Elkar-zaintza vs norbanakoon arduraren gorazarrea
Elkar-zaintza vs norbanakoon arduraren gorazarrea (2021) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Elkar-zaintza vs norbanakoon arduraren gorazarrea
aldatuHorixe baita benetako dilema. Hitz egin dezakegu Ertzaintzaren jarrera oldarkor erabat arbitrarioaz, bortizkeria polizialaren inpunitateaz. Aztertu dezakegu zer motatako polizia eredua sortu duen aginte autonomikoak. Ez dakit Ertzaintza estrategia bat entseatzen ari den edo ez. Eta inportantea da hori guztia, baina arretagune nagusiak beste nonbait behar duela uste dut. Garrantzitsuagoa deritzot Donostiako Alde Zaharreko gertaerak sostengatzen dituen marko diskurtsiboa analizatzea gertaerak berak baino, jokoan dagoena polizia autoritario baten inpunitatea baino askoz gehiago baita.
Izan ere, poliziaren jokabidea justifikatzeko honako marko diskurtsiboa eraiki da aldez aurretik: osasun larrialdiak okerrera egin du norbanakook geure ardurak bete ez ditugulako, ez behar besteko zorroztasunez behintzat. Arduragabeenak gazteak dira, parrandarako tentazioari eutsi ezinik, larrialdiak eskatzen duen diziplina soziala onartzeko prest ez dauden gazte horiek. Postruth aro honen ezaugarria da, jukutria hain agerikoa izanagatik ere, boterea duenak bere markoa inposatzeko duen erraztasuna. Noam Chomskyk esan zuenez, gertaeretan sinisteari utzi diogu. Egiaren osteko garaian gaude, inoiz baino errazagoa da ideia bat, sinismen bat, gizartean instalatzea, hartarako behar diren baliabideak ondo maneiatuz gero. Iazko udaberrian, pandemiaren hasieran, lehia diskurtsiboa elkar-zaintzaren alde irauli zen tarte batez, batez ere ezkerreko independentismoaren lan politikoaren eraginez, esango nuke: osasun larrialdiari aurre egiten zaio ardura komunitarioz, elkar zainduz. Horretarako neurri murriztaileak behar dira, bai, beste aukerarik ez dagoelako. Baina neurri horiekin batera jendartea babesteko baliabide publiko sendoak behar dira. Maila batean lortu zen merkatu interesen gainetik pertsonen bizitza duinak daudelako ideia nagusitzea, eta instituzioek beren ardura publikoari ezin diotela iskin egin ikusaraztea. Ez dut esango eztabaida irabazi zenik baina bai pultsuari eutsi zitzaiola.
Azken hilabeteetan ordea, faktore desberdinak tarteko, balantzak bestaldera egin duelakoan nago: elkar-zaintzaren marko diskurtsiboa herritar norbanakoon arduraren gorazarrearenak jan du. Ikusi besterik ez dago nola instituzio nagusiek beren ardura publikoa herritarron bizkar gainean jartzen duten: Datuak txarrak badira herritarrek beren ardurak zintzo bete ez dituztelako da, ez zerbitzu publikoak hobetu ez direlako edo instituzio publikoek ardura komunitarioa beren gain hartu ez dutelako (adibidez pedagogia sozial zorrotza eginez horrek kostu politikoa ekarrita ere).
Hori ideologia neoliberala da. Eta poliziaren borrak gehitzen badizkiogu autoritarismo neoliberala ateratzen zaigu. Eta neoliberalismoak ekarri gaitu, hain zuzen, zibilizazio krisiaren ataka historiko honetara. Humanista liberal edo kristau demokrata konbentziturik gelditzen bada Sabin Etxean edo Eusko Jaurlaritzan boterearen kudeaketaz gain herri honen etorkizunaz pentsatzeko astirik hartzen duenik, denbora tarte bat hartu beharko luke honetaz hausnartzeko. Ideologia neoliberalaren zumeekin ez dago herri bat josterik. Ideologia honek komunitatea hausten baitu, eta komunitate izateko geure modua herri izatea baita.
Aste honetan iritsi zaizkigun ikerketek adierazten dute jendartearen gehiengo zabala arduratsu ari dela jokatzen pandemia egoera honetan, ezarri diren neurri murriztaileak betetzen ari dela eta ikusten diren portaera arduragabeak gutxiengo batenak direla. Inpresio hori bera izan dut nik ere nire ingurua behatu dudanetan. Badago herri bat bere agintari politikoen aurretik doana, beste behin ere.