Gero/Zortzigarren Kapitulua
66 Gauza gaixtoa, eta perilosa da, orainokoan erran den bezala, bekhatutan egoiteaz eta segitzeaz koberatzen den usantza. Baiña are da gaixtoago eta perilosago, usantza haren ondoko ondorea; eta hartarik sortzen den bihia, hark emaiten duen fruitua; zein baita, bekhatutan itsutzea, gogortzea, ezansiatzea: eta ahalkea, ohorea, eta prestutasun guztia galdurik, doillorkeriaz prezatzea, loriatzea eta sendagailla egitea.
In circuitu impii ambulant, dio errege Davitek (Ps. 11). Inguruka, edo ingurunean dabiltza gaixtoak. Badabiltza, ordea inguruka, probetxu gabe, bethiere lekhu berera bihurtzen direla. Hala dabillanak egiten duen irabazi guztia da lurraren aurizkitzea, zapatzea eta gogortzea. Eta zenbatenaz eta gehiago, baitabilla, hanbatenaz zapatzenago, eta gogortzenago du. Hala bada bekhatoreak ere bekhatutan ibiltzeaz eta usatzeaz gogortzen du bere konzientzia, maillu kolpeek ingudea gogortzen duten bezala.
Emaiten du aditzera Eskritura Sainduak, bitiñak bezala direla gaixtoak, eta azkeneko egunean, ezkerreko aldean, ibeniko dituela Iainkoak. Statues haedos a sinistris (Mat. 25). Bitiña, ahuntz-umea, gazte deiño, on da iateko, samur da, uxter da, sasoal da: ordea galtzen du adinak. Gero eta gero doha gaixtatuaz, zailduaz eta gogortuaz. Aetas ex haedo asperum facit hircum (Plaut. lib. 1 Epigram.).
67 Bekhatoreak lehenbizian, bekhatu guti duenean, badirudi ezen oraiño, zerbait balio duela, samur duen parterik, uxter duen aurkientzarik, endrezera onik eta gozorik baduela. Eta hala orduan, predikariez, konseillu onez, eritasunez, bere lagunak hiltzen zaitzala ikhusteaz, igortziriez, eta hunelako bertze peril mueta batzuez, ikharatzen da, minberatzen da, sentikortzen da, eta bere buruari alhaturik, ethorkizunaz gogoetan iartzen da. Baiña bekhatuz bethez gero, plegua hartuz gero, usatuz gero, eta usantza zahartuz gero, gaixtatzen da, ezansiatzen da, eta aldez aingiru gaixtoen berdin, deabruen paretsu egiten da.
Nola aingiruak bere adimenduaz erdiets ahal zezan guztia, ez guk bezala aphur bana, eta pensatuz, baiña kolpe batez eta osoki erdietsi baitzuen, lehenbizian hartu zuen bidea daduka eta edukiko du sekulakotzat (Vide S. Thom. 1 p. q. 4 art. 2). Behin makhurtuz gero alde batera, ezin xuxen diteke bertzera eta ez gibelat bihur. Eta hala gerthatzen zaiku guri ere hiltzen garenean. Zeren San Damaszenok dioen bezala: Hoc est hominibus mors, quod angelis casus (Damascen. lib. 2 orthod. fiedei et refer. 1 S. Thoma ubi supra). Aingiruetan bekhatuak egin zuena, egiten du gure baithan ere heriotzeak. Hek bekhatu eginez gero, etzuten erremediorik; ez eta guk ere, bekhatutan hillez gero. Bada aingiru gaixtoen egoitzara hurbiltzen gara gu ere, bekhatu egin hutsez, bekhatutan gogortzera, itsutzera eta ezansiatzera ethortzen garenean. Aingiru gaixtoa behingoaz galdu eta gogortu zen bethierekotz: hala bada gu ere, ez behingoaz baiña bai anhitz bekhatu eginez eta hetan usatuz, galtzen eta gogortzen gara.
68 Eta halako bekhatua —gogortuz gerozkoa— erraiten da Spiritu Sainduaren kontrako bekhatua dela (S. Thom. 2, 2 lib. 2 q. 28 art. 6). Zeren hartaraz gero maliziazkoa baita. Eta nola flakotasunez egiten den bekhatua, erraiten baita Aitaren kontra dela; eta iakin gabez eta inoranziaz egiten dena Semearen kontra dela: hala maliziaz egiten dena ere erraiten da Spiritu Sainduaren kontra dela. Zein baita hain perilosa, non galdegiten baitu San Tomasek: An sit remissibile? Ea bakhakizun denz? Barkha ahal ditekeienz? (Vide S. Thom. 2 2ae q. 4 et seq. et q. 14 art. 3). Eta ihardesten du lehenbizikorik: behintzat merezitzeaz denaz bezanbatean, eztuela barkhamendurik merezi, zeren maliziazkoa baita. Bigarrena ihardesten du, maliziazkoa denaz geroz eztela bere egitez barkhatzekoetarik. Zeren nola baitira eritasun batzuk, hain handiak, gorputz guztia flakatua, benzutua, eta ezindua ibentzen dutenak, eta eriari hain iauntzen zaitzanak, non bere izanez, eta egitez ezpaitute erremediorik, ezpaitira sendakizun; hala ostinatuaren, gogortuaren, itsutuaren, eta ezansiatuaren bekhatua, eta eritasuna ere hain da handia, non berenez ezpaita sendakizun, eta ez barkhakizun. Zeren sendatzeko, eta barkhatzeko behar diren erremedioak, berak bere faltaz eta bere maliziaz, bere plazerera eta iakiara, utzten baititu probetxatu gabe iragaitera eta galtzera. Eta halatan halako bekhatuagatik, zein baita Spiritu Sainduaren kontrakoa, erraiten du San Mateok: Non remittetur in hoc saeculo nec in futuro (Mt. 12). Eztela barkhatuko mundu hunetan eta ez bertzean ere.
Egia da ordea nola Iainkoaren miserikordia baita guztien gaiñekoa, gerthatzen da halako bekhatuetarik ere zenbaiten barkhatzera. Ordea San Tomasek dioen bezala, ez maiz, gutitan, eta mirakuilluz bezala. Per misericordiam Dei aliquando tales quasi miraculose sanantur (S. Thom. ubi supra). Eta erraiten denean, eztela halako bekhatua barkhatuko, aditzen da, eztela barkhatuko, ez zeren Iainkoak ezin barkha dezakeien edo eztuen zenbait barkhatzen: baiña zeren bataz gutitan barkhaatzen baitu: eta bertzeaz zeren gaitz baita: eta finean, zeren nola maliziazkoa baita eta ez flakotasunezkoa, ezpaitu halakoak bere egitez barkhamendurik merezi.
§ 1
69 Galdegiten dute teologoek ea zer arrazoiñez, edo zergatik deitzen diren bekhatore batzuk, bertzeren artetik ostinatuak, gogortuak, itsutuak eta Iainkoak berak ere utziak? Eta Iainkoaren aldetik denaz bezan batean, ezta erraz iakiten, ezta erraz arrazoinaren eta diferenziaren emaiten eta edireiten. Zeren Iainkoak hala bekhatutan gogortuei, nola gaiñerako bertze bekhatore guztiei emaiten deraue, mundu hunetan direiño, salbatzeko, eta bekhatuetarik ilkitzeko, asko duten bezain bertze garazia, laguntza eta fabore. Haren aldetik bada behar dena, ezta handik deusen faltarik, eta ez eskasik. Hark iguzkiak bezala egiten du, onei eta gaixtoei guztiei argitzen deraue. Solem suum oriri facit super bonos et malos. (Mt. 5). Eta Iondone Paulok dioen bezala, Iainkoak nahi du guztiak salba ditezin. Qui vult omnes homines salvos fieri (2 Thim. 2). Eta halaber guztien athei dagote, guztietan deitzen du, ideki baliazote nahiz. Ego sto ad ostium et pulso (Apoc. 3).
Ordea guztiarekin ere nola anhitz lekhutan, erraiten baitu Skritura Sainduak, bekhatore batzuk, bertzeen artetik direla gogortuak, itsutuak, eta Iainkoak ere utziak, eta are Iainkoak berak itsutzen, eta gogortzen dituela: badirudi behar lizatekeiela Iainkoaren aldetik ere bilhatu, eta eman zenbait kausa, arrazoin, eta diferentzia (Ego indurabo cor Pharaonis: Ex. 4. Quem vult indurat: Rom. 9. Exceca cor populi huius: Is. 6). Eta edireiteko, iakin behar duzue ezen, ikhusten duenean gure Iainkoak, nola gauden bekhatutan sarthuak, anhitz enseiu, eta pensu egiten duela, gure bekhatu hetarik atheratzeko. Anhitz maiñaz, eta trazaz usatsen duela, gure bide onean ibentzeko. Nola geure borondatea geure eskuko baitugu, nola nahi badugu baietz, eta nahi ezpadugu ezetz erraiteko libre baikara: gure borundate libre hunen araubaz, deusetan ere bortxatu gabe, deitzen, eta thiratzen gaitu Iainkoak beregana. Eta komunzki lehenbiziko aldian, ezkaitu ozentki, eta bortitzki deitzen Iondone Paulo bat deitu zuen bezala. Baiña deitzen gaitu aphur bana, emeki, eztiki, maiñaz, konzientzia alhatuz, eritasunak emanez, bere predikarien erranez, eta anhitz bertze moldez. Eta hunela lehenbiziko deitzen eta thiratzen gaituenean ihardesten badiogu, hurbiltzen bagatzaitza, gero bigarrenean, bizikiago, eta sendokiago deitzen eta thiratzen gaitu: eta hala, hala hirurgarrenean, eta aitzinat ere. Halako moldez, non azkenean osoki, eta konplituki, kanpotik eta barrenetik deiturik, eta faboraturik, bere garazian, eta adiskidetasunean, bekhatu guztiak barkhaturik ibentzen baikaitu. Ordea lehenbiziko deitze, thiratze eta fabore ezti komun hetzaz konturik egiten eztugunean, hetzaz probetxatzen ezkarenean, hek errezibitzen eztitugunean, bihurtzen bada ere, oraiño berriz, leheneko fabore hetara beretara, eta oraiño orduan ere deitzen bagaitu ere, asko den bezain bertze: eta aitzinerat ere prestik badago ere, molde berean, lehen bezala deitzeko eta faboratzeko: ez ordea orduan, ezta komunzki aitzinago iraigaten. Erran nahi dut, lehen bezala bai, baiña ezkaituela orduan, lehen baiño bortizkiago, eta sendokiago deitzen, eta faboratzen. Eta haur geure faltaz. Hala erraiten du ene eskola-nabusi batek: Obstinati excaecati, ob suam culpam vix aut numquam utuntur bene prioribus auxiliis, atque ita non accipiunt posteriora illa auxilia, quae reliquis peccatoribus saepe donantur (Zumel). Ezterauzkigu emainten fabore bere gaiñezkoak, abantaillezkoak, eta emendailluzkoak, zeren ezpaititugu errezibitzen komunak eta ardurakoak. Edekitzen derauzkigu bigarrenak, zeren gaizki usatzen baitugu lehenbizikoez. Zeren baldin gauza ttipian,eta aphurrean leial dena, arrazoin bada, handiagoan ere enplega dadin: Quia in pauca fuisti fidelis, supra multa te constituam (Mt. 25). Badirudi bertze aldera, leial eztenari, emanen zeikana ere edeki behar zaikala. Ongi da, eta merezia da aitzineko fabore ttipiez konturik egiten eztuenari, eztakitzan eman handiak. Gureak dira faltak.
70 Zeren San Augustinek dioen bezala: Numquam prius Deus deserit hominem, nisi prius ab homine deseratur (Aug. serm. 88 de tempore tom. 10). Eztu behin ere Iainkoak utzten gizona, baldin gizonak lehenik utz ezpadeza Iainkoa. Fabore komunak, ardurakoak, eta asko diren bezain bertzekoak, emaiten derauzte gogortuei eta ostinatuei ere, ez ordea beregaiñezkoak, eta abantaillezkoak. Eta ageri da ezetz. Zeren nola anhitz baitoha garaziatik garaziara, laguntzatik laguntzara, eta faboretik faborera, fabore beregaiñezkoak, ardurakoak baiño handiagoak dituztenak, berehala lehenbiziko ukitzean sentikortzen dira, bide onean iartzen dira. Ad cuius tactum, commota sunt viscera eius (Cantic. 5). Edo behintzat badute bere baithan barrena, atsekabe bat, konzientziaren alhadura eta minberadura handi bat: hain handia, non ezin ongi bere bekhatuetan iar baititezke eta ez sosega. Baiña fabore beregaiñezkorik, komunak eta ardurakoak baiño handiagorik izaiten eztutenek, eztute konzientziaren halako alhadura handirik eta beldurtasunik izaiten. Aitzitik sosegatuki, presuna seguratuak bezala daude, eta hala egoitea da heken loria. Hala erraiten du halakoez mintzo dela Spiritu Sainduak: Laetantur cum male fecerint et exultant in rebus pessimis (Prov. 2). Gaizki egitean, eta egin ondoan, guztietan atsegin hartzen dute, hartan loriatzen dira. Impius cum in profundum malorum venerit, contemnit. (Prov. 18). Gaiztoak bekhatuen hosinean sarthuz gero eta hetan luzaro usatuz gero, eztu antsiarik, eztaduka konturik, gaiñerakoak sentitu gabe egiteintu. Eta badio Iobek ere: Bibunt iniquitatem sicut aquam (Job. 15). Presuna egarriak ur hotza bezala, edaten dituzte bekhatuak. Erran nahi du: erraxki eta hartan atsegin hartzen dutela. Halakoei nola Iainkoarekin etsai baitira, eta etsai ere barrena, ezterauzte emaiten bere adiskidei, edo gutiago etsai direnei emaiten derauzten ernetasun, iratzarpentasun, barreneko berotasun eta bertze fabore handi ixil batzuk. Eta hek ez emanez gero, berak bere faltaz itsutzen, gogortzen, eta ez ansiatzen dira. Hala erraiten du San Agustinek Faraonez mintzo dela: Quid est quod dixit: ego indurabo cor Pharaonis, nisi cum abfuerit gratia mea, obduret illum nequitia sua? (Aug. serm. 88 de temp. qui est primus de Pharao, tom. 10). Iainkoak bekhatorearen utztea, itsutzea, eta gogortzea ezta ez Iainkoak berak itsutasun haren eta gogortasunaren emaitea eta ibentzea. Baiña hura da, Iainkoak ez argitzea, ez beratzea, fabore bizi handi beregaiñezko heken, bekhatoreak berak, hala kausaturik, ez emaitea: eta handik itsutzera eta gogortzera utztea. Hunela aditu behar da, eta haur da, Iainkoaren aldetik eman ahal ditekeien arrazoiña, zergatik erraiten den, bekhatore batzuk, bertzen artetik, direla itsutuak, eta gogortuak, eta Iainkoak itsutzen eta gogortzen dituela. Erran nahi du: bigarren fabore handiak bere faltaz ezterauztela emaiten, eta itsu eta gogor ditezin permititzen duela.
§ 2
71 Zergatik erraiten den bekhatore batzuk, bertzeen artetik direla itsutuak, gogortuak eta Iainkoak ere utziak, bada gure aldetik ere arrazoin bat, are klaragoa eta aditzeko errazagoa, zein baita usantza, segientza, denbora luzeaz bekhatutan egoitea. Handik, hala egoitetik, itsutzen eta gogortzen da bekhatorea: handik ontasunera baiño gaixtatasunera eroriagoa, isuriagoa, eta emanagoa gelditzen da. Handik erroak egiteintu. Finean handik, bekhatua beretakotzen, eta natural bezala errendatzen du, ian eta edan gabe baiño gehiago, bekhaturik egin gabe ere ezin dagokeiela, iduritzen baitzaika.
Egiten duzu egun bekhatu bat eta bekhatu hartzaz orhoitzen zara arratsean, alhatzen zaitzu zeure konzientzia. Egiten duzu bihar bertze bat, eta orduan ere orhoitzen zara. Ordea egun baiño, bihar gutiago orhoitzen zara. Lehenbizian sentikor, eta gero gutiago. Lenhenbizirik bekhatu egiten duzunean, beldur zara, bigarrenean ere bai, ordea lehenbizikoan baiño gutiago. Eta hanbat uzatzen duzu bekhatu egitea, hanbat segitzen duzu, non alde guztiz beldurra galtzen baituzu; usatuari bezala, hetan laketzen baitzaitzu: eta handik harat batere ezpaitzendu baiño gehiago, ezpaituzu konturik egiten. Bekhatu bat baizen eztuena, minbera da, sentikor da, beldur da, ezin sosega diteke, baiña ehun dituenak, bekhatua bekhatuari iratxekirik, bekhatuz betherik dagoenak, eztu antsiarik, eztu sentitzen, eztaduka konturik. Zeren usantzarekin batean itsutua, gogortua, ezansiatua eta erroak eginik, bekhatutan barrena sarthua baitago.
Gizon batek, bere herritik kanpora Indietara edo bertze lekhu urrun batetara partitzen denean, eta oraiño bere herriko agerrian, komarketan eta terminoetan denean, maiz behatzen du gibelat, bere herriko mendietarat. Baiña aitzina iraganez gero, bere herria eta herriko lurrak bistatik galduz gero, itzultzen da bertze alderat, ioan behar duen eta dohan lekhu hartarat: eta han aldiz, bere begiak, eta gogoa ere ibentzentu. Bada haur beror gerthatzen zaika, lehen iustu izanik, zenbait denboraz bekhaturik gabe egonik, bekhatu egitera partitzen eta abiatzen denari ere. Abiatu berri hartan, maiz behatzen du gibelat, utzi duen bizitze presturat: eta hartzaz orhoiturik, egiten du zenbait hatsbeherapen, errezibitzen du bere baithan zenbait tristura. Baiña bekhatutan aitzina iraganez gero, leheneko aztura onak eta berthuteak, begi bistatik galduz gero, gogotik utziz gero, ibentzen du aldiz bere gogoa, eta bihotz guztia, eskuen artean darabiltzan bekhatuetan eta plazeretan. Eta handik harat, eztu leheneko herriaz eta bizitzeaz konturik egiten, urrundu da, presentekoak darama guztia.
§ 3
72 Bekhatu bat egiten duzunean, eritzen da arima: bia egiten ditutzunean eritzenago da: eta anhitz eginez usantza koberatzen duzunean eta usantza koberaturik, usatuari bezala, hetan laketzen zaitzunean, are eritzenago da, orduan hurrantzen da arima. Eta halakoak, ez konseillu onez, ez predikarien erranez, ez bere lagunak hiltzen zaitzala ikhusteaz, eta ez hunelako bertze gauzaz, eztu konturik egiten, eta ez probetxurik atheratzen, kalterik baizen.
Halakoari gertatzen zaika Iainkoarekin, eri bati midikuarekin egiten zaikana. Midikuak emaiten dio eriari edari bat, purga bat, bere egitez ona, eta eritasunari dagokana. Ordea purga ona izanagatik, eritasuna hain da handia eta bortitza, eria hain dago ahitua eta usteldua, ezen ezpaitio purgak batere onik egiten, gaitzik baizen. Midikuak eta midizinak eztute faltarik. Nork du bada falta? Barreneko eritasunak, barreneko usteltasunak. Bada molde hunetan berean, gure Iaungoikoak ere, zeruko midikuak, emaiten derautza bekhatore eriari edariak, midizinak, abisuak, konseilluak, eta anhitz erremedio. Baiña guztiarekin ere ezta sendatzen. Aitzitik orduan eritzenago, orduan hurrantzenago da. Eta nork du falta? Ez midikuak, ez Iainkoak. Nork bada? Eriak berak, bekhatoreak: alde guztiz galdua, narriatua, arrazatua, eta erroak eginik, bekhatuz eta aztura gaixtoz bethea baitago. Iguzkiak beratzen du ezkoa, eta gogortzen lurra. Eta zertarik heldu da haur? Ez iguzkia beraganik. Zeren hark biak orobat berotzeintu. Baiña heldu da ezkoaren eta lurraren arteko diferenziatik eta naturalezatik. Iondone Petrik, eta Iudasek biek egin zuten bekhatu, eta biak deitu zituen Iainkoak, biei eman zerauen anhitz midizina eta erremedio. Eta guztiarekin ere sendatu zen bata eta ez bertzea.. Sendatu zen Iondone Petri Iainkoaren garaziaz, eta gelditu zen sendatu gabe Iudas, bere faltaz eta maliziaz.
73 Iainkoak begira zaitzala, bekhatuak ez sentitzera ethortzetik, zeren halakoei erraiten deraue Iainkoak berak: In peccato vestro moriemini (Jo. 8). Zeuen bekhatuan hillen zarete, zeren hartan gogortuak eta ezansiatuak baitzaudete. Cor durum male habetit in novissimo (Eccli. 3). Bihotz gogorra gaizki izanen da bere azken finean.
Baldin utz bazeneza harri handi bath eskuetarik, norat othe lihoake, goiti ala beheiti? Segur da beheiti lihoakeiela. Bada arima galdua hanbat urthez, harria bezala bakhatutan urthatua dagoena eta egon dena, norako da bere azken finean, Iainkoak bere eskutik utz dezanean? Ezta zer galdeginik. Erhokeria handia da, harria beheiti bezala, bekhatutan dagoena ere, eztela ifernura eroriko uste izaitea. Zeren harria zein pisu den, are bekhatua baita pisuago.
Bada zuk iragan diren urthe guztiotan, behin ere ongi kofesatu gabe, bekhatutan gogorturik eta ezansiaturik zaudezinorrek, zertan baratu uste duzu? Nolatan duzu esperantza salbatzeko? Eztakusazu mundu hunetako aldia dagizunean, ifernua zuretzat dagoeta? Zu bezalakoez erraiten da: Descenderunt in profundum quasi lapis. Erori ziren harria bezala, hondarrera.
Beraz hunelatan, ezta gerotik gerora ibili behar. Ezta denbora luzeaz bekhatutan egon behar. Zeren egoite hura da gure galgarria. Handik sortzen da usantza: usantzatik ederestea, ederestetik ezansaitzea: ezansiatzetik ez sentitzea, ez sentitzetik itsutzea, gogortzea, eta azkenean, ahalkea galdurik hartzaz prezatzea, loriatzea eta sendagailla eriztea. Eta handik harat, hartaraz gero, eztagizula hartzaz konturik, gaizki da, hurran da, hillaren pare egiten da.