Don't look up  (2022) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Don't look up

aldatu

Gernikaren bonbardaketaren urteurrena ospatu dugu aste honetan. Gerra hotsak etxe atarian ditugun garaian iritsi da 85. urteurrena, gerraren aldeko aldarria tonuz igo den astean: Alemaniak Ukrainara arma astunak bidaltzea erabaki du, Errusiako diplomazia buruak hirugarren mundu gerraren arriskua ez gutxiesteko eskatu du, eta Putinek berehalako erasoa iragarri du mendebaldeko herrialdeek “mehatxu estrategiko” bat egiten badute gerraren bilakaeran. Logika militarrak agintzen du etsaiak ematen duen pauso bakoitzari handiago batekin erantzutea.

Eskalada militar honen arriskuaz jabetzen al gara? Ezetz esango nuke, gobernuek eta alderdi politiko gehienek Ukrainara armak bidaltzearen aldeko hautua zein erraz defendatzen duten ikusita. Inork gutxik esango luke duela hilabete batzuk ikusten ari garenaren moduko gerrarik posible zatekeenik Europan, eta etxe atarian egokitu zaigu. Gernikako oroitza ekitaldietan duela 85 urteko sirena hotsak entzun eta orduko suntsiketaren irudiak ikusteaz bat zirrara batek astindu nau. Iragan mingarriaren oroitza sentitua izan behar zuenak etorkizun tragiko posiblearen antza handiegia hartu du.

Badira hiru arrazoi euforia militarista oro irmoki errefusatzeko: begien bistakoa da eskuin muturra indartzen duen marko atzerakoi autoritarioa indartzen duela; klima larrialdiari eta antzeko zibilizazio-mehatxuei erantzuteko denbora lapurtzen du, eta zientziak denbora agortzen ari dela diosku desesperatuki; eta aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak izango lituzkeen gerra nuklear baten arriskua errealagoa egiten du egunetik egunera. Ez zait buruan kabitzen bide diplomatikoen aldeko hautu larria ez den beste ezer.

Bien bitartean, gobernuek krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak onartu dituzte. Fundamentu arrazoiturik ez duen baikortasun mezua egin dute ordezkari politiko gehienek: «Neurriak hartu behar ditugu gerraren ondorioei erantzuteko, egoerak hobera egingo du, ez dugu katastrofikoak izan behar, nahiz eta ziurgabetasuna handia den eta sakrifizioak egin beharko ditugun». Gerra ekonomiaren eta don't look up politikaren arteko nahasketa bat; batetik, gerraren mehatxuak gerrikoa estutu beharra ekidinezin bihurtzen duela barnera dezagun, eta bestetik, politika ekonomikoan sakoneko aldaketarik egiteko borondaterik ez dagoenez gero, denbora laburrean gauzek hobera egiteko itxaropenaren plazeboa salduz.

Baina egoera honek gutxi du behin behinekotik. Aitzitik, nahikoa zantzu daude garai berri batean sartu garela baieztatzeko: erregai fosil merkeen aro historikoa bukatu den garaia. Eta horrek dena aldatzen du. Hau ez da beste krisi bat, eta egin dezakegun gauzarik okerrena halakoa balitz bezala jokatzea da, prospekzio estrategikorik ez egitea, etorkizuna ez prestatzea.

Asteon Madrilen krisiari aurre egiteko onartu den dekretua beharrezkoa da, bai. Izan ere, sektore zaurgarriak babestu behar dira, inflazioak eta produktu energetikoak garestitzeak gizarte talde asko pobretzea eragiten baitu, eta horrek erantzun bat eskatzen du instituzioen partetik. Baina aberastasunaren banaketa erradikal bat behartu eta ekonomiaren sektore estrategikoen kontrol publikoa areagotzen ez bada, neurri hauek paliatiboak baino ez dira izango kasurik onenean etorkizun hurbilari begira.

Pandemiaren hasieran hartu ziren erabakien oinarrian (zorra mutualizatu eta eraldaketa produktiboa sustatu) zegoen kontsentsu hauskorrak eztanda egin du Europan, eta bakoitzak bere aldetik jo du. Autonomia estrategikorik gabe, Europa zulo beltzean da. Ez dago soluzio onik egungo joko arauak aldatzen ez badira, eta hemen inork ez du hortaz hitz egin nahi. Nahiago da oinarri arrazoizkorik gabeko baikortasuna saldu eta iragartzen hasiak diren murrizketen atrezzo gisa gerra erabili.

Iragan opor egunetan jendea don't look up sindromeak jota begitandu zait, egia esan.