Code Noir
2. art.- Gure uharteetan dauden esklabo guztiak erlijio katoliko, apostoliko eta erromatarrean bataiatu eta heziko dira.
14. art.- Jabeak lur santuan eta hilerrietan ehortzaraziko ditu bere esklabo bataiatuak; bataiatzeke hildako esklaboak urruneko zelairen batean lurperatuko dira gauez.
15. art.- Erasotzeko armak eta eskumakila lodiak eramatea debekatzen zaie esklaboei; zartailua eta armen konfiskazioa izango dira zigorra, harrapatzen duenaren mesedetan (...).
16. art.- Era berean jabe desberdinen esklaboei egunez edo gauez bilerak egitea debekatzen diegu; gorputz zigorra ezarriko da, eta hau ez da zartailu zigorra edo lislore zigorra (burdina gorituaz bizkarrean seinalatzea) baino gutxiago izango; eta berriz edo beste zirkunstantzia larriagoetan (baldin badira) gertatuz gero, heriotza zigorra ezar dakieke, epaileen ebazpenen arabera. Gure meneko guztiei gomendatzen diegu matxinaturiko esklaboak jazartzea eta presondegira eramatea, nahiz eta ofizialak ez izan eta atxilotze agindurik ez izan (...).
22. art.- Hamar urtetik gorako esklaboei ondokoak eman beharko dizkie jabeak astero elikadurarako: juka irina, Pariseko neurriko bi pote eta erdi; hiru kazabe, bakoitza bi libera eta erdikoa gutxi gorabehera edo baliokide den beste zerbait; idiki gazitua, bi libera, edo hiru arrain libera edo balio bereko beste zerbait; eta umeei, titia kentzen zaienetik hamar urtera arte, aipatu ditugun janarien erdiak.
27. art.- Jabeak urtero eman beharko dizkio esklabo bakoitzari jabearen gustuko bi oihalezko jantzi eta lau anako oihala.
28. art.- Esklaboek ezin diturte eduki jabearen gauzak ez direnak baino, eta fabrikazioz, kideen Iibertateaz edo beste moduren batean eskuratu lezatena, jabeek sartuko dute jabegoan; esklaboen seme-alabek, gurasoek eta senideek ezin dute ezer seniparte gisa eskuratu.
33. art.- Esklaboek jabeari edo jabearen emazteari, andre jabeari edo honen senarrari, edo hauen seme-alabei min egin edo odola isuraraziz gero, heriotza zigorra izango dute.
38. art.- Esklabo iheslariei dagokienean, jabeak justizian salatu zuen egunetik hilabetean ihesaldian izan denari, belarriak mortuko zaizkio eta lisloreaz egingo zaio seinalea sorbalda gainean; berriz egiten badu, zangarra mortuko zaio salaketaren egunetik eta beste sorbalda gainean seinalatuko da lisloreaz; eta hirugarrenean heriotza zigorra ezarriko zaio.
Luis XIV.a Frantziakoa
Versallesen emandako aginduak Artxipielago Uharteetako poliziaz, 1685ko Martxoa
Lehen iturria: Isambert (1829): Recueil Général des anciennes lois françaises.
Bigarren iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Iban Zalduaren baimenaz).
Hirugarren iturria: kondaira.eus
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |