Erantzuna baino gehiago behar dugu

Erantzuna baino gehiago behar dugu  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Erantzuna baino gehiago behar dugu

Ostegunean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, agerraldi jendetsua egin zen Euskadiko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Bertan elkarretaratu ziren EH Bilduko eta EAJko alkate ugari, euskalgintzako aurpegi ezagunekin batera. Agerraldiaren zioa Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu izana zen. Protesta ekimen honek badu bere balioa, aspaldi ikusi gabeko argazki bat utzi digu, euskararen kontrako oldarraldi judiziala sortzen ari den kezka eta haserrearen adierazgarri.

Oldarraldia ondo izendatuta dago, benetako erauntsia baita. Hizkuntza eskakizunen inguruko kapitulu ugari bizi izan ditugu azken hilabeteetan eta, orain, Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernuaren lege inportante bati tokatu zaio. Legea EAJ eta EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen 2016an, eta, esan daiteke, euskararen erabilera sustatzeari dagokionez zein Euskal Herriaren naziotasuna aitortzeari dagokionez, lege aurrerakoia dela. Aspaldi espero zen sententzia eta, jakin dugunez, Auzitegi Konstituzional “aurrerakoi” bat ez da gai izan Espainiako auzitegiek aspaldi hartu zuten inboluzio bidearen aurrean besterik kontrajartzeko. Bi boto partikular daude: horixe da espainiar progresioaren indar-harremana, gutxi gorabehera, Estatuaren nazio aniztasuna onartu eta errespetatzeari dagokionez.

Oldarraldi politiko eta judizial honek behar du erantzun politiko sendo bat, dudarik gabe. Euskal hiztunen aurkakoa da, baina baita gure autogobernuaren aurkakoa ere. Gaur, epaitegiak hizkuntza politika egiten ari dira: Euskal Herrian eraikitako kontsentsu politiko eta sozial oinarrizkoak desegiten. Ez da lan-deialdi publiko bat edo beste, udal ordenantzak ere badira; eta orain, tokiko instituzioen funtzionamendua arautzen duen legea.

Erantzun bai, baina hori baino gehiago ere egin behar dugu; erantzutearekin soilik ez zaigu aski. Euskarari dagokionez, bide berri bat hasteko unea da, ez dugu galtzeko denborarik. Euskalduntze prozesuaren egoeraren diagnostikoan bat baldin bagatoz, eta hartu beharreko bidearen inguruko adostasun lauso bat baldin badugu, estrategia partekatuak eraikitzen hasteko aitzakiarik ez dago. Ezin du egon. Premisa batetik abiatu ahalko genuke denok: instituzioek, beren kabuz, inoiz baino gaitasun transformatzaile mugatuagoa dute. Garaiko baldintza politikoetan, ez daiteke pentsatu hizkuntzaren biziberritzea den bezalako prozesu sozial-komunitario bat instituzio formalen agentzia hutsez garatu daitekeenik. Berdin esan daiteke, herri-mugimenduak edo gizarte zibil antolatuak inoizko potentzial mugatuena daukala gizarte baldintza hauetan. Ondorioz, estrategia partekatuak diseinatu eta martxan jartzera kondenatuta gaude, fundamentuzko zeozer egingo badugu.

Estatuaren partetik etorriko den erasoaldiak eraikuntza fase berri batean harrapa gaitzala. Ez dira erresistentzia hutserako garaiak. Egiten ari garena eginez ez dugu aurrera egingo. Eta Estatuaren aldetik azeleratu daitekeen oldarraldiak badu arrisku bat: geure buruak euskalduntze prozesuan aurrera egiteko aski baldintza soziopolitiko sortzeko gai ez den akzio-erreakzio dinamika batean kateatzea. Erasoaldiak balio behar du inertziak hausteko; bide berriak hasteko behar den ausardia kolektiboa gorpuzteko, alegia. Esperimentazio prozesu seguruak martxan jarri eta lankidetza mekanismo efektiboak abiatzeko garaia da. Euskalduntze prozesuaren bide garaikideetan, martxan gaudenaren sentipen kolektiboak soilik emango digu indarra kontrako korronteari aurre egiteko. Konpromiso horiek eskatzeko unea da.