EAJren bestondoa  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

EAJren bestondoa

Biharamunean iritsi zen Espainiako hauteskundeen deialdia. Aste gutxitan gauza asko argituko dira eta dinamika politikoa aldatu egingo da, modu batera ala bestera. Ziklo aldaketa baten aurrean gauden ala ez eztabaidagai dago, baina garbi dago, ikusi nahi duenarentzat behintzat, hondoko korronte bat dagoela iragan hamarraldiko errealitate politikoa indarrez aldatzera datorrena.

Hauteskunde emaitzek azterketarako datu asko ematen dituzte. Joera batzuk aztertuta, sakoneko aldaketa soziologiko eta politikoak azkartzen ari direla esan daiteke. Joera horiek suma zitezkeen agian lehenagotik ere, nahiz eta 2020ko hauteskunde autonomikoak oso baldintza berezietan egin ziren eta ikuskizun zegoen argazki hura zenbateraino zen adierazgarria. Baina halako azkartzerik ez zen espero. Inork ez zuen espero, esango nuke. Ezker independentistak nabaritzen zuen giro baikorra azken asteetako ekitaldietan, jendeak konektatzen zuela EH Bilduk irradiatzen zuen horrekin, baina ez zegoen jakiterik giro on hori zertan gauzatuko zen emaitza elektoralei zegokienez. EAJk aurreikusten zuen kontrakoa, bere jendea uzkur zegoela, eta, hain zuzen ere, horri buelta eman nahian egin zuen egin zuen kanpaina. Baina argi dago ez zutela halako azeleraziorik espero eta jokoz kanpo harrapatu dituela.

Gaur udalbatzak osatuko dira eta EAJk jokoz kanpo segitzen du. Azken asteetan ez du gaitasunik izan gertatutakoa ondo metabolizatzeko. Eta ulergarria da, krisi asko pilatzen ari baitzaizkio eta, ziur aski, trantsizio ordenatu baterako esku artean zeukaten diseinua hankaz gora gelditu zaio. Zaila da halako prozesuen barne kudeaketa. Lehenik, gaitza da gertatzen ari denaren inguruko analisi sosegatu bat partekatzea, errudunak baino gehiago kausak identifikatzea. Emozioek asko pisatzen dute eta, zimenduek huts egiten dutenean, kolektibo zauritu bat ziurgabetasun handiko aldaketa baterantz modu kohesionatuan gidatzea bide malkartsua da inondik ere, desatsegina ere bai.

EAJri opa diot hauteskunde emaitza hauen metabolizatze on bat. Harrokeria izpirik gabe esaten dut. Herri hau gehiengo osoz gobernatu ezin badaiteke, abertzaletasunak behar du alderdi abertzale bat euskal soziologia kontserbadorea artikulatuko duena. Zentro-eskuin abertzale bat zentro-ezker abertzale-subiranista baten parean. Eta beldurra dut hartuko den norabidea beste bat izango ez ote den. Eta beldur horretatik idazten dut hau, ez beste inondik. Horregatik saiatuko naiz, nire kanpo begiradatik, EAJri zer gertatzen zaion esplikatzen. Nire ustez, EAJn, momentu honetan, beharko litzateke gogoeta estrategiko bat ezker abertzaleak estrategia aldaketarekin egin zuenaren muntakoa. Baldintza estrukturalak aldatu egin dira, eta horrek behartzen du proiektua eta alderdia garai berrira ekartzera. Horretarako, jarraipen batzuk behar dira baina hausturak ere bai. Finean, EAJk barneratu behar du EH Bildu gelditzeko etorri dela, ez dela istripu bat, eta hegemonia lehiatuko diola legitimoki. Lehia hori, demokratikoa izateaz gain, beharrezkoa zaiola herri honi, emankorra izan baitaiteke ondo kudeatzen bada. Baina horretarako, proiektu-identitate bat behar du gaur egun ez daukana, eta, izateko, gauza asko berritu behar ditu eta beste batzuekin hautsi.

Zaila da, eta, normalean, ez du epe laburrean emaitzarik emango. Ziurgabetasun handiari aurre egitea da, ez baitago jakiterik bideak nora eramango zaituen. Baina bide horri ekiten ez badio, bere buruari kalte egiteaz gain, herri hau ere kaltetuko du. Euskal autogobernu sistemaren endekatze prozesu hazkor bat ikusten ari gara (Ertzaintza, Osakidetza...), noiz eta aldaketa kolosalen garai historikoan (klima, demografia, digitalizazioa, industria...). Ez dugu denborarik populismo merkeetan galtzeko.