V. Azoka ta dema
pages 79-108

V.

AZOKA TA DEMA


Azoka ta dema zalea da euskaldun basetxetarra. Etengabeko lanean egongo da iru edo lau aste osoan azokaren pozez, baña etzaiozute azokaren itxaropenik kendu, bada orduan egoak moztutako txoria bezela geldituko zaitzute, jangar ta nakar, abaildua ta ezertarako eza.
Azoka da, menditarrentzat, ez bakarrik salerosketako garaia, baita ere albisteak jakiteko era ederra, lagun arterako beta egokia, jan edanerako epe gozoa, atseden ordurik onen onena.
Gauza oiek guztiak bear ditu gizonak noizean bein, ta gure baserritarrak iñork baño geiago noski.
Ezta padartzarako[1] jaio, bakartasunean bizi bada ere. Paduak[2] eztu izutzen, baño gogait eragiten dio Mendian dauka kabi maitea, baño be aldietan biotzak eskatzen dion jolas deigarria. Atzeka, lotua, itz gutxikoa dirudi ezezagun ta andikien aurrean, baño iztuna, edegia, ausarta da bere ideko adiskidien ondoan.
Esan dezatela Tolosa, Billapranka, Billarreal, Zumarraga, Mondragoi, Bergara, Elgoibar ta Azpeitikoak, bada erri oietan izaten dira batez ere Gipuzkoako azoka ta demarik izentsuenak, eta bertan agertzen da gure mendi-gizona bera dan bezela, batere estalki gabe, anima guztia garbiro ikusten zaiola.
Nai ta naiezkoak dira Euskalerriko azokak eta ongarriak gañera uri ta etxadi askorentzat, baño ta demak? Ez ongarri, ez nai ta naiezko, baserritarren gogokoak izanarren.
Bai gogokoak, bai orixe. Eztago dema bezelako akullurik nekazaririk txepel, nagi ta geldoena dendatzeko. Naiz dala aberien ari topeak, ollar borroka edo idi dema, naiz dala gizasemien zama jasotze, lasterketa edo aizkora jolasa, oso aurretiaz jakin oidute noiz, nondik, nortara edo non, zeintzuk eta zergatik izango duten demaren bat; biltzen dira gero sagardotegi edo ardangeletan albiste berriak entzun ta esatera; jartzen dira orkoaren edo emengoaren aide, aide, auzo edo ezagunak diralako bakarrik edo apostularien indar, mendu ta almenak obeto dakizkitelako; jasotzen du batak bere gizon autua Ernio baño gorago ta jetxitzen du besteak itxasoko ondarretaraño; asten dira mingarrizko itzak alkarri esaten; berotzen dira ezta-baida zitalean irri ta ziri dabiltzala; suak artzen ditu geiegizko jardun garratz amaigabean; jokatzen dituzte bero beroan aldean dituzten txanpon guztiak; ipintzen dituzte urlia edo sandiaren eskuetan dema egin arteraño,

ta ainbeste bidar gogoratu zaieten txango aldia datorrenean, apostu jakin orretako egun andi alaia zabaltzen danean, goiztxoago jaiki, etxeko lanak zerbait egin, igandietako jantziak soñean jarri, aidiran diru apurrak sakelean sartu emakumien ixillik, eta badijoaz onelako edo alako errira gazteak eta zarkoteak, erkiñak eta kankalluak, jolas-naikoak eta jokalariak, burutsuak eta buru gabeak, alderdi bateko ta besteko gaitasaunak neurtzen dakizkitenak eta biotzak dion aidera itxu itxuan daudenak, bide zabalean aurrera, bide ziorretan barruna, mendian gora, basotik bera, zelai erditik zear, soro ertzetik aldamenka, amilla mengelak sorbaldan dituztela, makillatxoak eskuetan daramazkitela, biotzaren Ieiaz osoro beterik, barruko azkortasuna ezin gorderik, arro, artega, esale ta ameslari, zezenetara baño errezago, eztaietara baño gogotsuago, umeak gozotegira baño pozago, abere ospatsuen indarra edo gizon trebien adorea zelai edo enparantzaren erdian ikusteko

asmoetan.
Done Tomas egun batean Mondragoira joan bearra izan nuan. Azoka eguna zan ta egunik andienetakoa. Zazpi milla aingeru! Bazan uri artako kale arietan itzotsa, zaratea, ixkanbilla ta nastea galanki. Egurrez tontortutako gurdiak, errenkadatik ertenda, urrengoai ibillera galeratzitzen; atzetik zetozen itzaiak, mendian bezela oiu egiñaz, beren uztarrientzat biderik ezin edekita; jolasbilla edo apostura bakarrik joan ziran gizonak, ardangeletako ateaurrean, betiko leloari utzi gabe, alkarri ardoa eskeintzen; artu-emanera zijoazen emakumeak, beso ta buru otarraz beterik, zerbait galdu etzezen, alderdi guztietara begiraka ernai; leio burnietan lotutako beiak ausnarrean, kalearen erdia berentzat bear zutela, idisko edo biantxa gazte izutiak, atzeraka ta alboraka zalaparta gogorrean, enparantzaruntz iñola ere joan nai ezik; patxadako asto zamatuak, nunbaitetik sartu bearrean, aldemenetako guztiai bultzaka; txerrikume pizkor urduriak, beren taldetatik arrapaladan iges eginda, gizatartean edo aberien anketan usaika... nik eztakit zenbat tresna, ele, gizadi ta lazka ikusi nituan enparantzarako bidean. Edonun zegoan traba, esia ta eragozketa; non-nai adarkada edo ostikada baten arriskua; bazter guztietatik entzuten zan oo ta aida, arre ta iso, jeup ta kaixo, alajaña ta arraiopola, aspaldikoa, ta lagun zarra, txintxarria, kurrinka, orroa, marrua, arrana ta arrantza.
Lan aundiak izan nituan enparantzara igarotzen.
Antxen zegoan azoka. Bertan zeuden salgai baserritarrak ekarritako edo baserrietan geienbat bear izaten diran gauzak. Alderdi batean, arto ta gari, baba beltz, zuri ta gorri, intxaur ta gaztañak zorroetan; udare, sagar, azi, landare, urdai, urdaiazpiko, lukainka, gaztai, arrautz, ollo, ollar iraindu[3], ollanda ta ollaskoak otarretan edo lurrean zabal zabalik; oial, txapel, zapata, galtzerdi, mantar, soka, abarka larru, kopetako, paela, tupin, pertza, lai, sega, itari, atxur ta aizkorak mai gañetan, edo agatxoetan esekita.
Emakume saltzalle ta erosleak, jarrita edo zutik, ari ziran ekiñean beren gauzak gora jasotzen edo bera bota naian, era ta gogoa zetorkien bezela.
—Zer? Eztakitala nik gaztaña zer dan uste aldezu? Au ezta bizkai gaztaña, au amalatz erdi ustela da.
—Jas! Orire esan. Gaztaña zindoagorik...
—Eta au zindoa alda?
—Bat edo beste eztu ezer esan nai, emakumea. Bai, kendu zaiozu azala, ikusi zaiozu mintza. Gurean eztago amalatzik, gurean bizkai gaztaña, ibarbeltza ta txapardoa baño besterik ezta.
—Zerori zera zu naikoa txapardo. Tira, danak eramatera, zenbatean emango dirazu?
................................................................
—Ara errege sagar ederrak.
—Burdintxarik eztaukat, baño bai urtebiak, kanpandojak, altxondoak... Danak dira onak, naiz erreta naiz gordiñik jateko. Artu itzatzu kanpandojak.
—Bai kaskarrak!
—Kaskarrak, ukabilla beste badirata?
—Ukabilla nolakoa dan.
—Beti andia, euskaldunarena bada. Atxurrak eta laiak zabaltzen ditu eskuak galanki. Zenbat ipiñiko dizkitzut?
................................................................
—Ollaskorik bear aldezu, andrea?
—Ez, kapoi batzuen billa nabil.
—Ikusi zaizkidatzu auek, artu zaizkidatzu eskuetan; badira amalau libra gutxienez.
—Ze amalau libra gero, ezurra ta azala besterik eztauketa?

—Nai dezu amabi baietz?
—Nai dezu ezetz?
—Pillumena, ekatzu pixu ori.
...............................................................
Emakume saltzailleakin batera jarrita ikusi nuan Zabaletako Ana Josepa, illuntxo, aserre antzean, ia iñori itzik egin nai ezta, arrautza-ollasko batzuek saldu naian Zer ote zuan ain muker egoteko? Geroxeago jakingo degu.
Beste alderdi batean agiri ziran txerri ta abelgorri talde andiak. Bazeukaten gizonak naikoa zer ikusi. Urdama[4] nagi narrasak, ume pilla guri politak, akets gazte gogor sendoak, zezenko eder bizi mamintsuak, urrux egoki garbi txukunak, esnebei gizen ta bikañak... danetik zegoan elea ugari, oso ugari baña.
Entzutekoak ziran baserritarren galdeak, abere jabien erantzuerak eta guztien gogozko goramenak.
Txal baten ondoan:
—Biantxa polita dezu, adiskidea.
—Bai, ama ere eztu onek edonolakoa.
—Zenbat erralde bezela izango da?
—Ogetamaseitik berrogeira.
—Orrenbeste? ... Noiz jaio zan?
—Biar izango ditu amairu illabete.
(Alderdi guztiak begiratuaz).
—Itxurazkoa da. Eztu aitzekiarik...
(Egon egon eginda).
—Saltzeko aldezu?
—Uste orretan ekarri det. Etxean beste zazpi bei badauzkaguta...
—Zenbatean?
—Garestitxo. Jatorri onekoa nola baidan... Oraintxere onen amak sei pitxarro esne emango ditu, umea egin zuala bi illabete bada baña.
—Zenbat eskatzen dezu ba txalagatik?
—Iru ontzako ta erdi eskatu bearko.
—Gizona! Zillarrezkoa balitz ere...
—Ezta zillarrezkoa, baño bai aragiz ondo betea. Aragiak berak ere, erraldeko ogetamarrean, ia orrenbeste jotzen du. Begiratu zaiozu nolako atzealdeak dauzkan.
—Ez, ezta neretzako egiten dana; merkexeagoa bear det. Billatuko aldegu, aukera badagota.
—Gaitz izango dezu ba ona ta merkea billatzen...
Idi erraldoi biren aldemenean:
—Auetxek dira Tolosako dema irabazi zutenak.
—Mutillak! Egundaño eztet onelako idirik ikusi.
—Bai, gure bei koskorrak baño baba geiago jan dute idi auek.
—Baita indarrare alaxen dute. Lau iltze ta erdi egin zituzten ordu betean berrogetamar kintaleko arriarekin.
—Zenbat akullu ziran?
—Iru, onenetakoak.
—Asko esan nai du orrek.
—Bai, baña onak ziran Elgoibarkoak ere, aiek obeak idiak baño. Idietan zegoan alde guztia. Onelako idirik etziok lau probintzietan.
—Zetara ekarri ote dituzte?
—Erakustera. Bizkaitarren batzuk zaletu omen dirata.
—Dirua bearko da ba. Neuk erosi albanitu... Pozik emango nituzke amar bat ontzako. Adiskidea, zenbat eskatzen dezu idiakgatik?
—Emezortzi ontzako.
—Lekutan ziok.
Esne bei on baten inguruan:
—Arranoetan! Eztauka errapea makala! Au ezta orratik gure lurretako enda.
—Ez olandatarra da.
—Ezagun du ille ta adarretan ere.
—¿Otzana?
—Eztago arkume otzanagorik.
—¿Esnetsua?
—Bai, bai. Onek esnea iturriak ura bezela ematen du. Jokatuko nioke edozeiñi eztala gaur Mondragoin onek aña esne ematen duan beirik sartu.
—Zenbat pitxarro?
—Amar baietzean emango nuke.
—Aita San Antoniok bedeinka dezalata, ederra beia.
—Izugarri!
Orrelako izketak zeuzkaten abelgorri tartean zebiltzan baserritarrak. Jo batera ta jo bestera, elerik egokienen ondoan gelditzen ziran geienbat gizon pillatxoak, beren iritziak esaten ta auzokoen aberastasuna ikusten. Ta nolako alaitasun ta arretaz ikusi! Ele aurrean jarri, ankak jaso erazi, kopetan atz egin, atzetik begiratu, lepoan ikutu, mokorrean igortzi, bizkarretik paparrera neurtu, aurtxoak oidiran gisara itz gozoz palagatu, musua eman ez beste guztiak egiten zizkaten. Askotan esan oidegu, ta egiaz, gure baserritarrak ukulluko beiari txit samur begiratzen diola; baño ezta batere miraritzeko gauza: beia da, nekazarientzat, lanerako lagun indartsua, osasungarrizko janaria ematen dien aberea, etxe askotako ondasunik andiena Ia non dagoen norbere ondasunari maitero begiratzen eztion gizon bat.
Asko ziran egun artan Mondragoira inguratutako azoka zaleak, baño dema zaleak askozaz geiago. Demaren bat altzan? Bai, ba, aspaldikorik andiena. Zabaletako Iñazio Marik eta Abadiñoko Jose Domingok egin bear zuten aizkora jokoa. Biak ziran trebeak, iaioak, izen andiko aizkolariak; biak iduki zituzten illabete ta geiagoan jaten ta edaten, arrautzaz ta aragiz asetzen, ixillikako indar neurtzeak egiten, ta egun orretan agertu bear zan bietatik zein zan nagusi.
Ori zan ba euskal gizaldien billaldirako Mondragoitarrak erabilli zuten kakoa, orrek erakarri zituan uri artara alderdi guztietako baserritarrak: Bizkai aldetik Durango, Iurreta, Garai, Berriz, Zaldibar, Abadiño, Izurza, Mañari, Axpe, Arrazola eta Elorriokoak; eta Gipuzkoatik, inguruetako zalpurdietan eraman al izan zituen guztiak eta ordu batzuetan oñez ibiltzeko almena zuten gizon danak.
Bazter guztietara begira nebillela ta iñor ezagunik ikusteko usterik gutxien neukanean:
—Non zabiltz, mutil? —esan ziran norbaitek, bizkarreko bat emanaz.
—Patxiko!
—Berbera.
Nere umetako lagun bat zan Patxiko au, erri txiki bateko sendakiña, baño erri aundietakoak baizen argia; berritxu samarra, baño bene benetan jakintsua; edozeñen gaiztakeriak agertzen zituana, baño bakoitzari berea ematen oso zintzoa; euskalerritar itxutua, baño iñorentzat gorroto gabea; zerbait lotsagaldukoa, baño txit egizale purrukatua; mingain zoli garratzduna, baño biotz bigunaren jabe ona; beti erriertan jardun bear zuana, baño jolastzallerik andienetakoa; itxuretan norbaitzuen etsaia, baño egietan askoren maitalea; gizon bero, bizi, ozpindua, baño adiskide leial ziur ziurra.
—Zorionean zatorzkit —esan nion.
—Zoritxarrean arkitzen zaitut —erantzun ziran.
—Nekeren bat aldezu?
—Zuri erakutsi bearra. Ezta neke txikia, baño lagunagatik itz aspertu bat egin bearko.
—Aspertu altzera beñere izketan?
—Zurekin ez. Ni baño itz jario andiagoakin ezin izaten det nai aña egin.
Ta neri ezer geiago esateko astirik eman nai ezta, berak galdetu, berak erantzun, ta ezer sakondu gabe, gogora zetorzkion autu guztiak lardaskatuaz, asi zan nere gizona:
«Utzi zadazu pakean itz zaparrada samiñen bat entzutea nai ezpadezu. Gaur Gipuzkoa guztia ementxen da, batari ta besteari ongietorria ematen nabil, eztet zurekin egoteko asti andirik izango, ta entzun zadazu piskatxo batean. Onean nago, ta gozoro itz egingo dizut».
«Zuk eztezu emen emen iñor ezagutuko, itxas aldekoa zerata; baña nik bai, nik ezagutzen ditut batzuek. Begira: lurrean dauden zuaitz-gerriak ikusten dagoan baserritar ura Beizamakoa da, iñork uste duan baño gizon maltzurragoa. Zerbait erabilliko du buruan, gaur dirurik ez galtzeko edo biar edo etzi beste aposturen bat asmatzeko. Esaten dutenez, nekazaritzatik baño geiago irabazten du jokotik. Ezta gaizki, betikoa bada irabaztea... Beste buru zuridun agure ori, Zaldibiko artzaia Orrek eztu txanpon askorik egingo iñoren alde. Artillezko jaka dauka berak soñean. Eztira ikusten asko gure egunetan era orretako jakak. Lenago bai, oroituko zera zu ere, lenago gure baserritar geientsuak beren etxietan egiten zituzten etxekoentzat bear ziranak, lodiak, sendoak, iraupen andikoak. Gero berriz eztakit nondik agertu zitzaizkigun ille urdiñezkoak, oso apañak, idun-mauketan lerro gorriak eta paparrean bera borlatxoak zituztela, ta oiek izan dira urtietan, emengo mendi gizonen jakarik politenak. Badira oraindik orrelako batzuek, bizkaitarren soñean batez ere. Ara orrako gizon kaikuak nolakoa daukan. Zein da bera? A! Bai, Apatamonasterioko etxejauna. Gizagaixoa! Irabazteko ustetan etorriko itzan baña emen utzi bearko dituk zizko berdean ekarritako urre zarrak. Etziok Bizkaian Zabaletakoari eramango dionik. Nequaquam. Apostutxo bat egin bear diot neuk ere etxejaun orri, ia gaurko aña irabazten detan... Emen gure ezker aldean daukagun mozkote gorri onek Eibarkoak izan bear du. Azoka guztietan izaten da, ta iñork eztu ezer saltzen edo erosten egundaño ikusi Baño eukiko du eginkizunen bat. Tutean oso azkarra omen da... Eskui aldean dauzkagu beste gizontxo bi, bata eztakit nungo errotaria, bestea, badakit nungo arakiña, sasi jakintsuak, malmutzak, bertsolariak, bestien lepotik galanki edaten dakitenak. Gaur ere sartuko dute urdallean pitxar bata gutxienez, ta goizaldea etorriko da oiek etxera orduko, buruak urdiñak dauzkate baña».
«Aizazu: beste ulerkera batean bai urdintasuna ugari dagoala ementxe. Txapela urdiña, amilla urdiñak, praka urdiña, pipetako keia urdiña, euritrakoak urdiñak, dana da emen urdiña, alkondara, abarka edo abarketak izan ezik. Urdiña ta merkea. Izango dira berriz ere eztulak eta alborengoak sendatzalle gaixoari gaberdian jaiki erazteko. Zuk eztakizu nolakoa dan gure bizitza errukarria. Ordu onean egin ziñan apaiz».
«Orratikan ere irauten dute oraindik gure antziñetako abarkak. Ikusi zazu: gizon zar guztiak dauzkate ta gazte askok, zuriak, bigunak, politak, muturrean begi beltzak dituztela. Oiek dira oñetakorik apainduenak, jaiegunetakoak. Astegunetan beste batzuek izaten dituzte, zakarragoak, lodikoteak, begi gabeak, zimaurtzan edo lurpean erabiltzeko Satorrak ere eztaukate begirik».
«Eta ikasi zazu, bide batez, abarkadunetatik abarketak eta beste oinzorroak jazten dituzten gizonetara dagoan gora bera ta ezberdintasuna. Nere iritziz, abarkadun gizonak menditarragoak, benatsuagoak, patxadagokoak, gizaseme zar ta aginpidekoai begirune obean itz egiten dakitenak dira; abarketadunak ostera arintxoagoak, txoro ta txakillagoak, beren buruen irizte andikoak eta bestientzat destaña erreza daukatenak. Basetxetarrak, nere ustez, lenbiziko abarketa jantzitzean galdu zuten apur bat beren baserritartasuna, ta larruzko oinzorro argitsuak jazten berriz, ia uritartzat artu daizkegu».
«Naigabe andia ematen dit neri onek, bada urietako euskaldunak, danak ez baña bai askotxo, azaletik bakarrik dira euskaldun, mingañez dira sorterri zale. Tximista gorria! Ezadazula arpegi beltzaz begiratu. Deadarka esango dizut, albiste berria ezta baña. Urietan izurri txarra dago euskerarentzat; urietan jazkera zarrakin batera joan zitzaizkigun gure oitura zarrak, eta jazkera berriakin batera datorkigu erdera, birao, nasaikeri ta txankamekeria Baserritarrak eztira gizon doneak, ez. Bai zera! Entzun didazu zer esan detan batzuekatik, ta eztitut guztien zauri ta zornak erakutsi. Orraztu bear andia daukate askok, badira norbaitzuk akerraren adarra baño okerragoak eta pozik astinduko nituzke gorosti makillaz pozik; baño ala ere, baserritarren artean, abarkadunen artean daude Euskalerri barruko euskaldunik egiazkoenak. Abarkadun gutxi ikusiko dezu erderaz mintzatzen edo abanera, xotis ta beste arrotz dantza nastuetan. Orretarako abarkak kendu bear dira lenbizi».
«Ara zergatik etortzen naizen, aldetan guztian, abarkadunen jai ta jolasetara. Astakeri batzuek egingo ezpalituzkete! Aitzen dituzte ba bereak eta bi. Dana dala, ni beti izango naiz abarkadunen maitale. Ze arraio! Nork eztu noizean bein astakeriren bat egiten? ... Ixo, ixo. Apostulariak badatoz. Agur, mutil, beste bat arte, gero ikusten ezpagera. Bost duro Zabaletakoaren alde!»
Oarkera batzuk egingo nizkion Patxikori astirik eman balit: baño zeñek artu gizon txirimol arrekin itz egiteko tarterik?
Baño baneukan zeri begiratu. Gizon gazte, andi, bikain bi zetozen enparantzara, makutxik, astiro, ermo, lerden, ausarditsu, aizkora berri bana bizkarrean zekardela.
Iñazio Mari ta Jose Domingo ziran. Beren ondoan zebiltzan, toki egiñaz, aien alde, lagun ta auzokorik urrenak, arroxko ta zurikeri andietan, alderdi guztietara begira, aizkolarien oso adiskide zirala adierazi naian. Arrokeriak ere bere mallak oiditu: gorengoan jarri ezin dana, sarri egoten da goikoaren oñetan arro.
Jose Ramonek zekarzkian beste aizkora batzuk, anaiarentzako; ta beste askoren artean Peru Odolki zetorren Iñazio Marin aurretik, besoai eragiñaz, itza, pitsa ta kertenkeria zeriola. Joanes etzan iñondik agiri.
Aizkolari bietatik Bizkaikoa zan gaztiena, gipuzkoatarra bezin eder, zabal, sendo ta zaintsua. Oraindik etzuan iñungo enparantzan jokatu, baña bere erritarrak ziotenez, nai baño indar geiago zeukan, zumea baño bigunagoa zan, ta begia ipintzen zuan tokian jartzen zuan aizkora Jose Domingo azpiratzeko gixonik etzan jaio.
Orrela esan zioten beintzat Ana Josepari Berrizko sagar saltzalle batzuek, eta orregatik billatu degu ain muker ta añutsu. Albiste oiek entzun baño lenagotik ere naikoa kezka bazeuzkan Ana Josepak. Bein baño geiagotan aditzen eman zion berak semeari, kendu zezala jokorako seta gaiztoa, etzedilla geiago apostuetan sartu, lan egin zezala, etxeari begiratu zaiola, baña ezkonduta gero ere, lengo lepotik zeukan arrek burua. Ai, nora joango ote zitzaizkon ezkontsaritzak emandako urre gorriak! Arantzazuko Amari Abe Maria bat mutil ura zuzendu zedin... apostua irabazi ta gero. Abe Maria graziaz betea Jauna da Zurekin... Aitak ere ondo erakutsi zion bere aserrea, ta garbiro esan zizkon esateko guztiak. Ez biguntzea mutilla! ... Bedeinkatua zera Zu andre guztien artean ta bedeinkatua da Zure sabeleko frutua Jesus... Bai, gurasoak alegiñak egin zituzten Iñazio Mari bide onean ipintzeko, baño alperrik. Nola beregain bizi zan... Santa Maria Jaungoikoaren Ama...
Zabaletako etxekoandreak etzuan bere burua ondo ulertzen ta etzuan, gai onetan, egia osoa esaten, bere anima barruan zer gertatzen zitzaion etzekialako. Zalla da norbere berri jakitea. Semeari etzedilla apostuetan sartu esaten zionean, naieza baño bere mutilla parregarri geldituko otezan bildurra ta berak aurreratutako diru ederren arriskua erakusten zuan geiago Ana Josepak. Aurretiaz izaten ziran beti onen erriertak, bada jokoa irabazi ondorean etzegoan Iñazio Mari bezelako mutillik, batez ere txanponen batzuk etxera eramaten bazituan. Iñoiz bein Joanes argiak adierazi oi zion lausotasun au, baño errez aztutzen zitzaion emazteari apuko berria zetorrenean.
Irakurlea: nik eztitut gauzatxo auek Ana Josepa makurtzeagatik ipintzen. Eztira orrenbesteko akatsak, etxekoandrea zan, ta etxekoandre danak egiten diote diruari ongietorri andia; ama zan, ta ama guztiak nai dute beren semeak gallurrik gallurrenean ikustea.
Ama zalako zegoan esaten ari nintzan leku ta garaian, jokoa asi baño lentxoago, armalla batera igota, beste batzuekin txondortuta, gizadiaren erdira begira, seme maiteari begiak boteaz, ausarta eman naiaz, susmo txarrean, aiene mintsuan, zitala, errea, pipertua, Bizkaiko emakumeak ziotena ezin eramanik, bere txiteari lagundu nai dion olloa bezela, erraietako umearen guda ikusten duan leoi-eme baten irudira, ta buruko illetatik edozeñi laster eltzeko gogo beroz. Zarra izanarren lanak emango zituan orratik bizkaitarren bati eltzen bazion.
Baño utzi ditzagun andrazkoak eta ikusi dezagun gazte adoretsuen esetsaldia, Mondragoiko ikuskizunik andiena ori zan ezkero.
Errizañak makilla ta bultzaka gizon-uztai trinko bat egin zuanean, eldu ziran jokalariok zuaitzeraño, begiratu zioten alkarri itzerdika batzuk esan bitartean, aukeratu zituzten berriz, banan banan ikusiaz, lenago ere ondo aukeratuta zeuden aizkorak, entzun zituzten sasi jakintsuen azkenengo esanak eta jaurtigi zuan Juan Andresek ontzurre bat gora goraka jokalari bakoitzari bere zuaitza izendatzeko.
Eldu zan ordua! Enparantzako gizatalde ugaria zabulundu zan ekaitzaren aizeak ikutzen dion zugaztia bezela; saltzalleak eta erosleak, gizonezko ta emakume danak, utzi zituzten beren tokiak bere-bizikorik azkarren, urbildu ziran guztiak gizon-uztai trikoaren atze aldera, ta mai gañetan, zorroetan, gurdietan, arri malletan, inguruetako leio ta tellatuetan, buru mordoska berriak agertu ziran artega, enparantzara begira.
Nik eztakit zergatik iruditu zitzaidan bildurra sartu zitzaietela gizon askori biotzean, bada lentxoago garraxika zebiltzanak ixil ixillik gelditu ziran, parre algaretan zeudenai kopeta lañotu zitzaien, ta destañarik andienak esaten zituztenak, esia ipiñi zioten, ezpañetan, biotzetik zetorkioten geiegizkeriari. Bai, bildurrak zeuzkan gizonak beren marratik erten gabe, bildurrak zeuzkan alkarri zor zioten begirunean, maitetasunak baño askozaz obeto.
Ala ere bizkaitarren batzuk, beren ustea edo irabazi-naia ezin gorderik, bazebiltzan deadarrez:
—Ontza bi urre Jose Domingon alde!
Ta gipuzkoatarrik beroenak edo jokalarienak onela erantzun zioten:
—Ai ba, eginda daude bi ontzurreak! Baita zortzi nai badituzu ere, baita idiak ere! Peru Odolkik lepoa nai zuan jokatu.
Bitartean gure aizkolariok, aoa zabaldu gabe, osoro benaz, patxada onean, plaza gizonai zegokioten bezela, kendu zituzten oñetakoak, eman zioten eskuai txistua, artu zuan bakoitzak bere aizkora, ta jarri ziran tente zuaitz gañean, beren lan ikusgarria asteko aginduaren zai.
Une larria! Ergai estua! Apostularien deadarrak eta billera gizatsuko durundi zurrumurroak berealako baten bukatu zitzaizkigun, biotzak taupadaka geunzkan, ainbeste milla gizon eleizan bezin geldi ta ixillik geunden.
Baño ezkiñan luzaroan egon. —Asi!— esan zuan agintzalleak, eta gure gizaseme bikain biak, bat batera, sartu zituzten beren aizkorak zuaitz lodien biotzetaraño, koipetan sartzen dan labana baño ainbat errezago. Ta aizkorak erortzeaz batean baserritar guztiak, trumoi ikaragarriaren itxurako alarau luze bat egin zuten, ta asi ziran batzuek berriren berriz biriak bota bearrean, eztarriak eten bearrean ojuka:
Ia, Jose Domingo maitia, ekin ortxe, ekin, zu lakorik eztagota! aufa! Ori dek, ori dek, ori dek jotzea! Aurrera, aurrera, eurea dek eta!
Etzan lelengotik igartzen garailari zein izango zan. Biak jokatzen zuten ederki; biak jotzen zuten zuaitz gerria gogor, azkar, zuzen, bear zan tokian bertan, alderdi batera ta bestera ezpal zati andiak boteaz, surtako egurrak txingarrak botatzen dituan gisara.
Lendabiziko zuaitza berdin berdiñean bukatu zuten... Orobat bigarrena... Ta irugarrenaren gañean, asieran bezela zeuden jokalariak, zail, zimel, zauli ta kementsu, zizt eta zazt, dinbi ta danba, batak besteari aurrerik artu ezinda. Apostularien armintasunak etzuan neurririk. Jaungoiko Donea! Zer gertatu bear ote zuan!
Jose Domingo ta Iñazio Marin erakusleak, gizon oituak, zuaitzen ondoan makurtuta, makillatxo batez erakusten zioten nun jo, ta eskuaz kentzen zizkaten katigatuta gelditzen ziran ezpal zatiak, izugarri pizkor; ta aurrean zeuden beste adiskideak, ortzak estutuaz, ezpañal okertuaz, buruari eragiñaz, ziñuka, inkezaka, jeupadaka, alegin guztiak egiten zituzten aizkoradunari laguntzen.
—Ia, Jose Domingo, —entzuten zan ziotela— ia, Jose Domingo, jo gogotik, ondo zuazda! Alimo, Ixio, alimo, bestea nekatu dek eta, geiago aiz ta, alimo!
Egundaño alakorik! Azkenengo zuaitzean, seigarrenean, or nunbait zebiltzan biak, berdin samar zeuden oraindik. Berdin, baño biak unatuta, adikatuta, piper gorria baño gorriago, izerdi patsetan, koipe ta lurrunetan, arnasa estuz, sutegiko auspoen antzera puzka, ta okotzetatik bera esne itxurako pitsa erortzen zitzaiela. Amaitu bear zuan jokoak eta nola iñork etzekian. Ura urduritasuna! Ura ezurretañoko ikara! Ura nik neukan errukia! Naiago nuan toki artara joan ezpanitz... Aizkolariok zearka begiratu zioten alkarri. Aiene! Galtzeko zorian zeukaten lagunen dirua, etxeko pakea, erritarren arrera ona, beren izen andia! Baño etzuten etsi nai, ez etsi beia jo arte. Len baño gogorrago jarrai zioten beren arloari, len baño zoliago, biziago, nabarmenago jarrai zioten, ezker eskui, or ta emen, ongi ta gaizki, zuzen ta oker, gizon lauso aserratuen gisara zuaitzak astinduaz, ta iskanbillarik andienean, ikusle guztien, ia! aurrera! ekin! jo! ausi! bota! ebaki! ta beste oju estuen erdian... et! ... et! ... et! ... biba! bukatu zan jokoa.
Orduantxe erten zuten baserritar guztiak beren marratik, ibai ujolsuak zelai ta soroetara ertetzen duten itxuretan; orduantxe urratu ziran alkarren begiruneko lokarriak eta ler egin zuten anima dollorren griña zatar ta arrokeri lotsagabeak.
An esan ziranak! An entzun nituen gauzak! —Biba gu ta gutarrak! Bera ustelak! Astoak ukullura! Beste gizonik Bizkaian bada, eman dezala arpegi! Eguzkiaren azpian iñor baldin bada, agertu dedilla emen! Betik gora prakak jazten dituanik iñon bada, betor Iñazio Marin ondora! Eztago iñon gipuzkoatarrak bezelakorik! Gora Gipuzkoa! Gora Zabaleta! Gora Iñazio Mari!
Nik eztakit nola ito etzan au adiskidien besoetan. Ainbesterañokoa zan danen lepotik eldu bearra, besapetik artuta jaso naia, bular gañean estutzea, bizkarrekoak ematea, gizonari paketan utzi eziña Etzegoan ura bezelako gizonik lurbira guztian, baserritarrentzat.
Jose Domingok etzuan izan ainbeste lagun. Azpian gelditzen danak beti du lagun gutxi. Baiño bai leialak.
—Eztotzu alde askogaz irabazi; —esaten zioten jaztetxeruntz zeramatela— aizkorakada bigaitik izan da guztia. Adarbegia idoro ezpazendu, zeurea zan jokoa. Adarbegi añaniñua! ... Ozta oztean irabazi ta alango arrokeriak. Ondiño ikusi bear dozue ba alkar, bai Jaungoikoak gura badau...
.........................................................
Nik eznuan ikusi, baño badakit arratsalde artan bi jostallu erosi zituala Ana Josepak: aurtxoak miazkatzeko izaten duten uztaitxoa ta burni me argizko ume-txintxarria, beiak erreal batean, oso garesti. Ia ba, egun guztiak etziran berdiñak eta. Manueltxori ta Joxeri zerbait erosteko ere egon zan, baño zertako? Azukre kozkor bana eman ta kito. Mondragoiko azukre, konpita karamelo guztiak baño gozoagoa zan emango zien albistea Jas! Zein ederki jokatu zuan Iñazio Marik! Joanesek esanak esango zituan, baña diruak irabazten zekian mutillak.
Illunabarrean, nere eginkizunak amaituta erri alderuntz nentorrela, baserritar asko billatu nituan bideko ostatuetan, oiturazko atsedenak egiten, premia gabeko jan edanetan, beste dema batzuetarako azia botatzen ta ardoak ematen duan indarraz bertsoak eresitzen.
Ara nik zalpurdirako argi billa sartu nintzan ostatu batean entzun nituanak:

Bertso berri batzuek
Nai ditut paratu,
Pulamentuz esanaz
Gaur zer dan pasatu.
Bizkai guztia emen
Guk degu ondatu
Ezta Ixio Mari
Ain gaizki portatu.

Gaurko apostu orrek
Badu inportantzia,
Itz bitan esango det
Bere sustantzia:
Bizkaitarren diruak
Bete dit poltsia,
Ara zergatik detan
Nere alegrantzia.

Etziran neri batere alegrantzirik eman aien aoetan euskereak zeukan gorniak.
Eta aien aoetan bakarrik balitz!


  1. Padartza = Eremitzago.
  2. Padua = Desierto.
  3. Ollar iraindu=Capón.
  4. Urdama, tserrama=Cerda con crias.