1. atala
aldatu1Bazen Efraimgo mendialdean Elkana zeritzan Ramako gizaseme bat, Tzufen ondorengoetakoa. Jerohamen semea zen, eta hau Elihurena, eta hau Tohurena, eta hau Tzufena. Elkana efratar leinukoa zen. 2Bi emazte zituen: Ana zeritzan batari, eta Penina besteari. Peninak bazuen seme‑alabarik; Anak, berriz, ez.
3 Urtero igo ohi zen Elkana bere herritik Xilora, Jaun ahalguztidunari gurtza egin eta opariak eskaintzera. Santutegi hartan Hofni eta Pinhas Eliren bi semeak ziren Jaunaren apaiz. 4 Oparia eskaintzen zuen egunean, Elkanak bere emazte Peninari eta honen seme‑alaba guztiei oparigaiaren zati bana eman ohi zien. 5 Anari, berriz, puska berezia eskuratzen zion, oso maitea baitzuen, nahiz eta Jaunak haurrik ematen ez zion. 6 Peninak, arerioak, gogorki iraindu eta nahigabetu ohi zuen Ana, Jaunak haurrik ematen ez ziolako. 7 Eta halaxe urte oroz: Jaunaren etxera igotzeko zen aldi bakoitzeko iraindu ohi zuen. Anak negarrari eman eta jan ere ez zuen egiten.
8 Hortan, honela mintzatu zitzaion Elkana bere senarra:
-Ana, zergatik ari zara negarrez eta ez duzu jaten? Zergatik zaude goibel? Ez al naiz, bada, ni zuretzat hamar seme baino hobe?
9 Xilon otordu sakratua egin ondoren, jaiki zen Ana. Eli apaiza bere aulkian eseria zegoen, Jaunaren etxeko atari aurrean. 10 Ana oso nahigabetua zegoen, eta negar‑malkotan otoitz egin zion Jaunari. 11 Promes hau egin zion: «Jaun ahalguztiduna, begira zeure mirabe honen atsekabeari. Oroit zaitez nitaz. Ez ahaztu zeure mirabe hau. Jauna, semea ematen badidazu, zeuri eskainiko dizut bizitza osorako. Labainak ez du haren ile‑adatsa moztuko».
12 Luze ari izan zitzaion Ana otoitzean Jaunari. Elik, bitartean, ahora begiratzen zion. 13 Ana, ordea, berekiko mintzo zen; ezpainak erabiltzen zituen, bai, baina ez zitzaion ahotsa aditzen. Horregatik, mozkortzat hartu zuen Elik, 14 eta esan zion:
-Noiz arte egon behar duzu mozkor? Bota ezazu barruko ardo hori!
15 Anak ihardetsi zion:
-Ez, ene jauna. Erabat nahigabetua nauzu. Ez dut ardorik edan, ez eta inolako edari mozkorgarririk ere. Neure barrua ustu dut Jaunaren aurrean. 16 Ez nazazu har emakume txartzat. Neure atsekabe handiaz, neure nahigabeaz, mintzatu natzaio Jaunari orain arte.
17 Orduan, esan zion Elik:
-Zoaz bakean, eta eman diezazula Israelen Jainkoak eskatutakoa.
18 Anak, orduan:
-Izan dezadala neurekin zure onginahia.
Joan zen emakumea bere bidetik, eta jan zuen; haren begitarteak ez zirudien lehengoa.
19 Biharamunean goizean jaiki eta, Jaunaren aurrean ahozpeztu ondoren, Ramara itzuli ziren, beren etxera. Elkartu zitzaion Elkana bere emazte Anari, eta oroitu zen honetaz Jauna. 20 Haurdun gertatu zen Ana eta, garaia betetzean, semeaz erdi zen. Samuel eman zion izena, esanez: «Jaunarengandik dut hartua».
21 Elkana, bere etxekoekin, Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta promesa betetzera igo zen hurrengo urtean ere; 22 Ana ez zen igo eta esan zion senarrari:
-Ez naiz joango haurrari bularra kendu arte; orduan, eraman eta Jaunari aurkeztuko diot, eta han geldituko da betiko.
23 Elkanak, senarrak, erantzun zion:
-Egizu egokien iruditzen zaizuna. Geldi zaitez haurrari titia kendu arte. Bete beza Jaunak bere hitza!
Horrela bada, gelditu egin zen emakumea eta bere haurra hazi zuen, bularra kendu arte.
24 Bularra kendu ziolarik, berekin eraman zuen Anak haurra, txikia oraino, Xilora, Jaunaren etxera. Haurrarekin batera, hiru urteko zekorra, anega bat ogi-irin eta zahagi bat ardo eraman zituen. 25 Hil zuten zekorra opari eskaintzeko, eta haurra Eliri eraman zioten. 26 Honela ziotson Anak: «Barka, ene Jauna! Neu nauzu zure aurrean Jaunari otoizka ari izan zitzaion emakumea. 27 Haur hauxe eskatzen nion Jaunari eta eman dit eskatzen niona. 28 Horregatik, Jaunari uzten diot haurra, bizitza osorako Jaunari eskainia izanen da».
Orduan, Jauna gurtu zuen bertan.
}}
2. atala
aldatu1 Anak otoitz hau egin zuen:
«Jaunarengan da ene bihotza pozten,
Jaunak baitit bekokia jasotzen,
nire ahoak etsaiei barre die egiten,
zure laguntzak bainau bozkarioz betetzen.
2 Ez da santurik Jauna bezalakorik,
ez da, izan ere, zu besterik,
ez da harkaitzik gure Jainkoa adinakorik.
3 Ez ugaritu hitzaldi handizaleak,
ez izan harrokeriarik zeuen ahoan;
dena dakien Jainkoa baitugu Jauna,
berak epaitzen ditu egintzak.
4 Hautsi da indartsuen uztaia;
ahulak, berriz, indarrez jantzi dira.
5 Lehen ase zirenek,
orain ogi orde egin behar lan;
gosetuek, aldiz, atseden har dezakete.
Agor zena, haur askoz erdi da;
askoren ama, berriz, agortu.
6 Jaunak ditu heriotza eta bizia ematen,
berak du Herio Leizera jaitsarazten,
berak handik igoarazten.
7 Jaunak du behartsu nahiz aberats egiten,
beheratzen eta goratzen;
8 berak du jende xehea
hautsartetik jasotzen,
behartsua satsetik ateratzen,
handikiekin eser dadin
eta aulki ospetsuan jarri.
Jaunarenak dira lurraren zutoinak,
mundua haien gainean du kokatua.
9 Bere zintzoen urratsak ditu zaintzen,
baina gaiztoak ilunpetan dira galtzen,
ez baitu inork
Jauna bere indarraz garaitzen.
10 Xehatuko ditu Jaunak bere etsaiak,
hauen gainera bidaliko ditu
zerutik trumoiak.
Jaunak du epaituko lur osoa,
bere erregeari emango dio agintea,
jasoko du bere gantzutuaren kopeta».
11 Ondoren, Elkana Ramara itzuli zen, bere etxera. Samuel haurra, berriz, Jaunaren zerbitzari gelditu zen, Eli apaizaren ardurapean.
12 Eliren semeek, maltzur‑gaizto haiek, ez zuten Jauna aintzakotzat hartzen, 13 ez eta herriaren zerbitzurako zuten apaiz‑eginkizuna ere. Norbait oparia eskaintzen ari zelarik, haragia egosten zen bitartean, apaizaren morroia, hiruhortzeko sardexka eskuan zuela etorri, 14 sardexka pertzean nahiz lapikoan, maskeluan nahiz eltzean sartu eta hark sardexkaz ateratako guztia beretzat hartu ohi zuen apaizak. Halaxe egin ohi zieten Xilora etortzen ziren israeldar guztiei. 15 Gantzak erre baino lehen ere, apaizaren morroia etorri eta honela mintzatu ohi zitzaion eskaintzaileari:
-Emadazu haragia, apaizarentzat erre dezadan; ez du hartuko haragi errerik, gordina baizik.
16 Eskaintzaileak erantzuten zion:
-Erre daitezela lehenbizi gantzak, ohi den bezala; hartu gero nahi duzun guztia. Morroiak, aldiz:
-Inola ere ez! Emadazu berehala; bestela, indarrez kenduko dizut.
17 Morroiek hoben izugarria egiten zuten Jaunaren aurka, Jaunari eginiko opariak gutxiesten baitzituzten horrela.
18 Samuelek, berriz, Jaunaren zerbitzuan ziharduen, lihozko soinekoz jantzia. 19 Urte oroz egin ohi zion amak tunika koskor bat eta bertara eramaten, bere senarrarekin urteroko oparia eskaintzera igotzen zenean. 20 Elik Elkana eta beronen emaztea bedeinkatu eta esan ohi zuen: «Eman biezazu Jaunak seme‑alabarik emakume honengandik, Jaunari eskainitakoaren ordez».
Ondoren, beren herrira itzuli ohi ziren. 21 Jaunak onez begiratu zion Anari, eta honek sabelean sortu eta hiru seme eta bi alaba izan zituen. Bitartean, Samuel mutikoa hazten ari zen Jaunarenean.
22 Oso zaharra zen Eli. Jakin zuen bere semeek israeldar guztiei egin ohi zietena, bai eta Jaunarekin elkartzeko etxolaren sarreran zerbitzua egiten zuten emakumeekin etzan ohi zirela ere, 23 eta honela mintzatu zitzaien: «Zergatik ari zarete jendeak adierazi dizkidan gauza izugarri horiek egiten? 24 Ez egin horrelakorik, ene semeok! Ez da batere ona entzuten ari naizena. Jaunaren herria okerbideratzen ari zarete! 25 Gizon batek beste gizon bat iraintzen badu, Jainkoa izan dezake bitarteko; bekatua Jaunaren aurka egiten badu, ordea, nor izan dezake aldeko?»
Hala ere, semeek ez zuten aitaren esana aditu. Izan ere, erabakia zuen Jainkoak haiek hilaraztea.
26 Samuel mutikoa, berriz, hazten ari zen, eta Jainkoak eta gizakiek geroz eta gogokoago zuten.
27 Behin batean, Jainkoaren gizon bat etorri zitzaion Eliri eta honela mintzatu: «Hau dio Jaunak: Garbi aski agertu nintzaion zure arbasoen senitarteari, Egipton faraoiaren esklabo zirelarik. 28 Israelen leinu guztietarik zuen aita hautatu nuen apaizgorako, nire aldarera igo zedin, intsentsua erre ziezadan eta nire santutegian efod delakoa jantzi zezan. Era berean, israeldarrek egindako eskaintza guztietarik beren zatia hartzeko eskubidea eman nien zuen aitaren ondorengoei. 29 Zergatik hartzen dituzu oinpean nire aginduz santutegian egiten dizkidaten opari eta eskaintzak? Zergatik hartzen dituzu zeure semeak aintzakotzat eta ez ni, Israel ene herriak eskainitakoetatik hoberenak hartu eta beraiek gizenduz?
30 «Horregatik, hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Esan nuen, bai, zure etxea eta zure aitaren etxea izanen zela beti nire aurrean zerbitzari. Orain, ordea -dio Jaunak-, ez horrelakorik! Ohoratzen nauena dut ohoratuko; gutxiesten nautenak, aldiz, beheratu egingo ditut. 31 Egun batzuen buruan, hondatu eginen dut zure eta zure aitaren senitartearen agintea. Zure etxean ez da inor zahartzarora helduko. 32 Etsaia ikusiko duzu zeurean; Israel herriari, ordea, dena ongi aterako zaio. Zure etxean, berriz, bakar bat ere ez da zahartzarora inoiz helduko. 33 Hala ere, ez ditut zuretar guztiak egotziko nire aldaretik; horregatik, begiak bekaitzez urtuko zaizkizu eta bizia ahituko. Zure etxeko ondorengoak sasoirik hoberenean hilko dira. 34 Hofni eta Pinhas zure bi semeei gertatuko zaiena izango da ezaugarria: egun berean hilko zaizkizu biak.
35 «Zintzo izango zaidan apaiz bat dut sortaraziko; nire nahiaren arabera du hark jarduungo. Ondorengotza iraunkorra emango diot eta nire gantzutuaren zerbitzuan ibiliko da beti. 36 Zure etxean bizirik gelditzen direnek apaiz horren aurrean ahozpeztu beharko dute, zilarrezko diruren bat edota opilen bat eskatzeko, esanez: <Otoi, uztazu apaiz‑lanen bat egiten, ogi‑puskaren bat jan ahal izan dezadan»>.
3. atala
aldatu1 Samuel mutikoa Jaunaren zerbitzuan ari zen Eliren ardurapean. Jainkoa garai hartan ez zen maiz mintzatzen, eta ikuskaririk ere ez zuen inork sarritan izaten. 2 Gau batez bere gelan zetzan Eli; begiak lausotzen ari zitzaizkion eta ezin zuen ikusi. 3 Jaunaren zuzia ez zen oraino itzalia. Samuel ere lo zegoen Jainkoaren kutxa zegoen Jaunaren santutegian. 4 Jaunak dei egin zion Samueli, eta honek erantzun:
-Hemen nauzu.
5 Lasterka Elirengana joan eta esan zion Samuelek:
-Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Elik ihardetsi zion:
-Ez dizut nik dei egin. Itzul zaitez eta egizu lo.
Joan eta etzan zen lotarako.
6 Jaunak berriro dei egin zion Samueli. Hau jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:
-Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Elik erantzun:
-Ez dizut nik dei egin, ene seme. Itzul zaitez eta egizu lo.
7 Samuelek ez zuen oraindik Jauna ezagutzen, honek ez baitzion bere hitza inoiz ere adierazi. 8 Hirugarren aldiz egin zion dei Jainkoak Samueli. Jaiki eta Elirengana joan zen, esanez:
-Hemen nauzu, dei egin baitidazu.
Antzeman zion Elik Jauna ari zitzaiola deika, 9 eta esan zion mutikoari:
-Zoaz eta egizu lo. Norbaitek berriro dei egiten dizula entzuten baduzu, esan: «Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau».
Itzuli eta lotarako etzan zen Samuel bere tokian. 10 Jaunak, hurbildurik, dei egin zion, lehengoetan bezala:
-Samuel, Samuel!
Samuelek erantzun:
-Mintza zaitez, Jauna, adi duzu zeure morroia!
11 Eta honela mintzatu zitzaion Jauna Samueli: «Hara, zerbait egin behar dut Israelen. Entzungo duten guztiei durundi egingo diete bi belarriek. 12 Eliren etxearen kontra esan dudan guztia beteko dut egun horretan, hasi eta bukatu. 13 Jakinarazi nion bere etxea betiko zigortuko nuela, egin dituzten gaiztakeriengatik. Bazekien bere semeak Jainkoa iraintzen ari zirena, eta ez zituen zuzenarazi. 14 Horregatik, zin egin diot Eliren senitarteari, ezin izango duela sekula bere gaiztakeria garbitu, ez opariak eginez, ez eskaintzak ekarriz».
15 Samuelek lo egin zuen egunsentirarte. Goizean ireki zuen Jaunaren etxeko atea. Baina beldur zen ikuskaria Eliri adierazteko. 16 Eta Elik dei egin zion Samueli:
-Samuel, ene seme.
Samuelek erantzun:
-Hemen nauzu.
17 Eta galdetu zion Elik:
-Zer esan dizu? Ez gorde, arren, deus ere. Zigor zaitzala gogor Jainkoak, esan dizkizun hitzetarik bat ere isiltzen badidazu.
18 Samuelek, beraz, Jaunak esandako guztia jakinarazi zion, deus ere gorde gabe. Elik erantzun zuen:
-Jauna da bera. Egin beza egoki iruditzen zaiona.
19 Hazi zen Samuel, eta berekin zuen Jauna. Ez zen gelditu bete gabe Jaunaren hitz bakar bat ere. 20 Dandik Beer‑Xebaraino, Israel osoak jakin zuen Jaunak bere profeta egina zuela Samuel. 21 Xilon agertuz jarraitu zuen Jaunak, han baitzion hitz egiten Samueli.
4. atala
aldatu1 Eta Samuelen hitza Israel osora heldu ohi zen.
Behin batean, israeldarrek filistearrak borrokatzera joan eta Eben‑Ezer deritzan tokian kokatu zituzten gudu‑etxolak. Filistearrek Afeken kokatu zituzten berenak, 2 eta Israeli erasotzeko prestatu ziren. Handia izan zen gudua, eta israeldarrek ihes egin behar izan zuten filistearren aurrean. Guduketa hartan lau mila gizon inguru erori zen zelaietan barrena.
3 Gudariak etxoletara itzultzean, honela zioten israeldarren buruzagiek: «Zergatik jo ote gaitu gaur Jaunak filistearren eskuz? Ekar dezagun Xilotik Jaunaren itun‑kutxa; ea horrela, gure artean izanik, geure etsaiengandik salbatzen gaituen».
4 Igorri zituzten, bada, gizon batzuk Xilora eta ekarri zuten handik kerubinen gainean eseria dagoen Jaun ahalguztidunaren itun‑kutxa. Jainkoaren itun‑kutxari lagun eginez, Hofni eta Pinhas, Eliren bi semeak, etorri ziren.
5 Jaunaren itun‑kutxa kanpalekuraino heldu zenean, israeldar guztiek deiadar egin zuten oihu handiz, lurrak ere dardar egiteraino. 6 Filistearrek, deiadar hura aditzean, esan zuten: «Zer dute hebertarrek beren etxoletan horrenbesteko deiadarra egiteko?»
Jakin zuten etorria zela kanpalekura Jaunaren kutxa, 7 eta izutu egin ziren. Honela zioten: «Jainkoa etorri zaie kanpalekura. Ai ene! Ez da horrelakorik gertatu orain arte. 8 Ai ene! Nork libratuko gaitu hebertar horien Jainko indartsuaren eskuetatik? Hauxe da egiptoarrak basamortuan era guztietako izurriz jo zituen Jainkoa. 9 Ea, filistearrok, eutsi gogor! Izan gizon eta ez zarete hebertarren menpe egongo, beraiek zuen menpe egon diren bezala. Izan gizon eta ekin guduari!»
10 Ekin zioten, bada, filistearrek erasoari eta menperatu egin zuten Israel. Israeldarrak nor bere etxera joan ziren ihesi. Izugarria izan zen hondamendia: hogeita hamar mila israeldar oinezko erori zen. 11 Filistearrek harrapatu egin zuten Jainkoaren kutxa; Eliren bi semeak, Hofni eta Pinhas, berriz, hilak gertatu ziren.
12 Benjaminen leinuko gizon bat heldu zen lasterka egun hartan gudu-zelaitik Xilora, jantziak urraturik eta burua hautsez estalirik. 13 Gizon hura zetorrenean, Eli ate ondoan zegoen aulki batean eseria, bidera begira, Jaunaren kutxaz guztiz kezkatua. Gizon hark hirian sartu eta berria eman zuen; hiri osoa oihuka hasi zen. 14 Aditu zuen Elik oihua eta esan zuen:
-Zer dela‑eta ari dira garrasika?
Etorri zen bizkor gizona eta gertatuaren berri eman zion Eliri. 15 Elik laurogeita hemezortzi urte zituen eta begiak itsuturik; ezin zuen ikusi. 16 Gizonak esan zion Eliri:
-Gudu-zelaitik nator; gaur bertan egin dut ihes handik.
Elik galdegin zion:
-Zer gertatu da, ene seme?
17 Albistariak erantzun:
-Israeldarrek ihes egin behar izan dute filistearren aurrean, eta hondamena izugarria izan da gure gudarostean. Zure bi seme Hofni eta Pinhas ere hilak dira, eta harrapatu egin digute Jainkoaren kutxa.
18 Jainkoaren kutxa aipatu zionean, Eli aulkitik atzeraka ate ondora erori, garondoa hautsi eta hil egin zen, zahartua eta baldartua baitzegoen. Berrogei urtez izan zen Israelen buruzagi.
19 Eliren erraina, Pinhasen emaztea, haurdun zegoen eta haurra izateko zorian. Jainkoaren kutxa harrapatu zietela, bere aitaginarreba eta senarra hilak zirela aditu zuenean, kuzkurtu eta haurra izan zuen, erdiminak etorri baitzitzaizkion. 20 Hilzorian zegoelarik, esan zioten inguruan zituen emaginek: «Ez larritu, semea izan duzu».
Emakumeak, ordea, ez zuen erantzun, ez eta jaramonik egin ere. 21 Haurrari Ikabod ezarri zion izena amak, hau da, «Ospegabe», esanez: «Eraman egin dute Israelen ospea». Jainkoaren kutxa harrapatu izanagatik, bere aitaginarreba eta senarrarengatik esan zuen hori. 22 Hau esan nahi zuen: «Eraman egin dute Israelen ospea; Jainkoaren kutxa harrapatu baitute».
5. atala
aldatu1 Filistearrek Jainkoaren kutxa hartu eta Eben‑Ezertik Axdodera eraman zuten. 2 Dagon sasijainkoaren jauretxera sartu eta haren irudi ondoan ezarri zuten. 3 Biharamun goizean Axdodeko biztanleak jaiki zirenean, Dagonen irudia ahozpez eroria zetzan Jaunaren kutxa aurrean. Jaso zuten Dagon eta bere tokian ipini. 4 Hurrengo goizean, jaikitzean, Dagon aurpegiz aurrera lurrean eroria aurkitu zuten berriro, Jaunaren kutxaren aitzinean. Dagonen burua eta bi besoak hautsiak zeuden atarian; soin-enborra baino ez zuen osorik Dagonek. 5 Horregatik, Axdodekoek ez dute gaurdaino oinik jartzen Dagonen jauretxeko atarian, ez Dagonen apaizek, ez eta han sartzen direnek ere.
6 Esku astunez jo zituen Jaunak Axdodeko biztanleak: zigortu eta erlakiztenak aterarazi zizkien Axdodekoei eta inguruetakoei. 7 Honelako izurritea ikusirik, Axdodeko jendeak esan zuen: «Ez dugu behar geure artean Israelen Jainkoaren kutxa, esku astunez jo baikaitu geu eta geure jainko Dagon».
8 Bilarazi zituzten berengana filistearren buruzagi guztiak eta esan zieten:
-Zer egin ote dezakegu Israelen Jainkoaren kutxarekin?
Haiek erantzun:
-Israelen Jainkoaren kutxarekin? Eraman dezatela Gatera.
Eraman zuten, beraz, Israelen Jainkoaren kutxa. 9 Eraman orduko, ordea, izugarrizko ikara sartu zien Jainkoak hiri hartakoei ere. Jo zituen gizonezkoak, txiki hala handi, eta erlakiztenak atera zizkien. 10 Orduan, Ekronera igorri zuten Jainkoaren kutxa. Heldu zenean, Ekrongo jendeak esan zuen oihuka: «Gu eta gure herria hil gaitzan ekarri digute Israelen Jainkoaren kutxa!»
11 Bilarazi zituzten, orduan, filistearren buruzagi guztiak eta esan zieten: «Bidal ezazue Israelen Jainkoaren kutxa. Itzul bedi bere tokira; bestela, hil egingo gaitu geu eta geure herria».
Hiri osoa guztiz izutua zegoen, oso gogor jo baitzituen Jainkoak. 12 Hil ez zirenak erlakiztenez josiak zeuden. Zerurainokoa izan zen hiri hartako oihua.
6. atala
aldatu1 Zazpi hilabete egin zuen Jaunaren kutxak filistearren lurraldean. 2 Filistearrek beren apaiz eta aztiei dei egin eta galdetu zieten:
-Zer egin behar genioke Jainkoaren kutxari? Esaguzue nola itzuli bere tokira.
3 Haiek erantzun zuten:
-Israelen Jainkoaren kutxa itzuli nahi baduzue, ez bidali hutsik; emaiozue zerbait ordain‑oparitzat eta sendatuko zarete. Eta jakinen duzue zergatik ez zuen Jainkoak bere eskua kentzen zuen gainetik.
4 Jendeak galdegin zuen:
-Eta zein ordain‑opari eskaini behar genioke?
Apaizek eta aztiek erantzun:
-Filistearren buruzagiak bost direnez, egin itzazue urrezko bost erlakizten eta urrezko bost arratoi, izurrite berbera jasan behar izan baituzue zuek guztiok eta zuen buruzagiek. 5 Zuek dituzuen erlakiztenen antzeko irudiak egin behar dituzue eta lurraldea hondatu duten arratoien antzekoak. Emaiozue ospe Israelen Jainkoari, ea kentzen duen bere eskua zuen gainetik eta zuen jainkoen eta lurraldearen gainetik! 6 Ez izan burugogor, egiptoarrak eta faraoia izan ziren bezala. Hauek ere utzi egin behar izan zieten joaten hebertarrei, Jainkoak zigortu ondoren. 7 Tira bada! Egizue gurdi berria, jar itzazue uztarrian inoiz lotu gabeko bi behi umetu‑berri eta erantsi gurdiari. Lotu ikuiluan haien txahalak. 8 Hartzazue gero Jaunaren kutxa eta ezarri gurdian. Ordain‑oparitzat emateko eginen dituzuen urrezko irudiak sartu kutxatila batean eta ipini Jaunaren kutxaren ondoan. Utzi orduan gurdiari joaten. 9 Baina egon begira: bere herrirantz, Bet‑Xemexerantz, jotzen badu, bera da halako kalte handia egin diguna; bestela, berriz, jakinen dugu, ez gaituela Jaunaren eskuak ukitu, halabeharrez gertatu zaizkigula baizik.
10 Halaxe egin zuten: txahalak hazten ari ziren bi behi hartu, uztartu eta gurdian lotu zituzten; txahalak, berriz, ikuiluan utzi zituzten. 11 Ezarri zuten, gero, Jainkoaren kutxa gurdi gainean eta urrezko arratoi eta erlakiztenen irudiak zeuzkan kutxatila ere bai.
12 Behiek Bet‑Xemexerako bidetik jo zuten zuzen‑zuzen. Aurrera zihoazen bidez bide, marrumaka, ez ezkerrera, ez eskuinera saihestu gabe. Filistearren buruzagiek Bet‑Xemexeko mugaraino jarraitu zieten.
13 Bet‑Xemexeko jendea garia igitaitzen ari zen haranean; begiak jaso eta kutxa ikustean, biziki poztu ziren. 14 Gurdia, Bet‑Xemexeko Josueren alorrera heldu zenean, gelditu egin zen. Bazen han harri handi bat; puskatu zuten gurdia egurra egiteko, eta behiak egurraren gainean jarri zituzten, Jaunari erre‑oparia eskaintzeko. 15 Lebitarrek eraitsia zuten Jainkoaren kutxa, bai eta honen ondoan zegoen kutxatila ere; honetan zeuden urrezko irudiak. Ezarri zuten kutxa harri handiaren gainean, eta Bet‑Xemexeko jendeak erre‑opariak eta eskaintzak egin zizkion Jaunari egun hartan. 16 Filistearren bost buruzagiak, hori ikusi ondoren, Ekronera itzuli ziren egun berean. 17 Hauek dira filistearrek bekatuaren ordain‑oparitzat Jaunari eskaini zizkioten urrezko erlakiztenak: Axdoden izenean bata, Gazaren izenean bestea, Axkelonen izenean hirugarrena, Gaten izenean laugarrena, Ekronen izenean bosgarrena. 18 Urrezko arratoiak ere bost ziren, filistearren bost buruzagien menpe zeuden hiriak bezainbat, bai hiribilduen, bai harresi gabeko hirien izenean eskainiak. Harri handi hura, zeinaren gainean ezarri baitzuten Jaunaren kutxa, lekuko da gaurdaino Bet‑Xemexeko Josueren alorrean.
19 Jaunak zigortu egin zituen Bet‑Xemexekoak ere, Jaunaren kutxari ikusmiraz begira egon zirelako; herri hartako hirurogeita hamar gizaseme zigortu zituen Jaunak. Atsekabe handia izan zuen herriak, Jaunak oso gogor zigortu zuelako.
20 Eta Bet‑Xemexeko jendeak honela zioen: «Nork iraun dezake zutik Jainko Jaun santu honen aurrean? Nori eramango genioke kutxa gure artetik bidaltzeko?»
21 Orduan, mezulariak igorri zituzten Kiriat‑Jearimgo jendearengana, hau esatera: «Itzuli digute filistearrek Jaunaren kutxa. Jaitsi zaitezte eta eramazue gora, zeuenera».
7. atala
aldatu1 Etorri ziren, beraz, Kiriat‑Jearimgoak eta igo zuten Jaunaren kutxa. Abinadabek muinoan zuen etxean sartu zuten. Ondoren, honen seme Eleazar sagaratu zuten, Jaunaren kutxa zaintzeko.
2 Luzaroan egon zen Jaunaren kutxa Kiriat‑Jearimen, hogei urtez. Israel herri osoa Jaunarenganako irrikaz zegoen. 3 Orduan, honela mintzatu zitzaion Samuel Israel herri osoari: «Jaunarengana bihotz‑bihotzez itzuli nahi baduzue, jaurtiki zeuen artetik sasijainko arrotz guztiak eta Astarteren irudiak; bizi zaitezte Jaunari zeharo emanak eta ez zerbitza bera besterik. Askatuko zaituzte orduan filistearren eskuetatik».
4 Jaurtiki zituzten, beraz, israeldarrek Baalen eta Astarteren irudi guztiak, eta Jauna baizik ez zuten zerbitzatu. 5 Samuelek esan zuen: «Bil ezazue herri osoa Mitzpan eta nik otoitz eginen diot Jaunari zuen alde».
6 Bildu ziren, bada, Mitzpan. Atera zuten ura eta isuri zuten Jaunaren aitzinean. Egun hartan, barau eginez, hau zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren aurka». Samuel israeldarren buruzagi egin zen Mitzpan.
7 Filistearren buruzagiek, israeldarrak Mitzpan bilduak zeudela jakitean, israeldarrei erasotzea erabaki zuten. Hauek, ohartzean, beldurtu egin ziren filistearren aurrean, 8 eta esan zioten Samueli: «Ez utzi Jainko Jaunari gure alde dei egiteari, filistearren eskuetatik salba gaitzan».
9 Hartu zuen orduan Samuelek axuri bat, eta erre‑opari eskaini zion oso‑osorik Jaunari. Samuelek Israelen alde oihu egin eta Jaunak aditu egin zion.
10 Samuel erre‑oparia eskaintzen ari zen bitartean, filistearrak israeldarren aurka borroka egiteko hurbildu ziren. Orduan, Jaunak burrunba handiko trumoiak egin zituen filistearren kontra, izutu eta hondatu egin zituen israeldarren aurrean. 11 Israeldarrak Mitzpatik irten eta filistearren ondoren joan ziren, Bet‑Kar ingururaino erasoz. 12 Samuelek, harri bat harturik, Mitzpa eta Xen artean ipini zuen; toki hari Eben‑Ezer, hau da, «Laguntza‑Harria» eman zion izena, esanez: «Honaino lagundu digu Jaunak».
13 Honela makurrarazi zieten burua filistearrei; joan zitzaien, bai, Israel lurraldean berriro sartzeko gogoa. Izan ere, Samuel bizi izan zen bitartean, gogorra izan zen Jaunaren eskua filistearren kontra. 14 Israelenak izan ziren berriro lehen filistearrek kenduriko hiriak, Ekrondik Gateraino, eta askatu egin zituen Israelek bere eskualde haiek filistearren menpetik. Israeldarrak eta amortarrak ere bakean bizi ziren beren artean aldi hartan.
15 Samuel bere bizitza osoan izan zen israeldarren buruzagi. 16 Urte oroz egin ohi zuen itzulia Betel, Gilgal eta Mitzpan barrena, toki horietan Israel gidatuz. 17 Ondoren, Ramara itzuli ohi zen, han baitzuen bere etxea. Handik gidatu ohi zuen Israel. Aldarea ere eraikia zion han Jaunari.
8. atala
aldatu1 Samuelek, zahartu zenean, bere semeak jarri zituen Israelen buruzagi. 2 Lehen semeari Joel zeritzan, eta bigarrenari Abias; Beer‑Xebatik gidatu ohi zuten herria. 3 Semeak, ordea, ez zebiltzan aitaren bidetik; diruzalekeriari emanak, eskupekoak onartzen zituzten eta epai okerrak egiten. 4 Bildu ziren, orduan, Israelgo zahar guztiak eta Ramara etorri ziren Samuelengana, 5 esatera:
-Zahartua zaude, eta zure semeak ez dabiltza zure bidetik. Izenda iezaguzu, bada, errege bat, gida gaitzan; horixe egiten dute herrialde guztietan.
6 Nahigabetu egin zen Samuel «izenda iezaguzu errege bat, gida gaitzan» esan ziotenean. Eta otoitz egin zion Jaunari. 7 Jaunak erantzun zion: «Onartzazu herriak eskatzen dizun guztia. Ez zaituzte zu gutxiesten; ni naute gutxiesten, ez bainaute errege nahi beren gain. 8 Egiptotik atera nituenetik zapuztu egin naute, jainko arrotzak gurtzeko. Niri egin didatena bera egiten dizute orain zuri. 9 Onartzazu, beraz, haien eskaria; baina jakinarazi argi eta garbi, nolako eskubideak izanen dituen beraien gain aginduko duen erregeak».
10 Adierazi zion, beraz, Samuelek errege eske ari zitzaion herriari Jaunak esandako guztia, 11 eta erantsi zuen: «Hona hemen zuen gain aginduko duen erregearen eskubideak: semeak kenduko dizkizue, bere gurdizain eta zaldizko egiteko; erregearen gurdiaren aurretik ibili beharko dute lasterka. 12 Batzuk mila gizonen buru ipiniko ditu, beste batzuk berrogeita hamar gizonen buru. Batzuek erregearen alorrak goldatu beharko dituzte, beste batzuek uztak igitaitu; beste batzuek, berriz, armak eta gudu-gurdiak egin beharko dizkiote. 13 Alabak ere kenduko dizkizue, bere lurringile, sukaldari eta okin bihurtzeko. 14 Lur-sailik, mahastirik eta olibadirik ederrenak kenduko dizkizue, bere zerbitzariei emateko. 15 Uzta eta mahatsen hamarrenak hartuko dizkizue, bere funtzionario eta zerbitzariei emateko. 16 Zeuen morroi‑neskameak, zeuen gazterik bikainenak eta astorik hoberenak eramango dizkizue, beraren sailetan lan egin dezaten. 17 Artaldeen hamarrenak hartuko dizkizue; zeuok ere bere morroi eginen zaituzte. 18 Egun hartan, oihu egingo duzue, hautatu duzuen erregea dela‑eta; baina Jaunak ez dizue entzungo».
19 Hala ere, herriak ez zion kasurik egin nahi izan Samueli, eta honela ihardetsi zion: «Utikan! Erregea behar dugu; 20 beste herri guztiak bezalakoak izan nahi dugu. Gida gaitzala erregeak, joan dadila gure aurretik gure alde borrokatzera».
21 Aditu zuen Samuelek herriak eskatzen zion guztia eta Jaunari adierazi zion. 22 Jaunak erantzun zion Samueli: «Onar iezaiezu eskaria eta eman erregea».
Orduan, Samuelek esan zien israeldarrei: «Zoazte nor bere herrira».
9. atala
aldatu1 Bazen, aldi hartan, Kix zeritzan gizon handiki bat, Abielen semea, Tzeror, Bekorat eta Afiasen ondorengoetarikoa. Benjaminen leinukoa zen. 2 Bazuen seme bat, Saul izenekoa, mutil aukerakoa eta bikaina; ez zen Israel herrian hura baino lirainagorik: sorbaldaraino heltzen zitzaion beste jende guztia.
3 Aita Kixek, asteme batzuk galdu zitzaizkiolarik, esan zion Saul semeari:
-Hartzak morroi bat eta hoa astemeen bila.
4 Efraimgo mendi eta Xalixako lurretan barrena ibili ziren, baina ez zituzten aurkitu. Arakatu zuten Xaalimgo lurraldea, baina astoak ez zeuden han. Begiratu zuten Jemin lurraldean, baina han ere ez zituzten aurkitu. 5 Tzuf‑en lurretan zebiltzala, esan zion Saulek berarekin zihoan morroiari:
-Itzul gaitezen; honezkero, astoez ahaztua eta gutaz kezkatua izanen da aita.
6 Morroiak erantzun zion:
-Adizu! Bada hiri honetan Jainkoaren gizon ospetsu bat. Horrek dioen bezalaxe gertatu ohi dira gauzak. Goazen berorrengana, ea esaten digun nondik nora ibili.
7 Saulek, orduan, morroiari:
-Goazen, bada. Baina zer emango diogu gizon horri? Ez dugu ogirik geure zorroetan, ez eta eskuerakutsirik ere Jainkoaren gizon horri emateko. Ba al dugu ezer?
8 Morroiak erantzun zion Sauli:
-Nik badut zilarrezko txanpon laurdena; horixe emanen diogu Jainkoaren gizonari, bidea erakuts diezagun.
9 (Antzina, Israelen, Jainkoari kontsulta egitera zihoanak honela esan ohi zuen: «Goazen ikusleagana». Izan ere, orain profeta deritzanari, lehen ikusle zeritzan).
10 Saulek esan zion morroiari:
-Ederki esana. Goazen bada!
Eta Jainkoaren gizona bizi zen hirira jo zuten. 11 Hirirantz aldapan gora zihoazela, hara non ikusten dituzten ur‑bila irten ziren neska batzuk. Honela galdegin zieten:
-Hemen al da ikuslea?
12 Neskek erantzun zieten:
-Bai, hemen da. Hortxe aurrean duzue. Zabiltzate, beraz, bizkor; muinoan herriaren alde oparia eskaini behar duelako etorri da gaur hirira. 13 Hirian sartu eta berehala aurkituko duzue, opari‑otordurako muinora igo dadin baino lehen. Ez da inor jaten hasiko, bera heldu arte, berak bedeinkatu behar baititu opariak, gero gonbidatuek jateko. Igo zaitezte, bada, eta berehala aurkituko duzue.
14 Igo ziren, bada, hiriraino eta, hiriko atetik sartzearekin batera, Samuel agertu zitzaien, muinorantz zihoala. 15 Saul etorri aurreko egunean, jakinarazia zion Jaunak Samueli: 16 «Bihar ordu honetan, Benjamingo gizon bat bidaliko dizut. Horixe gantzutuko duzu, ene herri Israelen buruzagi izateko. Horrek salbatuko du nire herria filistearren menpetik. Ikusi dut, izan ere, ene herriaren atsekabea, eta heldu zait egin didaten oihua».
17 Samuelek Saul ikusi orduko, esan zion Jaunak: «Hona hemen aipatu nizun gizona. Hau izanen da nire herriaren agintaria».
18 Hurbildu zitzaion Saul Samueli hiriko atera, eta esan zion:
-Otoi, esadazu non den ikuslearen etxea.
19 Samuelek erantzun zion Sauli:
-Neu nauzu ikuslea. Igo nire aurretik muinora eta nirekin jango duzue gaur. Bihar goizean utziko dizut joaten, jakin nahi duzun guztia esan ondoren. 20 Ez kezkatu herenegun galdutako astoez, aurkitu baitituzte. Hara, noren irrikaz dago Israel osoa? Zure eta zure aitaren etxe osoaren irrikaz.
21 Saulek ihardetsi zion:
-Zer diozu? Israelgo txikiena den Benjaminen leinukoa baino ez nauzu, eta nire senitartea Benjamingo senitarteetan azkena.
22 Hartu zituen, orduan, Samuelek Saul eta honen mutila, jangelan sarrarazi eta mahaiburuan jarri zituen, bazkaldarren aurrean. Hogeita hamarren bat ziren gonbidatuak. 23 Gero, agindu zion Samuelek sukaldariari:
-Ekarri bereiz ipintzeko eta gordetzeko eman nizun zatia.
24 Sukaldariak izterra eta isatsa ekarri eta Saulen aurrean jarri zituen. Samuelek, orduan:
-Hona hemen gordea zutena, jan. Zuretzat zegoen gordea, abagune honetarako. Horrela, «Nik gonbidatu dut jendea» esan dezakezu.
Beraz, egun hartan Samuelekin jan zuen Saulek. 25 Gero, jaitsi ziren muinotik hirira, eta Samuel hizketan aritu zen Saulekin etxe gainean.
26 Biharamunean goizean goiz jaiki eta, egunsentian, Samuelek dei egin zion etxe gainera Sauli, esanez:
-Jaiki zaitez, agurtu egin behar zaitut eta.
Jaiki zen Saul eta kanpora irten ziren Samuel eta biak. 27 Hiriaren bukaerara jaitsi zirenean, agindu zion Samuelek Sauli:
-Esaiozu morroiari aurrerago joateko.
Morroia aurrerago joan zen. Orduan, Samuelek:
-Zu geldi zaitez hemen pixka batez, Jaunaren esana adierazi behar dizut.
10. atala
aldatu1 Hartu zuen, orduan, Samuelek oliontzia eta Sauli burura isuri zion; gero, besarkatuz, esan zion: «Hara, Jaunak bere herri Israelen buruzagi gantzutu zaitu. 2 Gaur, nire ondotik joan ondoren, bi gizon aurkituko dituzu Rakelen hilobi ondoan, Benjaminen mugetan, Tzeltzahen. Honela mintzatuko zaizkizu: <Agertu dira bila zabiltzan astoak; aita astoez ahaztu eta zuetaz kezkatua dago, bere semea aurkitzeko zer egin ez dakiela> ».
Eta Samuelek jarraitu zuen: 3 «Jo aurrerantz eta, Taborreko arte‑arbolaren aldamenera heltzean, Betelera bidean gora, Jainkoarengana doazen hiru gizaseme aurkituko dituzue: batak hiru antxume eramango ditu, besteak hiru opil eta hirugarrenak ardo‑zahagia. 4 Agurtu eta bi opil emango dizkizuete; hartu. 5 Joan gero Jainkoaren Gibeara, han baitaude filistearren agintariak. Hirira sartu orduko, muinotik beherantz datorren profeta‑taldea ikusiko duzu; profeta‑trantzean aztoraturik etorriko dira, psalteri‑ eta danbolin‑joleak, txirula‑ eta zitara‑joleak aurretik dituztela. 6 Jaunaren espirituak hartuko zaitu zu ere; beste gizon bat bihurtuko zara. 7 Zantzu hauek gertatzean, egin eskura datorkizukeena, zeurekin izanen baituzu Jauna. 8 Jaitsi gero nire aurretik Gilgalera. Ni ere jaitsiko naiz zure ondoren, erre‑opariak eta bake‑opariak eskaintzera. Egon nire zain zazpi egunez, harik eta nik, etorririk, zer egin behar duzun adierazi arte».
9 Samuelen ondotik abiatzeko, bizkarra eman orduko, Jainkoak aldatu egin zuen Saulen bihotza, eta aurreikusitako zantzu haiek guztiak gertatu ziren egun hartan. 10 Handik Gibeara zihoazelarik, hara non datorkien profeta‑taldea. Hartu zuen Saul Jaunaren espirituak eta, besteekin batera, profeta‑trantzean jarri zen bera ere. 11 Aspalditik ezagutzen zutenek, profetekin batera profeta‑trantzean ikusi zutenean, honela ziotsoten elkarri:
-Zer gertatzen ote zaio Kixen semeari? Saul ere profeta artean?
12 Bertako batek zioen:
-Nor ote dute buru?
Ordutik dator esaera hau: «Saul ere profeta artean?»
13 Profeta‑trantzetik atera zenean, muino sakratura joan zen. 14 Saulen osabak galdegin zien:
-Nora joan zarete?
Saulek erantzun zion:
-Astoen bila. Baina ez genituen aurkitzen eta Samuelengana jo genuen.
15 Osabak Sauli:
-Eta zer esan zizuen Samuelek?
16 Saulek osabari:
-Astoak agertuak zirela jakinarazi zigun.
Erreinuaz Samuelek esandakoari buruz, ordea, ez zion deus ere adierazi.
17 Deitu zuen Samuelek jendea Mitzpan Jaunaren aurrean bil zedin, 18 eta honela mintzatu zitzaien israeldarrei: «Hona zer dioen Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik atera nuen Israel Egiptotik, eta nik askatu zintuztedan, zapaltzen zintuzteten egiptoar eta gainerako erreinu guztien menpetik. 19 Zuek, aldiz, gutxietsi egin duzue orain zeuen Jainkoa, berak gaitz eta atsekabe orotatik salbatu zaituzten arren. Honela diozue: <Utikan! Emaguzu erregea!> Jar zaitezte, bada, Jaunaren aurrean leinuka eta senitarteka».
20 Hurbilarazi zituen orduan Samuelek israeldar leinu guztiak eta, zotz eginik, Benjaminen leinuari atera zitzaion. 21 Hurbilarazi zuen Benjaminen leinua senitarteka eta, zotz eginik, Matriren senitarteari atera zitzaion, eta, hauen artean, Kixen seme Sauli. Hasi ziren Saulen bila, baina ez zuten aurkitzen. 22 Honela galdetu zioten berriro Jaunari:
-Etorri al da gizon hori?
Jaunak erantzun zien:
-Tresneria artean dago gordea.
23 Joan ziren lasterka eta atera egin zuten handik. Jendearen artean zutiarazi eta denetan garaiena zen Saul, sorbaldaraino heltzen zitzaion beste jende guztia. 24 Samuel, orduan, honela mintzatu zitzaion herri osoari:
-Ikusten al duzue nor aukeratu duen Jaunak? Herri osoan ez da hau bezalakorik.
Herri osoak, aho batez, oihukatu zuen:
-Gora erregea!
25 Samuelek, orduan, erregetzaren eskubideak zein ziren adierazi zion herriari; idatzi zituen liburuan eta toki sakratu batean Jaunaren aurrean utzi zuen liburua. Ondoren, Samuelek bidali egin zuen herri osoa, nor bere etxera.
26 Saul ere Gibeako bere etxera itzuli zen. Jainkoak bihotza ukitu zien gizon indartsu batzuk Saulekin joan ziren. 27 Baina beste maltzur‑gaizto batzuek honela zioten: «Zera salbatuko gaitu horrek!» Eta muzin egin zioten; ez zioten eskuerakutsirik batere eraman. Saulek, berriz, ezentzuna egin zien.
11. atala
aldatu1 Nahax amondarra Galaadeko Jabex hiriari erasotzen hasi zitzaion. Jabexeko bizilagunek esan zioten Nahaxi:
-Egin dezagun ituna, eta menpeko izanen gaituzu.
2 Nahax amondarrak erantzun zien:
-Eginen dut, bai, zuekin ituna, baina guztioi eskuineko begia ateratzekotan, Israel osoa lotsagarri gerta dadin.
3 Jabexeko buruzagiek eskatu zioten, orduan:
-Emaguzu zazpi eguneko epea, Israel lurralde osora mandatariak bidaltzeko. Lagunduko digunik inor ez bada, zure menpe jarriko gara.
4 Heldu ziren mandatariak Gibeara, Saulen hirira, eta jakinarazi zioten arazoa herriari. Orduan, herri osoa oihuka hasi zen eta negarrez. 5 Une hartantxe zetorren Saul alorretik, idien ondoren, eta galdetu zuen:
-Zer du herriak negar egiteko?
Orduan, Jabexeko jendeak esandakoa adierazi zioten. 6 Hitz haiek aditzen ari zela, Jaunaren espirituak hartu zuen Saul eta amorru bizitan jarri zen. 7 Idi‑parea hartu, laurkitu eta Israel lurralde osora bidali zituen puskak mandatari haiekin, esanez: «Hona zer egingo diegun Saulen eta Samuelen ondoren etortzen ez denaren idiei». Jaunaren beldurrak hartu zuen orduan herri osoa, eta denak bat eginik atera ziren. 8 Zenbatu zituen Saulek Bezek‑en, hirurehun mila israeldar ziren eta hogeita hamar mila Judako seme. 9 Saulek, orduan, esan zien etorritako mandatariei:
-Esaiezue Galaadeko Jabexekoei: «Bihar eguzkiak berotzean salbatuko zaituztegu».
Itzuli ziren, bada, mandatariak eta esan zieten hori Jabexekoei. Hauek poztu egin ziren, 10 eta honela esan zieten amondarrei: «Bihar zuengana aterako gara, eta egokien deritzazuena egingo diguzue».
11 Biharamun goizean, Saulek hiru sailetan antolatu zuen gudarostea; egunsentian etsaiaren kanpaleku erdiraino sartu eta, eguerdiraino amondarrak triskatzen jardun zuen. Bizirik iraun zutenak sakabanatu egin ziren, bi lagun batera ez gelditzeraino.
12 Orduan, herriak esan zion Samueli:
-Non dira Saul erregetzat nahi ez zutenak? Emazkiguzu, eta hil egingo ditugu.
13 Saulek, berriz:
-Ez bedi gaur inor hil, Jaunak salbatu egin baitu gaur Israel.
14 Samuelek, orduan, herriari:
-Zatozte. Goazen Gilgalera eta berrizta dezagun han erregetza.
15 Herri osoa Gilgalera joan zen, eta han, Jaunaren santutegian, errege izendatu zuten Saul. Gero, bake‑opariak eskaini zizkioten Jaunari. Saul eta israeldarrak biziki poztu ziren.
12. atala
aldatu1 Samuel honela mintzatu zitzaien israeldar guztiei:
-Horra, aditu dizuet eskatu dizkidazuen gauza guztietan eta eman dizuet erregea; 2 aurrerantzean erregea izanen duzue gidari. Zahartu naiz ni eta zuritu zait burua; baina zeuen artean dituzue nire semeak. Gidari izan nauzue gazte nintzenetik gaurdaino. 3 Hemen nauzue. Esan Jaunaren eta beronen gantzutuaren aitzinean, nire aurka ezer ba duzuen: zuetariko inori idia nahiz astoa kendu diodan, inori iruzurrik edota zapalketarik egin diodan, inori eskupekorik hartu ote diodan, beraren arazoari ezikusia egiteko. Emanen diot ordaina.
4 Honela erantzun zion herriak:
-Ez diguzu iruzurrik egin, ez eta zapalketarik ere, ez duzu inoren eskutik deus hartu.
5 Samuelek, orduan:
-Lekuko dut gaur Jauna zuen aurrean, eta lekuko dut beronen gantzutua ere, eskuak garbi ditudala.
Haiek erantzun zioten:
-Lekuko gaituzu, bai.
6 Eta Samuelek jarraitu zuen:
-Lekuko dut, bada, Moises eta Aaron sortarazi eta zuen arbasoak Egiptotik atera zituen Jauna. 7 Orain, ordea, entzudazue: badut zuen kontra esatekorik Jaunaren aurrean. Hona zeinen leial izan den Jauna zuekiko eta zuen arbasoekiko: 8 Jakob Egiptora joan eta zuen arbasoek Jaunari oihu egin ziotenean, Jaunak Moises eta Aaron igorri zizkien; hauek atera zituzten zuen arbasoak Egiptotik eta lurralde honetan kokarazi. 9 Zuen arbasoak ahaztu egin ziren, ordea, Jaunaz, beren Jainkoaz, eta Jaunak Hatzorko gudarostearen buruzagi zen Sisera‑ren eskuetara eman zituen, bai eta filistearren eta Moabeko erregearen eskuetara ere, eta hauek gudukatu egin zituzten zuen arbasoak. 10 Orduan, oihu egin zioten Jaunari, esanez: «Bekatu egin dugu, baztertu egin dugu Jauna, Baalen eta Astarteren irudiak gurtzeko. Aska gaitzazu orain geure etsaien eskuetatik eta zerbitzatuko zaitugu». 11 Orduan, Jaunak Jerubaal, Bedan, Jefte eta Samuel bidali eta askatu egin zintuzten inguruan zenituzten etsaien eskuetatik, eta lasai bizi izan zarete. 12 Baina amondarren errege Nahax zuen aurka zetorrela ikusi orduko, «Utikan! Erregea nahi dugu agintari!» esan zenidaten, Jauna, zeuen Jainkoa, errege zenutelarik. 13 Hemen duzue, bada, zeuek hautatu eta eskatu duzuen erregea. Hara, Jaunak erregea eman dizue. 14 Jaunari begirune badiozue, bera zerbitzatzen baduzue eta beraren esana aditzen, Jaunaren hitza gutxiesten ez baduzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, gidatuko zaituzte, bai zeuek, bai zeuen agintari izango duzuen erregea. 15 Baina Jaunaren esana entzun ez eta beraren hitza gutxiesten baduzue, bere eskua jasoko du Jaunak zuen aurka, zuen arbasoen aurka egin zuen bezala. 16 Zaudete, beraz, adi orain, Jaunak zuen aurrean eginen duen gauza harrigarri hau ikusteko. 17 Ez al gaude orain gariaren uzta-aroan? Dei eginen diot Jaunari, eta berak trumoiak eta euria bidaliko dizkigu. Horrela ikusi eta jakingo duzue zeinen gaiztakeria handia egin duzuen Jaunaren aitzinean, zeuentzat erregea eskatuz.
18 Egin zion, bada, dei Samuelek Jaunari eta honek trumoiak eta euria bidali zituen egun hartan. Herri osoak Jaunari eta Samueli beldur ikaragarria hartu zien. 19 Honela ziotson jende guztiak Samueli:
-Egiozu otoitz gure alde Jaunari, zeure Jainkoari, hil ez gaitezen. Izan ere, gure bekatu guztiez gainera, beste gaiztakeria bat egin dugu: geuretzat erregea eskatu.
20 Samuelek erantzun zion herriari:
-Ez izan beldurrik. Egin duzue, bai, gaiztakeria handi hori. Hala ere, ez zaitezte urrun Jaunarengandik, baizik eta zerbitza ezazue Jauna bihotz‑bihotzez. 21 Ez urrundu, deus ere ez direnen atzetik joateko, ez baitzenituzkete ezertarako izango; horiek ez zaituztete salbatuko, hutsa baino ez baitira. 22 Ez du, ez, utziko Jaunak bere herria, oso handia baita bera, eta bere herri egin nahi izan baitzaituzte. 23 Niri dagokidanez, ez dezadala Jaunaren kontra bekaturik egin, zuen alde otoitz egiteari utziz. Bide on eta zuzena erakutsiko dizuet. 24 Izan, beraz, begirune Jaunari, zerbitzatu bera zintzo eta bihotz‑bihotzez, ikusi baituzue nolako egintza harrigarriak egin dituen zuen alde. 25 Baina gaiztoaren gaiztoz oker jokatzen baduzue, galdu egingo zarete bai zuek, bai zuen erregea.
13. atala
aldatu1 .... 2 Saulek hiru mila gizon aukeratu zituen israeldarren artetik: bi mila berekin zituen Mikmasen eta Betelgo mendialdean; beste mila, berriz, Jonatanekin ziren Benjamingo Gibean. Gainerako jendea nor bere etxera bidali zuen.
3 Filistearrek Geban zuten gudari‑taldea hil egin zuen Jonatanek, eta jakin zuten hori filistearrek. Saulek, orduan, adarrak joarazi zituen lurralde osoan, esanez: «Adi, hebertarrak!» 4 Israel osoak aditu zuen berri hau: «Saulek hil egin du filistearren gudari‑taldea, eta filistearrak amorraturik daude orain Israelen aurka». Orduan, herria Gilgalera bildu zen, Saulen ondora.
5 Filistearrak ere bilduak ziren Israel borrokatzeko: hiru mila gudu-gurdi, sei mila zaldizko eta itsasertzeko hondarra bezainbat gudari. Igo eta Mikmasen ezarri zituzten gudu‑etxolak, Bet‑Aben‑en ekialdera.
6 Israeldarrak, beren buruak arriskuan ikusirik, larritu eta leize, hartzulo, haitzarte, babesleku eta putzu‑zuloetan gorde ziren. 7 Hebertar batzuk Jordanez bestaldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur‑ikaraz zegoelarik. 8 Samuelek erabaki bezala, zazpi egunez itxaron zuen; baina Samuel ez zen Gilgalera agertu eta jende guztia sakabanatzen hasi zitzaion Sauli. 9 Orduan, Saulek esan zuen:
-Ekarzkidazue erre‑ eta bake‑oparigaiak.
Eta erre‑oparia eskaini zuen Saulek.
10 Erre‑opariaren eskaintza bukatzen ari zelarik, Samuel azaldu zen. Saul bidera atera zitzaion, agurtzeko asmoz. 11 Samuelek, ordea, galdetu zion:
-Zer egin duzu?
Saulek erantzun:
-Jendea sakabanatzen hasi zitzaidala eta erabakitako egunean zu ez zentozela ikusi eta filistearrak Mikmasen bilduak zeudela oharturik, 12 esan dut neure baitan: «Filistearrak etorriko zaizkit orain Gilgalen erasotzera, nik Jaunaren onginahia neureganatu baino lehen». Hala, erre‑oparia eskaini beharrean gertatu naiz.
13 Samuelek ihardetsi zion Sauli:
-Zorakeria ederra egin duzu! Ez duzu bete Jaunaren, zeure Jainkoaren, agindua; bete izan bazenu, betierean sendotuko zizun Jaunak Israel herrian zeure erregetza. 14 Aurkitu du, ordea, Jaunak bere gogoko beste gizon bat; horixe ezarriko du Jaunak bere herriaren buruzagi, zuk ez baituzu bete Jaunak agindutakoa. 15 Jaiki zen Samuel eta, Gilgaldik, Benjamingo Gibeara igo zen. Saulek zenbatu egin zituen berekin zituen gizonak: seiehunen bat gizon.
16 Saul, beronen seme Jonatan eta biekin zen jendea Benjamingo Gibean zeuden; filistearrak, berriz, Mikmasen, etxolatuak. 17 Filistearren kanpalekutik gudari‑talde erasotzaile bat atera zen hiru sailetan: sail bat Ofrarako bidetik zihoan, Xual alderantz; 18 beste sail batek Bet‑Horonerako bidea hartu zuen, eta hirugarrenak Tzeboim haran gainean dagoen mugarantz jo zuen, basamortu aldera.
19 Ez zen Israel osoan errementari bakar bat ere, honela esaten baitzuten filistearrek: «Ez da komeni hebertarrek ezpata eta lantzarik egin dezaten». 20 Hain zuzen ere, filistearrengana jo behar izaten zuten israeldarrek beren golde-nabar, haitzur, aizkora nahiz igitaiak zorroztera. 21 Zilarrezko txanpon erdia balio zuen goldea nahiz haitzurra, sardea nahiz eztena zorrozteak. 22 Honela, bada, borroka‑eguna heldu zenean, Saul eta Jonatanekin ziren gudariek ez zuten ezpatarik, ez lantzarik eskuetan, Saulek eta honen seme Jonatanek izan ezik.
23 Bitartean, filistear gudari‑talde bat atera zen Mikmaseko menditarterantz.
14. atala
aldatu1 Behin batean, Saulen seme Jonatanek esan zion bere ezkutariari:
-Zatoz, goazen hemendik beste aldera, filistearren gudari-tokiraino.
Aitari, ordea, ez zion deus ere jakinarazi. 2 Saul Migrongo granadondoaren azpian zegoen, Gibeako mugetan, seiehunen bat gizon berekin zituela. 3 Ahituben seme Ahiasek zeraman efod delakoa. Aipatutako Ahitub hori Ikaboden anaia zen, Pinhasen semea; Pinhas, berriz, Xilon Jaunaren apaiz izaniko Eliren semea. Jendea ez zen ohartu Jonatan alde egina zenik.
4 Filistearren gudari-tokira igotzeko Jonatanek ibili behar zuen mendatearen alde banatan bi haitz-zorrotz zeuden; Bozetz zuen batek izena, Sene besteak; 5 bata iparraldean zegoen, Mikmasen aurrean; bestea hegoaldean, Gebaren aurrean.
6 Jonatanek diotso bere ezkutariari:
-Zatoz, goazen jentil arrotz horien gudari-tokiraino. Behar bada, lagunduko digu Jaunak, ez baitu eragozpenik jende askorekin nahiz gutxirekin garaipena emateko.
7 Ezkutariak erantzun zion:
-Egizu nahi duzuna. Aurrera! Zeurekin nauzu, nahi duzunerako.
8 Jonatanek gehitu zuen:
-Goazen, bada, jentil arrotz horiengana. Ikus gaitzatela. 9 Eta «Geldi, gu zuengana joan arte!» esaten badigute, geure tokian geldituko gara, beraiengana igo gabe. 10 Aldiz, «Igo guregana!» esaten badigute, igo eginen gara, Jaunak eskura emango baitizkigu. Horixe izanen dugu seinale.
11 Agertu ziren, bada, biak filistearren gudari-toki aurrean, eta filistearrek honela zioten: «Hara, ateratzen ari dituk hebertarrak gorderik zeuden zuloetatik». 12 Gero, honela mintzatu zitzaizkien gudari-tokiko gizonak Jonatani eta ezkutariari:
-Igo guregana; gauzatxo bat erakutsiko dizuegu. Jonatanek esan zion ezkutariari:
-Igo nire atzetik. Israelen esku utzi ditu horiek Jaunak.
13 Igo zen, beraz, Jonatan katamarrean, esku‑oinez lagundurik, ezkutaria ondoren zuela. Jonatanek jo eta bota egiten zituen filistearrak, eta, atzetik, ezkutariak akabatzen zituen. 14 Jonatanek eta ezkutariak egin zuten lehenbiziko triskantza honetan ia hogei gizon galdu ziren tarte txikian.
15 Izua nagusitu zen kanpaleku eta, zelaian, jende guztiarengan. Gudari-tokikoak eta erasotzaileak ere ikaratu egin ziren. Lurralde osoa dardaratu zen; beldur ikaragarria sartu zitzaien.
16 Benjamingo Gibean zeuden Saulen zelatariak, eta jendea harat‑honat sakabanatzen ari zela ikusi zuten. 17 Orduan, Saulek esan zien berekin zituenei:
-Begiratu eta ikusi nor joan den gure artetik.
Begiratu zuten, bada, eta Jonatan eta ezkutaria falta ziren. 18 Saulek diotso Ahias apaizari:
-Ekarri Jainkoaren kutxa!
Berekin zuten, izan ere, israeldarrek egun hartan Jainkoaren kutxa. 19 Saul apaizarekin hizketan ari zen bitarte hartan, ordea, geroz eta handiagoa bihurtu zen zalaparta filistearren kanpalekuan. Saulek esan zion apaizari:
-Utzazu!
20 Bildu ziren Saul eta berarekin ziren gizonak, eta gudu-zelairaino heldu ziren. Etsaiak elkar joka ari ziren ezpataz. Hura zen nahasmendua! 21 Lehendik filistearren zerbitzura egon eta berauen zelaira igotako hebertarrak israeldarrengana igaro ziren, Saul eta Jonatanen aldera. 22 Efraimgo mendialdean gorderik zeuden israeldar guztiak ere, filistearrak ihesi zihoazela ohartzean, beretarrengana bildu ziren, filistearren ondoren erasoka joateko. 23 Bet‑Abeneraino zabaldu zen gatazka. Egun hartan Israeli eman zion Jaunak garaipena.
24 Larri zeuden egun hartan israeldarrak, Saulek honelako zin‑hitzez mehatxatu baitzuen jendea: «Madarikatua ilunabarra baino lehen, neure etsaiez mendeka nadin arte, zerbait jan dezana!» Hala, inork ez zuen deus ere jan. 25 Lurrean eztia barreiatua zegoen oihan batera heldu zen giza talde osoa. 26 Baso hartara sartzean, ikusi zuten eztia zeriola; baina ez zuen inork ere eskua ahora eraman, zin‑hitzaren beldurrez. 27 Jonatanek, ordea, ez zuen entzun bere aitak jendeari ezarritako zin‑hitza. Luzatu zuen, beraz, eskuan zeraman makila‑muturra eta, eztitan sarturik, ahora eraman zuen. Bat-batean begiak argitu zitzaizkion. 28 Orduan, gizonetariko batek esan zion:
-Zuen aitak zin‑hitzez behartu gaitu: «Madarikatua gaur zerbait jan dezana». Eta hori, akituak gaudelarik.
29 Jonatanek erantzun:
-Hondamena ekarri dio herri osoari gure aitak! Ikusi nola argitu zaizkidan begiak ezti‑pittin bat jan dudalako. 30 Etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetatik jendeak jan izan balu, askoz ere triskantza handiagoa egingo geniekeen filistearrei!
31 Egun hartan Mikmasetik Aialoneraino eraso zieten filistearrei. Giza taldea, zeharo nekaturik, 32 harrapakinetara oldartu zen; hartutako ardi, idi eta zekorrak, lurrean lepoa moztu eta odolarekin jan zituzten. 33 Batek esan zion Sauli:
-Bekatuan ari da jendea Jaunaren kontra: odol eta guzti ari dira jaten.
Saulek, orduan:
-Traidore alenak! Ekar iezadazue berehala harri handi bat.
34 Gero, agindu zuen:
-Sakabana zaitezte jende artera; esaiezue, ekar diezadala nork bere idia edota ardia; hil itzazue hemen eta jan orduan. Horrela, ez duzue Jaunaren kontra bekaturik egingo odol eta guzti janez.
Ekarri zuten, bada, gau hartan guztiek nork bere esku zuen idia eta bertan hil. 35 Saulek aldarea egin zion Jaunari. Hauxe izan zen Jaunari egin zion lehenbiziko aldarea. 36 Ondoren, honela mintzatu zen Saul:
-Jaitsi gaitezen gauez filistearren ondoren erasoka eta desegin ditzagun eguna argitu arte. Ez utzi bat ere bizirik.
Jendeak erantzun zion:
-Egizu egokien iruditzen zaizuna. Apaizak, aldiz, esan zuen:
-Jo dezagun lehenik Jainkoarengana.
37 Saulek kontsulta egin zion Jaunari:
-Erasoko al diet filistearrei? Israeldarron esku utziko al dituzu?
Baina Jainkoak ez zion deus ere erantzun egun hartan. 38 Saulek, orduan:
-Zatozte hona buruzagi guztiak. Azter ezazue zertan egin dugun gaur bekatu. 39 Ala Jauna, Israelen Salbatzailea! Egin duenak, nire seme Jonatan bera bada ere, erremediorik gabe hil beharko du.
Inork ere ez zion erantzun. 40 Orduan, Saulek esan zien israeldar guztiei:
-Jar zaitezte zuek alde batean; nire seme Jonatan eta biok bestean jarriko gara.
Jendeak ihardetsi zion:
-Egizu egokien iruditzen zaizuna.
41 Saulek, orduan, esan zion Jaunari:
-Israelen Jainko, ager iezaguzu egia osoa.
Zotz egin eta Jonatan eta Saul izendatu zituen Jainkoak; herria, aldiz, libre atera zen. 42 Saulek, orduan:
-Egin zotz, ni eta nire seme Jonatanen artean.
Eta Jonatan atera zen errudun. 43 Saulek diotso Jonatani:
-Esadazu zer egin duzun!
Jonatanek erantzun:
-Eskuan neraman makila‑muturrean ezti‑pittin bat hartu nuen eta jan. Prest nago hiltzeko!
44 Saulek semeari:
-Zigor nazala Jaunak gogor, hilarazten ez bazaitut, Jonatan.
45 Herriak, ordea, esan zion Sauli:
-Hil beharra duela Jonatanek, Israeli halako garaipena ekarri ondoren? Inola ere ez! Ala Jauna! Buruko ile bat ere ez zaio eroriko lurrera. Jainkoaren laguntzaz egin du gaur egin duena.
Honela libratu zuen herriak Jonatan heriotzatik. 46 Saul, berriz, filistearrei eraso gabe itzuli zen, eta filistearrek beren lurralderantz jo zuten.
47 Saul, Israelgo erregetza harturik, inguruetako etsai ororen kontra borrokatu zen: moabdar, amondar eta edomdarren kontra, Tzobako erregeen eta filistearren kontra. Nora jo, han nagusitzen zen. 48 Adoretsu jokatuz, menperatu zituen amalektarrak ere, Israel bere zapaltzaileengandik askatuz.
49 Hiru seme izan zituen Saulek: Jonatan, Ixbi eta Malki‑Xua; bai eta bi alaba ere: Merab zaharrena eta Mikal gazteena. 50 Saulen emaztea Ahinoam zen, Ahimaatzen alaba. Gudarostearen buruzagia Abner, Saulen osaba Ner‑en semea; 51 izan ere, Saulen aita Kix eta Abnerren aita Ner, biak Abielen seme ziren.
52 Saulen erregealdi osoan zehar izan ziren borroka gogorrak filistearren aurka. Saulek, gizon bulartsurik eta gudurako egokirik ikusten zuenean, berekin eraman ohi zuen.
15. atala
aldatu1 Behin batean, Samuelek esan zion Sauli: «Jaunak bidali ninduen, zu beraren herri Israelen errege gantzutzeko. Entzun orain Jaunaren hitzak. 2 Hau dio Jaun ahalguztidunak: <Kontuak eskatu behar dizkiot Amalek herriari, Israeli egindakoarengatik, Egiptotik igotzean bidea eragotzi baitzion. 3 Orain, beraz, zoaz, xeha itzazu amalektarrak eta suntsitu haien ondasun guztiak; hil, gupidarik gabe, gizaseme eta emakumeak, haur eta bularrekoak, idi eta ardiak, gamelu eta astoak> ».
4 Bildu zituen Saulek bere gizonak Telamen eta zenbatu: berrehun mila oinezko eta Judaren leinuko hamar mila gizon. 5 Saul, amalektarren hiriburura hurbildurik, zelatan jarri zen errekaldean. 6 Saulek esan zien kaindarrei: «Zoazte, alde egizue amalektarrengandik, haiekin batean honda ez zaitzatedan. Zuek ongi hartu zenituzten israeldarrak, Egiptotik zetozenean».
7 Alde egin zuten, beraz, kaindarrek amalektarrengandik. Orduan, Saulek eraso egin zien amalektarrei Habilatik Xur‑eraino, Egiptoko mugetaraino. 8 Bizirik atxilotu zuen Agag, amalektarren erregea; herritar guztiak, aldiz, birrindu egin zituen, ezpataz hilez. 9 Agagi eta behi nahiz artalderik hoberenei eta, orobat, abere gizendu, bildots eta baliozko gauza guztiei, ordea, barkatu egin zieten Saulek eta beronen giza taldeak; ez zituzten suntsitu nahi izan. Baliogabeko eta hutsal zirenak, berriz, suntsitu egin zituzten.
10 Orduan, Jauna honela mintzatu zitzaion Samueli: 11 «Damutu zait Saul errege egina, aldendu egin baita niregandik eta ez ditu bete nire esanak».
Goibeldu egin zen Samuel eta gau osoz Jaunari oihuka ari izan zitzaion. 12 Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Samuel, Saulengana joateko. Baina Saul Karmel hirira joan zela jakinarazi zioten, han beretzat oroitarria eraiki zuela eta, aurrerantz jarraituz, Gilgalera jaitsi zela. 13 Samuel Saulengana heldu zenean, esan zion honek:
-Bedeinka zaitzala Jaunak. Bete dut Jaunaren esana.
14 Samuelek ihardetsi zion:
-Eta zer dira, bada, belarrietara datozkidan ardi‑marraka eta behi‑marru horiek?
15 Saulek erantzun:
-Amalektarrei kenduak dira. Bizirik utzi zituen jendeak ardi eta idirik hoberenak, Jaunari, zure Jainkoari, eskaintzeko asmoz. Gainerakoak suntsitu egin genituen.
16 Samuelek Sauli:
-Aski da! Gaur gauean Jaunak adierazi didana jakinarazi behar dizut.
Saulek:
-Mintza zaitez.
17 Samuelek, orduan:
-Zeure burua txikitzat duzun arren, ez al zara zu Israelgo leinuen buruzagia? Ez al zaitu Jaunak Israelen errege gantzutu? 18 Amalektar bekatari horiek suntsitzera bidali zaitu, denak birrindu arte borrokatzera. 19 Zergatik ez duzu aditu Jaunaren esana? Zergatik hartu dituzu harrapakinak, Jaunaren begietan gaizki dagoena eginez?
20 Saulek erantzun zion Samueli:
-Ez al dut, bada, egin Jaunaren esana. Berak bidali ninduen bidetik ibili naiz. Ekarri dut Agag, amalektarren erregea, eta suntsitu ditut amalektarrak. 21 Jendeak, hala ere, birrindu beharrekoak ziren harrapakinetatik ardi eta idirik hoberenak hartu ditu Jaunari, zure Jainkoari, Gilgalen eskaintzeko.
22 Samuelek esan zuen:
-Atseginago ote ditu, bada, Jaunak
erre‑opariak eta sakrifizioak
beraren esana egitea baino?
Opariak egitea baino hobe
haren esana egitea;
ahari‑gantzak eskaintzea baino hobe
hari esaneko izatea.
23 Aztikeria adinako bekatua da desleial izatea,
sasijainkokeria bezain hutsala setakeria.
Jaunaren esana baztertu duzulako,
berak baztertzen zaitu orain erregetzatik.
24 Saulek, orduan, Samueli:
-Bekatu egin dut, bai; hautsi egin dut Jaunaren esana, bai eta zure hitza ere. Jendearen beldur nintzen eta haien esana aditu nuen. 25 Otoi, barka iezadazu bekatua, eta zatoz nirekin Jauna gurtzera.
26 Samuelek, ordea, Sauli:
-Ez naiz joango zurekin, Jaunaren esana baztertu duzulako. Orain, Jaunak zu baztertzen zaitu; ez zara gehiago Israelen errege izango.
27 Itzuli zen Samuel alde egiteko asmoz; baina Saulek soingainekoaren ertzetik heldu eta puska bat kendu zion. 28 Samuelek esan zion:
-Horrelaxe kendu dizu gaur Jaunak Israelen errege izatea, zu baino hobea izanen den beste bati emateko. 29 Ez du gezurrik esaten Israelen ospea denak, eta ez da damutuko, bera ez baita gizakumea, damutzen ibiltzeko.
30 Saulek berriro:
-Bekatu egin dut, bai. Baina, otoi, ohora nazazu buruzagien eta Israel herriaren aurrean. Zatoz nirekin; Jauna, zure Jainkoa, gurtu behar dut.
31 Joan zen, bada, Samuel Saulen ondoren eta honek gurtu egin zuen Jauna.
32 Samuelek agindu zuen:
-Ekar iezadazue Agag, amalektarren erregea!
Aurkeztu zioten Agag. Dardar zetorren hau, bere baitan «Hemen dut heriotzaren garratza» esanez. 33 Samuelek esan zion: -Zure ezpatak emakume asko semerik gabe utzi zuenez, orain, emakume horiek bezala, zure ama geldituko da semerik gabe.
Eta zatikatu egin zuen Samuelek Agag Gilgalen, santutegiaren aitzinean. 34 Gero, Samuel Ramara joan zen. Saul, berriz, bere etxera, Gibeara, igo zen. 35 Aurrerantzean, Samuelek, bizitza osoan, Saul ez zuen inoiz ere ikusi. Baina negar egin zuen Saulengatik, Jaunak damu izan baitzuen Saul Israelen errege egin izana.
16. atala
aldatu1 Behin batean, honela mintzatu zitzaion Jauna Samueli:
-Noiz arte ari behar duzu negarrez Saulengatik? Baztertu egin dut, Israelen errege izan ez dadin. Bete ezazu olioz adarra eta zoaz, Belengo Jeserengana bidaltzen zaitut. Honen semeen artean begiztatu dut errege eginen dudana.
2 Samuelek galdetu zion:
-Nola joango naiz baina? Saulek jakiten badu, hilko nau.
Jaunak berriro:
-Hartzazu zeurekin bigantxa bat eta esan: «Jaunari oparia eskaintzera nator». 3 Dei ezazu Jese oparirako. Adieraziko dizut orduan zer egin behar duzun. Nik erakutsiko dizudana behar didazu gantzutu.
4 Egin zuen, beraz, Samuelek Jaunak esandakoa, eta Belenera joan zen. Hiri hartako zaharrak bidera irten zitzaizkion arduratsu, eta galdetu zioten:
-Bake onean al zatoz?
5 Samuelek:
-Bai, bake onean nator. Jaunari oparia eskaintzeko asmoz nator. Egin garbikuntzak eta zatozte nirekin oparia eskaintzera.
Egin zizkien garbikuntzak Samuelek Jeseri eta beronen semeei, eta oparia eskaintzera gonbidatu zituen. 6 Heldu zirenean, Samuelek begiz jo zuen Eliab, eta esan zuen berekiko: «Zalantzarik gabe, aurrean du Jaunak bere gantzutua».
7 Jaunak, aldiz, esan zion Samueli:
-Ez begiratu horren itxura eta luzerari. Alde batera utzia dut hori. Kontua ez da gizakiak zeri begiratzen dion, gizakiak itxurari begiratzen baitio; Jaunak, berriz, bihotzari.
8 Deitu zuen Jesek Abinadab eta Samuelen aurrera eraman zuen. Samuelek esan zuen:
-Hau ere ez du hautatu Jaunak.
9 Ondoren, Jesek Xama eraman zuen. Samuelek, orduan:
-Hau ere ez du, bada, hautatu Jaunak.
10 Jesek bere semeetarik zazpi eraman zituen Samuelen aurrera, baina Samuelek esan zion Jeseri:
-Hauetako inor ez du aukeratu Jaunak.
11 Gero, galdetu zuen:
-Hemen al dituzu zeure seme guztiak?
Jesek erantzun:
-Txikiena gelditzen da. Artzain dabil. Samuelek Jeseri:
-Agindu ekar dezaten; ez gara mahaian jarriko bera etorri arte.
12 Agindu zuen, beraz, ekartzeko. Ile horia zuen, begi ederrak, itxura bikaina. Jaunak esan zion Samueli:
-Jaiki eta gantzutu ezazu; horixe da.
13 Hartu zuen, bada, Samuelek oliontzia eta anaien aurrean gantzutu zuen. Jaunaren espirituak hartu zuen David egun hartaz geroztik. Bukatzean, Samuel Ramara itzuli zen.
14 Jaunaren espirituak alde egin zuen Saulengandik, eta Jaunak bidalitako espiritu gaizto batek hartu zuen. 15 Zerbitzariak honela mintzatu zitzaizkion:
-Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zaitu. 16 Agindu guri, jauna, zeure esanetara gaituzu zeure zerbitzariok; bilatuko dugu zitara jotzen dakien norbait. Horrela, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak eraso diezazunean, hark zitara jo eta on egingo dizu.
17 Saulek zerbitzariei:
-Bila ezazue, bada, zitara ongi jotzen dakien norbait, eta ekarri niregana.
18 Zerbitzarietarik batek esan zuen:
-Ezagutzen dut bat; Belengo Jeseren semea da: zitara‑jole ona, azkarra eta adoretsua, gudari trebea, hizketa zuhurrekoa, gizon bikaina. Berekin du Jauna.
19 Orduan, Saulek mandatariak igorri zizkion Jeseri, esatera: «Bidal iezadazu artzain dabilen zeure seme David».
20 Jesek asto bat, ogia, ardo‑zahagia eta antxume bat hartu eta bere seme Daviden eskuz bidali zizkion Sauli. 21 Etorri zen, orduan, David Saulengana eta aurkeztu zitzaion. Atsegin handiz hartu zuen Saulek, eta bere ezkutari egin. 22 Jeseri hau esateko agindu zuen: «Geldi dadila David nirekin, oso begiko baitut».
23 Jaunak bidalitako espirituak Sauli erasotzen zionean, Davidek zitara hartu eta jo egiten zuen. Horrela, baretu eta hobeki sentitu ohi zen Saul, eta espiritu gaiztoak alde egiten zion.
17. atala
aldatu1 Filistearrak, beren gudarostea borrokarako bildurik, Judako Sokon batzartu ziren eta Efes‑Damimen ezarri zituzten guduetxolak, Soko eta Azeka artean. 2 Saulek eta israeldarrek ere bildu eta Terebinto haranean ezarri zituzten gudu‑etxolak, filistearren aurrean, gudu-lerroak antolatuz. 3 Filistearrak alde bateko mendian zeuden eta israeldarrak beste aldekoan, harana bitarte zutela.
4 Filistearren lerro artetik gizon adoretsu bat atera zen; Gat‑ekoa zen eta Goliat zeritzan; ia hiru metroko gizona zen. 5 Brontzezko buru-babesa zeraman eta ezkamadun bularrekoa soinean; berrogeita hamar kilo baino gehiago zuen bularrekoak. 6 Zangoetan ere brontzezko babesak zeramatzan, eta bizkarrean brontzezko azkona. 7 Haren lantzamakilak ehulearen gakoa zirudien, eta lantzaren burdinmuturra sei kilo baino gehiago zen. Aurretik ezkutaria zihoakion. 8 Tinko gelditu eta deiadar egin zien israeldar gudu-lerrokoei, esanez:
-Zergatik zatozte gudurako prestatuak? Filistearra nauzue ni, eta zuek Saulen morroiak. Aukera ezazue gizon bat eta jaitsi bedi niregana. 9 Nire aurka borrokatzeko gauza bada eta hiltzen banau, zuen morroi izanen gara. Baina ni berorren aurka borrokatzeko gauza izan eta hiltzen badut, zuek izanen zarete gure morroi, eta zerbitzatu egin beharko gaituzue.
10 Gero, esan zuen filistearrak:
-Erronka hau botatzen dizuet gaur, israeldar gudu-lerroetakooi! Bidal iezadazue gizon bat, eta ekin diezaiogun borrokari!
11 Aditu zituzten Saulek eta israeldar guztiek filistearraren hitz hauek, eta beldurrak eta dardar gelditu ziren.
12 David, lehen ere aipatua den efratar baten semea zen, Judako Belengo Jeserena, alegia. Zortzi seme zituen honek, Saulen garaian zaharra zen eta urtetan aurreratua. 13 Hiru seme zaharrenak Saulekin joanak ziren gudura. Hona gudura joanak ziren hiru semeen izenak: Eliab zaharrena, Abinadab bigarrena eta Xama hirugarrena. 14 David gazteena zen. Hiru zaharrenak Saulekin ziren bitartean, 15 David Saulengana joaten zen eta Belenera etortzen, aitaren artaldea zaintzera.
16 Filistear hura egunero, goiz eta arratsalde, hurbiltzen zitzaien israeldarrei eta aurrean jartzen, eta horrela berrogei egunez.
17 Jesek esan zion bere seme Davidi:
-Har itzazu zaku bat gari xigortu eta hamar ogi hauek, eta eraman bizkor zeure anaiei kanpalekura. 18 Hamar gazta hauek mila gizonen buruzagiari eramango dizkiozu. Galdegizu anaiak ongi diren, eta eskura ezazu haien hartu‑agiria. 19 Saul eta zure anaiak eta israeldar guztiak Terebinto haranean daude filistearren aurka borrokan.
20 Jaiki zen goizean goiz David, utzi zuen artaldea zaintzailearen ardurapean eta, zama harturik, abiatu zen, Jesek agindu bezala. Kanpalekura heldu zenean, gudarostea borrokara ateratzen ari zen, gudu-deiadarrak eginez. 21 Israeldarrak eta filistearrak aurrez aurre jarri ziren lerroka. 22 David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudu-tokiraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei. 23 Haiekin hizketan ari zelarik, han agertu zen filistearren lerro artetik Goliat izeneko gizon adoretsu hura, Gateko filistearra, lehengo erronka bera eginez. Davidek entzun egin zion. 24 Israeldar guztiek, gizon hura ikustean, ihes egin zuten haren aurretik, arras izuturik. 25 Israeldar batek zioen:
-Ikusten al duzue hor gora datorren gizon hori? Israeli erronka eginez dator. Gizon hori hilko duenari ondasun franko emango dio erregeak, bere alaba ere bai. Zergak ordaintzetik ere libratuko du halakoaren etxea Israelen.
26 Davidek, orduan, galdetu zien bere inguruan zituen gudariei:
-Zer egingo diotela filistear hori hil eta Israelen lotsa kenduko duenari? Nor da, baina, filistear jentil arrotz hori, Jainko biziaren gudarosteari gaur erronka egiteko?
27 Jendeak gauza bera erantzun zion:
-Hau eta hau egingo diote hori hilko duenari.
28 Aditu zuen Eliab anaia zaharrenak David gizonekin hizketan ari zela eta, biziki haserreturik, esan zion:
-Zertara etorri haiz? Nori utzi diok gure artalde koxkorra basamortuan? Bazekiat harroa haizena eta asmo txarrak dituana. Borroka ikustera etorri haiz hi!
29 Davidek ihardetsi zion:
-Zer egin dut, bada? Hizketan ari nintzen, besterik ez.
30 Aldendu zen David eta beste batengana jo zuen, lehengo galdera bera eginez. Jendeak lehengo erantzun bera eman zion. 31 Davidek esandako hitzak aditu zituztelarik, Sauli jakinarazi zioten. Saulek etorrarazi 32 eta Davidek esan zion Sauli:
-Ez bedi inor kokildu gizon horrengatik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naiz filistear hori borrokatzera.
33 Saulek Davidi:
-Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.
34 Davidek Sauli:
-Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean, 35 ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen. 36 Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.
37 Gero, esan zuen:
-Lehoi eta hartzen hatzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren hatzaparretatik.
Saulek, orduan, Davidi:
-Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!
38 Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; bai eta brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere. 39 Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:
-Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua. Eta erantzi egin zituen soinetik. 40 Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun‑leun aukeratu eta artzain‑zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.
41 Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela. 42 Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen. 43 Filistearrak esan zion Davidi:
-Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?
Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean, 44 eta esan zion:
-Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.
45 Davidek ihardetsi zion filistearrari:
-Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armatua zatozkit. Ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk desafiatu dituzun israeldar gudarosteen Jainkoaren izenean. 46 Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan. Hilko zaitut eta burua moztuko. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango dizkiet gaur bertan filistear gudarien gorpuak. Honela, lur osoak jakinen du baduela Israelek Jainkoa. 47 Eta hemen bilduak diren guztiek jakinen dute, Jaunak ez duela behar ezpatarik, ez lantzarik gu salbatzeko, Jaunak baitu gudua erabakitzen. Gure esku jarriko zaituzte berak.
48 Filistearra abiatu eta Davidengana hurbiltzen hasi zenean, David bizkor eta lasterka joan zen borroka‑tokira, filistearrari aurre egitera. 49 Eskua zorroan sartuz harri bat atera, habailaz jaurtiki, eta bekokian jo zuen filistearra; harria bekokian sartu zitzaion eta ahozpez jausi zen lurrera. 50 Halaxe nagusitu zitzaion David filistearrari, habaila eta harri batez. Horrela jo eta hil zuen filistearra. Davidek, ez baitzuen ezpatarik eskuetan, 51 lasterka joan, filistearraren ezpata hartu, zorrotik atera eta lepoa moztu zion, filistearra bertan akabatuz.
Filistearrak, beren gizon adoretsua hila zela ikustean, ihesi joan ziren. 52 Orduan, Israel eta Judako gizonak jaiki, irrintzia egin eta filistearren ondoren abiatu ziren haraneko sarreraraino eta Ekrongo ateetaraino. Filistear asko erori zen hilik Xaaraim bidean, Gat eta Ekroneraino. 53 Filistearrei erasotzetik itzultzean, beraien kanpalekuko guztia ostu zuten israeldarrek. 54 Davidek filistearraren burua hartu eta Jerusalemera eraman zuen; haren armak, berriz, bere etxolan utzi zituen.
55 Begira egon zen Saul, David Goliat filistearraren kontra joan zenean. Saulek galdetu zion Abnerri, gudarostearen buruzagiari:
-Abner, noren semea da gaztetxo hori?
Abnerrek erantzun zion:
-Benetan diotsut, ene errege jauna; ez dakit.
56 Erregeak berriro:
-Galdegizu noren semea den mutiko hori.
57 Filistearra hil ondoren David itzuli zenean, hartu zuen Abnerrek eta, filistearraren burua eskuan zuelarik, Saulen aitzinera sarrarazi zuen. 58 Saulek galdetu zion Davidi:
-Noren semea haiz, mutiko?
Davidek erantzun:
-Belengo zure zerbitzari Jeseren semea nauzu.
18. atala
aldatu1 Davidek Saulekin mintzatzen bukatu zuenean, Jonatan eta David adiskide min egin ziren; Jonatanek bere burua bezain maite izan zuen David. 2 Berekin hartu zuen egun hartan Saulek David, eta ez zion bere aitaren etxera itzultzen utzi. 3 Jonatan eta Daviden artean elkartasun handia sortu zen; izan ere, bere burua bezain maite zuen Jonatanek. 4 Soinean zeraman soingainekoa erantzi eta Davidi eman zion Jonatanek, bai eta bere jantziak ere; ezpata, uztaia eta gerrikoa ere bai.
5 Saulek bidaltzen zuen gudu‑irtenaldi guztietan ongi ateratzen zen David; horregatik, Saulek gudalburu egin zuen. Jende guztiak ontzat hartu zuen hori, bai eta Saulen zerbitzariek ere.
6 Davidek Goliat filistearra hil ondoren, gudutik zetozelarik, Israelgo herrixka guztietatik bidera atera zitzaizkion emakumeak Saul erregeari, bozkarioz kantari eta dantzari, danbolinak eta txilinak joz. 7 Emakumeak, alai dantzatuz, honela kantatzen zuten, batzuek besteei erantzunez:
«Saulek mila hil,
Davidek hamar mila!»
8 Saulek ez zuen kobla hori pozez entzun. Biziki haserretu zen, eta honela zioen: «Hamar mila Davidi eta mila niri! Erregetza besterik ez du falta!»
9 Handik aurrera begitan hartu zuen Saulek David. 10 Biharamunean, Jainkoak bidalitako espiritu gaiztoak jo zuen Saul, eta han zebilen eroa bezala bere etxe osoan barrena; David zitara jotzen ari zitzaion, egunero bezala. Saulek, ordea, eskuan zerabilen lantza 11 jaurtiki zuen, David hormari josteko asmoz. Eta David birritan saihestu zen.
12 Geroztik, Daviden beldur izan zen Saul, harekin baitzen Jauna; berarengandik, berriz, aldendua zela ikusten zuen. 13 Orduan, Saulek, David bere ondotik urruntzearren, mila gizonen buruzagi egin zuen. Davidek gidatzen zuen jende hura gudurako joan‑etorrietan. 14 Garaile atera ohi zen David egintza guztietan, Jaunak laguntzen baitzion. 15 Denetan ongi ateratzen zela ikusiz, Saulek beldurra hartu zion Davidi. 16 Israel eta Juda osoak, aldiz, maite zuten David, gudurako joan‑etorrietan gidatzen zituelako.
17 Behin batean, esan zion Saulek Davidi:
-Gizon ausarta izaten bazara eta Jaunaren guduetan bizkor borrokatzen, Merab ene alaba zaharrena emanen dizut emazte.
Izan ere, Saulek honela zioen bere baitan: «Ez diot nik eskurik erantsiko; erants diezaiotela filistearrek».
18 Davidek, ordea, Sauli:
-Nor naiz ni, ordea, eta zein da ene jatorria, zein ene aitaren jatorria Israelen, ni erregearen suhi bihurtzeko?
19 Alaba Merab Davidi emateko garaia heltzean, ordea, Saulek Meholako Adrieli eman zion emazte.
20 Mikal, Saulen beste alaba, Davidez maitemindua zegoen. Eta halaxe jakinarazi zioten Sauli, eta atsegin gertatu zitzaion berri hori. 21 Hau zioen berekiko: «Tranpan harrapatzeko emango diot alaba, ea filistearrek eskua eransten dioten».
Esan zion, beraz, Saulek Davidi:
-Gaur ene suhi izango zara.
22 Eta Saulek agindu zien bere morroiei: «Esaiozue ahapeka Davidi: <Erregearen begiko zara eta maite zaituzte beraren zerbitzari guztiek. Egin zaitez erregearen suhi> ».
23 Eta morroiek belarrira esan zizkioten hitz horiek Davidi. Baina honek erantzun zien:
-Gauza hutsa iruditzen al zaizue erregearen suhi izatea? Gizon behartsu eta ezereza nauzue ni horretarako.
24 Morroiek adierazi zioten Sauli:
-Honela mintzatu zaigu David.
25 Saulek, orduan:
-Esaiozue Davidi: «Erregeak ez du ezkon‑saririk nahi, filistearren ehun zakil-mutur baizik, erregearen etsaiez mendekatuz».
Egiaz, ordea, David filistearren esku eroraraztea nahi zuen Saulek. 26 Jakinarazi zioten morroiek Davidi Saulen esana, eta ongi iruditu zitzaion erregearen suhi izateko baldintza. Epea bete baino lehen, 27 abiatu zen David bere gizonekin eta berrehun filistear bota zituen. Davidek, erregearen suhi izateko, haien zakil-muturrak eraman zituen, eta erregearen aurrean zenbatu zituzten. Orduan, Saulek bere alaba Mikal eman zion emazte. 28 Antzeman zion Saulek Jauna Davidekin zela eta bere alaba Mikalek ere maite zuela. 29 Horregatik, geroz eta beldur handiagoa zion Davidi. Harrezkero, Saulek beti izan zion gorroto Davidi.
30 Filistearren buruzagiek irtenaldiak egin ohi zituzten eta irteten zirenero, Saulen zerbitzari guztiak baino hobekiago ateratzen zen David. Honen izena geroz eta ospetsuago zen.
19. atala
aldatu19, 1 David hiltzeko asmotan zebilela esan zien Saulek bere seme Jonatani eta bere zerbitzari guztiei. Saulen seme Jonatanek oso maitea zuen David eta 2 asmo horren berri eman zion Davidi, esanez: «Gure aita Saulek zu hiltzeko asmoa du. Zabiltza erne bihar goizean; gorde zaitez toki ezkuturen batean. 3 Atera eta aitaren ondoan jarriko naiz, zu egongo zaren landan. Zutaz mintzatuko natzaio eta ikusiko dut zer den asmo horretaz eta jakinaraziko dizut».
4 Jonatan, beraz, Daviden alde mintzatu zitzaion bere aita Sauli, esanez: «Errege jauna, ez zenioke gaitzik egin behar zeure zerbitzari Davidi, berak ere ez baitizu gaitzik egin. Beraren egintzak zure onerako izan dira guztiz. 5 Arriskuan jarri zuen bere bizia Goliat filistearra hil zuenean; horrela, garaipen handia eman zion Jaunak Israel osoari; zeuk ikusi zenuen eta poztu zinen. Zergatik egin behar duzu gaiztakeria hori, odol errugabea isuriz, David arrazoirik gabe hilez?»
6 Entzun zuen Saulek Jonatanen esana eta zin egin zuen: «Ez da hilko, ez, ala Jauna!»
7 Deitu zuen Jonatanek David eta hitz hauek guztiak eman zizkion aditzera. Gero, eraman zuen David Saulengana eta, lehen bezalaxe, honen zerbitzuan gelditu zen David.
8 Ekin zioten berriro guduari. Jalgi zen David filistearren kontra borrokara eta egundoko hondamendia egin zien, eta ihes egin behar izan zuten.
9 Hortan, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zuen Saul. Hau jauregian eseria zegoen, lantza eskuan, eta David zitara jotzen ari zitzaion. 10 Saulek hil egin nahi izan zuen David, lantzaz hormari josiz. Saihestu zen, ordea, David Saulen aurretik, eta horman sartu zen lantza. Ihes egin eta salbatu zen gau hartan David. 11 Saulek, ordea, bere mandatariak igorri zituen Daviden etxera, zaindu eta biharamun goizean hil zezaten. Bere emazte Mikalek berri hau eman zion Davidi: «Orain gauez ihes egin eta salbatzen ez bazara, bihar hil egingo zaituzte».
12 Eta leihotik behera eraitsi zuen. Orduan, Davidek ihes egin zuen eta bere burua salbatu. 13 Mikalek etxeko idoloa hartu eta ohean sartu zuen; ezarri zion burualdean ahuntz‑ilezko oihala eta ohe-azalez estali zuen. 14 David atxilotzera Saulek bidalitako mandatariak heltzean, gaixorik zegoela esan zien Mikalek. 15 Berriro ere bidali zituen Saulek mandatariak, David ikus zezaten. Esan zien: «Ekardazue ohean bada ere, hil egin behar dut eta».
16 Mandatariek, sartzean, etxeko idoloa aurkitu zuten ohean, ahuntz‑ilezko oihala burualdean zuela. 17 Orduan, Saulek diotso Mikali:
-Zergatik egin didazu iruzur? Nire etsaiari ihes egiten utzi diozu eta salbatu egin da.
Mikalek Sauli:
-Berak esan zidan: «Utzi ihes egiten; bestela, hil egingo zaitut!»
18 David, ihes egin eta bere burua salbatu ondoren, Samuelengana joan zen Ramara eta Saulek berari egindako guztiaren berri eman zion. Orduan, Samuel eta biak Naiot‑era joan ziren eta han gelditu. 19 Honela esan zioten Sauli: «Hara, David Ramako Naioten dago!»
20 Saulek mandatariak igorri zituen, David atxilot zezaten. Haiek profeta‑trantzean ikusi zuten profeta‑taldea, Samuel buru zela. Jainkoaren espirituak hartu eta profeta‑trantzean jarri ziren Saulen mandatariak ere. 21 Hau jakinarazi ziotelarik, beste mandatari batzuk bidali zituen Saulek; baina hauek ere profeta‑trantzean sartu ziren. Hirugarrenez bidali zituen Saulek mandatariak, eta hauek ere profeta‑trantzean sartu ziren. 22 Saul bera abiatu zen, orduan, Ramara. Seku‑n dagoen urtegi handiraino heltzean, honela galdegin zuen:
-Non dira Samuel eta David?
Erantzun zioten:
-Han, Ramako Naioten.
23 Joan zen, bada, Saul Ramako Naiotera, eta bera ere Jaunaren espirituak hartu eta profeta‑trantzean sartu zen, Ramako Naiotera heldu arte. 24 Bera ere biluztu eta beste guztiekin batera sartu zen profeta‑trantzean Samuelen aitzinean. Han egon zen etzana, larrugorri, egun eta gau osoan. Horregatik dator esaera: «Saul ere profeta artean?»
20. atala
aldatu1 Davidek ihes egin zuen Ramako Naiotetik ere, eta Jonatanengana jo zuen hitz egitera:
-Zer egin dut? Zein gaitz, zein bekatu egin diot zuen aitari, ni hil nahian ibiltzeko?
2 Jonatanek erantzun:
-Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.
3 Davidek zin ere egin zuen, esanez:
-Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.
4 Jonatanek, orduan, Davidi:
-Zuk esana egingo dut zure alde!
5 Davidek Jonatani:
-Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Utzidazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsaldera arte. 6 Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera ahalbailehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko». 7 «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea. 8 Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?
9 Jonatanek erantzun zion:
-Inola ere ez! Gure aitak zu hondatzea erabakia duela ziur jakiten badut, adieraziko dizut.
10 Davidek galdetu zion Jonatani:
-Nork adieraziko dit, zuen aitak haserre erantzuten badizu? 11 Jonatanek Davidi:
-Zatoz, goazen landara.
Eta biak landara atera ziren.
12 Jonatan honela mintzatu zitzaion Davidi: «Israelen Jainko Jaunarengatik esaten dizut, bihar edo etzi, garai honetan, ikertuko ditudala gure aitaren asmoak. Zurekiko asmo onak baditu eta norbait berehala bidali eta adierazten ez badizut, 13 zigor nazala Jaunak gogor. Gure aitak zu hondatzeko asmotan irauten badu, berriz, adieraziko dizut eta ihes egiten utziko, bakean joan zaitezen. Izan bedi Jauna zurekin, gure aitarekin izan zen bezala. 14 Egun hartan, bizi baldin banaiz, har nazazu onez, Jaunak nahi bezala. Hila baldin banaiz, berriz, 15 ez ukatu inoiz zeure onginahia nire senitarteari, Jaunak Daviden etsai guztiak banan‑banan lurretik suntsiaraziko dituenean».
16 Honela, Jonatanek ituna egin zuen Daviden etxearekin, esanez: «Eska biezaizkio Jaunak kontuak Davidi; hobeki esan, beronen etsaiei».
17 Jonatanek zin egin zion berriro Davidi, elkarri zioten maitasunagatik, bere burua bezain maite baitzuen. 18 Jonatanek esan zion gero Davidi: «Bihar ilberri‑jaia da eta han ez zaudela nabarituko dute, zure jarlekua hutsik egonen baita. 19 Etzi, jaitsi zaitez eta gorde, lehengo hartan ezkutatu zinen toki berean. Egon jarririk Etzel harriaren ondoan. 20 Hiru gezi jaurtikiko ditut alde horretarantz, jo-puntura botatzen ariko banintz bezala, 21 eta morroia bidaliko dut, esanez: <Hoa eta bila itzak geziak>. Morroiari <Hi baino honantzago dituk geziak, har itzak> esango banio, orduan etor zaitezke, dena bakean izango baita. Ez da arriskurik izango, ala Jauna! 22 Baina mutilari <Hi baino harantzago dituk geziak> esango banio, zoaz ihesi, Jaunak bidaltzen zaitu eta. 23 Biok elkarri eman diogun hitzaz, berriz, izan bedi Jauna gu bion artean testigu betierean».
24 Ezkutatu zen, bada, David landan. Ilberri‑jaia heltzean, jarri zen erregea otordurako, bazkaltzeko. 25 Ohi zuen tokian jarri zen erregea, horma ondoko jarlekuan. Jonatan jaiki egin zen. Abner Saulen aldamenean eseri zen. Daviden tokia, berriz, hutsik zegoen. 26 Egun hartan Saulek ez zuen deus ere esan, berekiko pentsatuz: «Ustekaberen bat izango zuen. Ez zen garbi egongo, ez zituen garbikuntzak egingo». 27 Biharamunean, ilberri ondoko bigarren egunean, berriro ere Daviden tokia hutsik zegoen. Saulek esan zion bere seme Jonatani:
-Zergatik ez da etorri bazkaltzera Jeseren semea ez atzo eta ez gaur?
28 Jonatanek erantzun zion:
-Belenera joateko baimena eskatu zidan arren eta arren. 29 Honela esan zidan: «Utzidazu joaten, otoi; senitartekoon oparia eskaini behar baitugu herrian, eta anaiak joateko agindu dit. Orain, beraz, begiko baldin banauzu, utzidazu, arren, anaia ikustera joaten». Horregatik, ez da etorri erregearen mahaira.
30 Haserretu zitzaion Saul Jonatani, eta esan zion:
-Sasikumea halakoa! Banekian, bai, Jeseren seme hori maite huela, heure buruarentzat eta heure amarentzat lotsagarri haizen horrek! 31 Jeseren seme hori lurrean bizi dadin arte, ez haiz seguru izango, ez hi, ez hire erregetza. Bilarazi eta ekardak oraintxe bertan, hil beharra dik eta!
32 Jonatanek ihardetsi zion bere aita Sauli:
-Zergatik du hil beharra? Zer egin du, bada?
33 Saulek lantza hartu zuen, semea jotzeko asmoz. Jonatanek ikusi zuen, beraz, erabakia zuela aitak David hiltzea, 34 eta haserre bizitan jaiki zen mahaitik, eta ez zuen deus ere jan ilberri‑jaietako bigarren egun hartan. Oso atsekabetua zegoen, aitak David iraindu zuelako.
35 Biharamun goizean landara joan zen Jonatan, Davidekin aurrez erabaki bezala. Mutil koskor bat zeraman berekin. 36 Jonatanek diotso mutilari:
-Hoa bizkor; bilatu jaurtikiko ditudan geziak!
Mutikoa lasterka zihoalarik, jaurtiki zuen Jonatanek gezia, mutikoa baino harantzago joateko eran. 37 Jonatanek, botatako geziraino mutikoa heltzen ari zenean, oihu egin zion atzetik, esanez:
-Hi baino harantzago zegok gezia!
38 Berriz ere oihu egin zion Jonatanek atzetik mutikoari:
-Bizkor! Habil agudo! Ez hadi geldi!
Hartu zuen Jonatanen morroiak gezia eta bere nagusiagana itzuli zen. 39 Morroiak ez zekien zer gertatzen zen; Jonatanek eta Davidek bakarrik zekiten. 40 Jonatanek eman zizkion mutikoari bere izkiluak eta esan zion:
-Hoa, eraman hirira.
41 Mutikoa joatean, atera zen David hegoaldetik eta lurreraino makurtu zen, hiru bider ahozpeztuz. Besarkatu zuten elkar, eta negar egin zuten elkarrekin. 42 Jonatanek esan zion Davidi: «Zoaz bakean. Jaunaren izenean egin diogu zin elkarri. Izan bedi Jauna betierean gu bion artean, eta gu bion ondorengoen artean».
21. atala
aldatu1 Jonatan hirira itzuli zen; David, berriz, 2 Nob‑era, Ahimelek apaizarengana. Ahimelek, harriturik, bidera atera zitzaion Davidi, esanez:
-Nolatan zatoz bakarrik, beste inor gabe?
3 Davidek Ahimelek apaizari:
-Agindu hau eman dit erregeak: «Ez dezala inork jakin zertara bidaltzen zaitudan eta zer agindu dizudan». Mutilei, berriz, halako tokira egin diet dei. 4 Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.
5 Apaizak erantzun zion Davidi:
-Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.
6 Davidek apaizari:
-Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.
7 Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.
8 Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.
9 Davidek esan zion Ahimeleki:
-Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.
10 Apaizak erantzun:
-Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz‑jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.
Davidek esan zuen:
-Ez da hori baino hoberik. Emadazu!
11 Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen. 12 Zerbitzariek, ordea, esan zioten Akix erregeari:
-Ez al da hori David, bere herrian errege dena? Ez al zioten horri kantatzen, dantza eginez, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila»?
13 Gogoan hartu zituen Davidek hitz hauek, eta Gateko errege Akixi beldur handia hartu zion. 14 Zoro‑itxurak egin zituen haien aurrean, haien artean erotuak bezala jokatuz; ate nagusietan hatzamarka hasi zen, bizarrean behera lerdea zeriola. 15 Akixek esan zien bere zerbitzariei:
-Ez al duzue ikusten gizon hau erotua dagoela? Zertarako ekarri didazue? 16 Ez ote dugu, bada, geuk aski zoro, nire aurrean zorakeriak egitera hau ekartzeko? Hau ere etxean sartu behar ote zait?
22. atala
aldatu1 Handik alde egin eta Adulamgo leizean ezkutatu zen David. Anaiak eta aitaren senitarte osoa, hori entzun zutelarik, hara jaitsi zitzaizkion. 2 Larrialdiren batean zirenak, zorrez josiak eta etsirik zeudenak Davidengana bildu ziren, eta buruzagi hartu zuten. Laurehunen bat gizon zituen berekin. 3 Handik Moabeko Mitzpara jo zuen Davidek, eta honela mintzatu zitzaion Moabeko erregeari:
-Mesedez, utzi ene aitamei zuen artean bizitzen, Jainkoak zer egin nahi didan jakin dezadan arte.
4 Eta Moabeko erregearen aurrera eraman zituen; han bizi izan ziren, David ezkutatua egon zen bitarte guztian.
5 Behin batean, Gad profetak esan zion Davidi:
-Ez gelditu zeure babeslekuan. Abia zaitez eta joan Juda lurraldera.
David, orduan, Heret oihanera joan zen.
6 Saulek jakin zuen ikusiak zituztela David eta beronekin ziren gizonak. Gibean zegoen Saul, muino batean, tamarindo baten azpian jarria, lantza eskuan eta zerbitzariak inguruan zutik. 7 Esan zien, orduan, inguruan zutik zituen zerbitzariei: «Entzun, benjamindarrok! Jeseren seme horrek zuei guztioi ere lurrak eta mahastiak emango dizkizuelakoan eta ehuneko nahiz milako giza taldeen buru egingo zaituztelakoan 8 al zabiltzate denok nire aurka azpilanean? Inork ere ez dit salatu nire semeak ituna egin duela Jeseren seme horrekin. Zuetarik bat ere ez zait errukitu, inork ez dit jakinarazi nire semeak nire aurka zelatan jarri zuela nire morroi bat. Horixe da, bada, gaur gertatzen ari dena».
9 Saulen zerbitzarien artean zutik zegoen Doeg edomdarrak erantzun zion: «Jeseren semea Nobera heltzen ikusi nuen nik, Ahituben seme Ahimelekengana. 10 Honek kontsulta egin zion Jaunari Davidi buruz; gero, janariak eman zizkion eta Goliat filistearraren ezpata ere bai».
11 Orduan, Ahituben seme Ahimelek apaiza eta beronen senitarte osoa, hau da, Nobeko apaizak, ekartzeko agindu zuen erregeak. Etorri ziren, bada, denak Saul erregeagana eta 12 honek esan zuen:
-Adizu, Ahituben seme!
Honek erantzun zion:
-Hemen nauzu, jauna.
13 Saulek, orduan:
-Zergatik ari zarete Jeseren semea eta biok nire kontra azpilanean? Ogia eta ezpata eman zenizkion; kontsulta egin zenion Jainkoari Davidi buruz, ea nire aurka jaiki eta zelatak ipiniko ote zizkidan. Horretan ari da, hain zuzen, orain.
14 Ahimelekek ihardetsi zion erregeari:
-Nor duzu, guztien artean, David bezain zerbitzari zintzorik? Zeure suhi duzu, zeure zaintzaileen buru eta ospetsu zeure etxean. 15 Gaurkoa izan ote da, bada, berari buruz Jainkoari kontsulta egin diodan lehen aldia? ez eta inola ere! Errege jauna, ez leporatu niri, zeure zerbitzari honi, ez eta ene aitaren senitarteko inori ere, halako asmo txarrik. Ez dakit nik deus ere, ez gutxi, ez asko, arazo horretaz.
16 Erregeak esan zion:
-Zureak egin du, Ahimelek! Zureak eta zure aitaren senitarte osoarenak!
17 Orduan, erregeak agindu zien bere inguruan zutik zituen zaintzaileei:
-Ea! Hil itzazue Jaunaren apaizok! Hauek ere lagundu egin baitiote Davidi: ihesi zihoala jakin eta ez zidaten aditzera eman.
Erregearen zerbitzariek, ordea, ez zieten eskurik erantsi nahi izan Jaunaren apaizei, ez zituzten hil nahi izan. 18 Orduan, erregeak Doegi:
-Ea! Hil itzak hik apaizak!
Doeg edomdarrak jo eta hil egin zituen apaizak; lihozko efod‑jantzia soinean zeramaten laurogeita bost gizaseme hil zituen egun hartan. 19 Gero, Nob apaiz‑hirian, ezpataz hil zituen Saulek bertako gizaseme eta emakumeak, neska‑mutiko eta bularreko haurrak, idi, asto eta ardiak. 20 Ahimeleken seme eta Ahituben biloba bat bakarrik salbatu zen, Abiatar zeritzana, Davidengana ihes eginez. 21 Abiatarrek aditzera eman zion Davidi, Saulek Jaunaren apaizak hilarazi zituela. 22 Davidek, orduan, Abiatarri: «Banekien, bai, egun hartan han gertatu zen Doeg edomdarra ez zela geldituko Sauli berri eman gabe. Neu nauzu aitaren senitarteko guztien heriotzaren errudun. 23 Geldi zaitez nirekin; ez izan beldur. Ene biziaren bila dabilena bera dabil zurearen bila ere. Nire ondoan ongi babestua egonen zara».
23. atala
aldatu1 Behin batean, albiste hau eman zioten Davidi: «Filistearrak Keila hiriari erasoka ari dira eta larrainetako garia lapurtzen».
2 Davidek, orduan, kontsulta egin zion Jaunari:
-Joango al naiz filistearrak menperatzera?
Jaunak erantzun zion Davidi:
-Zoaz, menperatuko baitituzu filistearrak eta askatuko Keila.
3 Davidekin zeuden gizonek, ordea, esaten zioten:
-Hemen Judan beldurrez bagaude, zer izango ote da Keilara filistear taldeen kontra borrokara joaten bagara?
4 Davidek berriro egin zion kontsulta Jaunari. Jaunak erantzun:
-Ea, jaitsi zaitez Keilara, zure esku utziko ditut‑eta filistearrak.
5 Abiatu zen, bada, David bere gizonekin Keilarantz eta oldartu zitzaien filistearrei. Haien abere‑taldeak hartu eta izugarrizko sarraskia egin zien. Horrela salbatu zituen Davidek Keilako bizilagunak. 6 Ahimeleken seme Abiatarrek, Davidengana ihes egin eta, gero, Davidekin Keilara jaitsi zenean, berekin zeraman efod apaiz‑jantzia.
7 David Keilara etorria zelako berria eman ziotelarik, esan zuen Saulek: «Eskuetara eman dit Jaunak; bere burua giltzapetu du horrek, ate eta morroilodun hirian sartuz».
8 Bildu zituen, beraz, Saulek bere gizon guztiak borrokarako, Keilara jaitsi eta han David eta beronen gizonak inguratzeko asmoz. 9 Jakin zuen, ordea, Davidek bera hondatzeko prestatzen ari zela Saul, eta esan zion Abiatar apaizari:
-Ekatzu efod apaiz‑jantzia.
10 Ondoren, Davidek otoitz egin zuen:
-Jauna, Israelen Jainkoa, Saul Keilara datorrela eta niregatik hiria hondatzeko asmotan dela entzun dut nik, zure morroi honek. 11 Haren esku utziko al naute Keilako bizilagunek? Egiaz jaitsiko al da Saul, nik, zure morroi honek, entzun dudan bezala? Jauna, Israelen Jainkoa, adierazi zeure zerbitzari honi.
-Jaitsiko da, bai -erantzun zion Jaunak.
12 Davidek galdetu ion:
-Eta Saulen eskuetara emango al gaituzte Keilako bizilagunek ni eta nire gizonak?
-Emango zaituzte, bai -erantzun zion Jaunak.
13 Orduan, David eta beronen gizonak, seiehunen bat, Keilatik atera eta nora-ezean ibili ziren. Davidek Keilatik ihes egin zuela adierazi ziotenean, Saulek bertan behera utzi zuen hara joateko asmoa.
14 David basamortura joan zen bizitzera, hango haitzarteetara, eta Zif basamortuko mendietan gelditu zen. Egunero zebilen Saul Daviden bila, baina Jainkoak ez zuen David haren eskuetara eman. 15 Ikusi zuen Davidek Saul aterea zela berari bizia kentzeko eta Zif basamortuan gorde zen, Horexen. 16 Jonatan, Saulen semea, Horexera joan zen Daviden bila, eta Jainkoarengan uste on izatera bultzatu zuen, 17 esanez: «Ez izan beldur. Ez zaitu harrapatuko gure aita Saulek. Israelgo errege izango zara, eta ni bigarren, zure hurrengo. Gure aita Saulek berak ere badaki hori».
18 Ituna egin zuten biek Jaunaren aurrean. David Horexen gelditu zen, eta Jonatan etxera itzuli.
19 Zifeko batzuek Gibeara igo eta esan zioten Sauli:
-Ez al dakizu David gure artean gordetzen dela, Horexeko haitzarteetan, basamortuaren hegoalderantz dagoen Hakila mendixkan? 20 Orain, bada, errege jauna, halako gogoa baldin baduzu, jaitsi zaitez, geuk emanen dizugu gizon hori eskuetara.
21 Saulek erantzun:
-Bedeinka zaitzatela Jaunak, nitaz urrikaldu zaretelako. 22 Zoazte, otoi; iker ezazue ongi, jakizue eta ikusi non dabilen, jakin nork ikusi ote duen. Oso axeria omen da. 23 Aztertu eta jakin zein ingurutan dagoen gordea eta itzuli niregana, non dabilen ziur jakinez. Gero, zuekin joango naiz. Inguru horietan baldin bada, Judako senitarte guztietan ibiliko naiz berorren bila.
24 Gizon haiek Ziferantz abiatu ziren, Saulen aurretik. David, berriz, bere gizonekin Maon eremuan zebilen, lautadan, basamortuaren hegoaldera. 25 Saul bere gizonekin Daviden bila hasi zen. Horren berri izatean, David haitzartera jaitsi eta Maon eremuan gelditu zen. Saul ere, hori jakitean, Maon eremuan barrena abiatu zen, Daviden ondoren. 26 Saul mendi‑malda batetik zihoan; David, berriz, bere gizonekin beste maldatik. David lasterka zihoan, Saulengandik ihesi. Saul bere gizonekin David eta beronen gizonak inguratzen ari zen, harrapatzeko. 27 Orduan, mandatari bat etorri zitzaion Sauli, esanez: «Zatoz bizkor, filistearrak sartu zaizkigu geure lurraldean».
28 Hala, Daviden ondoren ibiltzeari utzi eta filistearrei aurre egitera itzuli zen Saul. Horregatik deritza toki hari Sela‑Hamahlekot, hau da, «Bereizte‑harkaitza».
24. atala
aldatu1 David handik igo eta En‑Gediko haitzarteetan gelditu zen. 2 Filistearrak borrokatzetik itzultzean, esan zioten Sauli: «En‑Gediko eremuan duzu David».
3 Hartu zituen Saulek hiru mila gizon, Israel osoan aukeratuak, eta David eta honen gizonen bila joan zen Tzure‑Jeelimera, hau da, «Basahuntzen Harkaitzetara». 4 Bide ondoan zegoen ardi‑eskorta batera heltzean, leize-zulo batean sartu zen Saul sabela hustutzera. Leize hartantxe zeuden, hain zuzen, barru‑barruan gorderik, David eta beronen gizonak. 5 Hauek esan zioten Davidi:
-Gaur bete da Jaunak esan zizun hura: «Zure esku uzten dut zure etsaia; egiozu egokien iruditzen zaizuna».
Jaiki zen David eta, isil‑isilik, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuen. 6 Bihotzeko harra sentitu zuen orduan, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuelako. 7 Eta esan zien bere gizonei:
-Ez eta inola ere! Ezin diot halakorik egin ene jaunari, Jaunak gantzutu duenari. Ezin diot eskurik erantsi, Jaunaren gantzutua baita.
8 Hitz hauez geldiarazi zituen Davidek bere gizonak eta debekatu egin zien Sauli erasotzea. Jaiki zen Saul, leize-zulotik atera eta bere bideari lotu zitzaion berriro. 9 Ondoren, jaiki zen David ere, leizetik atera eta oihu egin zuen Saulen atzean:
-Ene errege jauna!
Saulek atzera begiratu zuen. David, lurreraino makurtuz, ahozpeztu egin zitzaion. 10 Esan zion, orduan, Davidek Sauli:
-Zergatik entzuten diozu David zu hondatu nahian dabilela diotsun jendeari? 11 Une honetan zeure begiz ikus dezakezunez, nire esku utzi zaitu gaur Jaunak leize-zuloan. Zu hiltzeko esaten zidaten, baina errukitu egin natzaizu, neure buruari hau esanez: «Ez diot erantsiko eskurik nire jaunari, Jaunak gantzutua baita». 12 Hona hemen, ene aita, hona zure soingainekoaren ertza nire eskuan. Soingainekoaren ertza ebaki, bai, baina zu ez zaitut hil. Ohar zaitez eta jakizu, ez dudala asmo txarrik, ez maltzurkeriarik, eta ez dizudala kalterik egin. Zu, aldiz, nire bila zabiltza bizia kentzeko. 13 Izan bedi Jauna gu bion artean epaile! Mendeka nazala Jaunak zure bidez! Baina nik ez dizut eskurik erantsiko. 14 Esaera zaharrak dioena: «Gaiztoek gaiztakeria». Nik, ordea, ez dizut eskurik erantsiko. 15 Noren bila zabiltza, zu, Israelgo errege hori? Noren atzetik zoaz? Zakur akabatuaren atzetik? Arkakusoren baten atzetik? 16 Izan bedi Jauna gu bion artean epaile, erabaki beza berak zure eta nire artean; azter eta zain beza nire auzia, eta aska nazala zure eskuetatik!
17 Davidek hitz hauek bukatzean, esan zion Saulek:
-Zure ahotsa al dut hori, David, ene seme?
Eta oihuka, negarrari eman zion Saulek. 18 Gero, esan zion Davidi:
-Ni baino zuzenagoa zara. On baizik ez didazu egin; nik, berriz, gaitza itzuli dizut. 19 Gaur bertan, agerian utzi duzu on baizik ez didazula egin, Jaunak zure esku utzi nauen arren, ez bainauzu hil. 20 Gizon batek bere etsaia aurkitu eta utziko ote lioke bere bidetik joaten? Ordain diezazula Jaunak zuk gaur niri egindako ongia. 21 Orain, badakit zu izanen zarela errege, eta Israelgo erregetzak zure eskuetan iraungo duela. 22 Egidazu zin, Jaunaren izenean, ez dituzula nire ondorengoak suntsituko, ez eta nire izena ezabatuko ere nire aitaren senitartetik.
23 Zin egin zion Davidek Sauli. Ondoren, Saul etxera joan zen, eta David bere gizonekin haitzarteetara igo.
25. atala
aldatu1 Garai hartan, hil zen Samuel eta Israel osoa bildu zen hiletak egiteko. Ramako bere etxean ehortzi zuten.
David Paran basamortura jaitsi zen. 2 Bazen Maonen bere ondasunak Karmelen zituen gizon bat. Gizon oso aberatsa zen, hiru mila ardi eta mila ahuntzen jabe. Ardi‑moztera joana zen Karmelera. 3 Nabal deitzen zen gizon hura; Abigail zuen emaztea. Hau zentzuduna eta ederra zen; senarra, berriz, zakarra eta gaiztoa. Kaleben jatorrikoa.
4 Basamortuan zebilelarik, entzun zuen Davidek Nabal ardi‑mozten ari zela 5 eta hamar mutil bidali zizkion, esanez: «Igo zaitezte Karmelera Nabalengana; egiozue nire izenean bake‑agurra 6 eta esan: <Izan ongi! Bakea zurekin, bakea etxekoekin, bakea zurean diren guztiekin! 7 Ardi‑mozten ari zarela entzun dut. Zure artzainak gurekin izan zirenean, ez genien inolako kalterik egin; Karmelen izan ziren bitarte guztian ez genien deus ere ukitu. 8 Galdegiezu zeure morroiei eta esango dizute. Orain, beraz, har itzazu ongi mutil hauek, egun egokian baitatoz. Eman, otoi, zeure zerbitzarioi eta David zeure adiskideari eskura duzuna> ».
9 Daviden mutilek, heldu zirenean, hitz horiek esan zizkioten Nabali, Daviden izenean, eta zain gelditu ziren. 10 Nabalek, ordea, erantzun zien Daviden mutilei: «Nor da David hori? Nor da Jeseren seme hori? Gaur egun esklabo asko dabil bere jabearengandik ihesi. 11 Neure ogia, neure ura eta moztaileentzat hil ditudan abereen okela hartu eta nondik datorren ere ez dakidan jendeari eman behar al dizkiot?»
12 Itzuli ziren, beraz, Daviden mutilak beren bidetik eta, heldu zirenean, hori guztia adierazi zioten Davidi. 13 Honek, orduan, agindu zien bere mutilei: «Hartu nork bere ezpata gerrian!»
Hartu zuen nork bere ezpata gerrian, eta Davidek ere bai berea. Laurehunen bat gizonek jarraitu zioten Davidi; beste berrehunak tresneria zaintzen gelditu ziren.
14 Morroietarik batek adierazi zion Nabalen emazte Abigaili: «Hara, Davidek mandatariak igorri ditu basamortutik, gure nagusiari bake‑agurra egitera. Honek, ordea, zakar erantzun die. 15 Gizon haiek oso ongi jokatu zuten gurekin, ez ziguten inolako kalterik egin, eta ez ziguten deus ere ukitu larreetan haiekin ibili ginen bitartean. 16 Babesle izan genituen, gau eta egun, beraien artean artzain ibili ginen bitarte guztian. 17 Pentsa ezazu eta ikusi zer egin behar zenukeen; bestela, erabakia baitago gure nagusiaren eta beronen etxe osoaren hondamendia. Maltzur‑gaizto horrekin ezin baitu inork hitzik ere egin».
18 Abigailek, bizkor, hartu zituen berrehun ogi, bi zahagi ardo, bost ahari burduntzian erreak, bost arroa gari xigortu, ehun mahaspasa‑mordo eta berrehun piku‑opil eta astoen gainean ezarri zituen. 19 Gero, esan zien bere morroiei: «Zoazte nire aurretik; ni atzetik joango naiz».
Bere senar Nabali ez zion ezer ere esan. 20 Asto baten gainean jarria, Abigail mendiko toki gordeetan behera zihoalarik, han non datorren beherantz David bere gizonekin emakumearen aldera. Bat-batean, aurrez aurre gertatu ziren. 21 Davidek hizketa hau zekarren: «Alferrik ari izan naiz basamortuan haren ondasun guztiak zaintzen, harenak batere ukitu gabe, on egina orain gaizki ordaintzeko! 22 Zigor dezala Jaunak gogor David, baldin eta horren etxekoen artean gizonezko bat ere bizirik uzten badut egunsentirako».
23 Abigail, David ikusi orduko, asto gainetik bizkor jaitsi eta makurtu egin zen Daviden aitzinean, lurreraino ahozpeztuz. 24 Oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Utzidazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak. 25 Arren, ez egin kasurik, ene jauna, Nabal maltzur‑gaizto horri. Ongi emana du bere izena: zital deritza, eta zital hutsa da, izan ere. Nik ez nituen ikusi zuk bidalitako mutilak. 26 Baina, Jauna badela eta zu hemen zaudela bezain egia da Jaunak berak galarazi dizula odola isurtzea eta mendekua zeure eskuz egitea. Gerta bekie Nabali gertatuko zaiona, zu hondatu nahian dabiltzan etsaiei ere. 27 Har itzazu, ene jauna, ekarri dizkizudan eskuerakutsiak eta eman zeure mutilei. 28 Barka, otoi, zeure mirabe honen errua. Ondorengotza sendoa emanen dizu Jaunak, Jaunaren gudua ari baitzara egiten, eta bizitza osoan ez da okerkeriarik aurkitu zuregan. 29 Inoiz, norbaitek, zu hil nahian, erasotzen badizu, Jaunak, zure Jainkoak, ongi gordeko du zure bizia bere eskuetan. Zure etsaien biziak, aldiz, jaurtiki egingo ditu, harria habailaz bezala. 30 Esandako on guztiak emango dizkizu Jaunak eta zu, ene jauna, Israelen buruzagi eginen zaitu. 31 Ez dezazula orduan, ez kezkatu, ez damutu beharrik izan, odol errugabea isuri eta mendekua zeure eskuz egina duzulako. Jaunak ondasunez bete zaitzanean, oroit zaitez zeure mirabe honetaz».
32 Davidek ihardetsi zion Abigaili:
-Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, zu gaur nire bidera bidali zaituelako! 33 Bedeinkatua zure zuhurtzia, bedeinkatua zeu ere, eragotzi egin baitidazu gaur odola isurtzea eta mendekua neure eskuz egitea. 34 Baina, ala Jauna, Israelen Jainkoa, zuri kalte egitea galarazi didana! Zu nire bidera bizkor etorri ez bazina, ez zen Nabalenean gizonezkorik bizirik geldituko egunsentirako.
35 Hartu zituen Davidek emakumeak ekarritakoak eta esan zion:
-Igo bakean zeure etxera. Aditu dut zure ahotsa. Onartu dut zure eskaria.
36 Abigail Nabalengana itzuli zen. Egundoko afaria egiten ari zen hau bere etxean, errege‑otordua adinakoa. Alai‑alai zegoen Nabal eta arrunt mozkortua. Abigailek ez zion hitzik esan biharamun goizera arte; 37 argi-nabarrean, ordea, mozkorra joan zitzaionean, gertaturikoa jakinarazi zion Nabali. Bihotzekoak eman zion orduan Nabali, eta harria bezain gogor gelditu zen. 38 Hamar egun ingururen buruan, heriotzaz jo zuen Jaunak Nabal eta hil egin zen.
39 Nabal hila zela aditu zuelarik, esan zuen Davidek: «Bedeinkatua Jauna! Nire alde jokatu baitu Nabalek egin zidan irainaren aurrean. Okerra egitea galarazi dit; Nabali, berriz, gainera bota dio Jaunak bere gaiztakeria».
Ondoren, mandatariak igorri zizkion Davidek Abigaili, emaztetzat hartu nahi zuela adieraziz. 40 Heldu ziren, bada, Daviden mandatariak Karmelera Abigailengana eta honela mintzatu zitzaizkion:
-Davidek bidali gaitu zuregana, emaztetzat hartu nahi zaituela eta.
41 Jaiki zen emakumea, lurreraino ahozpetu eta esan zien:
-Daviden mirabe nauzue, prest nago jaunaren morroiei oinak garbitzeko.
42 Abigail, berehala jaiki, asto gainean jarri eta bost neskatxa lagun hartuz, Daviden mandatarien ondoren joan eta Davidekin ezkondu zen. 43 David Izreelgo Ahinoamekin ezkondua zegoen ordurako; horrela, biak zituen emazte. 44 Izan ere, Saulek bere alaba Mikal, Daviden emazte izana, Galimgo Laixen seme Paltiri eman zion emazte.
26. atala
aldatu1 Zifekoak Gibeara etorri ziren Saulengana, esatera: «Ez al dakizu David Hakila mendixkan, basamortu‑ertzean, dagoela gordea?»
2 Saul Zif basamortura jaitsi zen orduan, Israelgo hiru mila gizon aukeratu berekin zituela, Daviden bila. 3 Saulek Hakila mendixkan, basamortu‑ertzean, bide ondoan ezarri zituen oihal‑etxolak. Basamortu hartan zebilen David eta, Saul beraren bila zetorrela entzutean, 4 ikerlariak bidali zituen, Saulen etorrera ziurtatzera. 5 Orduan, jaiki eta Saul etxolatua zegoen tokira heldu zen David, eta ikusi zuen non zeuden etzanik Saul eta Abner, Ner‑en semea, gudarostearen buruzagia. Saul kanpalekuaren erdian zegoen etzana eta gainerako jendea haren inguruan zegoen etxolatua. 6 Davidek esan zien Ahimelek hititari eta Joaben anaia Tzeruiaren seme Abixairi:
-Nor dator nirekin kanpalekura, Saulengana.
-Neu noa zurekin -erantzun zion Abixaik.
7 Heldu ziren, bada, gauez David eta Abixai Saulen gudarostea zegoen tokira. Saul, kanpalekuaren erdian etzana, lotan aurkitu zuten eta lantza lurrean sartua bere buru ondoan. Abner eta gainerako jendea erregearen inguruan zeuden lo.
8 Abixaik esan zion Davidi:
-Jainkoak zeure esku jarri dizu gaur etsaia. Uztazu lantza‑kolpe batez lurrari josten; ez dut birritan jo beharrik izango.
9 Davidek ihardetsi zion Abixairi:
-Ez hil! Ez litzateke zigorrik gabe geldituko Jaunaren gantzutuari eskua erantsiko liokeena.
10 Eta jarraitu zuen:
-Ala Jainkoa! Jaunak berak joko du gizon hori, bere heriotzako ordua etor dakionean edota borrokaren batean hilko dutenean. 11 Ez diezazula Jaunak utz, berak gantzutu duenari eskua eransten. Hartu buru ondoan duen lantza eta ur‑antosina, eta goazen!
12 Hartu zituen, beraz, Davidek Saulen buru ondoan zegoen lantza eta ur‑antosina, eta alde egin zuten biek. Ez zituen inork ere ikusi, ez sumatu. Ez zen inor ere itzarri. Lo zeuden denak, Jaunak emaniko logaleak harturik.
13 David beste aldera joan eta, urrunean, mendi-gailurrean gelditu zen, etsaien eta beren artean tarte handia utzirik. 14 Orduan, Davidek oihu egin zion jendeari eta Ner‑en seme Abnerri:
-Abner! Ez al duzu erantzun behar?
-Nor ari da erregeari oihuka? -esan zuen Abnerrek.
15 Eta Davidek:
-A zer gizona zu! Zure parekorik ez Israelen! Nolatan ez duzu, bada, zeure errege jauna zaindu? Herritar bat etorri da zure errege jauna hiltzera. 16 Ez dago batere ongi egin duzuna. Ala Jainkoa! Heriotza merezi duzue denok, zeuen nagusia, Jaunaren gantzutua, zaindu ez duzuelako. Begira non dauden erregeak bere ondoan zituen lantza eta ur‑antosina.
17 Saulek ezagutu egin zuen Daviden ahotsa eta esan zion:
-Ez al da hori zure ahotsa, ene seme David?
-Nire ahotsa da, bai, ene errege jauna -erantzun zion Davidek. 18 Eta jarraitu zuen:
-Zergatik zabiltza zure morroi honen ondoren, ene jauna? Zer egin dut? Zein oker egin dut? 19 Entzun, otoi, ene errege jauna, zeure zerbitzari honen hitzak: nire kontra Jaunak bultzatzen bazaitu, opari bat eskainiko diot bare dadin. Baina gizonek bultzatzen bazaituzte, madarika bitza Jaunak, bota egiten bainaute Jaunaren lurraldetik eta sasijainkoak zerbitzatzera behartzen! 20 Ez dezatela nire odola lurrera isuri, Jaunarengandik urrun! Israelgo erregea arkakuso baten bila dabil, ehiztaria mendiz mendi eperraren atzetik bezala.
21 Saulek, orduan:
-Bekatu egin dut! Itzul zaitez, David, ene seme. Ez dizut aurrerantzean gaitzik egingo, gaur ene biziari begirune izan diozulako. Bai, ergela izan naiz eta oso oker jokatu dut.
22 Davidek erantzun zion:
-Hona hemen erregearen lantza. Betor honaino mutilen bat eta har beza. 23 Nori berea emanen dio Jaunak, bere zuzentasun eta leialtasunaren arabera. Jaunak nire esku utzi zaitu gaur, baina ez diot eskurik erantsi nahi izan Jaunaren gantzutuari. 24 Zure bizia niretzat gaur hain baliotsua izan den bezala, hala izan bedi nirea Jaunarentzat. Libra nazala atsekabe orotatik!
25 Saulek Davidi:
-Bedeinkatua zu, ene seme David! Handiak eginen dituzu eta garaile izango egintza guztietan!
David bere bidetik joan zen, eta Saul etxera itzuli.
27. atala
aldatu1 Davidek honela zioen bere baitan: «Halakoren batean, Saulen eskuak galdu behar nau! Filistearren lurraldera ihes egin eta neure burua salbatzea izanen dut hoberena. Horrela, etsiko du Saulek eta ez da nire bila ibiliko Israel lurraldean, eta ni libre izango naiz haren eskuetatik».
2 Jaiki zen, beraz, David eta, berekin zituen seiehun gizonekin, Gateko errege Akixengana, Maoken semearengana, jo zuen. 3 Denak Gaten jarri ziren bizitzen, Akixen inguruan: Daviden gizonak nor bere familiarekin eta David bera bere bi emazteekin, Izreelgo Ahinoamekin eta Karmelgo Nabalen emazte izana zen Abigailekin. 4 Davidek Gatera ihes egin zuela jakinarazi zioten Sauli eta aurrerantzean ez zuen jarraitu haren bila.
5 Davidek esan zion Akixi: «Begiko banauzu, emadazu tokia zeure lurraldeko hirixkaren batean, bertan bizi nadin: ez da egoki ni, zure zerbitzari hau, zure ondoan errege‑hirian egotea».
6 Egun hartan bertan, Akixek Tziklag hirixka eman zion; horregatik, Tziklag gaurdaino Judako erregeena da. 7 Urtea eta lau hilabetez bizi izan zen David filistearren lurraldean. 8 Davidek bere gizonekin erasoaldiak egin ohi zizkien gexurtarrei, gereztarrei eta amalektarrei; aspaldidanik Xur aldera eta Egipto lurralderaino bizi ziren herriei, alegia. 9 Davidek birrindu egiten zuen lurralde hura; ez zuen bizirik uzten, ez gizasemerik, ez emakumerik. Ardi, idi, asto, gamelu eta soinekoak ere ostu ohi zituen. Itzultzean, Akixengana joaten zen. 10 Akixek galdetzen zion:
-Non eraso duzue gaur?
Eta Davidek erantzuten:
-Judako hegoaldean, edota jerahmeeldarren hegoaldean, edota kaindarren hegoaldean.
11 Davidek ez zion inori bizia barkatzen, ez gizonei, ez emakumeei, Gatera inor ez eramatearren; beraren jokabidearen berri inork eman ez zezan. Horrela jokatu zuen Davidek filistearren artean bizi izan zen denboraldi guztian. 12 Akixek uste osoa zuen Davidengan eta honela zioen bere baitan: «Gorrotagarri egin da David bere herri Israelentzat. Neure menpe izanen dut betiko».
28. atala
aldatu1 Egun haietan, filistearrak beren gudari‑taldeak bildu eta Israelen aurka borrokatzeko prestatu ziren. Akixek esan zion Davidi:
-Badakizue zuk eta zure gizonek nirekin etorri behar duzuela gudura.
2 Davidek erantzun zion:
-Eta ikusiko duzu zer egingo duen zure morroi honek.
Akixek Davidi:
-Ongi! Neure zaintzaile egiten zaitut betiko.
3 Hila zen Samuel; eginak zizkion Israel osoak hiletak eta ehortzia zuten bere hiri Raman. Saulek, bestalde, uxatuak zituen hilaztiak eta igarleak.
4 Filistearrek bildu eta Xunemen ezarri zituzten guduetxolak. Saulek ere bildu zuen Israel osoa eta Gilboan ezarri zituen guduetxolak. 5 Saul, filistearren kanpalekua ikustean, beldurtu egin zen eta bihotza dardaratu zitzaion. 6 Kontsulta egin zion Saulek Jaunari; honek, ordea, ez zion erantzun, ez ametsetan, ez Urim‑en bidez, ez eta profeten bidez ere. 7 Orduan, esan zien Saulek bere laguntzaileei:
-Bilatu hilazti‑ahalmena dukeen emakumeren bat, berarengana joan eta kontsulta egiteko.
Laguntzaileek erantzun zioten:
-Bada Endor‑en hilazti‑ahalmena duen emakume bat.
8 Aldatu zuen Saulek bere itxura beste soineko batzuk jantziz eta bi gizonekin joan zen. Gauez emakumeagana heldu eta esan zion Saulek:
-Igar iezadazu etorkizuna, hilei dei eginez. Agerrarazi esango dizudan hildakoa.
9 Emakumeak erantzun zion:
-Badakizu zer egin zuen Saulek: desagerrarazi egin zituen igarleak eta hilaztiak. Ni hil nahian al zabiltza?
10 Zin egin zuen Saulek Jainkoarengatik, esanez:
-Jauna badela bezain egia da ez zaizula inolako gaitzik etorriko hori egiteagatik.
11 Emakumeak, orduan:
-Nor nahi duzu agerraraztea?
Saulek erantzun:
-Agerrarazi Samuel.
12 Emakumeak, Samuel ikusi zuelarik, garrasi handia egin eta esan zion Sauli:
-Zergatik engainatu nauzu? Saul zara zu!
13 Erregeak erantzun zion:
-Ez izan beldur. Zer ikusten duzu?
Emakumeak Sauli:
-Espiritu bat dakusat lurpetik igotzen.
14 Saulek:
-Nolakoa da?
Emakumeak:
-Gizon zaharra, soingainekoz jantzia.
Antzeman zion Saulek Samuel zela, eta lurreraino makurtuz ahozpeztu egin zitzaion.
15 Samuelek esan zion Sauli:
-Zergatik asaldatu nauzu igoaraziz?
Saulek erantzun:
-Oso larri nago. Filistearrak borrokan ari zaizkit, eta Jainkoa urrundu egin zait; ez dit erantzun nahi, ez profeten bidez, ez ametsen bidez. Zer egin behar dudan erakuts diezadazun egin dizut dei.
16 Samuelek erantzun zion:
-Jauna urrundu baldin bazaizu eta kontra jarri, zertarako egin niri kontsulta? 17 Nire bitartez esan zuena bete du Jaunak: zure eskuetatik erregetza kendu eta beste bati eman dio, Davidi. 18 Ez zenuen bete Jaunaren esana, ez zenion erakutsi Amaleki Jaunaren haserre gorria. Horregatik egin du orain hau Jaunak. 19 Israel ere filistearren eskuetara emango du Jaunak zurekin batera. Bihar zure semea eta biok nirekin izanen zarete, eta Israelen gudarostea ere filistearren eskuetara emango du Jaunak. 20 Bat-batean, Saul luze erori zen lurrera, Samuelen hitzek izuturik. Indarrik gabe zegoen, ez baitzuen deus ere jan egun osoan eta gau osoan. 21 Hurbildu zitzaion Sauli emakumea eta, hain larritua ikusirik, esan zion:
-Nik, zure mirabe honek, entzun dut zure hitza eta arriskuan jarri dut neure bizia, zure esana betetzearren. 22 Orain, otoi, entzun zuk ere mirabe honen hitza. Ogi‑puska bat ekarriko dizut; jan ezazu, indarrak hartzeko eta bideari ekin ahal izateko.
23 Saulek ezetz zioen:
-Ez dut jango!
Zerbitzariak eta emakumea, ordea, esan eta esan ari zitzaizkionez, makurtu egin zen haien esanetara. Lurretik jaiki eta etzaulkian jarri zen. 24 Bazuen emakumeak etxean zekor gizendua; hil zuen berehala; ogi-irina hartu eta egin zuen orea eta erre zituen opil batzuk. 25 Atera zizkien Sauli eta honen zerbitzariei. Jan zuten, bada, jaiki ziren eta gau hartan bertan alde egin zuten.
29. atala
aldatu1 Filistearrek Afeken zituzten bilduak beren gudari‑taldeak; israeldarrek, berriz, Izreelen dagoen iturri ondoan ezarri zituzten gudu‑etxolak. 2 Filistearren buruzagiak ehuneko eta milako giza taldeen aurretik zihoazen. David bere gizonekin Akix erregearen ondoan zihoan, atzeko taldean. 3 Filistearren buruzagiek honela zioten:
-Zer egiten dute hebertar horiek hemen?
Akixek honela erantzun zien filistearren buruzagiei:
-David duzue, Israelgo errege den Saulen zerbitzaria. Urte bat edo bi darama nirekin eta ihesi etorri zitzaidanez geroztik ez dut aitzakiarik izan horren aurka.
4 Filistearren buruzagiek Akixen aurka haserretu eta esan zioten:
-Bidal ezazu gizon hori, doala izendatu zenion tokira. Ez dadila etor gurekin gudura; borrokaldian ez ote zaigu, gero, etsai bihurtuko? Izango ote luke aukera hoberik bere nagusiarekin adiskidetzeko, gure mutilei lepoa moztuz baino? 5 Ez al da David hau, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila» denek batera kantatzen zioten huraxe bera?
6 Dei egin zion, beraz, Akixek Davidi eta esan zion:
-Zuzena zara, ala Jauna! Begiko dut zu nirekin izatea gudarostearen joan‑etorri guztietan. Ez dut zuregan deus txarrik ikusi, niregana etorri zinenez geroztik. Buruzagiek, ordea, ez zaituzte begiko. 7 Itzul zaitez, beraz, eta zoaz bakean. Horrela, ez dira suminduko filistearren buruzagiak.
8 Davidek, orduan, Akixi:
-Zer egin dut, baina? Ikusi al duzu zeure zerbitzari honengan deus txarrik zuregana heldu nintzenez geroztik? Zergatik ezin naiz, bada, joan ene errege jaunaren etsaiak borrokatzera?
9 Akixek erantzun zion:
-Badakit. Jainkoaren bidalia bezain gogoko zaitut. Baina filistearren buruzagiek zuri gurekin gudura etortzen ez uzteko esan didate. 10 Beraz, jaiki zaitezte goizean goiz zu eta zurekin etorriak diren zure jaunaren mutilak, eta zoazte eguna argitu orduko.
11 Jaiki ziren, bada, goizean goiz David eta bere gizonak eguna argitzean, eta filistearren lurraldera itzuli ziren. Filistearrak, aldiz, Izreelerantz igo ziren.
30. atala
aldatu1 Hiru egunen buruan, David Tziklagera heldu zen bere gizonekin. Baina amalektarrek eraso egina zieten Negev eskualdeari eta Tziklag hiriari; Tziklag hondatu eta su eman zioten; 2 emakumeak eta hirian zirenak, txiki nahiz handi, atxilotuak zeramatzaten beren bidetik, baina bat ere hil gabe. 3 Davidek eta bere gizonek, heldu zirenean, hiria sutan eta beren emazte eta seme‑alabak gatibu eraman zituztela aurkitu zuten. 4 Davidek eta bere jendeak garrasika hasi eta negar egiteko ere indarrak akitu arte egin zuten negar. 5 Daviden bi emazteak ere, Izreelgo Ahinoam eta Karmelgo Nabalen emazte izaniko Abigail, eramanak zituzten atxiloturik. 6 Davidek estuasun handia izan zuen, harrika emango ziola baitzioen jendeak; hain atsekabetuak zeuden, izan ere, gizonak beren seme‑alabengatik. Davidek, orduan, bere Jainko Jaunarengandik hartu zuen indarra. 7 Davidek Ahimeleken seme Abiatar apaizari dei egin eta esan zion:
-Ekatzu, mesedez, efod hori.
Ekarri zion Abiatarrek Davidi efoda. 8 Honela egin zion kontsulta Davidek Jaunari:
-Joango al naiz lapur-talde horren ondoren? Harrapatuko ote ditut?
Jaunak erantzun:
-Zoaz ondoren! Horixe harrapatuko dituzula eta askatuko zeuretarrak!
9 David berekin zituen seiehun gizonekin abiatu eta Besor ibarrera heldu zen; batzuk han gelditu ziren. 10 Davidek aurrera egin zuen laurehun gizonekin; gainerako berrehunak gelditu egin ziren, nekearen nekez ezin baitzuten Besor ibarra igaro. 11 Bazter haietan egiptoar bat aurkitu zuten eta Davidengana eraman. Eman zizkioten ogia jaten eta ura edaten; 12 piku‑opil puska bat eta bi mahaspasa‑mordo ere eman zizkioten. Jan zituen eta indarrak hartu, hiru gau eta hiru egun ogirik jan gabe eta urik edan gabe baitzegoen. 13 Davidek galdetu zion, orduan:
-Norena zara eta nongoa?
Mutilak erantzun:
-Egiptoarra nauzu, amalektar baten esklaboa. Nagusiak utzi egin ninduen duela hiru egun, gaixotu egin bainintzen. 14 Keretarren hegoaldeari, Juda eta Kalebeko hegoaldeei eraso genien, eta Tziklagi su eman.
15 Davidek galdetu zion:
-Gida al nazakezu lapur-talde horrengana?
Mutilak erantzun:
-Egidazu zin Jainkoarengatik ez nauzula hilko, ez eta ene jabearen esku utziko ere, eta gidatuko zaitut lapur-talde horrengana.
16 Horrela, bada, gidatu zituen. Landan sakabanaturik aurkitu zituzten jan‑edanean, filistearrei eta Judakoei lapurturiko harrapakinen ugariarengatik jai egiten. 17 Biharamunean, egunsentitik ilunabarrera oldartu zitzaien David; ezin izan zuen batek ere ihes egin, gamelu gainera igo eta ihesi joan ziren laurehun gazteek izan ezik. 18 Amalektarrek ebatsiriko guztia eskuratu zuen Davidek, bai eta bere bi emazteak ere. 19 Ez zitzaien inor ere falta, ez txiki eta ez handi, ez seme eta ez alaba, ez eta harrapakinik ere. Lapurtua zieten guztia eskuratu zuen Davidek. 20 Artalde eta abere‑taldeak ere eskuratu zituen. Jendeak abereak hartu eta Daviden aitzinera eraman zituen, esanez: «Hona Davidentzako harrapakinak». 21 Gero, berrehun gizonengana, nekaturik zeudelako berari jarraiezinik Besor ibarrean utzi zituen haiengana, itzuli zen David. Hauek bidera irten zitzaizkien Davidi eta beronekin zetorren jendeari. Davidek hurbildu eta bake‑agurra egin zien. 22 Davidekin erasora joanak ziren baina maltzur eta zikoitz zirenek esan zuten:
-Horiek ez dira gurekin etorri. Ez diegu harrapakinetarik ezer ere emango, beren emazte eta seme‑alabak izan ezik. Har ditzatela eta doazela!
23 Davidek ihardetsi zuen:
-Ez dezazuela horrelakorik egin, ene anaiok, Jaunak eman digunarekin! Zaindu egin gaitu; eraso zigun lapur-talde hura eskura eman digu. 24 Esan duzuen hori ez dizue inork ere onartuko, zeren eta,
«nolako zatia borrokara doanak,
halakoa tresneria zaindu duenak.
Berdin hartuko dute denek».
25 Egun hartaz geroztik horrela egin da, eta Israelen arau eta lege bezala bete ohi da jokabide hori gaurdaino.
26 Tziklagera heldu zenean, harrapakin haietarik zatiak bidali zizkien Davidek bere herrikide zituen Judako buruzagiei, esanez: «Hartzazue emaitza hau, Jaunaren etsaiei kendu dizkiegun harrapakinetarik». 27 Hauei guztiei bidali zizkieten emaitzak: Betelen, Negeveko Ramoten, Jatiren, 28 Aroeren, Sifmoten, Extemoan, 29 Rakalen, jerahmeeldar hirietan, kaindar herrietan, 30 Horman, Bor‑Axanen, Ataken, 31 Hebronen eta David bere gizonekin ibili izan zeneko beste toki guztietan bizi zirenei.
31. atala
aldatu1 Azkenean, ekin zioten filistearrek borrokari israeldarren kontra. Hauek ihesi joan ziren filistearren aurretik eta hilak gertatu ziren Gilboa mendian. 2 Pertsegitu zituzten filistearrek Saul eta honen semeak, eta Saulen seme Jonatan, Abinadab eta Malki‑Xua hil egin zituzten. 3 Orduan, Sauli oldartu zitzaizkion bete‑betean; joan zitzaizkion ondoren arkulariak eta larriki zauritu zuten. 4 Saulek esan zion bere ezkutariari: «Atera ezpata eta sar iezadak alderik alde, jentil arrotz horiek jo ez nazaten eta iseka egin ez diezadaten».
Ezkutariak, ordea, ez zuen halakorik egin nahi izan, erabat izutua baitzegoen. Orduan, hartu zuen Saulek ezpata eta gainera bota zuen bere burua. 5 Ezkutariak ere, Saul hila zela ikustean, bere burua ezpata gainera bota zuen. Biak batera hil ziren. 6 Horrela hil ziren egun berean Saul, hiru semeak, ezkutaria eta harekin ziren gizon guztiak.
7 Haranaz eta Jordanez handik ziren israeldarrek, beren gudarostea ihesi zihoala eta Saul eta beronen semeak hilak zirela entzutean, hiriak utzi eta ihes egin zuten. Filistearrak etorri eta hiri haietan jarri ziren bizitzen.
8 Biharamunean hilei lapurtzera etorri ziren filistearrak; orduan ikusi zuten hilotz zeudela Gilboa mendian Saul eta beronen hiru semeak. 9 Sauli lepoa moztu eta armak kendu zizkioten, eta filistearren lurralde osora zabaldu zuten berri ona, beren idoloen jauretxeetan herriari jakinaraziz. 10 Gero, Astarteren jauretxean utzi zituzten Saulen armak; haren gorpua, berriz, Bet‑Xango harresietan zintzilikatu zuten.
11 Filistearrek Sauli egindakoa Galaadeko Jabexeko bizilagunek jakin zutelarik, 12 jaiki ziren gizonik indartsuenak eta, gau guztian ibili ondoren, eraitsi egin zituzten Saulen eta honen semeen gorpuak Bet‑Xango harresietatik. Jabexera itzuli eta erre egin zituzten bertan. 13 Gero, haien hezurrak Jabexeko tamarindoaren pean ehortzi zituzten, eta zazpi egunez barau egin zuten.