Eguna berantz doa

Egilea: Lauaxeta

Oharrak: Iturria: Klasikoen gordailua, non lan guztiak jabetza publikoan dauden.


JOSUREN AMESA

Gotzonak edur zuriz jantzita
ortzetik egaz lurrera datoz;
izar bana dirdizka dakarre
gau illunaren bekoki gañean.
Begitan zeruko poz ederra,
eskutan xirribika politak.
Jaunan jauregitik jatsi dira
on berriak ludira ekarten.
Igarobidean izar danak
argi zoli ta ederragaz,
aizea ixil, eta Taborrean
garalduta diran zitoriak
zuritasunez argitu dabez,
Belem aldera egazka doaz.
Aurtxo txiki bat altzoan dula
arkitzen dabe Miren abeska,
bere Semeari lo eragiten;
eresi gozo bat abesturik
Jerusalemgo alaba artean
Jaunaren etxean ikasia.
Erespide gotzon danak dagoz
«Umetxu laztana, lo egizu
amaren altzo garbi-garbian,
gotzonakin amesetan gero
ortz-aldera iges bat egiteko».
Eta Josu maitatsuak gotzon
zuriak alboan ikusirik,
parrez begiak itxiten ditu
ames bat egiteko arekin.
Amak laztantxo bat eman dio
begitxu baltz ta ederrenetan,
ta gotzonak ega zuriakaz
estaldu dabe Josu Aurtxoa.
Nolako amesak euki ditun!
Gotzonak ortzera doaz, eta
Josuk aman altzoan eskuaz
Gurutze txiki bat eraldu dau...!

(Jesus'en Biotzaren Deya,
1927, ilbeltza, 121'garren zenbakia, 53 or.).