Toki berezietan jarritako harriz eraikitako mugarriak (padroes) erreferentzi gisa erabiliz ibiltzen ziren, Afrikako kostaldearen distantzia neurtuz eta aurkitzen zituzten lurmutur eta sendiei izenak jartzen. itsasoratu zirenetik hamahiru egun pasa zituzten belak masta erdian eramanez, ontziak txikiak baitziren eta itsasoa jadanik hotzagoa, ez Gineakoa bezalakoa. (..) Ekialderantz jo zuten, itsas hegi hark iparraldetik hegoaldera egiten zuela pentsatuz; egunak joan egunak etorri, ez zuten lurrik aurkitu eta iparralderantz jo zuten, itsasadar batera ailegatu arte; "Behizainena" deitu zioten, lurrean behi asko ikusten baitziren, eta behizainak zainketan. Haien hizkuntza inork ezagutzen ez zuenez, ezin izan zuten hitz egin; hasieran, berritasunez ikaraturik abereak barnera eraman zituzten eta ginearrak bezalako beltzak zirela eta ilea nahastua zutela bakarrik jakin genuen. Aurrera jarraitu eta "Gurutzekoa" izeneko mugarria jarri zuten. Hemen, jendea guztiz beldurturik zegoen eta aurrera ez egiteko eskatzen hasi ziren; zeharkaturiko itsasoagatik kexatzen ziren, janariak bukatzen ari zirela adieraziz eta hornigaiak ekartzen zituen itsasontzia urrun gelditu zenez, hura etor zedinerako denak gosez hilda egongo zirela esanez. Esaten zuten nahikoa zela aurkiturikoarekin, lurrak ekialderantz egiten baitzuen eta atzean lurmutur bat utzia zutela baitzirudien; hauek ziotenez, itzultzea eta horniketa-ontzia bidean aurkitzea izango zen onena.

Bartolomeu Dias, jendearen kexak ikusirik, kapitain ofizial eta marinel garrantzitsuenetarikoekin lurreratu zen eta galdetu zien ea zer pentsatzen zuten erregearen zerbitzuaren alde eta zer uste zuten egin behar zela; denek esan zuten itzuli egin behar zela. Baina haren asmoa aurrera segitzea zen, eta erabaki garrantzitsuetan kontsultatu egin behar zuenez, agindu hura betetzearren galdetu zuen, baina eskatu zien bi edo hiru egun gehiago itsastatzeko eta hitz eman zien ezer aurkitzen ez bazuten orduan bira egingo zutela; horrela onartu zioten. Egun hauen buruan aurkitu zuten gauza bakarra ibaia izan zen, "Gurutzekoa" uhartea baino hogeita bost legoa harantzago dagoena, 32 gradu eta bi latituderen herenetara.

"Gurutzekoa" uhartera ailegaturik, ume erbesteratua betirako utziko balu bezala urrundu zen Bartolomeu Dias hainbeste min eta sentimendurekin eraikiriko mugarritik, oroituz beretzat eta jende guztiarentzat zenbat arriskurekin heldu ziren haraino, bakarrik hura lortzeko, Jainkoak bidaldiaren helburu nagusia ukatu zielakoan.

Handik urruntzean, lurmutur handi eta ohargarri hura begiztatu zuten, hainbeste mendez estalirik egondakoa, eta ez hura bakarrik, baizik eta baita beste lurmutur berri bat ere aurkitu zuten hura bezalakoa. Bartolomeu Dias-ek eta bere lagunek hura igarotzean jasan zituzten arrisku eta ekaitzengatik "Oinazetsua" deitu zioten, baina hauek erresumara itzultzean Joan errege jaunak beste izen gorenago bat eman zion, Esperantza Oneko lurmuturra deituz; horrela Indiaren aurkikuntza, hain igurikia eta hainbeste urtetan bilatua, agintzen zuen (...).

João de Barros

XVI. mendea


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Joseba Zuazoren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.