Herrigintza terapeutikoa

Herrigintza terapeutikoa  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Herrigintza terapeutikoa

Gero eta konbentzituago nago sare sozialak toxikoak direla. Bai, badituzte gauza onak ere. Baina, batez ere, toxikoak dira. Elkarrizketa sano gutxi aurkitzen da bertan; oro har polarizatu egiten dira hartu-emanak, modu zabarrean. Normalean interakzio gutxi izaten da desberdinen artean, norbere iritzietatik gertu daudenen arteko dinamika tribalak nagusitzen dira. Eta analisi partekatu eta iritzi trukaketa sanoak egin ordez, besteekiko diferentzietan sakontzen da. Gizarte zatikatuetan bizi gara, indibiduoaren inguruan (edo gainean) eraiki den kontsumo gizartean, komunitate zentzu oro oztopo zaio merkatu ekonomiari. Zer hobe bakoitza bere bakardadean eta, ahal dela, auzokoarekin etsaituta baino? Sare sozialek batu egingo ote gintuzten itxaropena genuen, demokratizatuko ote zuten komunikazioa. Eta hala izan da, neurri batean, baina albo kalteak ez dira nolanahikoak.

Twitterren euskaldunen artean izandako eztabaida baten oihartzuna iritsi zait aste honetan, nor ote den euskaldun jatorragoa. Galbana sentitu dut benetan, gutxitan bezala. Katalanen arteko giroa ikusten duzu eta, egia esan, pena ematen du. Energia berriztagarrien inguruko eztabaidara zoaz eta ezinikusia gero eta handiagoa da ustez desira eta helburu parekoak dituztenen artean. Zer esan hezkuntzari buruz matrikulazio garai honetan. Etsaitasun honen oinarrian ez daude, noski, sare sozialak, baina sare sozialak garaiko umore sozial hau anplifikatzeko tresna bikainak direla ere ezin dugu ukatu.

Bien bitartean, ETB-2ko “Akelarre” saio esperpentikoak gogoraraziko dizu zein arrotzak garen geure herrian, Espainiaren batasunaren zaindariek lasai egingo dute lo katalanek ez diete-eta arazo gehiegirik sortuko denbora batez, energia enpresa multinazionaletako akziodunek barre egingo dute klima larrialdiaren erantzuleekin baino beraien artean gehiago haserretzen diren ekologistak elkar nola larrutzen duten ikusita, eta PSEk irrikaz desioko du hezkuntzaren eztabaida are gehiago mikaztu dadila 1993ko legeak bere horretan segi dezan beste puska batez. Hauxe da garaiko umore soziala, edo zati bat bai, behintzat. Eta bada jarrera politiko bat halako etsaikeriei aurre egitea. Udal hauteskundeak datoz eta garai ona da herrigintzaz hitz egiteko. Beti izango da mugatua udal mailako herrigintza; sor daitezkeen eraldaketa materialak ez dira eragin maila handikoak. Baliabide ekonomikoak eta eskumenak urriak dira, gauza gehiegi daude eta indartsuegiak udal mailaz gaindi, herrigintza horren marjinak estutzen dituztenak. Baina badu, edo izan dezake, balio kualitatibo bat beste batzuen artean: jendea helburu partekatuen alde zerbait eraikitzen jartzea, elkarri purrustaka aritu ordez elkarrekin zerbait sortzea, komunitate sena indartzea, elkar zaintzen ikastea. Eta hori, garai honetan, iraultzailea da. Edo, ez dakit iraultzailea den, baina efektu terapeutikoa izan dezake behintzat.

Eta badago zer egin, eta gauza oso interesgarriak gainera, zalantzarik gabe beste eskala batzuetako prozesu politikoen osagarri izango direnak, baina behetik gorako nazio eraikuntza garaikidearen esperimentazio izugarri baliotsua izan daitekeena: energia komunitate lokalak Euskal Herri osora barreiatzea, kultur bilguneak sortuz zirkuitu kultural nazional bat osatzea, hezkuntza proiektu bateratzaileak jostea... zaintza sare komunitarioak, jantoki kolektiboetan bertako produktuen alde egiteko elikadura mahaiak, babes soziala eskainiko duten egitura komunitarioak, basogintza eredu berri bati bide emango dioten kooperatibak, tokiko ehun ekonomikoa babestuko duten txanpon sozialak eta abar.

Eta hori guztia sare sozialei orduak kendu eta gertukoekin pote bat hartuz hasten da. Topa!