Europa askatuaren adierazpena
SESBko Herri Komisarioen presidenteak, Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak elkarrekin aztertu dituzte haien herrialdeen eta Europa askatuaren interes komunak. Aitortzen dute ados jarri direla: Europa askatuan ezegonkortasun politikoak irauten duen bitartean hiru estatuek hartu dituzten jokabideak koordinatzeko, eta Ardatzaren antzinako sateliteetako herriei Europan laguntzeko bide demokratikoen bitartez konpontzen arazo politiko eta ekonomiko premiazkoenak.
Europan ordena berrezartzeko eta bizitza ekonomiko nazionalak berregiteko erabili beharreko bitartekoek lagundu behar diete askatutako herriei nazismoaren eta faxismoaren azken arrastoak ezabatzen, eta horretarako berek askatasunez aukeratutako erakunde demokratikoak sortu behar dira. Atlantikoko Gutuneko printzipioetariko baten arabera, herri guztiek dute bizitzeko nahi duten gobernu mota aukeratzeko eskubidea, eta erasotzaileek bortxaz kendutako subiranotasuna eta autonomia eskubideak berriz indarrean jartzekoa.
Askatutako herriek eskubide horiek gauzatzeko behar dituzten baldintzak ezartzeko, hiru gobernuek batera lagunduko diete Europan askatutako estatuetako herriei edo Ardatzaren antzinako sateliteetakoei, behar den beste aldiz eta helburu hauekin:
- Herrialde barneko bakea ziurtatzea.
- Kaltetutako herriei laguntzeko premiazko neurriak hartzea.
- Behin-behineko gobernuak ezartzea (herritarren elementu demokratiko guztiak ordezkaturik egon daitezen) hauteskunde libreen bitartez, herri-borondatearen arabera jokatuko duten gobernuak ahalik eta arinen era daitezen.
- Beharrezkoa izanez gero, hauteskunde horiek egiten laguntzea. Hiru gobernuek iritzia eskatuko diete Nazio Batuei eta Europako gainerako gobernuei (behin-behinekoei edo besteei), zuzenean dagozkien arazoen kasuetan.
Hiru gobernuen iritziz, Europan askaturiko estatu bateko egoerak edo Ardatzaren antzinako estatu satelite bateko egoerak behar izanez gero, berehala eskatuko da iritzia hartu beharreko neurriei buruz, adierazpen honetako erantzukizun komunak bete daitezen.
Horrela, Atlantikoko Gutuneko printzipioetan dugun fedea berresten dugu; Nazio Batuen adierazpenean hartutako konpromisoak berresten ditugu; halaber, beste nazio bakezaleekin batera arituz munduko ordena berria eraikitzeko asmoa berresten dugu, zuzenbidea nagusituko den munduko ordenaren eta bakearen, segurtasunaren, askatasunaren eta goraldi komunaren interesen alde egingo duena.
Adierazpen hau argitaratzean, hiru potentziek aitortzen dute Frantziako Errepublikako behin-behineko gobernua laster elkartuko zaien itxaropena dutela, goian azaldutako programa gauza dadin.
Wiston S. Churchill, Franklin D. Roosevelt, Josiv V. Stalin.
1945eko otsaila
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 48-50.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 39-40.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |