ETAren Adierazpena Euskal Herriari (2006)
ETAren Mezua Euskal Herriari (2006) |
Adierazpen hau 2006ko martxoaren 23an argitaratu zen, egun bat lehenago Mezu laburragoa argitaratu ondoren. |
ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak,Adierazpen honen bidez hartu duen erabaki baten berri eman nahi die euskal herritarrei.
Euskadi Ta Askatasunak, 2006ko martxoaren 24ko 00:00-tik aurrera ekintza armatuen etenaldi iraunkorra abiatzea erabaki du.
ETAren hausnarketa
ETAren erabakiaren xedea, Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzea da, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren bidez gure herriak beharrezkoa duen aldaketa politikoa gauzatzeko.
Gaur egungo inposizioa, zatiketa eta ukazioaren markoa gaindituz, Euskal Herriarentzat marko demokratikoa eraiki beharra dago, gure Herri eskubideak aitortuz eta etorkizunari begira aukera politiko guztiak ahalezko eginez.
Prozesu demokratiko horren buruan, euskal herritarrek beren etorkizunari buruzko hitza eta erabakia izan behar dute, gatazkari irtenbide demokratikoa eman ahal izateko.
ETAren ustez, euskal eragile guztiei dagokiei prozesu hori garatzea eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko akordioak adostea, Euskal Herriaren aniztasuna eta osotasuna kontuan hartuz.
Espainia eta Frantziako Estatuei, Euskal Herriko prozesu demokratikoaren emaitzak errespetatzea dagokie, euskal herritarrek beren etorkizunari buruz erabakiko dutena aitortuz, inolako muga eta esku-sartzerik gabe.
ETAren deia
Eragile guztiei, ETAk egindako urratsaren neurri bereko erantzukizunarekin jokatzeko deia egiten diegu.
Hitza hartzeko garaiak dira. Eragile guztiok konpromiso eta ardura serioak hartu behar ditugu, guztion artean Euskal Herriak behar duen konponbide demokratikoa eraiki dezagun. Jokabide ausartak erakutsi eta erabaki sakonak hartzeko unea da, hitzetatik ekintzetara igaroz.
Espainia eta Frantziako agintariei, egoera berri honi erantzun positiboa emateko deia egiten diegu, prozesu demokratikoari oztoporik eta mugarik ez jartzeko, jokabide ukatzaile eta errepresiboak alboratuz eta gatazkari negoziazioaren bidetik konponbidea emateko jarrera erakutsiz.
Oro har, euskal herritarrei, eta ezker abertzaleko kideei bereziki, dei zabala egiten diegu prozesu honetan buru belarri murgiltzeko eta gure Herri eskubideen alde borroka egiteko.
ETAren konpromisoa
ETAren borondatea eta nahia, zabaldutako prozesua burura eramatea eta Euskal Herrian benetako egoera demokratikoa eskuratzea da, urte luzetako gatazka gaindituz eta justizian oinarrituriko bakea eraikiz. Aurrerantzean, borondate horren araberako urratsak egiten jarraitzeko eta Euskal Herriaren eskubideak lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.
Gatazkaren konponketa, gaur eta hemen, posible da. Hori da ETAren nahia.
Euskal Herrian, 2006ko martxoan
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.