Testuingurua
aldatuGerra bukatu zenetik, bi superpotentzien —Estatu Batuak eta SESB— arteko «Gerra hotzaren» giroan zebilen bete-betean mundua. Europan sendo erroturik zeuden demokraziak, eta ezin zitzaien bizitza luzea iragarri oinarritzat herriaren legezko ordezkaritzarik ez zuten erregimenei.
Espainian, Carrero Blancoren erailketaren eta Frankoren heriotzaren ondoren (1975), Arias Navarroren Gobernu saiakerek huts eginik, Errege berriaren eta Estatuko Buruzagiaren izendapena etorri zen. Hala, Erregeak izendaturiko Gobernuko lehendakari berriak, Adolfo Suarezek, trebeki jokatu zuen, Gorteek sistemaren likidazioa onartzeko eran —frankismoko harakiriaz hitz egin izan da—, sufragio unibertsalean oinarritutako bi ganbera-sistema onartuz.
Kulturalki garatutako gizarteei diktadurak inposatutako nekea aurkitzen zen, Grezia eta Portugalgo erregimenetan antzeko aldaketen oinarrian ere. Espainiaren kasuan, Erregearen esku-hartze tinkoaz gain mugimendu autonomisten presioak ere eragiten zuen. Preso politikoen amnistia eta alderdi eta sindikatu guztien legalizazioa iritsi zen, eta nahiz eta ordena publikoaren asaldatzeek eta ETA zein GRAPOren atentatuek haserretutako estamentu militarrek esku hartuko zutenaren beldurra ere bazegoen, demokrazia egonkortuz joan zen. Oraingoan Vatikanoko II.a Kontzilioak onartu eta bedeinkatutako tolerantzia eta sekularizazio-ideia eta -printzipioek inspiraturiko mugimendu erreformistaren aldeko zen Elizaren babesari esker, besteak beste, 1977ko ekainean hauteskunde kontsulten sistemari hasiera eman zitzaion, eta ondorioz, alderdien politikari ekin zitzaion 40 urte baino gehiagotan horrelakorik ezagutu ez zuen gizarte batean.
Frankismoko azken urteetan laguntza gehien behar zuten sektoreetarako abantailekin nolabaiteko berreskuratze ekonomikoa eman bazen ere, Espainiako demokraziarako trantsizioak hirurogeiko hamarkadako mundu mailako depresio ekonomikoarekin batera tokatzeko zorigaitza izan zuen. Inflazio- eta langabezia-krisi bat izan zen eta Moncloako Hitzarmenekin arindu nahi izan ziren ondorioak. Espainiako Konstituzioa onartzea lortu zen, 1978ko abenduaren 6an, %88 boto-emaileren babesarekin, baina Euskadiko gehiengoaren abstentzioarekin; modu honetara, gizarteko bakea ziurtatzea eta «nazionalitate historikoen» aldarrikapenarekin sortutako aldizkako indarkeriak neutralizatzea lortu nahi zuen Autonomien Estatua sortu zen. Euskal Herriko Estatutua ukatuz, indarkeria eta atentatu odoltsuen bidea hautatu zuen ETAk, era berean, erreakzioz, Estatu kolpe baten saiakera eragin zuelarik honek (1981ko otsailaren 23an). Ordutik, Gobernuko alderdiak txandakatuz, eta terrorismoaren eta egoera ekonomiko aldakorren ondoriozko izualdiekin, demokrazia egonkortuz joan zen.
Euskal Herrian, azpimarratzekoa da erregimen autonomikoak ekarritako aukerei esker, XX. mendeko azken 25 urteetan eman den kultur garapen ikaragarria: Euskal Herriko eta Nafarroako Unibertsitateak, Arte Eskolak, Kultur Zentro eta abar.
Kontuan hartzekoa da gure herrialdean bizitza publiko eta pribatuan gertatu den sekularizazioa, erlijio-krisia eta Elizaren gainbehera, hau da, kristautasunaren eta Elizaren boterearen eragina mendeetako tradizio izan duen gizarte batean eman den aldaketa kualitatiboa. Denak dira XX. mendeko artearen historian ondorio nabarmenak izan dituzten gertakizunak.
Mugarik gabeko arte plastikoak
aldatuIzenburu honekin fenomeno bat aipatu nahi dugu, berez duela gutxiko arteari dagokion fenomenoa bada ere, azken urte hauetako Euskal Herriko ertilariengan bereziki nabarmendu dena. Hausnarketa estetikoak garamatza arteen tradiziozko zatiketaren erlatibizatze antzeko bati buruz mintzatzera, bereziki «espazioko arteak» izeneko arteen alorrean.
Zatiketa hau alde batera ez uzteko arrazoiak hainbat eratakoak dira, hauetariko batzuk erabat objektiboak eta besteak alderdi pragmatiko, didaktiko, ekonomiko eta profesionalarekin menpekoago direnak, aldi berean. Baina bestalde, arte plastiko bakoitzaren mugak lausotuz joan direla ez dago dudarik. Horretan eragina izan dute material berrien ugaritasunak –lehen arlo plastikoan sumatu ere ezin ziren aukerekin– eta teknikaren garapen izugarriak.
Bitxia da baina, erabat ulergarria bestalde, abangoardiako Euskal Herriko artista ia guztiak erakarri zituela filmetako irudien unibertsoak. Adierazi genuen hauetariko batzuk zinema-zuzendari lanetan beren esperientziak egin zituztela, esaterako Basterretxea eta Ramón Vargasek. Beste batzuk zeluloidearekin nahastu zuten margogintza, R. Ruiz Alberdik, J.A. Sistiagak eta abarrek. Ondo aztertuz gero gertakari horrek ez gintuzke harritu behar, zeren eta ikusmenez jasotako irudien aukera adierazkorretan sakontzean baitago koska.
Ohar gaitezen arkitektoak hirigile bilakatzen ari zirela, eskulturagileak arkitekturaren alorrean eta inguruak gizatiartze-lanetan sartu zirela, eta margolari asko ez zela bere burua modu honetan definitzeko gauza, bazutelako konposaketetan hirugarren dimentsioa sartzeko zaletasuna.
Espazioko arte deritzoten hauen mugak desegiteko fenomenoa orokortua den arren, Euskal Herriko artearen historian azpimarratzea merezi du; izan ere, zenbait gertakari eta euskal nortasunaren arteko loturaren bat bilatu nahi den unean, azaldu egin beharko da mugarik ez izate hau ari dela nabarmentzen bereziki gure garaiko Euskal Herriko ertilari bikain batzuengan.
Has gaitezen idazten horien arteko hainbat artista ia oharkabean pasa zirela margogintza lantzetik eskulturgintzara, eta alderantziz. Ez da erraza Agustin Ibarrola eta Andres Nagel non kokatu behar diren zehaztea, margolarien gremioan ala eskulturagileen artean. Txillida, Oteiza edo Ugarte Zubiarrainen obra batzuk eskulturak baino gehiago hirigintzako artearen zati esanguratsutzat hartu behar ote diren erabakitzea ere ez da erraza.
Honen inguruan, Nestor Basterretxea, bereziki argigarria izan da, duela gutxi San Telmon egindako bere Bolumetria arkitektonikoen erakusketa batean, honi izendapen hau eman eta bere piezei buruz hitz egitean. «Bere eskultura lanetan beti aurrean izan dira kontzeptu arkitektonikoak» idatzi du erakusketa hartako ordezkariak.
Beren aldetik, gaur egungo arkitektoek hizkera arkitektonikoa azpimarratzen dutela dirudi, garrantzia funtsean funtzionaltasunari ematen zioten aurreko belaunaldiek ez bezala. Rafael Moneo nafar arkitektoa izan da egungo arkitekturaren gaitasun adierazkorraren kontzientzian arreta biztuarazi duena, eta joera hori neoplastizismotik sortua dela uste du, arkitekturarena baino berezkoagoa jotzen dugun joera baita pinturaren eta eskulturaren eskola hau.[1]
Askaturiko arkitektura
aldatuBerrogeiko hamarkadan eskolatik irtendako arkitektoek, hau da, gerraosteko lehen belaunaldikotzat har ditzakegun haiek, laster egin zioten uko aldi hartan arkitekturak zuen egoerari, eta, are gehiago, beronen pentsaerako ikuspuntu arrazionalari. Hauek osatu zuten lehen erreboltari frontea.[2] Hala ere ezin zitzaien bat-bateko modernizatze bat eskatu; hain justu, aldatu nahi eraginkor bat erakutsi zuen aurreko belaunaldia, geografikoki nahiz espiritualki sakabanatu egin baitzen sistema politikoaren presio berbera zela eta. Gainera, lan aukeren izaera espekulatiboak, interes formalik gabeko eraikuntzak eta ezinbesteko mintzaira komertzialak[3] gehienetan ez zuen ahalmen-sortzaileen joera errazten.
Arkitekto hauen gogoak sutzen zituen zegokien garaiarekiko leialtasunak. Egia da, arrazoi ekonomikoak medio, ideia suhar haiek ez zirela sorkuntza-kopuru garrantzitsuak bilakatzera iritsi. Baina, bai pizgarri eta eredutzat balioko zuten obra batzuk zehaztera, Katalunian, Coderch eta Vallsenak adibidez).
Bestalde, arkitektura arrazionalistako maisu handiak jada desagertuak zirelarik, arkitekto gazteek Europan bilatuko zituzten beren maisu iradokitzaileak, batez ere italiarren artean, hala nola Aldo Rossi, Giorgio Grasi, Tafuri R. Venturi, eta amerikarren lurraldean: Luis I. Kahn.
Gaur egungo oinarri gidatzaileak
aldatuHau honela izanik, has gaitezen zerrenda mugagabe batean gal gintezkeen arkitekto, ekipo, eskola eta talde izenen labirintoan orientatzeko, XX. mendeko azken hamarkadetan arkitekturako eginbehar orokorren oinarri gidatzailetzat har daitezkeen batzuk azaltzen.
1.- Lehena, normalean adierazpen pertsonalari ematen zaion askatasuna izan liteke. Norbanakoaren gaitasun bakoitzaren askatasuna gurtzen duen zilegitasunaren ondoren, baliteke aldiak berezkoak dituen bulkada sozial eta ideologiko asko igartzea. Euskal Herriaren kasuan, arkitektoen asmamenari ematen zaion tolerantzia aurrerakoia, agian berriki lortutako autonomia politikoa bizitzeko gogo biziarekin lotu beharko litzatekeena. Dena den, gogo-gogoan izan behar da arkitektoen askatasuna inoiz ez dela izango margolari edo eskulturagileena adinakoa, giza habitataren eraikitzailea arte publiko baten profesionala baita, eta haren askatasuna, funtzionaltasunaren eta genius loci-arekiko begiruneak mugaturik (eta ernaldurik?) egongo baita.
2.- Bigarren oinarria fantasia espresionista edo arrazionalismoa gainditzea litzateke, Rafael Moneok «irrazionala denaren garaipena» dioena; formen sorkuntzan sormena bera nagusi izatea. Hala ere, ongi nabaritzen da 30eko hamarkadako arrazionalismo ortodoxo eta erradikalak arkitekto guztiengan utzi dituela, lengoaia aratz eta funtsezkorako gogo iraunkorra, eta barrokismotzat jo daitekeen guztiarekiko errefus-sena.
Orain, buru egoskorkeriatzat hartu eta ukatu egiten da sorkuntza arkitektonikoa beti funtzioaren adierazpen jatortzat ulertzea. Funtzioa beti ezaugarri material eta pragmatikoa duten arazoen erabakietara murrizturik geldituko balitz bezala. Jada ez dute zertan harridurarik sortu, Frank O. Gehryk Guggenheim Museoari (Bilbo) edo Richard Meier-ek Aita Jainko errukitsuaren elizari (Erromako kanpoaldean) emandako formek.
Honek, formaren gaitasun adierazkorrarekiko fedea adierazten du. Aurreko oinarriari buruz aipatu berri dugunaren aurka, gaur egun esan daiteke arkitektura beste arte plastikoetara gerturatzen dela, baina arte horiek figuratibo eta espresibo diren heinean.
Jarrera hau nolabait aurreikusia eta iragarria zegoen, funtzionaltasunaren dogmatiko handiena den Le Corbusierrek, Antonio Gaudiren arkitekturarekiko sentitzen zuen miresmenean.
Oso egokia eta adierazgarria iruditzen zait Wölfflinek forma itxitik forma irekirako igarotzea deritzonari buruz Moneok egin zuen gogoeta. Eta honek, arkitektura garaikideko zenbait obraren aurrean, batzuetan barrokismoaren aipua egitearen zergatia argitu dezake.
3.- Joera orokor gisa aipa daiteke erregionalismo kritiko bat ere: bertako agintariengandik jasotako laguntzek bultzaturiko tokian tokiko ohiturei loturiko arkitekturarena. Espainian, eta bereziki Euskal Herrian, hobeto ulertzen da bertakotasun joera hau, herri-esentziari leial izatea berarekin duena, eta aldi berean, atzerrian asmatuz doanaren lekuko direnen ekarpenei beharrezko orrazketak onartzen dizkiena.
4.- Azkenik, aipa dezagun garaiaren berezko ezaugarri bat, berariazkoa eta bakarra ez den arren euskal ingurumarian oso bereizgarria dena: ingurumenarekiko arreta, paisaiari eta eskakizun ekologikoei buruzkoa den guztiari begirunea izatea. Batzuetan minimal artea oroitarazten duten formulekin, ingurunearen zaintza berezi bat da parametro tradizionalak haustera eramaten duen zainketa deigarria.
Arkitektura eskolak
aldatuArrazionalismoa bat-batean sartzearekin eta 30eko hamarkadako GATEPACen jaiotzarekin euskal talde bati buruz hitz egin behar izan bagenuen, orain ere Iruñea eta Donostiako Arkitektura Eskolen antolaketaren ondorioz sortutako euskal foku bati buruz hitz egin genezake. Zuhurtzia apur batekin hitz egin daiteke, euskal taldearen berezko izaera batzuei buruz eta berariazko arazoei buruz, betiere talde horretako aitzindariak Madril eta Bartzelonako eskoletan hezi zirela kontuan izanik. Euskal Herriko arkitektura berrienaren garapena jarraituko dugu lau lurraldeen banaketaren arabera.[4]
Azken berrogeita hamar urte hauetan Baskonian egin diren lan arkitektonikoak hain dira ugari, non Historia honetan ezinbestekoa den kritika eta bibliografia garaikidearen esparruan nabarmenenak iruditu zaizkigun izenak bederen erregistratzea eta obrarik esanguratsuenetariko batzuk baino ez kontuan hartzea.
Bizkaia
aldatuAzken hamarkada horietako eraikuntza berritzaileak Bizkaian ia guztian bere hiriburuan, Bilbon, kokatu dira. Gogoan izan eraikitzaile atzerritarren esku-hartzearen bidez -Norman Foster-en Metroa, Frank Gehry-ren Guggenheim Museoa, Palacios Díaz eta Federico Sorianoren Biltzarretarako eta Musikarako Euskalduna Jauregia-, hiriguneko espazio handiak sortzen ari direla Hiribilduan, eta hiria turismo-hiri bihurtzen.
Joan Daniel Fullaondo
aldatuBizkaiko azken hamarkadetako arkitekturari buruzko aipamen batek nahitaezkoa du artearen eta filosofiaren historiari buruzko liburuen idazle emankorra ere izan zen Joan Daniel Fullaondoren obratik hastea.[5] Bere arkitektura-lan joria hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkaden artean burutu zuen, hau da, nazioarte mailan, aurreko arrazionalismoak sustaturiko amets arkitektonikoek, une hartako hainbat baldintza zirela eta, amets hutsean gelditu behar izan zuten aldian, hala nola garapenaren gelditzea, lurraren espekulazioa eta oinarrizko beharrak zituzten proiektuei erantzun beharra. Fullaondok bere proiektu asko beste zenbait arkitektorekin lankidetzan egin zituen, batez ere Fernando Olabarria eta Álvaro Líbanorekin.
Madrilen egindako eraikin batzuez gain, berari zor zaizkio Bizkaian:
- etxebizitzen eraikin bat Bilboko Mazarredo Etorbideko 73.ean (1964-67),
- beste bloke bat Durangoko Landako etxe-multzoan, lehenago Ezkurdi Enparantzaren berritzea egin zuen lekuan (1969-71),
- Santurtzi eta Zaratamoko Eskola Multzoak (1969),
- Portugaleteko Liburutegia eta Kultur etxea (1972),
- Errekalde Berriko Eskola multzoa eta Haur Eskola (1970-72),
- eta Irakaskuntza Ertaineko Institutu bi, mutilena eta neskena, Bilboko Txurdinaga etxe-multzoan (1968-69), biak Álvaro Líbanoren laguntzarekin. Bigarrenean, unitateen desartikulazioa bilatu zuten arkitektoek, maila desberdinetan zeuden pasabide-sistema batekin baturik zeuden bi gorputz nagusiekin «L» itxurako oinplano bat sortuz. Eraikin horretan, hein batean eskulturazkoa den hizkera plastiko bat azaltzen da, Fullaondoren ezaugarria duena: formen argitasunez, prisma funtzional maklatuez eta erabilitako materialen zintzotasunez -adreilua, bitrozementua eta abar- laburbildutako asmo adierazkor garbi bat duela.
Jesus Rafael Basterretxea
aldatuBizkaiko arrazionalismoaren ondorengo aldi horretan, har dezagun gogoan Jesus Rafael Basterretxearen izena ere, bere obrarik garrantzitsuenarekin: Sarrikon (Bilbo) dagoen Zientzia Ekonomikoak eta Enpresaritzako Fakultatea (1962).
Bertan, Sarrikoko parkean eraikitakoaren erakustaldi organiko baten irudia eskaintzen du indartsu, egitasmoan landare osagaiak sartuz. Eraikuntza topografikoki egokiturik dago, instalazioak bertan dituen korridore batetik abiatuz, ikasgelak altuera desberdinetan oinarritu eta antolatuak daude, baina zerbitzuen, administrazioaren eta sarreraren burualdearekin bat eginik.
Rufino Basañez
aldatuArkitekto bilbotarren artean gogoan hartu beharreko beste izen bat Rufino Basañez dugu, Esteban Argarate eta Julian Larrea Basterrarekin batera, Bilboko Larrako-Dorren etxebizitza batzuen (1963-69) lehiaketan proiektu irabazlearen egilea bera.
Larrako-Dorreko etxebizitzak. Proiektugileek etxebizitza herrikoien alorrean Europako esperientziak berriro aztertzeko erabakia hartu zuten; Le Corbusierren Marsella eta Nantesko «Bizitoki unitateak» gogoan izanik, baina beheko solairua libre utzi gabe, eta kanpoaldetik nabarmen utziz eskaileren estalkia, bizilekuen balkoien antolamendua eta etxebizitzen duplex erako tipologia. Polemika sortzeraino gordina den zementu indartuaren hizkerak, ezaugarri bitxi basatiez beterik, ikusten den sare eskematiko batera mugatzen du eraikina.
Volantin Zelaia 32.eko etxebizitzak. Basañezen beste obra berezietako bat da, mehelin artean egina (1977-79), fatxadaren adierazkortasuna bere bertikaltasuna areagotzen duten bow-window gorputz batzuen bitartez bilatzen delarik.
Frank O. Gehry (AEB)
aldatuGuggenheim Museoa. Frank O. Gehry arkitektoaren Guggenheim Museoa (1994-1997), eraikin berezietan berezia den aldetik, berezkoa duen garrantziagatik, handitasunagatik, Bilboko hiriburuan eta Euskadi osoan gizarte mailan, ekonomian eta kutur alorrean eragin duen zirraragatik nola utz daiteke bazterrera?
Lehiaketa batean aukeratua izan zen, garai berri baten zeinu iragarle izango zenaz hornitu nahi baitzen hiriburua. Identifikatze prozesu baten abiapuntu izateko gai zitekeena gune zaharkitu eta bertan behera utzitako batean: era honetan museo berria, Arte Ederretako Museoak, Deustuko Unibertsitateak eta Udaletxeak osatzen zuten kultur triangelu baten zati bilakatzera zihoan.
Lehiaketarako aurkezpen Oroitidazkiak hauxe dio: «Erakusketa-aretoak erdiko atari baten inguruan egituraturik daude, non zubi lerromakurren, beirazko igogailuen eta dorre erako eskaileren sistema batek hiru mailatan dauden galeriak lotzen dituen hauek zentrukide diren moduan... Aurrekaririk ez duen atari nagusiaren neurriak, itsasadarraren ertzeko mailatik berrogeita hamar metro, museoaren instalazio ikaragarriak bisitatzeko gonbidapen dira. Programa zabal baten zati da Museoaren erakargunea, administrazio publikoak sustatutako parte-hartzeen eta baita nazioarteko sona duen arkitekturaren sarrerari esker ere Bilboko hiria suspertzeko helburua duena».
Gipuzkoa
aldatuGipuzkoari dagokionez gauza bertsua gertatzen da, gure erakusketa lauzpabost izenetara mugatu beharrean aurkitzen baikara.
Luis Peña Gantxegi
aldatuOñatin jaio eta Madrilgo Goi-mailako Eskola Teknikoan prestaketa aldia eman ondoren, Luis Peña Gantxegi (1926, titl. 1959) Bartzelonako Arkitektura Eskolako irakasle izan zen. Donostiako Arkitektura Eskola berriaren sustatzaile eta lehen zuzendari zelarik eskuraturiko merezimenduez, eta bertako irakasle izateaz gainera, lan oso oparoa burutu zuen; Cementos Rezola lantegiak antolaturiko erakusketaren katalogoan, bere lanbide-bizitza luzea markatzen duten 162 eraikuntzetako parte-hartze garrantzitsuren berri ematen du, burutugabeko zenbait proiektu, halaber. Lanbide honetan hirurogeiko hamarkadan hasi zen, honako eraikuntza hauekin:
- etxebizitza multzoak Euskal Herriko hainbat herritan, urte batzuetan bizi izandako herrian, Mutrikun, eta Zarautzen (1958-60),
- Mutrikuko «Haietzu» bizitoki-eraikinak. Klimak baldintzaturik eta lursailaren sestra oso gogoan izanik, beheko solairuan antolatu zuen bere multzoa, aterpe eta patio estalien sistema baten inguruan; karga euskarri jakin batzuetan uzten duten plataforma independenteetan ezartzen dira unitateak. Hemen eta beste zenbait obretan jakin izan du izaera poetiko eta intuiziozko bat adimen pragmatiko batekin batzen.
- Zarauzko dorrea, bere forma bitxi eta lecorbusiertarra estalkiarekin gaur egun oraindik adierazgarri dena.
- Berriki eginak diren Deustuko 82 etxebizitzak (2001). Etxadi hauek eraikuntza-mota horretan askozaz ere lanpetuagoa eduki zuen, non beti oso gogoan izan dituen baldintza klimatiko eta topologikoak.
- Multzo industrialak, ikastetxeak, jatetxeak, hotelak, laborategiak, gizarte zentroak, kiroldegiak eta abar.
San Frantzisko eliza. Luis Peña Gantxegik gurtzalekuen aldera eginiko ekarpena Gasteizko San Frantzisko elizan ikusi zen; bere garaian (1968) ospe handiko berritasuna izan zen oinplano karratu baten gaineko aretoa, liturgia berriaren araberako ospakizunetan elkartearen antolamendua errazten baitzuen.
Plazak. Peñak parke eta plazen egituraketan erakutsi du, halaber, bere talentu berezia, hala nola:
- Trinitateko Plazan,
- Haizearen Orraziako Donostiako plataforman,
- Gasteizko Foruen Plazan.
Bigarren lanari buruz esan egin behar da, ez dela Baskonian, ezta Espainian ere, naturarenganako halako begirunea eta armonia hain estua duen arkitektura-lanik egin. Esan daiteke «arkitektura ikusezin» bat egin duela. «Teknikoki oso landutako azpiegitura baten gainean, Peñak plano mailakatuak eta arritmia iradokitzaileak osatzen ditu, eta granitozko galtzadarri adierazgarri eta erosionatuz estaltzen, Igeldo mendiaren oinetan lehenagoko inguruarekin elkartzen direnak; horietatik itsas biziko ura sartzen da, geometriako abstrakzioaren baliabideak bitarteko, indar telurikoa eta, Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazi aztoragarriarekin sinbiosi ederrean, prozesioetako esparruak sortzen dituela, izaki zibilizatuak begirune zaion eta oraindik ere jarrera erromantikoaren barruan dagoen Naturarekin elkartasuna eginez».[6] Peñak berak, honetaz ari dela, Novalisen poesiari buruzko aipamena egiten du.
Imanolena. Peña Gantxegi arkitektoa arkitekturako poeta moduan ikusi nahi izanez gero, Mutrikuko Imanolenea familiabakarreko etxebizitzari buruz jardutea litzateke samurrena: edertasun handiko paisaia batetik jaiotzen dela dirudi eta mailakako plataforma bidez berari egokitzen zaio. Eskailera zuloak irtenunean jarriak, etenik gabeko paramentuak mugatuta, adreiluzko zurgintza fatxadan eta arbelezko estalki makurtuak dituela, gaitasun plastiko bikainez janzten dute, inguratzen duen ingurumariarekin harreman bizian sartuz.
Luisen azken lanetan, arrazionalismorik soilena ere edertasun plastiko eta poesiaz janzteko duen gaitasunarekin azaltzen du:
- Donostiako Amara Plaza Hotela.
Arkitektura Eskola
aldatuGure herriko Arkitekturaren historian funtsezko gertakizuna izan zen Donostiako Arkitektura Eskolaren sorrera, eta Bartzelonako Eskolaren agindupean egonik, 1976ko ikasturtean hasi zen eskolak ematen, baina ofizial eta autonomo izatea 1982an lortu zuen. Hasiera-hasieratik izan ziren bertako irakasle eraikuntza bikainei loturiko izenak dituzten arkitektoak:
- Peña Gantxegi,
- Migel Garay,
- Jose Inazio Linazasoro,
- Alberto Ustarroz,
- Manuel Iñigez,
- Iñaki Galarraga,
- Xabier Unzurrunzaga.
Migel Garay eta J. Inazio Linazasoro
aldatuBiak donostiarrak eta biak Bartzelonako eskolakoak ziren. Migel Garay (1936) eta J. Inazio Linazasorok (1947) elkarrekin lan egin zuten lehen aldi batean (1974-1979), «irakasle gonbidatu gisa Donostiako Eskolatik igaro ziren bi maisu italiar ospetsu Aldo Rossi eta Giorgio Grassiren jatorrizko erreferentzia argiak dituen korronte klasizista baten lehenengo sartzaile mailara igoaz».
Txingudi ikastola. Garay arkitektoak eta Linazasorok elkarrekin landutako emaitza esanguratsua izan zen Hondarribiko Txingudi Ikastola (1974-78) monumentala izateko asmo garbian diseinaturikoa, erdiguneko eskema baten eta lerroko beste baten hibridatze argi baten bidez hartaratuz. Badu garrantzirik esparru pribatu eta publikoen arteko harreman hierarkikoak -gelak eta ororentzako guneak- eta berriro klasizismoko eskema figuratiboak hartzen dituen multzoarekiko erabakiak. Bolumen soilen eta baoen diseinuek Adolf Loosen oroitzapen saihestezinak ekartzen dituzte gogora.
Migel Garay
aldatuJada bakarka, Migel Garayk hainbat obra bikain egin ditu:
- Donostian, Frantziako Etorbidean dagoen Arkitektoen Kolegioaren egoitza berriaren antolaketa,
- Mendiola etxea Andoainen, paregabeko paisaia batera egokitua,
- eraberritze egokiak Aretxabaletako eraikuntzetan,
- Pasaiako Kultur etxea,
- Arrasateko Udaletxe zaharraren birmoldaketa,
- Donostiako Arkitektura Eskola; bere lanik deigarriena beharbada, gorputz trinko eta luze modura sortutako eraikin galanta, fatxada bikaina eta zenit-argiz argiztaturiko kale bat sortzeak gela eta unibertsitate-esparru oso gizalegezko bat zertzeko bide ematen duena.
Jose Inazio Linazasoro
aldatuLinazasorok bere dohain eraikitzaileei, arkitekturaren gaitasun teorikoa batzen die, eta batasun horri buruz hainbat historia- eta teoria-liburu idatzi ditu.[7]
Linazasorori klasizismo historikoaren eta prestaketa eraikitzailearen diziplinaz gain, konposaketa zentzua berreskuratzeko izan zuen ausardia aitortu behar zaio, aurretiaz bertan zeuden lokalak begirunez integratu, eta esentziaren eta denboratik at izatearen irakaspen iraunkorrak (Louis I. Kahn) lekura moldatzeagatik.[8] Honen guztiaren adibideak ikus daitezke lan hauetan:
- Madrilgo Unibertsitate Hiriko UNEDen instalazio berrietan,
- Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultatean (1991-94),
- Psikologia Fakultatean (1992-95),
- Unibertsitateko Liburutegian (1992-93), Luis Seséren lankidetzarekin Kahnetik gertu dagoen zorroztasun garbian eta oinarri tipologikoez egindakoa, adreiluen bitartez aldi berean eraikin zaharrekin bat eginda.
Linazasororen azken lanak dira:
- Escuelas Piasko Eliza, Liburutegi bihurtu eta egokitzea (Lavapiés, Madril),
- Valdequemadako eliza (Madril),
- Medina de Rioseco-ko Gurutze Santuaren elizako parte-hartzea (1985-88).
Alberto Ustarroz eta Manuel Iñigez
aldatuAlberto Ustarroz (1948) eta Manuel Iñigez (1948) nafarrak, Iruñeko Eskolan titulatu eta Donostiako Eskolaren irakasle-sortzaileak tandem bat osatuz elkartu ziren eta arkitekturaren historiari buruzko hizlari eta idazle moduan egindako lanagatik sarituak izan ziren.
Jarraipen praktiko batean, hainbat arrazoirengatik burutu ez ziren proiektu batzuen artean, beraiei zor zaizkie Bruselako Fondation pour l'Architecture saria jaso zuten hiru eraikin Lesakan:
- Udaletxearen zaharberritzea,
- Osasun Zentroa,
- eta Plaza Nagusiaren birmoldaketa (1982-1987).
Arrakasta honek, oraindik burutu gabeko Donostiako (Amara) eta Iruñeko Osasun Zentroak egiteko eskaria ekarri zien.
Eraikuntzen alorrean, hauek eraiki zituzten:
- familiabakarreko etxebizitza bat Alkizan, hormarte luze batez egituraturik, gelak eta atxikitako bi gorputz –terraza eta garajea– paisaia zoragarrira irekita dituela (1990).
- Sarazibar etxea, Eguaratsen (Nafarroa, 1990-1992).
Xabier Unzurrunzaga
aldatuDonostiako Arkitektura Eskolari estuki loturik, bertako Zuzendari eta Hirigintzako Katedradun izan zen Xabier Unzurrunzagak balio handiko proiektuak egin ditu:
- Zarauzko Madoz kaleko bizitoki multzo bat,
- askotariko etxebizitzak Arrasaten,
- Amarako geltoki berria, Donostian (1970).
- Hirigintza
Hirigintza-espezialitatean Donostiako Arkitektura Eskolarekin loturaren bat duten hainbat arkitekto azpimarratu behar dira:
- Xabier Unzurrunzaga
- Iñaki Galarraga hirigintza eta euskal hiriei buruzko zenbait ikerkuntzaren egilea dugu. Miramar jauregiaren birgaitzea egin zuen.[9]
Beste arkitekto batzuen artean:
- Jabier Salazar,
- Eduardo Artamendi.[10]
Migel Oriol Ybarra
aldatuDonostiako Eskolarekin lotura berezirik gabe, baina Euskal Herritik kanpo, batez ere, Espainiako hiriburuan, bera bizi den hirian egindako eraikuntzengatik ezagutzen da.
Mundaizko EUTG eskola. Migel Oriol Ybarra da pabiloi multzo eder eta espresionistaren egilea: Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa zeritzana -gaur egun Donostiako Deustu Unibertsitatea da. Antza denez bere lehen lana (1960) hau izan zen. Urumea aldera jaisten den mendi-gain baten hegalean, arkitektoak saila ez berdintzea erabaki zuen horretan, dago eraikia.
«Zelai-neurketak –honela irakur daiteke lehiaketara aurkezturiko Oroitidazkian– forma hexagonalak, karratuak, eta bien nahasketa diren beste batzuk antolatzen ditu lur-sailaren gorabeherak islatzen dituela, bai eraikitako zatietan nola funtzio blokeen arteko komunikazioko pasabideen desnibeletan. Hiri-egitura ñabartu baten konplexutasuna berregiten du azterketak, lokal desberdinak zatikatzen dituzten patio ireki batzuen antolaketarenak, alegia; erdigunetzat eliza harturik. Multzoa, buztin-kolore tankerako adreiluek menderatzen dute, beste material batzuen bidez, egokiro elkartzen direnekin hala nola egurra, burdina eta kristala. Dena dago azaleren dinamikaz eta edergarrietako xehetasunen azterketa arduratsuaz antolaturik. Behereneko solairuetan antolabide morfologiko baten antza sortzen da, non elkarren artean sendotasun harremanetan eta mailaz maila hostogabetuz doazen oinplano makurrez osatzen baita, bulegoen dorreari eta elizako kanpandorreari gorantz irteten utziz».[11]
Nafarroa
aldatuIruñeko Arkitektura Eskola
aldatuGipuzkoatik Nafarroara pasako bagina, neurri batean Bittor Eusaren arrazionalismoaren oinordeko ziren Frantzisko Jabier Gibert eta Fernando Redon arkitekto bikainek joera hau material eta teknika berrietara egokitzen asmatu zutela ikusiko genuke. Nabarmendu beharreko lehen gertakizun garrantzitsua, Donostian bezalaxe, 1964an Nafarroako Unibertsitatearen barruan Iruñeko Arkitektura Eskolaren sorrera izan zen. Aipaturiko Garay, Ustarroz eta Iñigez arkitektoez gain bertatik irten dira beren gaitasun eta modernotasuna erabat frogatu zuten arkitekto talde hau:
- Fernando Tabuenca,
- Jesus Leache,
- Eduardo de Miguel,
- Alfontso Alzugaray eta
- Frantzisko Mangado.
Frantzisko Mangado eta Alfontso Alzugaray
aldatuEtxebizitza multzoa (184) eraikin aparta da Iruñeko Mendillorrin (1992-94) bi arkitekto hauek elkarlanean egin eta diruz lagundurikoa. Proiektua hirigune baten barruan zihoala jakinik, arkitektoek espazio publikoak pribatuetatik nahita bereizteko asmoa izan zuten, berauen erlazioa zainduz eta parte-hartzearen batasun-irudia gorde nahian.
«Ezarpen ortogonal batez gainera, merkataritza dagoen kalera ematen duten fatxaden artean bikoiztasun bat ematen da adreiluan eta konposaketan eta patiora ematen duen altxaeran antolaturik; azken honek ordea, adierazkortasun handiago bat eskatzen du bere gainazalaren dardara bihurriari esker. Oinplano karratua duten etxebizitzetako barru-antolaketa, garaiera osoan argi-zulo batek alaitua dago, harmaila zuloaren eta etxe ezberdinetarako sarreraren eremuari itzala emanaz».[12]
Euskal Herriko Eskolekin aparteko loturarik gabeak izanagatik, Nafarroan jaioak dira nazioarte mailako ospea irabazi izanda, beren obrak hemen gogoratuak izatea merezi duten sona handiko bi arkitekto: aurreko atalean jada aipatu genuen Saenz de Oiza eta Rafael Moneo.
Jose Rafael Moneo
aldatuNola Saenz de Oizari buruz, hala Jose Rafael Moneo Tuteran jaioari (1937) buruz esan behar da ia bere obra guztia Baskoniatik kanpo egina dela:
- Diestre Lantegia, Zaragozan (1964-67),
- Bankinter Eraikina, Madrilen (1972-77),
- Logroñoko Udaletxea (1973-75),
- Erromatar Artearen Museoa, Meridan (1980-85),
- El Prado Museoa (1999-),
- Los Angeleseko Katedrala (2000) eta abar.
Moneok Euskal Herrian egin duenik garrantzitsuena Donostian dago kokaturik:
- Urumea Eraikina (1962-72), Moneok gauzaturiko lehenengo eraikina da, Jabier Marquet, Xabier Unzurrunzaga eta Luis Mª Zulaikarekin batera, hain zuzen.
Donostian XIX. mendeko zabalgunean eginiko etxadi baten erdia betetzen du. Beronen oinplanoa erdiko patio baten inguruan antolaturik dago eta apartamentu-gune desberdinetarako sarbideen bereizketari esker, guztiz argi eta trinkoa den tipologia hazkunderako bidea uzten du, egongelari dagokion giroa eta itsasora eta ibairako ikusmirak probetxuz bereizteko borondateak bitartean, kanpotik begiratuta, eraikinaren ezaugarri diren behatokietako zerrenda uhintsuak sortarazten dituzte.[13]
- Kursaala, (1990-99). Moneok bere proposamenik ustekabekoen eta sofistikatuena sortu du, baita teknologikoen eta arriskutsuena ere. Hasieran oso eztabaidatua izan zen eraikina Donostiako giro neoerromantiko hartan, izan ere beren bolumetria lehor eta biluziekin, bloke haiek hemeretzigarrengo hiribide bateko eraikinekin egiten zuen kontrastea bitxiegia gertatzen baitzen. Itsasertzean hondarrera etorritako haitz horien garbitasun geometrikoetan bada ahaidetasunik Oteizaren kaxa metafisikoekin eta Txillidaren alabastroekin.
Denborak, ikusleria zabalaren begirada hezi egiten du lengoaia minimalista horren aurrean, Urgull mendia inguratzen duen eta haitz blokeez Kantauri itsasoaren erasoei muga jartzen dien ibiltoki honetan barneratzen den edozein bisitari lengoaia honekin adiskidetzen baita.
Araba
aldatuJose Erbina Arregi
aldatuArabara pasako bagina, Jose Erbina Arregi (1930-2000) irudi nabarmena duen egilea gogoratu beharko genuke, bertako hiriburuan bere gaitasunaren eredu bikainak utzi baititu:
- Kultur etxea,
- Ajuria etxebizitzak,
- Santiago Ramón y Cajal kalean 1. zk.ko etxebizitzak,
- Errioxa kalean 22-24. zk.etako etxebizitzak,
- HOFESA lantegiaren bulegoak (1967-69), bereziki.
Filologia, Geografia eta Historiako Fakultatea. Hurrengo belaunaldian, demokrazia aldian jada, berriki eraikitako unibertsitate zentroetan kalitate bera ematen dela ohartu gara, adibidez, Filologia, Geografia eta Historiako Fakultatean (1984-87), honako arkitekto hauen eraikinak direlarik:
- Iñaki Aspiazu Iza (1980),
- Jabier Botella Astorki (1976) eta
- Migel Apraiz Buesa (1972).
Roberto Erzilla Abaitua
aldatuAzken muturreko soiltasun arkitektoniko ia minimalistagatik izan da bereziki nabarmena Roberto Erzilla Abaituaren obra (1976). Azpimarra ditzagun:
- Sansomendiko Kiroldegia, beste zenbait arkitektorekin elkarlanean egina,
- Elkarri atxikiriko etxebizitza batzuk Gasteizko San Saturio kaleko 10. zenbakian,
- lehiaketa ofizialetan Bilbon eta Gasteizen saritutako beste eraikin batzuk,
- familiabakarreko etxebizitza bat Armentian (1991-1992) Migel A. Camporen lankidetzarekin egina, eta urritasun zorrotz eta printzipio tektonikoen agerpen adierazkorren ezaugarriak dituela.
Eginkizun garrantzitsuenak lehen solairuan kokaturik daude, eta etxea zatiketa plastiko zehatz baten arabera antolatzen da, non errespetua nabaritzen den bizitokien hainbat bolumenetan, komunikazio sistemek giltzarri-lana egiten duten oinarri geometrikoekiko eta zementu indartuzko hormen adierazkortasun bereziekiko.[14]
Luis Maria Uriarte Aldaiturriaga da honen egile:
- San Martin Osasun Zentroa, Gasteiz (1988-90), originaltasun eta pragmatismoaren ezaugarri bereziak biltzen dituena.
Jabier Mozas hauen eraikitzailea:
- Arriagako Gizarte Zentroa (1989-1992),
- Ariznabarra Kiroldegia (1993).
Arkitekto-taldeak. Gasteizko beste eraikin bikain batzuk, batzuetan belaunaldi ezberdinetakoak diren arkitekto taldeei zor zaizkie:
Judiz Mendi Gizarte Zentroan (1985-89) elkarlanean aritu ziren:
- J. Ramón Castillo Sanz,
- Karlos Muñoz Alesanco,
- Fernando Ruiz de Ocenda eta
- Iñaki Usandizaga.
Arkitektura. Orubearen maldari leunkiro egokitzen zaion Foru Ogasunaren Eraikinean (1989-92) parte hartu zuten:
- Migel Anjel Campo,
- Jose Luis Catón Santarén eta
- Roberto Erzilla Abaituak.
Eskulturagileen bi belaunaldi
aldatuDenen errealismo figuratiboarekin hautsi nahiak eta «Euskal Herriko Eskola» bat osatzeko asmoak 50eko hamarkadan elkartu zuen eskulturagile-taldeari, haustura-lehiari eta material zein tekniken erabileraren askatasunari zegokionez, beraiekin estuki loturik zegoen belaunaldi batek jarraitu zion.
Belaunaldi horren ondoren, Euskal Herriko Eskola zehatz baten aldeko ahaleginean izandako porrota eta unibertsitateko eskoletan goi mailako heziketa baten bidez lortutako profesional bihurtzearen ondorioz, beren eraikinak izendatzaile berdin batera mugatzea ezinezkoa da. Gaur egun ia obsesiozkoa den originaltasunaren bilaketan, ertilari bakoitzak bere materiala, bere teknika eta bere adierazpide pertsonalak aukeratzen dituela nabaria da.
Nabaritzen dira oraindik ere Oteiza eta Txillidaren durundiak 70eko hamarkadan heldutasuna lortu zuten eskulturagileengan; baina hauen ondoren burujabeagoa den gazteen belaunaldi bat etorri zen, nahiz eta, beharbada, beren aitormen eta adierazpenetan ezin ahantz dezaketen Orioko eskulturagilea, profeta eztabaidatu hura.
Hirurogeiko hamarkada inguruan, suhar artistikoak ezohiko gaina jo zuen, eta hau –ez ahantzi gero–, aurreko belaunaldiaren kalitate estetiko eta dinamizatzailearen fruitu da. Ireki eta bi urtetara itxi bazen ere, Debako eskolak ideiak erein eta gogoak berotu zituen. Debaren ondoren, beste ahalegin batzuk egin ziren amaitutakoa berpiztu nahian -Aia eta Soraluzeko lantegiak; eta azkenik egonkortu egin ziren emankorrak izango diren zentroetan. Arteleku eta Bilboko Arte Ederren Eskola sortu ziren.
Artearen bide berriak. Estatu demokratiko batean autonomia politikoa hasten den unetik, ezaugarri hauek dituzten pintura eta eskulturaren profesionalen labealdi berri eta ugariak sortuz joan ziren:
- figuraziotik aldentzea, erabatekoa batzuetan (Nagel, Zugasti eta besteren bat izan ezik),
- forma-espazioaren arazotik pixkanaka urrutiratzea, aurreko belaunaldiarentzat funtsezkoa zena,
- materiaren igarkizun iradokitzailera ausarki gerturatzea,
- aldarrikatutako «Euskal Herriko Eskolaren» ideiarekin nolabaiteko axolagabetasun bat, lehen elkartzailea zena,
- honen ondoriozko joera-sakabanaketa, eta
- irekitasuna atzerritik inportatutako abangoardia korrontean, bereziki ñimiñotasunaren eta kontzeptualismoaren ildoan.
Antonio Oteiza
aldatuAbstraktutasunetik gertu dauden bideak irekitzen saiatu eta gutxi-asko beren burua Oteizaren ikasletzat duten artista gazteei buruz hitz egin aurretik, ezinbestekoa da Jorgeren anaia gazteena, kaputxinoa eta ertilaria, Antonio Oteizaren (Donostia 1926) obra gogoratzea, antzinako «naturaren mirari» haien bertsio modernoa baita, eta modu miresgarrian azaleratzen zen misterioaren zentzua, artea eta erlijioaren batzea.
Bere lehen lanak ia erabat ezezagunak dira ikusleria zabal eta kritikarientzat eta, noski, arte-merkatarientzat, ertilariak ez baitzion garrantzirik eman, erraz ulertzen den bezala, sektore honi.
Bere anaia Jorge bezala bere zeregin artistikoaren filosofo bat da Antonio Oteiza, baina antzekotasun horretatik kanpo, kontenplazio espiritualera eta misiolari-zerbitzura —Amazonas aldean eta Hegoamerikatako hainbat herrialdetan- eskainitako bizitza baten ondoriozko halako sakontasuna lortu du bere sinesmen eta zeramiketan, eta ez du bere anaiaren ikasgairik barneratu beharrik izan.
Antoniok bere hizkera sortu du. Jorgeren bizitzako ibilbideak abstrakzio aldera egin bazuen, Antoniorena alderantzizko izan da. Naturaren baitan izateak eta bizitzeak eman diote beregan dauden misterioak sentitzea. Antonioren obrak kontenplatzen dituenak argi ikusiko du gizasemearen historia eta bizitza aberatsarekin harremanetan izateari ez diola inoiz uko egingo: bere ohitura eta grinak dituen gizonak, bere langintzak, arteak, kirolak, gizasemearena den guztiak eskatzen du barne-begirada bat. Eta batez ere erlijio munduan: Kristok, Maria Birjinak eta santuek.
Ezin hobeto menderatzen du Antoniok buztinaren modelatua, eta maitemindurik ere badago material horrekin. Ez du izutzen neurrien handitasunak.
Multzoak. Beti gizakiaren inguruko gai ezberdinei buruzko multzoak gauzatu ditu bere zeramika txikietan:
- Lope Agirre
- San Joan Huartekoaren gogoetak bere Azkartasunen Azterketan,
- Pablo Casals-en musika,
- Frantzisko Asiskoaren «fioretti»-ak,
- Loiolako Inazioren abenturak, zeinaren Arantzazuko Amari Bisita -formatu handian brontzera pasa dena- ongien egindako bat eta adierazkorretako bat bere estiloan.
Oteizaren baliabide adierazgarri eta formalak originalak dira:
- sintetikoki desitxuraturiko irudia,
- irudien eta beren espazioaren arteko proportzioa,
- ahalik eta adierazgarriena den keinua,
- eta taula berean irudikaturiko pertsonaien arteko distantzia irekia.
Emaitza formaren eta adierazpenaren sintesi egoki bat izan ohi da beti.
Kristo garaileak, ezker besoa gurutzeari lotua eta eskuina garaipen keinuan gora jasorik duenak, gure edozein gurtzalekuren absidean jartzeko bere brontzezko bertsioa izatea mereziko luke.[15]
Jean-Robert Ipoustegui
aldatuKritikak onarturiko ertilarien belaunaldi honetakoa da Jean-Robert Ipoustegi (1920) ere, nazioarteko sariak irabazi dituen Iparraldeko eskulturagile bakarra.
Hasieran egin zituen margolanak:
- Saint-Jaques de Montrougeren elizako freskoak.
Eskulturagile moduan -hiru dimentsioetara 1949an igaro zen, Choisy-le-Roi-n kokatzea aukeratuz- bere egin zituen:
- lehenik, abstrakturako joera zuten forma geometrizatuak,
- gero, errealismo barroko eta txundigarri batekin figuraziora pasa zen, elementu bitxien artean bat eginik, baina beti nolabaiteko monumentaltasun espresionista bilatuz, forma lau eta dardaratiak indartsu ziren lengoaian.
Artelanak ditu:
- Grâce Ospitalean (Paris),
- Berlingo Batzarretarako Jauregiaren atarian.
Hegoaldeko Euskadira itzuliz, eta arreta belaunaldi berrietan jarriz, Euskal Herriko Eskola deritzonaren sustatzaileetatik gertuen daudenak aipatuko ditugu.
Jose Ramon Anda Goikoetxea
aldatuJose Erramun Anda Goikoetxea (Bakaikoa 1949), nafar ebanista baten semea, bere aitaren lantegian hezi eta prestatu zen, San Fernando Arte ederretako Eskolan ikasi zuen lau urtez, gerora Italiara joan eta Berpizkundeko ertilariekin harremanetan jartzea erabakigarria izan zuen ondorengo lanetarako. Erakusketak hainbat hiriburutan egin zituen, 1975etik aurrera. Oteizaren eredu abstraktuek erakartzen zuten 1978 aldera, eta barru-espazioen masaren azterketari ekin zion.
Bere katalogoan bertatik ihes egitea ezinezkoa den molde prismatikoetan sarturiko esferak hasi ziren azaltzen:
- plastikoki, bolumen kontraesankorren joko bat da; lerrozuzenak esferikoen aurka,
- sinbolikoki, itxialdi eta egoera itolarri batetik askatzeko alferrikako ahalegina da.
Anda Goikoetxeak maketak egin ditu:
- zurezkoak harrizko hilarrietarako,
- plano uhinduak, harrian edo alabastroan landuak izateko (neurri handian).
Forma aratzak. Egitura garbi eta zehatzak axola zaizkio batez ere, eta horretarako ahal duen gehien leuntzen du bere materiala. Gorputz platonikoen edertasuna gurtzen du, baina erabiltzen eta lantzen ere badaki, minimalismoaren mututasuna saihestuz. Jose Erramun Andaren artelanak ikusirik, Boticelli edo Piero de la Francesca baten oroitzapena datorkio bati burura, hauetan adibidez:
- Palladiar leihoa, Madrilgo Arte Garaikidearen Museoan.
- Ondarretako monumentua. Garbitasun plastiko bera azaltzen zaio Udalaren Saria irabazi zuen Ondarretako monumentuari: zilindrikoak diruditen hiru zutabe, baina hala izan gabe; paraleloak diruditenak, eta ez da halakorik.
Objektu erabilgarriak. Geometria aratz eta eskuzabalaren gurtze aldi horien ondoren, objektu erabilgarrien munduari heldu zion Andak, eta eseri aurretik luzez behatzera behartzen gaituzten aulkiak eta, beren gainean platera edo hautsontzia jartzera ausartu aurretik, zirrara sortarazten diguten mahaitxoak egiten hasi zen.
Anda Goikoetxea gaur egungo gure Euskal Herriko eskulturaren ordezkarietako bat da egitura garbiei, isiltasun antzera, gutxieneko baliabidez gehiengo adierazpena lortzearen artelan zaila laburbiltzen duten horiei dien maitasunagatik.
Faustino Aizkorbe
aldatuFaustino Aizkorbek (Olloki, Nafarroa, 1948), bere gaztarotik landu zuen marrazkigintza eta margogintza, eskulturarekiko bokazioa aurkitu zuen arte. Anda Goikoetxearen antzera, forma ongi landuak maite ditu Aizkorbek; bai zurean bai metaletan. Oteizak «edertasun» tentazioaren aurka jakinaren gainean jarri zuen. Baina eskulturagile nafarrak ezin du alde batera utzi perfektutasun formala. Bere eskulturek ez dute argumentu figuratibo nahiz narratiborik, baina berez diren objektu eder eta adierazkor gisa behatuak izateko, eta altzifre edo gurbitz batek duen eskubide berberaz paisaia okupatzeko eginak dira.
Lanetariko batzuk Nestor Basterretxearen taillen eragina gordetzen dute, plano makurren zaletasun apur batekin:
- bere maklak,
- bere zurezko trikuharriak,
- bere zutabeak.
Ziriak. Aizkorberen berezitasunik handiena bere zirien konposaketa dinamikoak dira. «Zura politak –Oteizaren epaia– erasorako seinalaturiko tokian une batez sartzen eta hiltzen diren zirien gertakariak dituztela, itzulerako hegaldian birjaiotzen diren zirien forma frutadunak, puntu zaurigarriagoak bilatuz eraso berrietara zuzentzeko».
Anjel Garraza
aldatuNafar honek, Iruñea eta Bilboko Arte Ederretako Eskolatik irtendako Anjel Garrazak (Allo, 1950), zeramikaren bide teknikoetatik darama bere ikerketa. Labe bat erosi, eta Algortan jarri zuen bere lantegia. Ez zaio hustuketa axola. Buztin egosiak erakartzen du, bere pieza-multzoa bolumen solidoa bistaratuz. Batzuetan, zura –haritza, artea edo gaztaina– zeramikarekin elkartzen du. Oso atsegin du izaera ezberdineko beste material batekin batuz eta harremanetan jarriz material batek dituen erreakzioak aztertzea. Osagai naturala, zura, askoz errazago landu daitekeela jabetzen da; osagai artifiziala, buztina, zailagoa da lantzen, ezusteko gehiago ditu, ustekabekoagoa da. Horra hor ertilariaren arriskua eta abentura. «Materiak hitz egin, arnasa hartu eta azken lanari bizitza eman diezaion uzten dut». Obraren garapena bukatzen da, kolorearen osagaia tinbre eta tonuarekin gehitzen zaionean.
Garraza da Bilboko Merkataritza Ganbarako zenbait horma-zeramikaren egilea, eta haietan oroimen adierazkorra inguru arkitektoniko soilaren menpe dago; gero, itxitasuna areagotuz joan da.
Leku eta Tokiak. Azken urte hauetan, Euskalduna Jauregi berriko museo-lorategia apaintzeko lehiaketa batean saria irabazirik, Garrazak bere Lekuak eta Tokiak eskultura ezarri du anfiteatroaren ondoan; gorri eta beltzean, hormigoizko egitura duten zeramikazko bi pieza erraldoi. Bisitariak zera galdetzen du: «Zer esan nahi ote dute artelan sinple eta alferrikako hauek?» Bada nolabaiteko kontzeptualismo bat -Oteizaren aztarnak dituena, bera- zeinarekin, ertilariak, inolako adierazirik eman gabe adierazle hutsa erakustearen bertigoa sentitzen duen.
Kristina Iglesias
aldatuKristina Iglesiasek (Donostia 1956) atzerrian duen arrakasta eta bere herrian bere lanik ez ezagutzearen arteko kontrastea du nortasunaren ezaugarri, ia beti Baskoniatik kanpora bizi izan baita. Marrazkigintza eta zeramika ikasi zituen Bartzelonan (1977-79), gero Londresko Chelsea Eskolan sartu zen (1980), eta bertan bere heziketa osatu, eta nazioarterako jauziaren hasera izan zen lanari heldu zion. Londres, Burdeos, Düsseldorff, Berna, Venezia eta Europako beste hiriburuetan ere izan ditu erakusketak.
Kristinaren lan beti abstraktuak natura jokoan jartzeko nahi bat agertzen du, minimaletik gertu dauden materialen erakusketa eginez, baina bere «instalazioetan» kokatuta ikusiz gero, maila fantastiko bat hartzen dutenak, non ingurune naturaleko osagaiek funtsezko alderdia duten. Kristina Iglesiasek serigrafia eta ikus-entzunezkoak ere praktikatu ditu.
Aldi horretako eskulturagile gazteen zerrenda osatu batean agertuko lirateke, Oteizaren ikasleen eta orain heldutasuna lortzen ari diren belaunaldi gaztekoen artean, zubi gisa balioko luketen zenbait izen:
- Jose Anjel Lasak (Legorreta 1949) Arantzazuko Oteizaren obraren aurrean jaso zuen lehen indarra, eta bere lehia zurezko artisautzari sustrai adierazlea ateratzea da.
- Migel Anjel Lertxundi (Ondarroa 1951), materialak multzo bakar batean harremanetan jartzeak duen adierazte-indar poetikoaren zalea da: «Harriak, zurak eta burdinak prozesu konplexu, zail, arriskutsuan bat egiten dute, pilaturik gehienetan».
- Xabier Laka. Aiako lantegiaren sortzaile nagusi izan omen zen Reinaldo Lópezen lankide, bertako langilerik jakitun eta suspergarrienetako bat izan zen bereziki. Aiako egitasmoak bere erromantizismoagatik, ez diru-laguntzarik ez oinarri ideologiko eta estetikorik ez izateagatik -bere helburua, lanbidearen ikasketa eta ideien gurutzaketa zen- porrot egitean, Lakak Sorabillara eraman zituen bere tresnak, bertan heziketa-lantegi bat sortzeko. Ziur asko Zientzia Ekonomikoetako bere ikasketek emango zioten gorputz platonikoetan sentiberatasun berezi bat, eta hortik datorkio, inolaz ere, formen neoklasizismo aldera geldiezinezko joera bat. Berritu asmoz, Londresera joan eta St. Martin School of Art-en ikasi zuen.
Pilatutako marmolezko obaloen bidez egindako bere eskulturei ezin zaie ukatu edertasun formala:
- Olerkariaren etxea (1990),
- Unamunoren zalantza (1991),
- Bizitzeko moduan ez dagoena (1991).
Lan berriagoetan formalismo konstruktibista eta oinarri geometriko ia haserrekor bat azaltzen ditu, eta materialak ez ditu gozatzen erantsitako koloreztatzeak baino «horrela iheskorrena den arte postmodernoaren arintasun eta hauskortasunetik aldenduz».[16]
- Zelaian 1993,
- Zumaia (Ero amorratuena) 1993.
Normala da 50eko hamarkadan jaiotako eskulturagileen belaunaldi horretan Oteizaren ideiekiko burujabetza nabarmen bat azaltzen duten batzuk izatea, nahiz eta hasieran Orioko ertilariaren nortasunarekin liluraturik edo bere «irakaspenen» eraginpean gelditu.
Aitor Mendizabal
aldatuAntzeko zerbait gertatu zitzaion Aitor Mendizabal (1949) donostiarrari; eskulturagile gaztea Venezuelan bizitu zen haurtzaroan eta handik bere sustraiak berreskuratzera Euskal Herrira etorri zen. Aiako lantegitik igaro zen; eta bere lehen saria iritsi zuenean, Italiara bidaiatu zuen; han, Euskal Herrikoa Mediterraneokoarekin osatu zuen zortzi urtez. Maisu italiar modernoek -Marino Marinik, berezik— formaren zentzu jakin bat eman zioten, nabaria dena bere lehen:
- bustoetan eta
- mozorroetan.
Baina, zatikatua denarekiko bere grinak -itsas bazterretan utzitako edo Azkoitiko antzokiaren sarrerako zutabeetan erantsitako bere brontzezko bustoetan-, amaitu gabekoarekiko, metamorfikoarekiko eta totemikoarekiko gustu modernoa agertzen zuen jada, eta baita higaturik edo forma bilaketa aldian dagoen materiaren egiturekin liluraturik ere. Ertilari honek, lan batzuetan geometrikoaren eta organikoaren arteko antitesiari heltzen diola dirudi sinboloan sintesia lortzeko, burdinazko edo granitozko zuhaitz horiek, leunak, kontzeptu huts bailiran.
Ateak. Ateen ideietan murgildurik dago bere kezka berria, eta ertilariak zatikortasun geometrikoa eta sinbolismoa nahastuz diseinatzen dituen monumentuak dira.
Donostiako Irun Plazan zutituriko bi ate sinbolikok osatzen dute 1813ko sutearen ondoren Donostia berehalakoan berreraikitzea erabaki zuten Zubietan bildutako Zinegotzi famatuen monumentua, hiriaren bi uneren arteko lotura oroitarazten dutenak: ateetako batean, Zubieta deritzonean, aurreko monumentu baten aurriak bilatzen dira, Zubietako izenpetzea sonatuaren oroigarriak; bigarrenak, guztiz abstraktua denak, geroa oroitarazten du.
Andres Nagel
aldatuInon sailka ezina eta guztiz originala den Andres Nagel (1947) donostiarra, atzerrian ere ezaguna da jada: erakusketak eginak ditu Paris, Chicago, Los Angelesen eta abarretan.
Ertilari figuratiboa eta aldabera da funtsean: marrazkia eta pintura, grabatua eta eskulturarekin trukatzen ditu.
Gutxi erabiliak diren materialak ikertu ditu, besteak beste, zinka eta beruna; baina ez dirudi materiala berezko horretan interesatzen zaionik.
Eguneroko inguruko objektu eta pertsonaiengandik jasotako iradokizunek heureganatzen dute. Mamuak irudikatzen ditu, errealitatea umorez edo satiraz behatzen du bertatik urruntzeko, edo eskura duen oro (sokak, izarak, soinekoak, eguneroko gauzak) asmo sinbolikoz erakusten ditu, eta guztia ironiaren bahetik iragazten du. Itxuragabekeria horiei izenburu arraroak jartzen dizkie, baina berak ohartarazten du izen horiek ez dutela argudio jakinei dagozkienak izan nahi; zein piezaz hizketan ari den jakiteko ematen diren izen doakoak baino ez direla.
Bestalde, figurazio zale amorratua da, eta arte abstraktuari uko egiten dio bere iraupen luzeagatik artearentzat kaltegarritzat jotzen duelarik, zeren eta «figuratiboa gauza sortzaile bat bezala ikusteko aukera ezabatu egin du».
Jose Zugasti
aldatuJose Zugasti (1952) eibartarrak ondo ikasi zuen bera lizentziatu zen San Fernando Arte Ederretako Akademiak eman ziezaiokeen guztia. Marrazkilari-margolari bikaina da, pinturan egitura adierazgarrien -zurezko, pomez hautsezko, oihalezko, ispiluzko, ikatz zanpatuzko collageak- bilaketan etengabe eta astiro aritu ondoren, hirugarren dimentsioan adierazteko beharra sentitu zuen. Giacometti ertilarien lanek edo denborak higaturiko monumentuek sortzen dioten zirrarak, formaren gurtza hutsa gainditzen duten galderak egitera behartzen dute. Donostian 1982an bizitegia kokatuta, giza irudiarekiko begirunearen eta materiarekiko interesaren arteko batasun bat bilatzen hasi zen. Irudia haragikoitasun oroz gabetu eta masarik gabekoena den materiala erabiltzeari ekiteko erronka onartu zuen.
Bere burdin harizko, plastikozko edo sokazko hagatxoak nahikoa ditu forma eta bolumenak iradokitzeko: gizasemearen oroitzapenen eta airearen presentziaren laburpen bitxiak. Mintzaira honek gaitasun adierazkorrik baduela frogatu du Zugastik; eta bere lanen artean, besaulkian edo ohatzean hondoratutako edo habean oinarritutako pertsonaiak ikus daitezke, gizakiaren funtsezkotasunarekin bat egiten duen baliogabetasunean murgildurik.
- Noraezean. Duela gutxi kokatu du Euskalduna Jauregiaren zabaldegian bere Noraezean lana, forma eliptikoan gurutzatutako altzairuzko 42 hodiz osatua, Hiribilduko jarduera industriala gogora ekarri eta beronen garapenean itsasadarrak izan duen garrantzia azpimarratzen du.
Pablo Donezar
aldatuPablo Donezar (1948) jarrera abangoardistago batean kokatu zen, instalazioen izaera iragankor eta postmodernoa hartuz. Muntaiak, forma lantzeak baino gehiago erakartzen du.
Baina onartu behar da bere
- zurezko objektuetan (1987),
- eta San Telmon erakusgai jarritako margolanetan (1990), edertasun formalaren zentzurik finena azaltzen da bere garbiketarik muturrekoenean. Donezarrek 1813ko Donostiako suntsiketa oroitarazi nahi izan zuen objektu, material-hondakin, espazio eta koloreen muntaia harrigarri eta original batekin.
Argi dago Donezarri ez zaiola axola museo publikora edo bilduma pribatura igaro daitekeen lan sendo eta irmoa, assemblage-a aldiz, bai, aldi berean ustekabeko eta iradokitzailea dena, jarri eta kendu egiten dena; collage koloreanitzek, zur garbiek, argazkiek, haurren jostailu hondatuek eta abarrek apainduriko panelen eszenografia hori. Hau guztia, poesia eta sinbolismo, haize leunez jantzirik, duela gutxiko kobrezko edo altzairu margotuzko bere formen multzoetan ikusten den bezala (1995); gure izate arinaren metaforak dirudite.
Donezarri ez zaio axola artelanak uztea esperientziak sortaraztea bezainbeste. Donazarreren eskultura presarik gabeko pertsonei mintzo zaie, arretaren dohaina dutenei, bizitzako objektu arruntekin izan dugun harremanek oroimenaren tantagailuan isuri duen poesia sentitzeko gai direnei.
Txomin Badiola
aldatuAzken belaunaldiko Euskal Herriko ertilaririk intelektualena da agian honako hau. Txomin Badiola (Bilbo 1957) marrazketan hasi zen, eta Bilboko Arte Ederren Eskolan ikasi, eta Eskola bertako irakaslea izan zen. Oteizaren bideak jarraituz –formen arazketa espazioan eta masen hustuketa–, gauzarik sinpleenek inguruko espazioarekin duten harremanen ikerketa arrazional modu bat burutzen duen ñimiñotasunean sartu zen.
Badiolaren asmoa ez da Euskal Herriko artea egitea –ñimiñotasun artea esperimentazio unibertsala da–; ziur asko, «artea» egiteko asmorik ere ez du izango. Materiala ere ez zaio axola dituen oroitzapen misteriotsu eta poetikoengatik, baizik eta artelana bera, izate abstraktu eta kontzeptual soil bat izateagatik. Kolorea kenduz hasiko da, gero markoa puskatuko du paretarekin jolastuz, zeinaren gainean objektu geometriko sinpleak proiektatzen diren, planoarekin eta espazioarekin dituen harremanak aztertuko ditu, hizkuntza sintetiko eta arrazionalena bilatuz.
Egoera eta erlazio arazoak dira, artistak begiekin baino gehiago adimenarekin antolatuko dituenak; eta behatzaileak, ikusmenez baino gehiago kontzeptualki ulertu behar dituenak. Artistaren esku-hartzeak ahalik eta txikiena izan behar du. Objektu bat, objektu geometrizatu bat, munduan ikusi eta aztertu behar da gutxieneko oroitzapen afektiboa esna dezan eta aukera eman dezan oinarrizko arauak ulertzeko: grabitatea, energia, tentsioa.
Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan berriki egindako azken hamar urteetako bere lanaren erakusketa batek, Euskal Herriko ertilaria nabarmenkeria eta txundiduraren bilaketan zein muturretaraino iritsi den azaldu du, hainbat aretotan korronterik abangoardistenek –objektualismoa, dekonstrukitibismoa eta kontzeptualismoa– bat egiten duten objektuen nahaste-borraste bat bilduz. Baina, artearen esparru sagaratuan ala bere ehorzketaren kanposantuan gaude?
Koldobika Jauregi
aldatuZugastiren itxurakerien arintasunarekin, Donezarren muntaien iragankortasunarekin -lehenago aipatu dugun gaur egun ematen den joeren sakabanaketa berretsiz- eta Badiolaren kontzeptismoarekin erkatuz, Koldobika Jauregik (Alkiza 1959) nahiago ditu pisua, masa eta bolumenak. Hasiera batean, gubia eta zizelaren arrastoak egur edo hari gainean nabarmen uztea ere interesatzen zitzaion.
Koldo teknikari autodidakta bat da; sari eta diru-laguntzak lortu ditu, eta berak gero eta asmo handizale eta ausartagoak diren lanetan sartu ditu. Begi trebea du marrazkirako, baina ez zaio formazko perfektutasuna axola eta gutxiago oraindik gainazalen leuntasuna.
- Erdi eginik dauden zurezko Zaldiak zutitu egiten dira, beren zurezko egitura eta egiturari eusten dioten azkoin eta metalezko xaflak bezain garrantzitsuak direla esateko. Bere zaldi batzuk agertzen duten ausardia eta handitasun zirrarek atzerriko erakusketen gonbidapena ekarri zioten (Yasna Polana, Bulgarian), eta baita aire libreko harrizko monumentuak egiteko eskakizunak ere, este baterako:
- Pablo Sorozabalena, Deban,
- Zumaiako Plaza Zaharrekoa,
- Pasai San Pedrokoa,
- edo Intxaurrondoko plaza biribilean dagoen zutabe-monumentutik azaleratzen diren zaldi irudiena.
Batzuetan ironiaren zaina lehertzen zaio Koldori, honako hauetan adibidez:
- Loiolako Inazioren V. Mendeurrenean Azpeitiko San Agustin elizan erakusgai jarri ziren bere Gogoeta Barrokoak,
- sarkasmoz Legorretako Udaletxeko balkoi nagusia ixteko erabili zuen haritz leunduen zuresia.
Duela gutxiko fase batean eta Alemanian egonaldi luze bat eman ondoren, Jauregik egur errea eta urre-kolorekoa hautatu zuen gairik gogokoen bezala, «denboraren iragatea, higadura, erosioa eta norberaren zahartzeari» buruzko gogoeta baten ondoren beregan sortu zen teknika berria.
Joan Luis Baroja Collet
aldatuGrabatu artean trebaturikoa eta artisau-irakaslea da Deban; Eibarren 1964az geroztik bizi den Joan Luis Baroja Collet (Le Creusot, 1957) zurez eta burdinaz egindako tramankulu handi eta sekulakoen sortzailea da, ikuslearengan erantzunik gabeko galdera saihestezin hau eragiten duelarik: «Zertarako balio du honek?». Instalazioen, objektuen erakusketa iragankorraren joeraren aurka, Barojak bere multzoekin txunditzen gaitu:
- gong-en multzoekin,
- Pandoraren kutxa izeneko multzoekin,
- inondik babesten ez duten babeslekuen multzoekin.
Zaragozako «Pablo Gargallo» Eskulturako Saria eman zioten obrak dira, hau da, teknika perfektu batez landuriko obrak.
Materia-forma-kontzeptua hiruki dialektikoan, azkena aipatutakoa da Barojaren makinen aurrean nahastaile gertatzen dena; kontzeptua da sinboloaren igarkizun edo enigmaren aurrean gelditzera behartzen gaituena.
Maria Jose Lacadena
aldatuBaroja Collet-en tramankuluek indar eta gizaseme kontzeptua eragiten badute, Maria Jose Lacadenaren (Orio, 1957) irudiekin emakumezkoaren eta jolasaren lorategian sartuko gara.
Bartzelonan ikasi zuen, Bilbon lizentziatu, Artelekutik igaro eta sari ezberdinak irabazi ditu.
Espazio lauan lerroen eta forma geometrikoen aukerak aztertuz, forma bakunak diseinatuz hasi zen, gero forma solido eta hiru dimentsiotako espaziora joateko.
Bereziki zorrotza da sentiberatasunez, material ezberdinen kalitatearekiko sare fin-finetan bildurik aurkitzen direnean. Sentiberatasun horrek eraman zuen, gero, iradokizun organikoak dituzten materialekin, bizitza eta bizitasuna zabaltzen dutela dirudien nukleoekin, ezkutuko errealitateak edo irudimenaren munduak gogorarazten dituzten forma oso bakun eta jostalariekin esperimentuak egitera.
Arte Ederretako Eskoletatik irtendako ertilari gazte ugarik eta haien desio-aldaerek eta hautatutako bideek luzeegi egingo lukete atal hau guztien aipamena egitera jarriz gero. Batzuk irakaskuntzako langile dira, beste batzuek nahiago izan dute zoria atzerrian bilatzea, eta ia guztiak beren arte-ildoan garatuz joan dira, beren lana lerro gutxi batzuetan zehaztea ezinezkoa izateraino.
Imanol Agirre Arriaga
aldatuAiako lantegiko beste kideetako bat da, eta bere Bernini multzoan eskultura barrokoaren tolesduren ezaugarri bereziak ikertu zituen, eskultura modernoaren zulo eta kanalekin harremanetan jarriz; horrekin, figurazio eta historiako bihotz-gogor sutsuei edertasun formaa bilatzen duen begirada modernoak nondik nora joan behar duen azaltzen duen ikasgaia eman zien.
Baina beste bide batzuk ere frogatu ditu: pop art, hiperrealismoa eta arte kontzeptuala.[17]
Azken belaunaldi horretan abangoardiako saiatze-mota guztiak aurki daitezke, askotan batak bestea azkar ordezkatzen duelarik.
Badira formaz aurreko belaunalditik eta espazioan arazoetatik oso gertu kokatzen direnak, adibidez:
- Mikel Cristi (Donostia, 1955).
Beste batzuk, materia eta forma ahalik eta xalotasun handienera eramaten saiatzen dira, minimaletik hurbil kokatuz:
- Ayui Revol (Pasaia, 1961) edo,
- Jose Mari Herrera (Azpeitia, 1960).
Beste batzuek nahiago izan dute onirikoa dena eta objektuak estilo neosurrealista markatu batez sortzea:
- Mikel Campo (Zarautz, 1957).
Ezin faltako zen, bada, zirikatzaileagoak izanik, honek sortu behar duen ustekabe zirrararengan baino objektuarengan gutxiago pentsatzen duenik:
- Kepa Landaluze (Arrasate, 1958),
- Pello Mitxelena (Oiartzun, 1963),
- Pello Irazu (1963). Bilboko Arte Ederren Eskolatik irten zen donostiarra da, beste hainbaten antzera, eta hasiera batean Bilboko taldearen joera minimalisten jarraitzaile izan zenak instalazio iheskorrak eginez bukatu du, amerikar estilo onean.
Ezinbestean bidegabekoa den hautaketa batera beharturik, ezin ditugu aipatu gabe utzi obra ugaria duten ibilbide ezberdineko bi eskulturagile: Xabier Santxotena eta Dora Salazar.
Margolari garaikideak
aldatuEskulturan handia bada aurkitu dugun joera estilistikoen sakabanaketa, are handiagoa da mende amaierako margolariengan ematen dena. Norberekeria artistikoa, gaur egun mendebaldeko zibilizazioa ezaugarritzen duen indibidualtasunaren isla besterik ez da. Beraz, eta bestalde, gure garaian bilatu egiten den taldean biltzea, errealitatea sentitzeko, eta ez da erraza norberaren sormenari bide emateko modu jakin bat adierazten duen ezaugarri estilistiko berdin batzuetan zehaztea. Dena dela, gaur egungo historialarien eta kritikarien mintzairan ohikoak diren izendapenak jarraituz, ahaleginduko gara taldekatze moduren batean.
Atal honetan, aurreko belaunaldikoa izanagatik –eta aurreko atalean horri buruz hitz egin dugula jakinda-, besteak beste, arte abstraktuari eta espresionismoari atxikipena dioten margolarien lanaren berri eman beharko dugu, hau honela izanik logikoagoa baiteritzogu beren obra Euskal Herriko artearen azken atal honetan ezagutzera ematea.
Abstraktuaren aldaerak
aldatuBadirudi Bizkaia pintura informal eta abstraktuari buruz gogorrago agertu dela. Egia esan, esperimentuzko bide horretan barneratzen direnean 70eko hamarkada da jada. Washingtoneko joera amerikarrei loturiko arte abstraktu batera jotzen zuten Abstrakzio berria taldea eta ia aldi berean Zue 2 eta Zue 3 taldeak 1969an sortu ziren.
Talde horietatik izenik sonatuenak soilik aipatuko ditugu.
Jabier Urkijo (1939), «Abstrakzio berria» taldearen sustatzaile izan zena, alde kromatikoak nagusitzen diren geometrismo batean nahiko iraunkor mantendu da.
Fernando Mirantesek (1953) modulu eta kaxa argidunen saileko ekoizpenean agertu zuen interesa, betiere konstruktibismo plastikoaz interesatuago koloreez baino.
J. R. Morquillas diziplina askotako ertilaria da, kontzeptuala den horretara bideratu zuen espazioaren okupazio ikerketa batean, minimalera iristen den geometria garbitu bat burutuko duena gero hiru dimentsiotako piezak garatzeko, trikuharrien antzerako objektu formalak.
Migel Díez Alaba (1947), gizarte kritika bereizgarri zuen margogintza batekin hasi zena, espresionismo aldera joan zen desbideratuz, eta 80ko hamarkadan jada keinuzko espresionismo abstraktu aldera jo zuen, inspirazioaren erreferentzia gisa natura hartuz.
Jesus Maria Gallo Bidegain (Barakaldo, 1947), Madrilen hezi zen eta 1967an hasi, bere lanak erakusten, 1973an Abstrakzio lirikoak zeritzanean parte hartu zuen, erakusketan Ertzilla Hotelean jarriak; amerikar espresionismoaren moduak jaso ditu oinordetzan. Santiago Amónen iritziz, bere pintura irrikazkoa da, barne indar batetik jalgitzen zaiona.
Pedro Manterola. Bilboko Arte Ederren Fakultateko lehen dekanoa izan zen nafar hau, margolari, historialari eta arte kritikaria da.
Margolari lanean, 70eko eta 80ko hamarkadetan espresionista izaerako margogintza burutu du, baita keinuzkoa ere. «Irudi plastiko bat baino haratago, kolorearen, mugimenduaren, denboraren eta espazioaren laburbiltze orokor baten bilaketa estetikoan, bere buruaren behatze-jarduera baten ondorioz landutako obrak; pertzepzioa eta sentsazioa, kolorea eta keinuaren garapena barne hartzen dituzten obrak».[18]
Abangoardiako esperimentazioaren aurka nahikoa tinko mantentzen da Araba ere. Arabako arte abstraktua, goiztiar hasi zen Migel Jimeno Lahidalgarekin.
Joakin Fraile
aldatuGasteizen askoz ere beranduago agertu zen Ekipo 63, eta bertan egon zen bere lehen erakusketan (1936ko urrian) 18 lan abstraktu erakutsi zituen Joakin Fraile (Garinoain, 1930). Madrilen Viola aragoarraren laguna 1962az geroztik, honek bezala argiaren kontrapuntuan oinarritutako soiltasun kromatiko handiko abstraktutasun bat landu du.
Hiru urte beranduago (1965) arabar sei margolari elkartu ziren «Egungo Margogintza arabarra» erakusketa antolatzeko.
Urtebete beranduago jaio zen Orain taldea, bizitza oso laburra izateko, eta haien artean zeuden, besteak beste, jada aipaturiko J. Fraile eta Joan Mieg abstraktu eta informalista, eta baita orduan figuratiboaren aldekoak zirenak ere:
- A. Moraza, Frantzisko Jabier Bizkarra eta Rafael Lafuente.
Joan Mieg
aldatuJoan Mieg (Gasteiz, 1938), bere abangoardiarengatik izan daiteke nabarmendua aipaturikoen artean, eta honek postkubismo geometriko alderako batetik margolan koloreztatu eta garden baterantz joko zuen, non espazio handi lauetan abere eta alegoriazko formak azaleratzen eta gainjartzen diren, pintura materiko batean bukatuko, bere oihaletan gauzak sartuz.
Santos Iñurrieta
aldatuMieg baino zertxobait gazteagoa, Santos Iñurrieta (Gasteiz, 1950) figuraziotik abstrakziora igaro zen, forma geometrikoez eta kateaturiko bolumenez adierazpide bat aurkitzeko; kromatismo gogorrez elkar loturik.
Gutxi gorabehera modu iraunkor batean hainbat ezaugarritako abstrakzio alderako sukarrak jasan zituzten margolarien izendapena gehiago ez luzatzearren, bibliografian aipatu nahi ditugun Carlos Martínez Gorriaran eta Iñaki Moreno Ruiz de Eguinok eman dizkiguten mende bukaerako Euskal Herriko margolarien inguruko ikerketa bikainei lotuko gatzaizkie.
Espresionismoaren presentzia tematia
aldatuEspresionismoaren lehiak bizirik iraun zuen, maila ezberdinetan bada ere, eta Lehenengo Mundu Gerraren iragarle izan zen, alemaniarrek mendearen hasieran giro hartan Europako mapa osoan hasi zutenetik.
Euskal Herrian, mende amaiera horretako espresionismo tematiaren berritasuna, batzuk abstrakziora daramatzan lirismo puntu hori ezin saihestuz dabiltzala dirudiena da.
Migel Díez Alaba
aldatuLehen aipatu dugun Migel Díez Alabak, adibidez, gizarte salaketaren espresionismo gogor bat landu zuen errealismo liriko baterantz desbideratu aurretik.
Baskonian ez dira ugari Alemania, Frantzia edo Mexikoko espresionista handien estiloko figuratiboak, ez eta Ibarrola antifrankistaren irudi eta grabatuen modukoak ere. Emoziozko bihozkaden sumina abangoardia ez-figuratiboaren mugimenduen aldera gerturatze batekin ito nahi dutela diruditen ertilariak dira.
Iñaki de la Fuente
aldatuOriginaltasunaren jarraitzaile sutsua da Iñaki, bide berrien bilatzaile amorratua. Egiten dituen aukeretan beti inkonformista eta ezustekoz beterik azaltzen den honek gustuko du pertsonaia pentsaezinak sortzea. Baina beste batzuetan atsegin zaio errealismo hauetatik urruntzea eta ikuslea pinturaren mugetara eramatea, akuarelazko teknika erabiliz, pintura-lodiera mehetuz eta euskarria begi bistan utziz.
Fernando eta Bizente Ruscobas
aldatuFernando eta Bizente Ruscobas (Mallorka, 1953) anaia bikiek 1975etik aurrera gogotsu jardun zuten Bilbon. Action painting zeritzona praktikatu zuten, ondoren desitxuratze espresionistetan ahalegindu ziren, eta gerora ehundurez eta magma materikoz egindako esperimentuetan saiatu ziren. Azkenik, beraien garapena hainbat mintzairen nahasketan aurreratu zela dirudi.
Iruñeko Eskola
aldatuIruñeko Eskola zeritzonean, hitzaren zentzu zehatz horretan halako eskolarik ez dela jakinik, ezaugarri espresionistak agertu ziren gizarteko errealismo kritiko bati atxikitako ertilari batzuengan. Jabier Morrasen inguruan osatu zen taldea:
- Pedro Osés,
- Pedro Azketa,
- Juan Jose Akerreta eta abar.
Hauetariko bat, Akerreta, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako irakasle eta, aldi berean, artista gazteen belaunaldi berriaren hezitzaile izan zen eta 2002an Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi zuen.
Errealismo Surrealista
aldatuEz da harritu behar zenbait Euskal Herriko ertilarirengan ukitu surrealistak sumatzen badira: Andres Nagel, Fernando Beorlegi, Ortiz de Elgea eta abar.
Surrealismoaren probaldi bat izan zen zenbaitentzat eta honen adibide dugu Erramun Zuriarrain, surrealismotik pintura materiko eta espresionistara igaro baitzen eszena arreekin, kontu handiz landutako gris eta lur-koloreen aukera zabala eginez.
Fernando Beorlegik bere lanaren zatirik handiena, oroimenaren figurazio garden eta itzalkorrak, eszenatoki errealisten gainean adieraziz garatu zuen.
Baina, Karlos Sanz eta Bizente Ameztoy dira surrealismozale irmoenak.
Karlos Sanz
aldatuKarlos Sanz (1943-1987) da eredu paradigmatikoa, bizitza eta artea hain elkarturik izanik, bata bestearen aipamenik egin gabe azaltzea eta adieraztea ezinezkoa delarik. Hemofiliaz kutsaturik, bere muga fisikoak eta bere etengabeko oinazeak jasaten asmatu egin zuen eta paradoxikoa bada ere, baita bizi-poz sutsu batez mozorrotzen ere. Zuzenbidean lizentziatu zen, eta jarduera sozial, politiko eta, nola ez, artistiko bortitz baten gorabeheretan, humanismo bizi batekin nahastu zen, 1965ean Gipuzkoako Elkarte Artistikoaren lehendakari hautatua izan baitzen.
Olerkigintza eta narrazio-literatura landu zituen, pinturaz gain, eta batez ere marrazkilari aparta izan zen, emankortasun miresgarri batez oinazeen deabruei konjuruak egin beharrean izan zen margolaria. Bere bizitzako oinazeetatik eta bere itxaropen ahulak eraginda normala da gozagarria margogintza sutsu batean bilatzea, eta bere gertuko halabeharraren ikuspuntu tristea pinturan murgiltzea ere, giza gorputzaren zentzu zatikatu, behin-behineko eta suntsitzailea adieraziz, batzuentzat Bacon britainiarraren pinturaren antza garbia baino dena.
Hasiera batean (1965) El Paso taldetik oso gertu zegoen modu informal jakin bat landu zuen, keinuzko espresionismorantz jotzeko gero. Collageak eta fotomuntaketak ere egin zituen. Beharbada malenkonia amorratu ezkutatzen ez duen margogintzak, Diktaduraren azken urteetan bizi izan zen egoera politikoaren salaketa bat du atzean:
- Barrikada (1973), edo
- Oraindik hor daude (1981) lanetan.
Bere margolanik bereizgarrienak, imajinagintza surrealistaren printzak isurtzen dituela dirudienak, izaki ernaberri, formagabe eta hilgarriak dira, batzuetan hiru dimentsioko espazio arkitektonikoetan kokatuak, ikusleria zabalaren begi-bihotzak gozatzeko eginak ez diren irudiak; oro har, hizkera surrealista eta kafkiar bat da, gaiztoa den horretan eta hilotzetan behin eta berriro lehiatuz, irudi zatikatuek agertzen duten tortura iradokitzailea batzuentzat izugarria bazen ere, Gabriel Zelaiaren izaera poetikoari –esate baterako- misterioa sumarazten zioten: «Gizakiarena baino gehiago, pentsaezina gertatzen den zerbaiten berri ari da ematen hemen».
Bere lagun min Marta Cardenasek idatzi du bere teknika artistikoari buruz: Karlos Sanz-ek «konbinazio atsegingarriz – adibidez, urdin eta berde apartek edo urre-kolore eta arrosak– zoritxarrekoen hura adieraztea lortu zuen. Hori guztia brotxa lodiko margolariaren «paletatxo» loditik hartutako pintzelkada atseginzale batekin, batzuetan koipetsua, besteetan ekortua, eskuaren eta eskumuturraren joko ugariz egina eta ia beti hondoko margoei berak gainean jartzen zizkien koloreen artetik arnasa hartzen utziz. Pintzela erabiltzeko modu jakintsu hau izan zen sen bikain baten eta lan-ordu askoren emaitza eta ezaugarririk pertsonalena, ene iritziz».
Bizente Ameztoy
aldatuBizente Ameztoy (Donostia 1946), mende bukaerako margolari gehienak bezala joera ezberdinekin garatu zen margolaria zen; baina, betiere leiala, surrealismoak oinarrizkoa duen harekin, hots, logika kontzientea eta buruko konbentzionalismoa gainditzearekin.
Margolari konformaezina, kezkatia eta kezka sortzen duena; bere artearen konstante orokorrak ezagutu arren, ikuslea harritzen duen zerbait ekartzen du Ameztoyk erakusketa bat duen bakoitzean. Erreala onirikoa denarekin batzen du, eta ohiko logikatik kanpoko gauzen eta pertsonen arteko hurbiltasunak ikuslea gogoetara gonbidatzen du. Batzuetan, ezusteko elkarketa hauek badute umore ukitu bat, eta ikusleari gogora ekartzen dizkio Buñuelek bere pelikula batzuetan asmatzen zituen ustekabeko elkarketak.
Askotan ageri da hiriaren irudi modernoa Ameztoyren lanetan, eta ezinegona sortzen duen denboraz gaindiko paisaia, organikoa, sexu misteriotsua duten izaki izendaezinak bizi direnetakoa. Ameztoyren lanetan gehien harritzen duten zantzu bat da margogintzan duen teknika -mantsoa, zehatza, bertutetsua-, dudarik gabe, modernotasun industrialaren aroan, kultura eta naturaren arteko borroka suntsitzailea iradokitzeko egokiena.
Ameztoyren katalogoan badira autorretratuak ere, baina pertsonaia androgino, humanoide eta erdi-landarezkoen arteko eldarniozko topaketak ageri dira nonahi. Ameztoyk bere margolanik garrantzitsuenak eta enblematikoenak hirurogeigarren hamarkadan egin zituen. Izenburu hau jarri ziona, esate baterako:
- Virginia eta Edurne Zuri ontzi batean amanitak jaten mundua gainera datorkien bitartean (1977).
Hiperrealismoa
aldatuHiperrealismoaren ildoan kokatuko litzateke Iñaki Lazkano. Gaur egun artearen historian izan diren natur eta arkitekturaren irudikapenak ikertzeko obra bat du garabidean, presentzia hutsezko igarkizunaren aurrean eta beronen esanahi formal ezezagunaren aurrean kokatzen gaituen begiratu bat ezarriz.
Informaltasuna eta keinua
aldatuIbilbide hau hasi zuten beteranoen artean aipatu beharrekoak dira: Ramos Uranga, Díez Alaba, Gallo Bidegain eta Jose Barceló. Gazteen artean: Ruscoba anaia biak, Rosa Adrada, Txupi Sanz eta Iñaki de la Fuente.
Gabriel Ramos Uranga
aldatuEztabaidagarria da Gabriel Ramos Uranga (1939-) bilbotarraren margogintzak forma naturalarekin halako izaera sentibera zuela kontutan harturik, bere ibilbidearen hasieran eman zituen ale bikainak informaltasun zorrotzean kokatu behar diren ala ez. Baina egia da naturan behatutako hainbat landareren edertasun zentzu honek joanarazi zuela poesia informal, fin eta klasizista batera. Balerdiren multzoarekin alderatuta, Ramos Urangaren oihalak lirikoagoak eta sutsuagoak dira, xehetasun zehatz eta ñimiñoek sentiberatasun fineko arrazionalista arduratsua erakusten baitute. Oso piktorikoak eta ikusteko atseginak diren bilbe espazial leunak osatuz gurutzatzen da kolore garbiko lerroen bidez eginiko kaligrafia-teknika.
«Lan hauetariko batzuen neurri handia ez dago ertilariaren senezko keinu bat askatzeko pentsatua, baizik eta kaligrafiazko gauzatze zehatz, intimista bati espazioa emateko. Obsesio izateraino xehatu diren obrek, finak eta misteriotsuak, handia eta mikroskopikoa elkartzen dituen ezohiko monumetaltasuna dute».[19]
- Gasteizko eskola
Euskal informaltasunaren kronikak Gasteizko eskolara eraman behar gaitu derrigorrez, 70eko hamarkadan Euskal Herriko eskulturaren gertuko ezaugarri batzuk zituen «makropaisaia abstraktua» lantzen zuen margolari talde honengana.
Karmelo Ortiz Elgea
aldatuTalde horretako ezagunena eta nabarmenena izan zen Karmelo Ortiz Elgea (1944), joera desberdinekin saiatu ondoren, jatorri figuratibo eta espresionistara itzuli zen ertilaria, bere aldi abstraktuan aurkitutako baliabide formalei –koloreari, materiari, enpasteei eta grafismoei– ukorik egin gabe.
Dario Urzaiz
aldatuAgian, Dario Urzaiz (1958) bilbotarra da denetan ustekabekoena eta zirikatzaileena, zeren eta margogintza ia hiperrealistaz betetik, figurazioarekin nahastu eta irudi aldakorrak sortuz zehaztasun gabeko profilan informaltasun materikorako garapenean baitoa; edozein agerpen erreal edo fantastiko itxaroten duen irudimena zirikatzen duela dirudien zukua zu.
Ikerlari geldiezinak
aldatuKritikari eta historialarien arreta erakartzeaz gain, arte garaikidearen problematika gai liluragarria bihurtu da, baita jardute artistikoaren mailan ere, eta hauxe oroituz bukatuko dugu atal hau.
Ertilari batzuengan, garai batean artisau-artistaren obradorea zena gaur egun ideia lantegi bihurtzen ari da. Artea ez da dakigun hori sortzeko egiten, baizik eta jakiteko egiten da artea; artea bera zer den jakiteko.
Hiru ertilarirengan ematen den ikerketa-sen honen hiru adibide aurkeztuko ditugu amaitzeko. Hirurak gipuzkoarrak dira, eta hiruretan nork bere burua argitzeko ahalegin geldiezina ikus daiteke: Txopitea, Goenaga eta Uranga.
Daniel Txopitea
aldatuDaniel Txopitea (1950-1997) Ermuan jaiotako zoritxarreko ertilari hau, lehenik Eibarren eta gero Zarautzen bizi izan zen. Jakitea, ezagutzea eta sortzea xede zuen autodidakta bat izan zen, eta nahi honek literaturara eraman zuen; margolaria izateaz gain, idazlea izan zen. Margolarien artean sailkatzea ez da erraza; izan ere bere ikerketa-senak, historialariek tasun deitzen dioten XX. mendeko alor guztiak esperimentatzera bultzatu zuen. Pixkanaka jo zuen, gizartean sustrai garbiak zituen errealismo magiko eta surrealistera.[20]
Gauzak saila'. Gauzak izeneko lanak ia abstraktuak baina beti formaren egitura egokia duten irudi-saila edozein kontenplarirentzat enigmatikoa da, baina begirada harrapatuta geratzen da iradokitzen duten misterioaren aurrean.
Gero, halakoxe ukitu surrealista duen espresionismo ageriko baten aldera garatu zen.
Kolorezko orban lauak zituen geometria soil baten aldera erakarria sentitzen zen garaian iritsi zitzaion heriotza.
Joan Luis Goenaga
aldatuTxopitearen adin berbera duen Joan Luis Goenaga (Donostia, 1950) Euskal Herriko artearen eremutarra da; bere Alkizako baserritik beste edozein artista garaikidek baino sakonagotik sentitzen ditu jaiotzen ikusi zuen lurrarekiko loturak, baina berak lurra ez du erromantikoen panteista modura sentitzen, baizik eta lurrari buruz hitz egin daitekeen zentzu material eta lurtarrenean.
Ez da erraza Goenagaren margogintza definitzen, eta jakinaren gainean jarritako ikusleak ere, joera moderno guztien ezaugarriak antzemango lituzke: espresionismoa, surrealismoa, abstraktutasun lirikoa, informala.
Goenaga, Arte Eskoletatik pasa, eskulturan esperientzia berriak entseatu, eta atzerrira egindako hainbat bidaiatan maisu handiez blaitu ondoren, beti bere Alkizako monako-bakarlekura itzultzen da, berak dioen bezala «itzal eta isiltasun-bideetara» eramaten duten estimuluez beterik.
Hiriko paisaiaren gaiari heldu dio, baina batez ere landare paisaiek erakartzen eta atxikitzen dute.
Goenagaren margolanen aurrean jarrita sortzen den lehenengo begiradak arte abstraktuan bukatuko duela iradoki dezake, baina, haatik, ez da horrela gertatzen. Naturaren mugagabeko aniztasunaren figurazioak, gizasemea edo antropomorfoa, landareen errealitateak, adarrak, sustraiak, lumak, hegaztiak, lurrak ematen duen guztiak misterioaren zentzua asaldatzen du beregan, bere lehenbiziko sailean gertatzen den bezala: Sustraiak, 1973-77.
Beharbada une hartako konnotazio politikoren bat zuten eta apur bat zoritxarrekoak ziren pertsonaien espresionismo ia narratibo batetik igaro zen.
Estilistikoki, bere pintura segituan ezagutzen da. Kolore hotzek erakartzen dute, berdeek, grisek, marroiek, ia beti tonalitate goibeletan; eta informaltasun materikoan pentsarazten duen zuku batean gainean ezartzen ditu bere pintzeladak. Ez da erraza egituraren eskemak aurkitzea Horror vacui antzeko bat sumatzen den hostotza piktoriko dinamiko, bero eta bertikala horretan.
Euskal Herriko pintura zer izan litekeen zehatz jakin nahi duenak aztertzea merezi duen margogintza lirikoa da.
Anjel Uranga
aldatuAurrekoak baino gazteagoa, Anjel Uranga (Zarautz, 1961) intelektual bat da margogintza. Arte Ederretan lizentziatu zen eta 1994an Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza eskuratu zuen.
Espatulaz margoturiko paisaietan hasi zen bere maisutasuna kanporatzen, halako grazia eta alaitasunez lanekin, non, pintura mota hau lantzen dutenen artean nahastezina baita.
Izan zuen beste aldi bat ere, bere pinturak Euskal Herriko eskolako eskulturagileek egiten zutenaren elkarbide piktorikoa zirudiena.
Uranga egiten duenaren berri ematen dakien ertilaria da. Bere bokazioa pintura egitea ala pintura ona zertan datzan aztertu eta erakustea ote den galdetzen dio nork bere buruari. Margogintza ezberdina du besteengandik eta berariazko komunikazio-sistema bat dela sinetsirik, bere lanik berriena pinturaren balio semiotikoaren kontzientzia zerbitzatzeko dago.
Urangak asmatu du bere berri emateko teknika pertsonal bat: berak «baliabideen bateraezintasuna» deritzona da -bateraezintasun kimikoa gisa ulertu behar da-, adibidez, olioaren eta uraren artekoa, eta hau, aukera bukaezinak irekiko dizkion hizkera bat sortzeko baliatuz, bateraezintasun hau menperatzen saiatuko da. Horrela, irudimenezko espazio eta bolumenaren ezagutzan sakondu du, halaber, koadro baten irakurketa-bide edo -ibilbidearen eta abarren oinarrizko ezagutzan. Aparren, burbuilen eta globulu erdi-gardenen ikus-eremuen gainean sortarazten ditu irudiak eta paisaiak.
Kritikak onartua eta bere mintzaeraren berritasunagatik atzerriko galerietan goraipatua, Urangak osperako jauzia eman du azkenaldian zoritxarreko irailaren 11 hura baino lehenago Manhattango bi dorre bikiak marrazteagatik, hauetariko bat apurtua eta biak oreka ezegonkor batean, esanahi iragarlea eman zaion koadroa dugu berau.
Laburpena
aldatuJoeren ugaritasuna
aldatuArte historialaren arreta XX. mendeko azken aldi honetako ezerk erakartzekotan, joera ugaritasunak erakartzen du, bere ikuspegi panoramikoa laburbiltzeko garaian, ertilarien artean lotura estuak aurkitu nahian ibiliz gero, deseroso senti daiteke inor.
Sakabanaketa honek, eslogan jakin baten babesean talde batua eratu nahi zuten sormen artistikoaren lanbidea zutenei eragin zien. Ezbairik gabe, garaiko gizartearen norberekoikeria islatzen duen fenomenoa.
Artearen alorrean, norberekoikeria gogor hori bereziki azalduko da nabarien urte gutxiren buruan ertilari bakoitzak garapenaren bidean ematen duen aldakortasunean. Atal honetan aipatu ia ertilari guztiengan ikusi ahal izan dugu egonezinezko jokabide hau: sakonean sustraituriko uste sendoenaz mugituko ez balira bezala, edo unean uneko haize gorabeheratsuen alde jokatuko balute bezala, joera ezberdinak eta batzuetan aurkakoak direnetan atxikitzen dira; askotan aldi berean, denbora oso laburrean jarrera aldatzen dute eta esperimentazio alor bat uzten abentura berri bat entseatzeko. Hortik dator, sailkapenak egin eta tipologiak zehaztea maite duen kritikari eta historialarientzat, ertilari bakoitza «bere lekuan» kokatzeko zailtasuna.
Horregatik pentsa liteke Oteizak «Euskal Herriko Eskola» kaleratu nahi -edo bazela azaldu nahi- horren asmoz 60ko hamarkadan izan zuen erkaketa-sen horrek joeren aniztasun horrengatik egin zuela porrot, eta Oteiza bera, halako kontzientzia eta gogoen mobilizatzaile suharra izanik, ere ez baitzen horren aurka borrokatzera ausartuko. Gaur egun aniztasuna dogma bat da arlo guztietan, eta arteak ezin dezake islatu eta sustatu besterik egin.
Beronen adibide garbia, arkitektura europarrak izan duen garapena dugu Le Corbusier, Gropius eta Mies van der Roheren arrazionalismoaren agerpenaz geroztik. Arrazionalismoa Euskal Herrian sartzen hasi zenean –ikusi genuen bezala, beranduan–, arkitekto gazteen belaunaldian hainbeste eta halako atxikipen sutsuak esnatu zituen, ezen «arrazionalismo mende bat» aurreikus zitekeen. Baina urte gutxiren buruan, beste joerek –organizistek, espresionistek, neoklasizistek, minimalistek, eta abar– ere beren izateko eskubidea defendatu zuten. Errotikako arrazionalista izan zen J. Manuel Aizpurua 30eko hamarkadan; eta halakoa izan zen garai hartan M. Inazio Galíndez ere; baina 20 urte geroago Galíndezen arrazionalismoa neurritsuago bilakatu zen (Banku Hispanoamerikarra, 1950); eta 30 urte beranduago, gure arkitekto Rafael Moneok arrazionalismo oro baztertzen zuen. Meridako Museorako (1980), arkitektura historikoan inspiraturik, iraganarekin bat egiten ausartu zen «maileguarengatik barkamenik eskatu gabe», berak esan duen bezala. Ulergarria da «arau-gabetasunaren balioaz», «gertakizun denaren ulermenaz» eta «irrazional denaren erdiespenaz» hitz egin izana.
Hirigintzarekiko kezka
aldatuEta arkitekturari buruz ari garenez, beharrezkoa da hirigintzako kezka eta larritasun saihestezina gogoratzea. Arkitektura Eskoletako irakaskuntza ofiziala oso esanguratsua izan da zentzu horretan. Gaur egun hirigile ez den arkitekto bat ulertezina gertatzen da. Gizakiaren berehalako zoria lurrari, beronen zaintza eta babesari, loturik dagoenaren kontzientziak, eta planeta honetan gizakiaren etorkizuna eta bizi-kalitatea hein handi batean gure ingurunea babesten nola asmatzen dugunaren baitan ere badagoenak, arkitekturaren ideietan aldaketan eragin du.
Hemendik aurrera inguratzen gaituen espazioarekiko, ingurunearekiko eta genius loci-arekiko begirunea, aurreko hamarkadetan baino askoz ere premiazkoagoa izaten hasiko da. Hiriko eraikuntza bat izanik, eraikinak hiriko erreferentzia-puntuak sortu beharraz ondo jabetzen da arkitektoa. Eta Kursaaleko blokeak, nahiz eta gertuko eraikin batzuekin egiten duen kontraste gogorra gustuko ez izan, erreferentzia-puntu dira jada donostiarrentzat, veneziarrentzat Palazzo Ducale izan litekeen bezalaxe.
Orain hirietan jasotzen diren eskulturen egitekoa jada ez da hainbeste oroitzea merezi duten pertsonaiak ohoratu nahia, baizik eta hiri-bizitzarako erreferentzia-puntuak sortzea: lehen Legazpi, Elkano edo Iparragirre beren jaioterrian bilatzen baziren, gaur egun Txillida, Oteiza, Basterretxea eta Rikardo Ugarte bilatuko dira, eta hauen ondoren Anda Goikoetxea (Ondarretan), Koldo Jauregi (Intxaurrondon), Aitor Mendizabal (Irungo plazan) eta Andres Nagel (Tolosa hiribidean).
Abangoardian egotea
aldatuKasu askotan azken urte hauetako arte-esparru guztian ezaugarri izan den originaltasun-lehiari loturik, abangoardian egote nahia bezala azal litekeen berariazko alderdi bat izan du indibidualismoak.
Abangoardia kontzeptu modernoa da. Abangoardian egoteagatik entsegu barregarri eta pasakorrak egin direla ere, edozein behatzaile kritikok aditzera eman dezakeen gertakaria da. Agian, modernotasunaren muga honen erantzukizun-zati bat artearen alderdi sortzailean hainbeste tematu diren esteta eta filosofoen bizkar jarri beharko litzateke. Poeta «mintzairaren sortzaile» bat dela eta ertilari oro «formen sortzaile» bat dela hainbeste azpimarratu da, non inkontzientzia gutxi edo gehiagorekin, arte ikasleak beharrezkotzat jotzen duen zeregin bakoitzean bide berriak urratzeko gauza dela erakustea, gizarteak eta tradizioak eskaintzen dion bilbean hari berri gutxi batzuk filtratzearekin bere zeregina nahikoa betetzen duela pentsatu gabe.
Teknikoen eragina
aldatuAzken atal honetan aipatu behar izan ditugun lan askotan elkarren artean nahastu eta korapilatzen diren tasun amaigabeko hauen erroan, ikusizkoen teknikek azken urteetan izan duten garapen izugarria ere aurkitzen da. Tekniken aurrerapen inbaditzaile hori (argazkigintza, zinema, bideoa) esperimentazio alor izan zen, besteak beste, Sistiaga, Ramón Vargas, Dario Villalba eta beste hainbat artistentzat. Beste nonbait idatzi dugu: «Hain aldi teknokratiko bikain bati estiloen ugaritze eta ugaritasun fantastiko eta nahasgarri bat egokitu zaio. Materia berriak sortzeko ahalmenak arte garaikidearen mila itxuraldaketarako gaitasuna eman dio gizakiari».
Kultura postmoderno bateko artea
aldatuJoera ezberdinen eta askotariko tekniken aldaketa eta esperimentaziorako zaletasun honen oinarrian aurkitzen da ziurtasunik ezaren sentimendu bat ere, kultura postmodernoak oso berea duena. Iraganeko dogma guztien etsipen aldian gaude, eta baita historiako bertako dogmenean ere. Arteak narrazio izateari utzi dio. Kontakizun deskribatzaile oro sinesmen sendoen lekukotzat uler daiteke. Eta hori ez da gaur egun adierazi nahi dena. Kandinski ideiarik komunikatu gabe sentimenak eta jarrerak adieraz zitzakeela ohartu zenean jaio zen arte abstraktua. Abstrakzioa Euskal Herrira iritsi zenean eszeptizismoa eskutik zuela iritsi zen -aro postmoderno hau kutsatuko zuen birusa berau. Gure kultur giro guztia agnostizismoak mendean harturik dago -eta ez erlijio mailako agnostizismoak, ezta preseski berau ere. Esan daiteke inor ez dela ezeren ziurtasunik ematera ausartzen.
Tolerantzia ez da jada bertute bat, espirituaren eskuzabaltasunaren adierazpide bat, baizik eta zabaldutako agnostizismo baten beharrezko emaitza baino ez. Arte alorrean honen lekukotasuna ematen du, beste bat hartu asmoz, joera bat uzteko erraztasunak eta azken gotorlekuetara ere iristen den abstrakzio horri lehentasuna emateak: materiaren azterketa, eta artea ukatzea zerbait objektiboaren emaitza gisa. Arteak, orain, ez du produktuaren beharrik bizipena, gertakari soila eta ertilariaren performancea prozesu bilakatzeko, Euskal Herrian Donezarrengan edo Txomin Badiolarengan egiaztatzen ari garen bezala.
Baina segituan etorri zaigu burura galdera hau: Zer emango ote dio «mende amaierako» arte anorexiko honek Hirugarren Milurteko Euskal Herriari?
Erreferentziak eta oharrak
aldatuTxantiloi:Erreferentzia zerrenda
Bibliografia
aldatuAGUIRIANO, Maya: Los años setenta. Pintores Vascos en las Colecciones de Cajas de Ahorros (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, y Vital Kutxa)-n. VII. alea (Donostia, 1996).
AGUIRIANO, Maya: Artistas vascos entre el realismo y la figuración: 1970-1982. Udal Museoa (Madrilgo Udala, 1982).
ALVAREZ EMPARANZA, Juan Mª: La pintura vasca contemporánea 1935-1978 (Donostia, 1978).
ANONIMOA: Luis Peña Ganchegui. Arquitecto. Erakusketa. Museum Cemento Rezola (Donostia, 2001).
ARCEDIANO, Santiago: Las primeras tentativas abstractas en la pintura alavesa de postguerra. XI. Congreso de Estudios Vascos: Nuevas formulaciones culturales: Euskal Herria y Europa-n (Donostia, 1992).
ARCEDIANO, Santiago: El itinerario pictórico de Juan Mieg. Catálogo Juan Mieg-en. Amarika Aretoa. Arabako Foru Aldundia (Gasteiz, 1995eko irail-urria).
ARCEDIANO, Santiago: Una aproximación a la pintura alavesa contemporánea. Vitoria-Gasteiz en el Arte-n. II. alea (Gasteizko Udala, 1997).
ARSUAGA, M. eta SESÉ, L.: Donostia-San Sebastián. Guía de Arquitectura. COAVN (Gipuzkoa, 1996).
BARAÑANO, Kosme Mª: Gabriel Ramos Uranga. Obra gráfica completa. BBK, (Bilbo, 1996).
BARAÑANO, K., GONZALEZ DE DURANA, J., JUARISTI, I.: Arte en el País Vasco. Catedra (1987).
CENICACELAYA, J., ROMAN, A., SALOÑA, I.: Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. COAVN, (Bizkaia, 2002).
GARCIA DIEZ, J. A.: La Pintura en Álava. C. A. de Vitoria y Álava argit. (Gasteiz, 1990).
GARCIA GRINDA, E.: J. I. Linazasoro. Obras y proyectos. 1988-1997 (Madril, 1998).
GONZALEZ DE DURANA, Javier: Ideologías artísticas en el País Vasco. Ekin (Bilbo, 1992).
KORTADI OLANO, Edorta: Reflexiones en torno a la Escuela Vasca de pintura: sus raíces y su desarrollo. Cultura Vasca II-n. Erein (Donostia, 1978).
MARAÑA, Félix eta beste.: Carlos Sanz por dentro. Un proceso interior. Gipuzkoako Foru Aldundia, (1999).
MARCHAN FIZ, S.: J. I. Linazasoro. G. Gili (Bartzelona, 1989).
MARTINEZ GORRIARAN, Carlos: El arte y los artistas vascos de de 1966 a 1993. Nosotros los Vascos. Arte-n, V. alea (Bilbo, 1994).
MAS SERRA, Elías: 50 años de arquitectura en Euskadi. Eusko Jaurlaritza (Bilbo, 1990).
MORENO RUIZ DE EGUINO, Iñaki: Abstracción vasca. Inicio y desarrollo. 1928-1980. Pintores Vascos en las Colecciones de las Cajas de Ahorros (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa y Vital Kutxa)-n. VI. alea (Donostia, 1996).
MOZAS, J.; FERNANDEZ, A.: Vitoria-Gasteiz. Guía de arquitectura. COAVN, (Gasteiz, 1995).
MOZAS, Javier: Roberto Ercilla o la arquitectura de la renuncia. Documentos de Arquitectura-n, 20. zk.
PIZZA, Antonio: Guía de la arquitectura del siglo XX. España. Electa argit. (Milan, 1987).
ROQUETA, Santiago: Luis Peña Ganchegui. Conversaciones (Bartzelona, 1971).
RUIZ QUINTANO, Ignacio: Bonifacio Alonso. Turner argit. (Madril, 1992).
SAN MARTIN, Francisco Javier: Diez años de exposiciones 1980-1990. Pintores Vascos en las Colecciones de las Cajas de Ahorros (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa y Vital Kutxa)-n. VIII. alea (Donostia, 1996).
SAN MARTIN, Fco. Javier: Carlos Sanz (1943-1987). Gipuzkoako Foru Aldundia. 2 aleak (Donostia, 1982)..
URRUTIA, Angel: Arquitectura española contemporánea. Documentos, escritos, testimonios inéditos. COAM (Madril, 2002).
V.V.: Dossier Arte Vasco. Batik-en, 61. zk. (1981eko maiatza).
V.V.: Juan Luis Goenaga. «Ilbeltza» (por caminos de sombra y silencio) 1969-1995. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).
V.V.: José Zugasti. Kobie (Bellas Artes)-en. Bilbo, VI. zk. (1989).
V.V.: Itinerario escultórico en Álava. Certamen de escultura. Caja Vital Kutxa Fundazioa (Gasteiz, 2001).