Charles de Gaulle-ren hitzaldia
Helburua Europa denean eta zer izan behar duen argitu behar denean, beti aztertu behar da zer den mundua.
Azkeneko Mundu Gerra amaitutakoan, munduko indarren banaketak ematen zuen oso sinplea eta gogorra bezain gauzagarria zela. Bat-batean ikusi zen hori Yaltan. Amerikak eta Errusiak soilik jarraitu zuten potentzia izaten; aintzat hartu beharrekoak ziren, lehen beste edo gehiago. Beste guztia, aldiz, loka zegoen: garaituak, beren baldintzarik gabeko porrotean hondatuta; europar garaileak, erabat abailduta.
Mundu libreko herrialdeei —Sobietar Batasunaren anbizioak mehatxaturik—, orduan, ezinbestekoa iruditzen zitzaien amerikarren buruzagitza. Mundu Berria zen gerrako garailea —haien guztien artean—. Estatu Batuen agintepean —bonba atomikoak zituen eta—, Aliantza Atlantikoak bermatzen zuen haien segurtasuna. Marshall planari esker suspertzen zen haien ekonomia. (...) Aldi berean, ikusten zen mundu libreak sobietarren ekintzen eragin zuzenarekin edo zeharkakoarekin harremana zuten eskualdeetan, Amerikak bere kontura zuzentzen zituela eskualde horietako auzietako estrategia eta politika. Bera alde bakarra izanik jokatzen zuen, eta, praktikan, tokiko nazioarteko erakundeen bitartez erabakitzen zuen. (...)
Garbi dago aldatu egin direla gauzak. Gure Kontinente Zaharreko mendebaldeko estatuek berregin dute beren ekonomia. Ari dira berriz indar militarrak eratzen; horietariko batek, Frantziak, indar nuklearra eskuratu du. Batez ere beren arteko lotura naturalen kontzientzia hartu dute. Hitz batean, Mendebaldeko Europak erakunde nagusi bat izateko aukera du, balio eta bitartekoz betea, bere bizitza bizitzeko gai, benetan Mundu Berriaren aurka egon gabe, baina bai haren ondoan.
Bestalde, desegiten ari da mundu totalitarioaren monolitismoa. Txina, Moskurengandik banatuta, munduaren agertokian sartu da; tamaina izugarria du, premia eta baliabide handiak, aurrerapenaren egarri eta bera aintzat noiz hartuko zain dago. Sobietarren Inperioak, gure garaietako potentzia kolonialik handienak eta azkenak, ikusten du auzitan jarri dutela (lehenengo eta behin txinatarrek) Asiako eskualde zabalak mendean izatea; halaber, ikusten du gutxika-gutxika urruntzen ari zaizkiola Europako sateliteak —indarraren bidez bereganatutakoak—. Aldi berean, Mendebaldeko Europan aplikatutako sistema (zuzendaritza eta askatasuna bateratzen dituena) ikusita, Errusiak porrot egin du bizi-mailari dagokionez eta gizonemakumeen asetasunari eta duintasunari dagokienez (nahiz eta ahalegin izugarria egin orain dela mende erditik hona eta zenbait eginkizun masibotan emaitza onak izan). Azkenik, Hirugarren Munduko estatuei errotik eragiten diete dituzten asmo handiek eta eragozpen izugarriek.
Datu berri nahasi eta konplikatu horiek guztiak kontuan hartuz gero, ondorioztatzen da ez dela errealitatearen erakusgarri Washingtonek eta Moskuk zuzendutako bi aldeetan banatzea unibertsoa.
Garbi dago oraindik aurrera Europa bera izango dela bere jokabidearen zuzendari, hala nahi izanez gero, mundu totalitarioari (gero eta pitzatuagoari) dagokionez, edo Txinak aurkezten dituen arazoei dagokienez, edo Asiako, Afrikako, eta Latinoamerikako zenbait herrialderekin jarraitu beharreko jokabideari dagokionez, edo Nazio Batuen Erakundea (...) berritzeari dagokionez, edo mundu mailan era guztietako aldaketak berriz antolatzeari eta beste abarri dagokienez.
Inolako zalantzarik gabe, komeni da Amerikarekin ituna izatea, batari eta besteari interesatzen baitzaie Ipar Atlantikoan sobietar mehatxuak irauten duen bitartean. Baina egunez egun ari dira ezabatzen Europak ituna mendekotasun gisa ulertzeko arrazoiak. Arduren bere zatia hartu behar du Europak. Bestalde, badirudi gertakizun hori bat etorriko litzatekeela Estatu Batuen interesarekin, edozein izanik ere haren balioa, potentzia eta asmo onak. Izan ere, eginbeharrak hain ugari eta konplexuak izateak gainditu egiten ditu Estatu Batuen baliabideak eta gaitasunak, eta, beharbada, era arriskutsuan gainditu ere. Horren ondorioz, berek aitortzen dute Kontinente Zaharra batzen eta antolatzen ikusi nahi dutela, eta, galiarren, germaniarren eta latinoen artean askok aldarrikatzen dute «Egin dezagun Europa».
Baina, zein Europa? Horixe da eztabaidagaia. Izan ere, orain arteko erosotasunak, nahita uko egitea, eta bigarren mailako asmo iraunkorrak ez dira erraz desegiten. Frantziarron arabera, Europa europar izateko egin behar da. Europa europarrak esan nahi du bere kabuz eta beretzat bizi dela; hau da, munduaren erdian berak bere politika izango duela. Bada, hain zuzen ere, hori gauzatzea nahi duten batzuek, kontzienteki edo konturatu gabe, uko egiten diote helburu horri. Azken batean, gaur egun oraindik, normala eta asegarria iruditzen zaie Europa (berez bere politikarik izan ezean) Atlantikoaren beste aldetik emanda datorrenaren mende aritzea. (...)
Charles de Gaulle
Paris, 1964ko uztailaren 23a
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 326-328.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 122-123.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |