Biblia
Apokalipsia
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Hau da Jainkoak Jesu Kristori egin zion agerpena, honek bere zerbitzariei laster gertatuko dena erakuts ziezaien. Bere aingerua bidaliz jakinarazi zion Joan bere zerbitzariari. 2 Eta honek aitortzen du ikusitako guztia Jainkoaren mezua dela, Jesu Kristok baieztatua. 3 Zorionekoak mezu profetiko hau irakurri eta entzuten dutenak, eta bertan idatziari jaramon egiten diotenak, beteko den garaia hurbil baitago!

4 Nik, Joanek, Asiako probintziako zazpi eliz elkarteei: grazia eta bakea zuei Jainkoaren --den, zen eta etortzekoa denaren-- partetik eta beraren tronuaren aurrean dauden zazpi espirituen partetik; 5 bai eta Jesu Kristoren partetik ere, testigu leial, hilen artetik lehenengo piztu eta lurreko erregeen buruzagi denaren partetik.

Maite gaituenari eta bere odolaz geure bekatuetatik askatu gintuenari, 6 Jainkoarentzat, bere Aitarentzat, errege-herri eta apaiz egin gaituenari, aintza eta agintea menderen mendetan. Amen.

7 Hara, hodei artean dator! Guztiek ikusiko dute, bai eta zulatu zutenek ere, eta lurreko arraza guztiek hileta-negarra egingo dute harengatik. Bai. Amen.
8 «Neu naiz Alfa eta Omega --dio Jainko Jaunak--, dena, zena eta etortzekoa, ahalguztiduna».

9 Ni, Joan, zuen anaia eta Jesusen maitasunagatik atsekabean eta erreinuaren itxaropen iraunkorrean zuen kideko naizen hau, Patmos izeneko uhartean nengoen erbesteratua Jainkoaren hitzarengatik eta Jesusen testigantza egiteagatik. 10 Jaunaren egunean Espirituak hartu ninduen, eta neure ostean ahots handia entzun nuen turuta-hotsa bezalakoa. 11 Hau zioen: «Idatz ezazu liburu batean ikusiko duzuna, eta bidali zazpi eliz elkarte hauei: Efeso, Esmirna, Pergamo, Tiatira, Sardes, Filadelfia eta Laodizeako eliz elkarteei». 12 Atzera begiratu nuen, mintzo zitzaidan ahots hura norena ote zen ikusteko eta, itzultzean, urrezko zazpi argimutil ikusi nituen, 13 eta argimutilen erdian gizaseme antzeko bat, soineko luzez jantzia, bularpea urrezko gerrikoz lotua. 14 Haren buruko ilea zuria zen, artilea eta elurra bezalakoa, begiak sugarra bezalakoak, 15 oinak labean garbituriko brontze goriaren antzekoak, haren ahotsa ur handiena bezalako burrunba. 16 Zazpi izar zituen eskuineko eskuan eta aho-biko ezpata zorrotza ateratzen zitzaion ahotik; aurpegia eguzkia indarrik handienean bezain argitsu zuen. 17 Hura ikustean, hila bezala erori nintzaion oinetan. Berak eskuineko eskua gainean jarri zidan, esanez: «Ez izan beldur! Neu naiz lehena eta azkena, 18 bizi dena; hilik egon nintzen, baina orain bizirik nago menderen mendetan, eta neure menpe ditut Herio eta Hilen Egoitza. 19 Idatz ezazu, beraz, ikusi duzuna: orain dena eta gero izango dena. 20 Hona nire eskuineko eskuan ikusi dituzun zazpi izarren eta urrezko zazpi argimutilen esanahia: zazpi izarrak zazpi eliz elkarteen aingeruak dira, eta zazpi argimutilak zazpi eliz elkarteak».

2. atala

aldatu

1 Idatz iezaiozu Efesoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak: 2 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eramanpena. Badakit ezin duzula jende gaiztoa jasan, eta,benetan apostolu izan gabe, beren buruak apostolutzat zituztenak aztertu eta gezurtitzat utzi dituzula. 3 Baduzu eramanpenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe. 4 Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna. 5 Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez, eta itzuli lehengo jokabidera. Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila. 6 Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten egintzak gorroto dituzula. 7 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari, Jainkoaren paradisuan dagoen bizi-arbolako fruituetatik emango diot jaten.

8 Idatz iezaiozu Esmirnako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak: 9 Ezagun-ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna; halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte besterik ez diren horiek. 10 Ez izan beldur jasan behar izango duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen-koroa, betiko bizia, emango dizuet. 11 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren zigorrik jasango.

12 Idatz iezaiozu Pergamoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho-biko ezpata zorrotza duenak: 13 Badakit ongi non bizi zaren: Satanasek bere tronua duen lekuan. Nirekiko leial iraun duzu, eta ez duzu ukatu nireganako fedea, ez eta Antipas nire lekuko leiala zuen artean, Satanas bizi den toki horretan, hil zuten egunetan ere. 14 Badut, ordea, zertxobait zure aurka: hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk; hark irakasten zion Balak-i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera bultzatuz. 15 Era berean, zuk ere badituzu nikolaiten irakatsiei jarraitzen dieten batzuk. 16 Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz. 17 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.

18 Idatz iezaiozu Tiatirako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak sugarra bezalako eta oinak brontze goriaren antzeko dituenak: 19 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eramanpena; zure azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira. 20 Baina badut zerbait zure aurka: bere burua profetesatzat duen Jezabel horri utzi egiten diozula bere irakatsiekin nire zerbitzariak engainatzen, Jainkoarekiko desleial izan eta sasijainkoei eskainiriko haragia jatera bultzatuz. 21 Astia eman diot damu dadin, baina ez dio bere desleialkeriari uko egin nahi izan. 22 Hara, gaixotasun larria bidaliko diot berari, eta atsekabe handia berarekin desleialkerian bat egin dutenei, jokabidez aldatzen ez badira. 23 Haren jarraitzaileak heriotzaz joko ditut, eta jakingo dute eliz elkarte guztiek ni naizela buru-bihotzak ikertzen dituena eta zuetako bakoitzari bere egintzen arabera emango diena. 24 Zuek, ordea, Tiatirako besteok, ez duzue onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu «Satanasen barrunbeak» deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik leporatzen; 25 eutsi kementsu orain duzuenari, ni itzuli arte. 26 Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain, 27-28 nik neure Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu, buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra emango diot. 29 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

3. atala

aldatu

1 Idatz iezaiozu Sardesko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi izarrak dituenak: Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak; bizi denaren itxura duzu, baina hilik zaude. 2 Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik daukazuna, erabat hil baino lehen. Zure jokabidea nire Jainkoaren aurrean behar bezain ona ez dela ikusi dut. 3 Oroit zaitez nola entzun eta onartu duzun mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea. Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala etorriko bainaiz, gutxien espero duzun orduan etorriko ere. 4 Baina badituzu Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz jantzirik, merezi baitute. 5 Garailea zuriz jantziko dute, eta ez dut kenduko haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta honen aingeruen aurrean. 6 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

7 Idatz iezaiozu Filadelfiako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza duenak --hark irekia ezin du inork itxi, eta hark itxia ezin inork ireki--: 8 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena. 9 Horra, Satanasen elkarteko batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahozpez jartzera behartuko ditut, maite zaitudala jakin dezaten. 10 Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan. 11 Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure garaipen-koroa inork ere ken ez diezazun.

12 Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut harengan; bai eta neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.

13 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

14 Idatz iezaiozu Laodizeako eliz elkartearen aingeruari. Hona zer dioen Amen-ek, testigu leial eta egiazkoak, Jainkoak egindakoen sorburuak: 15 Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina! 16 Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu. 17 Hau diozu: «Aberats naiz, oso aberats, ez dut ezeren beharrik»; eta ez dakizu gizarajoa zarena, errukarri eta behartsua, itsu eta biluzik zaudena. 18 Aholku hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan garbituriko urrea, aberats zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko, larrugorri lotsagarritan ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko, ikus dezazun.

19 Maite ditudanei egiten diet agiraka nik eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta aldatu jokabidez. 20 Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu.

21 Garailea neurekin eseraraziko dut neure tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen tronuan eseri naizen bezala.

22 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

4. atala

aldatu

1 Ondoren, ikuskari bat izan nuen. Irekitako ate bat ikusi nuen zeruan, eta lehen mintzatua zitzaidan turuta-hotsa bezalako ahotsak esan zuen: «Igo hona, eta ondoren gertatzekoak direnak erakutsiko dizkizut». 2 Bat-batean, Espirituak hartu ninduen. Tronu bat ikusi nuen zeruan eta tronuan norbait eseria. 3 Tronuan eseriak jaspe eta kornalina harrien itxura zuen, eta tronuaren inguruan esmeralda antzeko ortzadarra zegoen. 4 Tronuaren inguruan hogeita lau aulki zeuden, eta aulkietan eseriak hogeita lau zahar, jantzi zuriak soinean eta urrezko koroak buruan zituztela. 5 Tronutik tximistak, danbatekoak eta trumoiak ateratzen ziren; aulkiaren aurrean zazpi argi-zuzi zeuden sutan, Jainkoaren zazpi espirituak adierazten zituztenak, 6 eta aulkiaren aurrean itsaso antzeko zerbait hedatzen zen, kristala bezain gardena. Tronuaren erdian eta inguruan lau izaki bizidun zeuden, begiz beteak atzetik eta aurretik. 7 Lehen izakia lehoi antzekoa zen; bigarrena zezen antzekoa; hirugarrenak gizaki antzeko aurpegia zuen, eta laugarrena hegaz doan arrano antzekoa zen. 8 Lau izakiok seina hego zituzten, begiz beteak kanpotik eta barrutik. Gau eta egun honela ari dira etengabe:
«Santu, santu, santua Jauna, Jainko ahalguztiduna, zena, dena eta etortzekoa».
9 Eta izakiek tronuan eseria dagoenari, menderen mendetan bizi denari, aintza, ohorea eta esker ona ematen dioten bakoitzean, 10 hogeita lau zaharrak tronuan eseria dagoenaren aurrean ahozpezten dira, menderen mendetan bizi dena adoratzen dute eta beren koroak tronuaren aurrera botatzen, esanez:

11 «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin eta, zuk nahi izan duzulako, baitira sortu eta dira oraindik».
Zazpi zigiluz jotako liburua

5. atala

aldatu

1 Tronuan eseria dagoenaren eskuineko eskuan erroilu moduko idazki bat ikusi nuen, bi aldeetatik idatzia eta zazpi zigiluz joa. 2 Eta aingeru ahaltsu bat ikusi nuen, ahots handiz hots egiten: «Nor da gauza liburua irekitzeko eta beraren zigiluak askatzeko?» 3 Eta ez zen inor ez zeruan, ez lurrean, ez lur azpian liburua ireki eta irakur zezakeenik. 4 Ni negar eta negar ari nintzen, liburua irekitzeko eta irakurtzeko inor ere agertu ez zelako. 5 Orduan, zaharretariko batek esan zidan: «Ez egin negarrik; hara, Judaren leinuko lehoiak, Daviden kimuak eskuratu du garaipena, eta beronek irekiko ditu liburua eta zazpi zigiluak». 6 Orduan, tronuaren erdian eta lau izaki bizidunen eta zaharren erdian, Bildots bat ikusi nuen; zutik zegoen eta lepo eginaren ezaugarriak zituen: zazpi adar eta zazpi begi zituen, hau da, Jainkoak lur osora bidaliak dituen zazpi espirituak. 7 Hurbildu eta tronuan eseria dagoenaren eskuineko eskutik liburua hartu zuen. 8 Liburua hartu zuenean, lau izakiak eta hogeita lau zaharrak Bildotsaren aurrean ahozpeztu ziren. Zitara bana zuten eta intsentsuz beteriko urrezko ontziak, Jainkoarenak direnen otoitzen adierazgarri. 9 Eta kantu berri hau abesten zuten:
«Bazara nor liburua hartu eta beronen zigiluak irekitzeko; hila izan baitzara, eta zeure heriotzaz Jainkoarentzat irabazi dituzu arraza, hizkuntza, herri eta nazio guztietako gizon-emakumeak;
10 eta gure Jainkoarentzat errege-herri eta apaiz egin dituzu, eta lur osoan errege izango dira».
11 Gero, ikuskarian, tronu, izaki eta zaharren inguruan zeuden aingeru askoren ahotsa entzun nuen. Milaka eta milioika ziren, 12 eta ozenki zioten:
«Hila izan zen Bildotsa bada nor ahalmena, aberastasunak, jakinduria, indarra, ohorea, aintza eta gorespena hartzeko».
13 Eta zeruan, lur gainean, lur azpian eta itsasoan dauden sorkari guztiei, hau esaten entzun nien:
«Tronuan eseria dagoenari eta Bildotsari gorespena, ohorea, aintza eta agintaritza, menderen mendetan».

14 Lau izaki bizidunek «Amen» erantzun zuten, eta zaharrek ahozpeztu eta gurtu egin zuten.

6. atala

aldatu

1 Gero, Bildotsak zazpi zigiluetarik lehena ireki zuela ikusi nuen, eta lau izaki bizidunetatik lehenengoak trumoi antzeko ahotsez hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz». 2 Begiratu eta zaldi zuri bat ikusi nuen. Zaldiaren gainekoak uztaia zeukan; Jainkoak koroa eman zion, eta hura, beti garaile, berriro ere garaitzera atera zen. 3 Bildotsak bigarren zigilua ireki zuenean, bigarren izakiak hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz». 4 Beste zaldi bat, gorria, atera zen; haren gainekoari Jainkoak ezpata handi bat eman zion eta lurretik bakea kentzeko ahalmena, horrela gizakiek elkar hil zezaten. 5 Bildotsak hirugarren zigilua ireki zuenean, hirugarren izakiak hau esaten zuela entzun nuen: «Zatoz». Begiratu eta zaldi beltz bat ikusi nuen. Haren gainekoak balantza bat zuen eskuan, 6 eta ahots antzeko bat entzun nuen lau izakien artean esaten: «Kilo bat gari bakarrik eguneko soldataz; hiru kilo garagar bakarrik eguneko soldataz; baina ez hondatu olioa eta ardoa». 7 Bildotsak laugarren zigilua ireki zuenean, laugarren izakiaren ahotsa entzun nuen hau esaten: «Zatoz». 8 Begiratu eta zaldi horixka bat ikusi nuen. Gainekoak Herio zuen izena, eta bere erreinukoek jarraitzen zioten. Lurraren laurdenaren gain ahalmena eman zion Jainkoak, ezpata, gosete, heriotza eta lurreko piztien bitartez jendea hiltzeko. 9 Bildotsak bosgarren zigilua ireki zuenean, Jainkoaren mezuarengatik eta eman zuten testigantzagatik hildakoak ikusi nituen aldare azpian bizirik. 10 Ozenki egiten zuten deiadarka, esanez: «Noiz arte, Jaun santu eta egiazko horrek, ez diguzu justizia egin behar, gure hilketa lurrean bizi direnen lepotik mendekatu gabe utziz?» 11 Orduan, bakoitzari jantzi zuri bana eman eta oraino apur batez itxaroteko esan zien Jainkoak, harik eta beraiek bezala hilko zituzten zerbitzukide eta senideen kopurua osatu arte. 12 Gero, Bildotsak seigarren zigilua ireki zuenean, lurrikara izugarria gertatzen zela ikusi nuen. Eguzkia zurda-oihala bezain beltz jarri zen eta ilargia odola bezain gorri; 13 zeruko izarrak lurrera erori ziren, haize zakarrak astintzean heldu baino lehen pikuondoari pikuak erortzen zaizkion bezala; 14 zerua bildu egin zen pergaminoa biltzen den bezala, eta mendiak eta uharteak oro beren lekutik aldatu ziren; 15 lurreko erregeak, handiki eta buruzagiak, aberats eta indartsuak, eta gizaki oro, esklabo nahiz libre, hartzulo eta mendiko haitzarteetan ezkutatu ziren. 16 Eta honela esaten zieten mendi eta harkaitzei: «Eror zaitezte gure gainera eta ezkuta gaitzazue tronuan eseria dagoenaren aurretik eta Bildotsaren haserretik. 17 Iritsi baita haren haserrearen egun handia, eta nor egon zutik?»

7. atala

aldatu

1 Ondoren, lau aingeru ikusi nituen lurraren lau ertzetan zutik, lurreko lau haizeei eusten, haizeak jo ez zezan ez lurrean, ez itsasoan, ez eta zuhaitzetan ere. 2 Beste aingeru bat ikusi nuen ekialdetik igotzen, Jainko biziaren zigilua zuelarik, eta ozenki egin zien deiadar lurra eta itsasoa hondatzeko ahalmena eman zitzaien lau aingeruei, 3 esanez: «Ez hondatu lurra, ez itsasoa, ez eta zuhaitzak ere, harik eta gure Jainkoaren zerbitzariak bekokian zigiluz markatu arte». 4 Zigiluz markatuak zenbat ziren entzun nuen: ehun eta berrogeita lau mila, israeldar leinu guztietarik hartuak:

5 Judaren leinutik hamabi mila zigilatu; Rubenen leinutik hamabi mila; Gaden leinutik hamabi mila; 6 Aserren leinutik hamabi mila; Neftaliren leinutik hamabi mila; Manasesen leinutik hamabi mila; 7 Simeonen leinutik hamabi mila; Lebiren leinutik hamabi mila; Isakarren leinutik hamabi mila; 8 Zabulonen leinutik hamabi mila; Joseren leinutik hamabi mila; Benjaminen leinutik hamabi mila zigilatu.
Hautaturiko gizatalde handia
9 Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soineko zuriz jantziak eta palmadarrak eskuetan. 10 Eta ahots handiz egiten zuten deiadar:
«Tronuan eseria dagoen gure Jainkoari eta Bildotsari zor diegu salbamena».
11 Tronu, zahar eta lau izaki bizidunen inguruan zutik zeuden aingeru guztiak ahozpeztu egin ziren tronuaren aurrean eta Jainkoa adoratu zuten, 12 esanez:
«Amen. Bedeinkazioa, aintza, jakinduria, esker ona, ohorea, ahalmena eta indarra gure Jainkoari menderen mendetan. Amen».

13 Orduan, zaharretako bat mintzatu zitzaidan, esanez:
-Soineko zuriz jantziak dauden horiek, nortzuk dira eta nondik datoz?

14 Nik erantzun nion:
-Ene Jauna, zeuk jakingo duzu.

Hark esan zidan:
-Larrialdi handitik datozenak dira horiek; beren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dituzte eta zuritu. 15 Horregatik, Jainkoaren tronu aurrean daude, gau eta egun hura bere tenpluan zerbitzatzen, eta tronuan eseria dagoena horiekin biziko da. 16 Ez dira gehiago gose, ez egarri izango, eta ez ditu eguzkiak, ez sargoriak joko, 17 tronuaren erdian dagoen Bildotsak bazkatuko baititu eta ur biziko iturburuetara gidatuko; begietako malko guztiak xukatuko dizkie Jainkoak.

8. atala

aldatu

1 Bildotsak zazpigarren zigilua ireki zuenean, isiltasuna egin zen zeruan ordu erdi batez edo. 2 Gero, Jainkoaren aurrean zutik zeuden zazpi aingeruak ikusi nituen; eta Jainkoak zazpi turuta eman zizkien. 3 Etorri zen, orduan, beste aingeru bat eta aldare ondoan gelditu zen; urrezko intsentsu-ontzi bat zeraman, eta usainki asko eman zioten, tronu aurrean zegoen urrezko aldare gainean Jainko-herriaren otoitzekin batera eskaintzeko. 4 Eta aingeruaren eskutik Jainkoaren aurrera igo zen intsentsuaren kea, Jainko-herriaren otoitzekin batera. 5 Ondoren, aingeruak intsentsu-ontzia hartu, aldareko su-txingarrez bete eta lurrera bota zuen. Berehala, trumoiak, danbatekoak, tximistak eta lurrikara izan ziren.

6 Zazpi turutak zituzten zazpi aingeruak jotzeko prest jarri ziren. 7 Jo zuen turuta lehenengo aingeruak, eta kazkabarra eta sua erori ziren lurrera, odolez nahasiak: lurraren herena, zuhaitzen herena eta belar heze guztia kiskalirik gelditu ziren. 8 Jo zuen turuta bigarren aingeruak, eta sutan dagoen mendi handi bat bezalako zerbait itsasora amildu zen: itsasoaren herena odol bihurtu zen. 9 Itsasoan bizi diren sorkarien herena hil egin zen, eta itsasontzien herena suntsitu. 10 Jo zuen turuta hirugarren aingeruak, eta zerutik izar handi bat jausi zen, zuzia bezala sutan, eta ibai eta iturri guztien heren baten gainera jausi zen. 11 Izarrak asentsio-belar du izena; uren herena asentsio-belarra bezain mingots bihurtu zen, eta gizon-emakume asko hil zen ur haiek edateagatik. 12 Jo zuen turuta laugarren aingeruak, eta eguzkiaren herena eta ilargiaren herena eta izarren herena kolpatu zituen: hauen herena ilundu egin zen, eta bai egunak, bai gauak beren argiaren herena galdu zuten. 13 Gero, arrano bat ikusi nuen hegan zeru goien erdian, orroa handiz esaten: «Zoritxarrekoak, zoritxarrekoak, zoritxarrekoak lurrean bizi direnak, prest dauden beste hiru aingeruek turuta jotzean!»


9. atala

aldatu

1 Jo zuen turuta bosgarren aingeruak, eta izar bat ikusi nuen zerutik lurrera eroria. Izarrari leize-zuloko giltza eman zioten, 2 eta leize-zuloa ireki zuen: kea atera zen bertatik, labe handi batetik bezala, eta keaz eguzkia eta airea ilundu egin ziren. 3 Ke artetik matxinsaltoak erori ziren lurrera, eta lurreko eskorpioiena bezalako ahalmena eman zitzaien. 4 Lurreko belarra, barazkiak eta zuhaitzak ez hondatzeko agindua eman zitzaien, baizik eta zigiluaren marka bekokian ez zeramaten gizakiak bakarrik jotzeko. 5 Ez zitzaien hiltzeko baimenik eman, baina bai bost hilabetez oinazetzekoa. Horiek emandako oinazea eskorpioien ziztadarena bezalakoa da. 6 Egun haietan gizakiak heriotzaren bila ibiliko dira, baina ez dute aurkituko; hil nahiko dute, baina heriotzak ihes egingo die.

7 Gudurako prest dauden zaldien itxura zuten matxinsaltoek; buruan urrezkoak bezalako koroak zeramatzaten; aurpegiak giza itxurakoak zituzten, 8 ile-adatsa emakumeena bezalakoa, eta hortzak lehoiarenak bezalakoak; 9 burdinazkoak bezalako bularrekoak zituzten, eta hegal-hotsa gudura zalapartaka doazen zalgurdi askoren zarata bezalakoa zen; 10 eskorpioiek bezalako isatsak zituzten, eztenez hornituak: eta isatsekin gizon-emakumeak bost hilabetez hondatzeko ahalmena zuten. 11 Matxinsaltoek leizeko aingerua zuten errege, hebreeraz Abadon eta grekoz Apolion deritzana (hau da, Suntsitzailea).

12 Iragan da lehen zoritxarra! Baina beste bi falta dira oraindik.

13 Jo zuen turuta seigarren aingeruak, eta Jainkoaren aurrean dagoen urrezko aldarearen lau ertzetatik ateratzen zen ahotsa entzun nuen. 14 Honela ziotsan turuta zeukan seigarren aingeruari: «Aska itzazu Eufrates ibai handiaren ondoan loturik dauden lau aingeruak».

15 Aske utzi zituzten lau aingeruak: prest zeuden hilabete, egun, ordu eta une hartan gizon-emakumeen herena hiltzeko. 16 Zaldizko gudariak berrehun milioi zirela entzun nuen. 17 Ikuskarian honelaxe ikusi nituen zaldiak eta zaldizkoak: haien bularrekoak, batzuk sua bezain gorriak ziren, beste batzuk hiazintoa bezain urdinak eta beste batzuk sufrea bezain horiak; zaldien buruak lehoienak bezalakoak ziren, eta ahoetatik sua, kea eta sufrea ateratzen zitzaizkien. 18 Gizakien herena hil zen hiru zigor hauengatik -ahotik zerien su, ke eta sufrearengatik, alegia-. 19 Zaldiek ahoan eta isatsetan zuten suntsitzeko ahalmena; isatsak suge-itxurakoak eta burudunak zituzten, eta haien bidez hondatzen zuten. 20 Halere, gainerako gizon-emakumeek, zigor hauek jo gabeek, ez zuten beren jokabidea aldatu: ez zioten utzi deabruei kultu emateari, ez eta ikusteko, entzuteko eta ibiltzeko gauza ez diren urrezko, zilarrezko, brontzezko, harrizko eta zurezko idoloak gurtzeari ere; 21 beren giza hilketez, sorginkeriez, lizunkeriez eta lapurretez ere ez ziren damutu.


10. atala

aldatu

1 Beste aingeru ahaltsu bat ikusi nuen zerutik jaisten, hodeiz inguratua: ortzadarra zuen buru inguruan, aurpegia eguzkia bezain distiratsua eta zangoak suzko habeak bezalakoak. 2 Eskuan liburuxka bat zuen irekia. Eskuineko oina itsas gainean ezarri zuen eta ezkerrekoa lehorrean, 3 eta deiadar handia egin zuen, lehoiaren orroa bezalakoa. Deiadar egin zuenean, zazpi trumoik jo zuten burrunba. 4 Zazpi trumoiek hitz egin zutenean, idaztera nindoan, baina ahots bat entzun nuen zerutik esaten: «Gorde isilpean zazpi trumoiek esan dutena eta ez idatzi».

5 Orduan, itsas gainean eta lehorrean zutik ikusia nuen aingeruak, eskuineko eskua zerurantz jaso 6 eta, menderen mendetan bizi denarengatik, zeru, lur, itsaso eta berauetan dagoen guztiaren egileagatik, zin eginez, esan zuen: «Epea ez da gehiago luzatuko. 7 Zazpigarren aingerua turuta jotzen hastean, Jainkoak bere asmo ezkutua beteko du, bere zerbitzari profetei iragarri zien bezala».

8 Zerutik entzuna nuen ahotsak berriro hitz egin eta esan zidan: «Zoaz eta hartu, itsas gainean eta lehorrean zutik dagoen aingeruak eskuan duen liburu irekia».

9 Joan nintzen aingeruagana eta liburuxka emateko esan nion. Hark esan zidan: «Tori eta irentsi: sabela garraztuko dizu, baina ahorako eztia bezain gozo izango duzu».

10 Hartu nuen liburuxka aingeruaren eskutik eta irentsi egin nuen. Ahoan ezti gozoa bezala gertatu zitzaidan, baina, jan nuenean, sabela garraztu zidan. 11 Orduan, esan zidaten: «Berriro ere, anitz herri, nazio, hizkuntza eta erregeren aurka profetizatu beharko duzu».

11. atala

aldatu

1 Ondoren, neurtzeko kanabera eman zidaten, makila baten antzekoa, esanez: «Jaiki eta neur itzazu Jainkoaren tenplua eta aldarea, eta zenbatu bertan kultu egiten ari direnak. 2 Utzi, ordea, neurtu gabe tenpluaren kanpoko ataria, jentilei eman baitzaie; hauek hankapean erabiliko dute Jerusalem hiri santua berrogeita bi hilabetez. 3 Orduan, neure bi testiguak bidaliko ditut dolu-jantziz estalirik, mila berrehun eta hirurogei egunez profetiza dezaten».

4 Horiek dira lurraren Jaunaren aurrean zutik dauden bi olibondoak eta bi argimutilak. 5 Norbaitek hondatu nahi baditu, sua aterako da haien ahotik eta etsaiak kiskaliko ditu; horrelaxe hilko da beroriek hondatu nahi dituen oro. 6 Hauek zerua ixteko ahalmena dute, profetizatzen ari izango diren garaian euririk egin ez dezan; ura odol bihurtzeko ahalmena ere badute, eta nahi duten guztietan lurra edozein izurriz zigortzekoa ere bai.

7 Baina, beren testigantza amaitzean, leizetik igoko den piztiak borroka egingo die, menperatu eta hil egingo ditu. 8 Haien gorpuak irudizko hizkeran Sodoma nahiz Egipto deritzan hiri handiko plazan geldituko dira, haien Jauna ere gurutziltzatu zuten leku berean. 9 Herri, arraza, hizkuntza eta nazio guztietako jendea etorriko da hiru egun eta erdiz gorpuak ikustera eta ez du utziko haiei lur ematen.

10 Lurreko bizilagunek poztu eta festa egingo dute haien kontura, elkarri eskuerakutsiak eginez, profeta biok samin larria sortzen baitzieten lurreko bizilagunei.

11 Hiru egun eta erdiak igaro ondoren, ordea, Jainkoak bidalitako bizi-arnasa bi testiguen baitan sartu zen, zutik jarri ziren, eta beldur handiak hartu zituen begira zeudenak.

12 Orduan, ahots handia entzun nuen zerutik haiei esaten: «Igo hona». Eta zerura igo ziren hodei batean, etsaien begi aurrean.

13 Une hartantxe, lurrikara handia izan zen eta hiriaren hamarreko bat erori zen; lurrikaran zazpi mila lagun hil ziren, eta gainerakoek, beldurrez beterik, zeruko Jainkoa goretsi zuten.

14 Iragan da bigarren zoritxarra! Baina laster etorriko da hirugarrena.

15 Jo zuen turuta zazpigarren aingeruak, eta ahots handiak entzun ziren zeruan, esanez: «Gure Jaunari eta beronen Mesiasi dagokie orain munduaren erregetza, eta menderen mendetan izango dira errege».

16 Eta beren aintzazko aulkietan eseririk Jainkoaren aurrean zeuden hogeita lau zaharrek, ahozpezturik, Jainkoa gurtu zuten, 17 esanez:


«Eskerrak zuri, Jauna, Jainko ahalguztiduna, zarena eta zinena, zeure indar handia hartu eta errege izaten hasi zarelako. 18 Haserretu egin ziren herriak, baina iritsi da zure haserrea, eta hilak epaitzeko garaia; etorri da zure zerbitzari profetei, fededunei eta zure izenari begirune diotenei, txiki nahiz handi, saria emateko garaia, eta lurra hondatzen dutenak hondatzeko garaia».

19 Orduan, Jainkoaren tenplua ireki zen zeruan eta haren itun-kutxa agertu zen tenpluan. Berehala tximistak, danbatekoak, trumoiak, lurrikara eta harri-erauntsi handia izan ziren.


12. atala

aldatu

1 Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan. 2 Haurdun zegoen, eta erdiminez eta haurgintzako oinazez garrasika ari zen. 3 Beste seinale bat agertu zen zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena, eta buruetan koroa bana. 4 Bere isatsez zeruko izarren herena herrestan hartu eta lurrera jaurtiki zuen. Herensugea, haurra izateko zegoen emakumearen aitzinean gelditu zen, jaio bezain laster semea irensteko. 5 Emakumeak semea izan zuen, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko zituena. Semea hartu eta Jainkoaren tronuraino eraman zuten. 6 Emakumeak, berriz, basamortura egin zuen ihes; han bazter bat prestatua zion Jainkoak, mila berrehun eta hirurogei egunez bertan bizi zedin. 7 Ondoren, gudua izan zen zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziren, 8 baina ezin izan zuten garaitu, eta aurrerantzean zeruan ez zen tokirik izan haientzat. 9 Bota egin zuten, beraz, herensuge handia, antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana, mundu guztia engainatzen duena; lurrera bota zuten bere aingeruekin batera. 10 Orduan, ahots handia entzun nuen zeruan esaten:
«Orain etorri dira gure Jainkoaren salbamena, indarra eta erregetza, eta beraren Mesiasen agintea; bota baitute gure senideen salatzailea, gau eta egun Jainkoaren aurrean salatzen zituena.
11 Bildotsaren odolaz eta aitortu duten mezuaz garaitu dute gure senideek: ez dute beren bizitza maite izan heriotzaren aurrean atzera egiteko beste. 12 Poztu, beraz, zeruak eta bertan bizi zaretenok. Errukarriak, ordea, zuek, lur-itsasook! Zuengana jaitsi baita deabrua amorru biziz, denbora gutxirako dela jakinik».
13 Herensugea, lurrera bota zutela ikustean, semea izan zuen emakumeari jarraika hasi zitzaion. 14 Baina bi arrano-hego handi eman zizkioten emakumeari hegan basamortura joan zedin, han, sugearengandik urrun, hiru urte eta erdiz bizitzeko prestatua zuen tokira. 15 Orduan, ur-ibaia bota zuen ahotik emakumearen kontra, ibaiak emakumea eraman zezan. 16 Baina lurra emakumeari laguntzera etorri zen: zabaldu egin zen eta herensugeak ahotik botatako ibaia irentsi egin zuen. 17 Orduan, herensugea, emakumearen aurka amorraturik, beronen gainerako ondorengoak borrokatzera joan zen, Jainkoaren aginduak bete eta Jesusen testigantza leial egiten dutenak, alegia. 18 Herensugea itsasertzeko hondarretan gelditu zen zutik.

13. atala

aldatu

1 Orduan, piztia bat ikusi nuen itsasotik irteten; hamar adar eta zazpi buru zituen, adarretan koroa bana eta buruetan Jainkoaren kontrako izen iraingarriak. 2 Piztia lehoinabarraren antzekoa zen; hankak hartzarenak bezalakoak eta ahoa lehoiarena bezalakoa zituen. Herensugeak bere indarra, bere tronua eta ahalmen handia eman zizkion. 3 Haren buruetariko bat zauritua zegoen, hilzorian bezala; baina heriotza-zauri hura sendatu egin zitzaion; lur osoa, liluraturik, piztiaren ondoren zihoan. 4 Denek herensugea gurtu zuten, piztiari ahalmena eman ziolako, eta piztia ere gurtu zuten esanez: «Nor piztia adinakorik? Nor borroka daiteke beraren aurka?» 5 Handikeriak eta Jainkoaren aurkako irainak esateko baimena eman zioten piztiari, eta berrogeita bi hilabetez jarduteko ahalmena. 6 Eta hala egin zuen hark: Jainkoaren aurka birao egin eta beronen izena, santutegia eta zeruan bizi direnak iraindu zituen. 7 Santuen kontra borroka egin eta haiek menperatzen ere utzi zioten; eta arraza, herri, hizkuntza eta nazio ororen gain agintea eman zitzaion. 8 Eta lurreko bizilagun guztiek gurtuko dute, lepo eginiko Bildotsaren biziaren liburuan beren izenak munduaren hasieratik idatzirik dituztenak izan ezik. 9 Ulertzeko gauza denak uler beza:

10 «Gatibutzarako dena gatibutzara doa. Ezpataz hil beharrekoa ezpataz hilko da».
Hor agertuko dira fededunen eramanpena eta sinesmena.
11 Gero, beste piztia bat ikusi nuen lurretik irteten; bi adar zituen, ahariarenak bezalakoak, baina herensugea bezala mintzo zen. 12 Piztia honek lehengoaren ahalmen guztia erabiltzen du bere zerbitzuan, eta lurra eta lurreko guztiak bultzatzen ditu heriotza-zauria sendatu zitzaion lehenengo piztia gurtzera. 13 Mirari handiak egiten ditu, zerutik lurrera jendaurrean sua jaitsarazteraino. 14 Piztiaren alde mirariak egiteko ahalmena eman zitzaion eta mirari horien bidez liluratu egiten ditu lurreko bizilagunak, eta ezpataz zauritua izan arren bizirik dagoen piztiaren ohorez irudi bat egiteko agintzen die. 15 Piztiaren irudiari bizi-arnasa emateko ahalmena ere eman zitzaion, irudiak hitz egin zezan eta bera adoratzen ez zutenak hil zitzan. 16 Guztiei, txiki nahiz handi, aberats nahiz behartsu, libre nahiz esklabo, eskuineko eskuan nahiz bekokian marka bat eramanarazi zien, 17 eta marka hori --hau da, piztiaren izena edo izenaren zenbakia-- zeramanak bakarrik eros edo sal zezakeen zerbait. 18 Hemen jakinduria behar da: buruargi denak asma dezala piztiaren zenbakiaren esanahia, gizon baten zenbakia baita. Zenbakia seiehun eta hirurogeita seia (666) da.

14. atala

aldatu

1 Gero, Bildotsa ikusi nuen Sion mendiaren gainean zutik, eta harekin batera ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzia zeramatenak. 2 Zerutik zetorren hotsa entzun nuen, ur handien edo trumoi handi baten burrunba bezalakoa, beren zitarak jotzen ari diren zitaralarien hotsa bezalakoa. 3 Kantu berria ari ziren kantatzen tronuaren aurrean, lau bizidunen eta zaharren aurrean. Inork ere ez zezakeen kantu hura ikas, lurrekoen artetik salbaturiko ehun eta berrogeita lau mila haiek baizik. 4 Hauek garbi gorde zituzten bihotzak, ez baitziren idolatriaz kutsatu, eta orain Bildotsari jarraitzen diote noranahi. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen fruitu bezala eskainiak izan dira; 5 haien ahoan ez zen maltzurkeriarik, akasgabeak dira.

6 Gero, beste aingeru bat ikusi nuen zeru goian hegan, eta betiko balio duen mezua iragarri behar zien lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei. 7 Hots handiz zioen: «Izan begirune Jainkoari eta eman aintza berari, etorri baita berak mundua epaituko duen ordua; adora ezazue zerua eta lurra, itsasoa eta ur-iturriak egin zituena». 8 Bigarren aingeru bat etorri zen ondoren, esanez: «Erori da, erori, Babilonia handia, herri guztiak bere prostituzio-ardoz mozkortu zituena». 9 Ondoren, hirugarren aingeru bat etorri zen, ahots handiz esanez: «Norbaitek piztia eta beronen irudia gurtzen baditu eta bekokian nahiz eskuan haren marka hartzen, 10 Jainkoaren sumin-ardoa edan beharko du, haren zigor-kopan nahasgabe garbi prestatua dagoena. Suz eta sufrez oinazetuko dute aingeru santuen eta Bildotsaren aurrean. 11 Oinazetzen dituen sua pizturik egongo da menderen mendetan. Piztia eta honen irudia gurtu eta izenaren marka onar dezatenek ez dute atsedenik izango ez egunez, ez gauez». 12 Hor agertuko da Jainkoaren aginduei eta Jesusenganako sinesmenari eusten dieten fededunen iraupena. 13 Gero, ahotsa entzun nuen zerutik esaten: «Idatz ezazu: Zorionekoak aurrerantzean Jaunarekin bat eginik hiltzen direnak! Bai --dio Espirituak--, atseden hartu ahal izango dute beren nekeetatik, beren egintza onak lagun baitituzte».

14 Gero, hodei zuri bat ikusi nuen, eta hodei gainean gizaseme antzeko norbait eseria, buruan urrezko koroa eta eskuan igitai zorrotza zituela. 15 Tenplutik beste aingeru bat irten eta hodei gainean eseria zegoenari esan zion ahots handiz: «Hartu igitaia eta ekin uzta-biltzeari, iritsi baita igitaitzeko ordua, lurreko uzta heldu-heldua baita». 16 Eta hodeian eseria zegoena igitaitzen hasi zen eta lurreko uzta bildu zuen.

17 Gero, beste aingeru bat irten zen zeruko tenplutik, hura ere eskuan igitai zorrotza zuela. 18 Beste aingeru bat, suaren gain agintea zuena, irten zen aldaretik eta oihu egin zion ahots handiz igitai zorrotza zuenari: «Hartu igitai zorrotz hori eta bildu lurreko mahastiko mordoak, mahatsa heldu-heldua baitago». 19 Aingeruak lurra igitaitzen hasi eta lurreko mahastia bildu zuen, eta Jainkoaren zigorraren dolare handira bota. 20 Hiritik kanpora zapaldu zuten mahatsa eta, dolaretik hainbeste odol atera zenez, zaldien muturrekoetaraino iritsi zen, hirurehun kilometroko zabaleran.

15. atala

aldatu

1 Zeruan beste seinale handi eta harrigarri bat ikusi nuen: zazpi aingeru zazpi izurrirekin; azken izurriak ziren, horietan burutzen baitzen Jainkoaren zigorra. 2 Ondoren, suz nahasiriko kristalezko itsaso antzeko zerbait ikusi nuen, eta kristalezko itsasoaren ondoan zutik, piztia, beronen irudia eta izenaren zenbakia garaitu zituztenak. Jainkoaren zitarak zituzten eskuetan 3 eta Jainkoaren zerbitzari Moisesen eta Bildotsaren kantua abesten zuten:
«Bai handi eta harrigarriak zuk eginak, oi Jauna, Jainko ahalguztiduna! Bai zuzen eta leiala zure jokabidea, oi herrien Errege!
4 Nork ez zuri begirune, Jauna? Nork ez goretsi zure izena? Zu bakarrik zara santu! Herriak oro etorri eta zure aurrean ahozpeztuko dira, zure salbamen-asmoak denen aurrean agertu baitira».

5 Ondoren, santutegia, itunaren egoitza, ikusi nuen zeruan irekitzen, 6 eta bertatik zazpi izurriak zeramatzaten zazpi aingeruak atera ziren, liho garbi eta distiratsuz jantziak, urrezko gerrikoz bularpeak loturik. 7 Gero, lau izaki bizidunetako batek zazpi aingeruei urrezko zazpi ontzi eman zizkien, menderen mendetan bizi den Jainkoaren haserre-zigorrez beteak. 8 Eta santutegia Jainkoaren aintzaren eta ahalmenaren kez bete zen; eta ezin zen santutegian inor sartu, harik eta zazpi aingeruen zazpi izurriak burutu arte.

16. atala

aldatu

1 Ahots handi bat entzun nuen, tenplutik zazpi aingeruei esaten: «Zoazte eta isuri lurraren gainera Jainkoaren haserre-zigorraren zazpi ontziak». 2 Joan zen lehen aingerua eta isuri zuen lurraren gainera bere ontzia: zauri gaizto eta mingarria sortu zitzaien piztiaren marka zeukatenei eta haren irudia gurtzen zutenei. 3 Bigarren aingeruak itsasoaren gainera isuri zuen bere ontzia: hildako baten odolaren antzeko bihurtu zen ura, eta itsasoko bizidun guztiak hil ziren. 4 Hirugarrenak ibai eta iturburuetan isuri zuen bere ontzia: urak odol bihurtu ziren.


5 Eta uretako aingeruari entzun nion esaten: «Zuzena zara eta justizia egin duzu, Santu horrek, zaren eta zinen horrek: 6 fededun eta profeten odola isuri zuten, eta zuk odola eman diezu edaten. Ez zuten besterik merezi!»
7 Orduan, aldaretik esaten entzun nuen:
«Bai, Jauna, Jainko ahalguztiduna, zure epaiak egiazkoak eta zuzenak!»
8 Laugarren aingeruak eguzkiaren gainera isuri zuen bere ontzia, eta gizon-emakumeak suz kiskaltzeko ahalmena eman zion. 9 Eguzkiaren bero izugarriz erre egin ziren gizon-emakumeak; baina, halere, zigor hauen gain agintea zuen Jainkoaren izena madarikatu zuten, damutu eta Jainkoak arrazoi zuela aitortu beharrean. 10 Bosgarrenak piztiaren tronura isuri zuen bere ontzia; eta haren erreinua ilunpetan gelditu zen; jendeak, oinazearen oinazez, nork bere mihiari hozka egiten zion, 11 eta oinaze eta zauriengatik zeruko Jainkoa madarikatzen hasi ziren, baina ez ziren beren egintzez damutu. 12 Seigarrenak Eufrates ibai handiaren gainera isuri zuen bere ontzia, eta urak agortu egin ziren, horrela ekialdeko erregeentzat bidea prest utziz. 13 Orduan, herensugearen, piztiaren eta sasiprofetaren ahotik zapo antzeko hiru espiritu higuingarri ateratzen ikusi nituen. 14 Espirituak mirariak egiten zituzten deabruak ziren, eta mundu osoko erregeengana jo zuten, Jainko ahalguztidunaren egun handiko borrokara biltzeko. 15 Jaunak dio: «Hara, lapurra bezala nator. Zorionekoa erne eta jantzirik dagokeena! Ez du biluzik ibili beharrik izango eta ez dizkio inork lotsariak ikusiko». 16 Hebreeraz Harmagedon deritzan tokian bildu zituzten munduko erregeak. 17 Zazpigarren aingeruak airean isuri zuen bere ontzia, eta zeruko tenpluko tronutik ahots handia atera zen esanez: «Egina dago». 18 Orduan, tximistak, danbatekoak eta trumoiak izan ziren, bai eta lurrikara izugarria ere, gizakia lurrean bizi denetik izan ez den bezalako lurrikara handia. 19 Hiri handia hiru zatitan lehertu zen eta munduko beste nazioetako hiriek lur jo zuten; orduan, Jainkoa Babilonia hiri handiaz oroitu zen, hari bere zigor-kopa, bere sumin-ardoz betea, edanarazteko. 20 Uharte guztiek ihes egin zuten eta mendiak desagertu egin ziren. 21 Egundoko kazkabar-aleak erori ziren zerutik gizon-emakumeen gainera, eta hauek madarikatu egin zuten Jainkoa kazkabar-izurriagatik, benetan zigor ikaragarria izan baitzen.

17. atala

aldatu

1 Zazpi ontziak zituzten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz hona eta ur handien gainean eseria dagoen emagaldu handiarentzat erabakitako zigorra erakutsiko dizut; 2 berorrekin jardun zuten prostituzioan lurreko erregeek, eta lurreko bizilagunak berorren prostituzio-ardoz mozkortu ziren». 3 Espirituak hartu ninduen, eta aingeruak basamortura eraman; han emakume bat ikusi nuen piztia gorrimin baten gainean eseria; piztia Jainkoaren kontrako izen iraingarriz josia zegoen; zazpi buru zituen eta hamar adar. 4 Emakumea purpuraz eta gorriminez zegoen jantzia, eta urrez, harribitxiz eta perlaz apaindua; eskuan urrezko edalontzi bat zuen bere prostituzio zikinaren fruitu higuingarriz betea; 5 bekokian izen misteriotsua zuen idatzia: «Babilonia handia, lurreko emagaldu eta higuingarrikerien ama». 6 Emakumea Jainko-herriaren eta Jesusen fedeagatik hildakoen odolaz mozkorturik zegoela konturatu nintzen.

Erabat harriturik gelditu nintzen hura ikustean. 7 Baina aingeruak esan zidan: «Zergatik harritzen zara? Nik adieraziko dizut emakumearen eta berau gainean daraman eta zazpi buru eta hamar adar dituen piztiaren esanahia.

8 «Ikusi duzun piztia lehen bazen, baina orain ez; lur azpiko leizetik igoko da, baina hondamendirantz doa. Beren izenak biziaren liburuan munduaren sorreratik idatzirik ez dituzten lurreko bizilagunak harritu egingo dira piztia ikustean, lehen bazen eta orain ez den piztia berriro agertzen ikustean. 9 Buruargitasuna behar da hemen. Zazpi buruak, emakumea gainean eseria dagoen zazpi muinoak dira; zazpi errege ere esan nahi dute: 10 bost erori dira, bat oraingoa da eta bestea oraindik ez da etorri; baina etorritakoan gutxi iraungo du. 11 Bazen eta ez den piztia zortzigarren erregea da, nahiz eta era berean zazpi horietakoa izan; baina bere hondamendirantz doa.

12 «Ikusi dituzun hamar adarrak, oraindik erregetza hartu ez duten hamar errege dira; piztiarekin batera hartuko dute errege-agintea, baina ordu baterako bakarrik. 13 Denek asmo bera dute: beren ahalmen eta agintea piztiari ematea. 14 Borroka egingo diote Bildotsari, baina honek garaitu egingo ditu, jaunen Jauna eta erregeen Erregea baita, eta berarekin batera garaile izango dira Jainkoak deitu eta aukeratu dituenak eta leial izan zaizkionak».

15 Beste hau ere esan zidan: «Emagaldua ur gainean eseria ikusi duzu; ur horiek herri, jendetza, nazio eta hizkuntzak dira. 16 Piztiak eta ikusi dituzun hamar adarrek gorroto izango diote emagalduari, biluzik eta ezer gabe utziko dute; haren haragia irentsi egingo dute eta hondarrak sutan erreko; 17 Jainkoak bere asmoa bete behar dutela sartu die buruan: elkar hartzera eragingo die, beren erregetza piztiari emateko, harik eta Jainkoaren esana erabat bete arte. 18 Ikusi duzun emakumea, lurreko erregeen gain erregetza duen hiri handia da».

18. atala

aldatu

1 Ondoren, beste aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten; ahalmen handia zuen eta haren distirak lurra argitu zuen. 2 Ahots indartsuz egin zuen oihu:
«Erori da erori Babilonia handia! Deabruen bizileku bihurtu da, espiritu gaizto guztien zulo, piztia kutsatu eta nazkagarri guztien zulo.
3 Herri guztiek edan dute haren prostituzio sutsuaren ardotik; munduko erregeak prostituzioan ibili dira berarekin eta lurreko merkatariak aberastu egin dira haren neurrigabeko luxuari esker».
4 Beste ahots bat entzun nuen zerutik esaten:
«Irten Babiloniatik, ene herri, haren bekatuekin bat egin ez dezazun, eta beraren zigorrak harrapa ez zaitzan;
5 haren bekatu-pila zeruraino iritsi baita eta Jainkoak gogoan ditu haren gaiztakeriak. 6 Eman berari berak besteei emandako tratua, ordaindu berari berak egin halako bi; emaiozue edaten ontzian, berak besteei edanarazi halako bi. 7 Zenbatekoak izan diren haren ospea eta luxua, emaizkiozue hainbateko oinaze eta negar, honela baitio bere baitan: <Erregina bezala nago tronuan eseria, ez naiz alargun, ez eta izango ere dolutan>. 8 Horregatik, egun berean etorriko zaizkio gainera merezitako zigorrak: heriotza, dolua eta gosea, eta kiskali egingo da sutan; ahaltsua baita bera epaitu duen Jainko Jauna».
Babiloniagatik negar-kanta
9 Babiloniarekin prostituzioan eta atseginkerian ibiliak diren munduko erregeek negar eta dolu egingo dute, haren sutearen ke-mordoa ikustean. 10 Haren oinazearen izu-ikaraz urruti geldituko dira, esanez:
«Ai zu, ai hiri handia, Babilonia, hiri ahaltsua! Une batean burutu da zure zigorra!»
11 Lurreko merkatariek ere negar eta aiene egingo dute harengatik, ez baitizkie aurrerantzean inork erosiko beren salgaiak: 12 urre, zilar, harribitxi, perla; liho, purpura, zeta, eskarlata; era guztietako zur usaintsu, boli eta zur baliotsuzko tresnak, brontze, burdina eta marmolezko tresnak; 13 kanela, iltze-kanela, usainki, mirra eta intsentsu; ardo, olio, irin eta gari; abere handi eta txiki, zaldi eta gurdi, eta giza esklabo.

14 «Hainbeste irrikatzen zenuen fruitua urrundu egin zaizu; galdu dituzu zeure luxua eta ospea, sekula ez berreskuratzeko».
15 Merkatariak, haren kontura aberastu direnak, haren oinazearen izu-ikaraz urruti geldituko dira, negarrez eta aiene bizian, 16 esanez:
«Ai zu, ai hiri handia, liho, purpuraz eta eskarlataz jantzia, urrez, harribitxiz eta perlaz apaindua!
17 Une bat aski izan da hainbesteko aberastasuna errausteko!»
Itsasontzietako kapitan-pilotu guztiek, marinelek eta itsasoa lanbide duten guztiek, urruti gelditu
18 eta, haren sutearen ke-mordoa ikustean, honela egin zuten oihu: «Hiri handi horrek ez zuen parekorik!» 19 Eta, nork bere burura hautsa botaz, oihu egiten zuen negarrez eta aieneka:
«Ai zu, ai hiri handia! Zure aberastasunei esker aberastu ziren itsasontziak zituzten guztiak. Horra orain une batean erraustua!»

20 Poztu, oi zeru, horren zoriaz, eta zuek ere bai, fededun, apostolu eta profetak, hori kondenatzean justizia egin baitizue Jainkoak.
21 Orduan, aingeru ahaltsu batek harri bat, errotarri handi baten antzekoa, jaso eta itsasora jaurtiki zuen, esanez:
«Honelaxe jaurtikiko dute Babilonia, hiri handia, eta betiko desagertuko da.
22 Ez da sekula entzungo zitara-soinu edo kanturik, ez txirula edo turutarik zure baitan; ez da sekula artisaurik izango, ez eta errota-hotsik entzungo ere zure baitan; 23 ez da sekula kriseilu-argirik izango, ez eta entzungo senar-emaztegaien kanturik ere zure baitan; zeren eta zure merkatariak lurreko ahaltsuenak baitziren, eta zeure sorginkeriez herri guztiak engainatu baitituzu. 24 Zikindua zaude profeta, fededun eta lurrean hilak izan diren guztien odolaz».


19. atala

aldatu

1 Ondoren, jendetza handiarena bezalako zarata-hotsa entzun nuen zeruan, esanez:
«Aleluia! Salbamena, aintza eta indarra gure Jainkoarenak,
2 haren epaiak egiazkoak eta zuzenak baitira. Kondenatu du emagaldu handia, bere prostituzioaz mundua usteltzen zuena, eta beraren bizkar mendekatu du bere zerbitzarien heriotza».
3 Berriro esan zuten:
«Aleluia! Haren sutearen kea menderen mendetan doa gorantz».
4 Orduan, hogeita lau zaharrek eta lau izaki bizidunek ahozpeztu eta tronuan eseria dagoen Jainkoa gurtu zuten, esanez: «Amen! Aleluia!» 5 Eta tronutik ahotsa atera zen:
«Goretsazue gure Jainkoa, begirune diozuen zerbitzari guztiok, txiki eta handi».
6 Eta jendetza handiarena bezalako zarata-hotsa, ur handien eta trumoi indartsuen burrunba zirudiena, entzun nuen esaten:
«Aleluia! Errege izaten hasia da Jauna, gure Jainko ahalguztiduna.
7 Poz gaitezen eta egin festa, eman diezaiogun aintza, heldu baitira Bildotsaren ezteiak. Apaindurik dago beraren emaztegaia: 8 jantzi zoragarria eman diote, liho garbiz eta distiratsuz egina --lihoa, fededunen egintza onak dira--».
9 Gero, aingeruak esan zidan: «Idatzi: Zorionekoak Bildotsaren eztei-otordura deituak!» Eta erantsi zuen: «Jainkoaren hitzak dira hauek, egiazko hitzak». 10 Orduan, aingeruaren oinetara ahozpeztu nintzen bera gurtzeko; baina esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta Jesusen testigu leial diren zure senideak bezala. Jainkoa gurtu behar duzu». Izan ere, Jesusen testigu izatea eta profetagintzarako espiritua edukitzea gauza bera dira.
Kristoren agerpena eta piztiaren hondamena
11 Gero, zerua irekia ikusi nuen, eta zaldi zuri bat agertu zen. Zaldizkoari «Leial» eta «Egiazko» deritza, justiziaz epaitzen eta borrokatzen baitu. 12 Haren begiak sugarra bezain distiratsu ziren, buruan diadema asko zituen eta berak beste inork ez zekien izena zeraman idatzia. 13 Odolez gorrituriko jantzia zeraman, eta izena «Jainkoaren hitza» zuen. 14 Zeruko gudarosteek, liho zuri garbiz jantzirik, zaldi gainean jarraitzen zioten. 15 Zaldizkoaren ahotik ezpata zorrotza ateratzen zen, herriak zauritzeko: burdinazko makilaz gobernatuko ditu. Hark dolarea zapaldu eta Jainko ahalguztidunaren haserre biziaren zigor-ardoa aterako du. 16 Izen bat darama bere jantzian eta bere izterrean idatzia: «erregeen Errege eta jaunen Jaun». 17 Gero, aingeru bat ikusi nuen, eguzki gainean zutik, zeru goian zebiltzan hegazti guztiei ahots handiz oihuka: «Zatozte, bildu Jainkoaren otordu handirako; 18 jan errege, gudalburu eta gudari indartsuen haragia, zaldi eta zaldizkoen haragia, era guztietako jendearen, libre nahiz esklaboen, txiki nahiz handien, haragia». 19 Orduan, piztia ikusi nuen eta munduko erregeak beren gudarosteekin, zaldizkoaren eta honen gudarostearen aurka gudu egiteko bilduak. 20 Baina piztia harrapatua izan zen eta honekin batera sasiprofeta, piztiaren aurrean mirarizko seinaleak eginez, piztiaren marka hartu eta haren irudia gurtu zutenak liluratu zituena; biok, piztia eta sasiprofeta, sufrez sutan dagoen aintzirara jaurtiki zituzten bizirik. 21 Gainerakoak, zaldi gainean eseriaren ahotik ateratzen zen ezpatak hil zituen, eta hegaztiak haien haragiz ase ziren.

20. atala

aldatu

1 Aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten; lur azpiko leizeko giltza eta kate handi bat zeramatzan eskuan. 2 Atzeman zuen herensugea, antzinako sugea --hau da, deabrua edo Satanas--, eta mila urterako lotu zuen. 3 Leizera bota, sarrera giltzaz itxi eta zigilatu egin zuen mila urteak bete arte, aurrerantzean herriak lilura ez zitzan; mila urteon ondoren, pixka baterako aske gelditu behar du. 4 Tronu batzuk ere ikusi nituen; haietan eseri zirenei epaitzeko ahalmena eman zien Jainkoak. Ikusi nituen Jesusen testigantza egiteagatik eta Jainkoaren hitza hots egiteagatik lepo eginikoak ere, hau da, piztia eta beronen irudia gurtu ez zituztenak eta haren marka beren bekoki eta eskuetan hartu ez zutenak. Hauek bizira itzuli ziren eta Mesiasekin errege izan ziren mila urtez. 5 Gainerako hilak ez ziren bizira itzuli, harik eta mila urteak bete arte. Hau lehen piztuera da. 6 Zorionekoak lehen piztuera honetan parte dutenak, Jainkoarenak baitira! Bigarren heriotzak ez du aginterik beraien gain, baizik eta Jainkoaren eta Mesiasen apaiz izango dira, eta beronekin errege mila urteetan.

7 Mila urteak betetzean, aske geldituko da Satanas bere kartzelatik. 8 Orduan, lurreko lau bazterretako herriak --Gog eta Magog-- liluratzeko aterako da, eta gudurako bilduko ditu, itsasoko hondarrak bezain ugari. 9 Lur zabalean hedatu ziren, eta fededunen kanpalekua eta hiri maitea inguratu zituzten. Jaitsi zen, ordea, zerutik sua eta irentsi egin zituen. 10 Eta deabrua, haiek liluratu zituena, su eta sufrezko aintzirara jaurtikia izan zen; hantxe daude piztia eta sasiprofeta ere. Gau eta egun oinazetuko dituzte han menderen mendetan.

11 Tronu handi zuri bat ikusi nuen, bai eta bertan eseria zegoena ere; beronen aurretik ihes egin zuten lurrak eta zeruak, eta aztarnarik utzi gabe desagertu. 12 Eta hildakoak ikusi nituen, handi nahiz txiki, tronuaren aurrean zutik. Liburuak ireki zituzten; beste liburu bat ere ireki zuten, biziaren liburua; eta hildakoak liburuetan idatzirik zegoenaren arabera epaitu zituzten, bakoitza bere egintzen arabera. 13 Itsasoak bere baitan zeuzkan hilak itzuli zituen, eta, orobat, Heriok eta Hilen Egoitzak, eta nor bere egintzen arabera epaitua izan zen. 14 Herio eta Hilen Egoitza suzko aintzirara bota zituzten; suzko aintzira bigarren heriotza da. 15 Izena biziaren liburuan idatzirik ez zutenak ere suzko aintzirara jaurtiki zituzten.

21. atala

aldatu

1 Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen. 2 Hiri santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua. 3 Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: «Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin. 4 Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita». 5 Eta tronuan eseria zegoenak esan zuen: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut». Eta erantsi zuen: «Idatzi esaten dudan hau egiazkoa eta fidagarria dela». 6 Azkenik, esan zuen: «Egina dago! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta bukaera. Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik. 7 Hori izango du garaileak ondare, eta Jainko izango nau ni eta nik bera seme. 8 Koldarrek, ordea, sinesgabeek, gaiztoek, hiltzaileek, lizunek, aztiek, sasijainkozaleek eta gezurti guztiek suz eta sufrez garretan dagoen aintzira, hau da, bigarren heriotza, izango dute ondare».

9 Orduan, zazpi ontziak azken zazpi izurriez beterik zeuzkaten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz, emaztegaia erakutsi behar dizut, Bildotsaren emaztea». 10 Espirituak hartu ninduen eta aingeruak mendi handi eta garai batera eraman ninduen; Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, 11 Jainkoaren aintzaz dirdaitsu. Haren distira harribitxi ederrarena bezalakoa zen, jaspe harria bezain gardena. 12 Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru. Hamabi izen zituzten idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak. 13 Hiru ate zeuden ekialdera, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebaldera. 14 Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak. 15 Nirekin mintzatzen ari zen aingeruak hiria eta beronen ateak eta harresia neurtzeko urrezko makila zeraman. 16 Hiria karratua zen, luze bezain zabal. Neurtu zuen, bada, hiria makilaz, eta bi mila kilometrotik gora zen; luzera, zabalera eta altuera berdinak ziren. 17 Gero, harresia neurtu zuen, eta hirurogeita hamar metro zen, aingeruak erabili zituen gizaneurrien arabera. 18 Harresia jaspezkoa zen, eta hiria urre hutsezkoa, beira garbiaren antzekoa. 19 Hiriko harresiaren oinarriak era guztietako harribitxiz zeuden apainduak: lehenengo oinarria jaspez, bigarrena zafiroz, hirugarrena kaltzedoniaz, laugarrena esmeraldaz, 20 bosgarrena sardonikaz, seigarrena kornalinaz, zazpigarrena krisolitoz, zortzigarrena beriloz, bederatzigarrena topazioz, hamargarrena agataz, hamaikagarrena hiazintoz, hamabigarrena amatistaz. 21 Eta hamabi ateak hamabi perla ziren, bakoitza perla bakarraz egina, eta hiriko plaza urre hutsezkoa, beira gardena bezalakoa. 22 Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu. 23 Hiriak ez du argituko duten eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu. 24 Haren argitan ibiliko dira herriak, eta munduko erregeek hara eramango dute beren handitasuna. 25 Haren ateak ez dira arratsean itxiko, han ez baita gaurik izango. 26 Hara eramango dituzte herrien handitasuna eta aberastasuna. 27 Ez da han ezer kutsaturik sartuko, ez sasijainkozalerik, ez gezurtirik, Bildotsaren biziaren liburuan izenak idatzirik dituztenak baizik.

22. atala

aldatu

1 Gero, ur biziko ibai bat erakutsi zidan aingeruak, beira bezain distiratsua, Jainkoaren eta Bildotsaren tronutik irteten zena. 2 Hiriko plaza erdian, ibaiaren bi ertzetan, bizia ematen duen zuhaitza zegoen; urtean hamabi uzta ematen zituen, hilean behin, eta zuhaitzaren hostoak herrientzat sendagai ziren. 3 Ez da jadanik ezer madarikaturik izango. Hirian Jainkoaren eta Bildotsaren tronua egongo da: Jainkoaren zerbitzariek kultu emango diote. 4 Aurrez aurre ikusiko dute, eta haren izena bekokian eramango. 5 Ez da aurrerantzean gaurik izango; ez dute kriseilu-argirik, ez eguzki-argirik beharko, Jainko Jaunak egingo baitie argi, eta errege izango dira menderen mendetan.

6 Aingeruak esan zidan: «Egiazkoak eta fidagarriak dira hitzok». Jaunak, profetak inspiratu zituen Jainkoak, bere aingerua bidali du, laster gertatzekoa dena bere zerbitzariei erakusteko. 7 Jesusek dio: «Hara, laster nator. Zorionekoa liburu honetan ematen den Jainkoaren mezua kontuan hartzen duena!» 8 Neuk, Joanek, entzun eta ikusi nuen hau guztia. Eta entzun eta ikusi nuenean, erakutsi zidan aingeruaren oinetan ahozpeztu nintzen adoratzeko. 9 Baina hark esan zidan: «Kontuz, ez egin horrelakorik; ni ere zerbitzari naiz, zu eta zure anaia profetak eta liburu honetako mezuari leial eusten diotenak bezalaxe. Jainkoa gurtu behar duzu». 10 Eta gehitu zuen: «Ez gorde isilpean liburu honetako mezu profetikoa, beteko den garaia hurbil baitago. 11 Honezkero, zuzengabeak jarrai beza zuzengabekerian, eta zikinak zikinkerian; zintzoak jarrai beza zintzo izaten, eta Jainkoarena denak Jainkoarena izaten. 12 «Hara, laster nator eta neurekin dakart saria, bakoitzari bere egintzen arabera ordaintzeko. 13 Neu naiz Alfa eta Omega, lehena eta azkena, hasiera eta bukaera. 14 Zorionekoak, bizia ematen duen zuhaitzaren fruituak hartu ahal izateko eta hiriko ateetatik sartu ahal izateko beren jantziak garbituko dituztenak! 15 Utikan zakurrak, aztiak, lizunak, hiltzaileak, sasijainkozaleak eta gezurra maite eta gezurretan dabiltzan guztiak!

16 «Nik, Jesusek, neure aingerua bidali dut eliz elkarteei mezu hau ematera. Neu naiz Daviden kimua eta jatorria, neu goizeko artizar distiratsua». 17 Espirituak eta emazteak diote: «Zatoz!» Entzuten duenak ere esan beza: «Zatoz!» Egarri dena betor, eta har beza doan, nahi badu, biziaren ura. 18 Liburu honetako mezu profetikoa entzungo duenari hau jakinarazten diot: Honi inork ezer eransten badio, liburuan aipaturiko izurriak erantsiko dizkio Jainkoak berari. 19 Eta inork liburu profetiko honetako mezutik ezer kentzen badu, Jainkoak kendu egingo du bera liburuan azalduriko bizia ematen duen zuhaitzetik eta hiri santutik. 20 Hau guztia egia dela baieztatzen duenak dio: «Bai, laster nator». Amen! Zatoz, Jesus Jauna! 21 Jesus Jaunaren grazia guztiokin.