Diodan bezala, beraz, Jainkoaren Semearen gizakunde oparoaren mila hirurehun eta berrogeita zortzi urtean izurrite hilgarri bat heldu zen italiar hirien artean nobleenetarikoa den Florentziako hiri ospetsura. Astroen indarrak eraginda, edo Jainkoaren hira zuzenak gizakioi bidalita gure zitalkeriaren zigortzeko, urte batzuk lehenago hasi zen Sortaldean; bizitza kopuru izugarria eraman eta, inon gelditu gabe, etengabe hedatu zen, azkenik, tamalez, Sartaldera heldu zelarik. Gizakion jakituria eta neurriek ezin izan zuten ezer egin haren aurka: ez hiriko zikinkeriak garbitzeaz arduratzen ziren ofizialek, ez bertara izurridunak sartzeko debekuak, ez osasuna zaintzeko aholku ugariek, ezta Jainkoari pertsona elizkoiek ez behin bakarrik baizik eta askotan prozesio eta antzekoetan zuzendutako erregu apalek ere; aipatu urteko ia udaberriaren hasieran bere eragin mingarriak era beldurgarri eta harrigarrian hasi zen erakusten. lzurria ez zen azaldu Sortaldean bezala, non sudurreko odoljarioa ekidinezineko heriotzaren seinale baitzen: hemen, hasiera batean, izterrondoetan edo besapeetan hanturak agertu ziren; horietako batzuk sagar arrunt baten tamaina eta beste batzuk arrautza batena izateraino handitzen ziren, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, eta herriak pinporta deitzen zien. Denbora laburrean, aipatu pinporta hilgarria gorputzaren heste atal batzuetan agertzen eta hazten zen; eta ondoren gaixotasuna aldatzen hasi zen, besoetan eta izterretan eta gorputzaren beste edozein ataletan sortzen ziren orbain beltz edo ubeletan eraldaturik, batzuk handiak eta banatuak eta beste batzuk txikiak eta ugariak. Eta hasieran eta orduan ere pinporta etorkizuneko heriotzaren zeinu ziurra zen moduan, halaxe gertatzen zen orbainak agertzen zirenetan ere.

Gaixotasun honen aurka bazirudien medikuen aholkuek zein botiken bertuteek ez zutela ezertarako balio; are gehiago, eritasunaren natura bera zela, botikak ematen zituztenen ezjakintasuna zela (hauek izugarri ugaldu ziren, jakintsuei medikuntzarik inoiz ikasi ez zuten gizon eta emakumeak gehitu baitzitzaizkien), inork ez zekien ezer haren jatorriari buruz eta, beraz, ezin zitzaion erremediorik jarri, eta kontua da gutxi sendatzen zirela eta gehienak, zeinuak agertu eta hirugarren egunean, batzuk lehenago, beste batzuk beranduago, hil egiten zirela, gehienek ez sukarrik ez bestelako istripurik izaten ez zutelarik. lzurri honek indar gehiago ukan zuen gaixoengandik osasuntsuengana bizkor hedatzen zelako, sua inguruko gauza lehor edo koipetsuetara hedatzen den abiaduran. Eta gehiago ere, gaixoekin hitz egitea edo traturik edukitzeak ez ezik, berdin-berdin gaixotzen eta hiltzen baitzuen haien arropa edo haiek ukituriko edozer ukitzeak. Orain kontatzera noana hain da harrigarria ezen ez nukeela inoiz sinistu izango, eta are gutxiago idatzi izango, sinesgarritasun osoko jendeak kontatu izan balit ere, baldin eta gure begiez neuk eta beste askok ikusi izan ez bagenu. Aipatu izurriak horrenbesteko kutsakortasuna izan zuen ez zela soilik gizakiz gizaki hedatzen, baizik eta (eta halakorik argi eta garbi behin baino gehiagotan gertatu zen) beste espezie bateko animaliaren batek izurridunen edo eritasunak hildako norbaiten arropa ukituz gero, berehala kutsatu eta hiltzen zen. Neure begiez, esan bezala, esperientzia hori izan nuen behin baino gehiagotan: egun batean gaixotasunaz hildako gizon pobre baten zarpailak kalean botata zeudelarik, bi txerri gerturatu eta, ohi duten bezala, muturraz eragin eta gero hozka egin zieten eta muturrarekin igurtzi; berehalaxe, keinu batzuk egin eta gero, pozoitu balituzte bezala, biak zerraldo erori ziren, hilda, zarpailen gainean. Halako eta antzeko gauzek edo okerragoek bizirik geratu zirenengan beldur eta irudipen anitz sortu zuten; eta ia denak nahikoa amaiera krudelera zeramatzan: gaixoak eta bere gauzak saihestera eta eurengandik ihes egitera; hala egiterakoan, norberak bere osasuna zaintzen zuela uste zuen. Bazegoen neurritasuna eta moderazioak zorigaitzari aurre egiteko kemena emango ziola pentsatzen zuenik eta, taldeak osatuz, besteengandik aldenduta bizi ziren; batere gaixorik ez zegoen eta hobeto bizi zitekeen etxeetan bilduz eta erretiratuz, elikagai finenak eta ardorik hoberenak neurriz hartzen zituzten, gehiegikerietatik ihes egiten zuten eta kanpotik inork hildako edo gaixoei buruzko berririk ekartzea galaraziz, musikarekin eta izan zezaketen beste plazerekin entretenitzen ziren. Beste batzuek zioten, kontrako iritziari men eginez, hainbesteko gaitzaren aurkako erremediorik hoberena asko edatea, gozatzea, kantatzea eta ondo pasatzea zela, gutizia oro ahalik eta modu egokienean asetzea eta gertatzen zen oroz burlatzea eta barre egitea; eta, zioten bezala, ahal zuten eran egiten zuten, gau eta egun tabernaz taberna ibiliz, neurririk gabe edanez eta hori eta gehiago egiten zuten besteen etxeetan, horietan gustuko gauzarik aurkitzen bazuten. Oso erraza zitzaien, mundu guztiak (luzaroan bizitzea espero ez balu bezala) ondasunak laga zituelako, eta horregatik etxe gehienak amankomunak ziren eta berdin erabiltzen zituen arrotzak, hala egokitzen bazitzaion, jabeak bezala; piztien portaera hau izanda ere, izurridunengandik ihes egiten zuten berdin-berdin. Gure hiriaren nahigabe eta miseria egoera honetan giza eta jainko-legeen nagusigo agurgarria desagertu zen, ez baitzegoen betearaziko zituen magistraturik; hauek, gainontzekoak bezala, guztiak hilda edo gaixo zeuden, edo hain zerbitzari gutxi geratzen zitzaien ezen ezin baitzuten inongo ofiziorik bete; beraz, bakoitza bere kasara zebilen. Beste askok aipatu bi bideen tartekoa jorratzen zuten, lehenengoak bezala jakiak mugatu gabe, eta bigarrenak bezala mozkorkerietan eta bestelako galdukerietan erori gabe. Denetik egiten zuten, gurariaren arabera, eta leku batetik bestera zihoazen, entzerratu gabe, eskuan loreak edo usain-belarrak edo espezia mota desberdinak eramanez, sudurrera aldioro gerturatzen zituztelarik, garuna usain horiekin gustura uztea sekulakoa zela uste baitzuten, giroa hildakoen gorpuen, gaixoen eta botiken kiratsak menderatzen zuelako. Batzuek sentimendu krudelagoak zituzten eta (ziurragoa balitz bezala) izurriaren kontrako botikarik hoberena berarengandik ihes egitea zela zioten; argudio honek bultzaturik, euren buruaz bakarrik arduratuz, gizon eta emakume askok hiria, etxeak, ondasunak, ahaideak eta gauzak abandonatuz, besteenetara eta gutxienez landara jo zuten, Jainkoaren hirak gizakiaren gaiztakeria zigortzeko haraino jarraituko ez balie bezala, bakarrik hiriaren harresien barnean zeudenak zapalduz eta bertan inor gelditu behar ez zela eta hiriaren azken ordua heldua zela abisatu nahiko balu bezala.

Eta hain iritzi desberdinak zituzten hauek guztiak hil ez baziren ere, ez ziren guztiak salbatu; haietako askok leku desberdinetan gaixotasuna hartu eta guztiek abandonaturik ahitu zirelako, eurak osasuntsu zeudenentzako eredu izan zirelarik. Hots, ikusi zen nola hiritarrek bata besteari ihes egin zioten, auzokidea ia auzokideaz arduratzen ez zela, ahaideek gutxitan eta urrundik egiten ziotela bisita elkarri; atsekabearen izua hain zegoen erroturik gizon eta emakumeengan, anaiak anaia abandonatzen zuela, osabak iloba, arrebak anaia eta askotan emazteak senarra; eta, oraindik okerrago eta ia sinestezina dena, gurasoak seme-alabak bisitatu eta zaintzeaz beldur ziren, arrotzak bailiran. Kopuru kontaezinezko gaixoei, ar eta emeei, ez zitzaien geratzen lagunen karitatea baino (hauek gutxi baziren ere) edo soldata izugarri eta neurrigabeko kontratuen truke zerbitzatzen zituzten morroien zikoizkeria; hala ere, hauek ugariak ez ezik adimen gutxiko gizon eta emakumeak ziren, mota horretako zerbitzuen ohiturarik ez zutenak, gaixoei eskatzen zietena emateko eta hauek hiltzen ikusteko ia gai ez zirelarik; askotan, zerbitzua ematerakoan, eurak eta euren etekina galtzen ziren. Auzokide, ahaide eta adiskideen uzte horretatik, zerbitzarien urritasun horretatik ordura arte ezezaguna zen ohitura sortu zen: emakume batek ere, gaztea, ederra edo noblea izanda ere, gaixotzean, ez zuen eragozpenik bere zerbitzurako gizon bat hartzeko, gaztea ala zaharra, ezta bere aurrean beste emakume baten aurrean egongo balitz bezala lotsarik gabe gorputzaren atal guztiak erakusteko, gaixotasunak hala eskatzen bazuen. Honen ondorioz, sendatu zirenek ahalke gutxiago izan zuten aurrerantzean. Pertsona asko ez ziratekeen hilko beharrezko laguntza eman izan balitzaie; honen ondorioz, gaixoek eskuratu ezin zuten zerbitzu egokien falta zela eta izurritearen indarra zela, egunero eta gauero hiltzen zen jende-mordoa hainbestekoa zen, ezen ikara ematen baitzuen kontatzen entzuteak, eta are gehiago ikusteak. la betebeharrez, bizirik irten zirenen artean hiritarren antzinako ohituren oso bestelakoak sortu ziren. Ohikoa zen, gaur egun oraindik ikusi ahal dugun bezala, hildakoen etxean haren ahaide edo bizilagun ziren emakumeak biltzea, bertan familiako emakumeekin negar egiteko; eta auzokideak eta beste hainbat hiritar hildakoaren etxe aurrean biltzen ziren, kleroa etortzen zen eta hilotza eramaten zuten, bere parekoen lepoetan, kandela eta kantuz hornitutako ospezko hiletara, berak hil aurretik aukeratutako elizara. Baina gauza hauek guztiak guztiz edo ia guztiz bukatu ziren izurriaren indarra handitzerakoan, eta hauen ordez beste batzuk eratu ziren. Jendea inguruan emakumerik ez zuela hiltzen zen, eta asko bizitza honetatik hurrengora lekuko bakar bat gabe igarotzen ziren; oso gutxiri eskaintzen zitzaizkien ahaideen negar gupidatsu eta malko garratzak, eta berauen ordez doluetan barre-algarak eta esaldi zorrotzak entzuten ziren, emakumeek, osasun propioa berezkoa duten gupidaren aurretik jarriaz, ondo baino hobeto ikasi zuten ohitura. Oso gutxitan laguntzen zituzten gorpuak elizara hamar edo hamabi auzokidek baino gehiagok eta hauek, gainera, ez ziren hiritar zintzo eta estimatuak, ehorzle gisako batzuk baizik, herri xehetik sortuak, euren buruak «hobiratzaile» bezala izendatzen zutenak eta zerbitzuarengatik kobratzen zutenak; hilkutxa sorbaldan hartu eta bizkor eramaten zuten, ez hildakoak eskatutako elizara, gertuenera baizik, kandela gutxi edo batzuetan batere ez zeramaten lau edo sei apaizen atzetik; hauek ez ziren arduratzen ofizio luze eta handiak ospatzeaz eta, hobiratzaileen laguntzaz, lehenbailehen hildakoa aurkitzen zuten lehenengo zuloan botatzen zuten.

Zoritxarrekoagoa zen jende xehe eta baita ertainaren ikuskizuna; hauek, etxeetan itxaropenak edo pobreziak behartuta, euren auzoetan geratzen ziren eta egunero milaka gaixotzen; zainketa eta laguntza ezean, ia erremediorik gabe hiltzen ziren. Asko eta asko kale erdian itzaltzen ziren, egunaren edozein ordutan, eta beste asko etxean ere hiltzen ziren, eta usteldutako gorpuen kiratsak adierazten zien bizilagunei, lehenengoz, hilda zeudela; hauek, eta alde guztietan hiltzen zirenek, multzo handiak osatzen zituzten. Eta bizilagun gehienek ohitura berri bat praktikatzen zuten, hilotzen usteltzearen beldurrez eta hildakoekiko karitatez: bakarrik, edo, aukera zegoenean, zamaketarien laguntzaz, hilotzak etxeetatik atera eta atarietan uzten zituzten, non, bereziki goizetan, handik pasa zedinak ezin konta ahala ikusi zitzakeen; ondoren, zerraldoak ekartzen zituzten (hala ere, hildako pilo bati taula bat baino ez zieten ekartzen, hobeagoren ezean) eta eramaten zituzten. Zerraldo batek baino gehiagok bi eta hiru hildako eraman zituen; askotan gertatu ohi zen kaxa berberean emaztea eta senarra joatea, bi edo hiru neba-arreba, aita eta semea, eta abar. Eta asko eta askotan gertatu zen bi apaiz gurutze batekin hildako baten bila zihoazelarik, atzetik zamatzaileek eramandako hiru eta lau zerraldo jartzen zitzaizkiela; eta apaizek bakar bat hobiratu behar zutela uste zutenean, sei edo zortzi edo gehiagorekin topatzen ziren. Ez segiziorik, ez malkorik, ez kandelarik hildakoen ohoretan, azken batean inor ez baitzen arduratzen hiltzen zirenez, gaur egun ahuntz baten heriotzaz inor arduratzen ez den bezala; honen guztiaren ondorioz argi eta garbi esan dezakegu gaitz txiki eta urriko gauzen bilakabide naturala jakintsuei irakasteko gai izan ez zena, hots, ezbeharrari pazientziaz aurre egitera, gaitzaren izugarrikeriak lortu zuela, sinpleak ere beldurgabe eta axolagabe bihurtuz. Elizetara egunero eramaten zuten gorpu pila hain handia izanik, lur sakratua ez zen nahikoa eta, antzinako ohiturari jarraituz, bakoitzari bere lekua aurkitu behar bazitzaion; elizetako hilerrietan zulo izugarriak egiten ziren zeinetan ehunka hilotz botatzen baitzen: hauek salgaiak ontzietan kargatzen diren bezala pilatu ondoren, lur pixka batekin estaltzen ziren hilobia bete arte. Gertatutako miserien xehetasunetan gehiegi ez luzatzearren, soilik esango dut garai latz horrek ez ziola oinazerik kendu inguruko landa-guneari; honetan, bere txikitasunean hiriaren oso antzekoak diren gazteluak alde batera uzten baditugu, gizakiak piztiak bezala hil ziren, sakabanatutako herrixketako jendea zein nekazaritza-lurretako langileak eta hauen senideak, medikuen laguntzarik gabe eta zerbitzaririk gabe, bideetan, soroetan eta etxeetan, goizez eta gauez, berdin zion. Honen ondorioz horiek, hiritarrak bezala zenbait ohitura onez ahaztuta, kontuez eta ondasunez arduratzeari utzi zioten. Edozein momentutan heriotzaren etorrera itxaron balute bezala, saiatzen ziren ez animalien eta lurren eta botatako izerdien etorkizuneko fruituak zaintzen, baizik eta zituztenak kontsumitzen. Idiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, oilaskoak eta gizakiarekin hain fidelak diren txakurrak ere, etxeetatik botata, soroetan zehar zebiltzan, han-hemenka, uztak moztu gabe utzirik zeuden lekuetatik. Eta animalia hauetako asko, arrazionalak bailiran, gauetan etxera itzultzen ziren, bakarrik, aseturik, gida eta artzainik gabe, egun osoa euren kasara bazkatzen egon ondoren.

Landa utzirik eta hirira itzuliz, zer gehiago esan daiteke; zeruaren krudeltasuna, eta agian hein batean gizakiena ere, hain handia izan zela ezen martxoko eta uztaileko hilabeteen artean ziurtzat ematen baita Florentziako hiriko harresietan barna ehun mila gizakik baino gehiagok bizitza galdu zutela, batzuk izurritearen indarrez eta beste batzuk gaizki zainduak eta abandonatuak izan zirelako, hainbestekoa zen osasuntsuek zioten beldurra; eta zorigaitz hilkor hori gertatu izan ez balitz nekez uste izango genukeen hainbeste jende zegoenik. Oi, zenbat jauregi handi, zenbat etxe eder, zenbat egoitza ahaltsu, iraganean familiez, jaunez eta damez beterikoak, zerbitzari ñimiñoenaz ere libre geratu ziren! Oi, zenbat leinu gomutagarrik, zenbat herentzia aberatsek, zenbat aberastasun ospetsuk ez zuen ondorengorik izan! Zenbat gizon odol garbiko, zenbat emakume eder, zenbat gazte ausart, Galenok, Hipokratesek edo Eskulapiok guztiz osasuntsutzat joko zituzketenak, goizean ahaide, adiskide eta lagunekin gosaltzen, eta gauez arbasoekin afaltzen, beste munduan!

Giovanni Boccaccio

1353


Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Iban Zalduaren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.