2. Kapitalismoaren egokitzapena
Bernsteinen arabera, ekonomia kapitalistaren egokitzapena baimentzen duten baliabide garrantzitsuenak kreditua, garraiobide eta komunikabide aurreratuak eta kartel-enpresak dira.
Kredituak hainbat funtzio betetzen ditu ekonomia kapitalistan, garrantzitsuenak ekoizpenaren hedapena eta elkartrukeen erraztea direlarik. Ekoizpen kapitalistak mugarik gabe zabaltzeko duen joerak jabego pribatuaren mugekin edota kapital pribatuaren dimentsio murritzekin talka egiten duenean, kreditua oztopo horiek modu kapitalistetan gainditzeko bide bezala agertzen da. Kredituak kapital pribatu ugari (akzio bidezko elkarteak) bakar batean batzen ditu eta edozein kapitalistak beste batzuen kapitala (kreditu industriala) eskura izatea ahalbidetzen du. Merkatal kreditu moduan, merkantzien elkartrukea bizkortzen du, hau da, kapitala ekoizpenera itzultzea azkartzen du, ekoizpen prozesuaren ziklo osoari lagunduz. Kredituaren bi funtzio nagusi hauek krisien sorreran duten eragina ulertzea oso erraza da. Krisiak hedatze gaitasunaren —ekoizpenaren hazteko joeraren— eta kontsumo gaitasun mugatu baten arteko kontraesanetik sortzen direla egia bada ere, kreditua, hain zuzen, kontraesan hori ahal besteko maiztasunarekin lehertzeko bidea da, goran esan denagatik. Hasteko, ekoizpenaren hedapen gaitasuna modu neurrigabe batean handitzen du, honela ekoizpena merkatuaren mugak gainditzera etengabe bultzatuko duen barne-motorra bilakatuz. Baina kreditua bi aho dituen labana da: lehendabizi, ekoizpen prozesuko faktore gisa, gainprodukzioa sortzen du, eta ondoren, merkantzien elkartrukearen faktore gisa, berak sortu zituen ekoizpen indar berberak suntsitzen ditu krisietan zehar. Ekonomiaren geldialdiaren lehen seinaleekin kreditua uzkurtu egiten da eta elkartrukea alde batera uzten du, azken honek kreditua gehien bat behar duen momentuan; eta irauten duen lekuetan, alferrikakoa eta ezeraginkorra bilakatzen da. Eta merkatuaren kontsumo gaitasuna gutxiengora murrizten du.
Bi ondorio orokor hauetaz gain, kredituak baditu beste modu batzuk ere krisien eraketan eragiteko: besteren kapitalak kapitalista batentzat eskuragarri bilakatzeko bide teknikoa da eta besteren jabegoa ausarki eta eskrupulurik gabe erabiltzeko akuilu bat da, hau da, espekulaziorako akuilu bat. Merkatal elkartrukerako azpikeriazko bide bezala, kredituak ez ditu krisiak sakondu bakarrik egiten, hauen agerpena eta zabalpena errazten du, elkartruke osoa mekanismo erabat konplexu eta artifiziala bilakatuz, edozein tenoretan erraz asaldatu ohi dena, oinarritzat duen diru metaliko kantitate urria dela eta. Beraz, krisiak desagerrarazteko edota biguntzeko instrumentu bat izatetik urrun, kreditua faktore benetan boteretsua da berauen sorrerarako. Eta ezin liteke beste modu batean izan, kontutan hartuz gero kredituaren funtzioa, oro har, erlazio kapitalisten zurruntasunak ezabatzea dela eta alde guztietatik ahal besteko elastikotasunik handiena ezartzea dela, indar kapitalista guztiak ahal diren malguenak, erlatiboenak eta elkarrekiko sentikorrenak bilakatzeko helburuz. Honekin, kredituak krisiak erraztu eta larriago bilakatzen ditu, hauek ez baitira ekonomia kapitalistaren indar kontraesankorren noizbehinkako talkak besterik.
Honek beste auzi batera garamatza: Nola da posible kreditua, orokorrean, kapitalismoaren “egokitzapenerako baliabide” gisa agertzea? Berauekiko ikusmoldea edozein izanik ere, “egokitzapen” horrek ekonomia kapitalistaren edozein erlazio kontrajarri ezabatzeko gaitasuna behinik behin izan beharko luke, hau da, bere kontraesanak ezabatu edo ahuldu beharko lituzke, honela, erreprimiturik dauden beste indarrei, une batean edo bestean, bide emanez. Izatez, kreditua da egungo ekonomia kapitalistaren kontraesanak muturreraino eramaten dituena. Ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana sakontzen du, ekoizpena goreneraino eramaten baitu, baina baita elkartrukea edozein aitzakiagatik gelditu ere. Ekoizpen moduaren eta jabetze moduaren arteko kontraesana sakontzen du, ekoizpena jabegotik bereizten baitu, hau da, ekoizpenean erabiltzen den kapitala kapital “sozial” bilakatzen du, baina aldi berean irabazien zati bat jabego titulu sinple bilakatzen du, kapitalaren interesen itxuran. Jabego erlazioen eta ekoizpen erlazioen arteko kontraesanak sakontzen ditu, kapitalista txiki asko desjabetzen baititu eta oso esku gutxitan ekoizpen indar ugari kontzentratzen baititu. Eta azkenik, ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabego kapitalista pribatuaren arteko kontraesana sakontzen du, Estatuak ekoizpenean esku hartzea beharrezkoa egiten duen heinean. Hitz batean, kredituak kapitalismoaren oinarrizko kontraesanak ugaldu egiten ditu, paroxismora eramaten ditu eta euren garapena azkartzen du, mundu kapitalista bere suntsipenera bultzatuz. Kapitalismoaren lehen egokitzapen neurria, kredituari dagokionean, beraz, honen abolizioa izan beharko litzateke, kreditua desagertaraztea. Kreditua ez da egokitzapenerako baliabide bat, deusezpenerako baliabide bat baizik, esangura iraultzaile handienetarikoa. Kredituaren izaera honek erreforma “sozialistetarako” planak ere iradoki izan ditu, Isaac Pereiren kasuan bezala Frantzian, Marxek “erdi profeta, erdi lotsagabe” bezala definitu zuena.
Lehena bezain askieza da, apur bat aztertuz gero, ekoizpen kapitalistaren bigarren “egokitzapen baliabidea” ere, enpresa arteko aliantzen ingurukoa, Bernsteinen ustetan anarkiari eusten lagunduko duena eta baita krisiak ekiditen ere ekoizpenaren erregulazioaren bitartez. Oraindik ez dira patxadaz aztertu kartelen eta trusten garapenaren ondorio anitzak, baina teoria marxista erabiliz soilik ebatz daitekeen arazo bat dela dirudi. Hala ere bada egia bat: anarkia eusteaz hitz egin liteke enpresa arteko aliantzen bitartez, kartelek, trustek, etab. ekoizpenaren forma orokor eta sozializatuago baterako joera izango balute, baina hau ezinezkoa da euren izaeragatik beragatik.
Enpresa arteko aliantzen helburu ekonomiko erreala eta emaitza ekoizpen-adar jakin bateko konpetentzia ezabatzea da, ezabapen horrek merkatuan lortutako irabazien banaketan eragiten baitu, adar horri dagokion portzentaia handituz. Aliantzak adar industrial bateko irabazi-portzentaiak handitu ditzake, baina beste adar batzuen kontura, eta beraz, hazkunde hori ezin liteke orokorra izan. Aliantzak ekoizpen adar garrantzitsu guztietara zabaltzeak, ondorioz, aliantzen eragina desagertarazten du.
Gainera, bere aplikazio praktikoaren mugen barnean, enpresa arteko aliantzek industria-anarkiaren ezabapenaren aurkako ondorioak eragiten dituzte. Barne merkatuan, beraien irabazi tasaren handitze bat lortu ohi dute, barne beharretarako erabili ezin dituzten kapital kantitate gehigarriak, irabazi-tasa baxuago batekin, atzerrirako ekoizteko erabiliz, hau da, atzerrian merkantziak etxeko merkatuan baino askoz merkeago salduz. Ondorioa atzerriko lehiaren sakontzea da, nazioarteko merkatuko anarkiaren handitzea, hain justu lortu nahi zenaren kontrakoa. Adibide argigarri bat azukrearen nazioarteko industriaren historia da.
Orokorrean, ekoizpen modu kapitalistaren adierazpen bezala hartuta, enpresa arteko aliantzak garapen kapitalistaren fase bat bezala ikusi behar dira. Ez da, oinarrian, adar batzuetako irabazi-tasen erorketa zorigaiztokoari eusteko helburuz ekoizpen modu kapitalistak erabiltzen duen baliabide bat baino. Zein metodo erabiltzen dute kartelek helburu hau eskuratzeko? Metatutako kapitalaren zati bat ez erabiltzearen metodoa, hau da, beste forma batzuenpean, krisi garaietan erabiltzen den metodo berbera. Halaber, erremedioa eta gaixotasuna bi elur maluta bezain berdinak dira. Izatez lehenengoa, erremedioa, gaitz txikiena bezala puntu bateraino bakarrik ikus daiteke. Herrialde kapitalisten arteko lehia dela eta, merkatuak uzkurtzen hasten direnean eta nazioarteko merkatua bere mugetaraino iristen denean eta agorturik dagoenean, —lehen edo berandu iritsiko den momentua—, kapitalaren zati ez-produktiboa halako proportzioetaraino iristen da ezen erremedioa gaixotasun bilakatzen dela eta kapitalak, jada aliantzen bitartez oso “sozializaturik” aurkitzen denak, berriro ere kapital pribatu bilakatzeko joera hartzen du. Merkatuak aurkitzeko zailtasunak handitzen direnean, kapitalaren zati indibidual bakoitzak bere aldetik zorte hobea bilatzeko joera hartu ohi du. Une horretan, aliantzak xaboi punpuilen gisan lehertzen dira, lehia aske zorrotzago bati ateak irekiz.
Enpresa arteko aliantzek, kredituaren antzera, garapen kapitalistaren fase jakin bat osatzen dutela esan daiteke, azken finean mundu kapitalistaren anarkia handituz eta bere barne kontraesanak azaleratuz eta hauen heltzea azkartuz. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko borroka intentsifikatzean, Estatu Batuetan bereziki ikus dezakegun bezala, kartelek ekoizpen moduaren eta banaketa moduaren arteko kontraesana sakontzen dute. Era berean ekoizpen moduaren eta jabetze moduaren arteko kontraesana areagotzen dute, proletalgoa kapital antolatuaren omnipotentziaren aurka aurrez aurre ipintzen dutenean modurik ankerrenean, eta honela, kapitalaren eta lanaren arteko kontraesana handitzen dute. Azkenik, mundu-ekonomia kapitalistaren nazioarteko izaeraren eta Estatu kapitalistaren izaera nazionalaren arteko kontraesana areagotzen dute, arantzelen gerra orokor bat ekarri ohi dutelako, herrialde kapitalisten arteko desberdintasunak sakonduz. Honi guztiari kartelek ekoizpenaren kontzentrazioan, teknikaren garapenean, etab. duten eragin zuzena eta iraultzailea gehitu behar zaio.
Beraz, ekonomia kapitalistan dituzten amaierako eraginen ikuspuntutik, kartelek eta trustek ez dute “egokitzapen baliabide” izateko balio. Alderantziz, ekoizpenaren anarkia handitzen dute, kontraesanak sustatzen dituzte eta kapitalismoaren gainbehera orokor baten etorrera azkartzen dute. Baina kredituek, kartelek eta bestelakoek ekonomia kapitalistaren anarkia ezabatzeko balio ez badute, zergatik bi hamarkadatan zehar, 1873tik, ez dugu merkatal-krisi handirik jasan? Hau ez al da, Marxen analisiaren aurka, ekoizpen modu kapitalistak, bere lerro orokorretan, gizartearen beharretara “egokitzea” lortu duenaren seinale?
Gure iritziz, nazioarteko merkatuaren egungo oparoaldiak beste azalpen bat du. Orokorrean gaur arte gertatu diren merkatal-krisi orokorrak Marxek bere analisian zirriborratu zituen kapitalismoaren zahartzaroko krisiak izan direla pentsatu izan da. Ekoizpen zikloak gutxi gora behera ia hamar urteko maiztasuna izateak eskema honen ziurtapen hoberena zirudien.
Ikuspegi hau, gure ustez gaizki ulertu baten gainean sostengatzen da. Gaur arte jazo diren nazioarteko krisi handien arrazoiak modu zehatzago batean aztertzen baditugu, osotasunean ikus daitekeena zera da, ez direla ekonomia kapitalistaren zahartzaroaren adierazpen bat, guztiz kontrakoa, bere haurtzaroko hazialdiarena baizik. Bere eboluzioaren errepaso labur bat nahikoa da haseratik, 1825ean, 1836an, 1847an, merkatuaren mugen aurkako ekoizpen indarren aldizkako talka nahitaezko haiek ezin izan zirela kapitalismoaren heldutasunagatik sortu ikusteko, eskema marxistatik ondorioztatzen den bezala, kapitalismoa umemoko bat baitzen herrialde gehienetan garai hartan.
1825eko krisia aurreko hamarkadan errepideak, kanalak eta gas-zentralak eraikitzeko kapital inbertsio izugarriak egin zirelako etorri zen, bereziki Ingalaterran, krisiak eztanda egin zuen lekuan. 1836-39ko hurrengo krisia ere garraiobide berrietan inbertsio erraldoiak egin zirelako etorri zen. 1847ko krisia ere Ingalaterran trenbideen eraikuntzaren sukarra eman zelako gertatu zen —hiru urtetan bakarrik (1844-47), Parlamentuak 1500 milioi talero13 baino gehiagoko kontzesioak onetsi zituen!—. Hiru kasu hauetan, krisia garapen kapitalistarako zutabe berriak ezarri ostean etorri zen. 1857an, arrazoiak Amerikan eta Australian urre meategien aurkikuntzagatik industria europarrarentzako merkatu berriak irekitzea eta trenbideen hedapen zabala izan ziren, Ingalaterraren bideari jarraituz, batez ere Frantzian, non 1852tik 1856ra bitartean 1250 milioi frankoko balioko burdinbideak eraiki ziren. Azkenik, jakina den bezala, 1873ko krisi handia, Alemaniako eta Austriako industria handiaren goraldi izugarriaren eragin zuzena izan zen, 1866ko eta 1871ko gertakari politikoei jarraitu ziena.
Ondorioz, kasu guztietan, merkatal krisiaren eragilea ekonomia kapitalistaren bat-bateko hedapena izan zen, eta ez bere uzkurtzea. Nazioarteko krisi haiek hamar urtez behin errepikatu izana erabat azalekoa eta kasualitate hutsa izan zen. Krisien eraketaren eskema marxista, Engelsek Anti-Dühringean eta Marxek Kapitalaren I.go eta III. tomoetan azaltzen dutena, krisiaren barne mekanismoa eta sakoneko arrazoi orokorrak azaleratzen dituen heinean soilik da baliagarria krisi guztiak azaltzeko.
Orokorrean, eskema marxista hobeto egokitzen da erabat garaturiko ekonomia kapitalista batetara, mundu-merkatu baten existentzia aurresuposatzen den egoera batera. Kasu honetan bakarrik sor daitezke krisiak, modu mekaniko batean, ekoizpen eta banaketa prozesuen barne mugimendu soilengatik, analisi marxistatik ondorioztatzen den bezala, ekoizpen eta merkatu erlazioen bat-bateko astinketa baten pizgarri bat behar izan gabe. Ekonomiaren egungo egoera aztertzen badugu, onartu beharra dago kapitalismoaren erabateko heldutasun fasera ez garela oraindik iritsi, krisien maiztasunaren eskema marxistan aurresuposatzen den abagunean ez garela oraindik aurkitzen. Mundu-merkatua oraindik sortzen ari da: Alemania eta Austria 1870etik aurrera sartu ziren industri-ekoizpen handiaren fasean, Errusia 1870tik aurrera sartu da, Frantziak hein handi batean artisau-ekoizpeneko herrialde bat izaten jarraitzen du, Balkanetako herrialdeek oraindik ez dituzte ekonomia naturalaren kateak apurtu eta Amerika, Australia eta Afrika 1880tik aurrera soilik sartu dira Europarekiko merkatal elkartruke-erregimen bizi eta erregular batean. Alde batetik, 1870era arteko gaztaro- krisiak, ekonomia kapitalistaren adar berrien tupusteko eta bat-bateko garapenaren bitartez, garaitu ditugula egia bada ere, beste aldetik, era berean, egia da baita ere, oraindik ez garela ekoizpen indarrek, merkatuaren mugen aurka, aldizkako talka hilgarriak sor ditzaketen mundu-merkatuaren garapen eta agortze maila batetara iritsi, hau da, ez garela oraindik kapitalismoaren egiazko zahartzaro-krisiak eragin ditzakeen egora batera iritsi. Krisiak kapitalismoaren goraldiaren ondorio ez diren fase batean aurkitzen gara, baina baita krisiak bere gainbeheraren ondorio ez diren une batean ere. Trantsizio garai honen ezaugarriak bizitza ekonomikoaren erritmo ahula eta geldoa dira, duela hogei urtetatik irauten duelarik, hazkunde aldi laburrak depresio fase luzeekin txandatuz.
Baina krisien denboraldi bateko ausentzia hau eragin duten fenomenoetatik beraietatik ondoriozta dezakegu ezinbestean amaieraren haserara hurbiltzen ari garela, kapitalismoaren azken krisien arora. Mundu-merkatuak, lerro orokorretan, garapen-maila altu bat lortzen duenean, eta inolako bat-bateko hazkunde baten bitartez gehiago hazi ezin daitekeenean, lanaren produktibitatea gelditu gabe hazten ari den une berean, gatazka bati ematen zaio hasera, ekoizpen indarrak eta elkartrukearen mugak aurrez aurre ipintzen dituen gatazka bati, errepikatzen den heinean, bortitzagoa eta ekaiztsuagoa bilakatuko delarik. Eta garai horretara hurbiltzeko, mundu-merkatua azkartasunez ezartzeko eta azkartasun berdinez agortzeko, zerbait bereziki egokia bada, hori kredituak eta kartelak dira, Bernsteinek bere kapitalismoaren “egokitzapen baliabideen” teoria osatzeko erabiltzen dituen fenomenoak hain zuzen.
Ekoizpen kapitalista banaketara “egokitu” daitekeenaren usteak bi gauza hauetatik bat aurresuposatzen du: edota mundu- merkatua infinituki eta mugarik gabe hazi daiteke, edota bestela, ekoizpen indarren garapena hainbeste geldotzen da ezen ezin dituela merkatuaren mugak gainditu. Lehenengo aukera materialki ezinezkoa da eta bigarrenak izate bat du aurrez- aurre, aurrerapen tekniko etengabeek egunero ekoizpen indar berriak sortzen dituztela ekoizpen-adar guztietan. Bada beste fenomeno bat, Bernsteinen ustetan, kapitalismoaren eboluzioa, azaldu den moduan, kontraesaten duena: enpresa ertainen “infanteria ausarta”. Bernsteinek bertan industria handiaren garapenak hain modu iraultzailean jokatzen ez duenaren zeinua ikusten du, eta industria handiak ez duela hainbeste kontzentratzen beregan, hondoraketaren teoriatik eratorriko litzatekeen bezala. Bernstein hemen, berriro ere, bere ulermen ezaren biktima da. Industria handiaren garapen prozesua oso gaizki ulertzea da honek enpresa ertaina desagertaraziko duela pentsatzea.
Marxen arabera, kapital txikien eginkizuna, garapen kapitalistaren aurrerabide orokorrean, aurrerapen teknikoaren aitzindari izatea da, bi zentzutan: ekoizpen adar jada sustraituetan ekoizpen metodo berriak sartuz eta kapital handiek oraindik ustiatu ez dituzten adar berriak sortuz. Erabat faltsua da enpresa kapitalista ertainaren historia bere desagerpenerako lerro zuzen gradual bat dela pentsatzea. Alderantziz, bere ibilbide erreala erabat dialektikoa da eta kontraesanen artean mugitzen da etengabe. Klase ertain kapitalistak, langile klasearen antzera, aurkako bi joeren eraginpean aurkitzen dira, batak gorantza eramanez eta besteak bere hondoraketara bultzatuz.
Beheranzko joera ekoizpen eskalaren hazkunde etengabea da, aldizka kapital ertainaren dimentsioak gainditzen baititu, enpresa ertaina nazioarteko lehiaren eskenatokitik kanpora bultzatuz behin eta berriz. Goranzko joera kapitalen aldizkako balio-galtzea da, aldi batean zehar ekoizpen eskala murrizten delarik, beharrezko kapital kantitate minimoaren balioarekiko proportzioan, eta gainera ekoizpen kapitalista adar berrietara sartzea oztopatuz. Enpresa ertainaren eta kapital handiaren arteko borroka ez dugu aldizkako batailetan alderik ahulenak bere tropak geroz eta gehiago galtzen dituen borroka bat bezala ikusi behar, enpresa ertainen aldizkako belar-mozte bat bezala baizik, azkartasunez hazten direlarik berriro ere industria handiaren segak moztuak izateko. Bi joerek klase ertain kapitalistekin jokatzen dute, baina azkenean beheranzko joera irteten da garaile, proletagoaren kasuan ez bezala.
Hala ere, garaipen honek ez du zertan enpresa ertainen kantitate absolutuaren beherapen gisa azaldu; ekoizpen adar zaharretan enpresek bizirauteko behar duten kapital minimoaren hazkunde jarrai bezala ikus daiteke, edota kapitalista txikiak adar berrien esplotazioaz onuratzen diren denbora tartearen murrizpenean islatu daiteke. Honetatik eratortzen dena zera da, kapitalista txiki indibidualak geroz eta epe laburragoa duela industria berrietan mantentzeko, eta ekoizpen metodoen eta inbertsioen izaeraren aldaketa erritmo azkarrago bat ematen dela; eta klase ertainentzat, orokorrean, euren egoera sozialaren aldaketa prozesu geroz eta arinago bat ematen dela.
Azken hau oso ondo ezagutzen du Bernsteinek eta hau azaltzeari ekiten dio. Baina badirudi ahaztu egiten duela aurreko horixe bera dela enpresa ertain kapitalistaren mugimenduaren legearen oinarria bera. Kapital txikiak aurrerapen teknikoaren aitzindari direla onartzen bada, eta hau ekonomia kapitalistarentzako hil ala bizikoa dela egia bada, kapital txikiak garapen kapitalistan berebiziko garrantzia duten elementuak direla ikus dezakegu, eta garapen hori desagertzen denean soilik desagertuko direla. Enpresa ertainaren desagerpen gradualak —estatistika matematikoaren zentzu osoan, Bernstein hontaz ari baita— ez luke garapen kapitalistaren aurrerabide iraultzailea suposatuko, Bernsteinek uste duen bezala, bere mantsotzea eta estankamentua baizik: “Irabazi- tasa, hau da, kapitalaren hazkunde erlatiboa, garrantzitsua da batez ere kapital inbertitzaile berrientzat, euren kontura biltzen direlarik. Baina kapitalaren eraketa esklusiboki kapitalista handi batzuen eskuetan geratuko balitz (...) ekoizpenaren su biziemailea itzali egingo litzateke, agortu egingo litzateke”.