Bill Clintonen lehen inaugurazio hitzaldia
Bill Clintonen lehen inaugurazio hitzaldia (1993) |
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 407-409.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 105-106. |
Herritarrok, amerikarren berrikuntzaren misterioa ospatzen dugu gaur. Negu-neguan ari gara ospakizuna egiten, baina udaberria eragingo dute gure hitzek eta munduari erakusten dizkiogun aurpegiek. Munduko demokraziarik zaharrenaren udaberrian agertuko den argiak erakutsiko du Amerikaren ikuspegi berria eta Amerika berriz asmatzeak duen balioa. Gure fundatzaileek, ausardiaz beteta, munduaren aurrean eta Ahalguztidunaren aurrean independentzia aldarrikatu zutenean, bazekiten Amerikak aldatu egin beharko zuela iraungo bazuen. Ez da aldatu aldatzeagatik, Amerikaren helburuei eusteko baizik: bizitza, askatasuna eta zoriontasunaren bila aritzea.
Gaur egungo musikaren erritmoan bagabiltza ere, betierekoa da gure misioa. Gure nazioaren izenean, nire agurra aurrekoari, Bush presidenteari, Amerikaren zerbitzuan emakume eta gizonezkori, haien jarraikitasun eta sakrifizioei esker egin zaielako aurre depresioari, arrazismoari eta komunismoari.
Gaur egun, Gerra Hotzaren itzalean sortutako belaunaldiak hartu ditu ardura berriak, askatasunaren argiak epeltzen duen munduan; baina oraindik lehengo gorrotoen eta izurrite berrien mehatxupean gaude. Aurkaririk gabeko oparotasunean sorturik, orain ere munduko ekonomia sendoena izaten jarraitzen duenaren oinordeko gara; baina ahultzen ari da zenbait arrazoirengatik, hots, enpresarien akatsengatik, soldatak ez aldatzeagatik, eta geure herrian bertan hazten ari den desberdintasun eta zatiketa handiagatik.
Oraintxe egin dudan bezala, George Washingtonek bere kargua zin egin zuenean, albisteak astiro ibiltzen ziren zaldiz lurrean eta itsasontziz itsasoan. Gaur egun, aldiz, ospakizun honetako irudiak eta hotsa bat-batean zabalduko zaizkie milioika laguni, mundu guztira. Globalak dira komunikabideak eta merkataritza. Mugikorra da inbertsioa, ia magikoa teknologia, eta unibertsala bizimodu hobea nahi izatea.
Gaur egun, lurreko toki guztietako pertsonekin lehia baketsuan irabazten dugu bizimodua. Indar sakonak eta boteretsuak ari dira gure mundua astintzen eta berregituratzen; garaiotako arazorik premiazkoena ea gure laguna aldatzerik dagoen jakitea da, ez gure etsaia. Mundu berri honek milioika amerikarren bizitza aberastu du, eta lehiatzeko eta irabazteko gai dira amerikarrak. Baina gehiengoak gutxiagoren truke lan gehiago egiten duenean, beste batzuek lanik egin ezin dutenean, osasungintzako gastuak gehiegizkoak direnean familientzat eta enpresak (handiak nahiz txikiak) hondatzeraino hel daitezkeenean, delinkuentziari zaion beldurrak askatasuna ebasten dienean legearekiko leial direnei, eta milioika ume pobrek ezin dutenean irudikatu ere egin guk haientzat eskatzen dugun bizimodua, orduan, lagunok, ez da aldaketarik egon.
Badakigu egia gogorrei egin behar diegula aurre, eta urrats handiak egin behar ditugula, baina egiteke dauzkagu. Aitzitik, arrastaka eraman gaitzaten utzi dugu, eta gure baliabideak agortu ditu jarrera horrek, pitzatu egin du gure ekonomia eta zulatu gure konfiantza. Gure erronkak izugarriak badira ere, gure indarrak ere halakoak dira. Amerikarrok beti izan gara ekintzaileak, herri borrokalaria eta itxaropentsua; geure egin behar ditugu gure aurrekoen ikuspuntua eta borondatea. Gure iraultzatik hasita, Gerra Zibilera arte, Depresio Handira arte, Eskubide Zibilen aldeko mugimendura arte, gure herriak beti erabaki du gure historiaren zutabeak ezartzea krisi horietan oinarrituta. Thomas Jeffersonek uste zuen gure nazioaren zutabeak babesteko aldaketa gogorrak egin behar zirela noizean behin. Beno, bada, herrikideok, heldu da gure ordua. Hel diezaiogun.
Bill Clinton
Washington, 1993ko urtarrilaren 20a
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |