←Hasiera | Biblia Irteera |
Lebitarrena→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
aldatu1 Hauek dira, nork bere senideak eramanez, beren aita Jakobekin batera Egiptora joan ziren israeldarren izenak: 2 Ruben, Simeon, Lebi, Juda, 3 Isakar, Zabulon, Benjamin, 4 Dan, Neftali, Gad eta Axer.
5 Jakoben ondorengoak, guztira, hirurogeita hamar lagunziren. Ordurako, Jose Egipton zegoen.
6 Jose, beronen senideak eta belaunaldi hura guztia hil eta gero,
7 israeldarrek seme-alaba asko izan zuten; erruz ugaldu ziren eta, hain indartsu egin zirenez gero, lurralde osoan zabaldu ziren.
8 Jose ezagutu ez zuen errege berri bat izan zen Egipton,
9 eta bere herriari esan zion: «Hara, israeldar herria gu baino ugariago eta indartsuago bihurtzen ari da.
10 Beraz, zuhur jokatu beharrean gaude, areago ugal ez daitezen; bestela, guduren bat sortuko balitz, gure etsaiekin elkartu eta gure aurka egingo lukete borroka, eta gero Egiptotik alde egingo ligukete».
11 Horregatik, egiptoarrek lan-arduradunak ezarri zizkieten israeldarrei lan neketsuetara makurrarazteko. Honela, Pitom eta Ramses eraiki zituzten, faraoiaren gudarostearentzat hornigaiak biltzeko hiriak.
12 Baina zenbat eta zanpatuago, orduan eta ugariago eta hedatuago egin ziren. Israeldarrez gogaiturik, egiptoarrek 13 esklabotza gogorra ezarri zieten 14 eta bizimodu garratza eginarazi, lan astunetara behartuz: buztinez adreiluak egin behar zituzten eta era guztietako soro-lanak. Lan guztiok gogorkeriaz ezarri zizkieten.
15 Hebrearrek bi emagin zituzten, Xifra eta Pua. Egiptoko erregeak
16 esan zien:
–Israeldar emakumeei haurgintzan laguntzean, ohar zaitezte arra ala emea den umea: mutikoa bada, hil; neska bada, utzi bizirik.
17 Baina emaginek Jainkoari begirune izan eta ez zuten erregeak agindua bete, baizik eta mutikoak ere bizirik uzten zituzten.
18 Orduan, erregeak deitu eta esan zien:
–Zer dela-eta uzten dituzue mutikoak bizirik?
19 Emaginek erantzun zioten:
–Hebrear emakumeak ez dira egiptoarrak bezalakoak; oso dira azkarrak eta, emagina joan orduko, izana dute haurra.
20 Jainkoak lagundu egin zien emaginei beren lanean: herria ugaldu egin zen eta biziki indartu.
21 Eta emaginei beraiei, Jainkoari begirune izan ziotenez gero, ondorengoak eman zizkien.
22 Orduan, faraoiak agindu hau eman zion herri osoari: «Bota Nilo ibaira hebrear mutiko guztiak! Neskak, berriz, utzi bizirik!»
2. atala
aldatu1 Lebiren leinuko gizaseme bat leinu bereko emakume batekin ezkondu zen. 2 Haurdun gelditu zen emaztea eta semea izan zuen. Haurra ederra zela ikusirik, gordeta eduki zuen hiru hilabetez; 3 baina, luzaroago gordeta eduki ezinik, zumitzezko saski bat hartu eta, zirrikituak galipotez eta bikez estalirik, haurra bertan sartu zuen eta Nilo ibaiertzean utzi kanaberen artean. 4 Haurraren arreba urruti gelditu zen, zer gertatuko begira.
5 Geroxeago, faraoiaren alaba ibaira etorri zen bainatzera; bitartean, neskameak ibai ondoan zebiltzan. Faraoiaren alabak saskia ikusi zuen kanabera artean, eta neskameetako bat bidali zuen haren bila. 6 Ireki eta mutikoa ikusi zuen negarrez. Faraoiaren alabak, errukiturik, esan zuen:
–Hebrearren haurra da, noski.
7 Orduan, haurraren arrebak esan zion:
–Nahi al duzu hebrear inude baten bila joatea, haurra hazteko?
8 –Zoaz –erantzun zion faraoiaren alabak.
Neskatxak haurraren amari deitu zion.
9 Heldu zenean, faraoiaren alabak esan zion:
–Hartzazu haurra eta hazi, eta neuk ordainduko dizut.
Emakumeak haurra hartu eta hazi egin zuen.
10 Handi egin zenean, faraoiaren alabari eraman zion. Honek semetzat hartu eta Moises ezarri zion izena, esanez: «Uretatik atera dut».
11 Behinola, jadanik heldua zelarik, bere anaia hebrearrengana joan zen Moises eta lan neketsuetan aurkitu zituen. Eta han ikusi zuen egiptoar bat hebrear anaia bat jipoitzen. 12 Alde batera eta bestera begiratu eta inor ez zegoela ikusirik, egiptoarra hil eta hondarpean ezkutatu zuen.
13 Biharamunean berriro atera zen, eta bi hebrear ikusi zituen elkar joka. Orduan, joka ari zenari galdegin zion:
–Zergatik jotzen duk herritarra?
14 Hark erantzun zion:
–Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? Ala hil egin behar ote nauk ni ere, egiptoarra bezala?
Beldurtu egin zen Moises, arazoa ezaguna zela pentsatuz.
15 Hain zuzen, faraoia, gertatuaren berri jakin zuelarik, Moises hil nahian zebilen, baina honek faraoiagandik ihes egin zuen eta Madian eskualdera joan zen bizitzera. Han, putzu baten ondoan eseri zen.
16 Bazen Madianen zazpi alaba zituen apaiz bat. Hauek putzura joan ziren, aska bete eta aitaren ardiei edaten ematera. 17 Etorri ziren, ordea, artzain batzuk eta bota egin zituzten handik. Moises, orduan, nesken alde atera zen eta ardiei edaten eman zien. 18 Alabak beren aita Reuelengana itzuli zirenean, honek galdegin zien:
–Nolatan zatozte gaur hain goiz?
19 Haiek erantzun:
–Egiptoar batek defendatu gaitu artzainen kontra. Gainera, berak atera digu putzutik ura eta ardiei edaten eman.
20 Aitak esan zien:
–Eta non da bera? Nola utzi diozue joaten? Dei egiozue zerbait jan dezan.
21 Orduz gero, Moises Reuelen etxean gelditu zen bizitzen. Reuelek bere alaba Tzipora eman zion emaztetzat. 22 Emazteak semea izan zuen eta Moisesek Gerxom –hau da, «Etorkin hemen»– eman zion izen, esanez: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean».
23 Aldi luze baten ondoren, hil egin zen Egiptoko erregea. Israeldarrek, bitartean, intziri eta deiadarka ziharduten esklabotzapean. Haiek esklabotzaren barrendik laguntza eske eginiko garrasia Jainkoarenganaino iritsi zen.
24 Aditu zuen Jainkoak haien negar-zotina, Abraham, Isaak eta Jakobekin egindako ituna gogora ekarriz.
25 Begiratu zien israeldarrei eta haienganako ardura hartu zuen
.
3. atala
aldatu1 Moisesek Madiango apaiz Jetro bere aitaginarrebaren artaldea zaintzen zuen. Behin batean, basamortuan barrena eraman zuen artaldea eta Jainkoaren mendiraino, Horeberaino, iritsi zen. 2 Han, Jaunaren aingerua agertu zitzaion sasi artean pizturiko sugarretan. Moises begira jarri zen: sasia, sutan egon arren, ez zen erretzen. 3 Moisesek bere buruari ziotson: «Hurbil nadin gauza harrigarri hori ikustera: nola liteke sasia ez erretzea?» 4 Begiratzera zetorrela ikustean, Jaunak dei egin zion sasi artetik:
–Moises! Moises!
Hark erantzun:
–Hemen nauzu!
5 –Ez hurbildu –esan zion Jaunak–. Erantzi oinetakoak, zauden lekua lur santua baita.
6 Ni zure aitaren Jainkoa naiz, Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa. Moisesek aurpegia estali zuen, Jainkoari begiratzeko beldur baitzen.
7 Jaunak esan zion, gainera:
–Ongi ikusia dut nire herriaren atsekabea Egipton eta entzuna haien oihua zapaltzaileen zigorpean; bai, ohartu naiz haien oinazeaz. 8 Egiptoarren eskuetatik libratzera etorri naiz eta lurralde honetatik, esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera igoaraztera, hots, orain kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarrena den lurraldera.
9 Hara, nireganaino heldu da israeldarren deiadarra, eta ikusi dut zeinen gogor erabiltzen dituzten egiptoarrek 10 Zoaz, bada; faraoiagana bidaltzen zaitut, ene herria, israeldarrak, Egiptotik atera ditzazun. 11 Moisesek esan zion, orduan:
–Nor naiz ni faraoiagana joateko, nor israeldarrak Egiptotik ateratzeko?
12 Jainkoak erantzun zion:
–Zeurekin izango nauzu. Eta hona zertan ezagutuko den nik bidaltzen zaitudala: herria Egiptotik aterako duzunean, mendi honetan gurtuko nauzue.
13 Baina Moisesek ihardetsi zion:
–Hara, ni israeldarrengana joan eta «Zuen arbasoen Jainkoak bidali nau zuengana» esango diedanean, «Nola du izena?» galdetuko didate haiek. Zer erantzun behar diet orduan?
14 Jainkoak erantzun zion:
–Izango naizena naiz. Beraz, honela esango diezu israeldarrei: «Izango naizena naiz» deritzanak bidali nau zuengana.
15 Jainkoak Moisesi esan zion, gainera:
–Esan israeldarrei: Jaunak, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoak, zuengana bidali nau. Horixe izango da nire izena betiko; hala deituko naute belaunez belaun.
16 «Ea, zoaz, bildu Israelgo herri-arduradunak eta esaiezu: Jauna, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, agertu zait eta Egipton egiten dizuetena ikusi duela esan dit eta zuen alde esku-hartzea erabaki duela.
17 Beste hau ere esan dit: Egiptoko atsekabeetatik aterako zaituztela eta esnea eta eztia darizkion lurraldera igoaraziko, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren lurraldera.
18 «Herri-arduradunek adituko dizute eta haiekin batera Egiptoko erregeagana joango zara eta esango diozue: “Jauna, hebrearren Jainkoa, agertu zaigu; beraz, hiru eguneko bidea egin behar dugu basamortuan barrena, gure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzeko”.
19 Badakit Egiptoko erregeak ez dizuela joaten utziko, beharturik ez bada. 20 Orduan, ahalmen handiz jokatuko dut eta egiptoarrak joko ditut beraien artean egingo ditudan egintza harrigarriez; ondoren, utziko dizuete irteten. 21 Gainera, egiptoarren abegi ona irabaziko duzue, irtetean esku-hutsik joan ez zaitezten. 22 Emakume israeldarrek nork bere auzokoari eta aldamenekoari zilar eta urrezko bitxiak eta seme-alabentzat jantziak eskatuko dizkiote; honela, egiptoarrei beren ondasunak kenduko dizkiezue».
4. atala
aldatu1 Moisesek ihardetsi zion:
–Baina ez didate sinetsiko, ez jaramonik egingo; Jauna ez zaidala agertu esango didate.
2 –Zer duzu eskuan? –galdegin zion Jaunak.
–Makila –Moisesek erantzun.
3 Jaunak agindu zion:
–Jaurti lurrera.
Moisesek lurrera jaurti eta, bat-batean, suge bihurtu zen. Moises ihesi joan zen sugearengandik.
4 Baina Jaunak esan zion:
–Luzatu eskua eta heldu isatsetik!
Eskua luzatu eta heldu egin zion, eta sugea makila bihurtu zen berriro eskuan.
5 Jaunak jarraitu zuen:
–Ea horrela sinesten duten Jauna, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, agertu zaizula.
6 –Orain sartu eskua golkoan –esan zion Jaunak.
Sartu zuen Moisesek eta, berriro ateratzean, eskua elurra bezain zuri zeukan legenaz.
7 Orduan, Jaunak esan zion:
–Sartu berriro eskua kolkoan.
Hala egin zuen Moisesek eta, ateratzean, beste gorputz-atal guztiak bezain ongi zeukan.
8 Gero, Jaunak esan zion:
–Lehenengo miraria egitean ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, bigarrena egitean sinetsiko dizute;
9 baina ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, atera ura ibaitik eta isuri lurrean: ura odol bihurtuko da.
Jainkoak Aaron izendatu Moisesen bozeramaile
10 Moisesek esan zion Jaunari:
–Ai Jauna! Ni ez naiz hizketan trebea; ez naiz sekula izan, ezta orain ere, zuk niri hitz egin ondoren. Hizmotela nauzu, hizketarako traketsa.
11 Jaunak erantzun zion:
–Nork eman dio mihia gizakiari? Nork egiten du gizakia mutu ala gor, itsu ala ikusle, nik, Jaun honek, izan ezik? 12 Zoaz, bada; zeurekin izango nauzu hitz egin behar duzunean, zer esan adierazteko.
13 Moisesek, ordea, esan zion:
–Arren, Jauna, ni ez, bidali besteren bat.
14 Haserretu zen Jauna Moisesen aurka eta esan zion:
–Hor duzu Aaron zeure anaia, lebitarra. Badakit ongi hitz egiten duela. Gainera, bidera datorkizu bera, eta asko poztuko da zu ikusteaz.
15 Berari adieraziko diozu zer esan behar duen; ni, berriz, zeuekin biokin izango nauzue, hitz egin behar duzuen bakoitzean. Eta zer egin eta zer esan ere irakatsiko dizuet. 16 Zuk nire mezua Aaroni adieraziko diozu eta bera mintzatuko zaio zure ordez herriari. 17 Hartu eskuan makila, beronen bidez egingo baitituzu mirariak.
Jainkoak Moisesi Egiptora itzultzeko agindu
18-
19 Moises bere aitaginarreba Jetrorengana itzuli zen. Madianen
zegoela, Jaunak esan zion: «Itzuli Egiptora, hilak baitira zu hil nahian zebiltzanak».
Orduan, Moisesek Jetrori esan zion:
–Uztazu joaten. Egipton diren neure anaiengana itzuli behar dut, oraindik bizirik dirauten ikusteko.
Jetrok erantzun zion:
–Zoaz bakean.
20 Emaztea eta semea hartu eta asto gainera igoaraziz, Egiptora itzuli zen Moises; Jainkoaren makila zeraman berekin.
21 Jaunak beste hau ere esan zion: «Egiptora bidean, ez ahaztu zure esku utzi ditudan egintza harrigarri guztiak, faraoiaren aurrean burutu behar dituzu eta. Halaz guztiz ere, setatsu bihurtuko dut faraoia eta ez dio herriari joaten utziko.
22 Orduan, faraoiari esango diozu: Honela dio Jaunak: Ene lehen-semea dut Israel.
23 Nire semeari irteten uzteko esan dizut, gurtzera joan dakidan, baina ez duzu nahi izan; beraz, nik zure lehen-semea hilaraziko dut».
24 Bidean, gaua igaro behar zuten lekuan, Jauna Moisesi bidera atera zitzaion eta hil egin nahi zuen.
25 Tziporak suharrizko aizto bat hartu, bere semeari zakil-muturra moztu eta beronekin Moisesi sexua ukitu zion, esanez: «Odol-senarra zaitut».
26 Semea erdaindu zuelako esan zion hori.
Orduan, Jaunak joaten utzi zion.
27 Bien bitartean, honela agindu zion Jaunak Aaroni: «Zoaz Moisesengana, basamortura». Joan eta, Jainkoaren mendian aurkiturik, besarkatu egin zuen.
28 Orduan, Jaunak emaniko mezua eta egiteko aginduriko mirariak adierazi zizkion Moisesek bere anaiari.
29 Ondoren, elkarrekin joan ziren Israelgo herri-arduradunak biltzera.
30 Jaunak Moisesi esandako guztia kontatu zien Aaronek, eta Moisesek mirariak egin zituen herriaren aurrean.
31 Sinetsi zuen herriak, eta Jauna alde jarri zitzaiela eta beren atsekabean begiak jarriak zituela jakitean, ahuspeztu eta gurtu egin zuten.
5. atala
aldatu1 Ondoren, Moises eta Aaron faraoiagana joan eta esan zioten:
–Hau esan du Jaunak, Israelgo Jainkoak: Utziozu nire herriari basamortura joaten, ene ohorez festa ospatzera.
2 Baina faraoiak erantzun zien:
–Eta nor da Jaun hori, nik haren esana bete eta israeldarrei joaten uzteko? Ez dut halako Jaunik ezagutzen, eta israeldarrei ez diet joaten utziko.
3 Haiek, berriro:
–Hebrearren Jainkoa agertu zaigu; utz iezaguzu basamortura hiru eguneko bidean joaten, geure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzera, izurriz edo ezpataz zigor ez gaitzan.
4 Baina Egiptoko erregeak erantzun zien:
–Moises eta Aaron, zer ari zarete herria bere lanetik saihestu nahirik? Zoazte zeuen lanera!
5 Eta, gainera, esan zien:
–Gaur egun, lurralde honetan israeldarrak hain ugari direnean, lana utzarazi nahi al diezue?
6 Egun hartan bertan, faraoiak honela agindu zien lan-arduradunei eta langilezainei: 7 «Ez eman aurrerantzean israeldarrei adreiluak egiteko lastorik, orain arte bezala; doazela beraiek lasto bila. 8 Baina orain arte bezainbat adreilu egitera behartuko dituzue, ezta bakar bat ere gutxiago. Alfer batzuk besterik ez dira! Horregatik ari dira beren Jainkoari sakrifizioak eskaintzera joan behar dutela esaten. 9 Ezar iezaiezue lan astunagoa eta beude lanpeturik, eta ez diezaietela kontu horiei jaramonik egin».
10 Lan-arduradunek eta langilezainek herriari esan zioten: «Faraoiaren aginduz, ez zaizue lastorik emango aurrerantzean; 11 zeuek joan beharko duzue bila, dagoen lekura. Baina lana ez zaizue inola ere gutxituko».
12 Israeldarrak Egipto osoan sakabanatu ziren soroetan lasto bila.
13 Lan-arduradunek estutu egiten zituzten, esanez: «Burutu zeuen egitekoa, egunean egunekoa, lastoa zeneukatenean bezala».
14 Faraoiaren lan-arduradunek, beraiek izendaturiko langilezain israeldarrak zigortzen zituzten, esanez: «Zergatik ez duzue atzo eta gaur osotu ezarritako adreilu-kopurua, orain arte bezala?»
15 Hala, langilezain israeldarrak faraoiari joan zitzaizkion oihuka:
–Jauna, zergatik erabiltzen gaituzu honela zeure zerbitzariok? 16 Lastorik ematen ez eta adreiluak egiteko agintzen digute eta jo egiten gaituzte, errua zure herriarena izanik.
17 Faraoiak erantzun zien:
–Alfer hutsak zarete! Horrexegatik diharduzue Jaunari sakrifizioak eskaintzera joan behar duzuela esaten.
18 Zoazte lanera! Ez zaizue lastorik emango, baina adreilu-kopuru bera egin beharko duzue.
19 Langilezain israeldarrak estu eta larri zebiltzan eguneroko adreilu-kopurua ez zietela gutxituko jakitean.
20 Faraoiaren etxetik ateratzean, beraien zain zeuden Moises eta Aaronekin topo egin zuten.
21 Langilezainek esan zieten: «Jaunak kontu hartu eta epai zaitzatela, zuen erruz hartu baikaituzte begitan faraoiak eta beronen funtzionarioek: ezpata eman diezue eskura, hil gaitzaten».
22 Orduan, Moisesek, Jaunarengana itzulirik, esan zion:
–Jauna, zergatik erabiltzen duzu hain gaizki herri hau? Zertarako bidali nauzu? 23 Faraoiak, zure izenean mintzatzera etorri natzaionetik, are gaizkiago erabili du zure herria eta zuk ez duzu deus ere egin libratzeko.
6. atala
aldatu1 Jaunak erantzun zion:
–Orain ikusiko duzu faraoiari egingo diodana: indarrez beharturik, utziko dizue joaten; are gehiago, berak ateraraziko zaituzte lurralde honetatik.
2 Honela mintzatu zitzaion Jainkoa Moisesi: «Neu naiz Jauna!
3 Jainko Ahaltsu bezala agertu nintzaien Abrahami, Isaaki eta Jakobi; baina ez nintzaien nire egiazko izenaz, Jauna
bezala alegia, ezagutzera eman.
4 Ituna ere egin nuen haiekin, etorkin gisa bizi izan zireneko Kanaan lurraldea emango niela hitzemanez.
5 Entzun ditut egiptoarrek esklabo eginiko israeldarren intziriak eta oroitu naiz neure itunaz.
6 Horregatik, esan israeldarrei: Neu naiz Jauna! Neuk askatuko zaituztet Egiptoarrek ezarri dizueten lan astun eta esklabotzatik eta ahalmen handiz eta eskubide osoz berreskuratuko.
7 Neure herritzat hartuko zaituztet eta zeuen Jainko izango nauzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa, Egiptoko lan astunetatik aterako zaituztena.
8 Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindu nien lurraldera eramango zaituztet eta haren jabe egingo. Ala ni Jauna!»
9 Hala mintzatu zitzaien Moises israeldarrei, baina hauek ez zioten jaramonik egin, esklabotza astunarengatik etsita baitzeuden.
10 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi:
11 –Zoaz Egiptoko errege faraoiagana eta esaiozu israeldarrei joaten uzteko.
12 Baina Moisesek erantzun zion:
–Israeldarrek jaramonik egiten ez badidate, nola nahi duzu faraoiak egitea? Hain naiz traketsa hitz egiten!
13 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni, israeldarrak Egiptotik ateratzeko mandatua emanez, eta aginduak eman zizkien israeldarrentzat eta Egiptoko errege faraoiarentzat.
14 Hona hemen israeldarren arbasoen familiaburuak:
Israelen lehen-seme Rubenen semeak Henok, Palu, Hetzron eta Karmi izan ziren. Hauek dira Rubenen jatorriko familiak.
15 Simeonen semeak Jemuel, Jamin, Ohad, Jakin, Tzohar eta Saul –emakume kanaandarraren semea– izan ziren. Hauek dira Simeonen jatorriko familiak.
16 Hauek dira Lebiren semeak beren ondorengoekin: Gerxon, Kehat eta Merari. Lebi ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen.
17 Gerxonen semeak: Libni eta Ximei beren jatorriko familiekin.
18 Kehaten semeak: Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel. Kehat ehun eta hogeita hamahiru urtez bizi izan zen.
19 Merariren semeak: Mahli eta Muxi.
Hauek dira Lebiren ondorengoen jatorriko familiak.
20 Amram bere izeba Jokebedekin ezkondu zen. Honek Aaron eta Moises eman zizkion. Amram ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen.
21 Itzharren semeak: Kore, Nefeg eta Zikri.
22 Uzielen semeak: Mixael, Eltzafan eta Sitri.
23 Aaron Aminadaben alaba eta Nahxonen arreba zen Elisabetekin ezkondu zen. Honek Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar eman zizkion.
24 Koreren semeak: Asir, Elkana eta Abiasaf. Hauek dira koretar jatorriko familiak.
25 Aaronen seme Eleazar Putielen alabetariko batekin ezkondu zen. Honek Pinhas sortu zion. Hauek guztiak lebitar familiaburuak dira beren jatorriko familiekin.
26 Aaroni eta Moisesi, hain zuzen, agindu zien Jaunak Egipto lurraldetik israeldarrak ateratzeko, gudaroste gisa lerrotan jarririk. 27 Moises eta Aaron hauek dira Egiptoko errege faraoiari mintzatu zitzaizkionak, israeldarrei lurralde hartatik irteten uzteko esanez.
28 Jaunak, Moisesi mintzatu zitzaionean, 29 esan zion:
–Neu naiz Jauna! Esaiozu Egiptoko errege faraoiari nik adieraziko dizudan guztia.
30 Baina Moisesek erantzun zion:
–Nola egingo dit, bada, faraoiak jaramon, hitz egiten hain traketsa naizelarik?
7. atala
aldatu1 Orduan, Jaunak esan zion:
–Hara, neure ordezko jartzen zaitut faraoiaren aurrean, eta zeure anaia Aaron izango duzu bozeramaile.
2 Nik agindutako guztia zeure anaia Aaroni esango diozu eta hark faraoiari hitz egingo dio, bere lurraldetik israeldarrei joaten utz diezaien.
3 Baina nik setatsu bihurtuko dut faraoia. Mirari eta egintza harrigarri ugari egingo ditut Egipton;
4 hala ere, faraoiak ez dizue jaramonik egingo. Orduan, gogor zigortuko dut Egipto eta aginpide handiz aterako lurralde hartatik ene herri Israel gudaroste baten gisan.
5 Orduan jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna, Egipto zigortu eta bertatik israeldarrak aterako ditudanean.
6 Moisesek eta Aaronek Jaunak agindu bezala egin zuten zehatz-mehatz.
7 Moisesek laurogei urte zituen eta Aaronek laurogeita hiru faraoiari mintzatu zitzaizkionean.
8 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni: 9 «Faraoiak mirariren bat egiteko eskatzen badizue, esaiozu Aaroni makila hartu eta faraoiaren aurrean lurrera jaurtitzeko, eta makila suge bihurtuko da».
10 Joan ziren Moises eta Aaron faraoiagana eta Jaunak agindua egin zuten: Aaronek lurrera jaurti zuen makila faraoiaren eta funtzionarioen aurrean, eta makila suge bihurtu zen. 11 Faraoiak, bere aldetik, Egiptoko jakitunak eta aztiak deiarazi zituen, eta hauek beren azti-baliabidez gauza bera egin zuten: 12 nork bere makila jaurti eta suge bihurtu zen. Baina Aaronen makilak irentsi egin zituen jakitun eta aztienak.
13 Hala ere, faraoiak bere teman jarraitu zuen eta entzungor egin zien, Jaunak esan bezala.
14 Gero, Jaunak esan zion Moisesi: «Burugogor jarri da faraoia eta ez dio herriari irteten utzi nahi. 15 Zoaz bihar goizean berarengana, Nilo ibaira doanean. Itxaroiozu ibaiertzean; eraman zeurekin suge bihurtu den makila. 16 Eta esaiozu: Jaunak, hebrearren Jainkoak, zuregana bidali nau bere herriari joaten uzteko esatera, basamortuan gurtza eman diezaioten. Zuk muzin egin duzu orain arte, 17 baina orain aitortu beharko duzu nor den benetan Jauna: eskuan dudan makilaz ibaiko urak jotzean, odol bihurtuko dira.
18 Hil egingo dira arrainak eta kirastua geldituko ibaia: ezin izango dute egiptoarrek Niloko urik edan».
19 Jaunak esan zion, gainera, Moisesi: «Esaiozu Aaroni makila hartu eta besoa luzatzeko Egiptoko ibai, erreka, zingira eta urtegi guztietara, urak odol bihur daitezen. Honela, Egiptoko bazter guztietan odola izango da, baita zurezko eta harrizko ontzietan ere».
20 Moisesek eta Aaronek Jaunak agindua egin zuten. Aaronek makila altxatu
eta ibaiko ura jo zuen faraoiaren eta funtzionarioen begi aurrean, eta ura odol bihurtu zen.
21 Hil egin ziren arrainak eta kirastua gelditu zen ibaia; egiptoarrek ezin izan zuten bertako urik edan. Odola zegoen Egipto lurralde osoan!
22 Baina Egiptoko aztiek, beren aztikeriez baliaturik, gauza bera egin ahal izan zutenez gero, faraoiak bere teman jarraitu zuen eta ez zien Moisesi eta Aaroni jaramonik egin, Jaunak esan bezala. 23 Faraoia jauregira itzuli zen, arazoa aintzakotzat hartu gabe. 24 Egiptoar guztiek putzuak zulatu behar izan zituzten ibaiertzean, ibaiko uretik ezin baitzuten edan.
25 Ibaiko ura jo zuenetik zazpi egunera, Jaunak 26 esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana eta esan: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten. 27 Ezezkoan jarraitzen baduzu, zure herrialde osoa igel-izurriz joko dut.
28 Nilo ibaiak igelak emango ditu borborka, ibaitik atera eta zure jauregian, zure logelan eta ohe gainean sartuko dira, baita zure funtzionarioen eta herriaren etxe, labe eta oramahaietan ere. 29 Igelek jauzi egingo dizuete gainera zeuri, zure funtzionario eta herri guztiari».
8. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Esaiozu Aaroni luza dezala eskuan duen makila ibai, erreka eta zingiren gainera, eta ateraraz ditzala ibaitik igelak Egipto lurralde osora».
2 Luzatu zuen eskua Aaronek Egiptoko uren gainera eta atera zituen igelek Egipto osoa estali zuten. 3 Baina aztiek ere beste horrenbeste egin zuten beren azti-baliabidez, Egipto lurralde gainera igelak igoaraziz.
4 Orduan, faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:
–Erregutu Jaunari igelak niri eta nire herriari kentzeko, eta utziko diot zuen herriari Jaunari sakrifizioak eskaintzera joaten.
5 Moisesek esan zion:
–Esan zeuk noiz erregutu behar dudan zure alde eta zure funtzionario eta herriaren alde, igelak zure jauregitik desagerrarazi eta Nilo ibaian soilik gera daitezen.
6 –Bihar –esan zion faraoiak.
Eta Moisesek:
–Hala izango da, Jauna, gure Jainkoa, adinakorik ez dela jakin dezazun.
7 Igelak desagertuko dira zure jauregitik, zure funtzionario eta herriarengandik, eta Nilo ibaian soilik geratuko dira.
8 Moisesek eta Aaronek faraoiaren aitzinetik alde egin zuten. Orduan, Moisesek oihu egin zion Jaunari faraoiari bidalitako igel-izurria ken ziezaion. 9 Jaunak Moisesek eskatua egin zuen: etxe, atari eta landetan zeuden igelak hil egin ziren.
10 Multzotan pilatu zituzten eta kiratsez bete zen lurralde osoa.
11 Alabaina, estuasuna pasa ondoren, bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien Moisesi eta Aaroni jaramonik egin, Jaunak esan bezala.
12 Jaunak esan zion Moisesi: «Esaiozu Aaroni makila luzatu eta lurra jotzeko, eta lurreko hautsa eltxo bihurtuko da Egipto osoan».
13 Hala egin zuten. Aaronek eskuan zeraman makila luzatu eta lurra jo zuen, eta Egiptoko hauts guztia gizaki eta abereentzat gogaikarri zen eltxo-izurri bihurtu zen.
14 Aztiak ere ahalegindu ziren beren azti-baliabidez eltxoak sortzen, baina ez ziren gauza izan. Eltxoek gizaki eta abereei eraso egiten zieten.
15 Orduan, aztiek faraoiari esan zioten:
–Jainkoaren eskua ari da hemen!
Baina faraoia berean tematu zen eta ez zien jaramonik egin, Jaunak esan bezala.
16 Jaunak esan zion Moisesi: «Bihar goizean goiz jaiki eta zoaz faraoiagana, ibaira doanean, eta esaiozu: Hala dio Jaunak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten. 17 Ez badiozu uzten, ezpateuli-izurria bidaliko dizuet, zuri, zure funtzionario eta herriari: Egiptoko etxe guztiak eta inguruak ezpateuliz beteko dira.
18 Egun hartan libratu egingo dut izurritik ene herria dagoen Goxen eskualdea. Han ez da ezpateulirik izango, jakin dezazun ni, Jaun hau, lurralde honen erdian nagoela. 19 Bereizkuntza egingo dut ene herriaren eta zurearen artean. Bihar gertatuko da mirari hau».
20 Hala egin zuen Jaunak, eta ezpateuliak sailean etorri ziren faraoiaren eta funtzionarioen jauregietara eta lurralde osora, eta aurrean harrapatu guztia hondatu zuten.
21 Orduan, faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:
–Eskaini, bai, sakrifizioak zeuen Jainkoari, baina lurralde honetan bertan.
22 Moisesek ihardetsi zion:
–Ez litzateke bidezkoa hori, zeren Jaunari, geure Jainkoari, egiten dizkiogun sakrifizioak ez dira onargarri egiptoarrentzat. Beraiek sakratutzat dituzten abereak hiltzen ikusiko bagintuzte, harrika hilko gintuzkete.
23 Basamortura joan behar dugu hiru eguneko bidean, geure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzeko, berak agindu digun eran.
24 Orduan, faraoiak esan zuen:
–Utziko dizuet zeuen Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzera basamortura joaten, baldin urrutiegi ez bazoazte. Erregutu nire alde!
25 Moisesek erantzun zion:
–Zure jauregitik irten bezain laster erregutuko diot Jaunari, bihar zuregandik, zure funtzionario eta herriarengandik ezpateuliak alden ditzan; baina ez jarraitu iruzur egiten, faraoi jauna, Jaunari sakrifizioak eskaintzera joaten nire herriari eragotziz.
26 Jauregitik irten zenean, otoitz egin zion Jaunari, 27 eta Moisesek eskatua egin zuen Jaunak: aldendu ziren ezpateuliak faraoiagandik eta beraren funtzionario eta herriarengandik. 28 Baina beste behin ere bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi.
9. atala
aldatu1 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana eta esaiozu: Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten. 2 Baina utzi nahi ez eta bertan gelditzera behartzen badituzu, 3 Jaunaren zigorra landako abereen gainera eroriko da, zaldi, asto, gamelu, behi eta ardien gainera; izurri larria izango da.
4 Baina Jaunak bereizkuntza egingo du israeldarren eta egiptoarren abereen artean: ez da israeldarren abererik bat bera ere hilko».
5 Jaunak, gainera, epea ezarri zuen, esanez: «Bihar egingo dut hau lurralde honetan».
6 Biharamunean, esana bete zuen Jaunak: egiptoarren abereak oro hil ziren, eta bat ere ez israeldarrenen artean.
7 Faraoiak ikertzeko agindu zuen, eta egia zen israeldarren abererik ez zela galdu. Hala ere, bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi.
8 Orduan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: «Hartu labetik eskua bete kedar eta jaurti dezala Moisesek zerurantz faraoiaren aurrean; 9 hauts bihurtuko da eta lurralde osora hedatuko, eta Egiptoko gizakiak eta abereak zauri zornetsuz josirik geldituko dira».
10 Hartu zuten Moisesek eta Aaronek labetik kedarra eta Moisesek zerurantz jaurti zuen faraoiaren aurrean: gizakiak zein abereak zauri zornetsuz josirik gelditu ziren.
11 Aztiek ez zuten Moisesi aurre egiterik izan, haiek ere beste egiptoar guztiak bezala zauriz josirik baitzeuden.
12 Baina Jaunak faraoia setatsu bihurtu zuen eta honek ez zien kasurik egin Moisesi eta Aaroni, Jaunak Moisesi adierazi bezala.
13 Jaunak esan zion Moisesi: «Bihar goizean goiz jaiki eta zoaz faraoiari esatera: Hala dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten; 14 zeren oraingo honetan izurri guztiak bidaliko ditut zure aurka eta zure funtzionario eta herriaren aurka, jakin dezazun ez dagoela munduan ni adinakorik.
15 Nire ahalmen guztia erakutsi nahi izan banu zu eta zure herria izurriz jotzean, honezkero suntsitua zinatekeen mundu honetatik; 16 baina bizirik utzi zaitut nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan.
17 Hala ere, ene herriaren aurka jartzen zara, hemendik joaten galaraziz. 18 Bada, bihar ordu honetan egundoko kazkabar-erauntsia eroraraziko dut, Egiptoko historia osoan izan ez den bezalakoa.
19 Beraz, agindu barrura sartzeko zure abereak eta kanpoan duzun guztia, zeren kazkabarra egingo du eta kanpoan, aterperik gabe, aurkituko diren gizaki eta abere guztiak suntsituko».
20 Faraoiaren zenbait funtzionariok, Jaunaren mehatxuaren beldurrez, aterpean ezarri zituen beren esklabo eta abereak 21 baina Jaunaren esana aintzakotzat hartu ez zutenek kanpoan utzi zituzten.
22 Orduan, Jaunak agindu zion Moisesi: «Altxa eskua zerurantz, Egipto osoan kazkabarra eror dadin gizaki, abere eta landareen gainera».
23 Altxatu zuen Moisesek makila zerurantz eta Jaunak trumoi, tximista eta kazkabarra eginarazi zituen Egipto osoan;
24 egundoko kazkabarra egin zuen, tximista eta guzti: Egiptoko historia osoan ez zuen sekula horrelako harri-erauntsirik bota.
25 Kazkabarrak Egiptoko landetan zegoen guztia galdu zuen: gizaki, abere eta landareak; zuhaitzak ere zartatu egin zituen.
26 Israeldarrak bizi ziren Goxen eskualdean bakarrik ez zen kazkabarrik izan.
27 Orduan, faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:
–Oraingoan aitortzen dut neure errua. Jaunak zuzen jokatu du, nik eta nire herriak, berriz, oker.
28 Egiozue erregu Jaunari; trumoitik eta kazkabarretik aski dugu; joaten utziko dizuet, ez zaituztet gehiago geldiaraziko.
29 Moisesek erantzun zion:
–Hiritik atera bezain laster, eskuak altxatuko dizkiot Jaunari otoitz egiteko. Orduan atertuko du kazkabar-erauntsia eta ez da gehiago trumoirik izango, jakin dezazun Jaunarena dela mundua.
30 Baina badakit ez zeu, ez zure funtzionarioak, ez zaudetela oraindik Jainko Jaunari men egiteko prest.
31 Liho- eta garagar-alorrak galdu egin ziren, burutua baitzegoen garagarra eta loratua lihoa. 32 Baina garia eta zekalea ez ziren galdu, berandukoak direnez.
33 Jauregitik eta hiritik irten zelarik, Moisesek eskuak altxatu zituen otoitzerako. Berehala atertu zituen kazkabarra eta euria, eta ez zen gehiago trumoirik izan.
34 Baina faraoiak, euria, kazkabarra eta trumoia gelditu zirela ikustean, bekatura jo zuen berriro. Bera eta bere funtzionarioak setatsu jarri ziren. 35 Bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi, Jaunak Moisesen bidez adierazi bezala.
10. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana. Bera eta bere funtzionarioak setatsu bihurtu ditut, neure mirariak haien artean erakusteko, 2 eta zuk kontatu ahal izango diezu zeure seme eta bilobei nola erabili ditudan egiptoarrak eta zer mirari egin ditudan haien artean. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna».
3 Moisesek eta Aaronek faraoiagana joan eta esan zioten: «Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Noiz arte jardun behar duzu niri amore eman nahi ezta? Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten;
4 bestela, bihar larrapoteak erakarriko ditut zure lur-mugetara;
5 dena estaliko dute, lurra bera ezin ikusteraino. Kazkabarrak hondatzeke utziriko apurra ere jan egingo dute eta baita landetan ernetzen ari diren zuhaitzak ere.
6 Zure jauregia eta zure funtzionario eta egiptoar guztien etxeak beteko dituzte. Zure guraso eta aiton-amonen egunetatik gaurdaino ikusi ez den bezalakoa izango da».
Eta hori esanda, Moisesek faraoiari bizkarra eman eta alde egin zuen.
7 Funtzionarioek esan zioten faraoiari: «Noiz arte jardun behar du gizon horrek guri zorigaitza sortzen? Utziezu beren Jainko Jauna gurtzera joaten. Ez al zara ohartzen, jauna, galzorian dagoela Egipto?»
8 Faraoiak Moises eta Aaron etorrarazi zituen eta esan zien:
–Zoazte! Gurtu Jauna, zeuen Jainkoa. Baina joatekoak zein zareten esan behar didazue.
9 Moisesek erantzun zion:
–Gure haur eta agureekin, gure ardi eta behiekin joan behar dugu, Jaunaren festa nagusia baita guretzat.
10 Faraoiak, orduan:
–Bai, eta Jauna izan dezazuela lagun! Baina zuen haur eta guzti joaten utziko dizuedala uste al duzue? Ez horixe! Argi dago asmo txarretan zabiltzatela.
11 Joan zintezkete, bai, Jauna gurtzera, hala nahi izanez gero, baina gizon helduak beste inor ez.
Eta jauregitik bota egin zituen.
12 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».
13 Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen. 14 Hauek lurralde osoa bete zuten. Egun hartan bezainbateko larrapote-mordorik ez zen lehenago izan, ez eta geroan izango ere, 15 lurra ezin ikusteraino estali baitzuten. Kazkabarraren ondoren gelditu ziren landareak eta zuhaitzetako emaitzak irentsi zituzten. Ez zen berdegunerik gelditu Egipto osoan, ez belardietan, ez zuhaitzetan.
16 Faraoiak Moisesi eta Aaroni presaka deitu eta esan zien: «Zuen Jainko Jaunaren aurka eta zuen aurka egin dut bekatu; 17 barkatu oraingo honetan ere nire bekatua eta egiozue erregu zeuen Jainko Jaunari, heriotza-zigor hau alden diezadan».
18 Irten zen Moises faraoiaren aitzinetik eta otoitz egin zion Jaunari. 19 Orduan, Jaunaren eraginez, mendebaldeko haizeak jo zuen indartsu; honek larrapoteak aurrean eraman eta Itsaso Gorrira jaurti zituen. Ez zen larrapote bat bera ere Egipto osoan gelditu.
20 Baina Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia, israeldarrei joaten ez uzteko.
21 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Altxa ezazu eskua zerurantz eta ukitzeko moduko ilunpeak izango dira Egipton».
22 Altxatu zuen, bada, Moisesek eskua zerurantz eta Egipto osoa ilundu zen; hain zen itxia ilunpea, 23 ezen hiru egunez ezin izan baitzuten elkar ikusi, ezta nor bere tokitik mugitu ere. Israeldarrek, ordea, argia zuten beren bizilekuetan.
24 Orduan, faraoiak Moisesi dei egin eta esan zion:
–Zoazte zeuen Jauna gurtzera. Haurrak ere eraman ditzakezue; abere-taldeak bakarrik utziko dituzue hemen.
25 Baina Moisesek erantzun zion:
–Zeuk emango ote dizkiguzu geure Jainko Jaunari egin behar dizkiogun sakrifizio eta erre-oparitarako abereak?
26 Abereak ere geurekin eraman behar ditugu. Ez da buru bat ere hemen geldituko, horien artetik aukeratu behar baititugu geure Jainko Jaunari eskaintzeko. Izan ere, bertara iritsi arte ez dugu jakingo zer eskaini behar diogun Jaunari.
27 Baina Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta ez zien joaten utzi nahi izan.
28 Faraoiak, bada, esan zion Moisesi:
–Alde nire begi-bistatik! Ez gero berriro ni ikustera etorri! Bestela, zureak egin du.
29 Moisesek erantzun zion:
–Ez nauzu, ez, berriro ikusiko.
11. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Beste izurri bat bidaliko diet oraindik faraoiari eta egiptoarrei. Ondoren, utziko dizue hemendik joaten; utzi ez ezik, bota ere egingo zaituzte behin betiko. 2 Orain, esaiezu israeldarrei, gizonezko nahiz emakumezkoei, beren auzokoei urrezko eta zilarrezko bitxiak eskatzeko».
3 Jaunari esker, israeldarrek egiptoarren abegi ona irabazi zuten. Are gehiago, Moises bera aparteko gizontzat zeukaten, bai faraoiaren funtzionarioek, bai Egiptoko herri osoak.
4 Moisesek esan zion faraoiari: «Hau dio Jaunak: Gauerdian Egipto erditik igaroko naiz 5 eta egiptoar lehen-semeak oro hilko dira, errege-aulkian esertzen den faraoiaren lehen-semetik hasi eta errotan ari den neskamearen lehen-semeraino, baita lehen abere-kumeak oro ere.
6 Garrasi latzak izango dira Egipto osoan, inoiz ere izan ez diren eta berriro izango ez diren bezalakoak. 7 Israeldarrei dagokienez, ordea, ez die zakur batek ere zaunkarik egingo, ez gizakiei, ez abereei, jakin dezazun bereizkuntza egiten duela Jaunak egiptoarren eta israeldarren artean.
8 Orduan –jarraitu zuen Moisesek–, zure funtzionario guztiak etorriko zaizkit eta ahuspez eskatuko didate: “Zoazte zu zeu eta atzetik duzun herria”. Horrezkero irten egingo naiz».
Eta, haserre bizitan, atera egin zen Moises faraoiaren jauregitik.
9 Jaunak esan zion Moisesi: «Faraoiak ez dizue jaramonik egingo; horrela ugalduko ditut neure egintza harrigarriak Egipton».
10 Moisesek eta Aaronek faraoiaren aurrean gauza harrigarri guztiok egin arren, hark ez zien israeldarrei bere lurraldetik ateratzen utzi, Jaunak setatsu bihurtu baitzuen.
12. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni Egipton:
2 «Hilabete hau izango duzue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa.
3 Horrela aginduko diozu israeldarren elkarteari: Hil honen hamarrean har beza bakoitzak familia eta etxe bakoitzeko abere xehe bana.
4 Abere osoa jateko familia aski ez bada, aldameneko bizilagunekin elkartuko da, bakoitzak jan dezakeenaren arabera zenbat jende behar den kontuan harturik.
5 Abereak urte batekoa beharko du izan, arra eta akats gabea, arkume nahiz antxume.
6 Hilaren hamalaua arte gordeko duzue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldarren elkartekide guztiek hilko dute.
7 Gero, abere-odola hartu eta aberea jango duzuen etxeko ate-gainak eta alboak odoleztatuko dituzue.
8 Gau horretan sutan erreta jango duzue okela, legamia gabeko ogiz eta belar mingotsez lagundurik.
9 Ez duzue ezer gordinik edo egosirik jango, dena sutan errea baizik: buru, hanka eta tripaki.
10 Ez utzi ezer biharamunerako; erre geldituko diren kondarrak.
11 Honela jango duzue: gerrikoa loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango duzue, Jaunaren Pazkoa
baita.
12 Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naiz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-seme eta lehen abere-kumeak oro eta neure epaia emango diet Egiptoko jainkoei. Ala ni Jauna!
13 «Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.
14 «Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.
15 «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue; beraz, lehenengo egunetik ez duzue legamiarik izango etxean. Zazpi egun horietan legamiadun ogia jango duen oro Israel herritik bota egingo dute.
16 Lehenengo egunean bezala azkenekoan batzar sakratua izango duzue. Egun horietan ez duzue lanik egingo, bazkaria prestatzeko ez bada.
17 Gorde, bada, Legamia gabeko Ogien Jai hau, egun horretantxe aterako baitzaituztet Egipto lurraldetik gudaroste baten gisan. Lege-indarrez gordearaziko duzue jai hau belaunez belaun betiko.
18 Lehen hilaren hamalauko arratsaldetik hogeita bateko arratsalde arte legamia gabeko ogia jango duzue.
19 Zazpi egun horietan ez duzue legamiarik izango etxean, zeren legamiadun ogia jango duen oro, etorkina nahiz bertakoa izan, israeldarren elkartetik bota egingo baitute.
20 Ez ezazue, beraz, ezer legamiadunik jan. Nonahi bizi zaretelarik, legamia gabeko ogia jango duzue».
Moisesek Pazkoa ospatzeko agindua adierazi
21 Dei egin zien Moisesek Israelgo herri-arduradunei eta esan: «Hartzazue zeuen familietarako abere xehe bana eta hil, Pazkoa ospatzeko. 22 Bildu odola ontzi batean eta, isipu-sorta bertan bustirik, zirtatu zeuen etxeko ate-gainak eta alboak. Ez bedi inor etxetik irten hurrengo goiza arte.
23 «Jauna igaroko da egiptoarrak hilez; baina, zuen ateen gain-alboetan odola ikustean, aurrera egingo du. Horrela, ez dio suntsitzaileari zuen etxeetan sartzen utziko, zuek hiltzera. 24 Hau guztia lege-indarrez gordeko duzue beti, bai zeuek, bai zuen ondorengoek. 25 Ohikune hau ospatzen jarraituko duzue, Jaunak, bere hitza betez, emango dizuen lurraldean sartzen zaretenean. 26 Orduan, seme-alabek ohikune horren esanahiaz galdegitean, 27 hau erantzungo diezue: Jaunaren omenez dagigun Pazko-sakrifizioa da, zeren, egiptoarrak hil zituen hartan, Egipton bizi ziren israeldarren etxe parean aurrera igaro baitzen Jauna, gure familiak libratuz».
Orduan, israeldarrak ahuspeztu egin ziren, Jauna gurtzeko. 28 Gero, joan eta Jaunak agindutako dena zehatz-mehatz bete zuten Moisesek eta Aaronek.
29 Gauerdian Jaunak egiptoar lehen-semeak oro hil zituen, errege-aulkian esertzen den faraoiaren lehen-semetik hasi eta kartzelan preso dagoenaren lehen-semeraino, baita lehen abere-kumeak oro ere.
30 Gaua zelarik altxatu ziren ohetik faraoia, funtzionarioak eta egiptoar guztiak. Garrasi latzak izan ziren Egipto osoan, ez baitzen hildakorik gabeko etxerik.
31 Gau berean faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:
–Irten nire herritik zuek biok eta israeldar guztiak. Zoazte Jauna gurtzera, esan duzuen bezala.
32 Eraman abere-taldeak, zeuek esan bezala, eta alde egizue. Agur nazazue eta zoazte.
33 Denak hilko zirelakoaren beldurrez, presa eman zieten egiptoarrek israeldarrei, ahalik eta lasterren abia zitezen beren lurraldetik.
34 Israeldarrek oraindik legamiaz altxatu gabeko orea hartu eta, oramahai eta guzti estalkietan bildurik, bizkarrean hartu zuten. 35 Gainera, Moisesen esanera, urrezko eta zilarrezko bitxiak eta arropak eskatu zizkieten egiptoarrei. 36 Jaunari esker, egiptoarren abegi ona irabazi zuten eta eskatu guztia eman zieten egiptoarrek. Honela kendu zizkieten egiptoarrei beren ondasunak.
37 Israeldarrek Ramsesetik Sukoterako bidea egin zuten. Seiehun milaren bat gizon oinezko ziren, emakumeak eta haurrak kontuan hartu gabe.
38 Haiekin batera, berealdiko jende-multzoa zihoan, baita abere-talde handiak ere.
39 Egiptotik bota zituztenez gero, ez zuten biderakoak prestatzeko betarik izan; beraz, Egiptotik atera zuten altxatu gabeko orez legamia gabeko opilak egin zituzten.
40 Laurehun eta hogeita hamar urtez bizi izan ziren israeldarrak Egipton; 41 aldi hau bete zen egun berean, hain zuzen, atera zen lurralde hartatik Jaunaren herria, gudaroste baten gisa. 42 Gau horretan jagole egon zen Jauna haiek Egiptotik ateratzeko. Horregatik, Jaunaren omenez, israeldarrek erne egon behar dute gau horretan, beila eginez, belaunez belaun.
43 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:
«Hau da Pazko-jaiaren araudia:
«Inongo atzerritarrak ezin izango du oparigairik jan.
44 «Erositako esklaboak, erdaindu eta gero, jan ahal izango du.
45 «Bidaiari den edo lansaripean dagoen atzerritarrak ez dezake jan.
46 «Pazko-bildotsa etxean bertan bakarrik jan daiteke; ez da zilegi okela-puskarik kanpora ateratzea.
«Ez zaio abereari hezurrik hautsiko.
47 «Israelgo elkarte osoak ospatu beharko du.
48 «Zuen artean bizi den atzerritarren batek Jaunaren ohorez Pazkoa ospatu nahiko balu, etxeko gizonezko guztiak erdaindu beharko ditu lehenbizi; ondoren, bertan jaioa bailitzan ospatu ahal izango du Pazkoa.
«Erdaindu gabeko inork, ordea, ezin izango du Pazko-bildotsik jan.
49 «Lege berbera gordeko dute bertan jaioek eta zuen artean bizitzen jarri diren atzerritarrek».
50 Jaunak Moisesi eta Aaroni agindu guztia bete zuten israeldarrek. 51 Egun hartantxe, hain zuzen, atera zituen Jaunak Egiptotik israeldarrak, gudaroste baten gisa lerroturik.
13. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2 «Israelgo lehen-seme guztiak, nola gizakiak hala abereak, sagaratuko dizkidazu, nireak baitira».
Lega
3 Moisesek esan zion herriari: «Gogoan izan egun honetan irten zaretela Egiptotik, esklabotzatik, ahalmen handiz atera baitzaituzte bertatik Jaunak. Beraz, ez duzue legamiadun ogirik jango.
4 Abib hilaren egun honetan irteten zarete.
5 Laster eramango zaituzte Jaunak, zuen arbasoei zin eginez agindu zien lurraldera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, hots, kanaandar, hitita, amortar, hibiar eta jebustarren lurraldera. Hori gertatzean, Abib hil honetantxe ospatuko duzue jai hau.
6 «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, eta zazpigarrenean festa ospatuko duzue Jaunaren ohorez.
7 Bai, zazpi egun horietan legamia gabeko ogia jango duzue; zuen lurralde osoan ez da legamiarik, ez legamiadun ogirik, izango.
8 «Egun honetan esango diezue zeuen seme-alabei: Egiptotik irtetean Jaunak gure alde egin zuenarengatik ospatzen dugu jai hau.
9 «Gogora ekarriko duzue orduan, Jaunak ahalmen handiz atera zintuztela Egiptotik. Jai hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinale eta oroigarrien gisako izango duzue, Jaunaren legea beti ezpainetan izan dezazuen. 10 Horregatik, erabaki hau urtero beteko duzue ezarritako egunean.
11 «Zeuei eta zuen arbasoei hitzeman bezala, Jaunak Kanaan lurraldera eraman eta lurraren jabe egingo zaituztenean, 12 zuen lehen-semeak oro eta lehen abere-kume arrak Jaunari eskainiko dizkiozue, berarenak baitira: 13 lehen-astakumea arkume edo antxume batekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz.
«Lehen-semea, ordea, beti berreskuratuko duzue, ordezko eskaintza eginez. 14 Bihar edo etzi zuen seme-alabek honek guztiak zer esan nahi duen galdetzean, hau erantzungo diezue: “Jaunak ahalmen handiz atera gintuen Egiptotik, esklabotzatik. 15 Faraoiak irtetea galarazten zigulako, Jaunak hil egin zituen Egiptoko lehen-semeak eta lehen abere-kumeak; horregatik hil eta eskaintzen dizkiogu lehenbizi sorturiko abere arrak, eta lehen-semeak geuretzat berreskuratzen ditugu, ordezko eskaintza eginez”. 16 Beraz, ohikune hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinaleen gisako izango duzue, Jaunak ahalmen handiz Egiptotik atera zaituztela oroitarazteko».
17 Faraoiak israeldar herriari irteten utzi zionean, Jainkoak ez zuen filistearren lurralderako bidetik eraman, nahiz eta motzena hura izan, borroka egin beharrean aurkituz gero, herriak Egiptora itzuli nahiko zuela uste baitzuen. 18 Horregatik, Itsaso Gorrira daraman basamortuko bidetik itzulia eginarazi zien. Israeldarrak gudaroste baten gisa irten ziren Egiptotik.
19 Moisesek Joseren hezurrak jaso zituen, Josek Israelen semeei zin-hitz hau eginarazi baitzien: «Egiaz, esku hartuko du Jainkoak zuen alde; orduan, eramatzazue nire hezurrak hemendik».
20 Israeldarrak Sukotetik irten eta Etamen, basamortu ertzean, kokatu ziren.
21 Jauna aurretik zihoakien: egun-argiz laino-adarrean, bidean gidatzeko; gauez su-adarrean, argi egiteko. Honela, egunez zein gauez ibili ahal izan ziren.
22 Ez ziren aldendu haiengandik, ez laino-adarra egunez, ez eta su-adarra gauez.
14. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Agindu israeldarrei itzultzeko eta Pi-Hiroten aurrean kokatzeko, Migdol eta itsasoaren artean, hau da, Baal-Tzefonen parean, itsasertzean.
3 Faraoiak uste izango du basamortuak bidea ixten diela eta israeldarrak noraezean dabiltzala. 4 Nik setatsu bihurtuko dut faraoia eta eraso egingo dizue; orduan erakutsiko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, eta horrela jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna». Hala egin zuten israeldarrek.
5 Bitartean, israeldarrek ihes egin zutela Egiptoko erregeari jakinarazi ziotenean, faraoiak eta funtzionarioek, israeldarrekiko erabakiaz damuturik, honela ziotsoten elkarri: «Baina zer egin dugu? Nola utzi diegu geure esklabo israeldarrei alde egiten?»
6 Berehala, faraoiak bere guda-gurdia prestarazi zuen eta gudarostea bildu: 7 seiehun guda-gurdi berezi eta Egiptoko guda-gurdi guztiak eraman zituen, bakoitzean gudalburu bat zihoala. 8 Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta honek eraso egin zien israeldarrei, hauek libre ateratzen ziren bitartean. 9 Egiptoarrak israeldarrei erasotzera atera ziren beren zaldi, gurdi, zaldun eta gudaroste osoaz, eta itsasbazterrean harrapatu zituzten, Pi-Hiroten ondoan, Baal-Tzefonen parean.
10 Faraoia hurbil zen. Israeldarrak, egiptoarrak atzean zituztela ohartzean, izutu eta oihuka hasi zitzaizkion Jaunari.
11 Moisesi esan zioten:
–Ez ote zegoen hilobirik aski Egipton, gu handik atera eta basamortuan hiltzera ekartzeko? Zergatik atera gaituzu Egiptotik?
12 Hain zuzen, hauxe eskatu genizun Egipton geundela: «Utzi egiptoarrentzat lanean jarraitzen. Hobe dugu hemen esklabo izan, basamortuan hil baino».
13 Baina Moisesek erantzun zien:
–Ez izan beldur! Eutsi eta ikusiko duzue nola salbatzen gaituen gaur Jaunak: zeren orain ikusten dituzuen egiptoarrak ez dituzue gaurgero ikusiko. 14 Jauna borrokatuko da zuen alde. Zuek egon lasai!
15 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera.
16 Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du. 17 Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura. 18 Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».
19 Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,
20 israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.
21 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.
22 Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa. 23 Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.
24 Goizaldera, su- eta laino-adarretik Jaunak egiptoarren kanpamendura begiratu eta nahasmendua sorrarazi zuen haien artean. 25 Gurdien gurpilak trabatu zituen, nekez mugitzen zirela utziz. Orduan, egiptoarrek esan zuten: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jauna ari baita haien alde eta gure aurka».
26 Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, gurdi eta zaldunen gainera, eror daitezen».
27 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera. Eguna zabaltzean, urak ohiko lekura itzuli ziren eta egiptoarrek, ihesian, urekin tupust egin zuten: Jaunak itsas hondora amildu zituen egiptoarrak. 28 Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera.
29 Israeldarrak, ordea, itsas erditik oinik busti gabe igaro ziren, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
30 Egun hartan Jaunak egiptoarren eskuetatik salbatu zituen israeldarrak eta hauek egiptoarren gorpuak ikusi zituzten itsasbazterrean. 31 Jaunak Egiptoren aurka erabili zuen ahalmen handia ikusirik, israeldarrek begirune izan zioten Jaunari, eta harengan eta haren zerbitzari Moisesengan beren uste ona jarri zuten.
15. atala
aldatu1 Orduan, Moisesek eta israeldarrek kanta hau abestu zuten Jaunaren omenez:
«Jaunaren omenez abestuko dut,
egundoko garaipena lortu baitu,
nola zaldiak hala zaldunak
itsas hondora amilduz.
2 Jaunari diot abesten,
bera dut indar, bera salbatzaile.
Neure Jainkoa dut: gorespen hari!
Neure aitaren Jainkoa:
goraipatua bedi!
3 Gudari da Jauna,
Jauna du izena.
4 «Jaunak itsasoan hondoratu ditu
faraoiaren gurdi eta gudarostea,
Itsaso Gorrian murgildu
gudalbururik bikainenak.
5 Itsasoak ditu azpiratu,
hondora jaitsi dira
harritzarraren antzera.
6 «Zure eskuina, Jauna,
izugarri indartsu!
Etsaia desegin du.
7 Zeure ahalmen handiaz dituzu
arerioak zanpatu;
haserre-sua piztu
eta lastoa bezala erre.
8 Zuk haserrez haize eman
eta urak metatu dira;
uhinak harresi gisa zutitu,
itsas urak tinko gelditu.
9 Etsaiak pentsatu zuen:
“Pertsegitu eta harrapatuko ditut,
lapurtu eta harrapakina banatuko,
aseko dut neure gutizia.
Ezpata zorrotik atera
eta haietaz jabetuko naiz”.
10 Baina zuk haize eman
eta itsasoak irentsi ditu;
ekaitz-uretan hondoratu dira
berunaren antzera.
11 «Nor zu adinakorik, Jauna,
jainkoen artean?
Nor zu adinakorik,
zure santutasunak dirdai egitean?
Nor zu adinakorik
gauza harrigarri
eta izugarriak egiten?
12 Zuk eskua luzatu
eta lurrak etsaiak irentsi!
13 Maitasunez gidatzen duzu
askatu duzun herria.
Indarrez daramazu
zeure egoitza santura.
14 Hau entzutean,
herriak
larri dira
filistearrak beldur-ikaraz,
15 Edomgo buruzagiak dardaraz;
Moabeko handikiak izuturik,
kanaandar guztiak asaldaturik.
16 «Jauna,
zure beso indartsuaren eraginez,
hor daude herriak harri eta zur,
izuak eta beldur-ikarak harturik,
zuk eskuratu duzun herria
igaro bitartean!
17 Jauna,
zuk sarrarazten duzu zeure herria
eta zeure mendian
landatzen,
zeure ondarean,
zeure egoitza egin duzun lekuan,
zeure eskuz eraiki duzun
santutegian.
18 Jauna errege da betierean!»
19 Faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldunak itsasoan sartu zirenean, Jaunak itsas urak gainera erorarazi zizkien; israeldarrak, ordea, itsas erditik igaro ziren oinik busti gabe.
20 Miriam profetesak, Aaronen arrebak, danbolina hartu zuen eta emakume guztiak atzetik joan zitzaizkion, dantzan eta danbolina joz.
21 Miriamek honela eman zion hasiera kantuari:
«Kanta Jaunaren omenez,
garaipen harrigarria lortu baitu,
nola zaldiak hala zaldunak
itsas hondora amilduz».
22 Moisesek israeldarrak abiarazi zituen Itsaso Gorritik. Xur basamortura jo zuten eta hiru eguneko bidea egin basamortuan barrena, urik aurkitu gabe. 23 Mara izeneko tokira iritsi ziren; baina ezin izan zuten hango ura edan, mingotsa baitzen. Horregatik zeritzon leku hari Mara –hau da, «Mingots»–. 24 Jendea marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez: «Zer edan behar dugu?» 25 Orduan, Moisesek oihu egin zion Jaunari. Eta Jaunak zuhaixka bat erakutsi zion. Moisesek zuhaixka uretara jaurti eta ura gezatu egin zen. Toki hartan probatu zituen Jaunak, eta arau eta usadioak ezarri zizkien.
26 Esan zien: «Nire, zuen Jainko Jaun honen, mintzoa arretaz entzuten baduzue, eta niri atsegin zaidana egiten, nire aginduak aditzen badituzue eta nire arauak betetzen, ez dizuet zuei egiptoarrei bidali nien gaitzik igorriko, ni, Jaun hau, sendagile bainauzue».
27 Gero, Elim-era heldu ziren. Hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zeuden han, eta bertan kanpatu ziren, ur ondoan.
16. atala
aldatu1 Israeldarren elkarte osoa Elimdik irten eta Elim eta Sinai artean dagoen Sin basamortura heldu zen. Bigarren hilaren hamabosta zen Egiptotik irtenez gero.
2 Han, basamortuan, elkarte osoa marmarrean hasi zen Moises eta Aaronen aurka, 3 esanez: «Hobe genukeen Jaunak Egipton hilarazi bagintu, haragi-eltze inguruan eseri eta ase arte jaten genuenean! Zuek, ordea, gu denok goseak hiltzera ekarri gaituzue basamortu honetara».
4 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Janaria eroraraziko dizuet euri gisa zerutik. Herria egunean egunekoa biltzera aterako da. Probatu egin nahi dut, ea nire esanera dabilen ala ez. 5 Seigarren egunean, bildutakoa prestatzean, beste egunetakoa halako bi izango da».
6 Honela mintzatu zitzaizkien Moises eta Aaron israeldarrei: «Gaur arratsaldean jakingo duzue Jaunak atera zaituztela Egiptotik, 7 eta bihar goizean ikusiko haren ahalmena. Aditu du beraren aurka egin duzuen marmarra. Aaronek eta nik ez dugu zerikusirik, gure aurka marmar egiteko».
8 Gainera, esan zien Moisesek: «Gaur arratsaldean Jaunak okela emango dizue jateko, eta bihar goizean asetzeko adina ogi, aditu baitizkizue bere aurkako marmarrak. Izan ere, guk ez dugu zerikusirik. Gure aurka ez, baina Jaunaren aurka jardun duzue marmarrean».
9 Ondoren, Moisesek esan zion Aaroni: «Esaiozu israeldarren elkarte osoari Jaunaren aurrera hurbiltzeko, aditu baitu haien marmarra».
10 Aaron mintzatzen ari zitzaiela, denek basamorturantz begiratu zuten, eta hara non ikusten duten Jauna, aintzaz beterik, hodei batean agertzen. 11 Jaunak esan zion Moisesi: 12 «Aditu dut israeldarren marmarra. Esaiezu: Ilunabarrean okela jango duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zarete. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa».
13 Arratsaldean, galeperrak heldu ziren eta kanpaleku osoa estali zuten; biharamun goizean, ihintz-geruza azaldu zen kanpaleku inguruan. 14 Ihintza desagertu zenean, antzigarraren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, gelditu zen lur gainean. 15 Hura ikustean, israeldarrek honela ziotsoten elkarri: «Zer da hau?» Ez baitzekiten zer zen.
Moisesek esan zien: «Jaunak janaritzat ematen dizuen ogia da. 16 Hara zer agindu didan Jaunak: Bakoitzak bil dezala jateko behar adina, lau litro bakoitzeko, nork bere etxolan dituen lagunen arabera».
17 Hala egin zuten israeldarrek, batak asko eta besteak gutxi bilduz. 18 Neurria hartzerakoan, ordea, ez zuen sobera asko bildu zuenak, ez eta eskas gutxi bildu zuenak ere. Bakoitzak jateko behar adina zuen.
19 Gero, Moisesek esan zien: «Ez dezala inork biharamunerako ezer gorde».
20 Hala ere, zenbaitek ez zion Moisesi jaramonik egin eta hurrengo egunerako gorde zuen; baina harrak jo eta usteldu egin zitzaien. Haserretu egin zen Moises haien aurka.
21 Goizero biltzen zuen bakoitzak jateko behar zuena, eguzkiak berotzean desagertu egiten baitzen.
22 Seigarren egunean bi halako bildu ohi zuten, bederatzi bat litro lagun bakoitzeko; orduan, elkarte-arduradunak horren berri ematera joan zitzaizkion Moisesi. 23 Honek erantzun zien: «Hori da Jaunak esana: Bihar larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Erre gaur erre beharrekoa eta egosi egosi beharrekoa, eta gorde biharko gelditzen zaizuena».
24 Moisesek agindu bezala, biharamunerako gorde zuten gelditu zitzaiena eta ez zitzaien usteldu, ezta harrik sortu ere. 25 Orduan, Moisesek esan zien: «Jan ezazue gaur, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna da eta; gaur ez duzue kanpoan ezer aurkituko. 26 Sei egunez bilduko duzue; zazpigarren eguna atseden-eguna da eta ez da ezer izango».
27 Herritar zenbait, ordea, zazpigarren egunean ere biltzera atera zen, baina ez zuen ezer aurkitu. 28 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Noiz arte ibili behar duzue nire agindu eta legeak bete nahi ezta? 29 Begira: neuk, Jaun honek, eman dizuet larunbata, atseden hartzeko; horregatik, seigarren egunean bi egunerako janaria ematen dizuet. Beraz, zazpigarren egunean zaudete nor bere tokian, kanpora atera gabe».
30 Herriak, bada, atseden hartu zuen zazpigarren egunean.
31 Israeldarrek biltzen zutenari «Mana» eman zioten izena. Zuria zen, txarrangil-haziaren itxurakoa eta ezti-opilaren gustukoa.
32 Moisesek esan zien: «Hau agindu du Jaunak: Lau litroko neurria manaz bete eta gorde ondorengo belaunaldientzat, Egiptotik atera zaituztedanean basamortuan eman dizuedan janaria ikus dezaten».
33 Eta Aaroni esan zion: «Hartu ontzi bat, bete lau litro manaz eta ezarri Jaunaren aurrean, ondorengo belaunaldientzat gordez».
34 Jaunak Moisesi agindu bezala, Aaronek itun-agiriaren aurrean gorde zuen gerorako.
35 Berrogei urtez jan zuten mana israeldarrek, jendedun lurraldeetara, Kanaango lur-mugetara, iritsi arte alegia.
36 (Omer –mana neurtzeko erabilitako neurria– efa baten hamarrena zen).
17. atala
aldatu1 Israeldarren elkarte osoa, Jaunaren agindura, Sin basamortutik abiatu zen, geldiuneak eginez. Refidimen
ezarri zuten kanpalekua, baina ez zen han urik herriak edateko.
2 Orduan, aurpegi eman zioten Moisesi, esanez:
–Emaguzu ura edateko!
Moisesek erantzun zien:
–Zer dela eta ematen didazue aurpegi niri? Zergatik tentatzen duzue Jauna?
3 Baina egarri zen herria bazter hartan, eta marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez:
–Honetarako atera al gaituzu Egiptotik, geu, geure seme-alabak eta abereak egarriak hilarazteko?
4 Moisesek deiadar egin zion Jaunari:
–Zer egin diezaioket herri honi? Ia-ia harrika egin didate!
5 Jaunak erantzun zion:
–Pasa herriaren aurrealdera, eta hartu zeurekin zenbait herri-arduradun. Hartu eskuan Nilo ibaia jotzeko erabili zenuen makila, eta zoaz.
6 Han izango nauzu ni, Horeb mendiko harkaitzean. Harkaitza jo eta ura sortuko da, herriak edan dezan.
Hala egin zuen Moisesek, Israelgo arduradunen aurrean.
7 Leku hari Masa eta Meriba –hau da, «Tentalekua» eta «Auzi-lekua»– eman zion izena, han berari aurpegi eman eta Jauna tentatu zutelako, esanez: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?»
8 Refidimen amalektarrek eraso zieten israeldarrei. 9 Orduan, Moisesek esan zion Josueri: «Aukeratu zenbait gizon eta atera amalektarren aurka borrokara. Bihar muinoaren gainean zutik egongo naiz ni, Jainkoaren makila eskuan».
10 Moisesek esan bezala egin zuen Josuek eta amalektarren aurka guduari ekin zion. Bitartean, Moises, Aaron eta Hur muinoaren gainera igo ziren. 11 Moisesek besoei goian eusten zienean, israeldarrak ziren garaile; behera erortzen zitzaizkionean, berriz, amalektarrak.
12 Moisesi besoak nekatu zitzaizkionean, harri bat hartu eta lurrean ipini zuten, bertan eser zedin. Gero, Aaronek eta Hurrek haren besoei eutsi zieten, alde banatatik. Honela, tinko iraun zuten Moisesen besoek, eguzkia sartu arte.
13 Eta Josuek amalektarrak garaitu zituen eta ezpataz garbitu.
14 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi hau liburuan oroigarri gisa, eta jakinarazi Josueri zeharo ezereztuko ditudala amalektarrak, ez dela munduan haien oroitzapenik ere geldituko».
15 Moisesek aldarea eraiki zuen eta «Jauna, nire bandera» ezarri zion izena, 16 esanez:
«Jaunaren errege-aulkiari
eraso diotelako,
menderen mendetan
borrokatuko da Jauna
amalektarren aurka».
Moisesek eta beronen aitaginarreba Jetrok elkar aurkitu
18. atala
aldatu1 Jakin zuen Madiango apaiz eta Moisesen aitaginarreba zen Jetrok, Jainkoak Moisesen eta bere herriaren alde egin zuen guztia: nola atera zituen israeldarrak Egiptotik.
2 Jetrok, Moisesen aitaginarrebak, etxean jasoak zituen Moisesek bere ondotik bidali zituen
Tzipora emaztea
3 eta bi semeak. Hauetako bati Gerxom –hau da, «Etorkin hemen»– zeritzon, Moisesek esan zuenagatik: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean»;
4 besteari Eliezer –hau da, «Nire Jainkoa lagun»– zeritzon, honela esan baitzuen Moisesek: «Nire aitaren Jainkoa laguntzera etorri zait eta faraoiaren ezpatatik libratu nau».
5 Jetro aitaginarreba Moisesengana joan zen honen emazte eta semeekin, basamortuan kanpatua zegoen tokira, Jainkoaren mendira. 6 Mandatu hau bidali zion Moisesi: «Neu, zure aitaginarreba Jetro, nator zu ikustera, zeure emazte eta semeekin».
7 Moises bere aitaginarrebari bidera atera zitzaion, eta, ahuspezturik, besarkatu egin zuen; elkar agurtu ondoren, oihal-etxolan sartu ziren. 8 Moisesek Jetrori kontatu zion Jaunak faraoiaren eta egiptoarren bizkarretik Israelen alde egin zuen guztia, bidean izan zituzten eragozpenak, eta nola libratu zituen Jaunak guztiotatik.
9 Jetro poztu egin zen, egiptoarren eskuetatik libratuz Jainkoak israeldarrei egin zien on guztiarengatik, 10 eta esan zion: «Bedeinkatua Jauna, faraoiaren eta egiptoarren eskuetatik libratu zaituena! 11 Orain bai, badakit jainko guztien aldean handia dela Jauna, egiptoarrek herria harrokeriaz erabili zutelarik, haien menpetik libratu baitu».
12 Moisesen aitaginarreba Jetrok erre-opari eta sakrifizioak eskaini zizkion Jainkoari. Gero, Aaron eta Israelgo arduradun guztiek otordua egin zuten Moisesen aitaginarrebarekin Jainkoaren aurrean.
13 Biharamunean, Moises herriaren auziak erabakitzera eseri zen; jendea zutik zegoen haren aurrean goizetik arratsera.
14 Moises herriarekin egiten ari zena ikusirik, aitaginarrebak galdegin zion:
–Zer ari zara egiten herriarekin? Nola ari zara zeu bakarrik epaitzen, jendea egun osoan zutik egotera behartuz?
15 Moisesek erantzun zion:
–Herria niregana dator, Jainkoaren nahia ezagutzeko. 16 Elkarren arteko arazoren bat dutenean, niregana jotzen dute, eta nik erabakia ematen diet eta Jainkoaren arauak eta legeak ezagutarazten.
17 Honela ohartarazi zion aitaginarrebak:
–Zure jokaera ez da egokia. 18 Leher eginak geldituko zarete, bai zeu, bai zeurekin duzun herria, astunegia baita zeregin hau zeuk bakarrik bete ahal izateko. 19 Onar ezazu, bada, nire aholkua, eta izan dezazula lagun Jainkoa! Zu herriaren ordezkari zara Jainkoaren aurrean eta herriaren arazoak aurkeztu behar dizkiozu berari; 20 jendeari, berriz, arauak eta legeak irakatsi eta nola bizi eta jokatu behar duten jakinarazi. 21 Gainerakoetarako, bereiz itzazu herri osoaren artetik gizon iaioak, Jainkoari begirune diotenak, fidagarriak eta eskupeko-zale ez direnak, eta ezarri mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru. 22 Hauek epaituko dute herria aldi oro; arazo nagusienak zeuri ekarriko dizkizute, baina garrantzi gutxiagokoak beraiek erabakiko dituzte. Honela, zama arinduko dizute eta eramaten lagunduko. 23 Hala jokatzen baduzu eta Jainkoak hala nahi badu, eutsi ahal izango diozu zeure egitekoari eta jende guztia bakean itzuliko da nor bere txokora.
24 Onartu zuen Moisesek bere aitaginarrebaren aholkua eta haren esanaren arabera egin zuen: 25 Israelgo gizonik iaioenak aukeratu eta herriko buru ezarri zituen, mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen gain aginpidea emanez. 26 Hauek epaitzen zuten herria aldioro; arazo korapilotsuenetan Moisesengana jotzen zuten, baina garrantzi gutxiagokoak beraiek erabakitzen zituzten.
27 Ondoren, Moisesek azken agurra egin zion bere aitaginarrebari, eta hau bere herrialdera itzuli zen.
19. atala
aldatu1 Egiptotik atera eta hirugarren hila bete zen egunean iritsi ziren israeldarrak Sinai basamortura.
2 Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren, eta han ezarri zuten kanpalekua, mendiaren
aurrez aurre.
3 Moises mendira igo zen Jainkoarengana.
Jaunak menditik dei egin eta esan zion: «Mintza zakizkie Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazi hau:
4 Ikusi duzue zer egin diedan egiptoarrei, eta nola, arranoak bere kumeak hegaletan bezala hartuz, niregana ekarri zaituztedan.
5 Beraz, nire esana betetzen baduzue eta nire ituna gordetzen, zuek izango zaituztet herri guztien artean neure jabego berezia, nirea baita lur osoa;
6 apaiz-erreinuizango zaituztet, niri sagaraturiko herri. Hau da israeldarrei esango diezuna».
7 Joan zen Moises eta, herri-arduradunei dei eginik, Jaunak agindu guztia adierazi zien. 8 Orduan, herriak aho batez erantzun zuen: «Jaunak agindu guztia beteko dugu».
Herriaren erantzuna Jaunari eramatera joan zen Moises. 9 Jaunak esan zion: «Hara, lainoitxi batean aurkeztuko natzaizu, herriak zurekin mintzatzen entzun diezadan eta aurrerantzean zuregan ere sinets dezan».
Moisesek Jaunari jakinarazi zion herriaren erantzuna.
10 Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz eta garbikuntza egin dezala herriak gaur eta bihar: garbi ditzatela arropak
11 eta egon daitezela prest etzirako, orduan jaitsiko bainaiz ni, Jaun hau, Sinai mendira, herri osoaren aurrean.
12 Ezarri mugak mendi inguruan eta esaiozu herriari ez igotzeko mendira, ezta hurbildu ere maldara: mendira hurbiltzen denak heriotza-zigorra izango du.
13 Gizaki nahiz abere, ez da inor bizirik geldituko. Baina ez dio inork errudunari eskua erantsiko, baizik eta harriz edo geziz hilko dute. Turuta jotzean soilik igo ahal izango dira batzuk
mendira».
14 Jaitsi zen Moises menditik, eta garbikuntza eginarazi eta arropa garbiarazi zien israeldarrei. 15 Eta esan zien: «Egon zaitezte gertu etzirako. Bitartean ez zaitezte hurbil zeuen emazteengana».
16 Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximista, laino itxia eta turuta-hots ozena izan ziren mendi gainean. Beldur-ikaraz gelditu zen herri osoa kanpalekuan.
17 Orduan, Moisesek herria kanpalekutik aterarazi zuen Jainkoarekin aurkitzeko, eta mendi barrenean gelditu ziren. 18 Sinai mendi osoa ketan zegoen, su artean jaitsia baitzen Jauna. Labetik bezala igotzen zen kea eta mendi guztia zegoen dardara batean. 19 Gero eta ozenagoa zen turuta-hotsa: Moises mintzatu eta Jainkoak trumoi-hotsez erantzuten zion.
20 Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi eta bertara dei egin zion Moisesi. Igo zen Moises,
21 eta Jaunak esan zion:
–Jaitsi eta ohartarazi herriari, ez dadila ni ikusten ahalegindu, asko eta asko hilik eror ez daitezen.
22 Niregana hurbil daitezkeen apaizek beraiek ere egin dezatela garbikuntza, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.
23 Moisesek esan zion Jaunari:
–Herria ez da ausartuko Sinai mendira igotzera, zuk zeuk ohartarazi baitiguzu eta agindu mendiari mugak ezartzeko eta sakratutzat hartzeko.
24 Baina Jaunak esan zion:
–Jaits zaitez eta igo berriro Aaronekin. Baina apaizak eta herria ez daitezela ahalegin niregana igotzen, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.
25 Jaitsi zen Moises eta israeldarrei hitz egin zien.
20. atala
aldatu1 Jainkoak hitz hauek esan zituen:
2 «Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.
3 «Ez izan ni beste jainkorik.
4 «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik.
5 Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra
bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere;
6 baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.
7 «Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.
8 «Gogoan izan larunbata, Jaunari sagaratzeko. 9 Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko; 10 baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere. 11 Zeren sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak, itsasoa eta berorietan bizi den guztia, eta zazpigarren egunean atseden hartu baitzuen. Horregatik, larunbata bedeinkatu egin zuen Jaunak eta egun sakratutzat ezarri.
12 «Ohoratu aita-amak, luzaro bizi zaitezen, Jaunak, zeure Jainkoak, ematen dizun lurraldean.
13 «Ez hil inor.
14 «Ez egin adulteriorik.
15 «Ez ostu.
16 «Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.
17 «Ez gutiziatu lagun hurkoarenik ezer: ez haren emazterik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik, eta ez beste ezertxo ere».
18 Herri osoak sumatzen zituen trumoi eta tximistak, turuta-hotsak eta mendia ketan, eta, beldurrez dar-dar, urrutian zeuden geldi.
19 Esan zioten, bada, Moisesi:
–Hitz egizu zuk eta adituko dizugu; baina ez diezagula Jainkoak hitz egin, hil ez gaitezen.
20 Moisesek erantzun zien:
–Ez izan beldur! Jauna zuek probatzera etorri da, berari begirune izanik, bekatu egin ez dezazuen.
21 Herria urruti gelditu zen, eta Moises Jainkoa zegoen laino beltzera hurbildu zen.
22 Jaunak esan zion Moisesi:
«Esan israeldarrei: Zeuek ikusi duzue nola mintzatu natzaizuen zerutik.
23 «Ez iezadazue egin, ez zilarrezko, ez urrezko idolorik.
24 «Egidazue buztinezko aldare bat, eta eskaini bertan zeuen ardi eta idiak erre-opari eta elkartasun-oparitzat; ni gurtzeko adieraziko dizkizuedan leku guztietan, han izango nauzue eta bedeinkatuko zaituztet.
25 «Harrizko aldarerik egiten badidazue, ez egin harlanduz; zizelez landua izanez gero, profanatua geldituko
litzateke eta.
26 «Ez egin mailadirik ene aldarera, hara igotzean zeure lotsariak agerian jar ez ditzazun».
21. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi:
«Lege hauek emango dizkiezu israeldarrei:
2 «Esklabo hebrearra erosten baduzue, sei urtez lan egingo du zuentzat, baina zazpigarrenean libre geldituko da, ezer ordaindu gabe. 3 Bakarrik etorri bazen, bakarrik joango da; emazterik bazuen, emazte eta guzti joango da; 4 nagusiak eman badio emaztea, eta honek seme-alabak sortu, emaztea eta seme-alabak nagusiarenak dira, eta esklaboa bakarrik joango da. 5 Baina esklaboak adierazten badu, nagusia, emaztea eta seme-alabak maite dituela, eta ez duela libre gelditu nahi, 6 nagusiak Jainkoaren aitzinera eramango du, atera edo ate-uztaira hurbilaraziko eta ziri batez belarria zulatuko dio. Eta esklabo izango du betiko.
7 «Norbaitek bere alaba esklabotzat saltzen badu, ez da libre geldituko beste esklaboen erara. 8 Nagusiak, bere asmoaren kontra, emaztetzat hartzen ez badu, atsegin ez duelako, ez du haren berrerospena galaraziko; dena den, ez du atzerritarrei saltzeko eskubiderik, iruzur egingo lioke eta. 9 Bere semeari emaztetzat ematen badio, alaba bati dagokionez hartuko du. 10 Beste emazteren bat hartzen badu, ezin izango dio lehenengoari kendu, ez janaririk, ez arroparik, ezta ezkontza-bizikidetzarik ere. 11 Ez badizkio ematen, emaztea libre geldi daiteke, ezer ordaindu gabe.
12 «Norbait jo eta hiltzen duenak heriotza-zigorra izango du. 13 Baina nahi gabe egin badu eta halabeharrez, neuk adieraziko diot zein lekutan babes daitekeen. 14 Aitzitik, lagun hurkoarekin haserre egon eta maltzurkeriaz hiltzen duena, nire aldare ondoan babesten bada ere, handik hartu eta heriotzara emango duzue.
15 «Aita nahiz ama jotzen duenak heriotza-zigorra izango du.
16 «Norbait bahitzen duenak, nahiz dagoeneko saldua izan, nahiz oraino berekin izan, heriotza-zigorra izango du.
17 «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.
18 «Gizon biren arteko haserrealdian, batak bestea harriz nahiz ukabilez jo eta oheratu beharrean uzten badu, baina hil gabe,
19 baldin zauritua gero jaiki eta makuluaren laguntzaz kalera irteten bada, errugabetzat emango dute erasotzailea; ez dago behartua sendaketaren eta geldi egonaren ordaina ematera besterik.
20 «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, makilaz jotzen badu eta bat-batean hiltzen, erruduntzat emango dute. 21 Baina egun bat edo bi bizirik irauten badu, ez dute kondenatuko, berea baitzuen esklaboa.
22 «Gizonezko bi haserre ari direla, emakume haurdun bat jo eta honek haurra galtzen badu, beste inolako okerrik gabe, errudunak haren senarrak ezarritako ordaina emango du, epaileen erabakiaren arabera. 23 Baina bestelako okerrik gertatzen bada, bizia eman beharko du biziaren ordain, 24 begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain, 25 erredura erreduraren ordain, zauria zauriaren ordain, kolpea kolpearen ordain.
26 «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, begian jotzen badu eta begia hondatzen, libre utziko du hondatutako begiaren ordain. 27 Hortz bat hausten badio, libre utziko du hortzaren ordain.
28 «Idi batek gizaseme nahiz emakumeren bat adarkatzen badu eta hiltzen, harrika hilko dute eta haren okelarik ez dute jango; baina idiaren jabea errugabetzat emango dute. 29 Alabaina, idiak lehen ere adarkatzen bazuen eta, jabeak, jakinaren gainean egon arren, zaindu ez duelarik, idi horrek norbait, gizaseme nahiz emakume, hiltzen badu, harrika hilko dute, eta jabea ere heriotzara emango. 30 Heriotzatik askatzeko jaregite-saria ezartzen badiote, eskatutako guztia eman beharko du biziaren ordain.
31 Lege berak balio du adarkatua neskatxa nahiz mutikoa bada ere. 32 Adarkatua esklaboa bada, harrika hilko dute idia, eta esklaboaren jabeari zilarrezko hogeita hamar txanpon ordainduko dizkiote.
33 «Norbaitek putzua irekia utzi edota, egin ondoren, estali gabe uzten badu, eta idia zein astoa bertara erortzen bada, 34 dirutan ordainduko dio aberearen jabeari, baina hildako aberea beretzat har dezake.
35 «Norbaiten idiak beste batena adarkatzen badu eta hiltzen, idi bizia saldu egingo dute, jasotako dirua eta hildako idiaren okela erdibanatuz. 36 Baina idia adarkaria zela jakin eta jabeak zaindu ez badu, hildako idiaren jabeari idi bizia emango dio hildakoaren ordain, berak hildakoa hartuz.
37 «Norbaitek idia nahiz ardia ostu eta hil edo saltzen badu, bost idi eman beharko ditu idiaren ordain eta lau ardi ardiaren ordain.
22. atala
aldatu1 «Gauez etxea zulatzen harrapatu eta lapurra jo eta hiltzen duena ez da hilketaren errudun. 2 Baina gauza bera egun-argitan gertatuz gero, hilketaren errudun da hiltzailea. «Ostu duen guztia ordaindu beharko du lapurrak; nola ordaindurik ez badu, bera salduko dute lapurtu duenaren ordain. 3 Ostutako aberea –idi, asto nahiz ardi– bere eskumende eta bizirik aurkitzen badiote, bi halako ordainduko du.
4 «Norbaitek bere abereak sorora nahiz mahastira larratzera atera eta beste baten soroan larratzen uzten baditu, bere soro nahiz mahastiko emaitzarik hoberenez ordainduko du.
5 «Norbaitek sua egiten badu eta suak, sasitan zabalduz, gari metatua, gari heldua nahiz erein berria erretzen badu, egindako kalteak ordainduko ditu.
6 «Norbaitek beste bati dirua nahiz beste gauzaren bat gordetzeko utzi eta honi etxetik osten badiote, lapurrak bi halako ordainduko du, aurkitzen badute;
7 aurkitzen ez badute, berriz, etxeko nagusia Jainkoaren aurrera
aurkeztuko da, eta bere lagunaren ondasunik ez duela ukitu aitortuko.
8 «Jabegoari buruzko auzietan, norbaitek idi, asto, ardi, arropa nahiz desagertua zen beste edozein gauza berea dela aitortzen badu, auzia Jainkoari aurkeztuko zaio, eta Jainkoak errudun aitortzen duenak bi halako ordainduko dio besteari.
9 «Norbaitek asto, idi, ardi nahiz beste abereren bat beste bati zaintzeko utzi, eta aberea hila, zauritua edo lapurtua gertatzen bada, eta inork ikusi ez, 10 hartzaileak Jaunaren izenean zin egingo dio jabeari, berari utzitakoa ez duela ukitu aitortuz. Jabeak haren zin-hitza onartuko du, eta hark ez du ordaindu beharrik izango. 11 Baina bere begi-bistan ostu badiote, ordaindu egin beharko dio jabeari. 12 Piztiaren batek sarraskitu badu, hala gertatu delakoaren frogak aurkeztuko ditu, eta ez du ordaindu beharrik izango.
13 «Norbaitek beste bati aberea uzteko eskatu, eta aberea zauritua edo hila gertatzen bada, jabea bertan ez bazen, ordaindu egin beharko dio kaltea; 14 jabea bertan bazen, berriz, ez du ordaindu beharrik izango. Baldin aberea alokatua badu, alokairu-saria bakarrik emango dio».
15 «Ezkontza-hitza eman gabeko neskatxa norbaitek liluratzen badu eta harekin oheratzen, dotea eman eta emaztetzat hartu beharko du. 16 Neskatxaren aitak emaztetzat eman nahi ez badio, berriz, neska birjinei dagokien dotea eman beharko du.
17 «Ez utzi sorginik bizirik.
18 «Abereekin haragizko bekatua egiten duenak heriotza-zigorra izango du.
19 «Jauna ez beste jainkoren bati sakrifizioak eskaintzen dizkiona erabat suntsitua izango da.
20 «Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.
21 «Ez erabili gaizki alarguntsak eta umezurtzak; 22 zeren, gaizki erabiltzen badituzue, haiek niregana laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo baitiet: 23 haserre bizitan jarriko naiz eta gerraz hilko zaituztet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun eta zuen seme-alabak umezurtz.
24 «Zuekin bizi den nire herriko dohakaberen bati dirua maileguz ematen badiozue, ez izan zeken berarekin, ez ezarri interesik.
25 «Soingainekoa hartzen badiozue bahituran, itzuli eguzkia sartzerako, 26 ez baitu hori beste estalkirik. Zerekin babestuko da, bestela, etzaterakoan? Laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo diot, errukiorra bainaiz ni.
27 «Ez iraindu Jainkoa, ezta madarikatu herriko buruzagia ere.
28 «Egin luzatu gabe uzta guztien eta ardoaren eskaintza. «Sagaratu niri zeuen lehen-semea, 29 baita zeuen behi eta ardien lehen-kumeak ere. Zazpi egunez amarekin geldituko dira, baina zortzigarrenean niri sagaratuko dizkidazue.
30 «Niri sagaraturiko pertsonak behar duzue izan. «Ez jan piztiek oihanean sarraskituriko abereen okelarik; zakurrei botako diezue.
23. atala
aldatu1 «Ez zabaldu funsgabeko esamesarik; ez atera gaiztoaren alde, zuzengabeko testigantza eginez.
2 Ez jarraitu gehiengoari, gaiztakeria egiteko. Auzian testigantza egitean, ez hautsi zuzenbidea, ez gehiengoari men egiteagatik, 3 ezta behartsuari mesede egiteagatik ere.
4 «Zuen etsaiak galduriko idia nahiz astoa aurkitzen baduzue, itzul iezaiozue. 5 Ez utzi laguntzarik gabe gorroto dizuena; haren astoa zamapean erorita ikusten baduzue, ez ukatu zeuen laguntza, lagundu zamapetik ateratzen.
6 «Ez ukatu auzian behartsuei eskubiderik.
7 «Urrundu zeuengandik gezurrezko salakuntzak: ez eman heriotzara errugabea eta zintzoa, nik ez baitut errugabe aitortuko horrelako gaiztakeria egiten duenik.
8 «Ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona argiak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia.
9 «Ez zapaldu etorkina, ongi dakizue-eta zer den etorkin izatea, zeuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.
10 «Sei urtez ereingo duzue zeuen lurrean eta bilduko uzta, 11 baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin.
12 «Sei egunez egingo dituzue zeuen eginbeharrak, baina zazpigarrenean atseden hartuko duzue; horrela, zuen idi eta astoek ere atseden hartu ahal izango dute, eta zuen esklaboa eta etorkina indarberritu egingo dira.
13 «Bete nik esandako guztia; ez diezue beste jainkoei otoitz egingo, ez aipatuko ere haien izenik.
14 «Ospatu hiru jaiurtean nire omenez.
15 «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia; nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik azalduko.
16 «Halaber, ospatu uzta-jaia, soroan erein duzuenaren lehen fruituena; baita urteburuko uzta-biltzearena
ere, zeuen soroetako lanaren fruituak biltzen dituzuenekoa.
17 «Beraz, urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jainko Jaunaren aurrera.
18 «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako nire festan eskainitako abereen gantzak.
19 «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera. «Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan.
20 «Hara, neure aingerua bidaltzen dizuet gidari, bidean zain zaitzaten eta prestatu dizuedan lekura eraman. 21 Izan begirune berari eta ibili haren esanera; ez jarri aurka, ez baitizue desobeditzerik jasango, nire izenean ari denez. 22 Nire esana egiten baduzue, ordea, eta nik agindu guztia betetzen, zeuen etsaien etsai eta aurkakoen aurkako izango nauzue.
23 «Nire aingerua joango zaizue gidari, eta amortar, hitita, periztar, kanaandar, hibiar eta jebustarren lurraldera eramango zaituzte: herri guztiok desegingo ditut. 24 Ez jokatu haiek bezala; ez ahuspeztu haien jainkoen aurrean, ezta gurtu ere; aitzitik, erabat suntsitu eta xehatuko dituzue haien zutarri sakratuak.
25 «Gurtu ni, Jauna, zeuen Jainkoa, eta zuen ogia eta ura bedeinkatuko ditut eta gaixotasuna zuengandik aldenduko; 26 ez da zuen herrian emakume agorrik izango, ezta umea galduko duenik ere; zuetako inor ez da garaia baino lehen hilko.
27 «Neure izu-ikara hedatuko dut eta nahasmendua sortuko herrietan zuek haietan sartzean, eta zuen etsai guztiak ihesi jarriko.
28 Liztortzarrak bidaliko dizkizuet aurretik, hibiar, kanaandar eta hititak uxa ditzaten. 29 «Ez ditut, hala ere, urte bakar batean botako, herrialde haiek eremu bihurtu eta basapiztiak ugal ez daitezen zuen kalterako. 30 Ezari-ezarian botako ditut zuen aurretik, lurralde hartaz jabetzeko adina zuek ugaldu arte.
31 «Zuen lurraldea Itsaso Gorritik Mediterraneoraino hedatuko dut, eta Sinai basamortutik Eufrates ibairaino. Lurralde hartako biztanleak eskumende jarriko dizkizuet, eta zuek bota egingo dituzue. 32 Ez egin hitzarmenik haiekin, ezta haien jainkoekin ere. 33 Ez utzi haiei zuen lurraldean bizitzen, nire aurka bekatu egitera eraman ez zaitzaten; bada, haien jainkoak gurtuko zenituzkete zeuen galbiderako».
24. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Igo niregana Aaron eta biok, Nadab, Abihu eta Israelgo arduradunetako hirurogeita hamarrekin batera, eta, urruti samar geldituz, jar zaitezte ahuspez.
2 Zu bakarrik hurbilduko zara niregana; gainerakoak, ez; herria, berriz, ez da igoko zurekin».
3 Jaunak esana eta erabakia adierazi zizkion Moisesek herriari, eta honek erantzun zion aho batez: «Jaunak esandako guztia egingo dugu».
4 Moisesek idatzi egin zuen Jaunak esandakoa. Biharamunean, goizean goiz jaikirik, aldarea eraiki zuen mendi barrenean, eta hamabi zutarri ere bai Israelgo hamabi leinuen izenean.
5 Ondoren, zezenak hil eta Jaunari erre-opari eta elkartasun-oparitzat eskaintzeko agindu zien israeldar gazte batzuei.
6 Moisesek odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini zuen, eta beste erdia aldarera isuri. 7 Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri zion. Herriak erantzun zuen: «Onartuko dugu eta beteko Jaunak esandako guztia».
8 Moisesek odola hartu eta herriaren gain zirtatu zuen, esanez: «Odol hau da xedapen hauen guztien arabera Jaunak zuekin egin duen itunaren ezaugarria».
9 Moises mendira igo zen, Aaron, Nadab, Abihu eta Israelgo arduradunetako hirurogeita hamarrekin. 10 Han Israelen Jainkoa ikusi zuten: oinazpian zafirozko solairua bezalakoa zuen, zeru-sabaia bezain gardena. 11 Israelgo buruzagiek kalterik jasan gabe ikusi ahal izan zuten Jainkoa; gero, otordua egin zuten haren aurrean.
12 Jaunak esan zion Moisesi: «Igo mendira niregana, eta zaude han: harlauzak emango dizkizut eta haietan idatziko israeldarrei irakatsi behar dizkiezun lege eta aginduak».
13 Jaiki eta Jainkoaren mendira igo zen Moises, Josue bere laguntzailearekin. 14 Herri-arduradunei esan zien: «Itxaron hemen gu itzuli arte. Hor dituzue Aaron eta Hur; inork arazorik balu, jo dezala horiengana». 15 Ondoren, mendira igo zen Moises. Lainoak mendia estali zuen, 16 eta Jauna, aintzaz beterik, Sinai mendian kokatu zen. Sei egunez estali zuen lainoak mendia; zazpigarrenean Jaunak dei egin zion Moisesi lainotik.
17 Jaunaren aintza su kiskalgarria bailitzan agertzen zitzaien israeldarrei mendi-gailurrean. 18 Mendira igo eta lainora sartu zen Moises. Berrogei egun eta berrogei gau egin zituen mendian.
25. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei niri oparia ekartzeko. Bildu oparia, emateko borondatea dutenen artean. 3 Hona hemen bildu behar duzuena: urrea, zilarra eta brontzea, 4 purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, 5 gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura, 6 argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzako usainkiak, 7 apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize eta beste harribitxiak. 8 Eraiki iezadazue santutegia, zuen artean bizi nadin. 9 Neuk erakutsiko dizut nola egin nire egoitza eta bertako hornidura guztia; egizue zehatz-mehatz erakutsiko dizudan ereduaren arabera.
10 «Egin akazia-zurezko kutxa: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora izango da.
11 Urreztatu urre garbiz barne eta kanpoaldeak, eta ezarri urrezko hegala inguru guztian. 12 Urtu urrezko lau eraztun eta ezarri kutxaren lau oinetan, bi eraztun albo batean eta bi bestean. 13 Egin akazia-zurezko hagak, urreztatu, 14 eta sarrarazi kutxaren bi alboetako eraztunetan, kutxa eraman ahal izateko; 15 utzi hagak eraztunetan sarturik, atera gabe. 16 Emango dizudan itun-agiria kutxan ezarriko duzu.
17 «Egin urre garbizko estalkia: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal izango da. 18 Estalkiaren bi ertzetan, bi izaki hegaldun egingo dituzu, urretan landuak, 19 bata ertz batean, bestea bestean; gorputz bat bera egingo dute estalkiarekin. 20 Hegoak zabalik edukiko dituzte estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru egongo dira, estalkiari begira. 21 Ezarri estalkia kutxaren gainean, eta ipini nik emango dizudan itun-agiria kutxaren barruan. 22 Han elkartuko natzaizu; estalkiaren gainetik, itun-kutxaren gaineko izaki hegaldunen artetik, mintzatuko natzaizu, israeldarrei emango dizkiezun aginduak jakinarazteko.
23 «Egin akazia-zurezko mahaia: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora izango da.
24 Urreztatu urre garbiz, eta ezarri urrezko hegala inguru guztian.
25 Hornitu zortzi zentimetro zabaleko uztai batez, eta egin urrezko ertza uztaiari.
26 Egin urrezko lau eraztun eta erantsi lau oinen ertzetan,
27 uztaiari atxikiz; sartu hagak haietan, mahaia eramateko eran.
28 Egin akazia-zurez eta urreztatu mahaia eramateko hagak.
29 Egin azpilak, erretiluak, pitxerrak eta katiluak, isur-oparietarako; guztiok urre garbiz egingo dituzu.
30 Ezarri mahaian niri eskainiriko ogia; ezin faltako da sekula nire aurrean.
31 «Egin urre garbizko argimutila, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek
gorputz bat bera egingo dute;
32 bi alboetatik sei beso aterako zaizkio, hiruna beso albo bakoitzetik.
33 Argimutilaren gerritik ateratzen diren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti;
34 gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti.
35 Argimutilaren gerritik ateratzen diren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa izango du behealdean.
36 Beso eta kopek gorputz bat bera egingo dute argimutilarekin; guztia urre garbiz landua izango da.
37 «Egin zazpi kriseilu eta ezarri argi-mutilaren gainean, piztean aurrealdea argi dezaten. 38 Su-hatzak eta errautsontziak urre garbizkoak izango dira. 39 Hogeita hamabost kilo urre garbi erabiliko dute argimutila eta hornigaiak egiteko. 40 Izan arreta, guztia mendian erakutsi zaizun ereduaren arabera egiteko.
26. atala
aldatu1 «Egin egoitza liho-hari bihurrituz eta purpura more, gorri eta gorriminez eginiko hamar zapiz, eta bordatu horietan apain izaki hegaldunak.
2 Zapi guztiak neurri berekoak izango dira: hamalau metro luze eta bi metro zabal. 3 Josi zapiak elkarri bosnako bi sailetan, 4 eta ipini purpura morezko lokarriak bi zapi-sailen ertzetan: 5 berrogeita hamar lokarri ertz bakoitzean, alde batekoak bestekoei egokituz. 6 Egin urrezko berrogeita hamar katigailu ere, zapi-sail bat besteari lotzeko, egoitza osoak bata egin dezan.
7 «Egin ahuntz-ilezko beste hamaika zapi, egoitza estaliko duen oihal-etxola eratzeko. 8 Zapi guztiok neurri berekoak izango dira: hamabost metro luze eta bi metro zabal. 9 Josi zapiak elkarri, bost alde batetik eta sei bestetik; seigarren zapia tolestaturik jarriko duzu oihal-etxolaren aurrealdean. 10 Ipini gero berrogeita hamar lokarri elkarri jositako sail bakoitzaren ertzean. 11 Egin brontzezko berrogeita hamar katigailu ere, eta erantsi lokarriei, oihal-etxola osoak bat egin dezan. 12 Oihal-etxolako zapiak handiagoak direnez, gehiegizkoa duten erdia egoitzaren atzetik zintzilik geldituko da. 13 Zabalean sobera dutena bi alboetatik zintzilik geldituko da –metro erdia alde bakoitzetik–, egoitza estaltzeko. 14 Egin bi estaldura oihal-etxolarako: bata gorriz tindaturiko ahari-larruzkoa, eta honen gainetik bestea, larru finezkoa.
15 «Egin akazia-zurezko oholak egoitzarako eta jarri tente: 16 ohol bakoitza bost metro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal izango da; 17 bi mingain izango ditu bakoitzak, ondokoarekin elkartzeko. Horrelakoak egingo dituzu egoitzarako ohol guztiak. 18 Hauetatik hogei hegoaldera jarriko dituzu, 19 azpian zilarrezko berrogei oin dituztela: ohol bakoitzak bi oin beste horrenbeste mingainentzat. 20 Egoitzaren beste aldera, iparraldera, beste hogei ohol jarriko dituzu, 21 azpian zilarrezko berrogei oin dituztela, ohol bakoitzeko bi oin. 22 Egoitzaren atzealdera, mendebaldera, jarri sei ohol, 23 eta beste bi atzealdeko kantoietarako. 24 Ohol hauek behealdean bereiz jarriko dituzu eta gainaldean, lehenengo eraztunaren parean, ongi lotuak. Egin honela bi kantoietarako bi oholak ere. 25 Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin izango dituzte, ohol bakoitzeko bi oin.
26 «Egin akazia-zurezko bost zehar-egur egoitzaren alde bateko oholentzat, 27 bost beste aldeko oholentzat eta beste bost atzealdeko, hau da, mendebaldeko, oholentzat. 28 Erdiko zehar-egurrak alderik alde erditik zeharkatuko ditu oholak. 29 Urreztatu oholak eta zehar-egurrak, eta egin urrezko eraztunak, hauetatik zehar-egurrak pasarazteko. 30 Eraiki egoitza, mendian erakutsi zaizun ereduaren arabera.
31 «Egin errezela, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz ehundua, eta bordatu bertan apain bi izaki hegaldun. 32 Zintzilikatu urrezko lau kakotatik lau zutabeetan: urreztatu zutabeak eta ezarri zilarrezko lau oinen gainean. 33 Zintzilikatu errezela zapien katigailuen pean, eta sartu haren atzean itun-kutxa. Errezelak bereiziko ditu toki santua eta toki santu-santua. 34 Ondoren, ezarri itun-kutxaren gaineko estalkia toki santu-santuan. 35 Ipini mahaia errezelaren aurrealdean, egoitzaren iparraldera, eta argimutila mahaiaren parean, hegoaldera.
36 «Egin etxolaren sarrerarako oihala, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain ehundua. 37 Egin sarrerako oihalarentzat akazia-zurezko bost zutabe; urreztatu zutabeak, hornitu urrezko kakoz, eta urtu brontzezko bost oin zutabeontzat.
27. atala
aldatu1 «Egin akazia-zurezko aldarea, karratua: bi metro eta erdi luze-zabal eta metro eta erdi gora. 2 Egin lau adar lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera eginez; estali brontzez aldarea. 3 Egin txingar-ontzi, pala, isipu-ontzi, sardexka eta errautsontziak; tresna guztiok brontzez eginen dituzu. 4 Egin brontzezko sare bat eta erantsi brontzezko lau eraztun sarearen lau izkinei. 5 Ipini sarea aldare-ertzaren azpian, aldare erdiraino jaisten delarik. 6 Egin akazia-zurezko hagak aldarerako eta estali brontzez; 7 eraztunetatik sarturik, jarri aldare-alboetan, aldarea eramateko. 8 Oholez egingo duzu aldarea, barrua hutsik; mendian erakutsi zaizuna bezalakoa egingo duzu.
9 «Egin ataria egoitzari. Hegoaldetik, liho-hari bihurrituzko oihalak izango ditu, berrogeita hamar metro luzekoak.
10 Hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak izango dira; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak.
11 Halaber, iparraldetik, beste berrogeita hamar metroko luzeran, oihalak egingo dituzu, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin dituztela; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak izango dira.
12 Mendebaldetik, atariaren zabaleran, hogeita bost metro oihal izango dira, hogei zutabe eta hogei oin dituztela.
13 Ekialdetik, ataria hogeita hamabost metro zabal izango da:
14 sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal izango ditu, hiru zutabe eta hiru oinekin,
15 eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin;
16 atariaren sarrerak hamar metro oihal izango ditu, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain ehunduak, lau zutabe eta lau oinekin.
17 Atari inguruko zutabe guztiek zilarrezko ziri eta kakoak izango dituzte, eta brontzezko oinak.
18 Ataria berrogeita hamar metro luze eta hogeita bost metro zabal izango da alde bakoitzetik, eta bi metro eta erdi gora. Oihalak liho-hari bihurrituzkoak izango dira, eta oinak brontzezkoak.
19 Egoitzaren kultu-hornigai guztiak, bertako hesolak eta atarikoak, brontzezkoak izango dira.
20 «Agindu israeldarrei oliba-olio garbi eta birfindua ekartzeko, kriseiluak beti pizturik egon daitezen 21 elkarketa-etxolan, itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpo. Aaron eta beronen semeak arduratuko dira horietaz, gau osoan izioturik iraun dezaten Jaunaren aurrean. Betiko legea izango da hau israeldarrentzat belaunez belaun.
28. atala
aldatu1 «Aukera itzazu israeldarren artetik zeure anaia Aaron eta beronen seme Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar, nire apaiz izateko.
2 Egin zeure anaia Aaronentzat jantzi sakratuak, apaizgoaren duintasuna adierazteko.
3 Eman argibideak trebetasunez hornitu ditudan artisauei, Aaronen jantziak egin ditzaten nik apaiz sagaratzeko.
4 Hona hemen egin behar dituzten jantziak: bularrekoa, efoda, mantua, tunika bordatua, buruzapia eta gerrikoa. Horiek dira zure anaia Aaronek eta beronen semeek nire apaiz izateko behar dituzten jantzi sakratuak.
5 Jantziok egiteko, urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua erabiliko dituzte.
6 «Efoda, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordaturik egingo dute. 7 Bi sorbalda-babeski izango ditu, bi ertzetatik lotzeko. 8 Ertzak lotzeko xingola efodari atxikia egongo da, eta urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egina. 9 Hartu gero bi onize harri eta zizelkatu haietan Israelen hamabi semeen izenak, 10 zaharrenetik gazteenera, sei izen harri batean eta sei bestean. 11 Zizelkatu bi harrietan Israelgo leinuen izenak, zilarginak zigiluak zizelkatzen dituen eran, sartu urre-begietan 12 eta ipini efodaren sorbalda-babeskietan. Honela, israeldarren izenak oroigarri gisa eramango ditu Aaronek Jaunaren aurrera. 13 Urre-harizko apaingarriak eginen dituzu 14 eta urre garbizko bi katetxo, soka bihurrituen erara, eta katetxoak urre-harizko apaingarrietan ezarriko.
15 «Epaiketarako bularrekoa artelanez egingo duzu, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua.
16 Bitan tolestatua izango da eta karratua, hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal.
17 Harribitxiz estaliko duzu, harribitxiok lau errenkadatan lerroturik: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda;
18 bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa;
19 hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista,
20 eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartuko dituzu.
21 Hamabi izan behar dute, hamabi baitira Israelgo leinuak; harri bakoitzean izen bat zizelkatuko duzu, zigiluen erara.
22 Bularrekoari urre garbizko katetxoak soka bihurrituen antzera egingo dizkiozu. 23 Egin urrezko bi eraztun ere eta erantsi bularrekoaren bi ertzei. 24 Katigatu ondoren urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan, 25 eta itsatsi katetxoen muturrak bi urre-harizko apaingarriei, eta lotu efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik. 26 Egin urrezko beste bi eraztun eta erantsi bularrekoaren beste bi muturrei, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik. 27 Egin urrezko bi eraztun gehiago eta ipini efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, efodaren xingola baino goraxeago. 28 Honela, bularrekoaren eraztunak efodarenei lotuko zaizkie purpura morezko lokarriz, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia. 29 Aaronek, epaiketarako bularrekoan idatziriko israeldarren izenak, bular gainean eramango ditu santutegian sartzean, eta Jaunak beti gogoan izango dituela adieraziko du horrek. 30 Ipini epaiketarako bularrekoaren barruan “Urim” eta “Tumim” epaigailuak; Aaronek bular gainean eramango ditu, Jaunaren aurrera aurkeztean. Honela, Aaronek beti eramango ditu bular gainean, Jaunaren aurrean, Israelgo semeek Jaunaren nahia ezagutzeko dituzten tresna horiek.
31 «Efodaren azpiko mantua purpura morez egingo duzu; 32 erdian zuloa izango du buruarentzat, eta zuloaren inguru-ertza ehun gogorrezkoa egingo diozu, bular-oskola bezain urraezina. 33 Apaindu mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadez, ertzaren inguru guztian urrezko txilinak tartekatuz: 34 txilinak eta granadak txandaka. 35 Aaronek soinean eramango du mantu hori apaiz-zerbitzua betetzean; santutegian Jaunaren aurrera sartzean eta handik ateratzean, txilin-hotsa adituko da; horrela, ez da hilko.
36 «Urre garbizko xafla egingo duzu eta, zigilu batean bezala, hitz hauek zizelkatuko bertan: “Jaunari sagaratua”;
37 ezarri xafla buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik.
38 Honela, Aaronek bekokian izango du beti, eta bere gain hartuko ditu israeldarrek Jainkoaren zerbitzuan, eskaintza sakratuak egitean, egin ditzaketen hutsak; xafla beti bekokian izango duenez, onartu egingo ditu Jaunak israeldarren eskaintzak.
39 «Apaiz-tunika liho finez bordatua egingo duzu, eta buruzapia ere liho finezkoa izango da; gerrikoa apain bordatua egingo duzu.
40 «Aaronen semeentzat ere apaiz-jantziak, gerrikoak eta kapelak egingo dituzu, apaizgoaren duintasuna adierazteko.
41 «Jantzi hauek ipiniko dizkiezu zeure anaia Aaroni eta beronen semeei eta, olioz gantzutuz, apaizgoa emango diezu; horrela, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko dituzu. 42 Egizkiezu lihozko galtzak ere, gerritik izterrerainokoak, biluztasuna estaltzeko.
43 Aaronek eta beronen semeek soinean eramango dituzte elkarketa-etxolara sartu eta santutegian apaiz-zerbitzua betetzeko aldarera hurbiltzean, hutsen bat egin eta hil ez daitezen. Betiko legea izango da hau Aaronentzat eta beronen ondorengoentzat.
29. atala
aldatu1 «Hona nola sagaratuko dituzun nire apaiz-zerbitzurako. Hartu akats gabeko zekor bat eta bi ahari; 2 egin gari-irin zuriz legamia gabeko ogiak, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko taloak, 3 eta ezarri saski batean; gero, aurkeztu saskia zekorrarekin eta bi ahariekin batera.
4 «Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolara, eta garbi daitezela urez. 5 Hartu apaiz-jantziak eta jantzi Aaroni tunika, mantua, efoda eta bularrekoa, eta lotu efoda xingolaz; 6 ezarri buruzapia eta, beroni itsatsia, xafla sakratua. 7 Hartu gero gantzuketa-olioa eta, hari burura isuriz, gantzutu egingo duzu. 8 Hurbilarazi Aaronen semeak ere; jantzi tunikak, 9 lotu gerrikoa –Aaroni eta beronen semeei– eta ezarri kapelak. Eta betiko izango dira apaiz. Honela emango diezu apaizgoa Aaroni eta beronen semeei.
10 «Ondoren, eraman zekorra elkarketa-etxolaren aurrera. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote. 11 Hil zekorra Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran. 12 Gero, hartu zekorraren odoletik, eta behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtziko dituzu. Gainerako odola aldare-oinean isuriko duzu. 13 Kendu hesteak, gibela eta giltzurrunak estaltzen dituen gantza, eta erre aldare gainean. 14 Zekorraren okela, larrua eta hondakinak kanpalekutik aparte erreko dituzu, bekatuaren barkamenerako sakrifizioa da eta.
15 «Ondoren, hartu aharietako bat. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote. 16 Hil aharia eta, haren odoletik harturik, aldare-ingurua zirtatuko duzu. 17 Gero, zatikatu aharia, garbitu haren heste eta hankak, eta jarri okela-zatien eta buruaren ondoan. 18 Guztia aldare gainean oso osorik erreko duzu, Jaunarentzat erre-opari gisa, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.
19 «Ondoren, hartu beste aharia. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote. 20 Hil aharia eta, haren odoletik harturik, igurtzi Aaronen eta beronen semeen eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak, eta isuri gainerako odola aldare inguruan. 21 Hartu aldare gaineko odoletik eta gantzuketa-oliotik, eta zipriztindu Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak. Honela, bai Aaron eta semeak, bai berauen jantziak, sagaraturik geldituko dira. 22 Hartu ahariaren buztaneko gantza, hesteen gainekoa eta gibela estaltzen duena, giltzurrunak eta itsatsirik daukaten gantza, eta eskuineko izterra; apaizen sagarapenerako aharia da hau. 23 Hartu gero Jaunaren aurrean dagoen legamia gabeko ogien saskitik ogi biribil bat, oliotan oraturiko opil bat eta talo bat; 24 ezarri dena Aaronen eta beronen semeen eskuetan, eta aurkez biezaiote Jaunari, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 25 Gero, hartu haien eskuetatik berriro eta erre dena aldarean, Jaunarentzat erre-opari gisa eskainitakoaren gainean, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia. 26 Hartu Aaronen sagarapenerako ahari honen bularra, eta aurkeztu Jaunari errituzko aurkezpen-keinua eginez. Hori izango da zuri dagokizun zatia. 27 Bereizi aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra Aaronentzat eta beronen semeentzat. 28 Horixe izango da betiko Aaronek eta beronen semeek israeldarrengandik jasoko duten zatia; hori gordeko diete israeldarrek, Jaunari eskaintzen dizkioten elkartasun-oparietatik hartuz.
29 «Aaronen arropa sakratuak beraren semeengana eskualdatuko dira, eta sagaratzean eta apaizgoa hartzean jantziko dituzte.
30 Zazpi egunez eramango ditu Aaroni karguan jarraituko dion semeak, kultu-zerbitzua santutegian betetzeko elkarketa-etxolara sartzean.
31 «Hartu gero sagarapeneko aharia eta egosi haren okela toki sakratuan. 32 Aaronek eta semeek elkarketa-etxolaren sarreran jango dituzte ahari-okela eta saskiko ogia. 33 Beraiek bakarrik jan ahal izango dute sagaratzerakoan eta apaizgoa hartzerakoan bekatuen barkamenerako erabilitakoa. Ezin izango du jan beste inork horretatik, gauza sakratuak dira eta. 34 Sagarapeneko okelarik edo ogirik biharamunerako gelditzen bada, erre egingo duzu; ez du inork jango, sakratua da eta.
35 «Egin, Jaunak agindu bezala, Aaroni eta beronen semeei dagokien hori guztia. Zazpi egun iraungo du apaizgoa emateko ohikuneak. 36 Egunean zekor bat eskainiko duzu bekatuen barkamen-oparitzat; aldarearen garbikuntza egingo duzu, barkamen-oparia bertan eskainiz, eta sagaratu egingo duzu, olioa isuriz. 37 Zazpi egunez egingo dituzu garbikuntza- eta sagarapen-ohikuneak; horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, eta hori ukitzen duena ere sakratu gertatuko da.
38 «Eguneroko oparitzat, urtebeteko bi arkume eskainiko dituzu aldarean: 39 goizean bata eta ilunabarrean bestea. 40 Lehenengoarekin batera, eskaini lau kilo irin zuri, litro bat olio garbiz oratua, eta isuri litro bat ardo. 41 Labore-opari eta isur-opari berdina egingo duzu ilunabarrean beste arkumearekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia. 42 Eguneroko erre-opari horiek belaunez belaun egingo dituzte Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, zurekin mintzatzeko elkartuko natzaizun lekuan. 43 Han elkartuko natzaie israeldarrei, eta leku hura nire aintzaz beteko dut eta sagaratuko. 44 Elkarketa-etxola eta aldarea sagaratuko ditut; baita Aaron eta beronen semeak ere, nire apaiz-zerbitzurako. 45 Israeldarren artean biziko naiz eta Jainko izango naute. 46 Honela jakingo dute Jauna naizela ni, beraien Jainkoa, eta beren artean bizitzeko atera nituela Egiptotik. Neu naiz Jauna, haien Jainkoa.
30. atala
aldatu1 «Egin akazia-zurezko aldarea intsentsua erretzeko, 2 karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egingo dute aldarearekin. 3 Estali urre garbiz gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta ezarri inguruan urrezko hegala. 4 Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarriko dizkiozu, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko. 5 Hagak akazia-zurez egingo dituzu eta urrez estaliko. 6 Ezarri gero aldarea itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpo, kutxaren gaineko estalki aurrean, hor elkartuko bainaiz zurekin. 7 Goizero, kriseiluak prest jartzean, intsentsu usaintsua erreko du Aaronek aldare honen gainean, 8 eta gauza bera ilunabarrean, kriseiluak piztean; etengabe erreko duzue intsentsua Jaunaren aurrean belaunez belaun. 9 Ez duzu aldare honen gainean horretarako intsentsua baizik eskainiko, ezta erre-oparirik, labore-oparirik nahiz isur-oparirik ere. 10 Urtean behin aldarearen garbikuntza egingo du Aaronek, bekatuen barkamenerako eskainitako sakrifizioaren odolaz aldare-ertzeko adarrak igurtziz. Urtean behin egingo duzue hau belaunez belaun. Horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, Jaunari sagaratua».
11 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 12 «Israeldarren errolda egitean, haietariko bakoitzak zerga emango du Jaunarentzat bere biziaren ordain, erroldatzea dela-eta izurri hilgarririk gerta ez dadin. 13 Erroldatua den gizaseme orok bost gramo zilar ordainduko du Jaunarentzat, santutegian erabili ohi den pisu-neurriaren erdia. 14 Erroldatua den hogei urtez gorako gizaseme orok ordainduko du zerga hori Jaunarentzat. 15 Nork bere biziaren ordain Jaunarentzat zerga ematean, ez du aberatsak bost gramo baino gehiago ordainduko, ezta pobreak ere gutxiago. 16 Beraz, jaso ezazu israeldarrek beren biziaren ordain ematen duten zilarra, eta eman elkarketa-etxolako kultu-zerbitzurako. Honela, gogoan izango ditu Jaunak bai israeldarrak, bai berauek beren biziaren ordain emandako eskaintza».
17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18 «Egin uraska garbikuntzetarako; uraska eta beronen oina brontzezkoak izango dira. Ipini uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez.
19 Aaronek eta beronen semeek han garbituko dituzte esku-oinak.
20 Elkarketa-etxolan sartzean, esku-oinak garbituko dituzte, hil nahi ez badute; orobat, beren zerbitzua betetzeko, Jaunari opariak erretzeko, aldarera hurbiltzean.
21 Esku-oinak garbituko dituzte, beraz, hil nahi ez badute. Betiko lege izango da hau Aaronentzat eta beronen ondorengoentzat belaunez belaun».
22 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 23 «Hartu usainkirik bikainenak: sei kilo mirra isurkor, hiru kilo kanela eta beste hiru kilo kanabera usaintsu, 24 sei kilo kasia santutegiko pisu-neurriaren arabera, eta lau litro oliba-olio.
25 «Horrekin guztiarekin gantzuketa-olioa egingo duzu, lurringileak egiten duen bezala usainkiak nahasiz. Hori izango da sagarapenetarako gantzuketa-olioa. 26 Horrekin sagaratuko dituzu elkarketa-etxola, itun-kutxa, 27 mahaia bere tresnekin, argimutila bere tresnekin, intsentsu-aldarea, 28 erre-oparien aldarea bere tresnekin eta uraska bere oinarekin. 29 Sagaratu egingo dituzu eta guztiz sakratu bihurtuko dira, eta horiek ukitzen dituena ere sakratu gertatuko da. 30 Gantzutu Aaron eta beronen semeak, eta sagaratu nire apaiz-zerbitzurako.
31 «Esaiezu beste hau ere israeldarrei: Hau izango duzue sagarapenetarako gantzuketa-olioa belaunez belaun. 32 Ez isuri edonolako gizaseme arrunten gainera, ezta prestatu ere horren antzeko oliorik; olio sakratua baita eta bere izaera sakratuari dagokionez erabiltzekoa. 33 Horren antzeko oliorik prestatu eta gizaseme arruntaren gainera isurtzen duena, herritik bota egingo dute».
34 Jaunak esan zion Moisesi: «Hartu orotariko usainkiak, neurri bera bakoitzetik: erretxina, anbarra, galbanoa eta intsentsu
garbia;
35 horiek guztiak lurringileak egiten duen bezala nahasiz eta gatza erantsiz, prestatu intsentsu garbi eta sakratua.
36 Egin hartatik puska bat xehe-xehe eta ezarri itun-kutxa aurrean, zurekin elkartuko naizen elkarketa-etxolan. Guztiz sakratua izango da zuentzat.
37 Ez duzue hala eginiko intsentsurik zeuentzat erabiliko. Sakratutzat izango duzue, Jaunarentzat bakarrik erabiltzekoa baita.
38 Usainez gozatzeko antzeko intsentsurik egiten duena, herritik bota egingo dute».
31. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Hara, Judaren leinuko Uriren seme eta Hurren biloba den Betzalel hautatu dut, 3 eta Jainkoaren espirituz bete, jakituria, trebezia eta lan guztietarako gaitasuna emanez: 4 artelanak asmatzeko, urre, zilar eta brontzezko lanak egiteko, 5 harribitxiak eta zura lantzeko nahiz beste edozein langintzatarako. 6 Danen leinuko Ahisamaken seme Oholiab eman diot lankide. Gainera, artisau guztiak trebeago egiten ditut, agindu dizudan guztia egin dezaten: 7 elkarketa-etxola, itun-kutxa, kutxa gaineko estalkia, etxolako tresneria, 8 mahaia bere tresnekin, urre garbizko argimutila bere tresna guztiekin, intsentsu-aldarea, 9 erre-oparien aldarea bere tresnekin, uraska bere oinarekin, 10 zeremonietarako jantziak, Aaron apaizarentzat jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak, 11 gantzuketa-olioa eta santutegirako intsentsu usaintsua. Nik zuri agindutakoaren arabera egingo dute guztia».
12 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 13 «Esan israeldarrei: Errespetatu nire larunbatak, hauxe baita belaunez belaun nire eta zuen arteko loturaren ezaugarria, jakin dezazuen nik, Jaun honek, aukeratu zaituztedala. 14 Errespetatu, beraz, larunbata, egun sakratua baita zuentzat. Larunbata profanatzen duenak heriotza-zigorra izango du; egun horretan lan egiten duena herritik bota egingo dute.
15 Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarren eguna larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du. 16 Beraz, israeldarrek belaunez belaun errespetatuko dute larunbata, betiereko konpromiso gisa. 17 Nire eta israeldarren arteko loturaren ezaugarri izango da, sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak eta zazpigarrenean lanari utzi eta atsedena hartu baitzuen».
18 Jaunak, Sinai mendian Moisesekin hitz egiten amaitu zuenean, legearen bi harlauzak eman zizkion, Jainkoaren behatzez idatziak.
32. atala
aldatu1 Herriak, Moises mendian luzatzen ari zela ikustean, Aaronengana bildu eta esan zion:
–Ea, egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri.
2 Aaronek erantzun zien:
–Kendu zeuen emazte eta seme-alabei urrezko belarritakoak eta ekarzkidazue.
3 Kendu zituzten herritar guztiek urrezko belarritakoak eta Aaroni eraman zizkioten. 4 Honek jaso, urrea urtu eta, zizelez landuz, zekor-irudia moldeatu zuen. Orduan, israeldarrek esan zuten:
–Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!
5 Hori ikusirik, aldarea eraiki zuen Aaronek zekor-irudiaren aurrean, eta honela egin zuen oihu:
–Bihar jai eginen dugu Jaunaren ohorez.
6 Biharamunean, goizean goiz jaiki eta erre-opariak eskaini zituzten eta elkartasun-opariak aurkeztu. Gero, otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.
7 Jaunak esan zion Moisesi: «Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu. 8 Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”»
9 Jaunak esan zion, gainera: «Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!
10 Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko».
11 Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: «Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?
12 Hara zer esango luketen egiptoarrek: “Asmo txarrez atera zituen Jainkoak, mendian hilarazteko asmoz, lurrazaletik ezabatzeko”. Ezti ezazu zeure haserre-sumin hori, egizu atzera herriari halako kaltea egitetik.
13 Gogora itzazu
Abraham, Isaak eta Jakob zeure zerbitzariak eta haiei eman zenien zin-hitz hau: Zuen ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta zuei agindu dizuedan lurralde hau betiko ondaretzat emango diet».
14 Hala, Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.
15 Moises menditik jaitsi zen, legearen harlauzak eskuetan zituela. Harlauzak bi aldeetatik idatziak zeuden:
16 Jainkoak berak eginak ziren eta haietan idatzia ere Jainkoak berak zizelkatua zen.
17 Herriaren oihuak entzutean, Josuek esan zion Moisesi:
–Entzun, guda-oihuak kanpalekuan!
18 Moisesek erantzun zion:
–Ez dira garaileen oihuak, ezta garaituenak ere; festa-oihuak dira entzuten ditudanak.
19 Kanpalekura hurbildu ahala zekorra eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Moises, eta harlauzak, eskuetatik jaurtiz, mendi barrenaren kontra puskatu zituen. 20 Zekorra hartu, sutara bota eta xehe-xehe egiteraino erraustu zuen; gero, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanarazi zien. 21 Eta Aaroni galdegin zion:
–Zer egin dizu herri honek? Nola eginarazi diozu halako bekatu larria?
22 Aaronek erantzun zion:
–Ene jauna, ez zaitez sumindu. Ongi dakizu herri hau okerrera emana dela.
23 Zera esan didate: «Egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri».
24 Orduan, nik esan diet: «Ba al du inork urrerik?» Haiek urrea bildu eta ekarri egin didate; nik sutara bota eta, hara, zekor hau atera da!
Zigorra
25 Ohartu zen Moises Aaronen zabarkeriagatik herria bere onetik aterata zebilela, etsaien barregarri,
26 eta, kanpalekuan zutik, oihu egin zuen: «Betoz niregana Jaunaren aldekoak!»
Lebitar guztiak bildu zitzaizkion.
27 Moisesek esan zien: «Honela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharkatu kanpalekua, aterik ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan».
28 Bete zuten lebitarrek Moisesen agindua, eta hiru milaren bat gizon hil ziren egun hartan. 29 Moisesek esan zuen, orduan: «Gaur Jaunari sagaratuak izan zarete, ezbairik gabe semea nahiz senidea hil duzuelako. Jaunak, beraz, bedeinkatu egin zaituzte gaur».
30 Biharamunean, Moisesek esan zion herriari: «Bekatu larria egin duzue. Orain, Jaunarengana igo behar dut, ea barkazioa lortzen dizuedan».
31 Hala, Jaunarengana itzuli eta esan zion:
–Benetan bekatu larria egin du herri honek, urrezko jainkoa eginez. 32 Baina otoi, barka iezaiozu; bestela, ken nire izena idatzia duzun biziaren liburutik.
33 Jaunak, ordea, erantzun zion:
–Nire aurka bekatu egiten duena bakarrik kenduko dut nire liburutik. 34 Zoaz orain, eraman herria esan dizudan lekura. Nire aingeruak gidatuko zaitu. Baina iritsiko da zigor-eguna: orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik.
35 Jaunak zigortu egin zuen herria Aaroni zekorra egiteko eskatu ziolako.
33. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Ea, irten hemendik eta zoazte zeu eta Egiptotik atera zenuen herria, Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez beraien ondorengoei emango niela agindutako lurraldera.
2 Aingerua bidaliko dizut gida zaitzan, eta bota egingo ditut lurralde hartatik kanaandar, amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak. 3 Zoazte esnea eta eztia darizkion lurraldera; baina ni ez naiz zuekin joango, burugogor baitzarete; bestela, bidean hondatuko zintuzketet».
4 Goibel jarri zen herria halako hitz gogorrak entzutean, eta ez zen inor festa-jantziz apaindu, 5 Jaunak esana baitzion Moisesi: «Esan israeldarrei: Herri burugogorra zarete! Apur batez zuekin joango banintz, hondatu egingo zintuzketet. Erantzi, bada, festa-jantziak, eta ikusiko dut zer egin zuekin».
6 Honela, Horeb menditik aurrera, ez zuten israeldarrek festa-jantzirik erabili.
7 Hartu zuen Moisesek etxola eta kanpalekutik urruti ezarri zuen. «Elkarketa-etxola» eman zion izen. Jaunaren nahia jakin nahi zuena, kanpalekutik aparte zegoen elkarketa-etxolara joaten zen.
8 Moises etxolara zihoanean, berriz, herri osoa, nor bere etxolaren sarreran, Moisesi begira egon ohi zen, hura etxolara sartu arte.
9 Moises hara sartu orduko, laino-adarra
jaisten zen eta etxola-sarreran gelditzen, Jaunak Moisesekin hitz egiten zuen bitartean.
10 Laino-adarra etxola-sarreran geldi ikustean, herri osoa ahuspez jartzen zen, nor bere etxola aurrean. 11 Jaunak aurrez aurre egiten zuen hitz Moisesekin, lagunak lagunarekin hitz egiten duen bezala. Ondoren, Moises kanpalekura itzultzen zen; baina haren laguntzaile Josue, Nunen semea, ez zen etxola barrutik aldentzen.
12 Moisesek esan zion Jaunari:
– Begira, zuk herri hau gidatzeko esaten didazu, baina ez didazu esaten nor bidaliko didazun laguntzeko. Esan didazu nitaz fio zarela ere eta gogoko nauzula. 13 Hori egia bada, ager iezazkidazu zeure asmoak; horrela jakingo dut egiaz gogoko nauzula. Kontuan izan gero, herri hau zeure herri duzula.
14 Jaunak esan zion:
–Ni neu joango naiz zurekin eta atseden emango dizut.
15 Moisesek erantzun zion:
–Zeu gurekin ez etortzekotan, ez gaitzazu hemendik abiarazi. 16 Nola jakin zeure herri hau eta neu gogoko gaituzula, zu zeu gurekin ez bazatoz? Horrela bakarrik izango baikara zure herri hau eta ni beste herriak ez bezalakoak.
17 Jaunak esan zion:
–Esan duzun hori ere egingo dut, gogoko baitzaitut eta fio bainaiz zutaz.
18 Moisesek erregutu zion Jaunari:
–Erakustazu, otoi, zeure aintza.
19 Jaunak erantzun zion:
–Neure on guztia igaroaraziko dut zure aurretik eta neure izena hots egingo: «Jauna». Nik mesede egin nahi diodanari egiten diot mesede, eta gupida izan nahi diodanari izaten gupida. 20 Baina nire aurpegia ez zenezake ikus, ez bainazake gizakiak ikus eta bizirik iraun.
21 Ondoren, Jaunak esan zion:
–Hona hemen leku bat nire ondoan; zaude zutik harkaitz gainean. 22 Nire aintza igarotzean, harkaitz-zuloan sartuko zaitut eta nire eskuz estaliko, ni igaro arte.
23 Gero, eskua kenduko dut, eta bizkarraldea ikusi ahal izango didazu; baina ene aurpegia ez daiteke ikus.
34. atala
aldatu1 Jaunak esan zion Moisesi: «Ebaki lehengoak bezalako beste bi harlauza, hautsi zenituen harlauzetan idatzirik zeuden hitz berberak idatz ditzadan.
2 Egon prest bihar goizean mendira igotzeko; nire aurrean aurkeztuko zara han, mendi-gailurrean. 3 Ez dadila inor zurekin igo, ezta agertu ere mendi aldera; ez dadila ardi nahiz behirik larrean ibil mendi inguruan».
4 Moisesek lehengoak bezalako bi harlauza ebaki zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.
5 Orduan, Jainko Jauna laino batean jaitsi eta Moisesekin egon zen, eta bere izena hots egin zuen: «Jauna». 6 Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!
7 Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».
8 Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zen Moises, 9 eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».
10 Jaunak esan zuen: «Begira, ituna egingo dut orain zure herri osoarekin. Lurreko inongo herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak egingo ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izugarria baita zure bitartez egingo dudana.
11 «Bete ezazue gaur agintzen dizuedana, eta neuk botako ditut zuen aurretik amortar, kanaandar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.
12 «Ez gero hitzarmenik egin sartuko zareten lurraldeko biztanleekin, erorbide gerta ez dakizuen. 13 Aitzitik, bota itzazue haien aldareak, apurtu zutarri sakratuak eta hautsi zutoin sakratuak.
14 Ez ahuspeztu beste jainkoen aurrean, Jauna jeloskorra baita eta Jainko jeloskor du izena.
15 Bestela, zuek lurralde hartako biztanleekin hitzarmena egingo bazenute, haiek, beren sasikultuak egitean eta beren jainkoei opariak eskaintzean, zuek ere gonbidatuko zintuzketete eta haien oparietatik jango zenukete; 16 edota zeuen semeak haien alabekin ezkonduko zenituzkete, eta hauek, beren jainkoen ohorez kultua egitean, zuen semeak ere sasikultura erakarriko lituzkete.
17 «Ez egin metal urtuzko idolorik.
18 «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia: nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik.
19 «Zuen lehen-semeak oro nireak dira, baita lehen abere-kume arrak ere, zekor nahiz arkume.
20 Lehen-astakumea arkume edo antxumearekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz. Zuen lehen-semeak oro berreskuratu egingo dituzue, ordezko eskaintza eginez. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik agertuko.
21 «Egin lan sei egunez, baina hartu atseden zazpigarrenean, baita ereintza-garaian eta uztaroan ere.
22 «Ospatu Asteen Jaia, gari-uztaren lehen fruituena eta urteburuko uzta-biltzearena.
23 «Gizaseme guztiak urtean hiru aldiz aurkeztuko dira Israelgo Jainko Jaunaren aurrera.
24 «Zuen aurretik bota egingo ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko. Horrezkero, ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean.
25 «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako Pazko-jaiko abere hilik.
26 «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera. «Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan».
27 Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi agindu horiek, horiek baitira zurekin eta israeldarrekin egiten dudan itunaren muina».
28 Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Moises mendian Jaunarekin. Ez zuen ezer jan, ez edan. Han idatzi zituen
harlauzetan itunaren xedapenak, hamar aginduak.
29 Ondoren, Moises Sinai menditik jaitsi zen, legearen bi harlauzak eskuan zeramatzala. Ez zekien aurpegia distiratsu zuenik, Jaunarekin mintzatu izanagatik.
30 Aaronek eta israeldar guztiek ikusi zuten Moisesek aurpegia distiratsu zuela, eta beldur ziren harengana hurbiltzeko. 31 Moisesek dei eginik, Aaron eta elkarteko buruzagiak hurbildu zitzaizkion, eta Moises hizketan hasi zitzaien. 32 Ondoren, israeldar guztiak hurbildu zitzaizkion, eta Jaunak mendian emandako agindu guztiak adierazi zizkien Moisesek. 33 Hitz egiten amaitu zuenean, zapi batez estali zuen aurpegia. 34 Jaunarekin mintzatzeko beraren aurrera sartzen zenean, zapia kentzen zuen irten arte. Ateratzean, Jaunak agindua adierazten zien israeldarrei. 35 Israeldarrek Moisesen aurpegia distiratsu ikusten zutenez, zapi batez estaltzen zuen, Jaunarekin berriro mintzatzera sartu arte.
35. atala
aldatu1 Moisesek israeldarren elkarte osoa bildu eta esan zien : «Hona hemen Jaunak agindua, bete dezazuen: 2 Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarrena larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du. 3 Ez duzue surik ere egingo larunbatez zeuen bizilekuetan».
4 Moisesek esan zion israeldarren elkarte osoari: «Hona hemen Jaunak agintzen duena: 5 Bildu zeuen artean Jaunarentzat oparia. Jaunari oparia emateko borondatea dutenek ekar bitzate urrea, zilarra eta brontzea, 6 purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, 7 gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura, 8 argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzat usainkiak, 9 apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize harria eta beste harribitxiak.
10 «Zuetariko artisau trebe oro betor Jaunak agindutako guztia egitera: 11 egoitza eta bere oihal-etxola eta honen estaldura, katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oin; 12 kutxa bere haga, estalki eta errezelarekin; 13 mahaia bere haga eta tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia; 14 argimutila bere hornigai eta kriseiluekin eta argitarako olioa; 15 intsentsu-aldarea bere hagekin, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, egoitza-sarrerako oihala; 16 erre-oparien aldarea bere sare, haga eta tresna guztiekin, uraska bere oinarekin; 17 atariko oihalak zutabe eta oinekin, atari-sarrerako oihala; 18 egoitza eta atariko hesolak beren sokekin; 19 santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak».
20 Israeldarren elkarte osoa aldendu egin zen Moisesengandik. 21 Emateko borondatea zuten bihotz-zabaleko israeldar guztiek Jaunarentzat oparia ekarri zuten, elkarketa-etxola eraikitzeko, hango zerbitzu eta jantzi sakratuetarako. 22 Etorri ziren bihotz-zabaleko gizon-emakumeak eta urrezko bitxiak ekarri zituzten, katetxoak, belarritakoak, eraztunak eta lepokoak: urrezko bitxiok Jaunari aurkeztu zizkioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 23 Purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, gorriz tindaturiko ahari-larruak edo larru finak zeuzkatenek ekarri egin zituzten. 24 Zilarra edo brontzea zutenek Jaunari eskaini zioten; hala egin zuten akazia-zura zutenek ere beharrezko zen lanetarako. 25 Iruten trebeak ziren emakumeek beren eskuz ehunduriko purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina ekarri zituzten. 26 Trebeak eta laguntzeko gogotsu ziren emakumeek ahuntz-ilea ehundu zuten. 27 Buruzagiek onize harriak eta beste harribitxiak ekarri zituzten apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko, 28 usainkiak eta olioa argi, gantzuketa-olio eta intsentsu usaintsuarentzat. 29 Jaunak Moisesi agindu zizkion lanetarako behar zirenak emateko bihotz-zabal ziren israeldar gizon-emakumeek beren borondatezko eskaintza ekarri zuten Jaunarentzat.
30 Moisesek esan zien israeldarrei: «Hara, Judaren leinuko Uriren seme eta Hurren biloba den Betzalel hautatu du Jaunak, 31 eta Jainkoaren espirituz bete, jakituria, trebezia eta lan guztietarako gaitasuna emanez: 32 artelanak asmatzeko, urre, zilar eta brontzezko lanak egiteko, 33 harribitxiak eta zura lantzeko, eta beste edozein langintzatarako. 34 Berari eta Danen leinuko Ahisamaken seme Oholiabi irakasteko dohaina ere eman die. 35 Trebetasunez jantzi ditu edozein artelan asmatu eta lantzeko, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina iruteko eta bordatzeko, eta edozein artelan asmatu eta burutzeko.
36. atala
aldatu1 «Beraz, Betzalelek, Oholiabek eta santutegiko zerbitzurako behar den guztia egiteko jakituria eta trebezia Jaunak eman dizkien artisauek, Jaunak agindu bezala egingo dute guztia».
2 Deitu zituen, bada, Moisesek bai Betzalel eta Oholiab, bai Jaunak trebetasunez beteak zituen eta lanerako borondatea zuten guztiak, 3 eta eskura eman zizkien, santutegiko zerbitzuan behar zena egiteko israeldarrek ekarriak zituzten eskaintza guztiak. Eguna joan, eguna etorri, israeldarrek beren borondatezko eskaintzak ekartzen jarraitzen zutenez, 4 santutegiko lanetan ari ziren artisauak lanari utzi eta 5 Moisesengana joan ziren, esanez: «Jaunak agindutako lanetarako behar den baino gehiago ari da herria ekartzen». 6 Orduan, Moisesek agindu hau aldarrikatu zuen kanpalekuan: «Ez gizonek, ez emakumeek, ez dezatela gehiago santutegirako eskaintzarik ekar». Eta herriak utzi egin zion eskaintzak ekartzeari, 7 egin behar ziren lanetarako nahikoa eta gehiago baitzen ordu arte ekarria.
8 Lanean ziharduten artisauek egoitza egin zuten, liho-hari bihurrituz eta purpura more, gorri eta gorriminez eginiko hamar zapiz; zapietan izaki hegaldunak apain bordatu zituzten. 9 Zapi guztiak neurri berekoak ziren: hamalau metro luze eta bi metro zabal. 10 Zapiak elkarrekin josi zituzten bosnako bi sailetan, 11 eta purpura morezko lokarriak ipini zituzten bi zapi-sailen ertzetan: 12 berrogeita hamar lokarri ertz bakoitzean, alde batekoak bestekoei egokituz. 13 Urrezko berrogeita hamar katigailu ere egin zituzten, eta horiekin zapi-sail bat besteari lotu, egoitza osoak bat egiten zuelarik.
14 Ahuntz-ilezko beste hamaika zapi ere egin zituzten, egoitza estaliko zuen oihal-etxola eratzeko. 15 Zapi guztiak neurri berekoak ziren: hamabost metro luze eta bi metro zabal. 16 Zapiak elkarrekin josi zituzten, bost alde batetik eta sei bestetik. 17 Gero, berrogeita hamar lokarri ipini zituzten elkarrekin jositako sail bakoitzaren ertzean. 18 Brontzezko berrogeita hamar katigailu ere egin zituzten, oihal-etxola osoa lotu eta bat eginik geldi zedin. 19 Bi estaldura egin zituzten oihal-etxolarako: bata gorriz tindaturiko ahari-larruzkoa, eta honen gainetik bestea, larru finezkoa.
20 Akazia-zurezko oholak egin zituzten egoitzarako eta tente jarri: 21 ohol bakoitza bost metro luze zen eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal; 22 bi mingain zituen bakoitzak ondokoarekin elkartzeko. Horrelakoak egin zituzten egoitzarako ohol guztiak. 23 Hauetatik hogei hegoaldera jarri zituzten, 24 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela: ohol bakoitzak bi oin beste horrenbeste mingainentzat; 25 egoitzaren beste aldera, iparraldera, beste hogei ohol, 26 azpian zilarrezko berrogei oin zituztela, ohol bakoitzeko bi oin; 27 egoitzaren atzealdera, mendebaldera, sei ohol, 28 eta beste bi atzealdeko kantoietarako. 29 Ohol hauek behealdean bereiz jarri zituzten eta goialdean, lehenengo eraztunaren parean, ongi lotuak. Honela egin zituzten kantoietarako bi oholak ere. 30 Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin zituzten, ohol bakoitzeko bi oin.
31 Akazia-zurezko bost zehar-egur egin zituzten, egoitzaren alde bateko oholentzat, 32 bost beste aldeko oholentzat eta bost atzealdeko, hau da, mendebaldeko, oholentzat. 33 Erdiko zehar-egurrak alderik alde erditik zeharkatzen zituen oholak. 34 Oholak eta zehar-egurrak urreztatu egin zituzten eta urrezko eraztunak egin, hauetatik zehar-egurrak pasarazteko.
35 Errezela ere egin zuten, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz ehundua, eta bertan apain bordatu bi izaki hegaldun. 36 Errezelarentzat akazia-zurezko lau zutabe egin zituzten, urrez estaliak eta urrezko kakoz hornituak, eta, zilarra urtuz, lau oin egin zizkieten zutabeei.
37 Oihala egin zuten etxolaren sarrerarako, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain ehundua. 38 Oihalarentzat bost zutabe egin zituzten beren kakoekin; urreztatu egin zituzten zutabe-gainak eta ziriak, eta brontzezko bost oin egin zutabeentzat.
37. atala
aldatu1 Betzalelek akazia-zurezko kutxa egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora. 2 Urre garbiz urreztatu zituen barne eta kanpoaldeak, eta urrezko hegala ezarri zion inguru guztian. 3 Urrezko lau eraztun urtu zituen kutxaren lau oinentzat, bi eraztun albo baterako eta bi besterako. 4 Akazia-zurezko hagak egin zituen eta urreztatu, 5 eta kutxaren bi alboetako eraztunetatik sarrarazi, kutxa eraman ahal izateko.
6 Urre garbizko estalkia egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal; 7 estalkiaren bi ertzetan bi izaki hegaldun egin zituen, urrez landuak, 8 bata ertz batean eta bestea bestean, estalkiarekin gorputz bat bera egiten zutelarik. 9 Hegoak zabalik zeuzkaten estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru zeuden, estalkiari begira.
10 Akazia-zurezko mahaia egin zuen: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora. 11 Urre garbiz urreztatu zuen eta urrezko hegala ezarri inguru guztian. 12 Zortzi zentimetro zabaleko uztai batez hornitu zuen, eta urrezko ertza egin uztaiari. 13 Urrezko lau eraztun egin zizkion eta lau oinen ertzei erantsi, 14 uztaiari atxikiz; haietatik hagak sarrarazi zituen mahaia eramateko eran. 15 Mahaia eramateko hagak akazia-zurez egin zituen eta urreztatu. 16 Mahaiko tresnak ere egin zituen: isur-oparietarako azpil, erretilu, katilu eta pitxerrak; urre garbiz egin zituen.
17 Urre garbizko argimutila egin zuen, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egiten zuten; 18 bi alboetatik sei beso ateratzen zitzaizkion, hiruna beso albo bakoitzetik. 19 Argimutilaren gerritik ateratzen ziren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti; 20 gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti. 21 Argimutilaren gerritik ateratzen ziren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa zuen behealdean. 22 Beso eta kopek gorputz bat bera egiten zuten argimutilarekin. Guztia urre garbiz landua zen. 23 Zazpi kriseilu egin zituen urre garbiz; su-hatzak eta errautsontziak ere urre garbizkoak ziren. 24 Hogeita hamabost kilo urre garbi erabili zituen argimutila eta hornigaiak egiteko.
25 Akazia-zurezko intsentsu-aldarea egin zuen, karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egiten zuten aldarearekin. 26 Urre garbiz estali zituen gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta urrezko hegala ezarri inguruan. 27 Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarri zizkion, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko. 28 Hagak akazia-zurez egin zituen eta urrez estali. 29 Sagarapenetarako gantzuketa-olioa eta intsentsu usaintsu garbia ere prestatu zituen, lurringileek egin ohi duten eran.
38. atala
aldatu1 Akazia-zurez egin zuen erre-oparien aldarea, karratua: bi metro eta erdi luze-zabal eta metro eta erdi gora. 2 Lau adar egin zizkion lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea. 3 Egin zituen aldarerako tresnak ere: txingar-ontziak, palak, isipu-ontziak, sardexkak eta errautsontziak, brontzezkoak guztiak. 4 Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-ertzaren azpian ipini, aldare erdiraino jaisten zelarik. 5 Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetarako, haietatik hagak pasarazteko. 6 Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen, 7 eta aldare-alboetako eraztunetatik sartu zituen, aldarea eramateko. Oholez egin zuen aldarea, barrua hutsik.
8 Uraska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeen
ispiluetako brontzez baliatuz.
9 Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurrituzko oihalak, berrogeita hamar metro luzekoak; 10 hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak; 11 iparraldetik, berrogeita hamar metro luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 12 mendebaldetik, hogeita bost metro luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren; 13 ekialdetik, hogeita hamabost metro luzeko oihalak: 14 sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin, 15 eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin. 16 Atari inguruko oihal guztiak liho-hari bihurrituzkoak ziren; 17 zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.
18 Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala. 19 Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak. 20 Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.
21 Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22 Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen. 23 Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24 Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
25 Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera; 26 erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera. 27 Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo. 28 Gainerako hemeretzi kiloak, kakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainak estaltzeko erabili ziren.
29 Jaunari oparitzat aurkezturiko brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen; 30 brontze honetaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sarrerako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guztiekin, 31 etxola inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.
39. atala
aldatu1 Purpura more, gorri eta gorriminez egin zituzten santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak. Aaronen jantzi sakratuak ere egin zituzten, Jaunak Moisesi agindu bezala.
2 Efoda, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egin zuten. 3 Urre-xaflak egin eta xaflak hari bihurtuz, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina urre-hariz bordatu zituzten. 4 Bi sorbalda-babeski egin zizkioten efodari, bi ertzetatik lotzeko. 5 Ertzak lotzeko xingola efodari atxikia zegoen, eta, efoda bera bezala, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egina, Jaunak Moisesi agindu bezala. 6 Onize harriak urre-begietan sartu zituzten, eta haietan Israelgo leinuen izenak zizelkatu, zigilu batean bezala. 7 Gero, efodaren sorbalda-babeskietan ipini zituzten, israeldarren oroigarri gisa, Jaunak Moisesi agindu bezala.
8 Epaiketarako bularrekoa artelanez egin zuten, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua. 9 Bitan tolestatua zegoen eta karratua zen: hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal. 10 Lau errenkada-harribitxiz estali zuten: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda; 11 bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa; 12 hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista, 13 eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartu zituzten. 14 Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakoitzean izen bat zegoen zizelkatua, zigilu batean bezala. 15 Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin zizkioten soka bihurrituen antzera. 16 Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi ertzei erantsi zizkieten; 17 urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan katigatu zituzten, 18 eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarriei itsatsi, efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik lotuz. 19 Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturrei erantsi zizkieten, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik. 20 Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, ipini, efodaren xingola baino goraxeago. 21 Bularrekoaren eraztunak efodarenei purpura morezko lokarriz lotu zizkieten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia, Jaunak Moisesi agindu bezala.
22 Mantua purpura morez ehundua zen; 23 erdian buruarentzat zuloa zuen, eta zuloaren inguru-ertza bular-oskola bezain urraezina. 24 Mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zuten. 25 Urre garbizko txilinak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-ertz guztian granadekin tartekatu: 26 txilinak eta granadak, txandaka; liturgi zerbitzurako erabiltzen zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.
27 Aaronentzat eta beronen semeentzat tunikak egin zituzten liho finez ehunduak; 28 baita liho finezko buruzapi eta kapela apainduak ere, eta liho-hari bihurrituzko galtzak; 29 gerrikoa purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatua zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.
30 Urre garbizko xafla, diadema sakratua, egin zuten, eta, zigilu batean bezala, hitz hauek idatzi bertan: «Jaunari sagaratua». 31 Gero, buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik ezarri zuten, Jaunak Moisesi agindu bezala.
32 Honela burutu zen egoitzaren, elkarketa-etxolaren, eraikuntza. Israeldarrek zehatz-mehatz egin zuten guztia, Jaunak Moisesi agindu bezala.
33 Orduan, egindako guztia israeldarrek Moisesi aurkeztu zioten: egoitza, elkarketa-etxola eta hango tresneria: katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oinak;
34 gorriz tindaturiko ahari-larruzko estaldura, larru finezko estaldura, kutxa estaltzeko errezela; 35 itun-kutxa eta beronen hagak eta estalkia; 36 mahaia bere tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia; 37 urre garbizko argimutila, kriseiluak, lerrotan jarriak, hornigai guztiak eta argitarako olioa; 38 urrezko aldarea, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, etxolaren sarrerako oihala; 39 brontzezko aldarea bere brontzezko sarearekin, haren haga eta tresna guztiak, uraska eta oina; 40 atariko oihalak, zutabeak eta oinak, atari-sarrerako oihala, atariko sokak eta hesolak; elkarketa-etxolaren egoitzako zerbitzurako tresna guztiak; 41 santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak.
42 Jaunak Moisesi agindu bezala egin zituzten israeldarrek lan hauek guztiak, 43 eta, Jaunak agindu bezala zehatz-mehatz egin zituztela ikusirik, Moisesek israeldarrak bedeinkatu egin zituen.
40. atala
aldatu1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Lehen hilaren lehen egunean eraikiko duzu egoitza, elkarketa-etxola. 3 Ezarri bertan itun-kutxa eta estali errezelaz. 4 Eraman mahaia eta atondu; eraman argimutila ere eta piztu kriseiluak. 5 Ezarri urrezko intsentsu-aldarea itun-kutxaren aurrean, eta egoitza-sarrerako oihala. 6 Jarri, gero, erre-oparien aldarea elkarketa-etxolako egoitzaren sarreran. 7 Jarri uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez. 8 Inguruan ataria eraikiko duzu eta oihala ezarriko sarreran.
9 «Hartu gantzuketa-olioa eta isuri egoitzaren eta bertan dagoen guztiaren gainera. Honela sagaratuko duzu bere tresna guztiekin, eta toki sakratua izango da.
10 Isuri olioa erre-oparien aldarearen eta bertako tresna guztien gainera. Honela sagaratuko duzu, eta guztiz sakratua izango da aldarea.
11 Isuri olioa uraskaren eta beronen oinaren gainera eta sagaratu.
12 «Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolaren sarrerara eta garbi daitezela urez.
13 Arropa sakratuz jantziko duzu Aaron eta, gainera olioa isuriz, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko.
14 Ondoren, hurbilarazi haren semeak, jantzi tunikak,
15 eta isuri gainera olioa, Aaronen gainera bezala, nire apaiz izan daitezen. Gantzudura honen bidez, betiko izango dira apaiz belaunez belaun».
16 Moisesek zehatz-mehatz egin zuen Jaunak agindu guztia. 17 Hala, Egiptotik irten eta bigarren urtean, lehen hilaren lehen egunean, eraiki zuten egoitza.
18 Moisesek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-egurrak ezarri zituen eta zutabeak jaso. 19 Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura jarri oihal-etxolaren gainaldetik, Jaunak agindu bezala.
20 Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini zuen; hagak ipini zizkion kutxari eta estalkia ezarri gainean. 21 Ondoren, egoitzara eraman zuen kutxa eta errezela ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu bezala.
22 Gero, mahaia jarri zuen elkarketa-etxolaren barnean, egoitzaren iparraldetik, errezelaz kanpo. 23 Mahai gainean Jaunari eskainiriko ogia jarri zuen, Jaunak agindu bezala.
24 Argimutila ere elkarketa-etxolaren barruan ezarri zuen, mahaiaren aurrez aurre, egoitzaren hegoaldera. 25 Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aurrean, beronek Moisesi agindu bezala.
26 Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barruan jarri zuen, errezelaren aurrean, 27 eta intsentsu usaintsua erre zuen bertan, Jaunak agindu bezala.
28 Gero, Moisesek oihala ipini zuen egoitzaren sarreran. 29 Elkarketa-etxolaren sarreran erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta labore-opariak egin zituen bertan, Jaunak agindu bezala.
30 Elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean ezarri zuen uraska eta urez bete, garbikuntzetarako. 31 Bertan garbitzen zituzten esku-oinak Moisesek, Aaronek eta honen semeek. 32 Hala egiten zuten elkarketa-etxolan sartzen eta aldarera hurbiltzen ziren bakoitzean, Jaunak Moisesi agindu bezala.
33 Azkenik, ataria eraiki zuen Moisesek egoitza eta aldare inguruan, eta atari-sarreran oihala jarri.
Honela burutu zituen Moisesek lan guztiak.
34 Orduan, lainoak elkarketa-etxola estali zuen eta Jaunaren aintzak egoitza bete zuen.
35 Moises ez zitekeen elkarketa-etxolan sar, haren gainean kokaturik baitzegoen lainoa eta Jaunaren aintzak betetzen baitzuen egoitza.
36 Egoitzaren gainetik lainoa altxatzen zenean abiatzen ziren israeldarrak, bidaialdi bakoitzean;
37 baina lainoa altxatzen ez bazen, ez ziren abiatzen, altxatu arte. 38 Israeldarren ibilaldi guztian, Jaunaren lainoa egoitzaren gainean egon zen egunez, eta sua gauez, Israel herri osoak ikusteko moduan.