←1 Tesalonikarrei | Biblia 2 Tesalonikarrei |
1 Timoteori→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
TESALONIKARREI BIGARREN GUTUNA
Agurra
1. atala
aldatu1 Paulo, Silbano eta Timoteok, Jainko gure Aitarekin eta Jesu Kristo Jaunarekin bat eginik dagoen Tesalonikako eliz elkarteari idazten diogu. 2 Jainko Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
Esker ona
3 Senideok, beti eskerrak eman behar dizkiogu Jainkoari zuengatik, zuzen den bezala, zuen sinesmena gero eta handiago eta zuen guztion arteko maitasuna gero eta gartsuago egiten ari direlako. 4 Hori dela eta, harro sentitzen gara Jainkoaren eliz elkarteen aurrean, jasaten ari zareten pertsekuzio eta atsekabeen artean agertzen dituzuen eramanpen eta sinesmenagatik.
Jainkoaren epaia Kristoren etorrerakoan
5 Horrek guztiak Jainkoak zuzen epaitzen duela erakusten du, sufrimenduek gai egiten baitzaituztete Jainkoaren erreinurako, erreinuagatik sufritzen duzuelarik. 6 Bidezko da atsekabetzen zaituztenei Jainkoak atsekabez ordaintzea 7 eta zuei, atsekabetuoi, gurekin batera atsedena ematea. Hala gertatuko da Jesus Jauna bere aingeru ahaltsuekin zerutik agertuko denean; 8 sugarrez inguraturik agertuko da, Jainkoa aintzat hartu nahi ez eta Jesus gure Jaunaren berriona onartu nahi ez dutenak zigortzera. 9 Horien zigorra betiereko hondamena izango da: Jaunak bere aurretik eta bere ahalmen distiratsutik urruti botako ditu, 10 etorriko den egun hartan; orduan, bere aintzaz beteko ditu berari sagaratuak eta miresgarri agertuko bere sinestedun guztiengan. Eta zuek, hain zuzen, gure aitorpena sinetsi zenuten. 11 Horregatik, otoizka ari gara beti zuen alde, gure Jainkoak bere deiaren gai egin zaitzaten, eta onerako duzuen gogoa eta sinesmenetik sortzen den zuen jarduera, bere ahalmenaz, beren betera eraman ditzan. 12 Horrela, Jesus gure Jaunak bere aintza azalduko du zuengan, eta zuek bera goretsiko duzue, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.
Jaunaren etorrerari buruzko argitasunak
2. atala
aldatu1 Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren azken etorrerari eta gu harekin elkartuko garen uneari buruz, hau eskatzen dizuegu: 2 ez dezazuela arinegi burua gal, ez eta kezkatu ere, Jaunaren eguna gainean duzuela dioen goi-agerpen edo adierazpen edo guk egina omen den gutunen bat dela eta. 3 Ez zaitzatela inork inola ere engaina! Aurrez, fede-ukamenak gertatu behar du, eta gaiztakeri gizonak, hondamenera kondenatua dagoenak, agertu behar du. 4 Hau, Jainko-izena duen edo adoragarri den guztiaren aurka jarriko den etsaia da, eta Jainkoaren tenpluan bertan esertzeraino eta bere burua jainko egiteraino iritsiko da. 5 Ez ote duzue gogoan zuekin nengoelarik gauza hauetaz hitz egiten nizuela? 6 Badakizue zerk galarazten dion orain agertzea, ezarritako garaia heldu baino lehen. 7 Zeren indar gaizto eta misteriotsu hori lanean ari da dagoeneko; baina orain erabat agertzea galarazten dion hura desagertu bezain laster, 8 agertuko da gaiztoa; Jesus Jaunak, ordea, bere ahoko arnasaz hondatuko du eta bere etorrera argitsuaz ezereztuko. 9 Satanasen eraginez, gaiztoaren etorrera ahalmen handiz, egintza harrigarriz eta gezurrezko mirariz gertatuko da, 10 eta engainabide guztiak erabiliko ditu galbidean daudenak hondatzeko, hauek ez baitzuten salbatuko zituen egia maitatu nahi izan. 11 Horregatik, indar liluragarria bidaltzen die horiei Jainkoak, gezurrari sinets diezaioten, 12 eta egiari sinetsi ordez zuzengabekeria gogoko izan zuten guztiak kondena daitezen.
Tesalonikarrak salbamenerako aukeratuak
13 Baina guk eskerrak eman behar dizkiogu beti Jainkoari zuengatik, senideok, Jaunaren maiteok: Jainkoak lehen salbatuak izateko aukeratu baitzaituzte, Espiritu Santuaz sagaratuz eta egia fedez onartzea emanez. 14 Honetarako deitu zaituzte Jainkoak guk hots egindako berrionaren bidez: Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. 15 Beraz, iraun sendo, senideok, eta eutsi tinko gure hitzez eta gutunez hartutako irakatsiei. 16 Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak --maite izan gaituenak eta betiereko kontsolamendua eta halako itxaropen zoragarria dohainik eman dizkigunak-- 17 bete zaitzatela adorez eta sendotu, on den guztia egitez eta hitzez burutzeko.
Egin otoitz beti
3. atala
aldatu1 Azkenik, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabal dadin, eta denek ospez onar dezaten, zuek onartu zenuten bezala. 2 Egin otoitz gizon oker eta gaiztoengandik gu onik atera gaitezen ere, ez baitira denak leialak. 3 Jauna, ordea, leiala da, eta beronek sendotuko zaituzte eta gaiztoarengandik zainduko. 4 Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten duzuen ziurtasuna ematen digu Jaunak, bai eta egiten jarraituko duzuena ere. 5 Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.
Lan egin eta ogia irabazi
6 Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean hau agintzen dizuegu: alde egizue zabarkerian bizi diren eta gure irakatsiei jarraitzen ez dieten senideengandik. 7 Ongi aski dakizue nola jokatu behar duzuen gure ereduari jarraitzeko: ez ginen zuen artean zabarkerian bizi izan, 8 ez genuen inoren kontura jan geure ogia; aitzitik, gau eta egun lanean nekatu ginen zuetako inorentzat zama ez izateko. 9 Bagenuen zuen kontura bizitzeko eskubidea; baina lan egin nahi izan genuen zuei jarraibidea emateko. 10 Zuekin egon ginenean, arau hau eman genizuen: lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan. 11 Zeren jakin baitugu zuetako batzuk zabarkerian bizi direla, ezer ez egiten zeregintsu. 12 Horrelakoei Jesu Kristo gure Jaunaren izenean agintzen eta erregutzen diegu: bakean lan egin eta beren ogia irabaz dezatela. 13 Zuek, ordea, senideok, ez aspertu on egiten. 14 Eta norbaitek gutun honetan guk esanari jaramonik egiten ez badio, jar ezazue nabarian halakoa eta ez izan harremanik berarekin, ea lotsatzen den. 15 Ez, noski, etsaitzat hartu behar duzuelako, senide bezala zentzarazi behar duzuelako baizik.
Agurra
16 Bakea ematen duen Jainkoak eman diezazuela bakea aldioro eta era guztietan. Jauna zuek guztiokin. 17 Eta orain neure eskuz agurra: Paulok. Honela sinatzen ditut neure gutun guztiak; nire idazkera bera duzue. 18 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuek guztiokin. \z