ETAk Euskal Herriari 2018ko Aberri Egunean

ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena  (2018) 
Euskadi Ta Askatasuna

ETAk Euskal Herriari 2018ko Aberri Egunean

ETAk, nazio askapenerako erakunde sozialista iraultzaileak, Xabier Reyren militantzia aldarrikatzen du. Familiari eta lagunei besarkadarik beroena eta goxoena bidali nahi die, baita kartzela ezberdinetan barreiaturik dauden preso politiko guztiei. Kolektibo osoari agurrik iraultzaileena. Barru-barruan denok sentitzen dugun mina maitasunak soilik baretu ahal dezake. Xabierrek eragiten digun maitasunak. Haren oroitzapenak emango digu indarra injustiziari aurre egiteko eta libertatea erdiesteko. Agur eta ohore, Antxo, eusko gudaria.

Espainiako Estatuak euskal preso politikoen kontra indarrean duen kartzela politika kriminalak hil du Xabier Rey, muturreko bizi baldintzak ezarri baitizkio luzaz eta etenik gabe, presoak politikoki eta pertsonalki birrintzeko ahalegin anker horretan. Egoera horrek ere erakusten digu euskaldunok Estatu ustel eta zapaltzaile horren atzaparretatik askatu behar dugula bakean eta libre bizi ahal izateko.

Urtero, ETAk Aberri Eguneko agiria Euskal Herriko egoerari eta askapen prozesuaren gorabeherei buruz bere iritzia emateko erabili izan du. Hausnarketarako parada da. Aurtengoa, ordea, Aberri Egun berezia da, ETAk amaitzear duen eztabaida prozesua dela-eta. Eztabaida prozesu horretan, hain zuzen, ETAren kidegoak 60 urteotan dena eman duten eusko gudariei Erakundeak omenaldia egin behar diela nabarmendu du. Xabier Reyren heriotzak eginbehar hori indartu baino ez du egin.

Aberri Eguna da, hain zuzen, omenaldi hori egiteko une egokia, borrokan erori diren lagunek Euskal Herriaren askatasun osoaren alde eman baitzuten bizia. Ezin genuen gaurko eguna aipamen hau egin gabe utzi. Hona, beraz, independentziaren eta sozialismoaren alde den-dena emateko prest izan direnen eskuzabaltasuna aldarrikatzeko ETAk bere eztabaida prozesuan onarturiko adierazpena. Eztabaida prozesuaren ondorioz plazaratuko direnen artean lehena.

ETAren adierazpena: Agur eta ohore eusko gudariak

Zapalkuntzari aurre egiteko jaio zen ETA, eta askatasunari bide emateko ekarpena egin nahi izan du beti. Hori izan da bere iparrorratza, eta ETAren kidegoarentzat, eginahala. Zintzotasunez eta eskuzabaltasunez egindako eginahala.

36ko gerra ondoko diktaduraren errepresio basatiari eta ukapenari aurre egiteko adore handia erakutsi zuen Erakundea sortu zuen gazte taldeak. Gernikako bonbardaketak utzitako errautsen azpian burumakur zegoen oraindik Euskal Herria, hilzorian, baina belaunaldi hark sortutako haize boladak etsipenaren errauts haiek harrotu zituen, eta estalia zegoen hausberoaren txinpartak piztu zuen berriro euskal erresistentzia. Euskal kontzientzia nazionala berpiztu izana zor diegu lehen belaunaldi haiei.

Ez ginen gerra bila joan, gerra etxe barrura ekarri ziguten, eta, zoritxarrez, euskaldunok armak hartzera ikusi genuen behartuta gure burua. Sasetaren hurrengoak izan ziren ETAko lehen militante armatuak. Telesforo Monzonek maisuki adierazi zuen moduan, atzoko eta gaurko gudariak bat-eginik gogo eta nahi berean, askatasun egarri. Berriro borrokari lotu ginen deblauki. ETAri lotuak jarraitu dute lehen belaunaldietako askok, eta beste asko etorri dira ondoren, etenik izan gabe. Arazoak eta zatiketak gaindituz, ibilbide bakarra osatu du ETAk, egitasmo askatzaile bati esker, baina baita bere kidegoaren entrega iraunkorrari esker ere.

ETA Hego Euskal Herrian sortu zen, baina azkar asko Euskal Herri osoko kideak elkartu zituen, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere euskal kontzientzia berpizteko lehen kimuak loratu baitziren, hegoaldetik ihesi eta babes bila zetozen anai-arrebei aterpe ematen zitzaien bitartean.

Zoritxarrez berriro ere, trantsizioa izenez ezagututako operazio politikoak gatazka termino demokratiko hutsetara eramatea galarazi zuen. Euskal Herriaren zatiketa eta asimilazioa jarri zuten helburu botere faktikoek. Euskal proiektu nazionala lurperatu nahi zuten. Ezkerreko abertzaleok aurre egin genion asmo horri. Euskal erresistentziak gutxieneko egoera demokratiko bat erdiestea jarri zuen lehen helmuga. Horrela, frankismoaren erreforma ez egonkortzeko borrokatzeaz gain, ETAk konponbide ahaleginari ekin dio behin eta berriz. Baina Euskal Herriaren nazio izaera eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea onartu beharrean, estatuek nahiago izan dute zapalkuntzari eustea errepresio estrategia behin eta berriz elikatuz.

Hamarkada gehiegi iraun du enfrentamenduak, eta azken urteotan aurreko zikloa atzean utzi eta beste bat zabaltzen saiatu gara, estatuek kontrako norabidean direnak eta bi egin badituzte ere. Egoera zinez gogor horretan, berriro nabarmendu behar da ETAren kidegoak izandako ardura eta konpromisoa. Ezkerreko independentismoak egindako estrategia aldaketa ezinezkoa litzateke eusko gudarien heldutasunik gabe. Euskal Herriak behar dituen bide berriak zabaldu ahal izateko erantzukizunez erantzun du.

Berriro ere militanteen lanari esker aurreratu ahal izan da jarritako erronketan. Adierazgarria izan zen, esate baterako, armagabetzea burutu ahal izateko egindako lan eskerga, polizia indarren eta ezkutuko zerbitzuen oztopo eta tranpa guztien gainetik. ETAko kideek berriz erakutsi zuten lan eta sakrifizio gaitasuna Euskal Herriarentzat onuragarria zen egoera bat lortzeko aukera sortu zenean. Diziplina eta erantzukizun berberarekin ekin dio militantziak ETAren amaierari buruzko eztabaidari. Portaera eredugarria izan du, betiere lehentasuna askapen prozesuan jarrita.

Militanteen sakrifizioa izugarria izan da, gogorra bezain oparoa. Gure omenaldirik handiena borrokan erori diren kideei. Txabi Etxebarrieta izan zen polizia indarrekin enfrentamenduan hildako lehen ETAko gudaria. Xabier Rey izan da azken hildakoa, kartzela politika kriminalaren ondorioz. Bidean eroritako guztiak ditugu gogoan eta bihotzean.

Halaxe ditugu isilean joan direnak ere. Arlo eta eremu askotan lan egin duten militanteak. Apaltasunez eta arduratsu aritu ziren. Ez dira dagoeneko gurekin. Ezin izan ditugu ETAko kidetzat publikoki hartu, inor eta ezer ez kaltetzeko, baina ezinbestekoak izan dira bai erakundearentzat bai askapen prozesuarentzat zein herri mugimenduarentzat. Agur eta ohore, Isabel, Joxi, Joxean, Joxemi, Josu, Txato, Lourdes... ETAko gudariak.

Ezin aipatu gabe utzi urte luzez kartzela eta erbestea pairatu dituztenak, oraindik pairatzen ari direnak. Euskal Herriaren aldeko konpromisoaren lekuko argiena dira. Herriarenganako maitasunagatik dena emateko prest izan diren gizon-emakumeak. Beti zaituztegu gogoan.

Milaka izan dira ETAn edo ETArekin aritu diren euskal herritarrak, herritik sortutako borrokalariak. Guztiei zor diegu honaino iritsi izana. Guztiei zor diegu askatasunaren atea zabaltzeko egindako ahalegina. Aurrerantzean ere Euskal Herriaren aldeko borrokan lanean segituko dute. Doakie guztiei Euskadi Ta Askatasunaren errekonozimendua.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 1ean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.