Biblia
3 Joan
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

JOANEN HIRUGARREN GUTUNA

Agurra

1 Nik, Jaunaren ikasle zahar honek zuri, Gaio adiskide, egiaz maite zaitudan horri, idazten dizut. 2 Adiskide maite, espirituz ongi doakizun bezala, beste gauza guztietan ere ongi joan dakizula eta osasuna izan dezazula.

Gaio goratuz

3 Biziki poztu naiz, anaiek etorri eta zure jokabide leialaz hitz egin didatenean, egiaren arabera bizi zarela aitortuz. 4 Ezerk ez dit poz handiagorik ematen, nire seme-alabak egiaren arabera bizi direla entzuteak baino. 5 Adiskide maite, zintzo jokatzen duzu senideen alde egiten duzun guztian, nahiz eta beraiek arrotz izan zuretzat. 6 Beraiek hitz egin dute gure eliz elkartearen aurrean zure harrera onaz. Ongi egingo duzu biderako behar dutena Jainkoari berari bezala ematen badiezu. 7 Zeren Kristorengatik abiatu baitira, jentilengandik ezer ere hartu gabe. 8 Beraz, lagundu egin behar diegu horrelakoei, egiaren zerbitzuan berorien lankide bihur gaitezen.

Diotrefes handizalea

9 Gutun txiki bat idatzia diot eliz elkarteari, baina Diotrefesek, dena bere esku izan nahi duen horrek, ez du gure aginpidea onartzen. 10 Horregatik, joango naizenean, bere jokabidea aurpegiratuko diot, gure aurka gaizki-esaka ari baita; eta, hori gutxi bailitzan, senideak ere ez ditu onartzen, eta onartu nahi dituztenei eragotzi egiten die eta eliz elkartetik botatzen. 11 Adiskide maite, ez jarraitu jokabide txarrari, onari baizik. On egiten duena Jainkoarena da; gaizki egiten duenak, berriz, ez du Jainkoa ikusi.

Demetrio zintzoa

}}{{bertset|1|12| Demetriori buruz guztiek hitz egiten dute ongi, eta hark zabaltzen duen egiak ere beraren alde testigatzen du. Guk ere, bai, testigantza egiten dugu, eta badakizu gure testigantza egiazkoa dena.

Azken agurra

13 Badut zuri zer esanik asko, baina ez dut tintaz eta lumaz egin nahi. 14 Aurki ikusiko zaitudala espero dut, eta aurrez aurre hitz egin ahal izango dugu. 15 Bakea zurekin. Adiskideek agur egiten dizute. Zuk ere agurtu adiskideak banan-banan. \z