Biblia
Santiago
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Nik, Santiagok, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzari honek, atzerrian zabaldurik dagoen Jainkoaren herriko guztioi, agur!

2 Senideok, egon zaitezte pozik edozein eratako tentaldik erasotzen dizuenean. 3 Dakizuenez, zuen fedeak, probaldia jasanez, eramanpena dakar. 4 Eta eramanpenak lortuko du bere helburua, heldutasun beteko pertsonak izan zaitezten, ezertan akatsik gabeak.

5 Zuetakoren bat jakinduria beharrean badago, eska diezaiola Jainkoari eta eman egingo dio, eskuzabal ematen baitu, inori ezer aurpegira bota gabe. 6 Baina eska dezala fedez eta inolako zalantzarik gabe, zalantzan dabilena, haizeak eraginik batetik bestera dabilen itsasoko olatua bezala baita. 7 Horrelakoak ez beza uste Jaunarengandik ezer iritsiko duenik, 8 gogo-bikoa eta bere jokabide guztietan aldakorra delarik. 9 Behe-mailakoa den senidea harro bedi Jainkoak goratu duelako; 10 aberatsa, berriz, behe-mailan jarria izan delako; izan ere, belar-lorea bezalaxe pasatzen da aberatsa. 11 Eguzkia atera eta sargoriak jotzean, zimeldu egiten da belarra, erori lorea, eta kito haren itxura ederra. Horrelaxe ihartuko dira aberatsa eta beraren egintzak.

12 Zorionekoa probaldian sendo irauten duen gizakia! Proba gainditu ondoren, bera maite dutenei Jainkoak agindu dien betiko bizia jasoko baitu sari.

13 Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik, eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere. 14 Aitzitik, nor bere grina txarrek tentatzen dute, horiek dute liluratzen eta erakartzen. 15 Grina txarrek, erne eta gero, bekatua sortzen dute, eta bekatuak, burutu eta gero, heriotza dakar.

16 Ez engainatu zeuen buruak, senide maiteok! 17 Emaitza on eta dohain bikain oro goitik dator, Aitarengandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileagandik. 18 Berak hala nahita, bizia eman digu egiaren mezuaz, bere sorkari guztien artean lehenengo izan gaitezen.

19-20Izan hau gogoan, senide maiteok: gizaki orok izan behar du entzuteko bizkor, hitz egiteko nagi eta haserretzeko ere nagi. Izan ere, haserreturik dagoen gizakiak ezin du Jainkoarentzat zuzen dena egin. 21 Beraz, itsuskeria oro eta hain ugari ageri den gaiztakeria bazterturik, onar ezazue otzan-otzan zuengan erein den eta zuek salbatzeko indartsu den mezua.

22 Bete ezazue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen buruak engainatuz. 23 Zeren mezua entzun bakarrik egiten duena eta bete ez, bere aurpegia ispiluan ikusten duenaren antzekoa da; 24 begira egon eta alde egin orduko, ahaztu egiten zaio nolakoa den. 25 Baina askatasuna ematen duen lege bikaina hausnartu eta horri tinko eusten diona --ez erraz ahazten duen entzule bezala, benetako betetzaile bezala baizik--, hori zoriontsu izango da legea betez.

26 Norbaitek, bere burua erlijiozaletzat jotzen badu, baina mihiari eusten ez badaki, bere burua engainatzen du, eta horren erlijioak ez du ezertarako balio. 27 Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akasgabeko erlijioa hauxe da: umezurtz eta alargunei beren premietan laguntzea, eta munduko gaiztakeriarekin nork bere burua ez kutsatzea.

2. atala

aldatu

1 Ene senideok, ezin elkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan duzuen fedea eta pertsonen artean bereizkeria egitea. 2 Eman dezagun, esate baterako, zuen batzarrean bi gizon sartzen direla, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzia, eta bestea pobrea, zarpail jantzia; 3 eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten diozuela: «Zatoz, jar zaitez hemen, ohorezko tokian»; pobreari, berriz: «Hago hi hor zutik», edo: «Jar hadi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan»; 4 horrela jokatuz, ez al zarete zeuen artean bereizkeriak egiten ari, eta ez al duzue irizpide okerrez epaitzen?

5 Adizue, nire senide maiteok: Ez ote ditu hautatu Jainkoak munduaren begitan pobre direnak, sinesmenez aberats izateko eta bera maite dutenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko? 6 Zuek, berriz, lotsaz betetzen duzue pobrea. Ez ote dira aberatsak zuek zapaltzen eta auzitegira eramaten zaituztetenak? 7 Ez ote dira horiek zuek daramazuen izen ederra iraintzen dutenak?

8 Liburu Santuaren arabera, hauxe da lege nagusia: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala; eta hori benetan betetzen baduzue, ondo baino hobeto. 9 Baina pertsonen artean bereizkeriarik egiten baduzue, bekatu egiten duzue, eta legeak berak salatzen zaituzte eta errudun egiten. 10 Legeko agindu bat bakarra hausten duena, agindu guztiekiko errudun egiten da. 11 Izan ere, ez egin adulteriorik esan duenak berak ez hil inor ere esan du. Beraz, adulteriorik egin ez arren, hilketarik egiten baduzu, legea hausten duzu. 12 Hitz egin eta joka ezazue askatasuna ematen duen legeak epaitu behar dituenak bezala. 13 Zeren errukirik izan ez duenak errukirik gabeko epaia izango baitu; errukitsu izan dena, ordea, garaile aterako da auzian.

14 Senideok, zertarako du batek «Nik badut fedea» esatea, egintzetan ez badu azaltzen? Horrelako fedeak salba ote dezake? 15 Anaia nahiz arrebaren batek zer jantzirik edo eguneroko janik ez badu, 16 eta zuetakoren batek esaten badio: «Hoa bakean, bero hadi eta ase», baina behar duen laguntza eman ez, zertarako balio du horrek? 17 Berdin fedea ere: bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago. 18 Norbaitek esan dezake zuk fedea daukazula, eta nik egintzak. Bada, nik esaten dizut: Erakuts iezadazu egintzarik gabeko zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko dizut neure fedea. 19 Jainkoa bakarra dela sinesten duzula zuk? Oso ondo; baina deabruek ere sinesten dute hori, eta ikaraz daude.

20 Burugabe hori, konturatuko al zara behingoz egintzarik gabeko fedea alferrikakoa dena? 21 Ez al zuen Jainkoak gure guraso Abraham zuzentzat hartu egin zuenarengatik, hau da, bere seme Isaak aldare gainean eskaintzeagatik? 22 Ikusten duzu, beraz, Abrahamen fedeak egintzak zituela lagun, eta haren fedea egintzen bidez iritsi zela bere betera. 23 Horrela bete zen Liburu Santuak dioena: Abrahamek sinetsi egin zion Jainkoari eta, horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen, eta «Jainkoaren adiskide» deitu zitzaion. 24 Ohartu, beraz, Jainkoak egintzen bidez zuzenesten duela gizakia eta ez fede hutsez. 25 Horrelaxe gertatu zen Rahab emagalduarekin ere. Ez ote zuen Jainkoak zuzenetsi egin zuenagatik, hebertar ikertzaileak etxean hartu eta, gero, beste bide batetik joanarazi zituelako, alegia? 26 Beraz, arnasarik ez duen gorputza hila dagoen bezala, halaxe fedea ere: egintzarik ez badu, hila dago.

3. atala

aldatu

1 Senideok, ez zaitezte ibil denok maisu izan nahian; jakizue, maisuok auzi zorrotzagoa izango dugula, 2 denok baitugu askotan huts egiten. Hizketan hutsik egiten ez duena bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean edukitzeko gauza dena. 3 Zaldiei, menperatzeko, ahokoa jartzen diegu eta, horrela, haien gorputz osoa gidatzen. 4 Horrelaxe itsasontziak ere: hain handia izan eta haize indartsuek bultzaturik ere, aski du lemazainak lema koskor bat hura nahi duen lekura gidatzeko. 5 Gauza bera gertatzen da mihiarekin ere; oso gorputz-atal txikia izanik ere, duen eragin handiaz harro daiteke. Su txiki batek oihanik handiena ere erre dezake! 6 Mihia ere sua da, gaiztakeriazko mundua: gure beste gorputz-atalen artean jarrita, gorputz osoa kutsatzen du eta, infernuko suaz pizturik, sutan jartzen du bizitzaren gurpila.

7 Edozein basabere, hegazti, narrasti eta arrain hezi dezake gizakiak, eta hezi ere egin du. 8 Baina ezin du inork mihia hezi, gaiztoa eta menperagaitza baita, pozoi hilgarriz betea. 9 Berorren bidez bedeinkatzen dugu geure Jaun eta Aita, eta berorrexen bidez madarikatzen gizakia, Jainkoaren irudira egina dena. 10 Aho beretik ateratzen dira bedeinkazioa eta madarikazioa. Senideok, horrek ez du horrela izan behar. 11 Iturri batek berak eman ote ditzake, gero, ur geza eta gazia? 12 Senideok, pikuondoak ematen ote du olibarik, edota mahatsondoak pikurik? Iturri gaziak ez dezake ur gezarik eman.

13 Zuen artean jakintsua eta bizitzan asko ikasia denik badela? Erakuts dezala bere jokabide jatorraz, jakinduriari darion gozotasunean biziz. 14 Baina, bekaizkeriaz eta norgehiagokeriaz beterik baldin bazaudete, ez harrotu eta ez ibili egiaren aurka gezurretan. 15 Hori ez da goitiko jakinduria, lurrekoa baizik, giza maila hutsekoa eta deabruarena. 16 Bekaizkeria eta norgehiagokeria diren lekuan nahasmendua eta gaiztakeri modu guztiak dira. 17 Goitik datorren jakinduria, berriz, garbia da lehenik; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emailea, errukitsua eta fruitu onak dakartzana, alderdikeria eta itxurazalekeriarik gabea. 18 Bakegileek bakean ereiten dute eta fruitutzat zuzentasuna biltzen.

4. atala

aldatu

1 Nondik sortzen dira zeuen artean dituzuen borroka eta haserreak? Ez ote zuen baitan borrokan dabiltzan grina txarretatik? 2 Zerbait irrikatu eta eskuratu ezin duzuenean, hil egiten duzue; zerbait gutiziatu eta lortu ezin duzuenean, haserretu eta borroka egiten duzue. Lortzen ez baduzue, Jainkoari eskatzen ez diozuelako da. 3 Eta eskatu eta hartzen ez baduzue, gaizki eskatzen duzuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko.

4 Desleial halakook! Ez al dakizue munduaren adiskide izatea Jainkoaren etsai izatea dena? Munduaren adiskide izan nahian dabilena Jainkoaren etsai egiten da. 5 Ala Liburu Santua alferrik ari dela uste al duzue, hau esatean: «Irrika biziz maite du Jainkoak guregan biziarazi duen espiritua»? 6 Baina handiagoa da oraindik ematen digun laguntza, hau baitio Liburu Santuak: Jainkoak aurre egiten die harroei, baina mesede egiten apalei. 7 Jar zaitezte, bada, Jainkoaren menpean; egiozue aurre deabruari, eta ihes egingo du zuengandik. 8 Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue. Bekatariok, garbi itzazue eskuak! Garbitu bihotzak, gogobiko zaretenok. 9Aitortu zeuen zoritxarra, egin dolu eta negar. Bihur bedi zuen barrea negar, zuen poza tristura. 10 Apal zaitezte Jaunaren aurrean eta berak goratuko zaituzte.

11Senideok, ez ibili bata bestearengatik gaizki-esaka. Bere senideaz gaizki-esaten edo hura epaitzen duenak, Jainkoaren legeaz esaten du gaizki eta legea epaitzen du. Eta legea epaitzen baduzu, ez zara legearen betetzaile, epaile baizik. 12 Bat bakarra da legearen emailea eta epailea, salbatzeko eta kondenatzeko eskubidea duena. Zu, ordea, nor zara zeure lagun hurkoa epaitzeko?

13Entzun orain zuek, hau esaten duzuenok: «Gaur edo bihar halako hirira joango gara, eta urtebete emango dugu negozioak egiten eta dirua irabazten». 14Hau esaten duzue eta ez dakizue zuen bizitza bihar zer izango den. Une batez agertu eta berehala desagertzen den lainoa besterik ez zarete eta! 15Beste hau esan behar zenukete: «Jaunak nahi badu eta bizi bagara, hau eta bestea egingo dugu». 16 Zuek, ordea, zeuen harrokeriaz puztuta zabiltzate, eta horrelako harrokeria guztiak txarrak dira. 17 Nola on egin jakin eta egiten ez duenak bekatu egiten du.

5. atala

aldatu

1 Entzun orain, zuek, aberatsok! Egin negar eta aiene, gainera datozkizuen zoritxarrengatik. 2 Ustelak jota daude zuen aberastasunak, eta sitsak janda zuen jantzi dotoreak. 3 Herdoilak jota daude zuen urre-zilarrak, eta herdoil hori izango duzue lekuko zeuen kontra, eta suak bezalaxe jango du zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diren egunotan pilatu dituzue aberastasunak. 4 Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da. 5 Bapo bizi izan zarete zuek hemen lurrean, atseginetara bete-betean emanak; horrela, abereak bezala gizendu zarete hilketa-egunerako. 6 Errugabea kondenatu eta hil duzue, eta inork ezin izan dizue aurre egin.

7 Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak. 8 Izan pazientzia zuek ere, eta bete zaitezte adorez, laster etorriko baita Jauna. 9 Senideok, ez ibili bata bestearen aurka marmarka, kondenatuak izan ez zaitezten, ate-atean baita gure epailea. 10 Senideok, har itzazue Jaunaren izenean hitz egin zuten profetak sufrimendu- eta pazientzi eredutzat. 11 Zoriontsu aitortzen ditugu horrelako eramanpena izan zutenak. Ezaguna duzue Joben eramanpena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera eta errukiorra baita.

12 Baina, batez ere, senideok, ez egin zinik ez zeruarengatik, ez lurrarengatik, ez eta beste edozergatik ere. Zuek esan «bai», bai denean, eta «ez», ez denean, Jainkoak kondena ez zaitzaten.

13 Zuetako norbait sufritzen dagoela? Egin dezala otoitz. Pozik dagoela? Kanta ditzala gorazarreak. 14 Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtzi dezaten. 15 Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bakaturik egin badu.

16 Aitortu batak besteari zeuen bekatuak, eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezten. Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak. 17 Gu bezalako gizakia zen Elias ere, baina sutsu egin zuen otoitz euririk egin ez zezan, eta hiru urtez eta sei hilabetez ez zuen lurraren gainera euririk egin. 18 Gero, otoitz egin zuen berriro, eta zeruak euria eman zuen, eta lurrak bere fruitua ekarri.

19 Ene senideok, zuetakoren bat egiatik aldentzen bada eta beste batek itzularazten badu, 20 jakizue, bekatari bat okerreko bidetik zuzentzen duenak, bere burua heriotzatik salbatzen duela, eta bekatu askoren barkamena lortzen.