1
Loriak udan intza bezela
maite det dama gazte bat,
ari ainbeste nai diyotanik
ez da munduban beste bat;
iñoiz edo bein pasatzen badet
ikusi gabe aste bat,
biyotz guztira banatutzen zait
alako gauza triste bat.
2
Neskatxa gazte pare gabia,
Apirilleko arrosa,
izarra beziñ dizdizariya,
txoriya beziñ airosa;
oraintxen baño gusto geiago
nik eziñ nezake goza:
zori onian ikusten zaitut,
nere biyotzak au poza!
3
Ez al dirazu antzik ematen
nik zaitutala naiago,
ai, mariñelak gau illunian
izarra baño geiago?
Nere onduan zauzkatalako
pozez zoraturik nago,
zu ikustiak alegratu nau,
triste neguen lenago.
4
Nik ainbat iñork nai dizunikan
arren ez zazula uste,
nere begiyak beren aurrian
beti desio zaituzte;
eguzkirikan ikusi gabe
txoriya egoten da triste,
ni ez nau ezerk alegratutzen
zu ikustiak ainbeste.
5
Arpegi fiña, gorputza berriz
ez dago zer esanikan,
izketan ere grazi ederra,
ezer ez dezu txarrikan;
mundu guztira miratuta're
zu bezelako damikan
agiyan izan liteke baño
ez det sinisten danikan.
6
Nere betiko pentsamentuba,
nere konsolagarriya,
zu gabetanik ezin bizi naiz,
esaten dizut egiya;
zu baziñake arbola eta
ni baldin banitz txoriya,
nik zu ziñaken arbol artantxen
egingo nuke kabiya.
7
Amoriyuak nere biyotza
zureganuntza darama,
erri guztiyan zeren dakazun
neskatx bikañaren fama
beste fortunik mundu onetan
ez det desiatzen, dama:
aur batek berak izan gaitzala
ni aita eta zu ama.
8
Falta dubenak logratutzeko
itz egitia txit on du,
eta nik ere saiatu biat
ote gintezken konpondu;
gaur nagon bezin atrebituba
sekulan ez naiz egondu,
argatik golpez galdetzen dizut
nerekin naizun ezkondu.
9
«Ezkondutziak izan biar du
preziso gauza txarren bat!»
Ala esaten ari zait beti
nere konsejatzalle bat;
alaxen ere aren esanak
oso utzirik alde bat,
ongi pozikan artuko nuke
zu bezelako andre bat.
10
Zerorrek ere ongi dakizu
aspaldi ontan nagola
zuregatikan penak sufritzen,
bañan ordia au nola!
Alaxen ere nigana eziñ
bigundu zaitut iñola,
ni zuretzako argizaia naiz,
zu neretzako marmola!
11
Nere biyotza urtzen dijua
eta ez da misteriyo
penaren kargak estutu eta
zumua kendutzen diyo;
begiyak dauzkat gau eta egun
egiñikan bi erriyo,
beti negarra dariyotela
zu zerarela meriyo.
12
Zu zeralako meriyo baldiñ
juaten banaiz lur azpira,
gero damuba eta malkuak
alperrik izango dira;
beiñ juan ezkero oien birtutez
berriz ez niteke jira,
ori gertatu baño lenago
izazu nitzaz kupira!