Garoa/Baserria

(Garoa - Baserria(e)tik birzuzenduta)

II. Baserria
pages 14-31

II.

BASERRIA[1]


Geroago ezagutu nituan, Joanesen oroimen gozoak artara eramanda, gizon bikain orren etxe ta ondorengoak.
Gogordopeko zelaitxo baten, garometa andi batzuen urrean, soro eder narotuz inguraturik, bene benetako patxadan zegoan Zabaleta baserria. Bere alboetan, amari gonetatik eutsika dauden aurtxoak bezela, etxe nagusiari lotuta, bestetxo bi agiri ziran: bata ogi edo artoa erretzeko labea, bestea abere janariak gordetzeko lekua; ta auekandik ez urruti, zerbait mendi aldera ta beregain, neguan ardiak idukitzeko ellorra. Etxe nagusiaren arpegi aldetik, sarrerako ate gañean, lore ta usai gozodun belarrez egindako bi sorta legor ikusi nituan, oitura zarrari jarraituaz. Done Joane goizean ipiñiak, esan ziratenez; atearen erdi erdian erantsita, argizarizko gurutze txiki zapal bat, etxekoen kristautasuna erakutsi naian.
Toki aien barruan zer zegoan jakin bearrik bai alda? Basetxetakoak badakite, baño ez itxastarrak: ezta, bada, ain gaizki etorriko auentzat emen zerbait jartzea. Labaldean etzan gauza andirik: abar batzuk, ia erdi erretako pala zatar bi, ta labeoia garbitzeko ipizkia[2]. Janari etxean, lastoa ta belar-ondoa ugari, sapaian[3]; atxur, eskobare, sarda, txardango, golde, periki, besabe, gurdi, gurtesi, orrazi, kabilla ta uztarriak lur-gañean. Etxe nagusian, sartuta bereala, sukaldea, lasai samarra, euskal baserri guztikoen irudira, etxebizitzarako ta lur-langintzarako bear ziran tresnaz betea. Bertan zeuden, su-aurrean, zumitzezko jarleku apalak eta keak eta urteak leundu zuten txisillu galanta, ta zapaldetan, sulla, morko ta beste urontzi batzuek, lurrezko txali zabalak, erretillu andi sakonak, zurezko kollara belztuak, eta ogi, tremes edo artoa idukitzeko otarratxoa; antxen arkitzen ziran, ormetatik bera esekita, eltze, tupin, padel, talo-burni, burruntzi, burruntzali, tanbolin ta kresalluak; antxen, bazter baten, beste atxur, lai, ortzbiko, sega ta itariak su egur, azpantar, abarka ta soka zarren laguntasunean; ta antxen egon oiziran askotan, ke zulo azpian, lurruntsu, labatzetik[4] bera zinzilika, zeziñaren itxuran, baserri artakoen azkiñiko[5] busti ta basaz loituak.
¿Ta zer geiago? Onezkero dena ipiñi bearko degula uste det, guretzat eman diguen etxeko bazterrak ikusten gabiltzala esan badeiteke ere. Sukalde ondoko gelatxo batean zeuzkaten, oremai, legami, artirin, galbai ta arrazkoa, ta gela ortatik atea bitarte, ukulluan, esne-bei, biantx ta txekor gorri lodiak, belar gozoa mauska mauska jaten, txerritxo bi beren esi barruan etzanda ta ollo batzuek zitzetan azterka.
Auek danak bealdean zeuden. Goian berriz, gizategia, bost edo sei lo-gela, estutxoak, argi gutxikoak, baña garbiak oso, ur bedeinkatu ontziz ta Ama Maria ta beste done batzuen irudiz naikoa poliki apainduak;eta gorago, etxearen gallur ondoan, ganbara andi bat, mandio bezela, gari, arto, baburrun ta sagar umatuk gordetzeko.
Etxe orretan jaio zan gure artzaia, etxe orretan sortu ziran bere gurasoak eta gurasoen gurasoak, etxe orretara ekarri zuan, bear izan zan egunean, Garibaiko Ana Josepa, emakume maratz, pixkor ta begiratua, besterik iñor Garibain bazan.
Sei seme alaba eman zizkon Joanesi Ana Josepak, baña etxadi au guk ezagutu genduanean, iru bakarrik zeuden bizirik, semeak irurak. Lenbizikoa, Jose Ramon, nekazaritzari jarraitzeko etxera ezkondua, Manueltxoren aita, Araozko neskatxa on batekin senartua zegoan. Bigarrena, Inazio Mari, aizkolari trebea, ezkongaia oraindik, ikazkintzan ibilli oi zan luzaro Aralargo mendietan. Gaztienak, Juan Andres arri zulatzalle ospetsuak, Oñati ondoko arrobi baten zeukan irabazbidea, etxean lan andirik etzegoan eretietan.
Irurak ziran morrosko eder sendoak. Oñati aldeko baserrietan etzegoan Zabaletako semeak bezelako mutillik. Zazpi arroa bazan bakoitza; andi, lodikote, bulartsuak zeuden; ingurukoen artean ta batez ere beurikoen ondoan, Erkules batzuk ziruditen; baña etzan iñor beren aita izan zan beste.
—Bigunegi azi zaituztet —jardun oi zien arrek— edo etzerate aitaren semeak. Nik egun berean egin izan det beti emendik Bitorirako joan-etorria, oñez, ta zuek berriz zalpurdia bear dezute Bergara edo Zumarragaraño joateko. Zuen sasoian aterako nuan nik ipurditik Anbotoko arkaitza bera ere, ta zuek, indartsuak zeratela, laguna bear dezute zugatz zirzil bat gurdira jasotzeko. Badakigu esate oiek geiegizkoak zirala, baña, egiaz, bazetorkion nubaitetik bene-benetako galera Joanesen jatorri sendoari, bada berdiñeztasun andi ta agiria zegoan artzai orren ta bere semien bitartean. Zabaleta baserria Gogordopean bezela, Joanesen azpian egon bear izan zuten semeak, indar-auzietan, arrek irurogetamar urte zituan arte. Ta gero ere, oraindik ere... Jum! Naiago zukean Iñazio Marik bere indarrak aitarekin baño beste edozeñekin neurtu. Ta ez aitari itzal andia ziolako bakarrik; itzala zion ta azpiratuko ote zuan bildurra zeukan.
Iru anaiak ziran kristau onak eta... bai, eleizkoiak; baño ez gurasoak añan. Beraldera zijoazen, mallaka, mallaka, Jaunaren maitetasunean ta animako gauzai zor zaien arretan. Jose Ramon zan kristaurik bero ta zintzoena, gurasoen urrengo. Au, bai, au jaiero izaten zan Meza nagusia ikusten, askotan bezperak entzuten, naikoa sarri bere utsegiteak aitortzen. Azoketara geiegi joatea kendu ezkero, etzeukan akatsik Jose Ramonek. Iñazio Mari, noizean bein animako beroaldi on batzuek izanda ere, askozaz epelagoa zebillen geienetan. Apostu zalea zan mutilla, ta jai egunean iñon dema edo aposturik bazan, toki artara joateagatik, erraz utziko zituan Meza nagusi, bezpera ta beste eleiz-jai guztiak. Mezalabur bat goizean entzun ta kito. Gañera, bere buruari geiegi zeritzon, arro samarra zan, ta jakiña, arrokeriak biotza betetzen duanean, toki gutxi izan oi da biotzean gure Jaungoikoarentzat. Juan Andres... etzan mutil okerra, ori ez, etzuan ezergatik bere jaiko eleizkizuna utziko, baña ala ere beste anai biak baño otzagotzat zeukaten etxeko guztiak Diru amesetan zebillen beti, dirua nola irabaziko, urrea nondik lortuko. Diru apur bat egiteagatik gau ta egun jardungo zukean lanean edo buruausten. Juan Andresek asmatutako dema, ziur ziur zan etxera dirua ekartzekoa.
Ezagutzen zituan aitak, bazekizkian beren animetako argaltasun guztiak, eta etzuan uzten beta on bat bakarra bear zana semeai esan ta erakutsi gabe. Batez ere jai andien aurrean, menditik etorrita laister abarkak aldatzen zegoala, edo apal ostean, edo ondoen zeritzonean, asten zan galdezka:
—Azpiak atera aldituzue?
—Bai, jauna.
—Abere jana ekarri?
—Baita ere.
—Ia ba, konpesatzera joan bearko diagu biar goizean. Jose Ramon, eramanzak eurekin Manueltxo, bide ona ikasi dezan gizagaixorrek. Ire, Iñazio, ezingo aiz egon arbi loreak jaio arte. Joari or Aranzazuko Mendibe A, Prailleagana: arekin konponduko aiz i... Ta utzizak bein jokorako griña gaiztoa. Jokoa ezta errenta, motell. Juan Andresek eta nik Oñatiko eleiz nagusian daukagu gure Aita. Biok joango gera, seme, alkarrekin, anima aberastzera, bada animako aberastasuna obea dek lurrekoa baño, ta iraunkorragoa, gorde nai badegu. Pedro Antonek igo dezala mendira, ta emakumeak urrengo baten egingo dute beren eginkizuna.
Iru anaiak ziran izugarri langilleak, eta bear ere bazuten. Gauzak nondik eta nolatan begiratzen zaieten iruditzen zaizkigu andi edo txiki, ta Zabaletako lurrak Arteagatik edo Aloñatik begiratu ezkero uts irudikoak izanarren, txit astunak ziran bear bezela maneatzeko. Txara, gaztañadi ta belardiak neurtu gabe, amar golde lur bazeuzkaten lantzeko; ta karobia zala, laia zala, atxurketa zala, zimaurrak eramatea zala, arto ipintze edo kentzea, gari ebakitze edo jotzea, menditik orbel, garo edo gaztañak ekartzea, zeregin andia sortzen zitzaien era batzuetan. Ta berak, etxekoak, egiten zuten dana, batere auzolanik gabe.
Karobia izan ezik. Orduan bai, premiazkoa zan orduan norbaiten laguntasuna. Edonork daki: lurzulo biribil arriz jantzia izaten da karobia, arri labea Burua estali gabe idukitzen du, ta aurretik, be aldean, otea ta egurra sartzeko zulotxo bat, ate bezela. Orretarako egun argi aukeratuetan, zamatzen dute barru guztia kare arriz, ekartzen dute otea ta egurra gurdika ta gurdika, sartzen diote ate zulotik, su ematen diote, ta an egoten dira baserritarrak gau ta egun karobi aurrean, su-garretan, ke miñetan, gorri gorri, izerditsu, lukainkari bezela koipea dariotela, beti ere otea sartu ta sartu, sua makaldu eztedin ta beren lan guztia galdu eztakioten. Arretaz egin bear dana da kare erretzea, lan gogorra da, baño baserritar geienak billatzen dute bigungarri on bat, an nonbaiten gordeta idukitzen duten ardao zatoan. Zatoa eskuetan duela ikusiko dituzue, aoa zabalik, zerura begira sarritxo, euririk egingo ote duan edo ez nonbait, bada euria kaltegarri andia da karobirako. Askotan iruditu zait neri nekeak eta suak baño zatokoak bero geiago ematen ez ote dioten. Karea ondo erretzen bada eztai andiak egiten dituzte, ta eztaietan jan galanki, edan galankiago, ta gero mosk... Orra, orraba esan ixillik euki bear nuana.
Zabaletakoak etziran ainbeste ardotara emanak, eta berentzat baño geiago izan oizuen ardoa auzoetako laguntzallientzat.
Karobikoa baizen lan gaiztoa da gari ebakitzekoa, baño orduan ere etzuten ardo edate andirik egiten Zabaletan. Lana bai zintzo. Jaikitzen ziran goizean goiz, iruterdietarako bai, lo aspertu bat egin gabe; joaten ziran, gosari txiki bat eginda, soroetara, intza zegoan bitartean, eguzkiak erten baño lenago, belar gaiztoak kentze,[6] azkenengo artajorratze edo beste orrelako lanen batzuk aurreratzeko asmoan; zazpiterdietatik zortziretara jaten zuten gosari obea —baratzuri zukua[7] ta pertzakada bat arto-esne —; ta ordurartekoa ezer ezpazuten itxuretan, guztiak errenkadan jarri, zumea bezela oker egin, beren buruak ia anketan ipiñi, ta asten ziran biziro ta jarraitzen zuten gogotsu, rist eta rast, bata bestearen leian, alkarri destañaka, jeupadaka, irrintzika, zeñek geiago iraun, zeñek sail geiago ebaki, nork gariko geiago lotu, nor nekezago aspertu, burugañetik eskukada garia azkar jiratuaz, eguzkitan itaiari argi eragiñaz, kopetako izerdi galanta besoarekin kenduaz, eten gabeko arlo luze neketsuan eguardiko amabi orduak Oñatiko eleizan jo arteraño. Aian saingorri, belaunbelar, barrabasbelar ta orlakoak. Ta bitartean, gosetzen zanari etzitzaion debekatzen ogi-amesa, ta egarritzen zanak an izaten zuan ur-txangilla arekaren baten, belarrez estalduta, bertako ur epelari maitero maitero zangada on bat eman nai bazion.
Eguardiko amabi amabietan gelditzen ziran lenbiziko atsedena egiten. Jartzen ziran lurrean zabal zabal, aurretiaz begiz jotako kerizpe batean, ipintzen zioten zamau zuri garbiaren gañean janaria, ta iru edo lau Aita gure esan ondorean, ia mutillak, ura izaten zan jan-ontzitik aora ta aotik jan-ontzirako joan-etorri gogotsua, ura irentsi bearra, ura besoak luzatzea, ura ostera bakoitzean altzuen aña ateratzea! Etzan bidean ezer asko galduko, ez; oso ederki ikasia zeukaten kutxara zabalaren azpiko aldetik arto zati andia jartzea. Zer jaten zuten? Ori ere bada ba jakinaia. Ogi zukua lenbizi, baburrun gorria edo baba beltza beltza urrengo, urdai azpikoa gero, ta sagar erreak edo gaztai zati bat azkenean, sagardoaren laguntasunarekin Etziran oraindik Zabaletara eldu gaurko baserrietan izaten diran arrautzopil, aragizerra, tripaki gozo ta beste orrelako. Ana Joseparen iritziz, geiegizkeriak. Gauza oiek eta geiago auzoko edo erbestekoak ziranean; etxekoentzat naikoa zan artoa ta babea, ugari eman ezkero.
Ta egiaz Zabaletako mutillak etzuten geiagoren bearrik, betetze on bat eginda bereala, bata or ta emen bestea, lo kuliska bat egiteko asmoetan, zugatz azpian etzaten ziranean. Laster asko entzuten zuan aitak, pipa erretzen zegoala, eltxoen zunburrunarekin batean, semien lo-zurrunga lodia, ta baita laster deitu ere lengo lanbideari jarraitzera. Lasterregi, semien ustez.
Kentzen zuten orduan aiek, astiro astiro, buruko estalkia, nagiak botatzen zituzten, zorroztzen zituzten dranga dranga aingura gañean, itaien aoak, jaikitzen ziran noizbait gizonok, eta berriren berriz asten ziran beren lanean; ez asi bakarrik, asi ta ekin, ekin ta jarraitu, aurrera ta aurrera beti, ez goizean baizen alai ta adoretsu; baña bai ederki oraindik, iñoren aurrean ez lotsatzeko era oneane ta beste edozein basetxeko mutillek baño geiagoan. Iñork etzukean, ezergatik, nekatu zala esango; baña arratsalde erdirako bat edo bati, izerdia kentzen zebillela, ertetzen zion onelako esakera batek: bero zeok gaur, arraietan! edo: sail luzea dek au, egun batean dana egiteko.
—¿Aspertu altzerate? —esaten zien aitak, parre antzean —Zaudete pixka bat, nai badezute, nik jarraituko det.
¿Danak jarraitzen zuten. Nola ez?
¿Ta siñistu aldezakegu? Orrelako lan gogorrean egun guztia igarota gero, apal ostean, illunabarrean, Joanes zarrak, pipea piztuaz, esne-ontziak lepoan zituala, artzen zuan mendirako aldapa latza, bere seme gazteak, oso auldurik, abereai jana emanda laster, lotarako gertatzen ziran bitartean.
Ezta orrenbestez amaitzen gariak ematen duan eginkizuna. Metatu bear dira garikoak; eguzkitan legortu bear dira oraindik; arrian jo bear da gogotik galburua, sudur, belarri, ao ta kolkoa arotzez[8] beteaz; mallatu bear dira iregurrez[9] galondarrak alea galbai edo arrazkoan garbitu bear da, ta nik eztakit beste zenbat lan ematen dituan gariak mandiora sartu orduko.
Berebizikoa ibiltzen zan zeregin andiko egun oietan Zabaletako Ana Josepa. Ta barkatu, irakurlea, beragatik lenago ezer esan eztizutalako. Ez beragatik, ez etxe artako beste enparauakgatik. Zabaletakoak ziran, aitatu ditugun gizon oiezaz gañera, Katalin, Jose Ramonen emaztea, etxekoandre on gazte leiala, ta bere semetxo Manuel, bederatzi urteko mutil sostor polita. Orren urrengo izan zituen aurtxoak txarranpiñak eraman zizkaten zerura.
Ta guazen orain Ana Josepagana. Bere bizikoa, nion, ibiltzen zala lan andi egunetan. Goizeko irurak baño len asten zan deadarka, otoizka ta aginduka, gauza bat bestearen gañean esaten ta egiten zuala, aora edo burura zetorkion bezela. Jakiña zan asierea:
Gurutze santuaren señaleagatik, gure etsaietatik... —Inxio, jaiki ari, eguna dek eta— libra gaitzatzu gure Jauna ta Jaungoikoa. —Katalin, piztu zan sua, txierientzat zerbait gerta dezagun. Ta ez aztu akulluko txarkarta ekartzea. —Aita gurea, zeruetan zaudena, santifikatua izan bedi zure izena... —Jose Ramon, abereai botaiek zerbait, gero eztek astirik izango ta... betor gugana zure erreinoa... Auspoan billa alabill? Ara non daukan, emakumea... Irurogetasei urte bazeuzkan ta etzuten soroetara eramaten, baña bazuan zeri ekin etxe barruan. Berak egiten zituan oiak, berak txukundu etxea, berak beiak jetxi, berak gosaria gertatu. Ana Joseparen ustez, arrek bezelako baratzuri-zuku gozorik egiteko emakumerik etzan oraindik sortu. Ezta sortuko ere. Ta orea berak bezela nork egin? Taloak zeñek erre? Esnetarako artoa, me me, zeñek ebaki? Ezin zuan arrek, zion, onelako edo alakoren etxean ezertxore jan: estopaua tipulaz betea, urdai azpikoa erreigia, arrautzopilla koipe geiegirekin, naskatzeko bezela, billatu oizuan. Etzekiten da. Jaio egin bear orretarako ere.
Baña biotz ederraren jabea zan gure etxekoandre zarra, garbia, beartsuentzat oso emankorra, etxekoentzat eutsia, batzuetan eutsiegia. Ala zioten beintzat Zabaletako aita semeak, eta aiek bazekiten.
—Jolas andiak izaten dira gurean —esan oizuan Jose Ramonek— zerbait erosi bear degunean. Amak gordetzen du katu-larrua, ta ezin izaten zaio askatu erazi.
Beti aigera:
—Ama, dirua bear degu ba orain ere.
—¿Dirua? ¿Beti dirua? ¿Zertarako?
—¿Manueltxori praka batzuk eta abarketak erosteko.
—Ama Kataliñek egingo dizka prakak eure batzuekin.
—¿Jai egunetarako ere bai?
—Baita. Ondo ederrak dauzkak jantzi naiezta ganbarako aga zarrean. Ederrak, ama, atze ta aurre arabakiz beteak daudeta?
—Ezta ajola.
—¿Ta abarketak?
—Eztauka oraindik ain zarrak.
—¿Zarrak eztauzkala?
—Ator Manuel, begiratu beio, ama, nola biatzak agiri dituan.
—Josiko dizkat biarko.
—¿Biatzak?
—Ara beste... argi-iturri.
—Txapelare bear du.
—Zer? Txapela? Aita ta semea...! Noiz erosi nion nik azkenengoa?
—Orain bi urte.
—Orain bi urte ta ostera txapel berria? Ondatuko zenduteke zuek Drotxillen aberastasunare.
—Ez berorren eskuetan balego.
Azkenerako, Manueltxok berak esaten zion, negar muxinga:
—Erosi beit, amona. Zazpikiñeko mutillak berri berria dauka, ta nik zar zarra. Erosiko aldit?
—Ez, ez, eztiak erosiko: alperrik abil.
Baña erosten zion bai. Ez erosi bear, alajaña, bere illoba bakarrari!
Ta nork esango zukean, etxekoentzat onelakoa izanda, agertzen ziran beartsu guztiai ematen ziena baño geiago eman naian zebillela beti? Bazekiten ondo inguruetako eskaleak. Amaika eskaleri eskupekoa emanda gaiñera bete zien urdalla Ana Josepak Zabaletako sukaldean, ta baita lo ederra eragin ere aldemeneko guk ezagutzen degun sapai artan!
Bazezakean. Etxejauntzako semea zan Joanes. Berea zuan baserria, bereak lurrak, berea basoa Lan gogorrean bizi izanagatik artara oitua ta berez gogotsua zalako, etzeukan ogi gabe gelditzeko bildurrik. Pedro Antonek esaten zuanez, Andre Ana Josepak bazeukan urre mordoxkaren bat norbaiti emanda ere, edo non edo non ondo gordeta.
Pedro Anton etxeko morroi zar maitea zuten, etxeko seme bezela. Etzan ezagun Zabaletan zein zan seme ta zein morroi. Mai baten jaten zuten guztiak, guztiak berdin lo egin, danak egun osoan lanean jardun, danak berdin samarrean jantzi ta bear zan orduan alkarri lagundu. Etxe artan zarrenak ziran nagusi, ta beste danak anaiarreba kristau paketsu ta zorionekoak.
Gurutzearen itzalpean zegoan Zabaleta baserria. An zeukaten gurutzea, sarrerako ate gañean, egiazko anaitasuna erakusten. Eztegu nai ukatu an ere bazirala argaltasun ta griña batzuek. Non ez? Baña Jaunaren legea zan Zabaletako argaltasunen sendatzalle ta griña gaiztoen lokarri, euskal basetxe geienetan bezela.
¡A! ¿Zer izango litzake gure baserrietan Jaunaren legeko esi biguna urratuko balitz?

  1. Basetsea legoke obeto, bada erririk ezta izaten ba soan, auzotegiren bat geienez ere; baña etsa bategatik bas-erri esaten oitu gera ta ala esango det nik ere, noizean beiñ basetse ipiñtzeari utzi gabe, itz egoki ori belarrietatik sartu daikigun.
  2. Isatsa edo moltsoa.
  3. Zurrunean.
  4. Labatz, laatz, gelatsua.
  5. Azkifikoak esaten diote Oñatin szpantarrai.
  6. Aien, saiugorri, belaunbelar, barrabasbelar ta orlakoak.
  7. Sopa.
  8. Aukaz.
  9. Tralluz.