Gero/Laugarren Kapitulua

← Hirugarren Kapitulua Laugarren Kapitulua
Gero
Bosgarren Kapitulua →

CAP. IV

B
B
adakigu, orain darabillagun bizitzea, bizitze gaixtoa dela, eta gutzaz ongi izaitekotz, bizitze gaixto haur utzi behar dugula. Ordea pontua da, ea noiz utziko dugun. Eta zuk diozu, gero. Baiña nik diot ezen ez gero. Baiña nik diot ezen ez gero, baiña orai. Dakusagun ea zeiñek dioen hobeki, zeiñek duen arrazoiña. Eta erakusteko ezen nik dudala, eta zu zoazilla huts egina eta bide errealetik eta zabaletik aldaratua eta errebelatua: Erradazu behin, egiteko hunetan sarthu baiño lehen. Zuk baitiozu ezen, gero onduko zarela, gero behar diren deskarguak eta eginbideak eginen ditutzula. Non duzu gero horren segurantza? Eztakizu, erran komuna den bezala, eztela heriotzea bezain gauza segurik, eta orena noiz izanen den bezain guti gerthurik?

Gure bizitze hunek hain du zimendu flakoa eta eria, ezen ongi minzatzera, ezin baiterrakegu: bihar eginen dugu hunelako edo halako gauza. Baiña erran behar dugu, Iondone Iakuek dioen bezala: Si Dominus voluerit et si vixerimus, faciemus hoc aut illud (Jacob. in sua epist. cap. 4). Baldin Iainkoak nahi badu, baldin bizi bagara, eginen dugu haur edo hura. Hargatilk erraiten du San Mateo ebanjelistak: Vigilate itaque, quia nescitis diem neque horam (Mt. 25). Zaudete prestik eta iratzarririk, zeren eztakizue eguna eta ez orena; eta badio Spiritu Sainduak ere, anhitz galdu dela, bere buruari ethorkizunaz sobera prometatuz. Repromissio nequissima multos perdidit. (Eccli 29).

Gure lehenbiziko aitaren bekhatua dela kausa, harengatik, haren kariaz, guztiok gaude preso, guztiok gaude mundu hunetako garzele hunetan, heriotzera kondenatuak.

Baiña iragaitzaz bezala, gure heriotzera kondenaturik egoiteko pontu haur ukhi dezadan. Badirudi ezen gure lehenbiziko aitaren bekhatuagatik, ez hark berak, eta ez guk ere, ezkendukeiela hil behar. Zeren sagar bat edo halako bertze fruitu bat ian zuen. Bada sagar baten iateagatik, gizon baten, are bere ondoko guztiekin, heriotzera kondenatzea, badirudi iustizia berriarena, soberania eta arrazoiñaren kontra dela. Egia da, hala dirudi. Ordea ezta hala, iduria du, eta ez izana. Aitzitik sagar baten iateagatik, zeren hain gauza ttipian eta erraxean manua hautsi zuen, aldez hargatik zuen gaztigu gehiago merezi. Batzuek bere lazotasunez, zeren ezpaitira giristino finak, barur eguna, mengoa gabe hautsten dute: batarekin eta bertzearekin solhasean daudezilla, meza enzun gabe, besta egunean utzten dute: hitz guztiaz, ez eta bai asko den lekhuan, arnegu eta iuramentu egiten dute, eta gero erraiten dute: baldinba, ez ahal naiz hunengatik, hunein gauza aphurragatik, eta hunein erraxki egin dudanagatik ifernurako? Bada erran nahi deratzut ezen zeren horrein gauza erraxean, aphurrean eta ttipian zeure laxotasuna eta Iainkoaren manuaz kontu guti egitea erakutsi duzun, aldez are horigatik ifernurako zarela.

Baldin Iainkoak manatu bazinitu, egun guztiak barur zindezilla, zur baten edo harri baten gaiñean, ohetan sarthu gabe etzin zindezilla; zilizio bat, zerdazko gerriko bat, larru arras bethi ere erabil zenezala; edo finean, hunelako bertze manamendu gaitz bat eman baleratzu, badirudi etzatekeiela miretsteko, ez konplitzea, eta ez konplituagatik ere izan zendukeiela zerbait desenkusa eta estakuru. Baiña gauza ttipian eta erraxean, sagar baten debekuan, zer desenkusa, zer estakuru ahal dukezu?

Adanek anhitz fabore eta abantail errezibitu zuen Iainkoaganik, eta gero heken guztien buruan, zuhaitz bat seiñalatu baitzioen, bertze guztietarik bai, baiña haren fruitutik etzezala ian. Manamendu erraza, debeku ttipia ibeni zeraukan; eta guztiarekin ere, etzuen begiratu, etzuen konplitu, hautsi zuen, ian zuen, arrazoiñez beraz, erraztasun huragatik beragatik ere, kondenatu zuen bere ondoko guztiekin heriotzera: zeren ondokoek ere, haren naturaleza hartu baitzuten. Gauza, debekua, ttipia da, baiña desobedienzia handia. Eta hala iustuki dago, gure kontra sentenzia emana, iustuki gaude heriotzera kondenatuak, eta eztakigu noizko. Beraz baldin geure buruoz kontu onik eman nahi badugu, kondenaturik dagoen batek bezala, behar dugu egon, bizi eta gobernatu.

Garzelean dagoenak, iakiten duenean kondenatu dela biziaren galtzera, nork erranen du nola tristetzen den? Zein gogoetatsu iartzen den? Hasten da hats beherapen egiten, alde batera eta bertzera itzultzen. Eta ikhusirik eztuela erremediorik, eztuela eskapatzerik, hartzeintu lehenez bertze gogoeta molde batzuk. Munduaz eta mundukoez etsitzen du, eztu hetzaz konturik egiten. Bere konzienziak, bere arimak derauka egiteko. Bere bekhatuak pensatzeintu, ahalik eta hobekiena kofesatzeintu, batari eta bertzeari barkhamendu eskatzen zaie. Finean, ahal bezanbat bere konzienzia deskargaturik, eta garbiturik, heriotzeari igurikitzen dio.

Bada garzelean kondenaturik dagoen hark bezala, hala prestaturik, hark dituen gogoetekin, behar dugu guk ere egon, bizi eta ibili, hura biharamuneko bezala, gu ere, ez iakin noizko, benturaz gaurko, Iainkoaz beraz, Iainkoak sentenzia emanik kondenatuak gaudenaz geroztik.

Sar balitza iustiziak hamar gizon garzelean barrena urkhabera kondenaturik, eta handik athera balitza galtzera egun bat, eta bihar edo bertze egun batez bertze bat, edo bia. Othe lizateke nehor ere, heken artean, bizitze luzearen esperantza luenik? Edo zeren eztuten lehena atheratzen, azkena izanen dela segur lizenik? Eztut uste. Bada mundu haur ezta bertze gauzarik, gure heriotzera kondenaturik gaudenon garzele bat baizen. Eta garzele hunetarik atheratzen gaitu Iainkoaren iustiziak, egun bat, bihar bertze bat, bata lehen, bertzea gero, eztaki nehork noiz, ezta segurantzarik. Beraz gauden erne, gauden prestik, segurantzarik eztenaz geroztik.

39 Komunzki ahotan dabillan solhasa da: eztugu geroko segurantzarik, bethi gara periletan. Eta hala da egia. Zeren gutien uste dugunean, geure gogarenik gaudenean eta aitzinerat ere anhitz gauzaren egiteko gogo hartzen dugunean, atrapatzen baikaitu heriotzeak. Nescit homo finem suum, sed sicut pisces capiuntur hamo, et aves laqueo comprehenduntur, sic capiuntur homines tempore malo (Eccl. 9). Eztaki gizonak bere finaren berririk, baiña nola amuak atzemaiten baititu arrainak eta hegaztinak segadak, hala gizonak ere atzemaiteintu bere heriotzeak. Arraiña alha denean, bazkari datxekanean, eta bere ustez hobekienik dagoenean atrapatzen du arrantzaleak, eta bai hegaztina ere ihiztariak. Hala atrapatzen du bada bekhatorea ere heriotzeak bere bekhatuei bere gogarenik datxetenean, gozokienik alha zaienean, eta gutien uste duenean.

Midikuen errana da, presuna batek, sendoen denean, duela eritzeko perilik gehiena. Eta hala noiz eta uste baituzu, heriotzea zureganik dagoela urrunenik, orduan ohi dago komunzki hurbilenik. Zorrak pagatu dituzunean, etxe berria egin duzunean, umeak ezkondu dituzunean. Finean, zeure egitekoei garaiturik, bake on batean iartzera, eta zerbait sosegu eta plazer zeure buruari emaitera prestatzen zarenean, han da berehala heriotzea.

Ezkara deus ere, beirakiaren pare gara eta are beirakia baiño perilos eta hautskorrago. Eztugu beirakiak bezanbat indar eta sophortu ere. Quid fragilius vase vitreo? Et tamen servatur et durat per saecula. Etsi casus vitreo vasi timentur, senectus ei et febris non timetur, (August, serm. 1 de verbis Dom. tom. 10) dio San Agustinek. Zer da beirazko untzia baiño gauza samurragorrik eta hautskorragorik? Eta alabaiña ailtxatzen eta begiratzen denean, irauten du mendez mende. Zeren erortzearen peril badu ere, ez ordea eztu sukharraren edo zahartzearen perilik. Beraz beirakia baiño perilosago gara eta ezteusago. Zeren behaztoparik, eroririk, edo eritasunik ez gerthatuagatik ere, eta geure buruak ahalik eta hobekiena errekaitatu eta begiratuagatik ere, adinak berak eramaiten baikaitu.

Bethi goazi, ezkara behin ere baratzen. Quasi aqua dilabimur (2 Reg. 1). Uraren pare gara: ura bezala linburtzen gara. Corpora nostra rapiuntur, fluminum more (Senec. epist. 58). Gure gorputzak ur-lasterra bezala dohazi. In idem flumen bis non descendimus: manet idem fluminis nomen, aqua transmissa est (Senec. ibid.). Ezkara behin ere ur batetan biatan sartzen (dio Senekak), uraren izena bethi da bat, ez ordea ura. Zeren nola bethi baitoha, eta bethi aldatuaz, ezta behin ere lehena. Ez eta bada gu ere, nola bethiere baikoazi, eta bethi aldatuaz, eta muthatuaz, ezkara behin ere lehenak. Eta ezpere beha ezazu nola presuna bat gaztetik zahartzera, eta are batzutan urthetik urthera ere, aldatzen eta ezeztatzen den idurian ere, lehena eztirudiela iartzen den, zein diferent egiten den.

Vita nostra naviganti similis est, namque qui navigat, stat, iacet, vadit, quia impulsu navis ducitur (Greg. epist. 26 tom. 2). Gure bizitzea itsasoz dohana bezala da (dio San Gregoriok), itsasoz dohana iatean, edatean, lo datzanean, eta are iarririk dagoenean ere, badoha, ezta orduan ere baratzen. Zeren untziak, nahi ezpadu ere, berekin baitarama. Hala garamatza bada gu ere geure adinak eta denborak berekin: ezta pausatzerik, ezta gelditzerik, eta ez trikatzerik.

Galdegiten deratzutenean, zenbat urthe ditutzun, eta ihardesten duzunean, hogoi edo hogoi eta hamar ditutzula, zeren zeure kontuan hala baititutzu, badirudi eztuzula ongi ihardesten. Zeren San Agustinek dioen bezala, anni nostri veniunt, ut eant, non enim veniunt ut stent nobiscum (August in psalm. 65). Gure urtheak ethortzen dira ioaiteko, eta ez gurekin egoiteko; iragan dira, beraz ezin derrakegu baitugula. Eta hala, baldin urthe heken buruan, iar bagaitezi hetzaz zer egin diren gogoetan, eztugu deus edirenen. Aitzitik ikhusiko dugu, sentitu gabe, ioan zaizkigula, eta nola eztakigula zahartu garela. Tempora labuntur, tacitisque senescimus annis (Ovid. lib. 6 Fasto). Denborak badohazi, eta urthe batzuez, hotsik eta habarrotsik egin gabe zahartzen gara.

Erraiten da, hunelako bizi izatu zen hihur-hogoi urthez, baiña hobeki erran liteke, hil zela hirur hogoi urthez. (Vide August, in psal. 127, tom. 8). Zeren sortzen garenean, hasten gara hiltzen, orduan abiatzen gara, eta ezkara behin ere baratzen. Lehenik hiltzen da haurtasuna; haurtasunaren ondoan hiltzen da morrointasuna; morrointasunaren ondoan hiltzen da gaztetasuna; gaztetasunaren ondoan hiltzen da zahartasuna; zahartasunaren ondoan hiltzen da sentontasuna. Adin guztiak elkharri derraitza: iragaitea eta hiltzea guztia da bat, bata bertzearen ondoan dohazi, halako moldez, ezen azken adina dathorreneko, akhabatu baitirate leheneko guztiak. Zeren San Gregoriok dioen bezala, ipse enim quotidianus deffectus, quid aliud est, quam quaedam prolixitas mortis? (Greg. tom. 27 super Evang.). Egunetik egunera ahitze eta flakatze hura, zer da, luzaro hiltze bat baizen? Zuzia iratxekirik dagoenean, bizi da, eta orduan hiltzen da, zeren orduan ahitzen baita. Erratzeaz bizitzen da, eta erratzeaz hiltzen da. Hala bada gu ere, bizitzeaz hiltzen gara, eta hiltzeaz bizitzen. Zeren bizitzen garenean hiltzen baikara. Eta zenbatenaz eta gehiago bizitzen baikara, hanbatenaz heriotzeko portura hurbiltzenago gara. Hala erraiten du Senekak: Quotidie morimur, quotidie enim demitur aliqua pars vitae (Senec. epist. 24). Egunoro hiltzen gara, zeren egun oro gure bizitzeari zenbait poxin eta parte gutitzen eta edekitzen baitzaika. Eta are hazten eta handitzen garenean ere, gure bizia ttipitzen eta laburtzen da. Bethi doa, eta behin ioanez gero, ezta ioan denaren bihurtzerik, eta ez ethorkizunaren segurantzarik. Erraiten ohi dugu. Benturaz egun hillen gara, benturaz bihar, eztugu oren baten segurantzarik: beraz lehen baiño lehen, behar dugu bide onean iarri, enganatuak gertha ezkaitezin. Hunela erraiten dugu, eta erraitea ongi egiten dugu: ordea obratzea bethi ere geroko utzten dugu: heriotzea zahartzerakotzat egotzten eta ordenatzen dugu. Ezin sinhets dezakegu, adinak berak akhaba arteiño, akhabatuko garela. Erran bai nahi duzun bezanbat: benturaz bihar hillen, benturaz gaur, benturaz ez zahartuko. Ordea zahartuko baikiña bezala geure gauza guztiak egin. Geure nahiarekin batean, geure gogoak hanbat segurantza emaiten deraku, non zahartu hutsezko ponturaiño, ezkarela hillen iduritzen baitzaiku.

Erran zerauenean deabruak gure lehenbiziko aita amei: Nequaquam moriemini (Gen. 3): Etzarete hillen; sinhetsi zuten berehala eta sinhetsi ere kolpe batez, osoki, dudatu gabe. Eta denbora hartan etzen hain miresteko, hala sinhestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, etziakiten oraiño heriotzearen berririk, etzuten nehor hiltzen zela ikhusi, eta halatan erraxki enganatu zituen. Hala bada nahi ginituzke gu ere enganatu, molde berean nahi leraukegu guri ere, ezkarela hillen, sinhets arazi. Ordea nola guk orai bertzeren baithan ikhusiz, eta geure baithan ere zaharzeaz eta flakatzeaz frogatuz, baitakigu segurki eta gerthuki, hil behar dugula, eztugula itzurtzerik, eta ez nehoizko segurantzarik, ezin engana gaitzake gu, gure lehenbiziko aita-ama hek bezain erraxki. Gurekikotzat, guri ezkarela hillen sinhets arazitzeko, edo sinhesten baikendu bezala, eragiteko, bertze bide bat hartzen du, bertze ioko thaillu bat iokatzen du, bertze maiñaz eta trazaz usatzen du. Ez osoki, ez kolpe batez, baiña aphur bana eta egunetik egunera luzatuz atrapatzen gaitu. Sinhets arazitzen deraku, ezkarela egun hillen, ezkarela bihar hillen, eta bihar bezain ephe luzerik ez, eta bihar arteiño bizitzeko esperantza eztuenik: eta halatan eta handik, nola ezpaitugu uste egun hillen garela eta ez bihar ere, bizitzen gara, segur baikina bezala, edo sekulan hillen ezkarela baikiniaki bezala.

Eztakigu noiz hillen garen, eztakigu noiz izanen den gure azken eguna: ezta beraz arrazoin, iakin dezagun, noiz izanen ezten ere. Ordea badirudi ezen, noiz izanen den ezpadakigu ere, badakigula noiz izanen ezten. Zeren erraiten dugu ezen gero, bertze urthean onduko garela; orduan hunelako eta halako deskargu eginen ditugula, beraz badakigu eztela anarteraiño izanen, bitartean igurikiko zaikula, edo behintzat erraiten eta egiten bedere badugu, baikiniaki bezala.

Guk nahi genduke egin geure bizitzeaz, eta bizitzeko denboraz, oihal puska batez egiten duguna. Oihalaren parte bat, neurtzen eta ordenatzen dugu kapatako, bertze bat iakatako, eta gaiñerakoa behar diren bertze soiñekoen egiteko. Hala bada, oihalaren bezala, geure bizitzearen ere iaun, iabe eta nabusi baikina bezala, ordenatzen dugu bizitzearen parte bat, eta parterik hoberena eta gaiena, gaztetasuna, munduarentzat, eta gero gaiñerakoa, gaixtoena, zahartasuna, Iainkoarentzat. Quod in manu fortunae positum est, disponis, quod in tua dimittis, dio Senekak (Seneca de brevitate vitae cap. 9). Ethorkizuneko gauzak, fortunaren eskuan eta benturan daudezinak, nahi ditutzu oraidanik gobernatu, trazatu eta destatu: eta presentekoak, zeure eskuan dituzunak, utzten ditutzu galtzera: duzunaz eztuzu konturik egiten, eta eztuzunaz egin gogo duzu mirakuillu. Orai Iainkoak emaiten derauzkitzun bizitzea, osasuna, indarra, antzea eta onhasunak nahi ditutzu Iainkoaren beraren kontra zabiltzala higatu eta galdu, eta gero, oraiño eman ezterauzkitzunak eta benturaz emanen ere ezterauzkitzunak, diozu ezen, haren zerbitzuan enplegatuko ditutzula. Ikhusazu zeure itsutasuna, desgobernua, eta galtzeko bidea.

Ninivitek penitenzia egiteko berrogoi egunen ephea, espatioa eta segurantza zutelarik, hartara behatu gabe eta azken egunaren begira egon gabe, berehala, lehenbiziko egunean, hasi ziren penitenzia egiten eta bere faltèn erremediatzen; eta handik eta halatan salbatu ziren. Zergatik bada guk ere, eztugu hala eginen? Zergatik utzi behar dugu, geroko, ez berrogoi egunen baiña baten ere, segurantzarik eztugunaz geroztik?

Noeren denboran, iaten, edaten, iokatzen, danzatzen, ezkontzen, sal-erosi egiten, eta ethorkizunerat anhitz gauzaren ordenatzen, pensatzen, eta trazatzen hari zirela, hartu eta hondatu zituen urak. Hala da bada peril, gertha dakigun guri ere, gerotik gerora gabiltzanoi. Zeren hek zein guti zuten, are guk baitugu hek baiño segurantza gutiago; eta aitzinerat hobeki behatzen ezpadugu, galtzeko eta fin gaitz egiteko, iduri, arau eta molde gehiago.