Gamal Abdel Nasser-en hitzaldia

Herritarrok:

Iraultzaren bosgarren urtea hasiko dugu gaur. Lau urte eman ditugu borrokan. Iraganaren hondarrak baztertzeko egin dugu borroka, inperialismoarenak eta despotismoarenak, atzerritarren okupazioaren arrastoak eta barne-despotismoarenak baztertzeko.

(...)

Borrokan ari gara eta irabazi egingo dugula sentitzen dugu; beti gure duintasunaren printzipioak sendotzeko, halaber askatasunaren printzipioak eta handitasunarenak; eraiki dezagun estatu independente bat, benetako independentzia izango duena, bai politikoa, bai eta ekonomikoa ere.

Etorkizunera begira, oso garbi ikusten dugu gure borroka oraindik ez dela amaitu. Ez da erraza gure potentzia eraikitzea helburu inperialisten artean eta nazioarteko konploten artean. Ez da erraza gure independentzia politikoa eta ekonomikoa lortzea, borrokak jarraitu ezean. Borrokaldi asko dugu aurrez aurre, duintasunez biziko bagara.

Duintasunaren eta askatasunaren oinarriak ezartzeko aukera dugu gaur, eta etorkizunean oinarri horiek sendotzea izango da gure etengabeko helburua; aldi berean, gehiago indartzea eta tinkotzea.

Gure nazionalismo arabiarraren kontra jotzen saiatu da inperialismoa, eskura izan dituen bide guztiak erabiliz. Sakabanatzen eta banatzen saiatu da, eta horregatik sortu du Israelgo estatua, inperialismoaren emaitza. (...)

Ez dugu ahaztu independentzia ekonomikoa; izan ere, oso garbi dugu hori dela independentzia politikoa lortzeko bide bakarra.

(...)

Gaur negoziazioei buruzko guztia kontatuko dizuet. 1952tik aurrera, eta iraultzak arrakasta izan ondoren, gurekin harremanetan hasi ziren Ingalaterra eta Amerika, eta haiekin batzeko eskatu ziguten; baina guk beti erantzun dugu inoiz ez genukeela itun batean parte hartuko arabiar estatu guztiak bertan izan ezean. (...)

Gure eskubide guztiak berreskuratuko ditugu, funts horiek guztiak geureak direlako eta Egiptorena delako kanal hori. Elkarte Anonimo egiptoarra da Konpainia, eta 120.000 egiptoar hil ziren kanalaren bidea egiten. Suezko Kanalaren Elkartea, Parisen egoitza duena, esplotazioaren estalgarria baino ez da; izan ere, Eugene Black-ek Lesseps-en asmo bera izan zuen Egiptora etorri zenean. Presa handi bat eraikiko dugu eta galdutako eskubide guztiak lortuko ditugu. Geuk jasoko ditugu Konpainiak kobratzen dituen 35 milioi liberak eta Egiptoren onerako erabiliko ditugu.

Herritar maiteok, gaur diotsuet, presa eraikiz ohorezko eta loriazko gotorleku bat eraikiko dugu eta umiliazioa eraitsiko dugu. Egipto osoa fronte bakarra eta batua dela aitortzen dugu, eta bloke nazional banaezina. Egipto osoak egingo du borroka herrialdea eraikitzeko, azken odol tanta isurtzeraino. Ez diegu emango beren planak gauzatzeko aukerarik herrialde okupatzaileei, eta geure eskuekin eraikiko dugu Egipto indartsu bat; horregatik aurkezten dizuet gaur kanalaren konpainia nazionalizatzeari buruzko gobernu-akordioa.

1956


Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 282-284

Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 49-50.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.