Biyotz erituba
Bilintx

Biyotz erituba


1
Askok diyote kantetan beti
amore-kontu naizela,
nik esaten det arriturikan
motibo gabe daudela.
Zer egin biat baldin zerubak
doaitu banau orrela?
Ez dute ikusten usaia mendak
bere jatorrez dubela?
Nere biyotzak amoriyua
mendak usaia bezela.
          
2
Triste bizi naiz eta
illko banitz obe,
badauzkat biyotzian
zenbait atsekabe;
dama bat maitatzen det
bañan... aren jabe
sekulan izateko
esperantza gabe.
          
3
Nere biyotz gaxua
penatuba dago,
eziñ egon liteke,
ai!, penatubago;
pasatzen ditutala
aspaldiyan nago
egunak triste eta
gabak tristiago.
          
4
Amorez erituba
zenbait denbora ontan,
gaurik ez det pasatzen
soseguzko lotan;
penaren kargarekiñ
urtuta, frankotan
kanpora irteten zait
biyotza malkotan!
          
5
Auxen da miña laister
ill biar naubena,
kupitutzen ez bada
senda lezakena;
aiñ arkitutzen zaizkit
sartubak barrena
animan tristura ta
biyotzian pena.
          
6
Biyotza eziñ jaso det,
au karga barrenak!
Iya gastatu zaizkit
indarrik geienak;
ez luke xinistuko
progatu ez dubenak,
zenbat pisatzen duben
egiyazko penak.
          
7
Anima tristurakiñ
aiñ dakat negarti,
nun egiñ al dezaken
arriya bi parti;
adorantzak ematen
—belauniko beti!—
biyotzian daukatan
imajiña bati.
          
8
Zeiñ ote dan eziñik
kontura erori,
kutiziya jaioko
zaiote askori;
nik ordian ez diyot
esango iñori,
berak badaki eta
bastante det ori.
          
9
Nere maitatuba da
guztiz dama fiña,
biyotz onekua ta
ondo itzegiña;
bentaja guztiyakiñ
zerubak egiña,
munduba pasatzeko
lagun atsegiña.
          
10
Zertako desiatu
ditu gauza on oiek
nere biyotz koidatu
gixaraxua onek?
Kulparen kastigutzat
datozkit pena obek,
merezi dituala
badakit neronek.
          
11
Aingeru zoragarri,
mirabe laztana,
pentsamentu nerian
beti zauzkatana;
biyotzaren erditik
maite zaitutana,
zu zera neretzako
nai zinduzketana.
          
12
Nere amoriyua
aiñ fiña izanik,
beti goguan zauzkat
aztu gabetanik;
ez da mundu guztiyan
iñor kapaz danik,
dama, zu maitatzeko
ainbeste nola nik.
          
13
Begiyaren aurrian
beti nai zinduzket,
ikusten ez bazaitut
naibagia maiz det;
gogoratu bageko
minuturik ez det,
amoriyoz maitatzen
ez daki nik bestek.
          
14
Etzaitut ikusitzen
desio ainbeste,
ditxa ori logratzen det
iñoiz edo beste;
eta ez detanian
logratzia uste,
ura triste ibiltzen naiz!
Jesus, ura triste!
          
15
Eziñ bizi zu gabe,
au amoriyua!
Logratzen ez bazaitut,
zer martiriyua!
Ez badezu desio
nere eriyua,
zuregan arkitzen da
erremeriyua.
          
16
Erregututzen dizut,
o Jesusen Ama,
nitaz kupi derilla
maite detan dama;
biurtzen badirazu
biyotzera kalma,
kantaz banatuko det
milagruen fama.