←Kantarik Ederrena | Biblia Kohelet |
Negar Kantak→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
aldatu1 Daviden seme eta Jerusalemgo errege Koheleten esanak. 2 Huskeria hutsa -dio Koheletek-, huskeria hutsa, dena huskeria da.
Deus ez berririk eguzkipean
3 Zertarako du gizonak lur honetan leher egitea? 4 Belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri, munduak mundu dirau. 5 Sortzen da eguzkia eta sartzen, eta bere tokira lehiatzen, handik berriro sortzeko. 6 Jotzen du haizeak hegoalderantz, jotzen iparralderantz, batera jo, bestera jo, eta jira-biraka hasten da berriro. 7 Ibaiak oro itsasora doaz eta itsasoak ez du gainez egiten; ibaiak, nora doazen, harantz dira behin eta berriro joaten, bide bera eginez. 8 Ezin inork aski esan zeinen aspergarri den guztia. Ez da begia ikustez nekatzen, ez belarria entzutez asetzen. 9 Gertatu zena gertatuko da berriro, lehen egina eginen da gero ere. Deus ez berririk eguzkipean. 10 Zerbaitetaz hau esan baledi: «Horra, hori bai berria!», horrelakoa ere gertatua da aurreko mendeetan. 11 Ez gara oroitzen geure antzinakoez; halaxe gure ondokoez ere, ez dira oroituko hurrengo izanen direnak.
Ulertzea gaitz
12 Ni, Kohelet, Israel herriaren errege izana naiz Jerusalemen. 13 Buru-belarri ari izana naiz mundu honetan gertatzen dena jakinduriaz ikertzen eta aztertzen. Lanbide txarra eman die Jainkoak gizon-emakumeei, horretan jardun dezaten. 14 Eguzkipean gertatzen denari begira egon izan naiz, eta horra, den-dena huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala; 15 ezin baita okertua zuzendu, ez eta zenbatu ere ez dagoena. 16 Neure buruari esan nion: «Nire aurretik Jerusalemen errege izan diren guztiek baino jakinduria askoz handiagoa neureganatu dut, asko bainaiz ikusia eta ikasia». 17 Buru-belarri ari izana naiz jakinduria eta ezaguera, zorakeria eta ergelkeria zertan bereizten diren aztertzen; eta ohartu naiz, hori bera ere haizea atzeman nahi izatea bezala dela. 18 Izan ere, zenbat eta jakinduria ugariago, atsekabea handiago, zenbat eta ezaguera sakonago, nahigabea larriago.
Behin-behineko pozaldia
2. atala
aldatu1 Neure baitan esan nuen: «Ea bada, dasta dezadan alaitasuna, goza dezadan bizi-poza!» Eta horra, dena huskeria da. 2 Irri egitea, zorakeria. Alaitasuna, zertarako? 3 Neure burua ardoz alaitzea erabaki nuen, baina zuhurtasunez jokatuz; zorakeria hori egin nuen, harik eta ikus nezan arte eguzkipean zer ote den hoberena gizon-emakumeentzat, berauen bizitzako egunetan. 4 Lan handiei ekin nien. Jauregiak eraikiarazi nituen eta mahastiak landatu. 5 Lorategiak eta baratzeak atondu nituen, mota orotako zuhaitzak sartuz. 6 Urtegiak egin nituen, zuhaitz gaztez eginiko basoa ureztatzeko. 7 Esklaboak erosi nituen, gizaseme nahiz emakume, eta hauen seme-alabak ere neuretzat izan nituen. 8 Zilar eta urre ugari metatu nuen, bai eta zenbait erregeren eta eskualdetako ondasunak ere. Gizon-emakume kantariz inguratu nintzen, eta gizonak desira dezakeen bezainbat emazteki izan nuen. 9 Handi egin nintzen, Jerusalemen nire aurretik izan direnak baino handiago. Gainera, neurekin nuen jakinduria. 10 Ez nien ukatu neure begiei eskatzen zidatenik deus ere, ez eta neure bihotzari pozik batere. Nire lan guztietan atsegin hartu nuen; hauxe izan zen nire lan guztien saria. 11 Begiratu nien, ordea, neure eskuz eginiko lanei eta horretarako eraman behar izan nituen nekeei. Eta horra, dena huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala; ez dago onurarik eguzkipean.
Zertarako izan jakintsu?
12 Jakintsu ala ezjakin eta ergel izan, hausnartzen ari izan nintzen hobea zer ote den. Zer egingo ote du erregearen ondoren datorrenak? Lehen ere egina bera. 13 Hala ere, ikusi nuen hobea dela jakinduria ergelkeria baino, argia ilunpea baino hobea den bezala. 14 Izan ere, jakintsua buru-argi; ergela, ordea, ilunpetan dabil. Badakit, hala ere, biek etorkizun bera dutela. 15 Orduan, esan nuen neurekiko: «Ergelak eta biok etorkizun bera baldin badugu, zertarako izan hain jakintsu? Hori ere huskeria da», esan nuen neure baitan. 16 Ezen jakintsuaz oroitzea ez baita betiko; ergelaz ere ez dira beti oroituko; hurrengo egunetan guztiez dira ahaztuko. Ai ene! Nahiz jakintsua nahiz ergela biak berdin hiltzen dira. 17 Nazkatua nago bizitzeaz, higuingarri dut eguzkipean gertatzen dena; huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala.
Heriotzak huts uzten gure asmoak
18 Gogaitua nago eguzkipean egin ditudan lan neketsuez, neure ondorengoari utzi behar izango baitizkiot. 19 Badakit nik bost, zuhur ala tentel izanen ote den. Nik mundu honetan halako arretaz egin dudan lanaz jabetuko da. Ez du honek zentzurik! 20 Etsipenak hartua nago, mundu honetan zenbat lan egin dudan ikusirik. 21 Izan ere, eginahaletan ari da bat zorrotz eta arretaz lan egiten, emaitza onak lortzen, eta dena, inolako lanik egin ez duenari utzi behar. Hau bai dela huskeria eta nardagarria! 22 Zer gelditzen zaio gizonari eguzkipean egin duen hainbeste lan eta eginahaletatik? 23 Egunero atsekabea baizik ez du, eta bere lanetan nekea; gauez ere ez du atsedenik hartzen haren bihotzak. Hau bai dela huskeria! 24 Gizonarentzat hoberena jatea, edatea eta bere lanaren fruituaz gozatzea. Nik uste dut, hau ere Jainkoaren eskutik datorrela; 25 izan ere, honela dio berak: «Nork jan dezake, nor goza daiteke nik jakin gabe?» 26 Berak, atsegin duenari baitizkio ematen jakinduria eta argitasuna eta bozkarioa. Bekatariari, ordea, biltze- eta metatze-lana ematen dio, gero Jainkoak atsegin duenari utzi behar izateko. Horra bada, hori ere haizea atzeman nahi izatea bezain hutsala.
Eginkizun bakoitzak bere garaia
3. atala
aldatu1 Denak du bere sasoia, gauza bakoitzak bere garaia eguzkipean: 2 jaiotzeko garaia eta hiltzeko garaia, landatzeko garaia eta landarea ateratzeko garaia, 3 hilarazteko garaia eta sendatzeko garaia, hondatzeko garaia eta eraikitzeko garaia, 4 negar egiteko garaia eta barre egiteko garaia, aiene egiteko garaia eta alai egoteko garaia, 5 harriak jaurtikitzeko garaia eta harriak biltzeko garaia, besarkatzeko garaia eta banantzeko garaia, 6 bilatzeko garaia eta galtzeko garaia, gordetzeko garaia eta botatzeko garaia, 7 urratzeko garaia eta josteko garaia, isiltzeko garaia eta mintzatzeko garaia, 8 maitatzeko garaia eta gorrotatzeko garaia, gudurako garaia eta bakerako garaia.
Eginkizun bakoitzak bere tokia
9 Zer on eskuratzen du lan egiten duenak? 10 Begiratu diot Jainkoak gizon-emakumeei ezarri dien egitekoari, horretan jardun dezaten. 11 Gauza guztiak egoki egin ditu, bakoitza bere sasoian. Haien esku utzi zuen mundua, azter dezaten; gizonak, ordea, ezin ulertu Jainkoak hasieratik bukaerara egin dituenak. 12 Ikusi dut ez dela ezer hoberik alai eta ongi bizitzea baino. 13 Jainkoaren emaitza baitu gizonak jan, edan eta bere lanaren etekinaz gozatu ahal izatea. 14 Badakit, Jainkoak egin duen guztiak betierean iraungo duela. Ezin diogu deus ere erantsi, ez kendu; Jainkoak horrelakoa egin baitu, begirune ukan diezaiogun. 15 Iragan zena orain ere halaxe gertatzen da; etorkizun dena lehen ere gertatua da. Joana behin eta berriro egin ohi du Jainkoak.
Gizon-emakumeen bukaera
16 Ikusi dut mundu honetan bidegabekeria dagoela zuzenbidearen ordez, eta gaiztakeria zuzentasunaren ordez. 17 Eta honela nioen neure baitan: «Jainkoak epaituko ditu zuzena eta gaiztoa, gauza eta egintza guztiei baitatorkie beren ordua». 18 Beste hau ere bururatu zitzaidan: «Jainkoak probatu egin nahi ditu gizon-emakumeak, abereak bezalakoak direla ikusarazteko». 19 Etorkizun bera dute gizon-emakumeek zein abereek: abereak hiltzen diren bezala dira hiltzen gizon-emakumeak ere. Arnasa bera dute denek hartzen. Gizon-emakumeek ez dute deus ere abereek baino gehiago, eta dena huskeria da. 20 Toki berera doaz denak: hautsetik datoz eta hautsera itzuliko dira. 21 Ba al daki inork gizon-emakumeen arnasa gorantz igotzen den, eta abereen arnasa, aldiz, lur azpira jaisten den? 22 Ikusi dudanez, ez du gizonak deus hoberik bere egintzez gozatzea baino; horixe du bere zoria. Izan ere, nork ikusaraziko dio ondoren zer gertatuko den?
Bidegabekeria ugari
4. atala
aldatu1 Hausnartzen ari izan nintzen eguzkipean zenbat bidegabekeria egiten den. Ikusi nituen zapalduen malkoak, eta kontsolatzailerik ez; zapaltzaileen eskua gogor ari zitzaien, eta kontsolatzailerik ez. 2 Zori hobekotzat jotzen ditut hilak biziak baino, 3 eta biok baino zoriontsuago jaio ez dena eta eguzkipean egin ohi diren okerrak ikusi ez dituena.
Lana
4 Ikusi ditut, orobat, jendearen lan guztiak eta eginahalen emaitzak: elkarrentzako bekaizkeriaz eginak denak. Hau ere huskeria da eta haizea atzeman nahia bezalakoa. 5 Ergela, eskuak ditu eta, goseak hiltzen da. 6 Hala ere, hobe da esku-hutsik lasai bizi, esku beterik neketan baino. 7 Beste zentzugabekeria hau ere ikusi dut eguzkipean: 8 Demagun bakarrik bizi dela gizon bat; ez du lagunik, ez seme-alabarik, ez anai-arrebarik, eta hala ere, etengabe dihardu lanean, ez da asetzen aberasteaz, galdetu ere ez du egiten bere baitan: «Norentzat ari ote naiz lanean, neure buruari atseginak ukatuz?» Horra beste zentzugabekeria eta lanbide txarra. 9 Hobe, bi elkarrekin ari izatea bakarka baino, elkartze horretatik etekin hobea aterako baitute. 10 Bietarik bat eroriko balitz, besteak jasoko luke; baina urrikalgarri bakarrik dagoena; eroriko balitz, ez bailuke izango nork jaso. 11 Orobat, bik, batera lotaratuz, elkar dute berotuko; bakarrik dagoena nola berotu? 12 Bati erasotzen diotelarik, biek eginen dute aurre. Hiru hariko soka etetea gaitz.
Elkartasuna
13 Hobe, gazte behartsu baina zuhurra, aholkurik nahi ez duen errege zahar eta zoroa baino. 14 Zeren gaztea, noizbait presondegian egona eta bere herrian behartsu jaioa izanik ere, errege-aulkira igo baita, 15 eta zaharraren tokian altxatzen den gaztearen alde jartzen ikusi dut eguzkipean dabilen jende guztia ere. 16 Ezin zenbatu ahalako herri baten buruzagi izan arren, gerokoak ez dira harekin pozik izanen. Hau ere huskeria da, haizea atzeman nahi izatea.
Otoitz egitean
17 Zabiltza arretaz Jainkoaren etxera sartzean, hobe duzu entzutera hurbildu, ergelek egin ohi duten oparia eskaintzera baino; ergelek ez baitakite gaiztakeria baizik egiten.
5. atala
aldatu1 Ez bedi zure ahoa zalapartaka mintza, zure bihotzak ere ez dezala bizkor hitz egin Jaunaren aurrean; zeruan baita Jainkoa eta zu lurrean. Ez egin, bada, hitz asko. 2 Izan ere, kezka gehiegik amesgaiztoa dakar, eta hitz-jarioak zoro-berriketak egitea. 3 Jainkoari promesen bat egin badiozu, bete lehenbailehen, ez baititu atsegin axolagabeak. Bete hitz emana. 4 Askoz hobe duzu hitzik ez ematea, emaniko hitza ez betetzea baino. 5 Ez utzi zeure ahoari bekatu eginarazten, ez esan gero Jainkoari ohartu gabe egin duzula. Ea haserretzen zaizun Jainkoa zeure hitzengatik eta zeure lanak oro desegiten dizkizun! 6 Amets eta huskeria ugari denean, berriketa ere ugari. Zuk, aldiz, izan begirune Jainkoari.
Agintekeria
7 Herrian behartsuak zapaltzen dituztela, gogorki epaitzen eta zuzenbidea desegiten dutela ikusten baduzu, ez harritu horregatik. Handikiak, beste handikiago bat du babesle, eta biok, goitiago daudenak dituzte babesle. 8 Denek ateratzen diote etekina lurrari; erregea ere lurrak ematen duenetik bizi da.
Diruzalekeria
9 Diruzalea ez da inola asetzen, aberastasuna maite duenak ez du onurarik. Hori ere, beraz, huskeria da. 10 Zenbat eta ondasun gehiago, hainbat eta irensle ugariago; zertarako, hortaz, aberastasunak jabeak begien aurrean ikusteko izan ezik? 11 Asko jan, gutxi jan, langileak lo egiten du gozoki; aberatsak, aldiz, bere asean ezin egin lorik. 12 Ikusia dut beste gaitz handi bat ere eguzkipean: aberastasunak pilatzea berorien jabearen kaltetan dela; 13 izan ere, une txar batean gal ditzake denak; jaioko zaio semea eta esku-hutsik geldituko da. 14 Bere amaren sabeletik biluzik irten zen, halaxe da itzuliko, bere lanaren saririk batere ez du berekin eramango. 15 Hau bai gaitz negargarria: etorri bezalaxe joan behar. Eta zein fruitu atera dio egin duen lanari? 16 Bere bizitza osoa goibel eta atsekabeturik, neke, oinaze eta haserre artean eman du. 17 Ikusi dudanez, hauxe dute gizon-emakumeek hoberena: eguzkipean egiten duten lanetik jan, edan eta alai gozatu, Jainkoak eman bizitzako egunetan zehar; horixe dute beren zoria. 18 Aberastasunak eta ondasunak eman dizkion gizon orori, berorietatik jateko, dagokion zatia hartzeko eta lanaz pozteko eskubidea ere eman dio Jainkoak; Jainkoaren dohaina da hori. 19 Ez du bere bizitzako egunetan buruhausterik izango Jainkoak bihotza atseginez betetzen dionak.
6. atala
aldatu1 Ikusia dut eguzkipean gizakume artean maiz gertatu ohi den beste gaitz bat: 2 Ematen dizkio Jainkoak bati aberastasunak, ondasunak, ohorea; nahi duen guztia du, ez du falta deus ere. Baina Jainkoak ez dio uzten halakoez gozatzen, arrotz batek dizkio irensten. Hau bai zentzugabekeria eta zoritxar handia! 3 Batek ehun seme-alaba ukan, urte luzez bizi eta anitz egun harturik ere, bere ondasunez aski gozatzen ez badu, eta hilobitarako ere ez badu, horra zer diodan: halakoa haur-galdua baino okerrago da. 4 Haur-galdua, etorri ere, alferrik etorri baitzen, eta ilunpetan dabil, beronen izena ere ilunpetan geldituko da. 5 Ez du egun-argia ikusi, ez ezagutu; hala ere, beste horrek baino atseden handiagoa du. 6 Izan ere, gerta daiteke, hark, mila urte bi aldiz bizi arren, bere ondasunak ez gozatzea. Baina, azkenean, ez al doaz guztiak toki berera? 7 Ahora zer eramana izateko lehiatu ohi dira gizon-emakumeak lanean; hala ere beren barnea asetzen ez. 8 Zer du jakintsuak ergelak baino gehiago? Eta bizien aurrean jokatzen dakien behartsuak ere zer du onik? 9 Hobe desiratzen dena ikusi, ikusten ez dena desiratu baino. Hau ere, ordea, huskeria da, haizea atzeman nahi izatea. 10 Orain den guztia izendatua zuen jadanik Jainkoak eta bazekien zer den gizona. Ezin dio gizonak auzian aurre egin bera baino indartsuagoa denari. 11 Zenbat eta hitz gehiago zorakeria gehiago. Zertarako jardun? 12 Batek daki zer duen hoberena gizonak bere bizitza hutsalean ematen dituen egun urrietan! Itzala bezala joaten zaio denbora. Esan ote diezaioke inork gizonari zer izanen ote den beraren ondoren eguzkipean?
Heriotzaz oroitu behar
7. atala
aldatu1 Hobe izen ona, lurrin gozoa baino. Hobe heriotza-eguna, jaioteguna baino. 2 Hobe hiletak jotzen ari diren etxera joan, jai-otordua egiten ari direnera baino; etxe hartan ikusten baita zein den gizon-emakume ororen azkena, han du hausnartzen bizi denak zer datorkion. 3 Hobe negarra, irria baino; begitartea goibel egon arren, bihotza ondu egiten baita. 4 Zuhurrak, hiletak jotzen ari diren etxean du bihotza; tentelak, berriz, jaietan dagoen etxean. 5 Hobe zuhur baten zuzenarazpena, tentel baten goraipamena baino. 6 Izan ere, eltzepeko zotzaren txinpart-hotsa bezalakoa ergelaren irria, huskeria hutsa. 7 Bortxakeriak zuhurra ere ergel du bihurtzen, eta eskupekoak bihotza usteltzen. 8 Hobe arazoa bukatu, hasi baino; Hobe eramanpena, harrokeria baino. 9 Ez zaitez bizkorregi haserretu, ergelena baita haserretzea. 10 Ez galdegin zergatik ote ziren hobeak aldi joanak oraingoak baino. Zuhurrak ez luke horrelako galderarik egingo. 11 Hoberena, zuhurtasuna ondasunekin batera izatea; hori da onurakorrena lur honetan bizi direnentzat. 12 Zuhurtziaren itzala aberastasunaren itzala adinakoa da; baina zuhurtzia hobea, biziarazi egiten baitu bere jabea. 13 Begira Jainkoak eginari: nork zuzen ote dezake hark okertua? 14 Aldi onean goza ezazu, eta txarrean pentsa; bata zein bestea Jainkoak egin ditu, gizonak bere etorkizunari igarri ez diezaion.
Gehiegikeriarik ez
15 Hamaikatxo ikusia naiz neure bizitza itxuragabe honetan: gizon zuzena, zuzen izanik ere, galdu egiten da; makurra, berriz, makur izanik ere, luzaro bizitzen. 16 Ez izan zuzenegi, ez eta behar baino jakintsuago ere, ea hondatzen duzun zeure burua. 17 Ez izan makurregi, ez eta ergelegi ere, ea zeure garaia baino lehenago hiltzen zaren. 18 Hobe duzu honi heldu, hura eskutik utzi gabe; Jainkoari begirune dionak ez baitu ezertan huts egiten. 19 Jakinduriak indartsuago egiten du jakintsua, hamar buruzagik hiria baino. 20 Hala ere, ez da lurrean gizon zuzenik hutsik gabe on dagienik. 21 Ez egin jaramonik esames guztiei; horrela, ez diozu entzungo zeure morroiari zutaz gaizki-esaka. 22 Ohar zaitez zeu ere maiz ari izana zarela besteez gaizki-esaka. 23 Arretaz aztertu nuen hau guztia, neure artean esanez: «jakintsu izan behar dut». Hori, ordea, ez zegoen nire esku. 24 Gertatu zena urruti dago eta sakon-sakona da. Nork aurki lezake?
Emakumeaz
25 Gogotik aztertu nuen dena, hausnartu eta jakitearren, jakinduria eta arrazoia aurkitzearren. Ohartu naiz gaizto izatea zorakeria dela, bihurrikeria eta ergelkeria. 26 Entzun dut heriotza baino garratzagoa dela lakioa bezalakoa den emakumea: horren bihotza xedera, horren besoak lotura. Jainkoaren begiko denak ihes egingo dio; bekataria, aldiz, harrapatu egingo du halako emakumeak. 27 Hona hemen zertaz ohartu naizen ni, Kohelet, argibide bila, denak banan-banan aztertu ditudanean: 28 bila nabilen hori ez dudala aurkitu, alegia. Gizon bakarra aurkitu dut milaren artean; baina emakume bakar bat ere ez, denen artean. 29 Azken batean, honetaz ohartu naiz: Jainkoak zuzena egin duela gizona; gizonak, ordea, bere burua mila arazoz nahasi duela.
Jakintsuaz
8. atala
aldatu1 Nor jakintsua adinakoa? Nork daki gauzen zergatia argitzen? Jakinduriak argitzen dio gizonari aurpegia, eta betoskoa aldatzen. 2 Bete itzazu erregearen esanak, hala egin baitzenion zin Jainkoaren aurrean. 3 Ez arbuiatu erregearen nagusigoa, eta ez jardun gaiztakerian, nahi duen guztia egiten baitu erregeak. 4 Honen esana, izan ere, ahalmen handikoa; nork galdetu hari zertan ari den? 5 Agindua bete dezanak ez du inolako txarrik izanen; jakintsuak badaki noiz eta zer egin. 6 Arazo guztientzat daude aldi eta era bereziak; gizonarentzat, berriz, atsekabe ugari. 7 Izan ere, inork ezin jakin zer gertatuko den. Adieraz ote diezaioke norbaitek? 8 Gizon-emakumeak ezin izan beren bizi-arnasaren jabe; ezin egin ihes heriotza-egunari, ezin alde egin borrokaldi honetatik. Gaiztakeriak ez du salbatuko gaiztoa. 9 Hauen guztien berri izan dut, eguzkipean egin ohi diren lan guztiak aztertzen saiatu naizenean; kalte eginez, gizonak gizona menderatzen duen bitartean.
Zuzenaren eta gaiztoaren saria
10 Era berean, ikusia dut nola lurperatu dituzten gaiztoak; toki santutik urruti bizi izan ziren; hala ere, hirian ahaztu egin zuten haien jokabidea. Hau ere zentzugabekeria! 11 Izan ere, gaiztakeriaren aurkako epaia berehala betetzen ez delako, makurkeria egiteko gogoz bete ohi da gizon-emakumeen bihotza. 12 Hamaika gaiztakeria egin ohi du bekatariak! Baina luzaz bizi da. Hala ere, badakit: «Jainkoari begirune eta lotsa diotenei ongi doakie. 13 Gaiztoak ez du onik izango eta ez du bere bizia luzatuko itzal bat adina, ez baitio begirunerik Jainkoari». 14 Lurrean, ordea, beste zentzugabekeria hau gertatu ohi da: zenbait gizon zuzenek gaizkileei dagokien zoria dute, eta zenbait gizon gaiztok ongileei dagokiena. Nire ustez, hau guztiz zentzugabekoa da. 15 Gora, bada, alaitasuna! Ez baitu gizonak eguzkipean beste onik, jan, edan eta gozatzea baizik. Horixe bakarrik atera dezake bere eginahaletik, Jainkoak mundu honetan bizitzeko eman dizkion egunetan.
Inork ulertzen ez Jainkoak egina
16 Gogotik saiatu naiz jakintsu izaten eta lurrean egin ohi diren jardunak ulertzen. Gau eta egun, begirik bildu gabe, ari izaten dira gizon-emakumeak. 17 Baina, ikusi dudanez, Jainkoak eguzkipean ari dituen egintza guztietarik bat ere ezin dute gizon-emakumeek garbi ulertu. Zenbat eta gehiago saiatu gizon-emakumeak egintza horien arrazoi bila, hainbat eta nekezago aurkituko dute. Jakintsuak berak, badakiela esanik ere, ez du ulertzen.
Gizon-emakumeen zoria
9. atala
aldatu1 Hauek guztiak hausnartu ditut neure baitan, eta ohartu naiz Jainkoaren eskuetan direla bai zuzenak, bai jakintsuak, bai eta berauen egintzak ere. Maitasunaz eta gorrotoaz ez daki deus ere gizonak. 2 Zori bera dute denek: zuzenek zein makurrek, garbiek zein likitsek; opariak eskaintzen dituenak bezalakoa eskaintzen ez dituenak ere; zintzoak bezalakoa bekatariak; zin dagienak bezalakoa zin egiteko beldur denak ere. 3 Hauxe duzu, eguzkipean direnen artean txarrena: ororentzat zori berbera. Horregatik, gaiztakeriaz eta zorakeriaz betea dago gizon-emakumeen bihotza, bizi diren bitartean; eta, azkenean, hilen artera! 4 Batek, bizirik dagoen bitartean, baduke itxaropen: hobe zakur bizia, lehoi hila baino. 5 Badakite biziek hil beharra dutela; hilek, ordea, ez dakite ezer, ez dute aurrerantzean saririk, galdua da haien oroitzapena. 6 Bukatu ziren jadanik haientzat amodioa, gorrotoa eta grinak. Ez dute aurrerakoan esku hartzerik mundu honetan egiten diren lanetan. 7 Ea bada! Jan bozkarioz zeure ogia, edan alai zeure ardoa, atsegin baititu jadanik Jainkoak zure egintzak. 8 Eraman beti jantzi zuriak soinean, ez egon zeure burua lurrindu gabe. 9 Goza bizitzaz maite duzun emaztekiarekin, Jainkoak eguzkipean bizitzeko eman dizkizun egun hutsal orotan; horixe baituzu zeure bizitzaren eta eguzkipean dagizun lanaren saria. 10 Egin dezakezun guztia egizu gogoz, ez baita lanik, ez gogoetarik, ez zientziarik, ez eta jakinduriarik ere zu zoazen Herio Leize horretan. 11 Beste hau ere ikusia dut eguzkipean: lasterketan ez dela beti bizkorrena nagusitzen, ez eta guduan ere indartsuena; jakintsuak ez duela beti ogia irabazten, ez eta buru-argia ere aberasten; jakituna ez dela beti ongi ikusia izaten. Denei datozkie aldi onak eta txarrak. 12 Gainera, ez dakite gizon-emakumeek noiz duten beren ordua; sareak harrapatzen baititu arrainak eta lakioak txoriak, halaxe ditu aldi txarrak bat-batean harrapatzen gizon-emakumeak.
Indarra ala jakinduria
13 Ikusia dut eguzkipean beste gauza oso jakingarri bat 14 Ba omen zen herri txiki bat bizilagun gutxikoa. Errege handi batek eraso omen zion, setiatu eta inguruan erasogailu handiak eraiki omen zituen. 15 Ba omen zen hiri hartan gizon behartsu baina jakintsu bat, eta bere jakinduriaz libratu omen zuen hiria. Ondoren, ordea, ez zen inor ere oroitu gizon behartsu hartaz. 16 Hobe da jakinduria indarra baino, diot nik; behartsuaren jakinduria, ordea, arbuiatu egin ohi da eta ez dira haren hitzak aditzen. 17 Jakintsuaren hitz eztiak errazago aditzen dira ergelen buruzagiaren deiadarrak baino. 18 Hobe jakinduria armak baino. Aski da, ordea, batek huts egitea on guztiak hondatzeko.
10. atala
aldatu1 Euli hilek lurringilearen olioa kutsatzen eta kirasten duten bezala, halaxe gertatu ohi da garrantzitsuago ergelkeria txiki bat jakinduria eta ohorea baino. 2 Jakintsuak burua bere tokian; ergelak, aldiz, oinazpian. 3 Hor dabil ergela bidez bide; bera izan zentzugabea, eta besteak jotzen ditu zentzugabetzat. 4 Nagusia haserretzen bazaizu ere, ez utzi horregatik zeure tokia, otzan izateak oker handiak eragozten baititu. 5 Ikusia dut eguzkipean, agintariengandik datorren beste oker handi bat: 6 ergela toki gorenean jarria eta aberatsa behean eseria. 7 Ikusi izan ditut morroiak zaldi gainean eta nagusiak oinez, morroi bailiran.
Lanean arazoak
8 Zuloa dagiena bertan da eroriko, horma botatzen duenari sugeak zizta egingo. 9 Harriak ateratzen dituenak beraiekin min hartuko; egurra ebakitzen ari dena zauritzeko arriskuan dago. 10 Aizkora kamutsarekin, zorrozten ez baduzu, lan handiagoa egin beharko. Joka ezazu buruz, ahaleginari onura ateratzeko. 11 Garaiz xorarazi baino lehen sugeak zizta egiten badu, ez du irabazirik suge-xorarazleak.
Mintzoa
12 Jakintsuaren ahoari darion mintzoa atsegina da; zentzugabea, berriz, bere hitzak galduko du: 13 hizketan hasi orduko zorakeria dio, eta bukatzean ergelkeria gaiztoa dario; 14 ergelak berriketa ugari Gizonak ez daki zer datorkion. Eta nork adieraz diezaioke beraren ondoren zer gertatuko den? 15 Bai neketsua ergelaren lana; ez daki hirirako bidea ere. 16 Zoritxarrekoa erregetzat haurra duen lurraldea, agintariek goizetik tripakadak egiten dituzteneko lurraldea. 17 Zorionekoa erregea aitoren semea duen lurraldea; agintariek, indarrak hartzeko eta ez sabelkeriaz, beren orduetan jaten duteneko lurraldea. 18 Nagiaren sabaia erraz eroriko, zabarraren etxean itaizur franko. 19 Gozatzeko da ogia, bizia alaitzeko ardoa, eta denetan laguntzeko dirua. 20 Ez iraindu erregea, ez eta zeure baitan ere; ez mintza aberatsaren aurka, ez eta zeure gelako isilean ere; txori txiki batek baitie zure mintzoa eramango, eta hegaztiek zure esana jakinaraziko.
Bizitzan arriskatu beharra
11. atala
aldatu1 Itxuraz galduan bada ere, hartzazu zereginen bat, luzarora izango baituzu etekina. 2 Banatu zeure ondasunak zazpiren, bai eta zortziren, artean ere, ez baitakizu nolako ezbeharra etor daitekeen lurrera. 3 Hodeiek, aseak daudelarik, euria egin ohi dute lur gainera. Zuhaitza, hegorantz nahiz iparrerantz erori, han geldituko da, erori den tokian. 4 Haizeari begira dagoenak ez du ereiten, ez eta lainoei begira dagoenak ere uztarik biltzen. 5 Bizi-arnasa haurdunaren sabelean nola sartzen den eta haurra nola hezur-mamitzen den ez dakizun bezala, ez dakizu ere nola diharduen gauza guztien egile den Jainkoak. 6 Erein goizean zeure hazia, eta arratsaldean ere ez egin opor, ez baitakizu ereinaldi bietan zein izanen duzun hoberena, ez eta bata bestea bezain ona izango den ere.
Bizitza ederra da
7 Bai eztia egun-argia, eta bai atsegina begientzat eguzkia ikustea! 8 Gizonak, urte luzez bizi baledi ere, bizi bitza denak alai; baina oroit bedi aldi ilunak ere ugari direla. Gertatzen den guztia huskeria da. 9 Alai hadi, mutil, gazte haizen bitartean, izan zoriontsu heure gaztaroan, jarrai hakie heure bihotzari eta heure begien grinari. Ez ahaztu, ordea, horien guztien kontua eskatuko diala Jainkoak auzian. 10 Bota heure bihotzetik kezkak, uxa heure gorputzetik gaitza, gaztetasuna eta gaztaroa agudo joaten baitituk.
Zahartzaroaz
12. atala
aldatu1 Oroit hadi heure Egileaz gazte haizen bitartean, aldi txarrak etor dakizkian baino lehen; urte horiek etortzean honela esango duk: «Ez ditiat atsegin». 2 Orduan eguzkia eta egun-argia, izarrak eta ilargia ilundu egingo zaizkik, eta euria egin ondoren berriro lainotuko dik. 3 Orduan eskuak dardaraka zaizkit jarriko eta zangoak ahulduko; hortz-haginak gutxituko eta alferrik dituk izango, begiak ere ilunpetan geldituko. 4 Belarriak itxiko zaizkik, ezin izango duk aditu errotarri-hotsik, ez eta entzun ere txorien kanturik. Ahotsa moteldu egingo zaik. 5 Toki goietan ibiltzeak beldurra emango dik, bai eta bide zelaian ibiltzeak ere. Ilea zurituko zaik ibilera baldartuko eta atsegin-grina hoztuko. Gizona bere betiko etxerantz zihoak; jadanik hilketariak kalez kale zebiltzak. 6 Orduan, zilarrezko haria eten egingo zaik, urrezko ontzia hautsiko, pitxerra iturrian puskatuko, eta putzu gainean txirrika zartatuko. 7 Hautsa lurrera itzuliko duk, handik sortua denez. Bizi-arnasa Jainkoarengana bihurtuko duk, berak emana denez. 8 Huskeria hutsa -dio Koheletek-, dena huskeria da.
Bukaera
9 Oso jakintsua zenez, Koheletek irakaspenak eman zizkion herriari; esaera asko ikertu, aztertu eta asmatu zuen. 10 Hitzik egokienak bilatu zituen Koheletek, irakaspen ederrak eta egiaz beteak idatzi. 11 Jakintsuaren hitzak akuilu dira, bilduma-egileak ongi sarturiko hesoholak, artzain bakarrak emanak. 12 Ez ibili, ene seme, gehiagoren bila; liburu asko egiteak ez du bukaerarik. Gainera, gehiegi hausnartzeak gorputza nekatu egiten du. 13 Esanak esan, eta bukatzeko, izan begirune Jainkoari eta bete beronen aginduak; horixe baita egiazko gizon-emakume izatea. 14 Jainkoak epaituko ditu gure egintza guztiak, onak zein txarrak, orobat ezkutukoak.