta zuhurtzia handia eman zizkion Salomoni, bai eta itsasertzeko hondartza bezainbateko jakite zabala ere. 10 Salomonen jakinduria ekialdekoena eta egiptoarrena baino handiagoa izan zen, 11 gizonetan jakintsuena izan baitzen: Etam ezratarra, Mahol-en seme Heman, Kalkol eta Darda baino jakintsuago. Salomonen izena inguruetako lurralde guztietan zabaldu zen. 12 Hiru mila esaera atera zituen, eta mila eta bost kantika. 13 Zuhaitzei buruz ere mintzatu zen, nola Libanoko zedroez hala horma-harrietan ernetzen den itze belarraz; orobat, abere, hegazti, narrasti eta arrainei buruz ere. 14 Salomonen jakinduriaren berri izan zuten herrialde eta erresuma guztietatik etorri ohi ziren Salomonen mintzaldi jakintsuak entzutera.

Salomonek tenpluaren eraikuntza prestatu


15 Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen. 16 Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami: 17 «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte. 18 Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk. 19 Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut; hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: <Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea>. 20 Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».

21 Salomonen eskari hau hartzean, Hiram biziki poztu zen eta esan zuen: «Bedeinkatua Jauna, Davidi halako seme jakintsua eman diolako, herri ugari hori goberna dezan».

22 Hiramek erantzun zion Salomoni: «Hartu dut zure eskaria eta emango dizut nahi bezainbat zedro eta zipres-zur. 23 Nire morroiek Libanotik itsasoraino jaitsiko dute; gero, almadiak egin eta itsasoz bidaliko dizkizut, zuk esandako tokiraino. Zuk, ordainez, janariz hornituko didazu etxea, nik nahi bezala».

24 Horrela, bada, nahi bezainbat zedro eta zipres-zur eman zion Hiramek Salomoni. 25 Honek, ordainez, sei mila tonelada gari eta zortzi mila litro olio garbi eman ohi zizkion Hirami urte oroz, bere etxekoak elikatzeko.

26 Hitz emaniko jakinduriaz bete zuen Jaunak Salomon. Honen eta Hiramen artean bakea izan zen eta, gainera, ituna egin zuten biek.

Salomonek lanera behartu jendea


27 Salomon erregeak lan behartuak antolatu zituen eta Israel osoan hogeita hamar mila gizon bildu zituen horretarako. 28 Hilero hamar mila laguneko txandatan bidaltzen zituen Libanora. Hilabete Libanon egin ohi zuten eta beste bi hilabete beren etxeetan. Adoniram zen langile behartu haien arduraduna. 29 Salomonek hirurogeita hamar mila zamaketari zituen eta laurogei mila hargin mendian. 30 Gainera, baziren beste hiru mila eta hirurehun lan-arduradun, Salomonen eskualdeburuek ezarriak, langileak zain zitzaten. 31 Harri handi eta aukeratuak ebakitzeko agindu zuen erregeak, tenpluaren oinarritarako, eta landu zitzatela. 32 Salomonen eta Hiramen langileek eta Gebalgo jendeak landu zituzten. Horrela prestatu zuten tenplua eraikitzeko zura eta harria.

Tenpluaren eraikuntza


6. atala

aldatu

1 Israeldarrak Egiptotik irten eta handik laurehun eta laurogei urtera, Salomonek Israelgo erregetzan lau urte zeramatzala, bigarren hilabetean, Ziu hilean, hasi zen Salomon Jaunaren etxea eraikitzen. 2 Salomonek Jaunari eraiki zion etxe hura hogeita hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta hamabost metro gora. 3 Tenpluko sala handiaren aurreko atalondoa hamar metro zabal zen --tenpluaren zabalera bera--, eta bost metro luze tenplu barnerantz. 4 Saredun leihoak eginarazi zituen Salomonek tenplurako. 5 Tenpluaren inguru guztian, sala handiaren eta santutegiaren hormei atxikia, eraikuntza bat egin zuen, hiru solairukoa. 6 Beheko solairua bi metro eta erdi zabal zen, erdikoa hiru metro eta hirugarrena hiru metro erdi. Solairu bakoitzean tenpluko horma kanpoaldetik meheagoa zen, maila moduko batzuk eginez, eta maila hauen gainean ezarri zituzten habeak, tenpluko hormak zulatu beharrik gabe.

7 Jaunaren etxea eraikitzeko, harrobian bertan landuriko harriak ezarri zituzten; horrela, ez zen mailu, pikatxoi edota burdinazko beste tresna-hotsik entzun tenplua eraikitzean. 8 Erdiko solairurako sarrera tenpluaren eskuinaldeko saihetsean zegoen; eskailera biribil batetik igo zitekeen erdiko solairura eta hemendik gorenekora. 9 Tenplua eraikitzen bukatu zutenean, sabaia zedrozko habez eta oholez jantzi zuen. 10 Tenpluari inguru guztian erantsi zion eraikuntza hartako solairu bakoitzak bi metro eta erdiko altuera zuen; zedrozko habez zeuden tenpluko hormari atxikiak.

11 Orduan, honela mintzatu zitzaion Jauna Salomoni: 12 «Etxe hau egiten ari zatzaizkit. Hara, nire legeei dagokienez ibiltzen bazara, nire erabakiak bete eta nire aginduak gordetzen badituzu, beraiei dagokienez jokatuz, beteko dizut zuen aita Davidi eman nion hitza. 13 Israeldarren artean biziko naiz eta ez dut utziko Israel neure herria».

Jaunaren etxe barrua


14 Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzen bukatu zuenean, 15 zedrozko oholez estali zituen tenplu barneko hormak, behetik hasi eta goiko habeetaraino, barne osoa zurez jantziz. Tenpluaren behea ziprez-oholez estali zuen. 16 Tenpluaren barneneko azken hamar metroak, berriz, zedrozko oholez estali zituen, behetik hasi eta goiko habeetaraino, eta toki hori santutegia, hots, toki santu-santua izateko antolatu zuen. 17 Santutegi honen aurreko sala handia hogei metro luze zen. 18 Tenplu barruko zedrozko oholtza hura fruitu- eta lore-xorta-irudiz apaindua zegoen. Dena zedrozkoa zen; ez zen harririk ikusten. 19 Tenplu barne-barneko toki hura, santutegia, Jaunaren itun-kutxa ezartzeko antolatu zuen Salomonek. 20 Santutegia hamar metro zen luze, hamar metro zabal eta metro bat gora, eta urre garbiz jantzi zuen Salomonek. Santutegiaren aurrez aurre zegoen aldarea, berriz, zedroz jantzi zuen. 21 Jaunaren etxe barnea ere urre garbiz estali zuen Salomonek, santutegia bezala, eta honen aurrean urrezko kateak ipini zituen. 22 Etxe oso-osoa jantzi zuen urrez, bai eta santutegiaren aurrean zegoen aldarea ere.

23 Santutegirako olibo-zurezko hegadun izaki bi egin zituen, bosna metro luzekoak. 24 Lehenengo hegadun izakiaren hegoak, zein bata zein bestea, bina metro eta erdi ziren; hego-mutur batetik besteraino bost metro. 25 Beste hegadun izakia ere bost metro zen. Neurri eta tankera bera zuten bi izakiek. 26 Izaki biak bosna metro ziren gora. 27 Jaunaren etxeko santutegian ezarri zituen Salomonek hegadun izakiak, hegoak zabalik: bataren kanpoaldeko hegoak alde bateko horma ukitzen zuen eta bestearenak beste aldekoa; erdi aldeko bi hegalek, berriz, elkar ukitzen zuten tenpluaren erdialdean. 28 Hegadun izaki haiek ere urrez jantzi zituen.

29 Nola barruko hala kanpoko hormetan, inguru guztian, hegadun izaki-irudiak, palmondo eta lore-xorta-irudiak zizelkatu zituen. 30 Tenpluaren behea ere, nahiz barnean nahiz kanpoan, urrez estali zuen.

31 Santutegiaren sarrerarako olibo-zurezko ateak egin zituen. Ateburuak eta ate-zangoek bosna koska zituzten. 32 Bi ate-orriak olibo-zurezkoak ziren; haietan ere hegadun izaki-irudiak, palmondo eta lore-xorta-irudiak zizelkatu zituen, guztiak urrez estaliz. 33 Sala handiko sarrerarako ere olibo-zurezko ate-zangoak egin zituen, baina lau alderdidunak; 34 ate-orriak zipres-zurezkoak ziren eta bina ate jiragarri zituzten. 35 Hauetan ere hegadun izakiak, palmondoak eta lore-xortak zizelkatu zituen, eta guztiak urrez estali.

36 Azkenean, harlanduzko hiru lerroko eta zedrozko habe-lerro bateko horma eraikiz, barneko ataria egin zuen.

37 Salomonen erregealdiko laugarren urteko Ziu hilean ezarri zituzten Jaunaren etxeko oinarriak, 38 eta hamaikagarren urteko Bul hilean, hots, zortzigarren hilabetean bukatu zuten oso-osorik, egitamu guztien arabera. Beraz, zazpi urtetan eraiki zuen tenplua Salomonek.

Salomonen jauregia

7. atala

aldatu

1 Salomonek bere jauregia ere eraiki zuen. Hamahiru urte behar izan zituen erabat bukatzeko. 2 «Libanoko Oihana» zeritzan aretoa ere egin zuen; berrogeita hamar metro zen luze, hogeita bost zabal eta hamabost gora. Zedrozko lau zutabe-lerro zituen, eta zutabeen gainean zedrozko habeak. 3 Zutabeen gaineko habe haiek berrogeita bost ziren, lerro bakoitzean hamabost, eta habe haien gainaldean zedrozko oholtza. 4 Saredun hiru leiho-erreskada zituen aretoak, batzuk besteen aurrez aurre, hirunaka. 5 Ate eta ate-zango guztiak lau alderdidunak ziren, batzuk besteen aurrez aurre, hirunaka.

6 Zutabedun ataria ere egin zuen; hogeita bost metro zen luze eta hamabost zabal. Honen aurrean zutabedun beste atari bat ere egin zuen, bere aterpe eta guzti.

7 Egin zuen, orobat, «Errege-aulkiaren aretoa» edo «Epaitegi-aretoa» zeritzana ere, bertan epaiketak egiteko. Behetik goraino zedroz jantzi zuen. 8 Salomonen bizilekua errege-aulkiaren aretotik aparte zegoen, beste areto batean; biak tankera berekoak ziren. Bere emaztetzat hartu zuen faraoiaren alabarentzat egin zuen jauregia ere areto haren tankerakoa zen. 9 Eraikuntza hauek guztiak, nola barnetik hala kanpotik, neurrira landu eta zerraturiko harri bikainez egin zituzten oinarrietatik habeetaraino, etxearen kanpoaldetik areto nagusiraino. 10 Oinarrietarako harri bikainak ezarri zituen, harri handiak, bost eta launa metrokoak. 11 Gainaldea ere harri bikainez egina zegoen, neurrira landuriko harriz eta zedro-zurez. 12 Areto nagusiaren inguruko hormek harlanduzko hiruna erreskada eta zedrozko ohol-erreskada bana zituzten, Jaunaren etxe barruko aretoaren eta atalondoaren tankerara.

Brontzezko bi zutabeak


13 Salomonek Tiroko Hiram etorrarazi zuen. 14 Neftaliren leinuko emakume alargun baten semea zen; aita, berriz, Tiroko brontzegin bat izan zuen. Hiram oso argi, trebe eta iaioa zen edozein brontze-lanetarako. Etorri zen, beraz, Salomonengana eta honek aginduriko lan guztiak egin zituen.

15 Brontzea urtuz, bi zutabe egin zituen; bederatzina metro ziren gora eta seina metro lodi. 16 Zutabe-buruetan ezartzeko, brontzezko bi kapitel egin zituen, bina metro eta erdikoak. 17 Zutabe-buruetan zeuden kapitel haietarako sare antzeko apaindurak egin zituen eta kate-xortak, kapitel bakoitzerako zazpi. 18 Zutabe-buruetako kapitel bakoitza apaintzeko, sare haien inguruan, bi lerrotan, granada-fruitu antzekoak egin zituen.

19 Zutabe-buruetako kapitel haien gainean bina metroko lili-lorearen tankerako irudiak zeuden. 20 Hauen gainean, sare haiez bestaldean, biribil bana zegoen, inguruan berrehuna granada-fruitu zituztelarik, lerrotan jarriak. 21 Sala handiaren aurreko atalondo aitzinean ezarri zituen Hiramek zutabeak. Eskuinekoari «Jakin» deitu zion, eta ezkerrekoari «Boaz». 22 Zutabeburuak lili-lorearen tankerakoak ziren.

Horrela burutu zuen zutabeak egitea.

Brontzezko uraska


23 Ondoren, Hiramek brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribil bat egin zuen; ertz batetik bestera bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua. 24 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, fruitu-irudiak zituen, hogei fruitu metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzealdi berean eginak. 25 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten. 26 Uraskaren lodiera arra betekoa zen. Ezpainak koparenak bezalakoak ziren, lili-lorearen tankerakoak; laurogei mila litro ur hartzen zuen uraskak.

Brontzezko orgak

27 Hiramek brontzezko hamar orga egin zituen; bi metro luze ziren, bi metro zabal eta metro eta erdi sakon. 28 Honela zeuden eginak orgak: marko batzuk eutsirik, panelak zituzten; 29 eta markoen arteko paneletan zizelkaturik lehoiak, idiak eta hegadun izakiak, bai eta goiko markoetan ere; lehoi eta idien azpialdean lore-xortak zintzilik. 30 Orga bakoitzak brontzezko lau gurpil zituen eta brontzezko ardatzak. Lau hanketan brontzezko euskarriak zituzten; euskarri haiek ur-ontziaren azpian zeuden, bakoitza kanpoaldetik lore-xortaz apaindua. 31 Orgaren gainaldean ur-ontzi baten ezpainak ateratzen ziren metro erdi gorantz; ur-ontzia biribila zen, hirurogeita hamabost zentimetroko diametroa zuelarik. Ezpain haietan ere baziren irudi zizelkatuak, panel koadratuetan, ez biribiletan. 32 Lau gurpilak panelen azpialdean zeuden eta haien ardatzak orgari atxikiak. Gurpil bakoitzak hirurogeita hamabost zentimetroko altuera zuen. 33 Gurpil haien tankera gudu-gurdiena bezalakoxea zen. Haien ardatzak, uztaiak, orrailak eta gurpegiak ere brontzezkoak ziren denak. 34 Orgaren lau kantoietatik lau euskarri ateratzen ziren, orgari itsatsirik. 35 Orga bakoitzaren gainaldean hogeita bost zentimetroko biribila zegoen, euskarriak eta panelak itsatsiak zituelarik. 36 Orgaren zabalunetan, euskarrietan eta paneletan hegadun izaki, lehoi eta palmondoak zizelkatu zituen Hiramek, ahal zituen toki guztiak erabiliz, eta inguruan lore-xortak egin zituen. 37 Honelakoak egin zituen hamar orgak, denak urtzealdi berekoak, neurri eta tankera berekoak.

38 Brontzezko hamar ur-ontzi ere egin zituen, orga bakoitzerako bana; bina metroko diametroa zuten, eta mila eta seiehuna litro ur hartzen. 39 Bost orga tenpluaren eskuinaldean jarri zituen eta beste bostak ezkerraldean; «Itsaso» zeritzan uraska handia, berriz, tenpluaren eskuinaldean jarri zuen, hego-ekialdera.

Jaunaren etxeko gauzen zerrenda


40 Pertzak, hauts-palak eta ixipu-ontziak ere egin zituen Hiramek. Hona hemen Hiramek, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen lanen zerrenda: 41 bi zutabe, zutabe horien buruan zeuden bi kapiteletarako bola bana; zutabeburuetako kapiteletan zeuden bolahaiek apaintzeko sare bana; 42 laurehun granada-fruitu, bi sareetan ezartzeko, bina lerro sare bakoitzean, zutabeburuetan zeuden kapiteletako bi bolak apaintzeko; 43 hamar orga eta hauetan hamar ur-ontzi; 44 «Itsaso» zeritzan uraska handia, eta beroni eusteko hamabi zezen; 45 pertzak, hauts-palak eta ixipu-ontziak.

Hiramek, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen tresna hauek brontze leunduzkoak ziren denak. 46 Jordango lautadan urtuarazi zuen erregeak brontze hura, lurra buztintsua den tokian, Sukot eta Tzartan artean. 47 Hain ugari eginarazi zituen Salomonek tresna hauek, ezen ezin baitzen jakin zenbat pisatzen zuen brontze-multzo hark.

48 Era berean, Jaunaren etxerako behar ziren beste gauza guztiak ere eginarazi zituen Salomonek: aldarea, urrezkoa; eskainiriko ogiak jartzeko mahaia, urrezkoa; 49 santutegiaren aurrean ezker-eskuin ezartzeko hamar argimutil, alderdi bakoitzean bost, urrezkoak; loreak, kriseiluak eta su-hatzak, urrezkoak; 50 azpilak, labanak, ixipu-ontziak, intsentsu-ontziak eta errauts-ontziak, urre hutsezkoak; santutegiaren aurrean zegoen sala handiaren aurreko ate-orpoak, urrezkoak.

51 Salomonek, Jaunaren etxea eraikitzeko lan hauek guztiak bukatzean, bere aita Davidek sagaratuak ziren urrezko eta zilarrezko gauza eta ontzi guztiak bertara eraman eta Jaunaren etxeko altxortegian gorde zituen.

Itun-kutxa tenplura eraman


8. atala

aldatu

1 Orduan, Salomonek bere inguruan, Jerusalemen, bildu zituen Israelgo herri-arduradun guztiak, leinuburuak eta israeldar senitarteburuak. Jaunaren itun-kutxa igoarazi nahi zuen Daviden Hiritik, hau da, Siondik. 2 Etanim zeritzan hilean, hau da, zazpigarren hilabetean egin ohi ziren jaietan, bildu ziren israeldar guztiak Salomon erregearekin. 3 Israelgo herri-arduradun guztiak bildu zirenean, hartu zuten apaizek kutxa 4 eta, lebitarrekin batera, igo zituzten Jaunaren kutxa, Elkarketa Etxola eta etxolan zeuden tresna guztiak. 5 Salomon erregeak eta beronekin kutxaren aitzinean bildua zegoen israeldar batzar osoak ezin zenbatu ahalako ardi eta idi-multzo handia eskaini zuten opari. 6 Apaizek bere tokian ezarri zuten Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegadun izakien hegalpean. 7 Izan ere, kutxa zegoen tokiaren gainera zabalduak zituzten hegadun izaki haiek beren hegoak, kutxa eta honen hagak gainetik estaliz. 8 Haga hauek luzeak zirenez, berauen muturrak santutegiaren aurrean zegoen sala handitik ikus zitezkeen, baina kanpotik ez. Han daude gaurdaino. 9 Kutxan ez zegoen, Horeb mendian Moisesek bertan ipini zituen bi harlosak baizik, Egiptotik irten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlosak, alegia.

10 Apaizak santutegitik ateratzean, lainoak bete zuen Jaunaren etxea. 11 Apaizak ezin ziren han egon beren eginkizuna betetzen laino hura zela-eta; izan ere, Jaunaren aintzak bete zuen Jaunaren etxea.

12 Orduan, Salomonek esan zuen:

«Jauna, ilunpean biziko zinela esan zenuen,

13 Baina nik etxe bikaina eraiki dizut,

betiereko zure bizileku».

Salomonen hitzaldia


14 Israeldarren biltzar osoa zutik zegoen. Erregeak, haiengana itzulirik, biltzarra bedeinkatu zuen, 15 esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, bete baitu gure aita Davidi hitz emanikoa: 16 <Neure herri Israel Egiptotik atera nuen egunetik ez dut Israelgo leinu guztien artean inongo hiririk hautatu, nire egoitza izango zen etxea egin ziezaten; baizik eta David aukeratu nuen, ene herri Israelen buruzagi izan zedin>. 17 Gure aita Davidek izan zuen Jaunarentzat, Israelen Jainkoarentzat, tenplua eraikitzeko asmoa. 18 Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: <Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa. 19 Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sortutako semeak baizik>. 20 Horra bada, bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian eseri naiz, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari, 21 eta han toki berezia egin diot bertan ezartzeko: gure gurasoak Egiptotik atera zituenean Jaunak beraiekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».

Salomonen otoitza


22 Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik, 23 otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat. 24 Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitz eman zeniona; zeure ahoz hitz emana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez. 25 Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitz eman zenion beste hau ere: <Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure semeak nire aurrean bide zuzenean ibiltzen badira, zu ibili zaren bezala>. 26 Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza.

27 «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada? 28 Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua. 29 Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza. 30 Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu.

31 «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz, 32 entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz.

33 «Zure herri Israel zure aurka bekatu egiteagatik, etsairen batek menperatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu, 34 entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

35 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako ortzia itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira, 36 entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera.

37 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan, 38 norbaitek nahiz Israel zeure herri osoak, bihotzean daukan okerraz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu, 39 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu har dezala nork bere jokaeraren ordaina, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; izan ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri. 40 Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lur-azalean biziko diren bitartean.

41 «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat 42-- izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri-- tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada, 43 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, lurreko herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

44 «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira, zuri, Jaun horri, otoitz egiten badizu, 45 entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.

46 «Zure kontra bekatu egitean --ez baita inor bekatu egiten ez duenik--, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menperatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte. 47 Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menperatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: <Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!> 48 Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute, 49 entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide. 50 Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menperatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz. 51 Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.

52 «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean. 53 Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».

Salomonek Jaunari bedeinkazioa eskatu

54 Jaunari, aldare aurrean belauniko, otoitz eta eskari hauek zuzendu ondoren, Salomonek, jaiki eta eskuak zerurantz luzatuz, 55 israeldarren biltzar osoa bedeinkatu zuen, ahots handian esanez: 56 «Bedeinkatua Jauna, hitz eman bezala bere herri Israeli atsedena eman diolako! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisesen bitartez emaniko hitz on bat ere. 57 Izan bedi gurekin Jauna, gure Jainkoa, gure gurasoekin izan zen bezala. Ez gaitzala utz, ez baztertu; 58 baizik eta beregana dezala gure bihotza, gu beraren bidean ibil gaitezen eta gure gurasoei eman zizkien agindu, lege eta erabakiak bete ditzagun. 59 Izan bitza gau eta egun bere aurrean Jaunak, gure Jainkoak, nik egin dizkiodan eskariok. Erabaki beza beti nire alde eta bere herri Israelen alde, eguneroko beharretan. 60 Horrela, jakin dezatela lurreko herri guztiek Jauna Jainko dela, eta ez dela besterik. 61 Eta zuek izan zaitezte Jaunaren, zeuen Jainkoaren, esaneko, beraren lege-bidean ibiliz eta beraren aginduak betez, gaur egin duzuen bezala».

Jaunaren etxearen sagaratzea


62 Erregeak, eta Israel osoak harekin batera, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari. 63 Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomonek bake-oparitzat. Horrela sagaratu zioten Jaunari tenplua erregeak eta israeldar guztiek. 64 Egun hartan Jaunaren etxe aurreko atariaren erdi aldea sagaratu zuen erregeak, erre-opariak, labore-eskaintzak eta bake-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Jaunaren aitzinean zegoen brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-eskaintza eta elkartasun-oparietako gantza hartzeko.

65 Orduan, Salomonek Israel osorekin, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko errekara bitarteko lurraldeetatik etorri eta batzartua zegoen jendetza izugarri harekin, zazpi eguneko jaia egin zuen eta beste zazpi egunekoa gero, orotara hamalau egun. 66 Biharamunean Salomonek bidali egin zuen herria. Jendea, erregea agurtu ondoren, bere etxeetara itzuli zen, alai eta bihotza bozkarioz betea zuela, Jaunak bere zerbitzari Davidi eta bere herri Israeli egin zien on guztiarengatik.

Jauna berriro agertu Salomoni


9. atala

aldatu

1 Salomonek Jaunaren etxea, errege-jauregia eta berak nahi izan zuen guztia eraiki zuenean, 2 bigarren aldiz agertu zitzaion Jauna, Gabaonen agertu zitzaion bezala. 3 Jaunak esan zion: «Entzun dut egin didazun otoitza eta eskaria. Sagaratu dut eraiki didazun tenplua, betierean nire bizileku izan dadin. Hemen izango ditut beti neure begi-bihotzak. 4 Eta zu nire aurrean zuen aita David bezala ibiltzen bazara, bihotz osoz eta zuzenbidez, nik agindu dizudan guztiaren arabera, nire lege eta erabakiak betez, 5 betierean iraunaraziko dut zure erregetza Israelen gainean. Hala hitz eman bainion zuen aita Davidi:<Beti izanen duzu zeure ondorengoetako bat Israelgo errege-aulkian jartzeko>. 6 Baina zuek eta zuen seme-alabak niregandik urruntzen bazarete, nik eman dizkizuedan agindu eta legeak betetzen ez badituzue, beste jainko batzuk zerbitzatzera jo eta haien aurrean ahozpezten bazarete, 7 suntsiarazi eginen dut Israel herria eman diodan lur-azaletik. Arbuiatu eginen dut neuretzat sagaratu dudan etxe hau. Koplak atera eta barre egingo diote Israeli herri guztiek. 8 Erabat hondatuko dut tenplu hau, eta tenplu bikain honen aurretik igaroko diren guztiek, harriturik eta txistuka, galdetuko dute: <Zergatik egin ote die hau Jaunak lurralde honi eta tenplu honi?> 9 Eta erantzungo diete: <Beren gurasoek Egiptotik atera zituen Jauna, beren Jainkoa, utzi eta jainko arrotzengana jo dutelako, haien aurrean ahozpeztuz eta haiei kultua emanez. Horregatik ekarri die Jaunak halako zoritxarra> ».

Hiram eta Salomonen arteko hitzarmena


10 Hogei urte behar izan zituen Salomonek bi etxeak, hau da, Jaunaren etxea eta bere jauregia, eraikitzeko. 11 Tiroko errege Hiramek eskuratu zion Salomoni nahi bezainbat zedro eta zipres-zur eta urre. Salomonek, ordainetan, Galilea aldeko hogei herrixka eman zizkion Hirami. 12 Atera zen, bada, Tirotik Hiram Salomonek eman zizkion herrixkak ikusteko; baina ez zituen atsegin izan. 13 Orduan, honela esan zuen: «Hauek herrixkak eman dizkidazunak, ene anaia!» Eta «Kabul» deitu zion lurralde hari. Hala deritza gaurdaino. 14 Hiramek emanak zizkion Salomoni lau tonelada inguru urre.

Salomonen beste zenbait lan


15 Jaunaren etxea, bere jauregia, Milo-ko lubeta, Jerusalemgo harresia, Hatzor, Megido eta Gezer egiteko, lan behartuak antolatu zituen Salomon erregeak.

16 Izan ere, Egiptoko errege faraoiak eraso eta hartu egin zuen Gezer hiria, su eman eta hirian bizi ziren kanaandarrak hil egin zituen; gero, bere alabari, Salomonen emazteari, eman zion ezkontsari. 17 Horregatik, Salomonek berreraiki egin zuen Gezer; bai eta Bet-Horon azpikoa, 18 Baalat eta Tamar ere, Judako basamortukoa. 19 Era berean, janari-biltegi izateko herrixkak berreraiki zituen Salomonek, bai eta gudu-gurdiak eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan. 20 Israeldar ez ziren amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustar jende haietatik bizirik gelditu zirenak, 21 hau da, israeldarrek xehatu ezinik lurraldean gelditu ziren haien ondorengoak, lan behartuetarako bildu zituen Salomonek, gaurdaino. 22 Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor ere esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial, gudalburu, ezkutari eta bere gurditeria eta zalditeriaren arduradun egin zituen. 23 Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak bostehun eta berrogeita hamar ziren; haiek gainbegiratzen zituzten jendeak egindako lanak.

24 Faraoiaren alaba Daviden Hiritik Salomonek eraiki zion jauregira igo zenean, erregeak Milo-ko betelana eginarazi zuen.

25 Urtean hiru bider Salomonek erre-opariak eta bake-opariak eskaini ohi zituen Jaunarentzat eraikia zuen aldarearen gainean, eta intsentsua erre ohi zuen Jaunaren aitzinean zegoen aldarean. Horrela bukatu zuen tenpluaren eraikuntza.

26 Bestalde, Salomonek itsas ontziteria eginarazi zuen Etzion-Geberren; hiri hau Elat ondoan zegoen, Itsaso Gorriaren ertzean, Edom lurraldean. 27 Hiramek bere zerbitzari batzuk, itsasgizon trebeak, bidali zituen ontzietara, Salomonen zerbitzariekin batera ibil zitezen. 28 Ofir-era joan eta hamalau tonelada urre hartu zuten handik, Salomon erregeari ekartzeko.

Sabako erregina Salomon ikustera


10. atala

aldatu

1 Sabako erregina, Salomonek Jaunaren osperako nolako izena zuen aditurik, asmakariak ipiniz probatzera etorri zitzaion. 2 Lagun-talde handia berekin zuela, usaingarriz, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak zekartzala heldu zen Jerusalemera. Salomonengana joanik, buruan zituen arazo guztiez mintzatu zitzaion. 3 Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik. 4 Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia, 5 nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zeinen lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, eta nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean, eta harri eta zur egina gelditu zen. 6 Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena. 7 Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede, erdia ere ez zidaten esan! Aditua nuena baino askoz handiagoak dituzu bai jakinduria, bai ondasunak. 8 Dohatsuak zure emazteak! Dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzari hauek! 9 Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, Israelgo errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu! Jaunak Israel beti maite izan duelako egin zaitu zu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazun».

10 Gero, Sabako erreginak ia lau mila kilo urre eta, gainera, egundoko usaingarri eta harribitxi multzo handia eman zion erregeari. Aurrerantzean ez zen sekula etorri Sabako erreginak Salomon erregeari eman zion bezainbateko usaingarri-multzorik.

11 Bestalde, Hiram erregearen ontziteriak ere, Ofirko urreaz gainera, sandalo-zur ugari eta harribitxiak ekarri zituen. 12 Erregeak, sandalo-zurez, Jaunaren etxerako eta bere jauregirako barandak eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Aurrerantzean ez zen halako sandalo-zurik etorri, ez ikusi egundaino.

13 Salomon erregeak ere, Sabako erreginari nahi izan eta eskatu zion guztia eman zion; gainera, erregeak ohi zuen eskuzabaltasunez, erregali ugari egin. Ondoren, erregina bere lurraldera itzuli zen bere zerbitzariekin.

Salomonen aberastasunak


14 Urte oroz Salomon erregeari hogeita bi mila inguru kilo urre etorri ohi zitzaion, 15 eta hori, bidaiariek eta merkatariek, mendebaldeko erregeak eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten zergak zenbatu gabe.

16 Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik. 17 Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia bi kilo urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian ipini zituen. 18 Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen Salomonek eta urre garbiz jantzi. 19 Sei maila zituen errege-aulkiak; bizkarraldea biribila zuen eta jarlekuaren alde banatan besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik, 20 eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula egin halakorik. 21 Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren; ez zegoen zilarrezkorik, ez baitzen aintzakotzat hartzen Salomonen garaian. 22 Izan ere, bazituen erregeak itsasoan ur handietarako merkataritza-ontziak, Hiram erregearen ontziteriarekin batera ibiltzeko; hiru urtetik behin ur handietako merkataritza-ontzi haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beterik itzuli ohi ziren.

23 Salomon erregea lurreko errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen. 24 Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko. 25 Etortzen zirenek nork bere eskuerakutsia ekarri ohi zion: zilarrezko nahiz urrezko gauzak, janzkiak, armak, usaingarriak, zaldiak, mandoak. Eta horrelaxe urte oroz.

26 Salomonek mila eta laurehun gudu-gurdi eta hamabi mila zaldi inguratu eta hirietako gudari-tokietara eraman zituen, bai eta bere ondora ere, Jerusalemera. 27 Salomon erregeak zilarra harriak bezain ugari bildu zuen Jerusalemerako, eta zedroak ere Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezainbat. 28 Salomonen zaldiak Mutzri eta Kue-koak ziren jatorriz; Kuen erosi ohi zituzten erregearen merkatariek. 29 Egiptotik ekarritako gudu-gurdi batek zilarrezko seiehun txanpon balio zuen, eta zaldi batek ehun eta berrogeita hamar. Salomonen merkatariek hititen eta aramearren errege guztientzat ekarri ohi zituzten halakoak.

Salomon Jaunaren bidetik aldendu

11. atala

aldatu

1 Salomon erregeak emakume atzerritar ugari maite izan zuen. Faraoiaren alabaz gainera, moabdar, amondar, edomdar, sidondar eta hitita emakumeak ere bai. 2 Halako emakume atzerritarrei buruz, hau zien agindua Jaunak israeldarrei: «Ez elkartu halakoekin, eta haiek ez bitez zuekin elkartu; izan ere, beren jainkoengana makurraraziko dizkizuete bihotzak, segur aski». Hala ere, Salomon, amodioz, halakoekin elkartu zen. 3 Zazpiehun emazte goi-mailako eta hirurehun ohaide izan zituen. Emakume haiek desbideratu egin zuten Salomon. 4 Honen bihotza jainko arrotzengana makurrarazi zuten zahartzaroan; ez zuen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, beraren aita Davidek izan zuen bezala. 5 Sidondarren jainkosa zen Astarte gurtu zuen; bai eta amondarren sasijainko nardagarria zen Milkom ere. 6 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Salomonek, eta ez zen bere aita David bezain zintzo izan Jaunarentzat. 7 Jerusalemen aurrez aurre dagoen mendian kultu-leku bana eraiki zien Kemox-i, moabdarren sasijainko nardagarriari, eta Milkomi, amondarren sasijainko higuingarriari. 8 Orobat bere emazte atzerritar guztien jainkoei ere, emazte haiek beren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskain ziezazkieten.

9 Haserretu zitzaion Jauna Salomoni, honek bere bihotza Jaunarengandik, Israelen Jainkoarengandik, aldendu zuelako. Bi bider agertua zitzaion, 10 eta agindua zion, hain zuzen ere, ez zezala jo jainko atzerritarrengana; hark, ordea, ez zuen bete Jaunak agindua. 11 Orduan, esan zion Jaunak Salomoni: «Horrela jokatu duzulako, nire ituna, nik emaniko aginduak gorde ez dituzulako, hara: kendu eginen dizut erregetza eta zure zerbitzarietako bati emanen diot. 12 Hala ere, zuen aita Davidengatik, ez dizut kenduko zu bizi zaren artean. Zure semeari kenduko diot. 13 Eta erreinu osoa ere ez diot kenduko; ene zerbitzari Davidengatik eta hautatu dudan Jerusalemengatik, leinu bat utziko diot zure semeari».

Salomoni etsaiak sortu

14 Etsai bat sortu zion Jaunak Salomoni: Hadad edomdarra, Edomgo erregearen jatorrikoa. 15 Antzina, Davidek Edom lurraldea menperatu zuenean, haren gudalburu Joabek, israeldar hilei lur ematera joan zelarik, hil egin zituen Edomgo gizaseme guztiak. 16 Joab eta israeldarrak sei hilabetez geldituak ziren bertan, Edomgo gizaseme guztiak suntsitu arte. 17 Hadad, ordea, mutiko gazte zelarik, ihesi joan zen Egiptora, bere aitaren zerbitzari ziren edomdar batzuekin. 18 Madiandik atera eta Paranera heldu ziren; Parango gizon batzuek berekin hartu eta Egiptora jo zuten, hango errege faraoiagana. Honek etxebizitza eman zion Hadadi, bai eta janaria eta lur-zati bat ere. 19 Oso begikoa izan zuen faraoiak Hadad, eta bere emaztearen ahizpa eman zion emaztetzat, hau da, Tahpene erreginaren ahizpa. 20 Tahpeneren ahizpak seme bat ekarri zion, Genubat. Eta Tahpene erreginak faraoiaren jauregian hazi zuen. Genubat faraoiaren jauregian bizi izan zen; beraz, faraoiaren seme-alabekin batera.

21 Entzun zuen Hadadek David eta honen gudalburu Joab hilak zirela eta esan zion faraoiari:

--Uztazu neure herrira joaten.

22 Faraoiak galdetu zion:

--Zergatik nahi duzu zeure herrira alde egin? Falta al duzu ezer hemen, nire ondoan?

Hark erantzun:

--Deus ere ez; baina uztazu, arren, joaten.

23 Beste etsai bat ere sortu zion Jainkoak Salomoni: Rezon, Eliadaren semea. Bere jaun Tzobako errege Hadadezerrengandik ihesi joana zen Rezon 24 eta, bere inguruan zenbait gizon bildurik, taldeburu egina. Baina Davidek Hadadezer menperatu zuen garaian, Damaskora jo zuen Rezonek eta Damaskoko eskualdeaz nagusitu zen. 25 Salomon bizi izan zen artean, Israelen etsai izan zen Rezon hura.

Hadadek ere kalte handiak egin zituen; gorroto izan zuen Israel. Edomgo errege izan zen.

Jainkoak Jeroboami emaniko hitza

26 Jeroboam, Salomonen zerbitzaria, Nebaten semea, Tzeredako efraimdarra zen; Tzerua izeneko alargun bat zuen ama. Erregearen kontra jaiki zen Jeroboam. 27 Hona zergatik: Miloko betelana egiten ari zen Salomon eta bere aita Daviden Hiriko harresietako etena ixten. 28 Jeroboam gizon adoretsu eta indartsua zen; gizon gazte hark lana nola egiten zuen ikustean, Salomonek Joseren leinuko langile behartu guztien arduradun ipini zuen. 29 Behinola, Jeroboam Jerusalemdik atera zen batean, Xiloko Ahias profetak aurkitu zuen bidean; soingaineko berria zeraman honek soinean. Biak bakarrik gertatu ziren landan. 30 Ahiasek jantzia zeraman soingaineko berria hartu, hamabi zati egin 31 eta esan zion Jeroboami: «Hartu hamar zati; hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: <Zatitu eginen diot Salomoni erreinua, eta zuri hamar leinu emango. 32 Leinu bakarrarekin geldituko da hura, eta hori ere David ene zerbitzariagatik eta Israelgo hiri guztien artetik hautatu dudan Jerusalem hiriarengatik. 33 Izan ere, utzi egin naute israeldarrek eta sasijainkoak adoratu dituzte: Astarte sidondarren jainkosa, Kemox moabdarren jainkoa eta Milkom amondarren jainkoa. Ez dira nire bideetan ibili, niri atsegin zaidana eginez, nire lege eta erabakiak betez, beren aita Davidek bete zituen bezala. 34 Hala ere, ez diot erreinu osoa kenduko eskutik; bizi den bitartean buruzagitzan eutsiko diot, nik aukeratu nuen David neure zerbitzariagatik; hark bai bete zituela nire aginduak eta legeak. 35 Salomonen semeari kenduko diot erreinua eskutik, eta zuri hamar leinu emango dizkizut. 36 Haren semeari leinu bakarra utziko diot; horrela, neure egoitza izateko aukeratu nuen hirian, Jerusalemen, ene zerbitzari Davidek argi-zuzi bat izanen du beti nire aurrean. 37 Zu, berriz, nahi izango duzun toki guztietako errege egingo zaitut; Israelen errege izanen zara. 38 Nik agindutako guztia betetzen baduzu, nire lege eta aginduak gordez, ene zerbitzari Davidek egin zuen bezala, zeurekin izango nauzu. Errege-etxe iraunkorra emango dizut, Davidi eman niona bezalakoa. Israel emango dizut; 39 horrela apalaraziko ditut Daviden ondorengoak; baina ez betiko> ».

40 Jeroboam hil nahian ibili zen Salomon; hark, ordea, Egiptora egin zuen ihes, Egiptoko errege Xixak-engana, eta han egon zen, Salomon hil arte.

Salomonen heriotza


41 Salomonen gainerako jardunak, egin zuen guztia eta haren jakinduria «Salomonen Kronika» liburuan daude idatziak. 42 Berrogei urtez izan zen Salomon Israel osoko errege Jerusalemen. 43 Hil zenean, bere aita Daviden Hirian ehortzi zuten. Haren ondorengo erregea beraren seme Roboam izan zen.

ISRAELGO ETA JUDAKO ERREINUEN HISTORIA


Sikemgo batzarra


12. atala

aldatu

1 Roboam Sikemera joan zen, Sikemen batzartua baitzegoen Israel herri osoa, bera errege izendatzeko. 2 Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomonengandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuen arren, Egipton gelditu zen. 3 Baina etortzeko dei egin zioten. Orduan, Jeroboam, israeldar biltzar osoarekin, Roboamengana joan zen, esatera:

4--135301423 aita Salomonek uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zizkigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.

5 Roboamek erantzun zien:

--Zoazte orain, eta itzul zaitezte etzi.

Eta jendeak alde egin zuen.

6 Roboam erregeak galdetu zien, beraren aita Salomon bizi zelarik haren zerbitzari izaniko kontseilariei:

--Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot jende honi?

7 Kontseilariek erantzun zioten:

--Zeure herriaren zerbitzari egiten bazara, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8 Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi ziren eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9--Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar nioke, gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan jende horri?

10 Erregearekin batera hazi ziren gazte haiek erantzun zioten:

--Hona zer erantzun behar zeniokeen, zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun jende horri: «Nire atzamar txikia lodiago da gure aitaren gerria baino. 11 Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdin muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12 Hiru egunen buruan etorri zen Jeroboam, herri osoarekin, Roboamengana, beronek esana baitzien itzultzeko. 13 Erregeak oso zakar erantzun zion herriari, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe, 14 eta gazteek emana ziotenari jarraiki. Hau esan zion jendeari: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15 Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari, halaxe erabakia baitzuen Jaunak, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

Erreinua erdibitua


16 Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:

«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!

Ez dugu parterik nahi Jeseren semearekin!

Zeuen etxoletara, israeldarrok!

Zaindu zeuk zeure etxea, David!»

Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17 Halere, Roboamek jarraitu zuen Judako hirietan bizi ziren israeldarren errege izaten.

18 Lanera behartuen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek; baina israeldar guztiek harrika eman zioten eta hil egin zuten. Orduan, igo zen bizkor Roboam erregea bere gudu-gurdira eta Jerusalemera joan zen ihesi. 19 Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

20 Israeldarrek, Jeroboam itzulia zela jakin zutenean, biltzarrera deitu eta Israel osoaren errege izendatu zuten. Daviden errege-etxeari Juda leinuak beste inork ez zion jarraitu.

21 Roboamek, Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen: aukerako ehun eta laurogei mila gizon ziren gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuen Salomonen seme Roboamek, erreinua berreskuratzeko. 22 Baina Jainkoak honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi: 23 «Esaiozu Salomonen seme eta Judako errege Roboami, bai eta Juda eta Benjaminen leinuetakoei eta gainerako jendeari ere: 24 <Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena> ».

Aditu zuten Jaunaren hitza eta itzuli egin ziren, Jaunak esan bezala.

25 Jeroboamek gotortu egin zuen Sikem hiria Efraimgo mendialdean eta bertan gelditu zen. Gero, handik irten eta Penuel gotortu zuen.

Jeroboamen bekatua

26 Jeroboamek honela zioen bere baitan: «Oraindik ere Daviden ondorengoak nagusi daitezke erreinu osoaz. 27 Nire erreinuko jende hau opariak eskaintzeko Jerusalemera, Jaunaren etxera, igotzen bada, Judako errege Roboamengana, lehengo bere jaunarengana, itzuli egingo da jende honen bihotza. Orduan, hil egingo naute eta Judako errege Roboamengana itzuliko dira».

28 Hala, Jeroboam erregeak, aholku eskatu ondoren, bi zekor-irudi egin zituen eta esan zion jendeari: «Aurrerantzean ez duzue Jerusalemera igo beharrik. Israel herri, hona hemen Egiptotik atera zintuen Jainkoa!»

29 Zekor bat Betelen kokatu zuen eta bestea Danen. 30 Honek guztiak bekatura eragin zion jendeari. Herria bi zekor haietariko baten atzetik joan zen Daneraino.

31 Jeroboamek kultu-lekuak egin zituen muinoetan eta, haietarako, Lebiren ondorengoak ez ziren apaizak izendatu zituen jende artetik.

32 Jeroboamek, gainera, Judan egin ohi zenaren antzeko jai bat egin zuen zortzigarren hilabeteko hamabotgarren egunean. Betelen ere bera igo zen aldarera, berak egindako zekor-irudiei opariak eskaintzera, eta bertan izendatu zituen berak eginiko kultu-lekuetako apaizak.

Betelgo kultua gaitzetsia


33 Zortzigarren hilabeteko hamabosgarren egunean, bere kasketaz asmatua zuen jaiegunean, Betelen eraikitako aldarera igo zen Jeroboam. Israeldarrentzat antolatu zuen jai hura, aldarera intsentsua erretzera igoz.

13. atala

aldatu

1 Jeroboam aldarean intsentsua erretzen ari zela, Jainkoaren gizon bat heldu zen, Jaunaren aginduz, Judatik Betelera. 2 Eta Jaunaren aginduz, deiadar egin zuen aldarearen kontra, esanez: «Aldarea, aldarea! Hau dio Jaunak: <Daviden ondorengoen artean seme bat jaioko da; Josias deituko diote. Zure gainean intsentsua erretzen duten kultu-lekuetako apaizak hil eta eskaini egingo ditu zure gainean. Giza hezurrak erreko dituzte zure gainean!> »

3 Egun hartan bertan, ezaugarri bat eman zuen Jainkoaren gizonak, esanez: «Honetan igarriko duzue Jaunak hitz egin duela: Zartatu egingo da aldarea eta lurrera isuriko gainean duen errautsa».

4 Jainkoaren gizonak Betelgo aldarearen aurka oihukatu zuen mehatxua entzutean, Jeroboam erregeak aldare gainetik besoa luzatu eta agindu zuen: «Harrapa ezazue!» Baina Jainkoaren gizonaren aurka luzatutako besoa gogortu egin zitzaion eta ezin izan zuen bildu. 5 Aldarea zartatu egin zen eta errautsa aldaretik behera isuri, Jainkoaren gizonak, Jaunaren aginduz, emaniko ezaugarriaren arabera.

6 Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:

--Bare ezazu, otoi, Jauna, zeure Jainkoa; eskatu berari nire alde, besoa bere onera itzul dakidan.

Jainkoaren gizonak baretu zuen Jauna eta besoa bere onera etorri zitzaion erregeari, lehen bezalaxe geldituz. 7 Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:

--Zatoz gurera zerbait jatera. Eskuerakutsi bat egin nahi nizuke.

8 Jainkoaren gizonak, aldiz, erantzun zion erregeari:

--Zeure ondasunen erdia emango bazenit ere, ez nintzateke zurekin joango, ez eta ogirik jango, ez urik edango ere toki honetan. 9 Izan ere, agindu hau eman dit Jaunak: «Ez jan ogirik, ez edan urik, ez itzuli lehen joan zaren bidetik».

10 Horrela, bada, beste bide batetik joan zen, Betelera etortzeko hartu zuen bidetik itzuli gabe.

Jainkoaren gizonak esana bete ez

11 Bazen Betelen profeta zahar bat. Jainkoaren gizonak egun hartan Betelen egin zuena adierazi zioten semeek aitari; bai eta gizon hark erregeari esan ziona ere. 12 Aitak galdetu zien semeei:

--Zein bidetatik joan da?

Ikusia zuten semeek zein bidetatik joan zen Judatik etorririko Jainkoaren gizon hura. 13 Aitak agindu zien semeei:

--Txalmatu iezadazue astoa!

Astoa txalmatu ziotenean, gainean jarri 14 eta Jainkoaren gizonaren bila abiatu zen. Zuhaitz handi baten itzalean eseria aurkitu zuen eta galdetu zion:

--Zu al zara Judatik etorri den gizona?

Hark erantzun:

--Neu nauzu.

15 Orduan, lehenengoak:

--Zatoz nirekin etxera, zerbait jatera.

16 Jainkoaren gizonak ihardetsi zuen:

--Ezin naiz itzuli, ez eta joan ere zurekin. Ez dut ogirik jango, ez urik edango toki honetan, 17 Jaunak hau agindu baitit: «Ez jan ogirik han, ez edan urik, ez itzuli joan zaren bide beretik».

18 Beste profetak, alabaina:

--Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura».

Gezurra zioen. 19 Baina Jainkoaren gizonak profetarekin joan eta haren etxean jan zuen ogia eta edan ura.

Jainkoaren gizona gaitzetsia

20 Hortan, mahaian zeudelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion itzularazi zuen profeta zaharrari, 21 eta honela egin zion oihu Judatik etorritako Jainkoaren gizonari:

--Hona zer dioen Jaunak: «Ez duzu egin Jaunaren esana; ez duzu bete Jaunak, zeure Jainkoak, eman zizun agindua. 22 Itzuli egin baitzara eta debekatu nizun tokian jan duzu ogia eta edan ura. Horregatik, zure gorpua ez dute zure gurasoen hilobian lurperatuko».

23 Jan eta edan ondoren, itzularazi zuen profeta zaharrak Jainkoaren gizonari astoa txalmatu zion 24 eta joan egin zen hau. Lehoia atera zitzaion bidean eta hil egin zuen gizona. Gorpua bidean etzana gelditu zen, astoa eta lehoia alde banatan zituela. 25 Bide hartatik zihoazen gizon batzuk, gorpua lurrean eta lehoia aldamenean ikustean, profeta zaharra bizi zen hirira joan ziren aditzera ematera.

26 Gizon hura itzularazia zuen profeta zaharrak, berri hori jakitean, esan zuen: «Jainkoaren gizona da! Ez du bete Jaunaren agindua, eta Jaunak lehoiaren atzaparretara eman du; lehoiak zatikatu eta hil egin du, Jaunak aurrez esana zion bezala».

27 Gero, esan zien bere semeei:

--Txalmatu iezadazue astoa!

Txalmatu ziotenean, 28 joan egin zen. Eta han aurkitu zuen hilotza lurrean, astoa eta lehoia aldamenean zutik zituela. Lehoiak ez zuen gorpua jan, ez eta astoa zatikatu ere. 29 Profeta zaharrak Jainkoaren gizonaren gorpua hartu, asto gainera jaso eta eraman egin zuen. Hirira itzulirik, hiletak egin eta lur eman zion. 30 Bere hilobian ehortzi zuen gorpua eta negar egin zion, esanez: «Ai, ene anaia!» 31 Lur eman ondoren, esan zien bere semeei:

--Ni hil nadinean, ehortz nazazue Jainkoaren gizona ehortzia dagoeneko hilobian. Ezarri nire hezurrak haren hezurren ondoan. 32 Beteko da bai mehatxua, Betelen dagoen aldarearen kontra eta Samariako hirietan dauden muinoetako kultu-leku guztien kontra gizon hark, Jaunaren aginduz, oihukatu zuen mehatxua.

Jeroboamen bekatua

33 Gertakari honen ondoren, Jeroboamek, bere jokabide okerretik aldendu ordez, kultu-lekuetako apaizak herriko jende xehearen artetik hartzen jarraitu zuen. Kargu hori gogoko zuen edonor sagaratu ohi zuen kultu-lekuetako apaiz izateko. 34 Honetan datza Jeroboamen errege-etxearen bekatua; horregatik desegin eta suntsiarazi zuten lur gainetik.

Jeroboamen semearen heriotza

14. atala

aldatu

1 Aldi hartan gaixotu egin zitzaion Jeroboami bere seme Abias. 2 Jeroboamek esan zion emazteari:

--Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta. 3 Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.

4 Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen. 5 Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».

6 Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion:

--Sar zaitez Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean. 7 Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez. 8 Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez. 9 Zure aurretik izan direnek baino gaiztakeria handiagoa egin duzu, sasijainkoak eta irudiak eginez, ni haserrearazteko. Niri, berriz, bizkarra eman didazu. 10 Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala. 11 Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak». 12 Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa. 13 Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu. 14 Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan 15 astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrearazi. 16 Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.

17 Orduan, Jeroboamen emaztea joan egin zen, eta Tirtza hirira heltzean, etxeko atetik sartzen ari zelarik, mutikoa hil egin zen. 18 Ehortzi zuten eta Israel osoak egin zion dolu, Jaunak bere zerbitzari Ahias profetaren bidez esana zuen bezala.

Jeroboamen heriotza


19 Jeroboamen gainerako jardunak, izan zituen guduak eta nola gobernatu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 20 Hogeita bi urtez izan zen Jeroboam errege. Hil zen, eta haren ondorengo erregea beraren seme Nadab izan zen.

Judako errege Roboam


21 Judan Salomonen seme Roboam zen errege. Berrogeita bat urte zituen Roboamek errege izaten hastean, eta hamazazpi urtez izan zen errege Jerusalemen, Jaunak Israelgo leinu guztien artetik bere egoitza jartzeko hautatu zuen hirian. Roboam erregearen amak Naama zuen izena eta amondarra zen.

22 Judakoek gaizki jokatu zuten Jaunaren begietan. Egin zituzten bekatuez, beren gurasoek baino askoz gehiago haserrearazi zuten Jauna. 23 Kultu-lekuak, zutarri eta zutoin sakratuak egin zituzten muino guztien gailurretan eta zuhaitz hostotsu guztien azpian. 24 Lurralde hartan baziren prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak. Israeldarren aurretik Jaunak bota zituen jentilen likiskeria guztiak egin zituzten.

25 Roboamen erregealdiaren bosgarren urtean, Egiptoko errege Xixak Jerusalemi erasotzera etorri zen 26 eta Jaunaren etxeko eta erregearen jauregiko altxorrez jabetu. Dena harrapatu zuen, bai eta Salomonek eginiko urrezko babeskiak ere. 27 Hauen ordez, Roboamek brontzezko babeskiak egin eta jauregiko sarrera zaintzen zuen taldearen buru zirenei utzi zizkien. 28 Erregea Jaunaren etxera joaten zen aldi bakoitzeko, zaintzaile-taldeak babeskiak hartu ohi zituen, eta gero berriro zaintzaile-gelara ekartzen.

29 Roboamen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 30 Roboam eta Jeroboamen artean etengabeko borroka izan zen.

31 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Roboam, bere arbasoen ondoan. Amak Naama zuen izena eta amondarra zen. Ondorengo erregea Roboamen seme Abiam izan zen.

Abiam, Judako errege


15. atala

aldatu

1 Nebaten seme Jeroboamen erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Abiam Judako errege izaten. 2 Hiru urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Maaka zuen izena eta Absalomen alaba zen. 3 Aitak eginiko bekatu guztiak egin zituen Abiamek ere; honen bihotza ez zen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, haren arbaso Daviden bihotza izana zen bezala. 4 Hala ere, Davidengatik bederen, Jaunak, haren Jainkoak, ez zuen errege-etxearen argia itzaltzen utzi Jerusalemen; seme bat eman zion, beraren ondoren errege izan zedin eta Jerusalemen iraun zezan. 5 Izan ere, zuzen jokatua zen David Jaunaren begietan, bere bizitzako egun orotan Jaunaren aginduetatik aldendu gabe, Urias hititaren arazo hartan izan ezik.

6 Roboam eta Jeroboam erregeek beren artean etengabeko borroka egin zuten, bizi izan ziren artean.

7 Abiamen gainerako jardunak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Abiam eta Jeroboamen artean ere izan zen borroka.

8 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Abiam. Ondorengo erregea haren seme Asa izan zen.

Asa, Judako errege


9 Israelgo errege Jeroboamen erregealdiko hogeigarren urtean hasi zen Asa Judako errege izaten. 10 Berrogeita bat urtez izan zen errege Jerusalemen. Amak Maaka zuen izena eta Absalomen alaba zen. 11 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Asak, bere arbaso Davidek bezala. 12 Bota egin zituen lurralde hartatik prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak eta kendu bere aurrekoek eginiko idolo guztiak. 13 Bere ama Maakari berari ere ama-erreginari zegokion duintasuna kendu zion, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi eta Zedron errekan erre zuen. 14 Baina kultu-leku haiek ez ziren zeharo desagertu; hala ere, Asak zintzo jokatu zuen Jaunaren aitzinean bere bizitza osoan. 15 Jaunaren etxera eraman zituen bere aitak eta berak eginiko eskaintzak: zilarra, urrea eta ontziak.

16 Asa eta Israelgo Baxaren artean etengabeko borroka izan zen. 17 Israelgo errege Baxak, Juda borrokatzera etorri zelarik, Rama gotortu zuen, Judako errege Asaren joan-etorriak eragozteko. 18 Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten: 19 «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut eskuerakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

20 Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten. 21 Hau jakin zuenean, Baxa Tirtzan gelditu zen, Rama gotortzeari utzirik.

22 Orduan, Asak Judako biztanle guztiei, batere utzi gabe, dei egin eta Baxak Rama gotortzeko erabili zituen harri eta oholak eraman zituzten, Benjamingo Geba eta Mitzpa gotortzeko. 23 Asaren gainerako jardunak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik. 24 Hil zenean, bere arbaso Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Josafat izan zen.

Nadab, Israelgo errege

25 Judako Asaren erregealdiaren bigarren urtean hasi zen Jeroboamen seme Nadab Israelgo errege izaten. Bi urtez izan zen Israelgo errege. 26 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aitarenaren antzeko jokabidea hartuz, eta Israeli hark bezalako bekatuak eginaraziz.

27 Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak. 28 Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hil zuen Baxak Nadab, eta bera jarri zen errege, haren ordez. 29 Errege izaten hastean, Baxak Jeroboamen etxeko guztiak hilarazi zituen. Ez zuen Jeroboamen etxeko bat ere utzi hil gabe, halaxe esana baitzuen Jaunak Xiloko Ahias bere zerbitzariaren bidez. 30 Izan ere, bekatu egina zen Jeroboam, bai eta Israeli eginarazia ere, Jauna, Israelen Jainkoa, haserrearaziz.

31 Nadaben gainerako jardunak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 32 Asa eta Israelgo errege Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.

Baxa, Israelgo errege

33 Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Baxa, Ahiasen semea, Israel osoko errege izaten Tirtzan; hogeita lau urtez izan zen errege. 34 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Jeroboamen antzeko jokabidea hartuz eta Israeli hark bezalako bekatua eginaraziz.

16. atala

aldatu

1 Jaunak hitz hau zuzendu zion Hananiren seme Jehuri Baxaren kontra: 2 «Nik jaso zaitut hautsetatik eta ene herri Israelen buruzagi egin; hala ere, Jeroboamen jokabide bera hartu duzu eta bekatu eginarazi diozu ene herri Israeli, bekatu horiez ni haserrearaziz. 3 Horregatik, ezabatu egingo zaitut, bai eta zure errege-etxea ere. Nebaten seme Jeroboamen errege-etxea utzi nuen egoera berean utziko dut zurea ere. 4 Zure etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».

5 Baxaren gainerako jardunak, egin zuen guztia eta ekintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 6 Hil zenean, Tirtzan ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Ela izan zen.

7 Hona zergatik zuzendu zuen Jaunak hitz hura Baxaren eta beronen etxekoen aurka, Hananiren seme Jehu profetaren bitartez: alde batetik, Jeroboamen etxekoek bezalaxe, Jaunari atsegin ez zaion guztia egin zuelako, bere egintzengatik Jauna haserrearaziz; Jeroboamen etxekoek bezalaxe; bestetik, Jeroboamen etxekoak suntsitu zituelako.

Ela, Israelgo errege

8 Judako Asaren erregealdiko hogeita seigarren urtean hasi zen Baxaren seme Ela Israelgo errege izaten Tirtza hirian. Bi urtez izan zen errege. 9 Zerbitzari zuen Zimri, gudu-gurditeri erdiaren buruzagia, erregearen kontra oldartu zen. Erregea Tirtzan zegoen, Tirtzako jauregizaina zen Artzaren etxean, edaten eta mozkorturik. 10 Hortan, sartu zen Zimri eta hil egin zuen Ela. Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtea zen. Zimri jarri zen errege, Elaren ordez. 11 Errege-aulkian eseri bezain agudo, Baxaren etxeko guztiak hilarazi zituen; ez zuen utzi bizirik ez gizasemerik, ez ahaiderik, ez adiskiderik. 12 Jaunak Baxaren aurka Jehu profetaren bidez esan bezala, Zimrik Baxaren etxe osoa suntsitu zuen, beraz. 13 Izan ere, Baxak eta beronen seme Elak bekatu asko eginak zituzten eta Israeli eginaraziak, idolo hutsal haiek eginez, eta horrela Jauna haserrearazia zuten.

14 Elaren gainerako jardunak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

Zimri, Israelgo errege

15 Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtean egin zen errege Zimri; zazpi egunez izan zen errege Tirtzan. Gudarostea, aldi hartan, filistearren hiri Gibeton setiatzen ari zen. 16 Borrokan ari zelarik, gudarosteak jakin zuen Zimrik erregearen kontra oldartu eta hil egin zuela. Egun hartan bertan, kanpalekuan, Israel osoak Omri gudalburua izendatu zuen Israelgo errege. 17 Gibetondik alde egin eta Tirtza setiatu zuen Omrik, gudaroste osoarekin. 18 Hiria hartua zutela ohartzean, jauregiko dorrera sartu eta su eman zion Zimrik eta bertan hil zen. 19 Eginak zituen bekatuengatik gertatu zitzaion hori, Jaunari atsegin ez zaiona egin baitzuen, Jeroboamen jokabide bera hartuz, hark egina zuen eta Israeli eginarazia zion bekatu bera eginez.

20 Zimriren gainerako jardunak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak; han aipatzen da beronen altxamendua ere.

Omri, Israelgo errege

21 Israel herria bitan banandu zen: erdiak Ginat-en seme Tibni izendatu zuen errege; beste erdiak, berriz, Omriri jarraitu zion. 22 Omriren aldeko jendea, ordea, Ginaten seme Tibniren aldekoari nagusitu zitzaion. Tibni hil egin zen eta Omri errege bihurtu. 23 Judako Asaren erregealdiko hogeita hamaikagarren urtea zen Omri Israelgo errege izaten hasi zenean. Hamabi urtez izan zen errege eta horietatik sei Tirtzan. 24 Gero, Samaria mendixka erosi zion, ia hirurogeita hamar kilo zilar ordainduz, Xemer zeritzan bati. Mendixka gotortu eta hiri bat eraiki zuen; Samaria deitu zion, mendixkaren jabe izan zen Xemerren izena ezarriz.

25 Omrik ere Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere aurrekoek baino okerrago jokatu zuen. 26 Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera hartu zuen, hark egin eta Israeli eginarazi zizkion bekatu berak eginez.

27 Omriren gainerako jardunak eta ekintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 28 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Omri. Ondorengo erregea haren seme Akab izan zen.

Akab, Israelgo errege


29 Judako Asaren erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Omriren seme Akab Israelgo errege izaten. Hogeita bi urtez izan zen errege Samarian. 30 Omriren seme Akabek bere aurreko guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan. 31 Nebaten seme Jeroboamen bekatu berak egitea aski ez eta, Sidongo errege Etbaalen alaba Jezabel-ekin ezkondu zen. Baal sasijainkoa adoratu zuen eta beraren aitzinean ahozpeztu zen. 32 Jauretxea eraiki zion Baali Samarian eta aldarea ezarri bertan. 33 Axera jainkosaren ohorezko zutoin sakratua ere ezarri zuen. Honela jokatuz, bere aurretik Israelgo errege izan ziren beste guztiek baino gehiago haserrearazi zuen Jauna, Israelen Jainkoa.

34 Aldi hartan berean, Betelgo Hiel-ek Jeriko berreraiki zuen; oinarriak bota zituenean bere seme zaharrena, Abiram, galdu zuen, eta ateak ezarri zituenean, bere seme gazteena, Segub. Honela bete zuen Jaunak Nun-en seme Josueren bitartez esana.

ELIAS PROFETA ETA ISRAELGO ERREINUA


Eliasek lehortea iragarri

17. atala

aldatu

1 Galaad eskualdean zegoen Tixbe herriko Eliasek esan zion Akab erregeari: «Ala Jauna, Israelen Jainkoa! Haren zerbitzari nauzu ni. Horra, ez du ihintzik, ez euririk egingo hurrengo urteetan, nik agintzean baizik».

Elias Kerit errekara joan

2 Jaunak honela hitz egin zion Eliasi: 3 «Abia zaitez hemendik, zoaz ekialderantz eta gorde zaitez Jordan ibaiaz bestaldera dagoen Kerit erreka inguruan. 4 Errekatik edango duzu, eta zuri bertan jaten emateko agindu diet beleei».

5 Beraz, Elias abiatu eta, Jaunak agindu bezala, Jordan ibaiaz bestaldera dagoen Kerit errekan gelditu zen. 6 Beleek goizean ogia eta haragia ekarri ohi zioten, eta orobat arratsean ere, eta errekatik edaten zuen ura. 7 Aldi baten buruan, ordea, agortu egin zen erreka, lurralde hartan ez baitzuen euririk egin.

Elias eta Sareptako alarguna

8 Jaunak honela hitz egin zion Eliasi: 9 «Ea, zoaz Sidongo Sareptara eta geldi zaitez bertan bizitzen. Zuri jaten emateko agindu diot hango emakume alargun bati»

10 Elias Sareptara joan zen. Hiriko ateetatik sartzean, emakume alargun bat ikusi zuen egurra biltzen. Dei egin eta esan zion:

--Ekardazu, arren, antosinean ur-pixka bat, edan dezadan.

11 Emakumea ur bila zihoanean, Eliasek dei egin eta esan zion:

--Ekardazu, arren, ogi-puska bat ere.

12 Emakumeak ihardetsi zion:

--Ala Jauna, zure Jainkoa! Ez dut batere ogirik; eskutada bat ogi-irin baizik ez dut katiluan, eta olio pittin bat pitxerrean. Zotzak biltzen ari nintzen, neure semearentzat eta biontzat ogi-pixka bat egin, jan eta gero hil gaitezen.

13 Eliasek esan zion:

--Ez izan beldurrik. Joan eta egin esan duzuna; baina egidazu aurrena niri sutopiltxo bat eta ekarri. Gero, egingo duzu semearentzat eta biontzat. 14 Hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: «Ogi-irin-katilua ez da hustuko, ez eta oliontzia agortuko ere, Jaunak lur gainera euria egin dezan arte».

15 Joan zen, bada, emakumea eta egin zuen Eliasek esana. Eta luzaroan jan ahal izan zuten Eliasek, emakumeak eta beronen semeak. 16 Ogi-irin-katilua ez zen hustu, ez eta oliontzia agortu ere, Jaunak Eliasen bidez esana zuen bezala.

Elias eta alargunaren semea

17 Aldi baten buruan, etxekoandre haren semea gaixotu egin zen, oso larriki gaixotu ere, arnasarik gabe gelditzeraino. 18 Emakumeak esan zion Eliasi:

--Ez dut zurekin deus ere nahi, Jainkoaren gizon! Nire errua oroitaraztera eta nire semea hilaraztera etorri al zara?

19 Eliasek erantzun:

--Emadazu semea.

Hartu zion haurra magaletik, eraman zuen gora, bera bizi zen gelara, eta bere ohean etzan zuen. 20 Ondoren, honela egin zion dei Jaunari: «Jauna, ene Jainkoa, ni bere etxean hartu nauen alargun hau ere atsekabetu egin behar al duzu, semea hilaraziz?» 21 Gero, etzan zen hiru aldiz haurraren gainean eta dei egin zion Jaunari, esanez: «Jauna, ene Jainkoa, otoi, etor dakiola bizi-arnasa haur honi». 22 Entzun zuen Jaunak Eliasen deia eta etorri zitzaion bizi-arnasa haurrari eta birpiztu egin zen. 23 Eliasek, orduan, haurra hartu, etxe goiko gelatik jaitsi eta amari eman zion. Eliasek esan zuen:

--Hona! Bizi da zure semea!

24 Emakumeak erantzun zion Eliasi:

--Orain badakit Jainkoaren gizona zarena, eta zuk diozuna egiaz Jaunaren hitza dena.

Elias eta Baalen profetak

18. atala

aldatu

1 Handik luzarora, lehortearen hirugarren urtean, honela hitz egin zion Jaunak Eliasi: «Zoaz Akab erregeagana; euria eginarazi behar dut lur gainera».

2 Elias Akabengana joan zen. Gosete handia zen Samarian.

3 Akabek Obadiasi, jauregizain nagusiari, dei egin zion. Obadias honek begirune handia zion Jaunari. 4 Jezabel erregina Jaunaren profetak suntsitzen ari izan zenean, Obadiasek ehun profeta hartu eta leizeetan gorde zituen berrogeita hamarnako taldetan, ura eta ogia eramanez.

5 Behin batez, Akabek esan zion Obadiasi:

--Ibil zaitez lurraldean zehar, iturri eta erreka guztiak ikusiz, ea larrerik aurkitzen dugun geure zaldi eta mandoei bizirik eusteko. Bestela, kito gure abereak!

6 Erdibanatu zuten lurraldea, ikustera joateko. Akab bide batetik joan zen eta Obadias beste batetik, nor bere aldetik. 7 Obadias bere bidetik zihoalarik, Elias atera zitzaion. Ezagutu zuen Obadiasek eta, lurreraino ahozpeztuz, esan zion:

--Ene jauna, ez al zara zu Elias?

8 Eliasek erantzun:

--Bai, Elias naiz. Zoaz eta esan zeure nagusiari: «Hemen da Elias».

9 Obadiasek ihardetsi zuen:

--Zein oker egin dizut, ni Akaben eskuetara emateko? Hil nazan nahi al duzu? 10 Ala Jauna, zure Jainkoa! Hamaika lurralde eta erreinutara bidali izan du Akabek jendea zure bila. Eta nonbait bertan ez zinela esaten ziotenean, zin eginez baieztatu behar izaten zion lurralde edo erreinu hark ez zintuela aurkitu. 11 Eta orain, joan eta nire nagusiari: «Hemen da Elias» adierazteko esango didazu, bada? 12 Izan ere, ni zuregandik aldendu orduko Jaunaren espirituak eraman egingo zaitu ez dakit nora eta ikusi zaitudala Akabi esan eta aurkitzen ez bazaitu, hil egingo nau. Izan gogoan gaztetandik diodala begirune Jaunari. 13 Ez al dizute zuri, ene jaun horri, adierazi Jezabel erregina Jaunaren profetak suntsitzen ari izan zenean zer egin nuen? Jaunaren ehun profeta gorde nituen leizeetan, berrogeita hamarnako taldetan, ogiz eta urez janarituz. 14 Eta orain, joan eta nire nagusiari «Hemen da Elias» adierazteko esango didazu, bada? Hil egingo nau!

15 Eliasek erantzun:

--Bere zerbitzari nauen Jaun ahalguztiduna bizi dela bezain egia da, ni gaur bertan agertuko naizela Akaben aurrera.

16 Obadiasek joan eta dena jakinarazi zion Akabi. Orduan, Akab Eliasengana joan zen. 17 Elias ikusi zuenean, esan zion Akabek:

--Hona hemen Israeli zorigaitza dakarkiona!

18 Eliasek ihardetsi:

--Ez naiz ni Israeli zorigaitza dakarkiona. Zu eta zure senitartekoak bai zaretela, Jaunaren aginduak baztertu dituzuelako, Baal idoloen ondoren joateko. 19 Bil itzazu israeldar guztiak niregana Karmel mendian, bai eta Jezabelen mahaian jaten duten Baal sasijainkoaren laurehun eta berrogeita hamar profetak eta Axera jainkosaren laurehunak ere.

20 Bilarazi zituen Akabek bai israeldar guztiak, bai profetak Karmel mendian. 21 Orduan, Eliasek herri osoarengana hurbildu eta esan zion:

--Noiz arte ibili behar duzue bi doinutara dantzan? Jauna Jainko baldin bada, jarraitu Jaunari, eta Baal Jainko baldin bada, jarraitu Baali!

Herriak ez zuen hitzik ere erantzun.

22 Eliasek, orduan:

--Jaunaren profeten artetik ni bakarra gelditu naiz; Baalen profetak, berriz, laurehun eta berrogeita hamar dira. 23 Bekarzkigute bi zekor. Aukera bezate horiek bat, zatikatu eta ezar bezate egur-sortaren gainean, baina surik eman gabe. Nik ere horixe bera eginen dut beste zekorrarekin: egur-sortaren gainean ezarri, baina surik eman gabe. 24 Orduan, zuek zeuen jainkoari dei egingo diozue; nik, berriz, Jaunari egingo diot dei. Sua bidaliz erantzungo duen Jainkoa izanen da egiazko Jainkoa.

Herri osoak erantzun zuen:

--Ederki esana!

25 Orduan, Eliasek esan zien Baalen profetei:

--Aukera ezazue zekorra eta prestatu zuek aurrena, zuek baitzarete ugarien. Egin dei zeuen jainkoari, baina ez eman su. 26 Hartu zuten, bada, eman zieten zekorra, prestatu zuten eta goizetik eguerdiraino Baali deika ari izan ziren, esanez: «Baal, erantzun!» Han ez zen, ordea, inolako ahotsik, ez eta erantzungo zuenik. Dantzan ari izan ziren, egina zuten aldarearen inguruan.

27 Eguerdian iseka egiten hasi zitzaien Elias, esanez:

--Egizue dei ozenkiago! Jainkoa duk, eta oso lanpetua egongo duk, edo alde egin beharra izango zian edota bidaian izango duk. Behar bada, lo egongo duk eta iratzarri beharra izanen dik.

28 Haiek, orduan, deiadar handiagoak egiten zituzten eta, ohi zutenez, ebakiak egiten zizkioten beren buruari ezpataz eta zulakariz, gorputzean behera odola zeriela gelditzeraino. 29 Eguerdi ostean, beren profetagintzan jarraitu zuten arratsaldeko oparia eskaintzeko ordurarte; han ez zen, ordea, inolako ahotsik izan, ez eta erantzun-arrastorik ere.

30 Orduan, esan zion Eliasek herri osoari:

--Hurbil zakizkidate!

Herri osoa hurbildu zitzaion. Desegina zegoen Jaunaren aldarea berreraiki zuen Eliasek. 31 Hartu zituen hamabi harri, Jakoben --Jaunak «Israel izango duzu izena» esan zion haren-- ondorengoen leinu bakoitzeko bana, 32 eta harri haiez aldarea eraiki zuen Jaunarentzat. Aldarearen inguru guztian hogeita hamarren bat litro har zezakeen erretena egin ondoren, 33 antolatu zuen egurra, zatikatu zuen zekorra eta gainean ezarri. 34 Orduan, agindu zuen:

--Bete urez lau ontzi eta isuri erre-oparigai eta egurraren gainera.

Eta gero:

--Berriz ere bai!

Halaxe egin zuten berriro ere. Gero, esan zuen:

--Hirugarren aldiz!

Eta hirugarren aldiz egin zuten. 35 Han zihoan ura aldare inguru guztian, erretena betetzeraino.

36 Arratsaldeko oparia eskaintzeko orduan, Elias profetak aurreratu eta esan zuen: «Jauna, Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoa, adieraz ezazu gaur zu zarela Israelen Jainkoa, ni zure zerbitzaria naizela eta zure aginduz egin ditudala gauza hauek guztiak. 37 Erantzun iezadazu, Jauna, erantzun! Ikus dezala herri honek, Jauna, zu zarela Jainkoa, eta zuk itzularaziko diozula bihotza zeuregana».

38 Orduan, Jaunak sua bidali zuen eta dena kiskali: erre-oparigaia, egurra, bai eta harriak eta errautsa ere, eta erreteneko ura idortu egin zuen. 39 Hau ikustean, herri osoa lurreraino ahozpeztu zen, esanez: «Jauna da Jainkoa! Jauna da Jainkoa!»

40 Eliasek esan zuen:

--Harrapa itzazue Baalen profetak! Ez dezala batek ere ihes egin!

Harrapatu zituztenean, Kixon errekara jaitsarazi eta lepoa moztu zien Eliasek.

Lehortearen bukaera

41 Gero, Eliasek esan zion Akabi:

--Zoaz jatera eta edatera, zaparrada handi baten hotsa sumatzen da.

42 Hala, Akab jatera eta edatera joan zen; bitartean, Karmel mendiaren gailurrera igo zen Elias eta ahozpeztu, aurpegia belaun artean jarriz. 43 Orduan, agindu zion bere mutilari:

--Igo eta begira itsasaldera.

Igo zen mutila eta esan zuen:

--Ez dago ezer.

Eliasek zazpi bider esan zion itzultzeko. 44 Zazpigarrenean morroiak esan zuen:

--Esku-arra beteko laino koxkor bat dator itsasaldetik.

Eliasek esan zion:

--Igo eta esaiok Akabi atontzeko gudu-gurdia eta jaisteko, zaparradak bidea itxi baino lehen.

45 Zerua geroz eta ilunago jarri zen, hodei eta aldagoi-haizearen eraginez, eta izugarrizko erauntsia egin zuen. Akab gudu-gurdira igo eta Izreelera joan zen. 46 Jaunaren indarrak eraginik, Elias jantzia gerrian lotu eta lasterka joan zen Akaben aurretik Izreeleraino.

Elias Horeb mendirantz

19. atala

aldatu

1 Akabek Jezabeli adierazi zion Eliasek egin zuen guztia eta Baalen profetak oro ezpataz hilarazi zituela. 2 Orduan, Jezabelek mezularia igorri zion Eliasi, esatera: «Zigor nazatela gogor jainkoek, bihar ordu berean bizia kentzen ez badizut, zuk profeta haiei kendu diezun bezala».

3 Beldurtu zen Elias eta ihesi joan, bere bizia salbatzeko. Judako Beer-Xebara heltzean, bertan utzi zuen bere mutila. 4 Bera, berriz, basamortuan aurrera joan zen eta egun osoan ibili. Azkenean, ipuru baten azpian eseri zen. Heriotza opa zion bere buruari. Hau zioen: «Aski da! Orain, Jauna, hartzazu ene bizia, ez bainaiz ni neure gurasoak baino hobea».

5 Gero, etzan zen eta loak hartu zuen ipuru haren azpian. Hortan, aingeru batek ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan!»

6 Begiratu zuen Eliasek eta horra non ikusten dituen, bere buru aldean, harri goritu baten gainean erretako sutopila eta antosin bat ur. Jan eta edan ondoren, etzan egin zen berriro. 7 Itzuli zen bigarren aldiz Jaunaren aingerua, ukitu eta esan zion: «Jaiki eta jan, oso bide luzea baituzu».

8 Jaiki zen Elias, jan eta edan zuen, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zen, Horeb-eraino, Jaunaren mendiraino. 9 Hara heltzean, leize-zulo batera sartu eta bertan eman zuen gaua.

Jaunak honela egin zion hitz:

--Zertan zaude hemen, Elias?

10 Eliasek erantzun:

--Jauna, Jainko ahalguztiduna, zureganako maiteminak erretzen nau, israeldarrek zurekiko ituna hautsi dutelako, zure aldareak hondatu eta zure profetak ezpataz hil dituztelako. Ni bakarra gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko.

11 Jaunak, orduan:

--Irten eta egon zutik mendian, Jaunaren aitzinean; Jauna igaroko da.

Jaunaren aurretik haize zakar indartsuak jo zuen; mendiak urratu eta haitzak zartatzen zituen. Jauna, ordea, ez zen haize hartan. Haizearen ondoren lurrikara izan zen; Jauna, ordea, ez zen lurrikara hartan. 12 Lurrikararen ondoren, sua; Jauna, ordea, ez zen su hartan ere. Suaren ondoren, zuzmur apal baten hotsa. 13 Entzun zuenean, Eliasek aurpegia estali zuen bere soingainekoaz; gero, irten eta zutik gelditu zen leizearen ahoan, eta ahots batek galdegin zion:

--Zertan zaude hemen, Elias?

14 Eliasek erantzun:

--Jauna, Jainko ahalguztiduna, zureganako maiteminak erretzen nau, israeldarrek zurekiko ituna hautsi dutelako, zure aldareak hondatu eta zure profetak ezpataz hil dituztelako. Ni bakarra gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko.

15 Jaunak esan zion:

--Tira, itzul zaitez zeure bidetik, basamortuan barrena, Damaskoraino. Hara heltzean, gantzutu Hazael Siriako erregetzat. 16 Gantzutu Nimxiren seme Jehu Israelgo erregetarako. Gantzutu Abel-Meholako Xafaten seme Eliseo, zure ondorengo profeta izan dadin. 17 Hazaelen ezpatari ihes egin diezaiona Jehuk hilko du, eta Jehuren ezpatari ihes egin diezaiona Eliseok hilko du. 18 Hala ere, utziko ditut batzuen batzuk neuretzat Israelen: zazpi mila gizon, Baalen aurrean belaunikatu ez diren guztiak, musu eman ez dioten guztiak.

Eliseori deia

19 Joan zen handik Elias eta Xafaten seme Eliseo aurkitu zuen goldean; hamabi idi-pare zituen aurretik, Eliseok hamabigarrena zeramalarik. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota zion Eliseori gainera. 20 Eliseo, orduan, idi-parea utzirik, Eliasen ondoren joan zen lasterka, eta esan zion:

--Uztazu, arren, aitamei agur esaten, eta joango naiz zure ondoren.

Eliasek erantzun:

--Zoaz, baina itzul zaitez. Oroitu zer egin zaitudan.

21 Aldendu zen Eliseo Eliasengandik, hartu zuen idi-parea eta oparitzat eskaini zuen; idien uztarriaz sua egin eta erre zuen okela eta jaten eman zion jendeari. Jaiki zen gero eta Eliasi jarraitu zion morroi bezala.

Siriarren kontrako borroka

20. atala

aldatu

1 Siriako errege Ben-Hadadek bere gudaroste osoa bildu zuen. Hogeita hamabi errege, zaldiak eta gudu-gurdiak berekin zituela, Samaria hiria inguratu eta erasotzera igo zen. 2 Mezulariak igorri zizkion hiri barnera Akabi, Israelgo erregeari, 3 mezu honekin: «Hau dio Ben-Hadadek: Neuretzat nahi ditut zure zilar eta urreak, zure emakumeak eta semerik ederrenak».

4 Israelgo erregeak erantzun zion: «Nahi duzuna, ene errege jauna; zeurea nauzu ni, bai eta dudan guztia ere».

5 Mezulariak berriro etorri ziren, esanez: «Hau dio Ben-Hadadek: Lehen ere eman dizut aditzera: Niri eman behar dizkidazu zeure zilar eta urreak, zeure emakume eta semeak. 6 Beraz, bihar ordu berean, neure zerbitzariak bidaliko ditut, zure eta zure zerbitzarien etxeak araka ditzaten. Begiko duzun guztiari eskua erantsi eta hartu egingo dute».

7 Israelgo erregeak lurraldeko arduradun guztiei dei egin eta esan zien:

--Garbi ikusten duzue gizon horrek kalte egin nahi didana. Eta hori, neure emakume eta semeak, neure zilar eta urreak ukatu ez dizkiodalarik.

8 Arduradunek eta herri osoak erantzun zioten:

--Ez iezaiozu entzun, ez onartu.

9 Orduan, erantzun zien erregeak Ben-Hadaden mezulariei:

--Esaiozue ene errege jaunari: «Lehenbizi eskatu zenidana egingo dut; baina orain eskatzen didazuna ezin dut egin».

Mezulariek eraman zioten erantzuna Ben-Hadadi.

10 Ben-Hadadek, berriz, beste erantzun hau igorri zion: «Zigor nazatela gogor jainkoek, nirekin diren lagun hauek Samaria horretatik eskukada bana hartzeko adina hauts gelditzen bada».

11 Israelgo erregeak ihardetsi zion:

--Esaiozue hau: «Ez harrotu borrokara joatean, borrokatik itzultzean baizik».

12 Ben-Hadad, beste erregeekin batera, oihal-etxoletan edaten ari zen erantzun hau hartu zuenean. Orduan, agindu zien bere ofizialei: «Eraso!» Eta Samaria hiriari erasotzeko prestatu ziren.

Akaben garaipena


13 Hortan, profeta bat hurbildu zitzaion Israelgo errege Akabi, eta esan zion:

--Hau dio Jaunak: «Ikusten al duzu jendetza handi hori? Zeure eskura emango dizut gaur. Horrela jakingo duzu ni naizela Jauna».

14 Akabek esan zuen:

--Noren bidez?

Profetak erantzun:

--Hau dio Jaunak: «Eskualdeburuen laguntzaile diren gazteen bidez».

Akabek berriro:

--Nork ekingo dio borrokari?

Profetak erantzun:

--Zuk.

15 Zenbatu zituen Akabek eskualdeburuen laguntzaile ziren gazte haiek: berrehun eta hogeita hamabi. Ondoren, israeldar gudarosteko gainerako jendea zenbatu zuen: zazpi mila gizon ziren.

16 Eguerdian, Ben-Hadad, bere laguntzaile zituen hogeita hamabi erregeekin batera, horditu arte oihal-etxoletan edaten ari zen bitartean, irtenaldi bat egin zuten israeldarrek, 17 eskualdeburuen laguntzaile haiek aurretik zituztela. Zer ote zen ikustera bidali zituen batzuk Ben-Hadadek eta honela jakinarazi zioten:

--Gizon batzuk atera dira Samariatik.

18 Ben-Hadadek esan zuen:

--Bake-asmoz atera baldin badira, atzeman itzazue bizirik; borroka-asmoz atera badira ere, atzeman itzazue bizirik.

19 Atera ziren, bada, eskualdeburuen laguntzaile gazte haiek gudarostea ondoren zutela, 20 eta bakoitzak aurrean jarri zitzaiona hil zuen. Siriarrek ihes egin zuten, israeldarrak atzetik zituztela. Siriako errege Ben-Hadadek ere ihes egin zuen zaldiz, beste zaldun batzuekin batera. 21 Atera zen Israelgo erregea ere, triskatu zuen zalditeria eta gudu-gurditeria eta izugarrizko hondamendia egin zien siriarrei.

22 Hurbildu zitzaion profeta Israelgo erregeari eta esan zion:

--Sendo ezazu gudarostea eta begira ongi zer egin; izan ere, urte bete barru, berriro erasoko dizu Siriako erregeak.

Siriarrek berriro eraso. Profeta berriro mintzo

23 Ofizialek esan zioten Siriako erregeari:

--Mendietako jainkoa dute israeldarrek beren jainko. Horregatik izan dira gu baino indartsuago. Borroka ditzagun, beraz, lautadan; baietz izan orduan gu haiek baino indartsuago! 24 Hauxe egin behar zenuke: errege horiek beren tokietatik kendu eta horien ordez gudalburuak ezarri. 25 Bil ezazu galdu zenuena bezain indartsua izanen den gudarostea, bai eta zaldiak eta gudu-gurdiak ere, lehen bezain ugari, eta lautadan borrokatuko gara. Baietz izan gu haiek baino indartsuago!

Aditu zien erregeak eta halaxe egin zuen.

26 Hurrengo urtean, beraz, zenbatu zituen Ben-Hadadek siriarrak, eta Afek-era igo zen Israel borrokatzera. 27 Zenbatu zituzten israeldarrak ere, eman zizkieten beren janariak, eta siriarrei aurre egitera abiatu ziren. Aurrez aurre kanpatu ziren israeldarrak eta siriarrak. Hauek zelaia bete gudari ziren; haiek, aldiz, bi ahuntz-talde ziruditen.

28 Orduan, Jainkoaren gizon batek Israelgo erregeagana hurbildu eta esan zion:

--Hau dio Jaunak:«Siriarrek diotenez, mendietako jainkoa naiz ni, ez lautadakoa. Hara bada, zeure eskura emango dizut jendetza hori. Horrela jakinen dute ni naizela Jauna».

29 Zazpi egunez egon ziren aurrez aurre kanpatuak. Zazpigarren egunean ekin zioten borrokari, eta israeldarrek ehun mila siriar hil zituzten egun hartan. 30 Gainerakoek Afek hirira egin zuten ihes; baina harresia hogeita zazpi mila gizon haien gainera erori zen. Ben-Hadadek berak ere hiri hartara egin zuen ihes eta gelaz gela ezkutatzen ibili behar izan zuen. 31 Ofizialek esan zioten:

--Aditua dugu Israelgo erregeak bihotz onekoak direla. Irten gaitezen Israelgo erregeagana soinean zakua jantzirik eta lepoan soka loturik. Baliteke zu bizirik uztea.

32 Halaxe, bada, soinean zakua jantzi eta lepoan soka loturik, heldu ziren Israelgo erregeagana eta esan zioten:

--Hau diotsu zeure zerbitzari Ben-Hadadek: «Otoi, utz nazazu bizirik».

Akabek galdetu zuen:

--Bizi al da, bada, oraindik? Neure anaia dut!

33 Seinale ona iruditu zitzaien gizon haiei hori eta, erregeari hitza hartuz, esan zioten:

--Bai, anaia duzu Ben-Hadad.

Orduan, Akabek:

--Ekardazue.

Etorri zitzaion, beraz, Ben-Hadad eta Akabek bere gudu-gurdira igo zuen. 34 Ben-Hadadek esan zion:

--Itzuli egingo dizkizut gure aitak zuenari kendu zizkion hiriak. Gainera, antola ditzakezu Damaskon zeure salmenta-tokiak, gure aitak Samarian antolatu zituen bezala.

Akabek erantzun:

--Baldintza hauekin, joaten utziko dizut.

Horrela, bada, egin zuen harekin hitzarmena eta joaten utzi zion.

Profeta batek Akab gaitzetsi

35 Profeta-talde bateko gizon batek esan zion, Jaunaren aginduz, bere lagunetariko bati:

--Jo nazazu, arren!

Lagunak, ordea, ez zuen jo nahi izan.

36 Orduan, lehenengoak esan zion:

--Jaunaren agindua bete ez duzulako, niregandik alde egitean, lehoiak hilko zaitu.

Halaxe, lagun hura, joan zenean, lehoiak harrapatu eta hil egin zuen. 37 Profeta berak, gero, beste lagun bat aurkitu eta esan zion:

--Jo nazazu, arren!

Lagun honek, bai, jo eta zauritu zuen. 38 Orduan, bidera atera zen profeta, erregeari itxarotera. Ezin zitzaion igarri nor zen, begiak zapi batez estaliak baitzituen. 39 Erregea igarotzean, honela egin zion oihu profetak:

--Ni, zure zerbitzari hau, borrokaren erdian ari nintzela, gudutik kanpora zetorren batek preso bat eman zidan eskura, esanez: «Zaindu gizon hau! Ihes egiten badik, heure biziaz erantzun beharko duk; edota, bestela, zilarrezko hiru mila txanpon ordaindu». 40 Baina ni honetan eta hartan nenbilen bitartean, desagertu egin zitzaidan gizon hura.

Israelgo erregeak erantzun zion:

--Zeuk eman duzu zeure epaia.

41 Profetak erantzi zuen berehala begiak estaltzen zizkion zapia, eta Israelgo erregeak antzeman zion profetetariko bat zela. 42 Orduan, esan zion profetak erregeari:

--Hau dio Jaunak: «Zuk hiltzea nahi nuen gizonari ihes egiten utzi diozu. Horregatik, zeure bizia eman beharko duzu harenaren ordez, eta zeure herria harenaren ordez».

43 Israelgo erregea Samariako bere etxera joan zen, goibel eta haserre.

Naboten mahastia

21. atala

aldatu

1 Hona zer gertatu zen hurrengo batean. Bazuen Izreelgo Nabotek mahasti bat Izreelen, Samariako errege Akaben jauregi ondoan. 2 Akab honela mintzatu zitzaion Naboti:

--Emadazu zeure mahastia, neuretzat baratze bat egin dezadan, nire etxe ondoan baitago. Ordainetan, mahasti hobea emanen dizut; nahiago baduzu, berriz, zilarretan ordainduko dizut.

3 Nabotek erantzun zion Akabi:

--Ez diezadala Jaunak utzi gure arbasoengandiko ondarea zuri ematen!

4 Akab etxera goibel eta haserre joan zen, Izreelgo Nabotek arbasoengandiko ondarea eman nahi izan ez ziolako. Eta ohean etzan zen, aurpegia gorderik, deus ere jan gabe. 5 Jezabel emaztea etorri zitzaion, esanez:

--Zer duzu goibel egoteko? Zergatik ez duzu ezer ere jan nahi?

6 Erregeak erantzun:

--Izreelgo Naboti esan diot bere mahastia diru truk niri saltzeko edota, nahiago bazuen, beste mahasti bat emango niola berearen ordez. Baina ez didala emango bere mahastia erantzun dit.

7 Jezabel emazteak, orduan:

--Ez ote zara, bada, zu Israelgo erregea? Jaiki zaitez, jan, poztu barru hori. Nik emanen dizut Izreelgo Naboten mahastia.

8 Jezabelek Akaben izenean gutun batzuk idatzi, erregearen zigiluz jo eta Naboten hiri berean bizi ziren arduradun eta handikiei igorri zizkien. 9 Hau idatzi zuen gutunetan: «Agindu ezazue baraualdia egiteko. Eserarazi Nabot biltzarraren aurrean; 10 bai eta bi gizon maltzur-gaizto ere Naboten aurrean, eta egin dezatela testigantza hau Naboten aurka: <Jainkoa eta erregea madarikatu dituzu!> Gero, atera ezazue Nabot eta emaiozue harrika hil arte».

11 Hiri hartako jendeak eta bertan bizi ziren arduradun eta handikiek bete zuten Jezabelek bidalitako gutunetan idatzi zien agindua. 12 Agindu zuten baraualdia egiteko eta eserarazi zuten Nabot biltzarraren aurrean; 13 gero, bi gizon maltzur-gaizto etorri eta Naboten aurrean jarri ziren. Maltzur-gaizto haiek testigantza hau egin zuten Naboten kontra herriaren aurrean: «Jainkoa eta erregea madarikatu ditu Nabotek!» Hiritik kanpora atera eta harrikatu egin zuten hil arte. 14 Orduan, oharra bidali zioten Jezabeli: «Harrikatu dugu Nabot, eta hil da».

15 Nabot harrikatu eta hil zutela jakitean, Jezabelek esan zion Akabi:

--Jaiki eta egin zaitez Izreelgo Nabotek diru truk ere eman nahi izan ez zizun mahastiaren jabe. Ez da bizi Nabot, hil da.

16 Hala, Nabot hila zela jakin zuelarik, jaiki eta Izreelgo Naboten mahastira jaitsi zen Akab, haren jabe egiteko.

Akab eta Jezabelentzat zigorra iragarri Eliasek

17 Orduan, Jauna honela mintzatu zitzaion Tixbeko Eliasi: 18 «Jaitsi zaitez Samarian Israelgo errege den Akabengana. Naboten mahastian dago, beronen jabe egiteko jaitsi baita bertara. 19 Mintza zakizkio honela: <Hau dio Jaunak: Gizon bat hil eta, gainera, harenaz jabetu? Hara, bada: Zakurrek Naboten odola miaztatu duten toki berean miaztatuko dute zure odola ere> ».

20 Akabek esan zion Eliasi:

--Orain ere harrapatu al nauzu, etsai halako horrek?

Eliasek erantzun:

--Bai, harrapatu zaitut, bada; egon ere beti prest baitzaude Jaunari atsegin ez zaiona egiteko. Horregatik, hau dio Jaunak: 21 «Hara, zoritxarra bidaliko dizut; desagerraraziko ditut zure ondorengoak eta suntsituko Akaben etxeko gizasemeak oro, libre nahiz esklabo, Israel osoan. 22 Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren senitarteetakoei egin niena bera eginen diet zure senitartekoei ere, haserrearazi nauzulako eta Israeli bekatu eginarazi diozulako». 23 Eta Jezabeli buruz hau dio Jaunak: «Zakurrek irentsiko dute Jezabel Izreelgo landan. 24 Akaben etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute, eta landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».

25 .

27 Akabek, hitz hauek aditzean, urratu zituen bere jantziak, hartu zuen soinean zakua eta barau egin zuen. Zakua erantzi gabe etzaten zen eta buru-apal zebilen.

28 Orduan, honela mintzatu zitzaion Jauna Tixbeko Eliasi: 29 «Ikusi al duzu nola apaldu den Akab nire aurrean? Hara, nire aurrean apaldu denez gero, zoritxarra ez diot bera bizi den artean bidaliko, bere semearen egunetan bidali diot zoritxarra haren senitarteari».

Akabek Galaadeko Ramot hiria berreskuratu nahi


22. atala

aldatu

1 Hiru urtetan ez zen borrokarik izan siriarren eta israeldarren artean. 2 Hirugarren urtean, Judako errege Josafat Israelgo erregea ikustera jaitsi zen.

3 Israelgo erregeak esana zien bere funtzionarioei:

--Badakizue Galaadeko Ramot hiria geurea dugula. Zertan gaude, bada, hemen geldirik, Siriako erregeari kendu gabe?

4 Beraz, hau galdetu zion Josafati:

--Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramot hiriari erasotzera?

Josafatek erantzun zion Israelgo erregeari:

--Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea, nire zalditeria eta zurea ere bai.

5 Eta erantsi zion:

--Egiozu lehenbizi kontsulta Jaunari.

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri


6 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun inguru, eta galdegin zien:

--Joango al naiz Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egingo dut?

Profetek erantzun zioten:

--Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.

7 Josafatek, ordea, galdetu zuen:

--Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?

8 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati:

--Bai, bada beste gizon bat: Mikaias, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean.

Josafatek esan zuen:

--Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.

9 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:

--Bizkor, etorrarazi Mikaias, Imlaren semea!

10 Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean. 11 Haietarik batek, Kenaanaren seme Tzidkias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte».

12 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emanen dizu Jaunak hiria!»

Mikaias profetak hondamendia iragarri


13 Bitartean, Mikaiasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:

--Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.

14 Mikaiasek erantzun:

--Ala Jauna! Berak esango didana iragarriko dut.

15 Mikaias heldu zenean, esan zion erregeak:

--Mikaias, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, ala utzi egin behar dugu?

Mikaiasek erantzun:

--Eraso! Onik aterako zara. Nola ez dizu, bada, eskura emanen Jaunak hiria?

16 Erregeak, orduan:

--Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?

17 Mikaiasek erantzun:

«Mendietan barreiatua

ikusi dut Israel osoa,

artzainik gabeko ardiak bezala.

Hona zer dioen Jaunak:

<Ez du jaberik jende horrek,

itzul bedi nor bere etxera bakean> ».

18 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:

--Ez al dizut esan ez didala gizon honek ezer onik iragartzen, txarra baizik?

19 Mikaiasek, berriz, honela jarraitu zuen:

--Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut nik Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin bere ondoan zutik zituela. 20 Hau zioen Jaunak: «Nork komentzituko ote luke Akab, Galaadeko Ramoti eraso diezaion, bera bertan eror dadin?» Batek gauza bat zioen, besteak bestea. 21 Orduan, aurreratu zen espirituetariko bat, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk komentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?» 22 Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan, esan zion: «Komentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela». 23 Beraz, Jaunak zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago erabaki duela zure hondamena.

24 Orduan, Kenaanaren seme Tzidkiasek masailakoa eman zion Mikaiasi, esanez:

--Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko?

25 Mikaiasek erantzun:

--Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean.

26 Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen:

--Heldu Mikaiasi! Eraman hiri-gobernari Amonengana eta Joax printzearengana. 27 Eta esan hau agintzen dudala: giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtuak, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte.

28 Mikaiasek erantzun zuen:

--Benetan zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire bidez hitz egin.

Akab guduan hil


29 Israelgo erregea eta Judako errege Josafat igo ziren, bada, Galaadeko Ramoti erasotzera. 30 Israelgo erregea honela mintzatu zitzaion Josafati:

--Nik jantziak aldatuko ditut borroka hasteko; zuk jarraitu zeure errege-jantziekin.

Israelgo erregea, beraz, jantziz aldatu eta borrokara abiatu zen. 31 Siriako erregeak agindu hau emana zien bere gudu-gurditeriaren hogeita hamabi arduradunei: «Ez eraso inori, ez txiki, ez handiri, Israelgo erregeari baizik».

32 Horrela, bada, gudu-gurditeriaren arduradunek Josafat ikustean esan zuten:

--Hori izango da, segur aski, Israelgo erregea!

Eta haren kontra oldartu ziren. Baina Josafat deiadarka hasi zen 33 eta gudu-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten. 34 Baina gudari batek jaurtiki zuen gezia itsu-itsuan eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren junturartetik. Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:

--Itzuli eta atera nazazu gudu-zelaitik. Zauritu egin naute. 35 Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; erregeari zutik eutsi behar izan zioten bere gurdian, siriarrei aurre eginez. Zauritik odola zerion gudu-gurdiaren zoluraino. Arratsaldean hil egin zen.

36 Ilunabarrean deiadarra hedatu zen gudu-zelaian: «Nor bere hirira! Nor bere lurraldera!»

37 Erregearen gorpua Samariara eraman zuten eta bertan ehortzi. 38 Gudu-gurdia Samariako uraskan garbitu zuten. Zakurrek miaztatu zuten Akaben odola eta emagalduak uraska hartan garbitu ziren, Jaunak esan bezala.

39 Akaben gainerako jardunak eta egin zuen guztia, nola eraiki zuen marfilezko etxea eta zenbat hiri gotortu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. 40 Hil zen, bada, Akab eta ondorengo erregea haren seme Akazias izan zen.

Josafat, Judako errege


41 Israelgo errege Akaben erregealdiko laugarren urtean hasi zen Asaren seme Josafat Judako errege izaten. 42 Hogeita hamabost urte zituen Josafatek errege izaten hastean, eta hogeita bost urtez izan zen errege Jerusalemen. Beraren amak Azuba zuen izena eta Xilhiren alaba zen.

43 Bere aita Asaren jokabidea bera hartu zuen denetan Josafatek, ezertan ere okertu gabe. Jaunari atsegin zaiona egin zuen.

44 Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitzen zuen herriak.

45 Bitartean Josafat bakean bizi izan zen Israelgo erregearekin.

46 Josafaten gainerako jardunak, haren egintza adoretsuak eta izan zituen borrokak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

47 Desagerrarazi egin zituen bere aita Asaren garaitik gelditzen ziren prostituzio sakraturako azken gizon eta emakumeak.

48 Aldi hartan ez zen erregerik Edomen; gobernari batek egin ohi zuen errege-ordetza.

49 Josafatek ur handietako itsas untsiak egin zituen Ofirrera urre bila joateko. Baina ezin izan zen joan, ontziak Etzion-Geberreko kaian deseginak gertatu baitziren. 50 Orduan, esan zion Akaben seme Akaziasek Josafati: «Joan daitezela batera zure eta nire itsasgizonak itsas ontzietan». Josafatek, ordea, ez zuen nahi izan.

51 Hil zenean, bere gurasoen ondoan ehortzi zuten Josafat bere arbaso Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Joram izan zen.

Akazias Israelgo errege

52 Judako Josafaten erregealdiko hamazazpigarren urtean hasi zen Akazias Israelgo errege izaten Samarian. Bi urtez izan zen hango errege. 53 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen bere aitaren eta amaren jokabide bera jarraituz; bai eta Israeli bekatu eginarazi zion Nebaten seme Jeroboamen jokabide bera jarraituz ere. 54 Baal zerbitzatu zuen eta beronen aurrean ahozpeztu zen, Jauna, Israelen Jainkoa, haserrearaziz beraren aitak egina zuen bezalaxe.