Iruñea eta Madril lotzen dituen sokan dantzan

Iruñea eta Madril lotzen dituen sokan dantzan  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Iruñea eta Madril lotzen dituen sokan dantzan

Nafarroako Gobernuaren osaketaren trama bukatu da aste honetan. Nobedade gutxi ageri dira gobernu akordioan. Jakina zen halako akordio batera iristea beste aukera arrazoizkorik ez zegoela. Azken asteetan ikusi ditugun joan-etorriak joko politikoan hain ezagunak diren zeremoniak baino ez dira izan. EH Bilduk, militantziarekin kontsultatu ondoren, gobernu honi bide ematea erabaki du. Beste legegintzaldi bat hasiko da horrela. Izan daiteke aurrekoaren segida hutsa; akordio programatikoa irakurrita, bada aurrerabide berrietarako aukerarik ikusi ez duenik, eta ondorioz, orainaldi betiereko batera kondenatuta ote gauden pentsatu duenik. Hau da, burujabetzaren eta eskubide nazionalen ikuspegitik, bizikleta estatikoan ari ote garen, etorkizuna urratu ezinik.

Izan daiteke aurrekoaren segida hutsa. Baina baliteke horrelakoa ez izatea ere. Denbora azkar baitoa, azkarregi, eta zaila egingo zaie gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenei gauzei bere horretan eustea. Edozein kasutan, Estatuaren plurinazionalitatea onartzen dutenek, eta, beraz, erabakiak nafarren esku behar duela diotenek, posizio pribilegiatua dute Nafarroako joko-zelai politikoan, batzuek Gobernutik eraginez eta besteek kanpotik. PSNrekin elkarrizketa bideak izan dituzte batzuek zein besteek, adostasun batzuk ere erdietsi dituzte. Baina, ba al da beraien arteko oinarrizko adostasunik posizio pribilegiatu hori baliatze aldera? Posible al da Nafarroako politikagintza beste eszenatoki batera eramatea beraien arteko estrategia partekaturik gabe? Eskuina neutralizatuta mantentzeaz batera, PSN mugiarazi egin beharko da. Nola egingo da hori? Zein da nafar bloke aurrerazale eta subiranistaren agenda politiko partekatua?

Nafarroaren bilakaera politikoa Estatukoarekin estu lotua egongo da baldin eta Sanchezek presidente izatea lortzen badu. Espainiako Gobernuaren osaketari dagokionez ere antzeko egoeran gaude: PP-VOX bloke erreakzionarioaren kontrako mandatu demokratikoa utzi dute azken hauteskundeek Euskal Herrian zein Katalunian. Beraz, Sanchez gobernuburu ez den alternatiba arrazoizkorik ez dago. Halako gobernu bat osatuko balitz alderdi independentistek posizio pribilegiatua leukakete: Estatuaren gobernagarritasuna haren izaera plurinazionala onartu dadila exijitzen dutenen esku legoke. Hemen ere bada halako legegintzaldi bat azken lau urteen segida litzatekeela dioenik, hautu horrek ezingo lukeela aurrerabiderik eskaini termino nazionaletan. Izan daiteke, bada arriskua. Baina zein litzateke indar abertzale/independentista/subiranista horien estrategia partekatua PSOE mugiarazteko? Ba al da halakorik? Ba al dira gai zeinek bere nazioan oinarrizko adostasunak erdiesteko eta, ondoren, gainontzeko nazioetako indarrekin batera jarduteko modu eraginkorrean?

Beraz, Iruñean zein Madrilen alternatiba arrazoizkorik ez dagoela pentsatzea ez da posizio derrotista, errealitate printzipioa onartzea baizik. Eta errealitate horretatik abiatuta, erronka ez da inbestidura saio bakoitzari marra gorriak ezartzea (ez baitago alternatiba arrazoizkorik), datozen lau urteetan egiturazko mugimenduak posible egin ditzaketen estrategia demokratizatzaile partekatuak jostea baino, hain zuzen ere, PSOE/PSN baldintzatu dezaketen indar politikoen artean.

Inork ez daki zer gertatuko den datozen lau urteetan, baina denok jabetzen gara gauza asko gertatuko direla. Dena baitoa azkarregi. Estatuaren gobernagarritasuna beraien nazioetan indar hegemonikoak diren alderdi independentista/subiranisten eskuetan egotea aukera itzela izan daiteke baldin eta estrategia partekatua badago. Estrategia bat nork berean naziogintza prozesuak bizkortzeko, estrategia bat indar independentistarik gabe soluziobide autoritarioa baino geratzen ez zaion Estatuarekiko eta haren gobernuarekiko dialektika emankor bat artikulatzeko.