Europako funtsak: Beste aukera galdu bat?

Europako funtsak: Beste aukera galdu bat?  (2020) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Europako funtsak: Beste aukera galdu bat?

Aste honetan jakin dugu Espainiak, Europar Batzordearekin hitzartu ondoren, aurrekontuen egonkortasunerako eta zor publikoaren mugapenerako helburuak bertan behera utzi dituela 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako. Jakin dugu, halaber, orain artean indarrean egon den gastuaren araua ere ez duela aplikatuko bi ekitaldi horietan. Bestalde, hurrengo hilabeteetan Europako berreraikuntza funtsen zer-nolakoak argituko dira. Zorpetzeko estrategia burujaberik gabe eta erreforma fiskal sakon baten faltan, oro har, funts hauek emango diete euskal erakundeei, ematekotan, inbertsiorako gaitasuna hurrengo bi urteetan.

Datozen bi urteetako politika publikoek hamarraldi hau determinatuko dute. Hurrengo belaunaldien etorkizuna dago jokoan, baita herri honen garabidea ere: krisi-aro nahasi eta arriskutsu honetan bisio autozentratu bat garatuko ote dugun, gure zaurgarritasunak identifikatu eta horiei aurre egiteko prozesu estrategikoak martxan jartzeko gai izango ote garen, izango diren aukera-leihoak probesteko geure buruak prestatuko ote ditugun. Ez naiz berriro garai historiko hau zeinen den berezia eta ataka historiko batean zenbateraino gauden azaltzen saiatuko. Askotan esandakoa laburki adieraztearren: hamarraldi honetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek hurrengo belaunaldien ongizatean eta Euskal Herriaren metabolismo sozioekonomiko eta kulturalean inpaktu bortitza izango dute. Gaur, horren kontzientzia sakonik ez duen herrigintzak ez du askorako balio.

Eta datozen bi urteetan finkatuko da norabidea neurri handian. Har dezagun kontuan baliabide urriko garai batean murgildu garela. Krisi ekonomikoak luzea eta konplexua izango den itxura guztia du. Sakoneko korronte bortitzek globalizazio kapitalistaren fase berri batera garamatzate segur aski. Baliabide urriko eta konplexutasun handiko egoera honetan hamarraldi bateko ikuspegi estrategikoa hartu eta eraldaketa prozesu disruptiboak diseinatu eta martxan jartzea ez da nolanahiko erronka gurea bezalako erabaki-ahalmen mugatuko herri txiki batentzat.

Eta ez dago gobernugintzarik tamaina horretako erronkari taxuz heltzeko. Nola da posible Urkulluk Europako funtsei begirako proiektu zerrenda bat Madrilen aurkeztu izana oposizioko alderdiekin ezertarako kontatu gabe? Nola da posible garai kritiko honetan eztabaida sakon eta garden bat egiteko mekanismo instituzionalik ez ezartzea? Arazo larri bat du sistema politiko orok gaurko munduan eta gobernugintza ereduarekin (gobernantzarekin) du zerikusia, eta, gure Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki nabarmen.

Europako «Horizon 2030»

Europak jokaleku bat ireki du “Horizon 2030” proiektu markoarekin, eta Euskal Herriak aukera bat du marko horretan posizio propioarekin kokatzeko, marko estatalaz gaindiko etorkizunaren bisio bat eraikitzeko, marko kognitibo propio bat, Europak markatzen dituen eraldaketa bektoreei erantzuteko gai den herri proiektu bat garatzeko. Aukera hau galduko ote dugu?

Ez gaude aukerak galtzeko. Baina horretarako ezinbestekoa izango da gizarte zibil antolatuaren aktibazio sendo bat. Herri bisio demokratiko eta berdinzalea garatzen duten eragile askotarikoek ezin dituzte beraien burubideak eta plangintzak koiuntura historiko honetatik kanpo kokatu, eta ezin dira inoren zain gelditu. Euskal kultur ekosistemaren etorkizuna, euskararena, ehun industrialarena, klimarena, zaintza krisiaren kudeaketarena, eta, oro har, gure ongizatearen oinarri-oinarrizko elementuak eta herri egiten gaituzten zimenduak kolokan jarri diren momentu honetantxe erreakzio komunitario bat behar da, politika publikoen deliberazio eta erabakitze prozesuetan parte hartzea exijituko duena. Baina, batez ere, eta bereziki, exijentzia hori mahaigaineratzetik harago, gobernuek sortu nahi ez dituzten deliberazio espazioak artikulatuko dituena, eta gobernuak eta eragile politikoak interpelatuko dituena hortik kanpo gelditu ez daitezen.