Biblia
Markos
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Hona hemen nola hasi zen Mesias eta Jainkoaren Seme den Jesusen berriona.

2 Isaias profetak idatzia zuen:

Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik
zuri bidea moldatzera.
}}{{bertset|1|3| Ahots bat oihuka ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.

4 Honela bada, agertu zen Joan Bataiatzailea basamortuan. Bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egiten zuen, bekatuen barkamenerako. 5 Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak harengana zihoazen eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.

6 Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko; matxinsaltoak eta basa eztia jaten zituen. 7 Honela hots egiten zuen: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. 8 Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

9 Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. 10 Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten. 11 Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

12 Berehala, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. 13 Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

14 Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berriona hots egiten zuen. 15 Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berriona».

16 Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. 17 Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

18 Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

19 Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren untzian. 20 Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak untzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

21 Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus. 22 Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.

23 Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:

24 -Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

25 Jesusek gogor eraso zion:

-Isil hadi eta irten horrengandik!

26 Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik. 27 Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»

28 Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.


29 Jesus sinagogatik atera eta Simon eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin. 30 Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. 31 Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion eta zerbitzatzen hasi zitzaien.


32 Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. 33 Herri osoa bildu zitzaion atarian. 34 Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.


35 Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. 36 Simon eta lagunak haren bila hasi ziren; 37 aurkitzean, esan zioten:

-Jende guztia zure bila dabil.

38 Hark, ordea, erantzun:

-Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berriona hots egitera, horretarako atera bainaiz.

39 Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berriona hots egiten eta deabruak botatzen.


40 Legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion:

-Nahi baduzu, garbi nazakezu.

41 Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:

-Nahi dut, izan zaitez garbi.

42 Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

43 Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:

44-2024 ntuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.

45 Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.


2. atala

aldatu

1 Zenbait egunen buruan, berriro Kafarnaumen sartu zen Jesus. Eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. 2 Bildu zen jendetzarekin, ez zegoen inon tokirik, ez eta atarian ere. Eta mezua adierazten zien. 3 Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. 4 Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzana zegoen ohatilan. 5 Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari:

-Seme, barkatuak dituzu bekatuak.

6 Bazen han eserita zenbait lege-maisu, eta hau zioten beren baitan: 7 «Zer ari da hori horrela? Biraoka ari duk. Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak berak baizik?» 8 Baina Jesusek bere barruan haien gogoetak igarri eta esan zien:

-Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? 9 Zer da errazago, elbarriari «Barkatuak dituzu bekatuak» esatea ala «Jaiki, hartu zeure ohatila eta zabiltza» esatea? 10 Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.

Eta esan zion elbarriari:

11 -Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.

12 Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».


13 Jesus berriro aintzira aldera atera zen. Jende guztia berarengana zetorren eta irakasten hasi zitzaien.

14 Bidez zihoala, Lebi Alfeorena ikusi zuen zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:

-Jarraitu niri.

Lebik zutitu eta jarraitu egin zion.

15 Geroago, Lebiren etxean zegoen Jesus mahaian; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren. 16 Fariseu lege-maisu batzuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikusirik, esan zieten ikasleei:

-Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?

17 Jesusek entzun eta esan zien:

-Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik.


18 Behin batean, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten:

-Nola egiten dugu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?

19 Jesusek erantzun zien:

-Ezteietara deituek egin ote dezakete barau senar-berria berekin dutelarik? Senar-berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baraurik egin. 20 Etorriko zaie, bai, senar-berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.

21 «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo luke. 22 Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berriarentzat zahagi berriak!»


23 Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleak, bidenabar, galburuak hartzen hasi ziren. 24 Fariseuek esan zioten Jesusi:

-Nola ari dira egiten, larunbatez zilegi ez dena?

25 Hark erantzun:

-Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek beharraldi batean, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean? 26 Nola, Abiatar apaiz nagusi zela, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituen, legez apaizek bakarrik jan zitzaketenak, eta nola berarekin zeudenei ere eman zien?

27 Eta, gainera, esan zien:

-Larunbata gizakiaren onerako egin zuen Jainkoak eta ez gizakia larunbataren onerako. 28 Beraz, larunbataren beraren nagusi da Gizonaren Semea.


3. atala

aldatu

1 Beste behin, Jesus sinagogara joan zen. Bazen han besoa elbarri zeukan gizon bat. 2 Zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatuko baitzebiltzan. 3 Jesusek beso-elbarriari esan zion:

-Jaiki eta zatoz hona erdira.

4 Eta besteei, berriz:

-Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

Haiek, ordea, isilik. 5 Jesusek, inguruko guztiei haserre begiraturik eta beraien setakeriaz mindurik, honela esan zion gizonari:

-Luzatu beso hori.

Hark luzatu, eta sendatu egin zitzaion.

6 Handik atera orduko, fariseuek Herodesen alderdikoekin elkar hartu zuten Jesusen kontra, nola hilko.


7 Jesus aintzira-bazterrera joan zen bere ikasleekin. Galileatik etorritako jendetza handiak jarraitu zion. 8 Eta berak egiten zituenak entzunik, Judea, Jerusalem, Idumea, Jordanez bestalde eta Tiro eta Sidon aldetik ere jende-talde handia bildu zitzaion. 9 Hark txalupa prest edukitzeko agindu zien ikasleei, hainbeste jenderen artean zapal ez zezaten. 10 Izan ere, asko zituen sendatuak, eta gaitzen bat zuten guztiak gainera zetozkion ukitu nahiz. 11 Espiritu gaiztoek, ikusten zuteneko, haren oinetara jausi eta ozenki esaten zioten: «Jainkoaren Semea zara zu».

12 Hark, ordea, zorrotz agintzen zien, ez zezatela ezagutzera eman.


13 Gero, mendira igo zen, eta berak nahi zituenei dei egin zien. Eta haiek hurbildu egin zitzaizkion. 14 Hamabi izendatu zituen, berarekin bizitzeko eta berriona hots egitera bidaltzeko, 15 deabruak botatzeko ahalmena emanez. 16 Hamabi hauek izendatu zituen: Simon -honi Pedro izena jarri zion-, 17 Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia -hauei Boanerges izena jarri zien, hau da, «Trumoikume»-, 18 Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote 19 eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.


20 Jesus etxera itzuli zen. Berriro ere jendetza handia bildu zen, eta ezin zuten otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. 21 Jesusen senitartekoak, jakin zutenean, hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela uste baitzuten.

22 Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek, berriz, zera zioten: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu deabruak». 23 Etorrarazi zituen Jesusek, eta parabola hauen bidez mintzatu zitzaien: «Nola dezake Satanasek Satanas bota? 24 Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. 25 Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. 26 Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik badago, ezin du iraun; harenak egin du. 27 Ez daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara joan, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak. 28 Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta egin litzaketen birao guztiak; 29 baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten duenak ez du inoiz barkamenik izango: errudun izango da betiko».

30 Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei erantzun zien hau.


31 Jesusen ama eta anai-arrebak iritsi ziren. Kanpoan gelditurik, deiarazi egin zuten. 32 Jende asko zegoen haren inguruan eserita, eta esan zioten:

-Adizu, ama eta anai-arrebak kanpoan dituzu zeure bila.

33 Hark erantzun:

-Nor dira nire ama eta nire anai-arrebak?

34 Eta, inguruan eserita zituenei begiratuz, esan zuen:

-Hauek ditut nik ama eta anai-arreba. 35 Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama.


4. atala

aldatu

1 Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu zitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri baitzen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan. 2 Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakasaldian: 3 «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera. 4 Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten. 5 Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta axaleko lurra izanik, berehala erne zen; 6 baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. 7 Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. 8 Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

9 Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».


10 Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera Jesusekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdegin zioten. 11 Eta hark esan zien:

-Zuei Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea eman zaizue; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie. 12 Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala,

ikusten dute, bai, baina ohartzen ez;
entzuten dute, bai, baina ulertzen ez;
horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen
eta ez zaie barkatzen.


13 Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak? 14 Ereileak mezua du ereiten. 15 Mezua ereiterakoan, batzuk <bide-bazterra> bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du. 16 Beste batzuk <harri-artea> bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute; 17 baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira. 18 Beste batzuk, berriz, <sasi-artea> bezala dira: entzuten dute mezua, 19 baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz. 20 Eta hona nor diren <lur ona> bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».


21 Beste hau ere esan zien: «Ontzipean edo ohepean jartzeko pizten ote da gero kriseilua? Ez ote argimutilaren gainean jartzeko? 22 Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ez eta ezkutuan ere argitaratuko ez denik. 23 Inork ulertu ahal badu, uler beza».

24 Esan zien ere: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai. 25 Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».

Berez hazten den haziaren parabola


26 Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da: 27 hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela. 28 Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburu betean. 29 Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uzta-aroa da eta».


30 Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? 31 Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; 32 erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak».


33 Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragartzen zien, beraiek ulertzeko eran. 34 Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten zien.


35 Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Goazen aintziraz bestaldera».

36 Jende-taldea utzirik, zegoen txalupan bertan eraman zuten Jesus, beste zenbait untzi ere harekin batera bazen arren. 37 Hortan, haize-bolada zakarra atera zuen, eta uhinek txalupa jotzen zuten, ia urez betetzeraino. 38 Jesus, berriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnarazi eta esan zioten:

-Maisu, ez al dizu axola gu galtzea?

39 Hark, esnaturik, haserre egin zion haizeari, eta aintzirari esan:

-Hago isilik! Geldi!

Gelditu zen haizea eta dena bare-bare gelditu zen. 40 Jesusek esan zien:

-Zergatik beldur hori? Nolatan duzue oraindik hain sinesmen gutxi?

41 Beldur-ikaraz gelditu ziren, elkarri esanez: «Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»


5. atala

aldatu

1 Aintziraz bestaldera iritsi ziren, gerasatarren lurraldera. 2 Untzitik jaitsi orduko, espiritu gaiztoen menpe zegoen gizon bat atera zitzaion Jesusi hilobi artetik bidera. 3 Hilobietan bizi zen, eta ezin zuen inork lotuta eduki, ez eta katez ere. 4 Hain zuzen, behin eta berriz lotua zuten girgiluz eta katez, baina hark beti kateak eten eta girgiluak puskatu egiten zituen, eta ez zen inor ere hura menperatzeko gauza. 5 Gau eta egun hilobi artean eta mendirik mendi ibili ohi zen etengabe, marrumaka eta bere burua harriz joka.

6 Jesus urrundik ikustean, lasterka joan eta aurrean ahozpeztu zitzaion. 7 Eta deiadarka esan zion:

-Zer duzu nirekin, Jesus, goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nazazu oinazetu!

8 Izan ere, Jesusek agindu hau emana baitzion: «Irten gizon horrengandik, espiritu gaizto hori!»

9 Orduan, galdetu zion:

-Nola duk izena?

Hark erantzun:

-Taldea, asko gara eta.

10 Eta otoi eta otoi eskatzen zion ez zitzala lurralde hartatik kanpora bidal.

11 Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean. 12 Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi:

-Bidal gaitzazu txerriengana, beraietan sar gaitezen.

13 Hark baimena eman zien. Espiritu gaiztoak gizonarengandik atera eta txerriengan sartu ziren; eta txerri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zen; bi milaren bat txerri ito ziren.

14 Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten auzoetan eta herrian. Eta zer gertatu ote zen ikustera joan zen jendea. 15 Jesusen ondora iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren. 16 Ikusi zutenek deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten. 17 Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi.

18 Untzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko, 19 baina ez zion utzi; zera esan zion, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia».

20 Joan zen, bada, eta Dekapolisko lurraldean hots egiten hasi zen Jesusek egin zion guztia. Denak harriturik gelditzen ziren.


21 Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela, 22 sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahozpezturik, 23 otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».

24 Harekin abiatu zen Jesus.

Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka. 25 Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoena. 26 Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. 27 Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion. 28 Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». 29 Une berean odol-jarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. 30 Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:

-Nork ukitu dit jantzia?

31 Bere ikasleek erantzun zioten:

-Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?

32 Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori. 33 Orduan, emakumeak, beldurrez dardar -ondo baitzekien zer gertatu zitzaion-, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. 34 Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

35 Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?» 36 Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».

37 Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. 38 Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. 39 Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».

40 Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aitamak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. 41 Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).

42 Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. 43 Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.


6. atala

aldatu

1 Handik alde egin eta bere herrira joan zen Jesus, bere ikasleak ondoren zituela. 2 Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok honela zioen harriturik: «Nondik honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? 3 Ez al da, bada, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi?»

Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan.

4 Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik».

5 Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen eskuak ezarriz. 6 Eta harriturik zegoen haien sinesmenik ezaz.


Jesus inguruko auzoetan barrena ibili zen irakasten. 7 Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. 8 Biderako deus ere ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ez eta gerrikoan dirurik ere; 9 oinetan sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. 10 Gero, nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. 11 Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat».

12 Joan ziren, bada, haiek eta berriona hots egin zuten bihozberri zitezen. 13 Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz.


14 Jakin zuen Herodes erregeak Jesusen berri, honen izena oso entzuna baitzen. Batzuek zioten: «Joan Bataiatzailea hilen artetik piztu da; horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». 15 Beste batzuek, berriz: «Elias da». Eta beste zenbaitek: «Profeta da, antzinako profetak bezalakoa».

16 Iritzi hauek entzutean, honela zioen Herodesek: «Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da».


17 Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodias Herodesen anaia Feliperen emaztea zen, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zeukan. 18 Eta Joanek hau esaten zion Herodesi: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea».

19 Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen; baina ezin, 20 Herodesek begirune baitzion; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek buruhausterik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. 21 Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzekoan, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. 22 Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta honen mahaikideei. Orduan, erregeak neskatxari esan zion:

-Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut.

23 Eta zin ere eginez agindu zion:

-Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere.

24 Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion:

-Zer eskatuko diot?

Amak erantzun:

-Joan Bataiatzailearen burua.

25 Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean».

26 Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinarengatik, ez zion ukatu nahi izan. 27 Bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, 28 eta azpil batean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari.

29 Joanen ikasleek, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ezarri zuten.


30 Apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. 31 Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku gorde batera, eta hartu atseden-pixka bat».

Asko baitziren joan-etorri zebiltzanak, eta ez zuten jateko ere astirik.

32 Orduan, bazter batera joan ziren, beraiek bakarrik, txalupaz. 33 Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, haiei aurrea hartuz.

34 Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek. Errukitu egin zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal. 35 Berandutu zuelarik, ikasleek hurbildu eta esan zioten:

-Toki hau oso urruti dago eta berandu da. 36 Bidal itzazu, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa eros dezaten.

37 Jesusek erantzun zien:

-Eman zeuek jaten.

Haiek, orduan:

-Berrehun denarioren ogia erostera joango ote gara, bada, hauei jaten emateko?

38 Baina Jesusek esan zien:

-Zenbat ogi dituzue? Ea, ikusi.

Begiratu, eta erantzun zioten:

-Bost ogi, eta bi arrain ere bai.

39 Orduan, jende guztia zelaian taldeka eserarazteko agindu zien. 40 Berrogeita hamarnaka eta ehunaka eseri ziren. 41 Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta hauek jendeari eskaini. Bi arrainak ere guztien artean banatu zituen. 42 Asetzeraino jan zuten denek, 43 eta gelditutako ogi- eta arrain-hondarrez hamabi saski bete zituzten. 44 Bost mila gizon izan ziren jan zutenak.


45 Berehala, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik bestaldera, Betsaidarantz, joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. 46 Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen otoitz egitera.

47 Ilundu zuenean, untzia aintzira erdian zegoen, eta Jesus lehorrean, bakarrik. 48 Arraunketan ezinean ari zirela ikusirik, haizea kontra baitzuten, goiz aldera ikasleengana joan zen Jesus, ur gainean oinez. Aurrera igarotzera zihoala, 49 ur gainean ibiltzen ikusi zuten eta, mamua zelakoan, oihuka hasi ziren; 50 denek ikusi zuten eta erabat izutu. Berehala hitz egin zien, ordea, Jesusek eta esan:

-Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!

51 Txalupara igo zitzaien, eta haizea baretu egin zen. Are harrituago gelditu ziren, 52 oraindik ez baitzitzaien ogiena buruan sartu, adimena itsu zeukaten eta.


53 Aintzira igaro ondoren, Genesaret lurraldera iritsi ziren, eta hantxe lehorreratu. 54 Untzitik atera orduko ezagutu zuen Jesus jendeak, 55 eta lurralde hartan guztian barrena joan ziren; eta Jesus non, haraxe eramaten zizkioten gaixoak ohatiletan. 56 Jesus joaten zen herri, auzo nahiz baserrietan, nonahi gaixoak atarietara ateratzen zizkioten. Soineko-ertza behintzat ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendatzen ziren.


7. atala

aldatu

1 Behin batean, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako zenbait lege-maisu hurbildu zitzaizkion Jesusi, 2 eta konturatu ziren, honen ikasle batzuek otordua esku kutsatuekin egiten zutela, esku-garbikuntza egin gabe, alegia. 3 Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute behin ere jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. 4 Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute beste hamaika ohiturazko betebehar: hala nola edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.

5 Horrela bada, galdera hau egin zioten fariseuek eta lege-maisuek Jesusi:

-Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?

6 Jesusek erantzun zien:

-Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean:

Herri honek ezpainez ohoratzen nau,
baina niregandik urrun du bihotza;
}}{{bertset|7|7| alferrik naute gurtzen;
hauen irakaspena giza agindu hutsa.


8 «Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue».

9 Eta jarraitu zuen:

-Lasai zokoratzen duzue Jainkoaren agindua zeuen usadioak ezartzeko! 10 Esate baterako, Moisesek esan zizuen: Ohoratu aitamak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du. 11 Zuek, ordea, beste hau diozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badio: «Zuri eman behar nizukeena <Korban> da (hau da, Jainkoarentzat opari)», 12 halakoak ez duela aitari edo amari ezertan lagundu beharrik; 13 horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen arteko usadioengatik. Eta horrelakoak asko egiten dituzue.


14 Jesusek berriro jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun niri denok eta ulertu ongi! 15 Ez da deus ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». ( 16 ).

17 Jendearengandik alde egin eta etxeratu zenean, hitz horien esanahiaz galdetu zioten ikasleek. 18 Jesusek esan zien:

-Beraz, ez duzue zuek ere ulertzen? Ez al duzue ikusten kanpotik sartzen zaion ezerk ez dezakeela gizakia zikindu? 19 Sartu, ez baitzaio bihotzera sartzen, sabelera baizik, eta handik komun-zulora.

Hitz hauekin, janari guztiak garbiak direla adierazi nahi zuen.

20 Eta erantsi zuen:

-Gizakiaren barrutik irteten denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin! 21 Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, 22 adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. 23 Gaiztakeria guztiok barrutik irteten dira, eta hauek dute gizakia kutsatzen.


24 Handik, Tiro aldera joan zen Jesus. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon. 25 Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zuenekoxe, etorri eta oinetan ahozpeztu zitzaion. 26 Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta bere alabagandik deabrua bota zezala eskatzen zion Jesusi. 27 Jesusek erantzun:

-Utzi lehenik seme-alabak asetzen; ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.

28 Emakumeak erantzun zion:

-Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian.

29 Orduan, Jesusek:

-Ederra erantzuna! Zoaz, bada; atera da deabrua zure alabagandik.

30 Itzuli zen etxera eta ohean etzana aurkitu zuen alaba; alde egina zen deabrua.


31 Utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barrena, Galileako aintzirara iritsi zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar.

32 Gizon gor bat eraman zioten, hizmotela gainera, eta eskua ezartzeko eskatu zioten. 33 Jesusek, jendearengandik aparte harturik, hatzak belarrietan sartu zizkion eta listuz mihia ukitu. 34 Gero, zerura begiratuz, hasperen egin eta esan zion: «Effata!» (hau da, «Ireki!»).

35 Eta une berean, ireki egin zitzaizkion belarriak, mihia askatu eta garbi hitz egiten hasi zen. 36 Gertatua inori ez aipatzeko agindu zien Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta areago zabaltzen zuten. 37 Eta biziki harrituta, honela zioten: «Ongi egin du dena: gorrei entzunarazi eta mutuei hitz eragin».


8. atala

aldatu

1 Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien:

2 -Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko. 3 Etxera baraurik bidaltzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrutitik etorriak ere badira eta.

4 Ikasleek esan zioten:

-Baina nork atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?

5 Hark galdetu zien:

-Zenbat ogi dituzue?

-Zazpi -erantzun zioten.

6 Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari eskaini zizkioten. 7 Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazioa esan, eta haiek ere banatzeko agindu zien. 8 Asetzeraino jan zuten, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin. 9 Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien, 10 eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.


11 Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren: Jainkoarengandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz, bera nola harrapatuko. 12 Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango».

13 Eta, haiek bertan utzirik, txalupara igo zen eta bestaldera abiatu.


14 Ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten untzian. 15 Jesusek oharpen hau egin zien: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legamiarekin!»

16 Haiek, berriz, elkarren artean honela ari ziren: «Ogirik ez dugulako ari zaiguk».

17 Konturatu zen Jesus eta esan zien:

-Zer ari zarete ogirik ez daukazuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete? 18 Begiak eduki, eta ez duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan, 19 bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenituzten hondarrekin?

-Hamabi -erantzun zioten.

20 -Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenituzten hondarrekin?

Haiek erantzun:

-Zazpi.

21 Orduan, esan zien:

-Eta oraindik ez duzue ulertzen?


22 Betsaidara iritsi zirenean, itsu bat ekarri zioten Jesusi, ukitzeko erreguka. 23 Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eraman zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri zizkion eta galdetu:

-Ikusten al duzu ezer?

24 Hark begiratu zuen, eta erantzun:

-Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza.

25 Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan, eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela. 26 Etxera bidali zuen Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.


27 Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien:

-Ni nor naizela dio jendeak?

28 Haiek erantzun zioten:

-Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat.

29 Jesusek berriro galdetu zien:

-Eta zuek, nor naizela diozue?

Pedrok erantzun:

-Zu Mesias zara.

30 Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu zien zorrotz.


31 Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela. 32 Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion. 33 Baina Jesusek, itzuli eta ikasleei begira, gogor eraso zion Pedrori, esanez:

-Alde nire ondotik, Satanas! Hire asmoak ez dituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.


34 Gero, jendeari eta ikasleei dei eginik, esan zien Jesusek: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat. 35 Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik eta berrionagatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du. 36 Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizia galtzekotan? 37 Eta zer eman dezake gizakiak, berriro bizia bereganatzeko? 38 Beraz, norbait, gizaldi desleial eta bekatari honen aurrean, nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere Aitaren aintzaz beterik aingeru santuekin etorriko denean».


9. atala

aldatu

1 Eta honela amaitu zuen: «Benetan diotsuet: Hemen daudenetako batzuk ez dira hilko, harik eta Jainkoa errege ahaltsu bezala etortzen ikusi arte».


2 Handik sei egunera, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: 3 jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago. 4 Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan. 5 Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»

6 Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.

7 Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau entzun zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»

8 Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.

9 Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte. 10 Agindu hau bete zuten, baina «hilen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean. 11 Eta galdetu zioten:

-Zergatik diote lege-maisuek lehenbizi Eliasek etorri behar duela?

12 Jesusek erantzun:

-Lehenbizi Eliasek etorri eta dena Jaunak nahi bezala eraberritu behar baldin badu, nolatan diote Liburu Santuek Gizonaren Semeak asko sufritu behar duela eta arbuiatua izan? 13 Hau diotsuet gainera: Elias etorri da, baina gogoak emandako guztia egin diote, hartaz idatzia zegoen bezala.


14 Beste ikasleengana itzuli zirenean, jendetza handia ikusi zuten haien inguruan, eta lege-maisu batzuk haiekin eztabaidan. 15 Jendea harriturik gelditu zen Jesus ikustean eta lasterka joan zitzaizkion agurtzera. 16 Jesusek galdetu zien:

-Zer zenuten horiekin eztabaidan?

17 Jendarteko batek erantzun zion:

-Maisu, hemen ekarri dizut neure seme hau: hitzik egiten uzten ez dion espiritua dauka. 18 Non edo han espiritua jabetzen zaionean, lurrera botatzen du, eta mutikoa, lerdea dariola eta hortz-karraska, gogor-gogor gelditzen da. Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute.

19 Jesusek esan zien:

-Hau gizaldi sinesgogorra! Noiz arte egon behar ote dut zuen artean? Noiz arte jasan behar ote zaituztet? Ekarri mutila.

20 Eraman egin zioten. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu zuen mutikoa, eta lurrean iraulka eta lerdea zeriola utzi.

21 Jesusek mutilaren aitari galdetu zion:

-Noiztik dago horrela?

Hark erantzun:

-Umetandik. 22 Askotan bota izan du sutara eta uretara ere, hilarazteko. Ezer egin ahal baduzu, erruki zaitez gutaz eta lagun iezaguzu.

23 Jesusek esan zion:

-Ahal dudan diozu? Dena ahal du sinesten duenak.

24 Orduan, mutilaren aitak deiadarka:

-Sinetsi nahi dut! Lagundu sinesgabe honi.

25 Jesusek, jendea pilatzen ari zela ikusirik, mehatxu egin zion espiritu gaiztoari:

-Espiritu gor eta mutua, neuk agintzen diat: irten hadi mutil honengandik eta ez sartu gehiago.

26 Garrasika eta berebiziko astindua emanez, atera zen espiritu gaiztoa. Mutikoa hilik bezala gelditu zen. Ia denek hila zegoela zioten; 27 baina Jesusek eskutik hartu eta altxarazi egin zuen, eta mutikoa zutitu egin zen.

28 Jesus etxeratu zenean, ikasleek bakarrean galdetu zioten:

-Eta guk, zergatik ezin izan dugu bota espiritu hori?

29 Erantzun zien:

-Gisa honetako espirituak botatzeko bide bakarra otoitza da.


30 Handik atera eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen inork jakiterik nahi, 31 bere ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztu egingo da».

32 Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.


33 Kafarnaumera iritsi ziren. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin zien:

-Zer eztabaida izan duzue bidean?

34 Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean. 35 Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien:

-Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria.

36 Eta gero, haur bat hartu, haien aurrera ekarri eta, magalean zuela, esan zien:

37 -Honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, ez nau ni onartzen, bidali nauen hura baizik.


38 Joanek esan zion:

-Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.

39 Baina Jesusek erantzun:

-Ez eragotzi; ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki-esaka jardungo duenik. 40 Hau da, gure kontra ez dagoena, gure alde dago. 41 Benetan diotsuet: Mesiasen jarraitzaile zaretelako, ontzixka bat ur bada ere ematen dizuen inor ez da saririk gabe geldituko.


42 «Sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute. 43 Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizitzan sartu, bi eskuekin infernura, itzalezineko sutara, erori baino. ( 44 ). 45 Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hankamotz betiko bizitzan sartu, bi oinekin infernura jaurtikia izan baino. ( 46 ). 47 Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiekin infernura jaurtikia izan baino; 48 han ez da barruko harra hiltzen, ez eta sua itzaltzen.

49 «Izan ere, suaz gazitu behar dira denak. 50 Gauza ona da gatza; baina gatza gezatuko balitz, nola gazitu berriro? Eduki gatza zeuen baitan eta zaudete elkarrekin bakean».


10. atala

aldatu

1 Jesus, handik irtenik, Judeako mugetan sartu zen, Jordan ibaiaz bestaldera igaroz. Berriro jende-multzo handiak bildu zitzaizkion ondora eta bera, ohi zuen bezala, irakasten hasi zitzaien. 2 Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ote zuen galdetu zioten. 3 Hark erantzun zien:

-Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?

4 Eta haiek:

-Moisesek, dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.

5 Jesusek esan zien:

-Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako eman zizuen lege hori Moisesek. 6 Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; 7 horregatik, gizasemeak bere aitamak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, 8 eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. 9 Horrela bada, Jainkoak uztartu duena, ez beza gizakiak aska.

10 Gero, etxean, arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek. 11 Jesusek esan zien:

-Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka; 12 eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean.


13 Beste batean, haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, berriz, haserre egiten zieten. 14 Hori ikustean, Jesus haserretu egin zen, eta esan: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege. 15 Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

16 Eta haurtxoak magalean hartu eta bedeinkatu egiten zituen, eskuak ezarriz.


17 Bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:

-Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

18 Jesusek erantzun zion:

-Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. 19 Badakizkizu aginduak: Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, ohoratu aitamak.

20 Hark, orduan:

-Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.

21 Jesus maitasunez begira jarri zitzaion, eta esan:

-Gauza bat falta zaizu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

22 Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe baitzen.


23 Inguruan begiratuz, Jesusek esan zien bere ikasleei:

-Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!

24 Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek berriro ere:

-Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea. 25 Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

26 Ikasleek, gero eta nahasiago, honela zioten beren artean:

-Nor salba daiteke, orduan?

27 Jesusek begira-begira jarri eta esan zien:

-Gizakientzat bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak.


28 Orduan, Pedrok esan zion Jesusi:

-Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko.

29 Jesusek erantzun:

-Benetan diotsuet: Niregatik eta berrionagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, 30 orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. 31 Orain lehenengo diren asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo direnak lehenengo.


32 Jerusalemerako bidean gora zihoazen, eta Jesus aurretik. Txunditurik zeuden; jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Berriro Hamabiak beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien: 33 «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen eskuetara emango dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren eskuetara emango; 34 hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigortu eta hil egingo; baina handik hiru egunera piztu egingo da».


35 Santiago eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:

-Maisu, eskatuko dizuguna zuk ematea nahi genuke.

36 Jesusek galdetu zien:

-Zer nahi duzue, bada, niregandik?

37 Eta haiek:

-Zu zeure aintzara heltzean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezela.

38 Jesusek esan zien:

-Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko, edo nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?

39 -Bai, gauza gara -esan zioten.

Jesusek, orduan:

-Nik edan behar dudan edari saminetik, bai, edango duzue, bai eta nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere; 40 baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.


41 Beste hamarrak, hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziren. 42 Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. 43 Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. 44 Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. 45 Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».


46 Jerikora iritsi ziren. Eta Jesus bere ikasleekin eta jendetza handiarekin hiritik irteterakoan, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean zegoen bide-ertzean eserita. 47 Jesus Nazaretarra zela jakitean, oihuka hasi zen:

-Daviden Semea, Jesus, erruki zakizkit!

48 Askok gogor egiten zioten, isilarazteko; baina hark areago oihu:

-Daviden Semea, erruki zakizkit!

49 Jesusek gelditu eta hari dei egiteko agindu zuen. Dei egin zioten itsuari, esanez:

-Izan bihotz! Jaiki, deika ari zaik.

50 Bere soingainekoa jaurtikiz, salto batean zutitu eta Jesusengana joan zen. 51 Jesusek galdegin zion:

-Zer nahi duzu niregandik?

Itsuak erantzun:

-Berriro ikustea, Jauna.

52 Jesusek esan zion:

-Zoaz, zeure sinesmenak sendatu zaitu.

Une berean ikusmena etorri zitzaion berriro, eta Jesusen ondoren zihoan bidean.


11. atala

aldatu

1 Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara iritsirik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek, 2 esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri. 3 Norbaitek zer ari zareten galdetuko balizue, erantzun: <Jaunak behar du, baina berehala itzuliko du> ».

4 Joan ziren, bada, eta han aurkitu zuten astakumea ate ondo batean kanpotik lotuta, eta askatzen hasi ziren. 5 Bertan zeudenetariko batzuek esan zieten: «Zer ari zarete hor astakumea askatzen?»

6 Jesusek esandakoa erantzun zieten, eta haiek astakumea utzi.

7 Jesusi eramanik, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarri zizkioten, eta Jesus gainean eseri zen. 8 Askok jantziak zabaltzen zituzten bidean; beste batzuek, berriz, bazterretan bildutako abarrostoak. 9 Aurretik eta atzetik zihoazenek honela zioten oihuka: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! 10 Bedeinkatua datorren erreinua, gure aita Daviden erreinua. Gora Jainko gorena!»

11 Jerusalemen, Jesus tenplura joan zen. Eta inguru guztiak begiratu ondoren, ordurako berandu baitzen, Betaniarantz atera zen Hamabiekin.


12 Biharamunean, Betaniatik irten zirenean, Jesus gosetu egin zen. 13 Hostotan zegoen pikuondo bat urrutitik ikusirik, bertara joan zen, ea pikurik aurkitzen zuen; baina ondora iristean, ez zuen hostoa besterik aurkitu, ez baitzen piku-sasoia. 14 Orduan, pikuondoari esan zion: «Ez dezala gehiago inork hiregandik fruiturik jan!»

Bere ikasleek ere entzun zioten.


15 Heldu ziren Jerusalemera. Tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen Jesus eta diru-trukalarien eta uso-saltzaileen mahaiak irauli egin zituen. 16 Eta ez zion inori uzten tenpluan barrena ezer eramaten. 17 Gero, irakasten hasi zitzaien, esanez: «Ez al dio Liburu Santuak: Nire etxea otoitz-etxe izango da herri guztientzat? Zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

18 Apaizburuak eta lege-maisuak, hori jakin zutenean, Jesus nola hilko hasi ziren; baina beldur zioten, jende guztia haren irakatsiaz harriturik baitzegoen. 19 Iluntzean, hiritik atera ziren Jesus eta ikasleak.


20 Hurrengo goizean goiz, handik igarotzean, pikuondoa sustraietaraino ihartua ikusi zuten. 21 Oroitu zen Pedro, eta Jesusi esan zion:

-Maisu, begira, zuk madarikatutako pikuondoa dena ihartu da.

22 Jesusek erantzun:

-Izan sinesmen Jainkoarengan! 23 Benetan diotsuet: Norbaitek esaten badio mendi honi: «Ken hadi hortik eta amildu itsasora», eta mendiari agindu diona gertatuko dela zalantzarik gabe sinesten badu, halaxe gertatuko zaio. 24 Horregatik diotsuet: Otoitzean eskatzen duzuen edozer gauza, sinetsi lortu duzuela, eta emango dizue Jainkoak. 25 Eta otoitzean ari zaretela, barkatu inoren kontra ezer baduzue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak barka diezazkizuen. ( 26 ).


27 Jerusalemera iritsi ziren. Jesus tenpluan zebilela, apaizburuak, lege-maisuak eta zaharrak hurbildu zitzaizkion, 28 galdezka:

-Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Nork eman dizu horretarako aginpidea?

29 Jesusek erantzun zien:

-Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzun zuek, eta nik ere esango dizuet zein aginpidez jokatzen dudan horrela. 30 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen? Esan!

31 Haiek honela zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu. 32 Baina, nola esan giza aginduz ari zela?» Honetarako, jendearen beldur ziren, guztiek profetatzat baitzeukaten Joan. 33 Beraz, erantzun zioten:

-Ez dakigu.

Jesusek, orduan:

-Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.


12. atala

aldatu

1 Jesus parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien: «Gizon batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. 2 Bere garaian, morroi bat bidali zien nekazariei, mahastiaren fruitutik zegokion partea jasotzera. 3 Baina haiek morroia hartu, jo eta esku-hutsik bidali zuten. 4 Berriro beste morroi bat bidali zien; hau ere buruan kolpatu eta irainez bete zuten. 5 Beste bat ere bidali zien geroago, eta hil egin zuten. Ondoren, beste asko, eta batzuk jo eta besteak hil egin zituzten. 6 Bazuen oraindik beste norbait, bere seme maitea; eta huraxe bidali zien azkena, honela pentsatuz: <Neure semeari bederen izango diote begirune>. 7 Nekazariek, ordea, esan zuten beren artean: <Oinordekoa duk! Hil dezagun eta mahastiaren jabe izango gaituk!> 8 Hartu, hil eta mahastitik kanpora bota zuten.

9 «Zer egingo ote du mahasti-jabeak? Joan eta garbitu egingo ditu langile horiek, eta mahastia beste batzuen esku utziko. 10 Ez al duzue irakurri Liburu Santuetako hura:

«Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da. 11 Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?» »


12 Lege-maisu eta zaharrak Jesus atxilotu nahian zebiltzan, ongi jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina, jendearen beldurrez, utzi eta alde egin zuten.


13 Gero, fariseu eta Herodesen alderdiko batzuk bidali zizkioten Jesusi, hitzen batean harrapatzeko asmoz. 14 Etorri eta esan zioten:

-Maisu, badakigu egiazale zarena eta ez dizuna axolarik inoren zeresanak; zuk, gizakiaren itxurari begiratu gabe, Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzu. Zilegi al da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez? Ordaindu behar al diogu, bai ala ez?

15 Baina Jesusek, haien azpikeriaz oharturik, esan zien:

-Zergatik zatozkidate zirika? Ekarri txanpon bat, ikusteko.

16 Ekarri zioten, eta Jesusek galdegin zien:

-Norenak dira irudi eta izen hauek?

Haiek erantzun:

-Zesarrenak.

17 Jesusek, orduan:

-Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

Txunditurik utzi zituen erantzun honekin.


18 Ondoren, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek ez dute sinesten hildakoak pizten direna. Eta honela galdegin zioten:

19 -Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia hiltzen bazaio, emaztea seme-alabarik gabe utziz, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko. 20 Behin batean, baziren zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. 21 Bigarrena alarguntsarekin ezkondu zen, eta seme-alabarik gabe hil zen hura ere. Berdin hirugarrena. 22 Horrela, ondorengorik gabe hil ziren zazpiak. Azkenik, hil zen emakumea ere. 23 Piztuerakoan, hildakoak piztuko omen direnean, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?

24 Jesusek erantzun zien:

-Ez ote zabiltzate oker, eta oker, hain zuzen, Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dituzuelako? 25 Izan ere, hildakoak piztean, ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak. 26 Gainera, hildakoen piztueraz, ez al duzue irakurri Moisesen liburuan, sutan zegoen sasiaren pasartean, nola esaten dion Jainkoak berak: Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz? 27 Ez da hilen Jainkoa, biziena baizik. Oker zaudete oso.


28 Ondoren, aurreko eztabaida entzundako lege-maisu bat aurreratu zitzaion. Jesusek zeinen jator erantzun zien ikusirik, galdera bat egin zion:

-Zein da agindu guztietan nagusia?

29 Jesusek erantzun:

-Hona hemen nagusia: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da! 30 Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz. 31 Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.

32 Lege-maisuak, orduan:

-Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean. 33 Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.

34 Eta Jesusek, zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:

-Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.

Eta harrezkero, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.


35 Tenpluan irakasten ari zela, galdera hau egin zuen Jesusek: «Nola esan dezakete lege-maisuek Mesias Daviden ondorengo dela? 36 Hona zer dioen Davidek berak Espiritu Santuaren argiz:

«Hona Jaunak ene Jaunari esana:
<Eseri nire eskuinean,
zure etsaiak oinazpian
jartzen dizkizudan bitartean>.


37 «Davidek berak Jauna esaten dio; beraz, nola izan dezake ondorengo?»

Jendetza ugariak atseginez entzuten zion.


38 Bere irakasaldian, beste hau ere esan zien: «Zabiltzate kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak agur egitea; 39 gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak. 40 Eta, azkengabeko otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».


41 Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxetara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen. 42 Etorri zen emakume alargun behartsu bat, eta bi sos bota zituen, huskeria bat. 43 Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara. 44 Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».


13. atala

aldatu

1 Jesus tenplutik ateratzean, bere ikasleetako batek esan zion:

-Maisu, begira nolako harriak eta nolako eraikinak!

2 Jesusek esan zion:

-Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute.


3 Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre eserita zegoela, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu zioten:

4 -Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zertan ezagutuko den hori dena burutzera doala.

5 Honela mintzatu zitzaien, orduan, Jesus: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina. 6 Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: <Ni naiz Mesias>; eta jendea franko engainatuko dute. 7 Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: gertatu beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena. 8 Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.

9 «Kontu izan zeuen buruarekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien aurrean. 10 Zeren eta, azkena baino lehen, herri guztiei hots egina izan behar baitu berrionak. 11 «Auzitegira zaramatzatela, ez egon zer esango duzuen kezkatan; une hartan bertan Jainkoak adieraziko dizuena, esan huraxe, ez baitzarete zuek mintzatuko, Espiritu Santua baizik. 12 Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte. 13 Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.


14 «Profanatzaile higuingarria behar ez den tokian ezarria ikusiko duzuenean -irakurleak uler beza-, orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; 15 etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxetik ezer hartzera, 16 eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila. 17 Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! 18 Eskatu Jainkoari, hori guztia neguan gerta ez dadin. 19 Zeren egun haiek egun larriak izango baitira; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu zuen mundu honen hasieratik orain arte, ez eta izango ere. 20 Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, berak hautatu dituen aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.

21 «Orduan, norbaitek <Hona hemen Mesias! Hara han!> esango balizue, ez sinetsi. 22 Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dituzte. 23 Zuek, beraz, kontu izan! Jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik.


24 «Egun haietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, 25 izarrak zeru goitik amiltzen hasiko dira eta ortzia dardarka ariko. 26 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute. 27 Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.


28 «Ikasi pikuondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. 29 Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela. 30 Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok. 31 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko. 32 Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.

33 «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den. 34 Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.

35 «Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean. 36 Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki. 37 Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»


14. atala

aldatu

1 Handik bi egunera, Pazko Jaia eta Legamigabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburu eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. 2 Baina hau zioten: «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sor ez dadin».


3 Jesus Betanian zen, Simon legendunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. 4 Batzuek, haserre, honela ziotsoten elkarri:

-Zergatik horrela alferrik galdu ukendu hori? 5 Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman.

Eta marmarrean ari ziren emakumearen kontra. 6 Baina Jesusek esan zien:

-Utzi bakean honi; zergatik gogaitarazten duzue? Egintza ona egin du nirekin. 7 Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean egin diezaiekezue on. Baina ni ez nauzue betiko zuekin. 8 Ahal zuena egin du: nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako. 9 Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berriona hots egingo den edonon aipatuko da emakume hau eta beronek egina.


10 Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus beraiei eskuetara emateko asmotan. 11 Entzutean, poztu egin ziren haiek eta dirua agindu zioten. Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.


12 Legamigabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:

-Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?

13 Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:

-Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, 14 eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». 15 Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.

16 Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.


17 Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin, 18 eta mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:

-Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.

19 Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:

-Nik ote?

20 Jesusek erantzun:

-Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. 21 Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!


22 Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez: «Hartzazue, hau nire gorputza da».

23 Gero, kopa hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. 24 Eta esan zien: «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena, guztiengatik isuria. 25 Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».


26 Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.

27 Jesusek esan zien: «Zuen sinesmenak huts egingo du, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. 28 Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».

29 Pedrok esan zion:

-Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.

30 Jesusek erantzun:

-Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.

31 Baina Pedrok, gero eta areago:

-Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.

Eta beste hainbeste zioten denek.


32 Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».

33 Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, 34 eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne». 35 Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. 36 Honela zioen: «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».

37 Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Simon, lotan? Ordu bete ere ezin izan zara erne egon? 38 Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz gartsu izan arren, ahula baita gizakia».

39 Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. 40 Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.

41 Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien: «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana. 42 Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»


43 Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik. 44 Saltzaileak seinale hau jarria zien: «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz». 45 Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Maisu!»

Eta musu eman zion.

46 Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. 47 Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. 48 Jesusek esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! 49 Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».

50 Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. 51 Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten, 52 baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.


53 Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak. 54 Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.

55 Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu; 56 askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat. 57 Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra: 58 «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».

59 Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.

60 Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:

-Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?

61 Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:

-Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?

62 Jesusek erantzun:

-Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.

63 Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:

-Ba ote dugu lekuko beharrik? 64 Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?

Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.

65 Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez: «Asma ezak, profeta!»

Guardek ere masailakoka zerabilten.


66 Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. 67 Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:

-Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.

68 Baina hark ukatu, esanez:

-Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.

Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen. 69 Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:

-Hau ere haietakoa diagu.

70 Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:

-Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.

71 Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:

-Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.

72 Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.


15. atala

aldatu

1 Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren -Biltzar Nagusi osoa-, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman. 2 Pilatok galdetu zion:

-Zu al zara juduen erregea?

Jesusek erantzun zion:

-Zeuk diozu.

3 Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra. 4 Pilatok esan zion:

-Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.

5 Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.


6 Pazko Jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. 7 Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. 8 Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. 9 Pilatok erantzun zien:

-Nahi al duzue juduen erregea askatzea?

10 Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. 11 Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.

12 Berriro mintzatu zitzaien Pilato:

-Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?

13 Jendeak, orduan, oihu:

-Gurutzera hori!

14 Eta Pilatok:

-Zer oker egin du, bada?

Haiek, are eta oihu handiagoz:

-Gurutzera hori!

15 Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.


16 Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudu-taldeko denak bildu zituzten. 17 Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.

18 Eta agurka hasi zitzaizkion: «Agur, juduen erregea!»

19 Kanaberaz jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahozpez jartzen zitzaizkion. 20 Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.


21 Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.

22 Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Buru-hezur» esan nahi du).

23 Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. 24 Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.

25 Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. 26 Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea». 27 Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean. ( 28 ).


29 Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez: «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena! 30 Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»

31 Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez: «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. 32 Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».

Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.


33 Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. 34 Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).

35 Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari duk».

36 Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez: «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».

37 Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen. 38 Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.

39 Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».

40 Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. 41 Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.


42 Ilunabarrean -larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna-, 43 Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. 44 Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela. 45 Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. 46 Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. 47 Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.


16. atala

aldatu

1 Larunbata igaro zenean, Magdalako Mariak, Santiagoren ama Mariak eta Salomek usain-gozoko ukenduak erosi zituzten, Jesusen gorpua gantzutzeko. 2 Eta asteko lehen egunean, goizean goiz, eguzkia atera orduko, hilobira joan ziren. 3 Honela ari ziren beren artean: «Nork kenduko digu hilobi-sarrerako harria?»

4 Begiratu eta harria alboratua zela ohartu ziren, oso astuna zen arren. 5 Hilobian sarturik, gazte bat ikusi zuten eskuinaldean eseria, soineko zuriz jantzia, eta erabat izutu ziren. 6 Baina hark esan zien: «Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzate. Piztua da, ez dago hemen. Ikusi jarri zuteneko tokia. 7 Zoazte, bada, haren ikasleei, eta Pedrori bereziki, esatera: <Zuen aurretik joango da Galileara; han ikusiko duzue, berak esan bezala> ».

8 Emakumeek hilobitik ihesi alde egin zuten, sartu zitzaien izu eta ikaraz; eta, beldurraren beldurrez, ez zioten inori ezer esan.


9 Asteko lehen egunaren goizean pizturik, Jesus lehenik Magdalako Mariari agertu zitzaion, zeinengandik zazpi deabru bota baitzituen. 10 Hura Jesusekin bizi izan zirenei berri ematera joan zen, nahigabez eta negarrez baitzeuden. 11 Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi.

12 Gero, beraietako biri agertu zitzaien, beste itxura batez, auzo batera bidean zihoazela. 13 Hauek ere besteei berri ematera itzuli ziren; baina ez zieten sinetsi.


14 Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian eserita zeudela, eta aurpegira bota zizkien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako. 15 Eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berriona izaki guztiei. 16 Sinesten eta bataiatzen den oro, salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua. 17 Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira, 18 sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

19 Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

20 Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berriona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.