Iosif Stalinen 1933ko urtarrilaren 7ko hitzaldia

Iosif Stalinen 1933ko urtarrilaren 7ko hitzaldia  (1933) 
Iosif Stalin
Lehen iturria: Villares, R. eta Bahamonde, A. (2002): Gaur egungo munduaren historia, Zubia Santillana, 200.

Bigarren iturria: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 152.

Zein da industriaren bost urteko planaren azken lau urteotako balantzea? Garaipena lortu al dugu alor horretan? Bai, lortu dugu. Eta ez hori bakarrik, espero genuena baino gehiago egin dugu, gure alderdiko bururik adimentsuenek espero zezaketena baino gehiago.

(...)

Ez genuen siderurgiarik (industrializazioaren oinarria). Orain badugu.

Ez genuen traktoreak egiteko fabrikarik. Orain bai. (...) Ez genuen nekazaritzarako makina modernoak egiteko industria egokirik. Orain bai.

Ez genuen aeronautika-industriarik. Orain bai.

Energia elektrikoaren ekoizpenean azkenak ginen. Orain, lehenbiziko postuetan gaude.

Gauza bera gertatzen da petrolio- eta ikatz-ekoizpenari dagokionez: azkenak ginen. Orain lehenetakoak izatea lortu dugu. (...)

Industria berri eta handi horiek eraiki ditugunez, hainbeste eta hain handiak eraiki ere, barregarri utzi dugu Europako industriaren eskala eta proportzioa.

Eta, gainera, kontuan izan behar dugu elementu kapitalistak ezabatu ditugula, behin betiko eta atzerabiderik gabe.

Eta horrek guztiak ondorio nabarmena izan du: gure nazioa nekazaritzan oinarrituta bazegoen ere, industrializatzea lortu dugu. Industria-ekoizpenak ondoko bilakaera izan du nekazaritza-ekoizpenarekin alderatuta: bost urteko planaren hasieran [1928an] % 48 izatetik, bost urteko planaren laugarren urtearen amaieran [1932] % 70 izatera pasatu da. Horrek guztiak esan nahi du, bost urteko planaren laugarren urtearen amaierarako, bost urterako ezarritako industria-ekoizpen guztiaren programaren helburuak lortu ditugula, aurreikusitakoaren % 93,7ra iritsi baikara. Gainera, industria-ekoizpenaren bolumena gerra aurreko bolumenarekin alderatzen badugu, hiru aldiz baino gehiago handitu dugu, eta 1928ko mailarekin alderatzen badugu, gutxienez bi aldiz baino gehiago. Industria astunaren ekoizpen-programari dagokionez, plan hori % 108an bete dugu. (...)

Sobietar Batasuna, defentsa ikuspegitik, gaizki prestatutako estatu ahula izatetik indartsua izatera pasatu da. Prest gaude edozein gertakizunetarako; gai gara defentsarako beharrezkoak diren bitarteko moderno guztiak masan sortzeko, eta baita armada behar bezala hornitzeko ere, kanpoko erasoei aurre egiteko.

1933ko urtarrilaren 7a


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.