Eneida
Eneida, I, 1-296. Liburuaren gaia.
(Itz.: Santi Onaindia. Bergili’ren idazlanak osorik. Egilearen edizioa, 1966.)
Ni naiz beste orduz, txirul-ots bigunean, unai-eresi-joka jarduna; nik gero, oianetatik irtenda, biran ziran alorrei irakatsi nien lur-langilleari, naizta au asegaitz izan, eder ta esaneko izaten: nekazarientzat lan bikaiña, ziñez. Orain, ordea, Marte’ren ankerkeriak abesten ditut.
Guda-iskilluak kantatzen ditut, eta Troia’ko itxas-egalak ala-bearrez utzirik, Itali ta
Labini’ko ur-bazterra aurrenengo iritxi zun giza-seme urena goresten dut; ark,
bada, asko eroan bear izan zun lur ta ur, June zitalaren gibelmiñetik igeska, urtzitarrak
ortaratua noski. Bai, amaika neke-lor izan zun gudartean, uria jaso ta etxe-
-jainkoak Lati’n jarri arte; emetik bai datoz latitar enda ta albanitar arbaso ta
Erroma burgoiaren arresi zutiak.
Oroi ezaizkidazu, ene Musa, gauza aiek: zein jainko irainduk edo zer asarrek aizatu zun urtzien erregiña, giza-seme on errukitsua ainbat oker gaiztoz naasitu ta ainbat neke-min ari ar-erazteko. Nork usteko zun orrenbeste sumin goikoen erraietan?
Antziña ba-zan uri bat, Kartago zeritzana, tiritarren egonleku, Itali’tik aurrez-aurre ta Tiber agotik urruti samar: antze-lanez jori ta guda-arazoetan oso latza. Uri auxe jantzi ta babestu omen zun June’k, beste eskualde guztien gaiñez, Samo bera ere saiets utzita. Ementxe zeuzkan bere iskilluak, ementxe bere zalpurdia; orduan ere, adurrak ortan ba’zetozten beintzat, uri auxe erri guztien buru egitea opa zun arduraz. Baiña baita entzuna zun troiar odoletik jalgiko zala Tiri-tarren gaztelu ta arresiak noizbait bekoz-gora irauliko zituan enda; andik etorriko zala, Libi’tarren kalterako, jenderri oso ugaria, gudaritzan ezin azkarragoa. Orrela ardazkatu omen zuten Balbeak (Parkak).
Orren bildur zan Saturno’ren alaba, ta gaiñera gogoan zeukan oraindik Troia ondoan argutar maiteen alde berberak leia biziz egindako gudaketa zarra; bere barnetik etziran oindiño aienatu, ez, orduko aserre-zio ta neke-isi gaiztoak. Gogoan ondo barrendua zeukan Paris’en erabakia; baita bere eder-dirdai ezetsia ta jenderri aiertua ta Ganimede ebatsiari eskeiñitako gorespenak ere. Onela, aserretan supizturik, Troiarrak, danaotar eta Akileu bulartsuaren puskak, itxas zear osoro banatuak, Lati mugatik albaitanez saiesten dendatu (alegindu) oi zan: auek, berriz, urteetan zebiltzan ur-gainez alderrai, aduen jostailu. Astuna zan nunbait erromar jendeari asiera ematea!
Sikuli’ko lurra ikusbidetik doi-doi galduta, galtzairu-brankaz gezal-bitsak zirrikaturik, Troiarrak pozik itxas-zegiten ur aundirantza. Baiña aspaldiko zaurieztena bular azpian zeraman June onela mintzo zan berekiko: «Nik, azpiratua bear bada, ez ote diot asi-arloari eutsiko? Ezingo ote dut Teukro’tarren errege ori Itali aldetik urrunterazi? Aduak debekatzen didate noski! Pala’k ez al zuan, Aiax Oilei’ren seme bat-beraren erru ta asarreengatik, argutar ontzidia erre ta denak itxas-barnean murgildu? Jobe’ren su lasterra odeietatik egotziz, berak sakabanatu zitun ontziak; baita gezal sabela aize burrunbatsuz naspil-azi ere: berak, bular zulatutik sua zerion Aiax zirimol nasian artu ta aitz-mutur zorrotzean maspildu zun. Eta nola ni, urtzien erregiña ta Jobe’ren arreba ta emazte naizen au, ainbeste urtez erri batekin gudaketan? Eta, onen ondoren, nork gurtuko du June’ren ala, edo nork aren mai done aurrean eskale, opari-gaiak eskeiñiko?».
Gauza auek biotzean gar-iraulka, Eoli ekaitz-sorterrira, zear-aize biurriz beteriko artzuloetara doa urtzitar emakumea. Eol erregek emen, arpe zabalean, esku latzez menderatzen ditu aize zakar ta ekaitz-eraso orrulariak, lokarri ta morroilloz galgaturik. Auek, ezigaitz ta asarre-astalka, marrao bizi ari dira mendi-sabelean, baitegi guztia dardar dutela. Gaztelu garaian exerita dago Eol, agint-makilla eskuan duelarik; andik arindu ta paketzen du oro. Eta orrela ezpa-legi, aize oiek beren ekin latzean itxasoa ta lurra ta ortze sakona, oro nasturik, goiak zear amilduko lituzkete. Baiña aita guztialtsuak; onen bildurrez, leize-zulo beltzetan atxilotu zitun; mukulu astuna ta menditzarrak gain jarri zizkien; baita, agindurik, ao-ugelak estutu ta lasaitzen arau zuzenez zekian nagusia eman ere.
Aren aurrean ordun June’k itz auek ebaki zitun, otoitzka: «O Eol, urtzitarren aita ta gizonen errege danak, uiñak naretu ta aizeak zirimoltzeko eskua eman zizuna: Tirren uretan zear dabil eder etzaidan erri bat, Ilion eta etxe-jainko goituak Itali’n sar erazi nairik. Indar emaiezu aize auei, ta urpera itzazu osoan ontzi erdi-estaliak, edo beintzat banakatu itxaso zear, aien gorpuak gezalpera egotzirik. Amalau ur- -neskatx ditut, oso soin-eder, ta auetatik atsegingarriena, Deiope, emaztetzat emango dizut, neri zuk egiñiko on-ordaiñez, ta zurea dukezu, urteetan alkarrekin bizirik, seme-alaba lerdenen aita izan zakizkidan».
Eol’ek, berriz, onela jardetsi zion: «Zeure lana duzu, o erregiñ!, zer nai duzun ikustea; neri, zuk naia betetzea dagokit. Erreiñu au, izan ere, zuri zor dizut; baita agint-zigorra ta Jupiter’en adiskidetza ere; zure bitartez exeri oi naiz jainkoen maiean, zuk egin nauzu euri-jasa ta ekaitzen zuzentzaille».
Itz auek esanaz batean, zigor-erpiñez jotzen du Eol’ek mendi konkorra saietsean, eta ango aizeak, gudari-saldoa iduri, irikiko zulotik astrapalada gorrian irtenda, lur zabalean zear doaz zurrunbillotsu. Itxasoraiño ere edatu ta Euro, Notu ta ekaitzaizeak alkar nasturik, gezal guztia asaldatu ta bekoz-gora jartzen dute, lur-ertzeko ondartzetara bildurgarrizko olatu-bagak konkortu ta amil-aziaz. Laster da gizakumeen garraxia ta txikoten karraska. Odeiak, bat-batez, zerua ta eguna kentzen dituzte Teukro’tarren begietatik: gauak egal beltzez estaltzen du itxasoa. Trumoi- -ots daude zeruardatzak, eta tximista, dizdiz maiz berriztuz ortzi-alde guztia: orok eztie gizonei gainbeerako eriotza besterik iragartzen.
Enea’ri, bertan, otzak eten zizkion gorputz-atalak. Intziri dagi, ta bi eskuak izarretara jasoaz, onela mintzatzen da: «Oi, iru ta lau bidar zoriontsuak, gurasoen begi aurrean, Troia’ko arresi jaikien azpian eriotza izan zutenak! Oi, Tideu-seme, danaotarretan indartsuena!, nola ez nintzan ni ere Ilion’go zelaietan erori ta nere gogo au zure eskumapean ez nuan egotzi? An bai datza Ektor zangarra, Akileu’k geziz il zuna; antxe baita Sarpedon zaintsua ere. Oi, Simois ibaiak ainbat beso- -ikurdi ebatsi ta ainbat buru-oskol ta ainbat gudari bizkorren gorputzil zaramalka daramazkin toki aietan ezin egona!»
Enea’k era ontan ziarduala, ekaitzak, iper-aizez kirrinkari, aurretik zauritzen du ontzi-oiala, ur-bitsak zeruraiño jasoaz. Arraunak austen dira, ta ontzia aurrez atze jartzen da, alboa uiñai eskeiñirik; mendi eskerga iduri, izugarrizko ur-meta dator ondoren. Ontzi batzuk orren erpiñean gelditzen dira zintzilika; beste batzuei, olatu bat zartatu dalako, uin anean azpia ageri zaie. Gezal-barneko ondar-eragin bizi! Iru ontzi, Notu’k, biurrian arturik, azpiko aitz-mokor gordeetara jaurtitzen ditu: Itali’arrak mai doneak deritzaie uin artean bizkar eskerga antzera itxas azal dauden urpeko arkaitz auei. Euro-k beste iru itxas urrunetik ur-ertzeko etaka ta ondar- -moltsoetara dakazki —ikuskizun arrigarri!—, an uberetako zulu-muluetan erats- -eratsi ta ondar-lubakiz inguratzeko. Beste bat, Liki’tarrak eta Oronte zintzoa zeramazkina, Enea beraren begi aurrean, izugarrizko itxaskiak goitik beera erasoten dio atzekaldetik: lemazaiña gogor astinduta, buruz beera egotzi du itxas- -barnera, ta ontzia, olatuak an bertan iru aldiz inguruan kirimildu ta zurrunbillo zakarrak irunsten du gezal-erraietan. Banaka batzuk ageri dira itxas zabalean igeri; gudarien iskilluak eta ol-zatiak eta Troia’ko ondasunak ere uretan zapart. Bitartean Ilioneu’ren ontzi bikaiña menderatu du erasoak, baita Akate azarriarena ta Abante zioana ta Alete zarrarena ere: denak, zirristuetan brintzatuak, alboetako une lotzagetatik ur etsaia artzen dute.
Neptun’ek ba-dakusazki, tarte ontan, itxasoa iskanbil aundiz nahasia ta gain lenu dan ur-tulubio zakarra ta barren-barrendiko zingira-irakin itzul-erazoa; sumiñak oso arturik eta itxas zabalera so-egiñaz, ur gaiñean agertzen du bere buru ederra. Uretan oso edatua dakus Enea’ren ontzidia, eta troiarrak estu ta larri olatu-naspil ta zeru-triskantzapean. Anaiari ez zitzaizkion ezkutatu noski June’ren iurzur ta sumiñak. Euro ta Kepir beregana deitu ta onela diotse: «Ainbesteko ustea al duzute zuen baitan? Noiztik ausartu zerate, aizeak, nere baimen gabe, ortzi-lurrak naspildu ta ainbesteko ur-mendiak jaiki-erazten? Zuei nik... Baiña obe dut lenengo uin eragiñak naretu. Gero, berdiñik izan eztun zigor-nekez ordainduko didazute egiña. Emaiozute igesari, ta au esan zuen erregeri: «Ari ez, neri baizik, emana izan dala zozketan gezaleko agintea ta iruortzeko zorrotza. An ditu ark arkaitz galantak: ire estalpeak, noski, Euro! Jauregi artan bizi bedi Eol nasaiki, aizeen baitegi goibeleko nagusi».
Onela dio, ta esan bezin azkar uin arroak baretzen ditu, ta odei alkartuak uxaturik eguzkia jartzen du ñirñir. Batera, Kimotoe’k eta Triton’ek, alkarri lagundurik, ontziak askatzen dituzte aitz-tuturru zorrotzetatik; berak ere iru-ortzekoz jasotzen ditu, ta barneko ondar-pillak agerian jarririk. itxasoa baketzen du; ta, azkenik, gurpil arin dabilkizu ur bizkarrez txairo. Eta askotan uri nagusi baten, zalaparta sortu dala-ta, bertako kaxkarrak su-bero dabiltza, zuzi ta arriz sekulako barbuilla egiñik, ezin-ikusiak esku bakoitzean iskiliu bat jarriaz; baiña olakoetan gizaseme zentzundun eta agurgarri bat apika azaldu ba’ledi, asaldatuak ixillera datoz ta olakoari entzuteko adi-adi daude, ta bere itzez gogoak narotu ta biotzak ezti biurtu oi ditu. Era berean ixil-erazi zun Neptun aitak itxasoaren zalaparta, biurrialdi osoa, ur-zelai zear begiak edatu ta ortzi garbipean bere zaldiei eragiñik, ao-ugelak jarei, gurdi ariñean egaz abiatu zanean.
Enea’ren lagun aulduak, urreneko ur-ertzetara eldu nairik, Libi’ko muturretara jotzen dute. An ba-da toki bat bakartegi zabalean, ugartea noski, bi bizkar luzeak diotela kaia egiñaz an lertzen da ur aunditik datorren uin oro, kolko medarretan banakaturik. An eta emen arkaitz aundiak eta bi ugarri dauzkazu, goiari zemaika; auen azpiko ura, berriz, txit naro ta ixilla dago. Goi aldetik, gaiñera, antzoki antzeko oian urduri dirdaitsua agiri da, basarte zurbilla itzal ikaragarriz zintzilika daukala. Beste aldetik leiza bat dago, aitz-mutur esekiekin; ur gezak ditu barruan, eta jarlekuak arri bizian; ur-lamien etxea duzu. Ontzi abailduak an eztute lokarririk bear, ezta ortz makurdun aingurarik ere. Onaxe jotzen du Enea’k gelditzen zaizkion zazpi ontziak bildurik; eta troiarrak, lur-min gorritan aietatik irtendakoan, ondar leiatuaz jabetu ta kresalak iñarturiko gorputzak ur-ertzean egokitzen dituzte. Eta Akate’k, lenbizi, suarritik txiñar bat jalki-azi du; ta sua osto batzuetan bilduz, errekin legorra eman dio inguruan ugari, sugarrak indar aundia arturik. Orduan ainbat zorigaiztok nekaturiko aiek, urak iroldutako garia ta Kere’ren tresnak atera ta itxas-erasotik jasotako gari-aleak sutan erre ta arri gaiñean zeatzen diardute. Enea’k, bitartean, aitz baten gaillurera igota, itxas urruna begiztatzen du oso, aize- -erauntsiak jaurtitakoen bat agiri ote dan, noski: Anteu ta Prigitar izontzi arraun bikoizdunak, edo Kapi, edo Kaiku’ren iskilluren bat ontzi-atze zutietan. Eztu ontzirik begiz jotzen, baiña iru orein, bai, dakuzki ur-ertzean urduri; atzetik auen jarrai, ordea, abere-talde aundia, ta ibarrean ere an ta emen pilloak bazkatzen.
Emen gelditu da Enea, ta arranbela ta gezi ariñak, Akate zintzoak zeramazkin iskilluak, eskuraturik, aurrenen adar abartsuz zuzendari bezela doaztenak erasten ditu; ta gero, gezi-jaurtika besteeri ere oian ostotsuan zear erasorik, larria jartzen du orein talde osoan. Eta ezta berean aspertzen, zazpi gorputz aundi, itxasoan ditun ontzi aiña, lurrean zerraldo utzi arteño. Emendik kaira jo ta nekekideen artean banatzen du eskuratutako eiza; baita, ondoren, Akeste gizuren onak Trinakri’ko izpazterrean upelatan ipiñi ta andik alde egin zutenei emaniko ardoa ere. Eta aien biotz itunak itzokin gozatzen ditu: «O lagunak! (eta ez dauzkagu aiztuta, gero, lendik izandako neke-lorrak); o zuok, gorriagoak ikusi duzutenok! Gaitz aueri ere Jainkoak azkena emango die. Zuek, egiaz, Eskile aserratura urbildu zerate, ta barnean ots-dagiten arkaitzetara; baita Kiklope’tarren arpeak ere somatu dituzute: biotz on zaitezte, bildur goibela uxatuaz; neke auek gogoratzea ere iñoiz, bear bada, atsegin izango zaigu. Ainbat gorabera, ainbat estutasun ta galzori artean, Lati aldera goaz; aduak antxe derakusazkigute esertoki lasai nareak. An aizu gera berriz ere Troia’ko erreiñua piztera. Sendo zaitezte, eta gorde zeuen buruak abagune egokietarako».
Onela itz dagi, ta, kezka aundiak naigabetu arren, arpegiz itxaropena erakusten du, bere oiñaze gorria biotzean itorik. Aiek (troiarrak) eiza gertatzen ari dira, ta ondorengo janari-gaiak; oreiñak alboetatik larrutu ta errai-billois uzten dituzte; batzuk, zatitan ebaki ta burduntzietan jartzen dituzte pilpilka; beste batzuk, pertzak ondarrean atondurik, sua ezartzen diete. Gero, janez ederki indar-berritzen dira: belazean zabal etzanda, ardao zarrez ta oreinki gogoz asetzen. Jatekoz gosea il ta maiak jaso ondorean, luzaro ari izan dira izketan galdutako laguneri buruz galdezka, bildur ta itxaropen artean zalantzaz: orain uste dute bizi dirala ta gero illak dirala, edo-ta, dei egin arren, beren deirik ez dutela aditzen, iruditzen zaie. Enea biotz-onak, batez ere, Oronte azkarrari ta Amiku’ri gertatua, Liku’ren zori gaiztoa, ta Gia ta Kloantu kementsuen adu gordiña negartzen ditu bere baitan. Eta autu auen azkena zan, Jupiter’ek, ortzi goitik, ontziak oial-zabal dabiltzan itxasora ta lurralde etzanetara, ondartza ta erri edatuetara begiratuz, zeru-gangan orrela gelditu ta bere betarte dizditsua Libi’ko erreiñuetan tinka jarri zunean. Eta olako arduraz eragiña barrua zekarrela, Venus doakio ta, oso naigabetua ta begi ederrak negar-anpuluz beterik, onela diotsa: «O, zu, gizonen eta jainkoen gora- -berak betikoalez zuzendu ta juzturiz ikaran jarri oi dituzuna: zer txarrik egin lezakean zurekiko nire Enea’k? Zer egin izan dizute Troia’tarrak, ainbat zori-nekez lorpetuta, lurbira guztian Itali’rako bideak itxitzen ba’zaizkie? Zuk, ordea, urteak joan urteak etorri, erromatarrak emendik sortuko zirala agindua duzu; emendik irtengo zirala, Teukro’ren odola berriturik, buruzagi zangarrak, noizbait ur ta lur aginpide betea izango zutenak. Iritzi ortatik, zerk aldatu zaitu, ene aita? Onekin, egiaz, Troia’ren erortze ta ango ondamendi zurbillaz ere zerbait poztutzen nintzan adu gaiztoen aurka adu onak jarririk. Eta orain ere adu gaizto berbera dute jarraika, ainbat gertaerak samindutako gizon auek. Zer azken damaiezu, errege aundi, neke oiei? Antenor, akibitarren artetik igeska, Iliri’ko itxas-kolkora jo ta ezertariko kalte gabe Liburni’tarren errialderaiño iritxi zan, eta andik Timabi’ko iturria goitu al izan zun, bederatzi ur-agotik mendiz beera, itxaso zaratatsu antzo, jauzika amilduz, inguruko zelai-lauak dardaratzen dituna, noski. Berak, alare, antxe eregi zun Padua’ko uria eta antxe ezarri zitun Teukro’tarren egoitzak; baita angoeri izena eman ere, Troia’ko iskilluak bertan tinkaturik: orain, antxe obiratua, pake gozotan du atsedena. Gu, ostera, zure semeok, zeru-jauregian erkide gerala, ontziak galduta —au lotsaria!—, gaizkin baten asarreagatik, arat-onat gabihza galduak eta Itali’ko iz-bazterretatik gero ta urrutiago jaurtiak. Au ote erruki-sari? Onela nai al duzu gure aginte-makilla piztu-erazi?».
Gizonen eta jainkoen aitak, irri-barrez, ortzea ta ekaitzak baretzen ditun arpegi alaiz, pa goxoak eman zizkion alabari; gero, onela mintza zaio: «Ez bildur izan, Kiterar maite: aldakaitzak dituzu zuretarren aduak; ikusiko dituzu nik agindu nizkizun Labini uria ta bertako arresiak, eta Enea biotz-aundia gora, zeruizarretaraiño jasoko duzu; etzait asmo ori aldatu. Ta onek (esango dizkizut, ardura orrek ozkatzen dizun ezkero, urruti samarretik artuta, etorkizun dauden gertaera ixillak ere) guda izugarria egingo dizu Itali’n; erri ezigaitzak eskuratuko ditu, lege ta arresiak gizonei ipiñirik, irugarren udaldiak Lati’n agintari ikusi arte, ta errutuldarrak menderatu ondoan iru negu igaro arte. Eta orain goi-izenez Jul deitzen dioten Askani aurrak —Il zeritzan Ilion’go errialdea bere jaube zala— illabeteak itzulika, ogeitamar urte luze beteko ditu bere agintaritzan; errege-aulkia aldatuko du Labini’tik, Albalonga’ri indar aundia ezarriaz. Emen, berriz, irureun urte osoz Ektor’tarren gain izango da erreiñua, Ilia erregiñ opaltzailleak, Marte’gandik izor, aur bikoitzak argitara dakarzkin arteño. Gero Erromul’ek, otseme bere iñudearen larru gorripean pozik, jende aiek artu ta Marte uriko arresiak irasiko ditu, erromatarrai bere izenez deiturik. Nik ez diet aueri ez agintzemugarik ez eperik jartzen; azkenik ez dun eskubidea emana diet. June gordiña ere, orain itxaso ta lur ta ortze bildurgarriro naspiltzen ari dana, erabakiz oneratuko da, nerekin nasi gauzen artezkari diran erromatar jende togadunei lagunduko die noski. Ona ene gogoa. Gero, urteak igazirik, Asaraku etxeak Ptia lurraldea ta Mikena argia ta Argu azpiratua menpean izango ditu morroe-zurrian. Jatorri eder ontatik sortuko da troiatar Kaisar, Juli, Jul aundiagandik arturiko izenekoa noski; bere aginterriak itxasoan izango du amaia, ta izarretan bere ospe-entzuteak. Zuk au, noizbait, Sortaldeko garaitz-irabazkiz ornitua, bildur gabe artuko dozu zerugoian; gizonak, ordea, eskeinka dei dagiokete. Orduan, gudaketak utziz, gizaldi latzak samurtuko dira. Siñiste ille-zurik eta Besta’k, legeak emango dituzte, baita Krin’ek ere bere anai Erremu’kin naste; Guda’ren ate ankerrak burniz ta zarrailla estuz itxiko dira; Sumin zitala, barnean, iskiliu gaizto-beltz gaiñean eseria, ta sorbalda atzetik eun galtzairuzko lokarriz korapilloturik, murruza dagike izugarri, aotik odol-jario».
Eneida, II, 203-222. Laokoonte.
(Itz.: Arrate Zubillaga eta Gidor Bilbao. Kultura Klasikoa. DBH 3. Edebé-Giltza arg., 1997.)
Eta hara non, Tenedostik irten eta itsasora jauzi eginez, ur sakon lasaietatik biak batera abiatzen diren gure itsasertzerantz eraztun itzeleko bi suge (kontatzean izutu egiten naiz!); bular-aurreak olatuen artean tente, bien motots odoltsuek itsasoa menderatzen dute; gorputzak, gainontzekoan, uretan irristatzen dira, kiribil eskergak irudikatuz. Kresalaren aparrean burrunba sortzen da. Lehorrera heltzen dira.
Begiak odol eta garretan irazekirik dituzte eta mizto dardarkariek etengabe laztantzen dituzte ezpain txistukariak. Hauek ikustean ihesari ematen diogu, zainetan odolik gabe. Biak abiatzen dira Laokoonterengana, beren bidean zalantzarik gabe; lehenbizi bi semeen gorpuztxoen inguruan kiribiltzen dira suge biak eta horzka urratu eta irensten dituzte dohakabeak; gero, azkonak harturik laguntzera datorren aitari egiten diote eraso eta eraztun itzeletan lotzen dute. Jada bi aldiz kiribildu dira haren gerrian, bi bider estutu dute haren lepoa bizkar ezkatadunez, eta oraindik goian ageri dira tente sugeen buruak eta lepondokoak. Bera, bi eskuekin ahalegintzen da korapiloak askatzen —sazerdote-zintak odol-batu eta lerde beltza dariola— eta zerura garraixi ikaragarriak jaurtikitzen ditu.
Eneida, IV, 1-19; 90-94; 115-128. Didoren maitemina.
(Itz.: Arrate Zubillaga eta Gidor Bilbao. Kultura Klasikoa. DBH 4. Edebé-Giltza arg., 1998.)
Baina erreginak zainetako odolez elikatzen ditu aspaldiko maiteminaren zauriak eta ezkutuko su batez kizkaltzen da. Ezin ditu burutik kendu gizon honen sendotasuna eta adorea, ez eta bere leinuaren ospea. Bular barruan josiak ditu haren begitartea eta haren hitzak. Eta oinaze honek ez dio atsedenik ematen bere gorputzari. Hurrengo Egunsentia Feboren zuziaz Lurra argitasunez betetzen ari zen eta itzalen lurrin hezea uxatua zuen eguratsak, Dido, arima tristeturik, mintzatu zitzaionean ahizpari, arima gogaideari: «Oi Ana, ahizpa enea! Amets gaiztoak estutzen dit larritasunez barrua! Nor da gure etxean sartu berri zaigun kanpotarra? Hau bai galanta! Hau bai ausarta eta armekin artetsua! Zinez uste dut, eta ez da uste hutsala, jainko-jainkosen arrazakoa dela. Beldurra beti izan barru eskasaren adierazle. Ai, ene! A zer nolako erasoak egin dizkion patuak! Nolako gerrak kontatu ditu, azkenera arte pairatuak! Zein epopeia harena! Parkek nire lehen amodioa apurtu eta gero, beste senarrik ez izateko erabaki sendoa hartua izan ez banu, ezkon-oheak eta ezkontza-zuziek gogaituko ez banindute, litekeena da hargatik, eta hargatik besterik ez, nire ahultasunean erori izatea. [...]».
Junok, Jupiterren emazte maiteak, grina gaizto honen gatibu ikusten du Dido, izen ona zaindu beharrak ere sukar hura menderatu ezinik, eta Venusengana itzulirik ondokoa dio Saturnoren alabak: «Horra hor ohore gorena eta garaipen ugaria bai zuretzat bai zure semearentzat! Zinez aipagarria eta gogoangarria zuen indarra! [...] Orain entzun, hitz gutxitan esango dizut-eta zer egin behar dugun. Bihar bertan, Eguzkia igotzen hasi eta haren izpiek lurraren estalkia urratzen dutenean, Eneas eta Dido gaxoa hiritik irtengo dira, oihanean ehizatzera. Ehiztariek sareak oihanartean zabal ditzatenean, nik kazkabarrez betetako laino beltza botako dut euren buruen gainera eta zeruan trumoien zalaparta entzunaraziko dut. Guztiek ihes egingo dute, izuturik, gau-itzal zerratuan barrena. Eneasek eta Didok, biek elkarrekin bilatuko dute babesa, biek harpe berean. Bertan izango naiz ni, eta nire eginahala atsegin baduzu, xedera sendoz batuko ditut, eta Dido Eneasena izango da betirako. Ezteiak izango dira».
Ziterako jainkosak inolako eragozpenik gabe onartzen du asmo hau eta irribarre egiten du burutapenarengatik.
Eneida, V, 105-285. Estropadak.
(Itz.: Gidor Bilbao)
Iritsi zen espero zuten eguna. Faetonteren zaldi-gurdiak bederatzigarren egunsentia zekarren garbi, lainorik gabe. Azestes ospetsuaren berriak eta izenak aztoratuak zituen auzoko herriak. Itsasertza bete zuten talde alaiak osatuz, denak Eneas eta beretarrak ikusi nahian, eta batzuk lehian parte hartzeko prest. Plaza erdian denek ikusteko moduan ipini dituzte lehenbizi sariak: tripode sakratuak, koroa berdeak, palmondoak, garai-ikurra, armadurak, purpuraz apainduriko jantziak eta zilar eta urrezko talentuak.
Mendixka baten tontorretik iragarri du turutak bere soinuaz jokoen hasiera. Arraun pisutsudun lau galerak hasi dute norgehiagoka; elkarren parekoak dira, ontziteria osotik aukeratuak. Mnesteo da arraunlari kementsuko Herensugean agintaria, laster italiarra izango den Mnesteo, Memiarren leinuari izena emango diona. Giasek agintzen du Kimera izugarriaren ontzi-puska eskergan; ur gaineko hiri bat da, dardaniar mutilek hiru lerrotan bultzatzen dutena, hiru ilaretatik altxatzen dituzten arraunez. Zentauro handiaren ontziburua Sergesto da, Sergiar familiari izena ematen diona. Eta Kloanto da ontziburu Eszila berdeurdinean, Kloanto hain zuzen, zure jatorriko asaba, Kluentzio erromatarra.
Urrun, itsas zabalean, itsasbazter apartsuaren aurrean, olatu gangartuek astindu eta batzuetan —iparmendebalak, ekaitz-haizeak, izarrak estaltzen dituenean— hondoratzen duten harkaitz bat dago. Barealdian isilik izaten da eta ur lasaien gainetik agertzen da ordokia eta eguzkia maite duten pottorroentzako atsedenleku atsegina. Aita Eneasek hor jarri du helmuga berdea, arte hostotsua muga gisa. Hortik itzuli beharko dute itsasgizon biratzaile trebeek, estropada luzean hura inguraturik. Lekuen zozketa egin da. Distira egiten dute popan zutik patroiek, urre eta purpurazko jantzi dotoreez. Makalaren hostoek itzala ematen diete itsas mutilen bekokiei eta olioz igurtzitako bizkar biluziak dirdiraz dira. Tostetan eserita, giharre tinkoak arraunetan jarrita, seinalearen zain daude adi-adi. Beldur larriak eta ospe-irrika oldartsuak ahitzen ditu hauen bihotz bozkarioz beteak. Gero, turuta argiak soinu egiten duenean, denak batera oldartzen dira euren lekuetan amorratuta. Itsasgizonen irrintziak zerua zauritzen du.
Besoek atzerako bira egitean itsaso astinduari bitsa dario. Denek bat-batera zulatzen dituzte ildoak eta ur-zabaldiaren gain osoa irekitzen da arraunek eta hiru hortzeko ontzi-muturrek urratuta. Behor-gurdiak lauan ere ez dira hain bizkor oldartzen, ez eta irteera-hesitik jaulkitzean ere; gurdilariak ere ez dira hain sutsu aritzen orga-abereen hegaldia xaxatzen, edo euren gainean uzkailirik zigorraz jo eta aho-uhal kulunkariak eragiten.
Berehala entzuten da baso osoan ikusleen txalo eta oihuen durundia, gartsuki gogoberotzen baititu bakoitzak bereak; hondartzako maskorrean itzulikatzen da hauen ahotsa eta muinoak urratzen ditu eta oihartzunak joan eta bueltan ekartzen die aldarria.
Gias abiatzen da aurretik ihes eginez eta bera da lehena olatu gainetik irristatzen nahaste eta zarata artean. Kloanto atze-atzetik doakio, hurre-hurre, arraunlari hobeekin baina pinuaren pisuagatik atzeratuta. Gero bitarte berarekin datoz Herensugea eta Zentauroa, elkarren arteko lehian zeinek aurrea hartuko. Batean Herensugea da garaile, bestean Zentauro eskerga irabazle, orain branka biak doaz batera, elkarren ondoan urratzen dute gila luzeek olatu kresaltsuen gaina.
Harkaitzera iristen ari ziren, bira egin behar zuten lekura heltzear ziren, eta, lehenengo postuan doala, estropada erdian garaile den Giasek oihuka egiten dio agiraka Menetes lemazainari: “Nora hoa hain eskuinetara? Egik bira honantza. Arrima hadi bazterrera. Hurbildu ezkerreko haitzetara arraun-endaiez ukitu arte. Laga itsas zabala besteentzat!”. Baina Menetesek, hondar-pilaren beldurrez, olatuen gain zabalera begira jartzen du branka. “Nora hoa saihesbidetik?” errepikatzen dio. “Haitzetara, Menetes!” diotso berriro oihuka biraraztearren, baina, ai ene, atzera begiratu eta Kloanto ikusten du bere bizkarretik aurrera doala haitzetara arrimatuta. Barrualdetik egiten du honek aurrerako bidea, Giasen ontzia eta harkaitz durunditsuen artetik igarota, ababorretik ia-ia ukituta; estropadaburuaren aurrean jartzen da bizkor eta itsas zabalean sartzen da harkaitza atzean utzita.
Orduan amorru biziak kiskaltzen du mutila hezur-muinetaraino eta negarrak bustitzen dizkio masailak; bere gurbiltasuna eta bere gizonen arriskua kontuan izan gabe, popatik behera botatzen du itsasora Menetes uzkurra. Berak hartzen du lema eta, hala ontzizain nola lemazain gisa, arraunlariak gogoberotu eta lurraren aldera biratzen du lema. Azkenik Menetes, urteen eta blai egindako jantzietatik darion uraren pisuaren erruz, ozta-ozta azaleratu denean hondotik, harkaitzera igo eta harri lehorrantzean etzan da. Barre egin diote teukroek erortzean, barre egin diote olatu artean igerian dabilela, eta barre kresala borborka dariola ikusi dutenean.
Atzetik datozen bietan Gias aurreratzeko itxaropen gozagarria ernetzen da orain, atzean geratzen ari baita hau. Sergesto doa lehenen eta harkaitzera hurbiltzen da, baina lehiakideari ez dio ontzi osoa kentzen, zati bat baino, albotik muturra erakutsiz ezesten baitu Herensugeak. Mnesteo lasterka doa ontzi erditik tostartekoak gogoberotuz: “Orain, altxa orain arraunaren gainetik, Hektorren gudalkideok, Troiaren azken kinkan laguntzat neuk aukeratuak! Atera orain getuliar Sirteetan, Joniar Itsasoan, eta Malea lurmuturrean uhinaldiak eraso zintuenean erakutsitako indar hura, kemen hura! Mnesteo ez dabil oraingoan lehen postuaren edo palmondoaren bila, nahiz eta menturaz... Baina, oi Neptuno, irabaz dezatela zuk hautaturikoek. Azkenak iristearen lotsa, inoiz ez. Laido hori saihestea izan dadila, lagunok, gure garaipena!”. Eginahal gorenean uzkailtzen dira arraun gainean. Brontzezko muturdun ontziak dar-dar egiten du hauen astindu indartsuekin. Itsas gaina azpian doa ihesi. Soin-atalak eta eztarri lehorrak estutzen zaizkie arnasestuez; izerdia uholdeka darie hauen gorputzetatik.
Zoriak ekarriko die irrikaturiko ospea; Sergestok, suturik, branka harkaitzera lar hurreratu eta Mnesteok utzitako leku estutik sartzean, behea jotzen baitu uharri irten batean. Ikara egiten du harkaitzak astinduaren ondorioz eta arraunak ezpal eginda geratzen dira haren hortz zorrotzak jotzean eta branka zintzilik geratzen da zati-zati eginda. Arraunlariak denak batera jaiki eta zarataka hasten dira itxaronaldiagatik; burdinazko zikaiak eta kakoak hartzen dituzte eta arraun apurtuak batzen itsasotik.
Mnesteo ordea, pozik eta are sutsuago zoriak eskainitako ontarteagatik, arraunlari- -eskuadra zaluarekin haizeen laguntza eskatuz, uren maldaren bila doa lasterka itsas zabalera. Nola jaulkitzen den usoa bat batean uxatuta hegaldaka landa zabalera, berari babesa eta haitzarteko zulo itzaltsuan txito-talde gozoari lekua eman dioten leizetik, izututa zalapartaz kraskatzen baititu hegoak esparru itxian, gero berehala labaintzeko zeru zohardian, hego arinak mugitu gabe zulatuz oskarbia, hala egin zuten Mnesteok eta Herensugeak ihesean estropadako azken tartea, euren kemenaz halatsuko hegoak emanez hegaldiari. Lehenengo Sergesto uzten du atzean, harkaitzaren irtenunean borrokan, behea jota laguntza-eske alferrik, arraun apurtuekin estropadan jarraitzeko ahaleginetan. Gero Giasen parera iristen da eta Kimera izugarriaren ontzi-puska eskerga atzean geratzen zaio, lemazainik gabe baita. Helmugako ateetan Kloanto baino ez zaio geratzen aurretik.
Honen bila abiatzen da eta eginahal gorenean bere ondora iristen da. Bikoiztu egiten dira orain oihuak; denek batean gogoberotzen dute harrapa dezan. Zeruan oihartzun egiten du zalapartak. Batzuentzat lotsagarri da eskuartean duten garaipena eta irabazita duten ohorea ez erdiestea, eta bizitza emango lukete ereinotzagatik. Mnesteo eta beretarrentzat arrakasta bera da gogoberogarri eta ahal dutela sinesten dutelako ahal dute.
Eta brankak elkarren parean zirela, bi-biek lortuko zuketen menturaz garaipena, Kloantok bi ahurrak itsasorantza luzatuta askatu ez balitu arrenak, bere agintzariak entzuteko otoi eginez jainkoei: “Nik urratzen dudan itsaso zabalaren agintea duzuen jainkook, atseginez eskainiko dizuet hondartza honetan zuen aldareen aurrean zezen zuri distiratsua, hitz ematen dut, eta uhin kresaltsuetara jaurtiko ditut honen erraiak opari gisa, eta uholdeka isuriko dut ardoa”. Hau esan eta sakonean, uhinen azpian, Nereida-abestalde osoa entzun zen, eta Forko, eta Panopea birjina; eta Portuno jainkoak berak, bere esku eskergaz bultzatu zuen estropadan eta Noto edo hegodun gezia baino zaluago doa hegaz lehorrerantz, portu barruan desagertuz. Ankisesen semeak ohituraren arabera dei egiten die guztiei; Kloanto aitortzen du garaile aldarrikariaren ahots indartsuaz eta ereinotz berdez janzten dio burua. Gero ontzi bakoitzaren sariak hautuan: hiru zekor, eta ardoa eta zilarrezko talentu pisutsu bat.
Ontziburuentzat opari bereziak eransten ditu: irabazlearentzat urrez brodaturiko klamidea; oihal-ertzetik zerrenda bikoitzean Melibeako purpura darama erruz. Mutil galant bikaina agertzen da brodaturik. Idako hostotza artetik azkona eskuan duela doa gartsuki lasterka orein zaluak nekaraziz; arnasestuka doala dirudi. Bat batean Idatik dator Jupiterren armak daramatzan hegaztia eta gora darama erpe kakotuen artean. Agure zaindariek alferrik zabaltzen dituzte zerura begira eskuetako ahurrak eta bere zakurren ihausi amorratua eguratsera doa gorabidean. Antzeko merituz bigarren postua irabazi duenari, hala jai-jantzirako nola borrokaldietako babeserako, armadura ematen dio, eraztun arinez eta urrezko hari hirukoitzez osaturiko mailaz ehundua, Eneas garaileak berak Simunte zaluaren ertzean, Troia garaiaren behealdean, Demoleori kendua. Orain ozta-ozta daramate, mailen pisuagatik, bizkar gainean Fegeo eta Sagaris zerbitzariek. Behinola ordea Demoleok, hura soinean estu-estu jantzita, bizkor esesten zien troiarrei, arrapaladan ihes eraginez.
Hirugarren saria brontzezko galdara pare bat eta erliebean irudi apaingarriak dituzten zilarrezko kopa bi dira.
Sariak jasota, harro zihoazen denak opariekin alde eginez, bekokietan xingola gorriak lotuta, azkenik harkaitz ankerraren atzaparretatik antze bipilez aterata, arraunak galduta, indarrik gabe iritsi zenean Sergesto, arraunlari ilara bat gutxiagorekin, ontzia burla artean gidatuz ohorerik gabe. Sugea bezala datoz; bidearen ebakialdi batean brontzezko gurpil batek maiz ezustean harrapatu eta gorputz gainetik zapaltzen du; edo ibiltariak harri handi batez jo eta erdi hilda lagatzen du, zatituta; alferrik ahalegintzen da ihes egiten, kiribil handietan bihurritzen du bizkarraldea; gorputz erdiak furfurian, begiak txingartuta, tentetu eta aurrera egiten du txistuka; beste erdia banatuta geratzen da atzean, eraztunak uztartuz eta bere baitan bilduz; halatsu zetozen arraunlariak ontzia astiro bultzatuz. Azkenean haize oihalak jaso eta portu burutik sartzen da. Hitz emandako saria eskaintzen dio Eneasek Sergestori. Pozik da ontzia onik eta lagunak oneratuta ikusirik. Minervaren lanetan aditua den andrazko esklabo bat eskaintzen dio; kretarra da, Foloe izenekoa, eta bikiak ditu bularretan hazten.
Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 106-118.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |