Free to Choose
XIX. mendeko gobernuak oso mugatuak ziren eta botere gutxi zuten; egoera hartan, ez zuten erdi mailako gizonak mehatxatzeko gaitasunik. Bestalde, gizalegeko jendeak on egiteko ere botere gutxi zuen gobernuak; zer konpondu asko zegoen mundu ez perfektu hartan. Gainera, gizarteak berak aurrera egin ahala, salagarriago bihurtu zituen agerian ziren injustiziak. Beti bezala, jendeak ez zituen zalantzan jarri aurrerapen mesedegarriak, eta ahaztu egin zitzaion zer arriskutsua izan zitekeen gobernu indartsu bat askatasunaren kaltetan. Hori ikusi ordez, jendearentzat erakargarriagoak ziren gobernu indartsu batek egin zitzakeen gauza onak, betiere gobernua esku «onetan» egonez gero.
Britainia Handian, XX. mendearen hasieran hasi ziren ideia horiek eragina izaten estatuaren politikan. Estatu Batuetako intelektualen artean ere harrera ona izan zuten, baina oso eragin eskasa gobernuaren politikan, 30eko hamarkadako lehenengo urteetako Depresio Handira arte. Depresio horretan, talde askok ikusi zuten merkatu libreko sistema kapitalistaren porrota. Mito horrek bultzatu zuen herritar arrunta intelektualen erara pentsatzera, norbanakoari eta gobernuari dagozkien ardurei buruz. Aldatu egin zen norbanakoaren ardurei buruzko ikuspegia. Hau da, etorkizuna erabakitzeko norberak duen eraginari ematen zitzaion garrantzia lehenago; orain, aldiz, norbere kontroletik kanpo dauden indarrek bultzatuta mugitzen da norbanakoa, ikuspegi berriaren arabera. Estatuaren zereginari buruzko ikuspegia ere aldatu egin zen. Lehenago pentsatzen zen arbitrolana egin behar zuela Estatuak herritarren arteko borrokak saihesteko. Orain, berriz, aita gisa ikusten da Estatua, hots, batzuek besteei laguntzera behartu behar dituen erakunde gisa.
Iritzi horiek nagusitu dira Estatu Batuen bilakaeran, azken berrogeita hamar urteetan. Haien eraginez, areagotu egin da ekimen publikoa maila guztietan eta, aldi berean, tokian tokiko estatu eta erakundeek boterea transferitu diete estatu federalari eta Washingtongo burokratei. Estatua gero eta gehiago arduratu da batzuei kentzeaz, beste batzuei emateko, betiere segurtasunaren eta berdintasunaren izenean. [...]
Baina azken urteotako eskarmentuak —hazkunde txikiagoa eta produktibitatearen jaitsiera— zalantza sorrarazten du: irudimen pribatuak jarrai ote dezake gobernu kontrolaren ondorio kaltegarriak estaltzen, orain arteko bide beretik jarraituz gero? (hau da, estatuari gero eta botere handiagoa emanez gero, eta funtzionario «klase berri» bati baimena emanez gero, gure diru-sarreren gero eta zati handiagoa gasta dezaten, teorian, gure onerako). Arinago edo geroago —eta, beharbada, gutariko gehienok uste baino lehenago— sektore publiko gero eta interbentzionistagoak suntsitu egingo ditu merkatu libreari zor diogun aberastasuna eta Independentziaren Aldarrikapenean garbi adierazita dagoen gizakiaren askatasuna. [...]
Milton eta Rose Friedman
1980
Iturria: Friedman, M. eta Friedman, R. (1980): Libertad de elegir, Orbis, Bartzelona, 1983, 19-23.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 78.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |