1. atala
aldatu1 Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarritakoa bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen:
2 «Honela agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit. 3 Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez, Jauna lagun, Judako Jerusalemera eta han dagoen Jaunari, Israelgo Jainkoari, eraiki biezaiote etxea. 4 Bizirik gelditu diren eta itzuli nahi duten israeldarrei lagun biezaie inguruko jendeak; eman biezazkie zilarra, urrea, ondasunak, abereak eta nork bere borondatezko opariak, Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxerako».
5 Orduan, ateratzeko prestatu ziren Judaren eta Benjaminen familietako buruak, apaizak eta lebitarrak, hots, Jerusalemen dagoen Jaunaren etxea eraikitzera joateko Jainkoak bultzaturiko guztiak. 6 Auzokoek eskuzabal lagundu zieten, eta zilar eta urrezko ontziak, ondasunak, abereak eta bitxi ederrak eman zizkieten, nork bere borondatez eskainitakoaz gainera.
7 Ziro erregeak, bere aldetik, itzuli egin zituen Jaunaren etxeko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemdik hartu eta bere jainkoen etxean ipinitakoak. 8 Mitridates altxorzainaren esku utzi zituen, eta honek zenbatu eta Xexbatzar Judako gobernariari eman zizkion. 9 Hona hemen zerrenda: urrezko 30 ontzi, zilarrezko 1.000 plater, 29 labana, 10 urrezko 30 kopa, bigarren mailako zilarrezko 410 kopa eta beste 1.000 ontzi. 11 Guztira, urre eta zilarrezko 5.400 ontzi.
Hori guztia eraman zuen Xexbatzarrek, erbesteratuak Babiloniatik Jerusalemera itzuli zirenean.
2. atala
aldatu1 Babiloniako errege Nabukodonosorrek Babiloniara gatibu eramandako judu asko Jerusalemera eta Judako beste herrietara, nor bere herrira, itzuli zen. 2 Zorobabel, Josue, Nehemias, Seraias, Reelaias, Mardokeo, Bilxan, Mispar, Bigbai, Rehum eta Baana zituzten gidari.
Hona israeldar hauen zerrenda: 3 Paroxen ondorengoak 2.172 lagun; 4 Xefatiasenak 372; 5 Araheenak 775; 6 Pahat-Moabenak, hots, Josue eta Joaben ondorengoak, 2.812; 7 Elamenak 1.254; 8 Zaturenak 945; 9 Zakairenak 760; 10 Banirenak 642; 11 Bebairenak 623; 12 Azgadenak 1.222; 13 Adonikamenak 666; 14 Bigbairenak, 2.056; 15 Adinenak, 454; 16 Aterrenak, hots, Ezekiasen ondorengoak, 98; 17 Betzairenak 323; 18 Jorarenak 112; 19 Haxumenak 223; 20 Gibarrenak 95; 21 Belengo gizonak 123; 22 Netofakoak 56; 23 Anatotekoak 128; 24 Azmabetekoak 42; 25 Kiriat-Arim, Kefira eta Beerotekoak 743; 26 Rama eta Gebakoak 621; 27 Mikmasekoak, 122; 28 Betel eta Aikoak 223; 29 Nebokoak 52; 30 Magbixekoak 156; 31 beste Elam batekoak 1.254; 32 Harimgoak 320; 33 Lod, Hadid eta Onokoak 725; 34 Jerikokoak 345; 35 Senaakoak 3.630.
36 Apaizak: Jedaiasen ondorengoak, hots, Josueren jatorrikoak, 973; 37 Imerrenak 1.052; 38 Paxhurrenak 1.247; 39 Harimenak 1.017.
40 Lebitarrak: Josueren eta Kadmielen ondorengoak, hots, Hodabiasen jatorrikoak, 74.
41 Kantariak: Asafen ondorengoak, 128.
42 Atezainak: Xalum, Ater, Talmon, Akub, Hatita eta Xobairen ondorengoak, guztira, 139.
43 Tenpluko laguntzaileak: Tziha, Hasufa eta Tabaoten ondorengoak; 44 Keros, Siaha eta Padonenak; 45 Lebana, Hagaba eta Akubenak; 46 Hagab, Salmai eta Hananenak; 47 Gidel, Gahar eta Reaiasenak; 48 Retzin, Nekoda eta Gazamenak; 49 Uza, Paseah eta Besairenak; 50 Asna, Meunim eta Nefusimenak; 51 Bakbuk, Hakufa eta Harhurrenak; 52 Batzlut, Mehida eta Harxarenak; 53 Barkos, Sisera eta Tamahenak; 54 Netziah eta Hatifarenak.
55 Salomonen zerbitzarien ondorengoak: Sotai, Hasoferet eta Perudaren ondorengoak; 56 Jaala, Darkon eta Gidelenak; 57 Xefatias, Hatil, Pokeret-Hatzebaim eta Amirenak.
58 Tenpluko laguntzaileak eta Salomonen zerbitzarien ondorengo guztiak, 392 lagun.
59 Tel-Melah, Tel-Harxa, Kerub-Adau eta Imertik itzulitako batzuek beren familiaz eta jatorriz israeldar zirenik ezin izan zuten argitu. 60 Delaias, Tobias eta Nekodaren ondorengoak ziren, 652 lagun. 61 Zenbait apaiz ere egoera berean zeuden: Hobaias, Hakotz eta Barzilairen ondorengoak ziren. Azken honek, Galaadeko Barzilairen alaba batekin ezkondu zelako zeraman izen hori. 62 Beren jatorri bila genealogi liburuetan ibili arren, ez zuten aurkitu; horregatik, apaizgotik kanpora bota zituzten. 63 Janari sakratuetatik jatea debekatu egin zien gobernariak, harik eta apaiz batek «Urim eta Tumim» epaigailuen bidez haien egoera argitu arte.
64 Itzulitako guztiak 42.360 ziren. 65 Gainera, 7.337 morroi eta mirabe eta 200 kantari, gizon eta emakume. 66 Bazituzten 736 zaldi, 245 mando, 67 eta 435 gamelu eta 6.720 asto ere.
68 Jerusalemera, Jaunaren etxea egon zen tokira heldu zirenean, familiaburu batzuek borondatezko opariak egin zituzten, berriro Jaunaren etxea toki berean eraikitzeko. 69 Bakoitzak ahal zuena eman zuen etxagintza-lanetarako; guztira 488ren bat kilo urre, 2.500en bat kilo zilar eta 100 apaiz-tunika.
70 Apaizak, lebitarrak, kantariak, atezainak, tenpluko laguntzaileak eta gainerako herritarrak beren hirietan jarri ziren bizitzen. Horrela, israeldar guztiak jatorrizko hirietara itzuli ziren.
3. atala
aldatu1 Zazpigarren hila iritsi zenean, israeldarrak jadanik beren hirietan zeudelarik, herri guztia gizon bakar bat bezala bildu zen Jerusalemen. 2 Orduan, Jotzadaken seme Josuek, bere ahaide apaizekin, eta Xealtielen seme Zorobabelek, bere ahaideekin, Israelgo Jainkoaren aldarea eraiki zuten, erre-opariak eskain zitezen, Jainkoaren gizon Moisesen legean idatzia dagoenez. 3 Bertako jendearen beldur baziren ere, lehengo zimentarrien gainean eraiki zuten eta erre-opariak eskaini zizkioten Jaunari goiz eta arratsalde. 4 Gero, Etxola Jaiak ospatu zituzten agindua dagoenez: egunean eguneko erre-opariak eskaini zituzten. 5 Orduz geroztik, erre-opariak eskaintzen jarraitu zuten: egunerokoak, ilberrietakoak, Jaunari sagaraturiko egunetakoak eta nork bere borondatez eskainitakoak. 6 Zazpigarren hilaren lehen egunean hasi ziren Jaunari erre-opariak eskaintzen, Jaunaren tenpluaren oinarriak oraindik ere jarri gabe egon arren.
7 Lanerako harginak eta arotzak hartu zituzten; bai eta sidondarrak eta tirotarrak ere jan-edari eta olioaren truke, Libanotik Jafara itsasoz zedro-zura ekar zezaten. Pertsiako errege Ziroren baimenarekin egin zuten hori guztia. 8 Jerusalemera, Jainkoaren etxera, itzuli ondoko bigarren urteko bigarren hilean ekin zioten lanari Xealtielen seme Zorobabelek eta Jotzadaken seme Josuek, beren apaiz-ahaideekin, lebitarrekin eta gatibualditik Jerusalemera etorriekin; Jaunaren etxeko lanen arduradun hogei urtez gorako lebitarrak jarri zituzten. 9 Josue, beronen seme eta ahaide Kadmiel, Binui eta Hodabiasek elkarrekin zuzentzen zituzten Jaunaren etxeko lanak; orobat Henadaden seme eta ahaide lebitarrek ere.
10 Etxegileek Jaunaren tenpluko zimentarriak jarri zituztenean, han aurkeztu ziren apaizak beren jantzi eta turutekin, eta Asafen ondorengo lebitarrak txilinekin, Jauna gorestera, Israelgo errege Davidek agindu bezala. 11 Jaunari gorespenak eta eskerrak ematerakoan, honela erantzuten zioten elkarri: «Ona baita, haren maitasuna Israelentzat betikoa!» Eta herri osoak pozez oihuka eta irrintzika goresten zuen Jauna, honen etxearen zimentarriak jartzen ari zirelako.
12 Lehengo etxea ezagutu zuten apaiz, lebitar eta familiaburu zaharrenetako askok zotinka ziharduen negarrez, beren begi aurrean tenplu berriaren zimentarriak jartzen ari ziren bitartean; beste asko, berriz, oihuka eta irrintzika ari ziren, pozaren pozez. 13 Inor ere ez zen gauza poz-oihuak eta negar-hotsa bereizteko; urrutitik ere entzuterainokoa baitzen jendearen zarata-hotsa.
4. atala
aldatu1 Jakin zuten judatarren eta benjamindarren etsaiek erbestealditik etorriak Israelen Jainko Jaunari tenplua eraikitzen ari zitzaizkiola. 2 Orduan, Zorobabel eta familiaburuengana hurbildurik, honela esan zieten:
-Zuekin lan egin nahi genuke; geuk ere zuen Jainkoa gurtzen baitugu eta berari eskaintzen dizkiogu opariak, Asiriako errege Asarhadonek hona ekarri gintuenez geroztik.
3 Baina Zorobabel, Josue eta Israelgo beste familiaburuek honela erantzun zieten:
-Ezinezkoa da zuek eta gu elkarrekin gure Jainkoarentzat etxea eraikitzen aritzea. Geuk bakarrik behar diogu egin tenplua Jaunari, Israelen Jainkoari, Pertsiako errege Zirok agindu bezala.
4 Orduan, bertako jendea juduei adorea kentzen eta beldurra ematen hasi zitzaien, lana utz zezaten. 5 Juduen asmoak desegiteko, errege-kontseilariak erosi egin zituzten. Honela jardun zuten Pertsiako errege Ziroren garai guztian, Darioren erregealdira arte.
6 Xerxesen erregealdiaren hasieran, salaketa bat idatzi zuten erbestealditik itzulitakoen etsaiek, Judako eta Jerusalemgo bizilagunen aurka. 7 Geroago, Artaxerxesen garaian, Bixlam, Mitridates, Tabeel eta beste funtzionarioek Pertsiako errege Artaxerxesi idatzi zioten; gutuna arameera-idazkeraz eta -hizkeraz idatzia zegoen.
8 Rehum gobernariak eta Ximxai idazkariak Artaxerxes erregeari gutun bat idatzi zioten Jerusalemi buruz. Honoko hauek izenpetu zuten: 9 Rehum gobernariak, Ximxai idazkariak eta beste lagunek; epaileek, ordezkariek, pertsiar funtzionarioek; Ur, Babilonia eta Susako elamdarrek, 10 eta Asurbanipal handi eta ospetsuak erbesteratu eta Samariako hirietan eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeetan bizitzen jarri zituen beste herrietakoek.
11 Hona bidali zuten gutunaren kopia:
«Artaxerxes erregeari, bere zerbitzariok, Eufrates ibaiaren mendebaldeko biztanleok.
12 «Jakin beza erregeak, Mesopotamiatik Jerusalemera etorritako juduak hiri menperagaitz eta gaizto hau berriro eraikitzen ari direla; zimentarriak konpondu dituzte, harresiak jasotzeko asmoz. 13 Jakin beza, bada, erregeak, hiria berriro eraiki eta harresiak jasotzen badituzte, juduek ez dutela zergarik, ez petxarik, ez bidesaririk ordainduko eta, azkenean, erregeen kalterako izango dela. 14 Beraz, hainbeste mesede zor diogunez gero, ez zaigu bidezkoa iruditzen erregeari egiten zaion iraina; horregatik bidaltzen dizkiogu erregeari argibide hauek, 15 berorren gurasoen agiri-liburuetan azter ditzan. Hor ikusiko du, hiri hau beti menperagaitza izan dela, erregearentzat eta eskualdearentzat kaltegarria, eta bertan antzinatik matxinadak gertatu izan direla. Horrexegatik suntsitu zuten lehen ere. 16 Hauxe jakinarazten diogu, beraz, erregeari: juduek hiria berriro eraiki eta harresiak jasotzen badituzte, laster galduko dituela erregeak Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeak».
17 Erregeak honela erantzun zien:
«Rehum gobernariari, Ximxai idazkariari eta Samarian eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurraldeetan bizi diren beste lagunei, bakea!
18 «Irakurri didate argi eta garbi zuek bidali didazuen gutuna. 19 Eta nire aginduz aztertu ondoren, hiri hori antzinatik erregeen aurka jaiki eta bertan matxinadak eta erreboltak gertatu izan direla agertu da. 20 Behinola, errege ahaltsuak izan ziren Jerusalemen eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko lurralde guztia menperatu zuten; zergak, petxak eta bidesaria beraiei ordaintzen zitzaizkien. 21 Emazue, bada, lan hori geldiarazteko agindua; ez dezatela eraiki hiria, beste agindurik ematen ez dudan bitartean. 22 Ez gero arduragabe jokatu arazo honetan, erregearen kaltetan egoera okerrago ez dadin».
23 Artaxerxes erregearen gutuna Rehum gobernariaren, Ximxai idazkariaren eta hauen lagun funtzionarioen aurrean irakurri zenean, berehala joan ziren Jerusalemera, eta indarrez eta gogorrean geldiarazi zituzten juduen lanak. 24 Orduan, Jaunaren etxea eraikitzeko lanak utzi egin behar izan zituzten, eta geldi egon ziren Pertsiako errege Darioren erregealdiko bigarren urtera arte.
5. atala
aldatu1 Aldi hartan, bi profeta, Ageo eta Idoren seme Zakarias, Juda eta Jerusalemgo juduei hitz egiten hasi ziren, beren Jaun Israelgo Jainkoaren izenean. 2 Orduan, Xealtielen seme Zorobabel eta Jotzadaken seme Josue Jainkoaren etxea eraikitzen hasi ziren Jerusalemen, Jainkoaren profetek, adore emanez, laguntzen zietela.
3 Baina berehala etorri zitzaizkien Tatenai, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernaria, Xetar-Boznai eta hauen funtzionario-lagunak, esatera: «Nork eman dizue etxe hau eraikitzeko eta horma horiek jasotzeko baimena? 4 Etxegintzan ari direnen izenak eman behar dizkiguzue».
5 Baina Jauna erne zegoen juduen arduradunak zaintzeko eta ez zizkieten lanak geldiarazi, harik eta Dariogana txostena bidali eta honen erantzuna jaso arte.
6 Hona hemen Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta hauen funtzionario-lagunek Dario erregeari bidali zioten gutuna. 7 Honela zioen:
«Dario erregeari, bakea!
8 «Jakin beza erregeak Judako eskualdera joan garela, eta han Jainko handiaren etxea harlanduz eraikitzen eta hormak zurez estaltzen ikusi ditugula. Arreta handiz dihardute lanean eta asko ari dira aurreratzen. 9 Galdetu diegu arduradunei ea nork eman dien etxea eraiki eta hormak jasotzeko baimena. 10 Gainera, beren izenak eskatu dizkiegu, buru dituztenenak idatziz hartu eta zuri jakinarazteko. 11 Eta hona zer erantzun diguten: <Zeru-lurren Jainkoaren zerbitzari gara, eta haren etxea ari gara jasotzen. Duela urte asko Israelgo errege handi batek eraiki eta bukatu zuen etxea; 12 baina gure gurasoek zeruetako Jainkoa haserrearazi zutelako, Babiloniako errege Nabukodonosor kaldearraren esku utzi zituen; etxe hau hondatu eta gatibu eraman zuen herria Babiloniara. 13 Babiloniako errege Zirok, ordea, bere erregealdiaren lehen urtean, Jainkoaren etxea berriro eraikitzeko agindu zuen. 14 Horrez gainera, itzuli egin zituen urre eta zilarrezko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniako jauretxera eramandakoak; Babiloniako jauretxetik atera eta gobernari izendatu zuen Xexbatzar zeritzon gizon bati eman zizkion. 15 Ontzi haiek hartu eta Jerusalemgo tenplura eramateko esan zion eta Jainkoaren etxea lehengo toki berean eraikitzeko. 16 Orduan, Xexbatzar Jerusalemera etorri zen eta Jainkoaren etxearen oinarriak jarri zituen. Harrezkero, etxea eraikitzen ari gara, eta oraindik ez dugu bukatu>. 17 Orain, bada, erregeak ongi baderitzo, azter bezate Babiloniako errege-artxiboan, Jerusalemen Jainkoaren etxe hau eraikitzeko agindua Zirok eman zuen ala ez; eta eman guri erregeak erabakiaren berri».
6. atala
aldatu1 Orduan, Dario erregeak, Babiloniako errege-artxiboan aztertzeko agindu zuen. 2 Mediako eskualdean dagoen Ekbatana hiri-gotorrean agiri bat aurkitu zuten, eta bertan txosten hau zegoen idatzia:
3 «Bere erregealdiaren lehen urtean, Ziro erregeak agindu hau eman du Jerusalemgo Jainkoaren etxeari buruz: eraiki bedi berriro Jerusalemen Jainkoaren etxea, opariak eskaintzen diren eta lehengo zimentarrien toki berean; hogeita zazpi metro izango da gora eta beste horrenbeste zabal. 4 Hiru ilara izango ditu harlanduzkoak, eta bat zurezkoa. Gastuak, berriz, errege-altxortegiaren gain joango dira. 5 Gainera, Jerusalemera itzuliko dituzte eta beren tokian, Jainkoaren etxean, ipiniko Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniara eraman zituen Jainkoaren etxeko urre eta zilarrezko ontziak».
Honela, bada, Dario erregeak agindu hau eman zuen:
6 «Tatenai, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari, Xetar-Boznai eta funtzionario-lagunok! Ez sartu arazo horretan. 7 Utzi Jainkoaren etxe horretako lanak egiten; eraiki dezatela etxea juduen gobernariak eta arduradunek lehengo toki berean. 8 Hona nola jokatu behar duzuen Jainkoaren etxea eraikitzen ari diren arduradunekin: gizon horien gastuak Eufrates ibaiaren mendebaldeko eskualdean bildutako erregearen zerga-dirutik ordainduko dira zehatz-mehatz eta etengabe. 9 Egunero, huts egin gabe, emango zaie zeruetako Jainkoari erre-opariak eskaintzeko behar duten guztia, Jerusalemgo apaizek esanari jarraituz: zezen gazteak, ahariak eta bildotsak; baita garia, gatza, ardoa eta olioa ere. 10 Horrela, opari atsegingarriak eskaini ahal izango dizkiote zeruetako Jainkoari, eta erregearen eta honen semeen osasunerako otoitz egingo dute. 11 Beste hau ere agintzen dut: norbait nire agindu honetatik aldentzen bada, beraren etxetik habe bat kendu, zorroztu eta sar dezatela bertan, beraren etxea zabor-pila bihurtuz. 12 Nire erabakiak gutxietsiz, Jerusalemgo Jainkoaren etxea hondatzeko eskua luzatzen duen edozein errege edo herri eraitsi dezala bertan bizi den Jainkoak. Neuk, Dariok, ematen dut agindu hau; bete bedi zehatz-mehatz».
13 Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta berauen funtzionario-lagunek zehatz-mehatz bete zuten Dario erregeak agindua.
14 Juduen arduradunek etxegintza-lanak ongi zeramatzaten aurrera, Ageo profetaren eta Idoren seme Zakariasen hitzak adoreturik; eraiki zuten azkenik etxea, Israelgo Jainkoaren eta Pertsiako Ziro, Dario eta Artaxerxes erregeen aginduen arabera. 15 Etxea Adar hilaren hogeita hiruan bukatu zuten, Darioren erregealdiko seigarren urtean. 16 Israeldarrek, apaizek, lebitarrek eta erbestetik etorritako beste guztiek pozik ospatu zuten Jainkoaren etxearen sagarapen-jaia. 17 Jaietan ehun zezen eskaini zituzten, berrehun ahari, laurehun bildots eta hamabi aker, Israelgo leinu bakoitzeko bat, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. 18 Apaizak beren mailetan eta lebitarrak beren taldeetan jarri zituzten, Jerusalemgo Jainkoaren zerbitzurako, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala.
19 Erbestetik etorriek lehen hilaren hamalauan ospatu zuten Pazkoa. 20 Apaizek eta lebitarrek, guztiek batera, garbikuntza-ohikuneak beteak zituzten; beraz, garbi zeuden guztiak. Horrela, erbestetik etorritako guztientzat, beren ahaide apaizentzat eta berentzat hil ahal izan zituzten Pazko-bildotsak. 21 Erbestealditik etorritako israeldar guztiek jan zuten Pazko-afaria; bai eta, bertako jentilekiko harremanak hautsiz, Israelen Jainkoa gurtzeko elkartu zitzaizkienek ere. 22 Hurrengo zazpi egunetan pozik ospatu zuten Legamigabeko Ogien Jaia. Poz-pozik zeuden Jaunak Asiriako erregea beraien alde jarri eta beraiek Israelgo Jainkoaren etxean lan egiteko kemenez bete zituelako.
7. atala
aldatu1 Handik urteetara, Artaxerxes Pertsiako errege zela, bazen Esdras zeritzon gizon bat, Aaron apaiz nagusiaren ondorengoa. Hauek ziren beraren arbasoak: Esdras Seraiasen semea zen, hau Azariasena, hau Hilkiasena, 2 hau Xalumena, hau Tzadokena, hau Ahitubena, 3 hau Amariasena, hau Azariasena, hau Meraiotena, 4 hau Zerahiasena, hau Uzirena, hau Bukirena, 5 hau Abixuarena, hau Pinhasena, hau Eleazarrena, hau Aaronena. 6 Esdras Babiloniatik etorri zen. Lege-maisua zen, Jaunak, Israelgo Jainkoak, Moisesen bitartez emandako legean aditua. Jauna, bere Jainkoa, lagun baitzuen, eskatu guztia eman zion erregeak. 7 Artaxerxes erregearen zazpigarren urtean, israeldar talde bat eta apaiz, lebitar, kantari, atezain eta tenpluko laguntzaile batzuk etorri ziren Jerusalemera. 8 Esdras zazpigarren urteko bosgarren hilean iritsi zen. 9 Lehenengo hilaren lehen egunean erabaki zuen Babiloniatik ateratzea, eta bosgarren hilaren lehen egunean heldu zen Jerusalemera, Jainkoa baitzuen lagun. 10 Izan ere, Esdrasek egiaz prest zeukan gogoa, Jaunaren irakaspena aztertu eta betetzeko eta haren arau eta erabakiak israeldarrei irakasteko.
11 Hona Artaxerxes erregeak Jaunaren aginduetan eta Israeli buruzko arauetan aditua zen Esdras apaiz eta lege-maisuari eman zion gutuna:
12 «Artaxerxes erregeen erregeak, Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren legean maisu denari, osasuna!
13 «Hona nire agindua: Jerusalemera itzuli nahi duten israeldarrak, bai eta apaizak eta lebitarrak ere, joan daitezke zurekin. 14 Erregeak eta beronen zazpi kontseilariek bidaltzen zaituzte, ongi ezagutzen duzun Jainkoaren legea Judan eta Jerusalemen nola betetzen den ikustera; 15 gainera, bere bizilekua Jerusalemen duen Israelgo Jainkoari erregeak eta beronen kontseilariek beren borondatez eskaintzen dizkioten urre eta zilarra eramango dituzu; 16 orobat Babilonia lurraldean biltzen duzun urre eta zilar guztia ere, herriak eta apaizek Jerusalemgo Jainkoaren etxerako beren borondatez egindako eskaintzekin batera. 17 Beraz, erabil ezazu arretaz diru hori, zezenak, ahariak, bildotsak eta eskain-opari eta isur-oparietarako behar den guztia erosteko, eta eskain itzazu Jerusalemgo Jainkoaren etxeko aldarean. 18 Eta geldi litekeen zilar eta urrearekin, zeuk eta zure ahaideek hobekien deritzozuena egingo duzu, zeuen Jainkoaren borondatearen arabera. 19 Ipini Jerusalemgo Jainkoaren aurrean, zeure Jainkoaren etxeko zerbitzurako eman zaizkizun gauzak. 20 Zeure Jainkoaren etxerako behar izanen duzun guztia, erregearen altxortegitik emango dizute.
21 «Nik, Artaxerxes erregeak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko diruzain guztiei agintzen dizuet eman diezaiozuela zehatz-mehatz Esdras apaizari, zeruetako Jainkoaren lege-maisuari, eskatutako guztia: 22 zilarretan 3.400 kiloraino, garitan 45.000 kiloraino, ardotan 4.000 litroraino eta oliotan 4.000 litroraino; gatza, berriz, neurrigabe. 23 Bete bedi arretaz zeruetako Jainkoak bere etxeari buruz agintzen duen guztia, erregearen eta beronen semeen aurka haserre ez dadin. 24 Jakinarazten dizuet, gainera, ez dela zilegi Jainkoaren etxe honetako apaiz, lebitar, atezain, laguntzaile eta zerbitzariei zergarik, petxarik eta bidesaririk kentzea.
25 «Zuk, berriz, Esdras, zeure Jainkoak eman dizun jakinduriaz, izenda itzazu lege-zaintzaile eta epaileak, zure legea ezagutzen dutenak, Eufrates ibaiaren mendebaldeko bizilagun guztiak zuzen epai ditzaten; legea ezagutzen ez dutenei, berriz, zeuk irakatsiko diezu. 26 Zure Jainkoaren legea eta erregearen agindua zintzo betetzen ez dituenari, merezi duen zigorra emango zaio: heriotza edo erbestea, isuna edo espetxea».
27 Bedeinkatua bedi Jauna, gure gurasoen Jainkoa, berak baitio eragin erregeari Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxea horrela ohoratzera. 28 Berak nireganatu du erregearen, beronen kontseilari eta handikien onginahia; horrela, kemenez bete nintzen, Jauna, nire Jainkoa, lagun bainuen, eta Israelgo buruzagi batzuk bildu nituen nirekin etor zitezen.
8. atala
aldatu1 Hauexek dira Artaxerxesen erregealdian Babiloniatik nirekin etorri ziren familiaburuak, beren jatorriekin:
2 Pinhasen ondorengoetatik Gerxom; Itamarren ondorengoetatik Daniel; Daviden ondorengoetatik Hatux, 3 Xekaniasen semea; Paroxen ondorengoetatik Zakarias: honekin ehun eta berrogeita hamar gizon erroldatu ziren; 4 Pahat-Moaben ondorengoetatik Elihoenai, Zerahiasen semea, beste berrehun gizonekin; 5 Zaturen ondorengoetatik Xekanias, Jahazielen semea, hirurehun gizonekin; 6 Adinen ondorengoetatik Ebed, Jonatanen semea, beste berrogeita hamar gizonekin; 7 Elamen ondorengoetatik Isaias, Ataliasen semea, beste hirurogeita hamar gizonekin; 8 Xefatiasen ondorengoetatik Zebadias, Mikaelen semea, beste laurogei gizonekin; 9 Joaben ondorengoetatik, Obadias, Jehielen semea, beste berrehun eta hemezortzi gizonekin; 10 Baniren ondorengoetatik Xelomit, Josifiasen semea, beste ehun eta hirurogei gizonekin; 11 Bebairen ondorengoetatik Zakarias, Bebairen semea, beste hogeita zortzi gizonekin; 12 Azgaden ondorengoetatik Johanan, Hakatanen semea, beste ehun eta hamar gizonekin; 13 Adonikamen ondorengoetatik azken ondorengoak ziren Elifelet, Jeiel eta Xemaias, beste hirurogei gizonekin, 14 eta Bigbairen ondorengoetatik Utai eta Zakur, beste hirurogeita hamar gizonekin.
15 Ahabara doan ibaiaren ondoan bildu nituen gizon horiek, eta han gelditu ginen hiru egunez. Herriko jendea eta apaizak han zeudela ohartu nintzen, baina ez nuen lebitarrik aurkitu. 16 Orduan, buruzagi hauek bildu nituen: Eliezer, Ariel, Xemaias, Elnatan, Jarib, Elnatan, Natan, Zakarias, Mexulam, eta Joiarib eta Elnatan irakasleak. 17 Kasifia deritzan tokiko Ido buruzagiagana joateko agindu nien, eta Idori eta honen ahaide laguntzaileei Kasifian esan behar zietena adierazi nien, gure Jainkoaren etxerako zerbitzariak bidaltzeko eskatuz.
18 Geure Jainkoa lagun baikenuen, gizon aditu bat bidali ziguten: Xerebias, Israelen biloba eta Lebiren seme zen Mahliren ondorengoetakoa, bere seme eta anaiekin; guztira hemezortzi lagun. 19 Haxabias eta Isaias ere, Merariren semeak, bidali zizkiguten, beren seme eta anaiekin; guztira hogei lagun; 20 azkenik, lebitarren zerbitzurako Davidek eta buruzagiek emandako laguntzaileen artetik berrehun eta hogei. Denen izenak idatziak gelditu ziren.
21 Hantxe, Ahaba ibaiaren ondoan, baraua aldarrikatu nuen, gure Jainkoaren aurrean geure buruak apaltzearren, geuk eta gure seme-alabek, geure ondasun eta guzti, bidaia ona egin ahal genezan. 22 Lotsatu egiten bainintzen, bidean etsaiengandik babesteko, erregeari gudari-talde bat eta zaldizkoak eskatzen; izan ere, esana genion erregeari: «Laguntzen die gure Jainkoak bera zerbitzatzen dutenei, baina biziki haserretzen da bera bazter uzten dutenekin». 23 Gure Jainkoari mesede hau eskatuz egin genuen barau, eta entzun egin zigun.
24 Gero, apaizburuetako hamabi aukeratu nituen; bai eta Xerebias eta Haxabias ere, beren hamar ahaideekin. 25 Eta haien aurrean pisatu nituen, erregeak, beronen kontseilari eta buruzagiek eta Babilonian bizi ziren israeldarrek gure Jainkoaren etxerako eman zituzten zilar, urre eta ontziak. 26 Hogeita biren bat mila kilo zilar, zilarrezko ehun ontzi eta hiru mila eta laurehunen bat kilo urre pisatu eta eskuratu nizkien; 27 gainera, urrezko hogei kopa, zortzi kilo eta erdi guztira, eta brontze garbizko bi ontzi, urrea bezain baliotsuak.
28 Eta esan nien: «Jaunari sagaratuak zarete; bai eta ontzi hauek ere; urre eta zilar hauek jendeak bere borondatez zuen gurasoen Jainko Jaunari eskainiak dira. 29 Zaindu eta gorde, Jerusalemera iritsi eta Jaunaren etxeko aretoetan, apaiz, lebitar eta Israelgo familiaburuen aurrean pisatuko dituzuen arte». 30 Orduan, apaizek eta lebitarrek hartu egin zituzten pisaturiko zilarra, urrea eta ontziak, Jerusalemera, gure Jainkoaren etxera, eramateko.
31 Lehenengo hilaren hamabian abiatu ginen Ahaba ibaitik Jerusalemera. Jainkoa lagun baikenuen, onik atera gintuen etsai eta bidelapurrengandik.
32 Jerusalemera iritsi eta hiru egunez atseden hartu genuen. 33 Laugarren egunean pisatu genituen zilarra, urrea eta ontziak geure Jainkoaren etxean, eta Uriasen seme Meremot apaizaren esku utzi genituen; Uriasekin zeuden Pinhasen seme Eleazar eta Josueren seme Jozabad eta Binuiren seme Noadias lebitarrak ere. 34 Guztia zenbatu eta pisatu ondoren, idatziz jasoa gelditu zen.
35 Gatibualditik zetozen erbesteratuek erre-opariak eskaini zizkioten Israelgo Jainkoari: hamabi zezen Israel osoaren alde, laurogeita hamasei ahari, hirurogeita hamazazpi bildots eta hamabi aker bekatuen barkamenerako: guztiak Jaunari erre-oparitzat eskainiak. 36 Gero, errege-funtzionario eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariei erregearen erabakiak eman zizkieten, eta haiek herriari eta Jainkoaren etxeari laguntza handiak eman zizkieten.
9. atala
aldatu1 Geroago, buruzagi batzuek hurbildu eta esan zidaten: «Israel herria, apaizak eta lebitarrak nahastu egin dira lurralde honetako jendearekin: kanaandar, hitita, periztar, jebustar, amondar, moabdar, egiptoar eta amortarrekin, eta berauen erlijio-ohitura higuingarrietan erori dira. 2 Emazte atzerritarrak hartu dituzte berentzat eta beren semeentzat; arraza santua lurralde honetako jendearekin nahastu da. Buruzagiak eta handikiak izan dira lehenengoak desleialtasun honetan».
3 Gauza hauek entzutean, urratu egin nituen neure jantziak eta soingainekoa, moztu ilea eta bizarra, eta lur jota gelditu nintzen. 4 Erbestetik etorritakoen desleialtasuna izugarria zela-eta, Israelen Jainkoaren hitzari begirune zioten guztiak nire ondoan bildu ziren. Ni, lur jota, eserita egon nintzen arratsaldeko oparira arte. 5 Arratsaldeko opari-garaian atera nintzen nahigabealditik; soinekoa eta soingainekoa urraturik nituela, belauniko jarri eta Jaunarengana, neure Jainkoarengana, luzatu nituen eskuak, 6 eta esan nion: «Ene Jainko, lotsa gorritan nago begiak zuregana jasotzeko; geure bekatuek buruz gain egin digute eta gure errua zerurainokoa da. 7 Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menperatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibutza, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera. 8 Baina orain, une batez, mesede egin diguzu, Jauna, geure Jainkoa: herriaren zati bat bizirik atera duzu eta zure toki santuan bizitzen utzi diguzu; gure Jainkoa, argitu egin dituzu gure begiak eta arnasa eman geure esklabotzan. 9 Esklabo baikara; baina zuk ez gaituzu bazter utzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geureganatu diguzu; biziberritu egin gaituzu, gure Jainko horren etxea eraiki eta berorren horma eroriak jasotzeko, Judan eta Jerusalemen babesa aurki dezagun.
10 «Eta orain, gure Jainko, zer esan hori guztia ikusita? Bazter utzi ditugu zure aginduak, 11 zure zerbitzari profeten bidez emanak. Haiek esan baitziguten: <Orain jabetzan hartzeko zaudeten lurraldea kutsaturik dago, bertako herriek beren erlijio-ohitura higuingarriez bete baitute eta kutsatu. 12 Beraz, ez ezkondu haiekin zeuen seme-alabak, ez egin bakeak behin ere haiekin, ez bila haien onik; horrela, indartsu izango zarete, zeuenak izango dituzue lurreko ondasunak eta lurraldea zeuen seme-alabei utziko diezue betiko ondaretzat>. 13 Zorigaitz guztiak geure egintza gaizto eta erru handiengatik gertatu zaizkigu. Hala ere, zuk, gure Jainko horrek, gure bekatuek merezi baino gutxiago zigortu gaituzu, eta bizirik atera gaituzu hemen gaudenok. 14 Eta orain, hautsi egingo ote ditugu berriro zure aginduak, ohitura hain higuingarriak dituen jende horrekin ezkontzaz elkartuz? Ez ote zinateke gurekin haserretuko, gu galtzeraino, inortxo ere bizirik utzi gabe? 15 Jauna, Israelgo Jainkoa, leiala zarelako geratzen gara oraindik talde bat bizirik. Hona hemen gu zure aurrean, geure erru eta guzti, zure aurrera aurkezteko dina ez bagara ere».
10. atala
aldatu1 Esdras, ahozpezturik eta negarrez, Jainkoaren etxearen aurrean otoitzean eta bekatuen aitormen hau egiten ari zela, israeldar talde handi bat
-gizon, emakume eta haur
- bildu zen harengana; negar batean zeuden denak.
2 Orduan, Xekanias, Elamen ondorengo Jehielen semea, honela mintzatu zitzaion Esdrasi: «Ez dugu leial jokatu geure Jainkoarekin, lurralde honetako emakume atzerritarrekin ezkonduz. Hala ere, bada oraindik itxaropenik Israel herriarentzat.
3 Hitz eman diezaiogun Jainkoari, emazte atzerritar guztiak eta haiengandik izandako seme-alabak bidali egingo ditugula, zuk eta gure Jainkoaren aginduei begirune diezuenok nahi bezala. Bete dadila legea!
4 Jaiki zaitez, arazo hau zeure gain hartu behar baituzu. Zeurekin gaituzu; ekin, beraz, kementsu!»
5 Jaiki zen Esdras eta apaizen, lebitarren eta Israel osoaren buruzagiei esana beteko zutela zin egiteko eskatu zien, eta haiek zin egin zuten. 6 Esdras Jainkoaren etxe aurretik Eliaxiben seme Johananen gelara joan zen, eta bertan eman zuen gaua. Ez zuen ezer jan, ez edan, erbestetik etorritakoen deslealtasunak nahigabeturik.
7 Ondoren, erbestetik itzulitako guztiak Jerusalemera bil zitezela aldarrikatu zuten Judan eta Jerusalemen. 8 Eta agintariek erabakitako hiru eguneko epean etortzen ez zenari, zigor gisa, ondasun guztiak kenduko zitzaizkion Jaunari sagaratzeko, eta erbestetik itzulitakoen elkartetik bota egingo zuten. 9 Hirugarren egunerako, bada, Juda eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dardar.
10 Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:
-Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.
11 Aitortu orain zeuen bekatua Jaunari, zeuen gurasoen Jainkoari, eta egizue haren nahia: aldendu lurralde honetako jendearengandik eta emakume atzerritarrengandik.
12 Batzar osoak deiadar batean erantzun zuen:
-Bai, zeuk esan bezala egingo dugu!
13 Baina asko gara eta euri-aroa da; kanpoan ezin gintezke egon. Gainera, arazoa ez da egun batean edo bitan erabakitzekoa, asko baikara bekatu hori egindakoak.
14 Geldi daitezela orain gure buruzagiak batzar osoaren izenean. Eta gero, erabakitako egunetan, etor daitezela hirietan emakume arrotzekin ezkondu direnak, hiri bakoitzeko agintari eta epaileekin, arazo hau dela-eta piztu dugun geure Jainkoaren haserrea guregandik urrundu arte.
15 Baina Asahelen seme Jonatan eta Tikbaren seme Jahzias erabaki honen kontra atera ziren, Mexulam eta Xabtai lebitarrak ere alde zituztela. 16 Erbestetik etorritako beste guztiek, ordea, esan bezala egin zuten. Esdras apaizak gizon batzuk, jatorri bakoitzeko familiaburuak, aukeratu zituen eta izendatu; hamargarren hileko lehen egunean hasi ziren arazoa aztertzen. 17 Eta hurrengo urteko lehenengo hilaren lehen egunean amaitu zuten emakume atzerritarrekin ezkondu ziren gizonen auzia.
18 Hona hemen emakume atzerritarrekin ezkondurik zeudenen zerrenda:
Apaizen artean: Jotzadaken seme Josueren ondorengoetan: Maaseias, Eliezer, Jarib eta Gedalias; 19 hauek beren emazteak bidaltzeko hitza eman eta beren erruaren ordainetan ahari bana eskaini zuten. 20 Imeren ondorengoetan: Hanani eta Zebadias. 21 Harimen ondorengoetan: Maaseias, Elias, Xemaias, Jehiel eta Uzias. 22 Paxhurren ondorengoetan: Elioenai, Maaseias, Ismael, Netanel, Jozabad eta Eleasa.
23 Lebitarren artean: Jozabad, Ximei, Kelaias , Petahias, Juda eta Eliezer.
24 Kantarien artean: Eliaxib.
25 Herriko jendearen artean: Parox-en ondorengoetan: Ramias, Jizias, Malkias, Miiamin, Eleazar, Malkias eta Benaias. 26 Elamen ondorengoetan: Matanias, Zakarias, Jehiel, Abdi, Jeremot eta Elias. 27 Zaturen ondorengoetan: Elioenai, Eliaxib, Matanias, Jeremot, Zabad eta Aziza. 28 Bebairen ondorengoetan: Johanan, Hananias, Zabai eta Atlai. 29 Baniren ondorengoetan: Mexulam, Maluk, Adaias, Jaxub, Xeal eta Jeramot. 30 Pahat-Moaben ondorengoetan: Adna, Kelal, Benaias, Maaseias, Matanias, Betzalel, Binui eta Manases. 31 Harimen ondorengoetan: Eliezer, Jixias, Malkias, Xemaias, Simeon, 32 Benjamin, Maluk eta Xemarias. 33 Haxumen ondorengoetan: Matenai, Matata, Zabad, Elifelet, Jeremai, Manases eta Ximei. 34 Baniren ondorengoetan: Maadai, Amram, Uel, 35 Benaias, Bedias, Keluhi, 36 Banias, Meremot, Eliaxib, 37 Matanias, Matenai eta Jaasai. 38 Binuiren ondorengoetan: Ximei, 39 Xelemias, Natan, Adaias, 40 Maknadebai, Xaxai, Xarai, 41 Azarel, Xelemias, Xemarias, 42 Xalum, Amarias eta Jose. 43 Neboren ondorengoetan: Jeiel, Matitias, Zabad, Zebina, Jadai, Joel eta Benaias. 44 Hauek guztiak emakume atzerritarrekin ezkonduak zeuden, eta emazte haietako batzuek seme-alabak ere izan zituzten.