EPPK-ren oharra Gernikako akordioko ekitaldi nazionalerako
Kaixo lagunok!
Gaur, hor bildu zaretenean eta «konpromisoa» hitzak argirik dirdiratsuena izango duelakoan, bahiturik gauzkaten ziegetatik gatozkizue; pozik, besoak zabalik eta bidea elkarrekin egiteko prest.
Bai, bidea diogu, Euskal Herriari dagokion demokraziaraino ibilbide politikoa, justizian eta errekonozimendu politikoan oinarrituriko irabazi beharreko eszenatokia, hain zuzen ere.
Mingarri egiten zaigu hamarkada luzeetan azaletik bizi duguna. Halatan ere, sinesmen osoz jakin izan dugu borrokari bere zentzua ematen; indibidualismoa edota damu politikoa erabat bazterturik, aniztasunez osatzen dugun Kolektiboa hau aktibo eta bizirik mantenduz; eta, etorkizunari so, itxaropentsuak izanez. Halaxe gatozkizue, bai, itxaropentsu; gure betiereko borondate politikoa zuen konpromiso-eskuetan pausatuz, bidea elkarrekin egin asmoz.
Nahitaezkoa deritzogu espetxe politika Euskal Herriari inposatu zaion gatazkaren konponbide klabean lerrokatu beharra, gure eskubide zibil eta politikoak biltzen dituen estatus politikoaren aplikapena prozesuaren osagaiak izan behar diren gutxieneko baldintza demokratikoetan kokatzea, alegia.
Bidea borrokatu eta prozesua garatu dezagun, bada. Esan moduan, pozik eta borondate osoz gatozkizue hainbat eta hainbat konpromiso zintzo bildu dituzuen honetan. Lagunok, Euskal Herriaren aurkako Estatuen errepresioa lege bilakatu den injustizia honi, inpunitateak sorturiko inboluzio edota salbuespen egoera honi aurre egin behar diogu; indarrak metatu ditzagun eta gure herri honen askatasun egarriak eskatzen digun ofentsiba politikoan egin dezagun bultza Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunona izan dadin.
Zuen ondoan gaituzue; amnistia bidean bidelagun sentitzen zaituztegularik.
Ea, bada, oztopo guztien gainetik, eskatu izan dizuegun harremana berehala abiatzen dugun, elkarren berri izan, dinamika bat sortu eta jarrera bateratu eta eraginkor bati ekin.
Urruti baino gertuagotik eta laster elkartuko garelakoan, konpromiso zintzoz beteriko borondate politikoz eta maitasunez agurtzen zaituztegu.
Gora Euskal Herria!